
235. zk., 2025eko abenduaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (3585 KB - 138 orri.)
- EPUB (8150 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
5186
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 11koa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baita Ertzaintzako karrerako funtzionarioek bete beharreko Oinarrizko Eskalako agente eta agente lehen kategorietarako eta Ikuskapen Eskalako ofizial kategorietarako erreserbatutako lanpostuak betetzeko deialdia.
Ertzaintzaren egitura eta gaur egun indarrean dagoen lanpostu-zerrenda ikusita, eta dauden langile-beharrak kontuan hartuta, Ertzaintzaren egituran aurrekontu-zuzkidura duten lanpostu hutsak betetzeko deialdia egiten da. Lanpostu horiek izendapen askeko, merezimendu-lehiaketa espezifikoko eta merezimendu-lehiaketa orokorreko sistemen bidez beteko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 93. artikuluan eta hurrengoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuaren 9. artikuluak Segurtasun Sailburuordetzari esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 125. artikuluan aurreikusitako Mahaiaren 2025eko urriaren 21eko bilkuran negoziatu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak behin betiko betetzeko deialdia onartzea eta argitara ematea. Lanpostu horiek izendapen askez, merezimendu-lehiaketa espezifikoaren bidez eta merezimendu-lehiaketa orokorraren bidez beteko dira, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.
Bigarrena.– 1.– Deialdi honen bidez, lanpostu hauek beteko dira:
a) Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, 2. eranskineko zerrendan jasotzen direnak eta izendapen askearen sistemaren bidez bete beharrekoak (C343).
b) Babes eta Segurtasunerako Unitateko (Eskoltak), Esku Hartzerako Unitateko, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko, Brigada Mugikorreko Unitateko eta Zaintza eta Erreskaterako Unitateko Ertzaintzaren egiturako lanpostuak (C344), 3. eranskineko zerrendan jasotzen direnak eta merezimendu-lehiaketa espezifikoaren sistemaren bidez bete beharrekoak.
c) Ertzaintzaren egiturako unitateetako lanpostuak, bigarren jarduerako administrazio-egoeran bete daitezkeenak, 4. eranskineko zerrendan jasotzen direnak eta merezimendu-lehiaketa espezifikoaren sistemaren bidez bete beharrekoak (C345).
d) Ertzaintzaren egiturako unitateetako lanpostuak, 5. eranskineko zerrendan jasotzen direnak eta merezimendu-lehiaketa espezifikoaren bidez bete beharrekoak C346).
e) Bigarren jarduerako administrazio-egoeran bete daitezkeen Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, 6. eranskineko zerrendan jasotzen direnak eta merezimendu-lehiaketa orokorraren sistemaren bidez bete beharrekoak (C347).
f) Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, 7. eranskinean zerrendatzen direnak eta merezimendu-lehiaketa orokorraren bidez beteko direnak (C348).
g) Dagozkion esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak eta esleipen-proposamena egin arte sortzen direnak, bai eta aipatutako eranskinetan izartxoarekin (*) identifikatzen diren kodeetan hutsik geratzen direnak ere.
2.– Bigarren jarduerako administrazio-egoeran bete daitezkeen eta administrazio-egoera horretan dauden langileek betetzen ez dituzten lanpostuen neurri berean gehituko da 5. eta 7. eranskinetan deitutako lanpostuen kopurua, lanpostuak betetzeko aplikatu beharreko sistemaren arabera.
Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean aurreikusitakoari kalterik egin gabe.
2.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, behin betiko atxikipenak erabakitzen dituen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den adieraziz. Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko dira ebazpen horren aurkako errekurtsoak edo aurkaratzeak aurkezteko epeak.
Laugarrena.– 1.– Hautaketa-prozedura honetako izangaien identifikazioa zenbaki profesionalaren bidez egingo da.
2.– Datu pertsonalen inguruko tratamendu guztiek beteko dituzte datu pertsonalen babesari buruzko araudian xedatutako eskakizunak (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
3.– Ezarritako segurtasun-neurriak Administrazio elektronikoaren eremuan Segurtasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onetsitako II. eranskinekoak dira (Segurtasun-neurriak).
Bosgarrena.– Aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 11.
Segurtasuneko sailburuordea,
RICARDO ITUARTE AZPIAZU.
1. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek, baldin eta eskainitako lanpostuak betetzeko eskatzen diren baldintza orokorrak eta lanpostu-zerrendan ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 86. artikuluan aurreikusitako eszedentzian badaude. Halaber, zerbitzu aktiboko egoerara itzultzen diren funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute, aipatutako testu bateginaren 92.2 artikuluan aurreikusitako moduan.
2.– Era berean, deialdi honetan aurreikusitako prozedurak erabilita zerbitzu aktibora itzuliz, parte hartu ahal izango dute nahitaezko eszedentzian edo beste administrazio publiko batzuetan zerbitzu aktiboan daudenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoaren arabera birgaituta daudenek, sei hilabetetik gorako etenaldi irmoan daudenek eta borondatezko gainerako eszedentzian daudenek, baldin eta egoera horietarako ezarritako egonaldia bete badute.
3.– Bigarren jarduerako administrazio-egoeran dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute, eta ebazpen honen 4. eta 6. eranskinetan zerrendatutako lanpostuak baino ezin izango dituzte eskatu. Era berean, prozedura honen bidez, bigarren jarduerako administrazio-egoerara itzultzen diren langileak ere lanera itzuli ahal izango dira.
4.– Deialdi honetan parte hartu beharko dute, eta, lanpostua betetzeko erreserbatuta dagoen kategoriaren arabera, merezimendu-lehiaketa bidez bete daitezkeen lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte Ertzaintzako karrerako funtzionario hauek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 98. artikuluan eta Ertzaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuaren 5.3 artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitu edo eman duen eta eskainitako lanpostuetan jarduteko eskatzen den espezialitate-ikastaroa gainditu duten Ertzaintzako karrerako funtzionarioak, ez badute gutxieneko egonaldia bete espezialitate horretan eta ez badaude behin betiko atxikita dagokion ikastaroa espezialitate-betekizuna gisa ezarrita duen lanpostu bati.
Betebehar hori betetzen ez dutenak behin-behinean atxiki ahal izango dira dagokion espezialitatearekin hutsik geratzen diren lanpostuetara, eta ez dute inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.
Funtzionario batek espezialitate bat baino gehiago baditu, aurreko apartatuetan ezarritako betebeharra lortutako azken espezialitateari buruzkoa dela ulertuko da.
Gutxieneko egonaldia zenbatzen hasiko da espezialitate horretarako gordetako lanpostu bati atxikitzen zaionetik, dela behin betiko atxikipenean, dela behin-behineko atxikipenean, dela zerbitzu-eginkizunetan, betiere aldez aurretik espezialitatea lortu badu.
Gutxieneko egonaldia zenbatzeko, kontuan hartuko da espezialitate bereko edo beste espezialitate bateragarri batzuetako lanpostuetan benetan emandako zerbitzu-denbora.
Ondorio horietarako, benetako zerbitzutzat hartzen da zerbitzu aktiboko, bigarren jarduerako, edota seme-alabak edo senideak zaintzeko edo genero-indarkeriagatiko eszedentziako administrazio-egoeretan igarotako denbora, dagokion espezialitateko betekizuna duen lanpostu bati atxikita zein espezialitate-betekizunik gabeko lanpostu bati atxikita, Ertzaintzako espezialitateei buruzko Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Kontaketan sartuko dira unitate barruko goragoko kategoriako eginkizunak bete diren aldiak, espezialitate-betekizuna ez duten lanpostuei dagozkienak.
b) Lanpostu bati behin-behinean atxikita dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioak. Betebehar hori betetzen ez dutenak behin-behinean atxikiko zaizkie hutsik geratzen diren lanpostuei, nahitaez, eta ez dute inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.
5.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu:
a) Arau-hauste larria edo oso larria egiteagatik eginkizun-gabetze irmoaren administrazio-egoeran daudenak, egoera horretan dauden bitartean.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategineko 140. artikuluan xedatu bezala, lekualdaketarekin zigortu direnak.
c) Interes partikularragatiko borondatezko eszedentzian daudenak, baldin eta egoera horretan ez badute indarrean dagoen araudiak eskatutako gutxieneko epea eman.
d) Lanean gutxieneko egonaldi berezia duen lanpostu baten behin betiko esleipendun izanik hori bete ez dutenak, salbu eta egoera hori organo eskudunaren onespenarekin lanpostuari uko egitearen ondorio bada, edo lotura eta arrazoi bera duten beste lanpostu batzuk lortzeko bada, edota lanpostua galtzea dakarren barne-sustapenaren bidez beste kategoria batera sartu badira, salbu eta, azken kasu horretan, kategoria berrian lotura eta arrazoi bera duten lanpostu hutsak badaude. Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamenduaren 6.4 artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da, Ertzaintzako espezialitateei buruzko Dekretuaren 5.4 artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.
e) Merezimendu-lehiaketa bidez behin betiko destinoa lortu dutenak, baldin eta ez badira bi urte igaro funtzionarioak bere azken behin betiko destinoa lortu zuen lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zuen ebazpena eman zenetik; izendapen askeko sistemaren bidez bete beharreko plazak eskatuz parte hartu ahal izango dute soilik.
Muga hori ez zaie aplikatuko gaur egun behin-behinean atxikita daudenei, salbu eta atxikitzeko modu hori organo eskudunak onartutako lanpostuari uko egitearen ondorio bada.
f) Lortu nahi duten lanpostuari dagokionez, gehieneko egonaldia bete dutenak, lanpostuen zerrendan ezarritakoaren arabera.
Espezialitate baterako erreserbatutako lanpostuetako gehieneko egonaldia zenbatzen hasiko da langilea espezialitate horretarako gordetako lanpostu bati atxikitzen zaionetik, dela behin betiko atxikipenean, dela behin-behineko atxikipenean, dela zerbitzu-eginkizunetan, betiere aldez aurretik espezialitatea lortu badu.
Gehieneko egonaldia zenbatzeko, kontuan hartuko da espezialitate bereko edo beste espezialitate bateragarri batzuetako lanpostuetan benetan emandako zerbitzu-denbora.
Ondorio horietarako, benetako zerbitzutzat hartzen da zerbitzu aktiboko, bigarren jarduerako, edota seme-alabak edo senideak zaintzeko edo genero-indarkeriagatiko eszedentziako administrazio-egoeretan igarotako denbora, dagokion espezialitateko betekizuna duen lanpostu bati atxikita zein espezialitate-betekizunik gabeko lanpostu bati atxikita, Ertzaintzako espezialitateei buruzko Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa aplikatzeko, Babes eta Segurtasunerako Unitateari, Esku Hartzerako Unitateari eta Brigada Mugikorrari atxikita dauden eta egonaldi luzeena behar duten lanpostuak aukeratzen direnean, agente, agente lehen eta ofizialorde kategorietarako gordetako lanpostuetan egindako lana zenbatuko da lanpostu bakoitzerako.
Kontuan hartuta egitura organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzearen ondorioz lanpostuen identifikazio-kodeak bata bestearen ondorengoak direla, lanpostu berdintzat hartuko dira hornitzeko kategoria eta espezialitate bera eskatzen dutenak, eta lehenengo lanpostuen zerrenda indarrean sartzen denetik aurrera zenbatuko dira, hau da, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Zenbaketan sartuko dira unitate barruko goragoko kategoriako eginkizunak betetako aldiak, gehieneko egonaldia ezarrita duten unitateetako lanpostuei dagozkienak.
Brigada Mugikorraren Unitatearen kasuan, ondorio horietarako ez dira kontuan hartuko Laguntza Ataleko edo Indartze Brigadako eginkizunetan edo lanpostuetan jardundako aldiak.
Zaintza eta Erreskate Unitatean lanpostua eskatuz gero, gehieneko egonaldia langilea lanpostu horietako bati atxikitzen zaion egunean hasiko da zenbatzen.
6.– Izangaiek osasun-gaitasuna egiaztatu beharko dute Babes eta Segurtasuneko Unitatetik (bizkartzainak), Esku Hartzeko Unitatetik, Brigada Mugikorretik, Lehergailuak Indargabetzeko Unitatetik eta Zaintza eta Erreskate Unitatetik eskuratu nahi dituzten lanpostuei dagokienez. Horretarako, mediku-epaimahaiaren aldeko txostena aurkeztu beharko dute, lanpostuak betetzeko prozedura honetan egin beharreko osasun-azterketaren ondoren, lanpostu bakoitzean dauden arriskuei lotuta.
Egin beharreko osasun-probak eta lanpostu bakoitzaren arriskuei buruzko informazio-fitxak Gurenet atarian argitaratuko dira.
Deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea amaitu aurreko bi urteetan Giza Baliabideen Zuzendaritzako Prebentzio Zerbitzuaren osasun-azterketa egina duten pertsona guztiak salbuetsita egongo dira azterketa hori egitetik, salbu eta aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera lanpostu hori lortzeko beharrezkoa den osasun-probaren bat jasota ez badago. Kasu horretan, Gurenet atarian argitaratutakoaren arabera, falta diren osasun-probak egin beharko dira. Nolanahi ere, beharrezkoa izango da mediku-epaimahaiak aldeko txostena ematea lanpostuak betetzeko prozeduran jarraitzeko.
Prozeduran onartuak izan diren eta izangaien osasun-gaitasunaren balorazioaz arduratzen den mediku-epaimahaiaren aldeko txostena egiaztatuta ez duten langileei dei egingo die mediku-epaimahaiak, enpresako posta elektronikoaren bidez, aurreikusita dauden proba fisikoak egin aurretik.
