Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2025eko abenduaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5185

EBAZPENA, 2025eko azaroaren 18koa, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Estatistika Produkzio eta Analisiko zuzendariordearen lanpostua (512036-2) izendapen askearen sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa.

Laster, 2026ko urtarrilaren 16an, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko Estatistika Produkzio eta Analisiko zuzendariordearen lanpostuaren titularrak erretiroa hartuko du (kodea: 512036; dotazioa: 2). Hala, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluaren arabera, eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena bidali eta gero, organismo autonomo honek erabaki du iragartzea eranskinean aipatzen den lanpostua beteko dela, izendapen askez eta oinarri hauei jarraituz bete ere:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko Administrazio orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (deialdi honen eranskinean zehaztuta daude).

Langile horiek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdian, egoera hauetan izan ezik:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita daukaten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora (2 urte).

Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta lanpostu-zerrendan espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, deialdi honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabideak.

EAEko Administrazio orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: Funtzio Publikoa – Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Aurkeztu nahi duten gainerako guztiek Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dute eskabidea, erregistro elektronikoaren bidez.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Deialdi honen eranskinean, 512036-2 lanpostua betetzeko lanpostu-zerrendan eskatzen diren betekizunak daude. Era berean, lanpostu horren funtzioen eta zereginen arabera zer merezimendu eta gaitasun balora daitezkeen ezartzen da.

Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsi behar zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta norberaren talde, azpitalde edo kidegoa zehazteaz gain, beste hauek ere jaso behar dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan eta sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren funtzioen eta zereginen antzekoak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntzak.

f) Bestelako merezimendu eta gaitasun guztiak, eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta egonda eta egokitzat jota jakinarazi nahi direnak.

Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko Administrazio orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.

Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala egin edo proba bat jar dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezin izango dira jabetu esleitutako lanpostuaz.

Laugarrena.– Ebazpena.

Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez ebatziko da deialdi hau, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hiru hilabete igaro baino lehen, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak esleipen-ebazpenean ezarriko den datan jabetu beharko du lanpostuaz. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zuzendariordetzen eta lurralde-ordezkaritzen titular-postuak izendapen askez betetzeak berekin ekarriko du interesdunak gordetzea berak –hala lehiaketaz nola karrerako funtzionariotzara iristeko prozesu baten bidez– eskuratu duen lanpostua.

Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela eta izangaia lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza), beste izangairik baldin badago behintzat.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta gaitasun ez dituelako.

Bosgarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro baino lehen.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 18a.

Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendaria,

BELEN MUÑIZ VILLANUEVA.

ERANSKINA
LANPOSTUAREN DATUAK

Deitutako lanpostua: Estatistika produkzio eta analisiko zuzendariordea.

Kodea: 512036

Dotazioa: 2

Kidegoa eta eskala: A taldeko kidegoak-aukerak-eskalak (EAP) – Kidegoak-aukerak-eskalak-A taldea (EAP).

Destino-osagarria: 29

Berariazko osagarria: 0-A

Kokapena: Eusko Jaurlaritza-Lakuako egoitza.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 03

Derrigortasun-data: 2005-12-31

Lanpostu-zerrendako betekizunak edo berariazko ezagutzak: bat ere ez.

Eustateko Estatistika Produkzio eta Analisiko Zuzendariordetzaren erantzukizuna da Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen ardurapeko EAEko estatistika ofizialak prestatzeko eta balioztatzeko lana koordinatzea eta gainbegiratzea. Besteak beste, funtzio hauek dagozkio: estatistika-eragiketen diseinu metodologikoan laguntzea; erabili beharreko iturriak identifikatzea eta baliozkotzea; datuak produzitzeko prozesuak eraginkortasunez kudeatzea; kalitate estatistikoa ziurtatzea, eta informazioa analizatzea datu esanguratsuak eta fidagarriak eskaintzeko, erabaki publikoak eta pribatuak hartzeko prozesuaren oinarri izan daitezen. Horrez gainera, sortutako informazioa ad-hoc ustiatuta erabiltzaileen kontsultei erantzuteaz arduratzen da, eta estatistika-produkzioaren arloko joera eta behar berriak identifikatzen ditu. Zuzendariordetza horrek 80 kideko lantaldea du; urteko 30 eragiketa baino gehiago egiten ditu, eta lau arlo hauetan egituratua dago gaur egun:

– Estatistika-azpiegitura.

– Kontu ekonomikoak eta Input-Output esparrua.

– Enpresentzako estatistikak.

– Estatistika soziodemografikoak.

Gaitasun pertsonal hauek izango dira kontuan, bereziki:

– Esperientzia zabala izatea taldeak kudeatzen, Administrazioan zein beste esparru batzuetan.

– Lidergorako gaitasuna izatea: taldearen erreferente izatea, eta konfiantza eta segurtasuna transmititzea, bereziki egoera zailetan.

– Emaitzetara bideratuta egotea, argi eta garbi. Horri dagokionez, presiopean lan egiteko gaitasuna egiaztatzen duen esperientzia oro balioetsiko da, bai eta helburuak lortze aldera oztopoak gainditzeko gaitasuna ere.

– Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza. Gaitasun hori ebaluatzeko, hautagaiak aurrera eramandako erabilera-kasuak aurkeztuko dira, non argi geratu behar baitu etengabeko hobekuntza eta tresna eta metodologia berrien esplorazioa alderdi garrantzitsuak izan direla.

– Komunikazio argia eta eraginkorra. Gaitasun hori egiaztatzeko, adibide praktikoak jarriko dira, zeinen bidez hautagaiaren komunikazio-gaitasunak azalduko baitira, gatazkaren bat konpontzeko edo hirugarren bati lortutako emaitzak helarazteko beharrezkoak izan direnak.

– Bizkor eta erantzukizunez ebaluatzeko eta erabakitzeko gaitasuna, baita testuinguru konplexuetan ere.

Gaitasun horien osagarri, badira zenbait gaitasun tekniko bereziki baloratuko direnak:

– Funtzio estatistikoa, haren testuingurua eta eskakizunak ezagutzea.

– Hainbat ezagutza-arlotan produkzio-esperientzia izatea.

– Ingeleseko C1 maila izatea, autonomia-erkidegoko, estatuko eta nazioarteko foroetan ezin hobeto parte hartu ahal izateko.

– Hautagaiek aurkeztutako tituluak eta prestakuntza balioetsiko dira.


Azterketa dokumentala