Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2025eko abenduaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5191

EBAZPENA, 2025eko azaroaren 24koa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, ekainaren 30eko 8/2022 Legeak eskatutako kualifikazioa duten profesionalak falta direla deklaratzen duena (8/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa, eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan).

Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideetan sartu eta aritzeari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen zioen azalpenak azpimarratzen duenez, legeak bideak zehazten ditu progresiboki eta modu ez traumatikoak ezartzeko. Horretarako, gaineratzen du legean berariaz aurreikusi dela jarduera fisikoaren eta kirolaren eremu jakin batean sektorearen eskariari aurre egin diezaioketen profesional tituludunik ez egotea.

Hain zuzen ere, lege-testu horren bigarren xedapen gehigarrian esaten denez, kirol-begirale, entrenatzaile edo kirol-zuzendariaren lanbideei dagozkien berezko eremu material guztietan, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak bere eskumenen esparru esklusiboan egiaztatzen badu ez dagoela lege honetan aurreikusitako kualifikazioak dituen profesionalik une bakoitzean dagoen eskaintzari behar bezala erantzuteko, edo ez dagoela prestakuntza ofizialik edo kirol-esparru berriak sortu direla, behin-behinean gaituko ditu kualifikazio baxuagoa edo prestakuntza analogoa dutela egiaztatzen duten pertsonak.

Lege-aurreikuspen hori garatzeko, uztailaren 28ko 161/2025 Dekretua onartu da, ekainaren 30eko 8/2022 Legea garatzen duena. Dekretu horren arabera, dagokion gaikuntzaren bidez, pertsona bati aldi baterako ahalmena emango zaio kirol-entrenatzailearen eta kirol-begiralearen edo kirol-zuzendariaren lanbideetan jarduteko, legeak eskatzen duen kualifikazioa duen profesional nahikorik ez izatearen ondorioz dagoen eskariari erantzuteko.

Uztailaren 28ko 161/2025 Dekretuak ezartzen duenez, dagoen eskariari erantzuteko legeak eskatutako kualifikazioa duten profesionalak falta direla kirolaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez erabakiko da. Inguruabar hori zehazteko, kirol-arloko kirol-erakunde eta -eragile publiko eta pribatuek emandako informazioa erabiliko da.

2025eko azaroaren 15ean, Arabako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren baterako idazkiaren bidez, Zuzendaritza honi eskatu zitzaion Legearen bigarren xedapen iragankorraren mekanismoa aktibatzeko, eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuan gaitutako pertsona nahikoak izateko zailtasunak daudela iritzita.

Arabako Foru Aldundiak alegatu du begiraleen edo entrenatzaileen % 77k eta dagozkien zuzendarien % 87k ez dutela legean eskatzen den kualifikazioa. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu du begiraleen % 49k, entrenatzaileen % 20k eta kirol-zuzendarien % 48k ez dutela behar den kualifikazioa.

Datu horiek lortzeko erabilitako metodologiaren eta irizpideen datu zehatzik ez izateaz gain, kasu batzuetan programetan parte hartzen duten erakundeek emandako informazio soiletatik lortzen baitira, Zuzendaritza hau bat dator, 2016an eta 2022an egindako azterketetan oinarrituta, honako honetan: behar bezala kualifikatuta ez dauden pertsonen ehunekoa nabarmen murriztu den arren, oraindik ere garrantzitsua da jarduera fisikoaren eta eskola-adineko kirolaren esparruan dagokion lanbidean jarduteko kualifikazio nahikorik ez duten pertsonen kopurua, are gehiago eremu horretan urtero egiten den lan-indarraren ordezkapenarekin.

Beraz, egiaztatu da ez dagoela nahikoa profesional eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuan dagoen eskariari erantzuteko behar diren kualifikazioekin. Gabezia hori legean dago deskribatuta, eta gaikuntza hau ematea eragin du.

Eskaera hori Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskolari helarazi zaio, eta horrek gaikuntzaren aldeko txostena eman du.

Era berean, Soin Hezkuntzako Irakasleen eta Lizentziatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargo Ofizialari eta foru-aldundiei ere eman zaie entzunaldi-izapidea, eta dei pertsonala egin zaie.

Ondorioz, legeriak ematen didan eskumenaz baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuan begirale, entrenatzaile eta zuzendari gisa jarduteko behar besteko kualifikazioa ez duten pertsonak nahikoa ez direla egiaztatuta geratu dela adieraztea.

Bigarrena.– Lanbide horietan jarduteko aldi baterako gaikuntza eskatzeko kualifikazio-baldintza Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiek eskatutakoa izango da, doikuntzaren batekin:

1.– Kirol anitzeko begiralea edo entrenatzailea:

a) Gaitzen duen titulazioa/prestakuntza: Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-arloko teknikari baten begirale laguntzailea (EKBL) edo 1. kurtsoa (gainditua).

Aldi baterako gaikuntza: 2 urte, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Gaitzen duen titulazioa/prestakuntza: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko edo Lehen Hezkuntzako (Gorputz Hezkuntzako espezialitatea) graduko 1. kurtsoa (gainditua).

Aldi baterako gaikuntza: 2 urte, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Kirol anitzeko begiralea edo entrenatzailea:

– Gaitzen duen titulazioa/prestakuntza: Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-arloko teknikari baten begirale laguntzailea (EKBL) edo 1. kurtsoa (gainditua). Prestakuntza espezifikoa izan beharko du, halaber, begirale nahiz entrenatzaile gisa (45 ordu) edo kirolari esperientzia egokia (3 urte) edo begirale edo entrenatzaile esperientzia (135 ordu).

Aldi baterako gaikuntza: 2 urte, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Kirol bakarreko kirol-zuzendaria:

a) Titulazioa/prestakuntza: III. maila edo gorputz-hezkuntzako irakaslea (betiere ikasleen adinak bat badatoz haien irakaskuntza-kualifikazioarekin).

Aldi baterako gaikuntza: 2 urte, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Titulazioa/prestakuntza: II. maila, EAEn modalitate horretako III. mailako tituludunen kopuru nahikoa dagoela egiaztatzen duten federazioetan izan ezik.

Aldi baterako gaikuntza: 2 urte, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Gaikuntza-prozedurarako deialdia egitea, zehaztapen eta baldintza hauekin:

a) Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera, ebazpen honetan aipatutako lanbideetan jardun nahi dutenek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroaren plataforman, dagokion ereduaren bidez.

b) Erantzukizunpeko adierazpena aurkezte hutsak aldi baterako gaituko du deklaratzailea kasuan kasuko lanbide-jardueran aritzeko, aurkezten duen egunetik aurrera.

c) Gaikuntzek ebazpen honen bigarren xedapenean ezarritako indarraldia izango dute; hala ere, gaikuntza hori justifikatzen duten inguruabarrek bere horretan dirautela egiaztatu ondoren, luzapen-ebazpen bat eman ahal izango da.

d) Gaikuntza EAErako bakarrik da, lan-ondorioak ditu eta ez du inolako prestakuntza-prozesu gaitzen eta egiaztatzen.

e) Gaikuntza lortutakoan, izenematea egin behar da EAEko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan. Gaitutako boluntarioek ez dute izenik emango.

Laugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 24a.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,

GORKA ITURRIAGA MADARIAGA.


Azterketa dokumentala