Mediku-epaimahaiak aurkako txostena ematen badu edo edozein arrazoirengatik osasun-azterketa egiteko hitzordura joaten ez bada, hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira prozeduraren edozein fasetan. Deialdia egin duen organoa da lanpostuak betetzeko prozeduratik kanpo uzteko eskumena duen organoa.
Deialdia egin duen organoak izendatuko ditu mediku-epaimahaiko kideak. Epaimahai hori osatuko dute epaimahaiburu batek, bi epaimahaikidek eta idazkari batek. Hitza izango dute, baina botorik ez. Epaimahai hori zortzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera arautuko da, aplikatzekoa den guztian.
Mediku-epaimahaiaren txostenak arrazoitu egin beharko dira hautaketa-prozesutik baztertzeko arrazoiren bat dagoela ikusten denean, eta jarraitzen den prozedurak, nolanahi ere, eragindako pertsonaren entzunaldi-eskubidea errespetatuko du.
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 104.2 artikuluan xedatutakoaren babesean lehentasunezko eskubidea aitortuta duten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek deialdi honetan baliatuko dute, behin bakarrik, udalerri berean dauden eta kategoria berekoak diren lanpostu hutsei dagokienez.
Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartzeko, interesdunek ezarritako epearen barruan aurkeztu beharko dute eskabidea, non zehaztuko baitira behin betiko betetzeko araubidean eskatutako lanpostuen kodeak eta, bat baino gehiago badira, haien arteko lehentasun-ordena.
2.– Eskabidea bide telematikoz aurkeztu beharko da Segurgunea atariaren bidez, Interneteko helbide honetan sartuta: https://segurgune.euskadi.eus
Atarira sartzeko, txartel profesionalean dagoen IPZri lotutako ziurtagiri digitala erabiliko da. Horretarako, Interneterako konexioa eta ziurtagiri digitalen txartel-irakurgailua dituen ekipo bat erabili beharko da, edo, bestela, erabiltzaile-gakoa, pasahitza eta OWA posta elektronikoko aplikazioaren bidez posta korporatibo pertsonalean jasoko den identifikazio-kodea.
Prozedura honetan eskaerak, erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezteko aplikazioaren erabiltzaile-eskuliburua langilearen atarian eta polizia-zentroetako giza baliabideen bulegoetan egongo da eskuragarri.
3.– Prozedura honetan berriro sartzeko parte hartzen dutenek ez badute IPZri lotutako ziurtagiri digitalik, eskabidea aurkeztu ahal izango dute Giza Baliabideen Zuzendaritzako Plangintza Alorrean (Kubo eraikina, bigarren solairua, Larrauri Mendotxe bidea 18, Erandio). Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute aldez aurretik, provisiondepuestos@seg.euskadi.eus postontzian.
4.– Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko urtarrilaren 26ko 23:59an amaituko da, bi datak barne.
5.– Eskabidea aldatzeko edo prozeduran parte hartzeari uko egiteko izapidea Segurgunea atariaren bidez egingo da, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Bigarren eskaera bat edo gehiago aurkeztuz gero, epearen barruan aurkeztutako azkena baino ez da eraginkorra izango, eta aurreko guztiak baliogabetuta geratuko dira. Epea amaituta aurkezten direnak ere ondoriorik gabe geratuko dira. Era berean, eskabideak aurkezteko epearen barruan atzera egiteak ondoriorik gabe uzten ditu aurkeztu diren eskabide guztiak.
6.– Eskaerak aurkezteko aldia igarotakoan, egindako eskabideak lotesleak izango dira eskatzaileentzat; hau da, atzera egin ezinekoak.
Hirugarrena.– Parte hartzeko betekizunak eta baloratuko diren merezimenduak egiaztatzea.
1.– Lehen oinarriko 6. zenbakian aurreikusitako osasun-gaitasunari dagokionez izan ezik, administrazioak ofizioz egiaztatuko du parte hartzeko betekizunak eta baloratzeko merezimendu orokorrak betetzen direla, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Aurrekotik salbuetsita dago euskararen ezagutza; kasu horretan, erreferentzia-data 2026ko urtarrilaren 31ra arte atzeratuko da.
2.– Nolanahi ere, eskatutako LPZko titulazioak eta horien indarraldia egiaztatzeko, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen dituen datu-baseetan inskribatuta ez dauden betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko, jatorrizko dokumentua aurkeztuko zaio Giza Baliabideen Zentroko Burutzari, eskabideak aurkezteko epearen barruan erkatu dezan. Kopia erkatua Giza Baliabideen Zuzendaritzako Plangintza eta Langileriaren Kudeaketa Alorreko Ebaluazio, Horniketa eta Zentroen Arlora bidaliko da.
3.– Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko, kasuen arabera, kontsulta egingo da Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen dituen erregistroetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroetan, administrazio publikoen datuen bitartekaritza-plataforman edo ziurtagiria ematen duen erakundean.
Kontsulta horiek kasu guztietan egingo dira, salbu eta jasota badago eskatzailea kontsulta horren kontra dagoela (arrazoiak azalduta) eta tratamendu-jardueraren ardura daukan organoak kontrakotasun hori aintzat hartzen badu. Kontsulta egitearen kontra agertuz gero (arrazoiak emanda), nahitaez aurkeztu beharko dira kontsultaren xede diren jatorrizko dokumentuak.
4.– Langilearen atarian espediente pertsonalari buruzko informazioa dago eskuragarri. Izangaiek akatsak edo omisioak aurkitzen badituzte, eskabideak aurkezteko epearen barruan zuzendu ahal izango dituzte, jakinarazpen baten bidez. Jakinarazpenarekin batera, egiaztagirien kopia erkatua bidaliko da provisiondepuestos@seg.euskadi.eus postontzira.
Oinarri honetako 1. apartatuan ezarritako epeetatik kanpo aurkeztutako eskabide edo dokumentazio oro ez da kontuan hartuko prozedura honetan.
5.– Eskainitako lanpostuak betetzeko eskatzen diren espezialitate-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandakoak izan beharko dira, edo, bestela, akademiak baliozkotuak emandakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-erregelamenduan xedatutakoaren arabera.
Laugarrena.– Izendapen askea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, izendapena egiteko, beharrezkoa izango da bete beharreko lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitateko edo organoko titularraren aurretiko txostena.
Bertan, prozeduran onartutako pertsonen arteko egokitasun-proposamen bat egingo da, deialdi honetan aipatzen diren lanpostuak erreserbatzen diren kategoriako konpetentzia profesionalei buruzkoa (Gurenet atarian argitaratuko dira), edo, bestela, deialdia hutsik uztea proposatuko da.
2.– Egokitasun-txostena ematean, gutxienez honako hauek hartuko dira kontuan: hautagaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzen dituen, bete nahi den lanpostuaren betekizunak betetzen dituen, goragoko kategorietara izandako igoeren eta betetako lanpostuen historia, azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.
3.– Egokitasun-txostenak egiteko epea Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 23. artikuluan aurreikusitakoa da.
Bosgarrena.– Merezimendu-lehiaketa orokorra.
Merezimendu orokorrak balioesteko, Segurtasuneko sailburuaren 2025eko irailaren 8ko Aginduak ezarritako merezimenduen baremoa aplikatuko da. Agindu horren bidez, merezimenduen baremo erkide eta bateratua onartzen da, merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko Ertzaintzako oinarrizko eskalako agente eta agente lehenaren kategorietako eta ikuskapen-eskalako ofizialordearen eta ofizialaren kategorietako lanpostu hutsak. Agindu hori 2025eko urriaren 28ko Aginduak aldatu zuen.
Seigarrena.– Merezimendu-lehiaketa espezifikoko probak.
1.– Merezimendu-lehiaketa espezifikoaren sistemaren bidez bete beharreko lanpostuei dagokienez, probak gainditu beharko dira, eta gainditzen ez dituztenak lehiaketatik kanpo geratuko dira lanpostu horiei dagokienez.
2.– Lehiaketa espezifikoan onartutako eta baztertutako pertsonek dagokion baremoan zehaztutako gutxieneko puntuazioa lortu beharko dute prozedurarekin jarraitu ahal izateko, hala ezartzen denean.
Hala ere, proben baremoetan aurreikusi ahal izango da aurreko behin betiko prozeduraren deialditik espezialitate bat egiaztatu dutenak eta espezialitate hori eskatzen duen lanpostu bati aldi baterako atxikita daudenak salbuetsita egongo direla trebetasun eta gaitasun fisikoen probetatik. Kasu horietan, proba fisikoetan amaierako gai kalifikazioa izango dute paragrafo honen lehen tartekiko egoeretan ez egoteagatik horiek egin behar dituzten izangaiek, ezartzen diren gutxieneko kalifikazioak gainditu ondoren.
2.1.– Merezimendu espezifikoak baloratzeko, proba bat edo batzuk egingo dira. Proba horiek 8. eranskinean eta hurrengoetan agertzen diren edukiei buruzkoak izango dira, eta, aldi berean, hainbat ariketaz osatuta egon ahal izango dira. Proba horiek nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, edo ez, zehaztutakoaren arabera.
Gainditutzat jotzeko izangaiek lortu behar dituzten gehieneko eta gutxieneko puntuazioak edukiak deskribatzen edo agertzen diren eranskinetan adierazten dira.
Probak lanpostuaren eduki funtzionalarekin zerikusia duten trebetasun fisiko edo funtzionalei edo ezagutza teoriko-praktikoei buruzko ariketak izango dira.
Proba bat egitea aurreikusten denean, gehienez 40 puntu emango dira, eta gutxienez 20 puntu lortu beharko dira gainditutzat jotzeko, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.
Beste proba bat egitea aurreikusten den lanpostuetan, proba hori gehienez 20 punturekin baloratuko da, eta gutxienez 10 puntu lortu beharko dira proba gainditutzat emateko.
3., 4. eta 5. eranskinetan, proba funtzional espezifiko berean ebaluatuko diren lanpostuak biltzen dira.
2.2.– Ezagutza-proben gai-zerrendak lantokietako Giza Baliabideen Zentroko Burutzari eskatu ahal izango zaizkio, hautaketa-prozeduran parte hartzeko eskabidea egin izana egiaztatu ondoren. Interesdunek USB memoria bat edo antzeko euskarri informatiko bat aurkeztu beharko dute.
2.3.– Proba espezifikoak egin behar diren egunean izangaia aldi baterako ezintasun-egoeran badago, dagokion Osasun Zerbitzu Publikoak emandako baimen medikoa eramango du proba horietara. Baimen horretatik ondorioztatuko da probetan parte hartzeak ez duela eraginik izango osasuna berreskuratzeko prozesuan.
Zazpigarrena.– Lanpostuak behin betiko betetzeko prozedurako esleipen-faseak.
1.– Deialdi honetan aipatzen diren lanpostuen esleipena ondoz ondoko fase preklusiboetan egingo da, ordena honetan:
1.1.– Lehenik, bigarren jarduerako administrazio-egoeran dauden langileek bete ditzaketen lanpostuak esleituko dira, eskainitako lanpostuak betetzeko eskatutako espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan hartuta, hala badagokio. Lehenengo azpifasean, prozesua gainditu dutenek soilik hartuko dute parte, baldin eta lehentasunezko esleipen-eskubidea aitortu bazaie deialdian onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda onartzen duen ebazpenean. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako izangaiek hartuko dute parte.
1.2.– Bigarrenik, izendapen askeko sistemaren bidez bete beharreko lanpostuak esleituko dira.
1.3.– Hirugarrenik, deialdi honen xede den merezimendu-lehiaketa espezifikoaren bidez bete beharreko lanpostuak esleituko dira, ondoz ondoko fase preklusiboetan, ordena honetan:
1.3.1.– Lehenik, deialdi honen xede diren Babes eta Segurtasunerako Unitateko (Eskoltak), Esku Hartzerako Unitateko, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko, Brigada Mugikorreko Unitateko eta Zaintza eta Erreskaterako Unitateko lanpostuak esleituko dira, eskainitako lanpostuak betetzeko eskatutako espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan hartuta. Lehenengo azpifasean, prozesua gainditu dutenek soilik hartuko dute parte, baldin eta lehentasunezko esleipen-eskubidea aitortu bazaie deialdian onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda onartzen duen ebazpenean. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako izangaiek hartuko dute parte.
Era berean, baldintza horiek betetzen dituzten eta egindako esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak esleituko dira.
1.3.2.– Ondoren, lehiaketa espezifikoaren bidez bete beharreko lanpostuak esleituko dira, eskainitako lanpostuak betetzeko eskatzen den espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan hartuta. Lehenengo azpifasean, prozesua gainditu dutenek soilik hartuko dute parte, baldin eta lehentasunezko esleipen-eskubidea aitortu bazaie deialdian onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda onartzen duen ebazpenean. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako izangaiek hartuko dute parte.
Era berean, baldintza horiek betetzen dituzten eta egindako esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak esleituko dira.
1.4.– Laugarrenik, merezimendu-lehiaketa orokorraren sistemaren bidez bete beharreko lanpostuak esleituko dira, eskainitako lanpostuak betetzeko eskatutako espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legean jasotako eta deialdi honetan onartu eta baztertuei buruzko ebazpenean aitortutako lehentasun-eskubideak betez. Lehenengo azpifasean, prozesua gainditu dutenek soilik hartuko dute parte, baldin eta lehentasunezko esleipen-eskubidea aitortu bazaie deialdian onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda onartzen duen ebazpenean. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako izangaiek hartuko dute parte.
Era berean, baldintza horiek betetzen dituzten eta egindako esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak esleituko dira.
1.5.– Azkenik, behin-behineko atxikipenean lanposturik esleitu ez zaien Ertzaintzako karrerako funtzionarioei behin-behinean eta nahitaez esleituko zaizkie esleitu gabeko eta merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez bete beharreko lanpostuak, lanpostu-zerrendan adierazitako ordenari jarraituz, eta esleipen horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango.
