Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2025eko abenduaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
5166

226/2025 DEKRETUA, azaroaren 18koa, zeinaren bidez deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela «Ea udalerriko Natxitua eta Angelutxu guneen saneamendurako lotura-kolektorearen proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP), «Ea udalerriko Natxitua eta Angelutxu guneen saneamendurako lotura-kolektorearen proiektua» egiteko eta formalki onartzeko espedientea egin eta onartu ondoren, proiektua gauzatzeko lursail guztiak erabilgarri izateko beharra adierazi zuen.

2024ko irailaren 24an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda hilabeteko epean jendaurrean jartzea erabaki zuen, 2024ko urriaren 16ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (200 zk.) eta prentsan argitaratutako iragarkien bidez. Ondoren, 2025eko maiatzaren 6an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektu horren eraginpeko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta zehaztuta daude espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko behar diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, eta lau alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean agertzen denez.

Luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako ondasun eta eskubideen okupazioa, inguruabar hauengatik:

– Ingurumenaren arloan:

Ibilgura egiten diren zuzeneko isurketak ekidin behar dira: hobitik Beheko Erreka errekara egiten diren zuzeneko isurketak desagertzearekin batera erreka hori kutsatzeko arriskua ere desagertuko da, eta ibaian behera dagoen Ea hondartzako bainu-eremuan eragiteari utziko dio. Isurketa horiek eragin nabarmena dute ingurune urtarrean.

Saneamendu-sareko zerbitzua emango zaie Angelutxu auzoaren eta Earen artean isolatuta dauden baserriei, gaur egun ez baitaude saneamendu-sistema bati lotuta, eta horrela erreka horrek jasaten dituen isurketak murriztuko dira.

– Pertsonen osasunaren arloan:

Ur-masen ingurumen-kalitateari buruzko arauak betetzea ahalbidetu behar da; isurketa horiek ezabatuz, ur-masen ingurumen-kalitatea hobetuko da eta horri buruzko arauak errazago beteko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaezko desjabetzea aplikatzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Nahitaezko desjabetzea egikaritze-unitate osoei, lurraldearen hirigintza-antolamenduko sistema orokorrei edo haren elementuren bati edo hiri-lurzoruan jarduketa isolatuak egiteko unitateei aplikatuko zaie. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailburuari dagokio, lege-testu horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2025eko azaroaren 18an egindako bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, urgentziaz okupatu behar dituela «Ea udalerriko Natxitua eta Angelutxu guneen saneamendurako lotura-kolektorearen proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Horretarako abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aldez aurretik, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 18an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala