Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2025eko abenduaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5138

AGINDUA, 2025eko azaroaren 20koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, jarduera fisikoaren eta kirolaren lanbideetarako prestakuntza espezifikoari eta esperientzia egokiari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen xedapen desberdinetan araututako lanbideetako batean jarduten duten pertsonek garatu beharreko jarduerarako prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia izatea ezartzen da, dagokion gaikuntza profesional nagusiaz gain. Besteak beste, aipatutako legearen 8.5 artikuluak ezartzen du kirolaren hobekuntza teknikoaren edo erdiko mailan egiten denaren irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueretan kirol-monitore gisa jardun ahal izango dutela Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioren bat izateaz gain, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia dutenek dagokion kirol-modalitate edo -azpimodalitatean. Legearen xedea da orotariko prestakuntza akademikoa duten pertsonek parte hartu ahal izatea, baldin dagokion esku-hartze profesionaleko eremuan prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia badute.

Atariko honetan aipatu behar da kasu batzuetan ekainaren 30eko 8/2022 Legean eskatutako prestakuntza espezifikoa, edo sexu-indarkeriaren prebentzioari, genero-ikuspegiari, hezkidetzari eta adingabeen premia espezifikoei buruzko prestakuntza espezializatua, hamabigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa, ezin direla prestakuntza gehigarriaren edo bigarren titulazioaren eskakizunaren sinonimo gisa interpretatu; izan ere, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egin duten pertsona batzuek egiazta dezakete prestakuntza espezifikoa edo prestakuntza espezializatua ere jaso dutela unibertsitatean bertan. Kasu horietan, prestakuntza horiek ez dira nahitaez unibertsitate-tituluaren, lanbide-heziketako tituluaren eta abarren gehigarriak, horien parte ere izan daitezke.

Hortaz, Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen da prestakuntza espezifikoko edo esperientzia egokiaren gutxieneko eskakizunak, bai eta horiek aitortzeko prozedura ere, kirolaren esparruan eskuduna den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak ezarriko dituela. Erregelamendu-garapen hau ezinbestekoa da; izan ere, ekainaren 30eko 8/2022 Legean ezarritako eskakizun profesionalak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eska daitezke, eta jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruko lanbideetan jardun nahi duten profesionalek gutxieneko eskakizun horiek kontuan izan behar dituzte.

Gaikuntza hori betetzearren, agindu honek bi gai jorratzen ditu. Alde batetik, prestakuntza espezifikoaren eta esperientzia egokiaren gutxieneko baldintzak arautzen ditu, legean ezarritako prestakuntza akademiko nagusia duten pertsonei gehigarri gisa eskatzen zaizkienak. Bestalde, arauak gaikuntza aitortzeko prozedura arautzen du, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Halaber, xedapen gehigarri bat gehitu da, ekainaren 30eko 8/2022 Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian jasotako erregelamendu-garapenerako agindua garatzen duena. Bertan, sail bera gaitzen da sexu-indarkeriaren prebentzioaren, genero-ikuspegiaren eta hezkidetzaren arloko prestakuntzak egiaztatzeko baldintzak eta prozedura erregelamendu bidez ezartzeko; izan ere, kasu batzuetan, profesionalen kolektibo jakin batzuei 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eskatzen zaizkie prestakuntza horiek. Garapen horrek haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 5. artikuluaren prestakuntza-betebeharrak gehitu ditu.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aginduaren xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Arau honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legean ezarritako prestakuntza espezifikoaren edo esperientzia egokiaren eskakizun gehigarria arautzea, dagokion lanbidea garatzeko legeak ezarritako eremuetan, egoeretan edo kolektibo berezietan.

2.– Agindua ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 8., 9., eta 10. artikuluetan eta bosgarren xedapen gehigarrian prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatzen zaien pertsona guztiei aplikatzen zaie.

3.– Agindu hau ez zaie aplikatuko aipatutako legearen lehenengo eta bigarren xedapen iragankorretan deskribatutako egoeretako batean egoteagatik gaituta dauden pertsonei.