2.– Fase batean esleitutako lanpostuak ez dira beteko hurrengo faseetan. Horrela, fase batean lanpostu baten esleipendun gertatzen direnek ezin izango diote uko egin esleitutako lanpostuari, eta ezin izango dute jarraitu deialdiko lanpostuak esleitzeko prozesuan; beraz, ulertuko da uko egiten dietela hurrengo faseetan esleipendun izan daitezkeen lanpostuetarako egin dituzten eskaerei.
3.– Lehiaketa-sistemaren bidez bete beharreko lanpostuei dagokienez, lortutako kalifikazio handienak zehaztuko du lehentasuna, bi faseetan lortutako kalifikazioa batuz, lehiaketa espezifikoaren sistema denean, seigarren oinarriko 2. zenbakiaren bigarren paragrafoan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.
4.– Lehiaketako merezimenduen balorazioan puntuazio handiagoa lortzeak lehentasun-eskubideaz baliatzeko hurrenkera zehaztuko du bi faseak batuta eskubide hori aitortua dutenen kasuan, lehiaketa espezifikoaren sistema denean, seigarren oinarriko 2. zenbakiaren bigarren paragrafoan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.
5.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data igarota duten lanpostu bateko dotazioak betekizun hori betetzen dutela egiaztatuta duten interesdunei esleituko zaizkie.
Zortzigarrena.– Balorazio-batzordeak.
1.– Lehiaketa baloratzeko, hainbat balorazio-batzorde eratuko dira. Batzorde horiek osatzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean Administrazioko kide anitzeko organoei buruz ezarritakoa beteko da, bai eta inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioak ere.
Balorazio-batzordeetako kideak karrerako funtzionarioak edo lan-kontratuko langile finkoak izango dira, deitutako lanpostua atxikita dagoen titulazio-talde berekoak edo goragokoak.
2.– Balorazio-batzorde bat izendatuko da prozedura honetako merezimendu orokorrak baloratzeko, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Prozedura objektiboa dela ziurtatzeko ardura duenez gero, bermatu behar du deialdiaren oinarriak betetzen direla, eta gainera beharrezkoak diren akordioak hartu behar ditu dagokionean arauetan dauden hutsuneei aurre egiteko, eta haiek aplikatzean nabari azaltzen diren kontraesanei erantzun egokia emateko.
b) Merezimendu orokorrak baloratu behar ditu. Horretarako, dagozkion behin-behineko erabakiak hartuko ditu, Gurenet atarian argitaratuko direnak. Interesdunek erreklamazioak egin ditzakete horien kontra, bost egun balioduneko epean, eta batzordeak berak ebatziko ditu erreklamaziook.
c) Puntuaziorik handiena lortu duten izangaiak proposatuko ditu, eta lanpostuak esleitzeko proposamena aurkeztu Segurtasuneko sailburuordeari, deitutako lanpostuen kopuruaren barruan eta oinarri hauetan xedatutakoaren arabera hutsik geratzen diren lanpostuen artean puntuaziorik handiena lortu dutenen alde, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginean aurreikusitako lehentasunezko eskubideak.
3.– Era berean, merezimendu espezifikoak baloratzeaz arduratuko diren balorazio-batzordeak izendatuko dira. Batzorde horien erabakiak Gurenet atarian argitaratuko dira, eta horien aurka interesdunek aurkaratzeak aurkeztu ahal izango dituzte bost egun balioduneko epean. Aurkaratutako erabakia eman duen batzordeak berak ebatziko ditu aurkaratzeak.
Balorazio-batzorde horiek proba espezifikoen ezaugarriak eta zuzentzeko eta baloratzeko irizpideak zehaztuko dituzte. Halaber, ahalik eta esleipen gehien egin ahal izateko, ariketa edo proba gainditzeko baliozko galderen kopurua zehaztu ahal izango dute, bai eta gainditutzat emateko gutxieneko kalifikazioa lortzeko dagokion eten-puntuazioa ere.
Erabaki horiek Gurenet atarian argitaratu beharko dira, ariketak edo probak egin baino zazpi egun natural lehenago, gutxienez.
Merezimendu espezifikoak baloratzeaz arduratzen diren batzordeek lehiaketa espezifikoko kalifikazioak bidaliko dizkiote balorazio-batzorde orokorrari, aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Bost kidek osatuko dituzte batzordeak: bat batzordeburu izango da, eta bestea idazkari. Kide guztiek izango dute hitza eta botoa.
5.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez (Gurenet atarian argitaratuko da) izendatuko dira balorazio-batzordeetako kideak eta horien ordezkoak.
6.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako inguruabarrak gertatzen badira, balorazio-batzordeetako kideek, organo eskudunari jakinarazita, ez dute esku hartuko; era berean, izangaiek errekusatu ahal izango dituzte.
7.– Balorazio-batzordeen erabakiak bertaratuen gehiengoaren botoekin hartuko dira; eta, berdinketa gertatuz gero, presidente ari denak ebatziko du. Ordea, presidentea edo haren ordezkoa ez badago, adinez nagusiena den kidea izango da ebatziko duena.
8.– Balorazio-batzordeak ezin izango dira eratu, ezta jardun ere, kideen erdiak baino gehiago bertaratu ez badira, lehendakaria eta idazkaria barne, eta adituak izendatu ahal izango dituzte, aholkulari gisa jardun dezaten, hitzarekin baina botorik gabe.
9.– Balorazio-batzordeetan parte hartuz gero, legez aurreikusitako kalte-ordainak jasoko dira.
Bederatzigarrena.– Lanpostuak betetzeko prozeduraren garapena.
1.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez (Gurenet atarian argitaratuko da), onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onartuko dira, eta interesdunek erreklamazioak egin eta eskabideetako akatsak zuzendu ahal izango dituzte, hamar egun balioduneko epean, zerrendak atarian argitaratzen direnetik aurrera. Erreklamazio eta zuzenketa horiek onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean ebatziko dira.
Erreklamazioak eta zuzenketa-eskaerak bigarren oinarriko 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.
2.– Gurenet atarian argitaratuko da onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpena, bai eta proba espezifikoak egiteko egunak, orduak eta lekuak ere. Proba horietarako deialdia gutxienez zazpi egun natural lehenago egin beharko da.
3.– Izendapen askeko sistemaren bidez beteko diren lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko dira. Ebazpena interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie, eta prozedura honetan ezarritakoaren arabera erakutsiko da jendaurrean.
Esleipen-ebazpena arrazoitzeko orduan, aukeratutako hautagaiak deialdiko betekizunak eta gainerako zehaztasunak betetzen dituela aipatuko da, bai eta izendapena egiteko eskumena ere; dena dela, hartutako ebazpenaren funtsezko oinarria izango da prozedura behar bezala bideratzea.
4.– Merezimendu-lehiaketaren bidez bete beharreko lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenez esleituko dira, eta ebazpen hori prozedura honetan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.
Ebazpena arrazoitzeko, erregelamenduzko arauak eta deialdiaren oinarriak betetzen direla aipatuko da; nolanahi ere, hartutako ebazpenaren oinarria izango da behar den prozedura betetzea eta hautagaien merezimenduen azken balorazioa.
5.– Behin betiko atxikipenek zein egunetatik aurrera izango dituzten ondorioak Segurtasuneko sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez zehaztuko da.
Unitate jakin batzuetan dauden langile-beharrak kontuan hartuta, erabaki ahal izango da behin betiko lanpostuak betetzeko prozedura unitate horietan Ertzaintzaren gainerako unitate eta zerbitzuetan baino lehenago izatea eraginkorra eta gauzatzea.
6.– Behin betiko esleipenak borondatezkoak izango dira, eta ez dute kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortuko lantokia aldatzeagatik.
Hamargarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetako lanpostutik kentzea.
1.– Izendapen askeko sistemaren bidez bete beharreko lanpostuen behin betiko atxikipenean esleipendun gertatzen diren funtzionarioak lanpostutik kendu ahal izango dira diskrezionalki, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 103.5 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Izendapen askeko lanpostutik kendutako langileak behin-behinean atxikiko zaizkio, kargua utzi eta hurrengo egunetik aurrera, beste lanpostu bati, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Hamaikagarrena.– Merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez behin betiko hornitutako lanpostuari uko ezin egitea eta lanpostutik mugiaraztea.
1.– Merezimendu-lehiaketaren bidez lanpostu baten behin betiko atxikipenean esleipendun suertatzen diren funtzionarioek ezin izango diete uko egin lanpostu horiei, eta ezin izango dute parte hartu behin betiko azken destinoa lortu duten lehiaketa-prozeduraren deialdia ebatzi eta hurrengo bi urteetan deitzen diren lehiaketetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 97.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamenduaren 18.2 artikuluan ezarritako salbuespenarekin.
2.– Lanpostu bat lehiaketa-prozeduraren bidez lortzen duten funtzionarioak lanpostutik kendu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 103.4 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudiaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hamabigarrena.– Deialdia ebazteko epea.
Deialdi hau ebazteko epea bederatzi hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, hargatik eragotzi gabe epe hori luzatu ahal izatea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera.
RSS