2. artikulua.– Prestakuntza espezifikoari eta esperientzia egokiari lotutako gutxieneko eskakizunak.

1.– Prestakuntza espezifikoaren eta esperientzia egokiaren aitorpena lortzeko, agindu honetan ezarritako gutxieneko esperientzia- edo prestakuntza-orduak bete beharko dira.

2.– Hasiera batean, dagokion lanbidea egoera edo helburu edo kolektibo bereziekin garatzeko orotariko prestakuntza akademikoaren osagarri gisa aginduan eskatutako prestakuntza espezifikoa tituluen, egiaztagirien edo izaera ofiziala duen prestakuntzaren bidez egiaztatu beharko da, unibertsitateko masterrak eta ziurtagiri profesionalak barne.

3.– Halaber, eta aginduaren ondorioetarako, honako hauek aitortuko dira prestakuntza espezifiko gisa:

a) Amaitu gabeko prestakuntza ofizialak, titulu edo ziurtagiri ofizial baten zati bati dagozkionak.

b) Titulu edo ziurtagiri ofizial baten zati bati dagozkion prestakuntza-unitateak.

c) Federazio-prestakuntzak.

d) Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean ezarritako kualifikazio eta birkualifikazio profesionaleko programetan parte hartzearen ondorioz gauzatutako prestakuntza-jarduerak.

e) Aurrekoen baliokideak edo antzekoak direnak.

4.– Aginduaren ondorioetarako prestakuntza espezifikotzat hartuko da, halaber, kasuan kasuko lanbide-eremuari dagokionez, dagokion lanbiderako sarbidea ematen duen titulazio akademiko orokorra lortzeko hautazko prestakuntza.

5.– Prestakuntza ofizialeko eskaintzarik ez egotekotan, nahikoa ez denean edo prestakuntza-eskaintza ofizialera sartzeko federatu gabeko pertsonak diskriminatu badira, Kirolaren Euskal Eskolak esperientzia, prestakuntza, tituluak edo ziurtagiri ez-ofizialak sustatu edo aitortu beharko ditu, betiere gutxieneko kalitate-eskakizun batzuk betetzen badituzte, eta dagokien publizitatea emango zaie.

3. artikulua.– Prestakuntza espezifikoko eta esperientzia egokiaren gutxieneko ordu-kopurua kirol-monitorearen lanbidean.

1.– Kirol-modalitate edo –diziplina bakarrera bideratutako irakaskuntza– eta ikaskuntza-jardueretan kirol-monitore gisa jarduteko, betiere kirolaren hastapenetan edo oinarrizko mailan egiten badira, ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 8. artikuluko bigarren eta hirugarren apartatuetan aurreikusitako orotariko titulazioak dituzten pertsonei, eta 8. artikuluko zortzigarren paragrafoan aipatutako gorputz-hezkuntzako irakasleei, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 45 ordu.

b) Esperientzia egokia: 135 ordu.

2.– Kirol-modalitate edo –diziplina bakarrera bideratutako irakaskuntza– eta ikaskuntza-jardueretan kirol-monitore gisa jarduteko, betiere kirolaren hobekuntza teknikoaren edo erdiko mailan egiten badira, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua duten pertsonei, eta ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 8. artikuluaren zortzigarren apartatuan aipatutako gorputz-hezkuntzako irakasleei, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 90 ordu.

b) Esperientzia egokia: 270 ordu.

3.– Nolabaiteko arriskua duten eta uretan, elurretan, airean, ingurune naturaleko beste espazio batzuetan eta animaliekin egiten diren jardueretan kirol-monitore gisa jarduteko, ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 8. artikuluko seigarren apartatuan aurreikusitako orotariko titulazioak dituzten pertsonei, eta 8. artikuluko zortzigarren paragrafoan aipatutako gorputz-hezkuntzako irakasleei, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 90 ordu.

b) Esperientzia egokia: 270 ordu.

4. artikulua.– Prestakuntza espezifikoko eta esperientzia egokiaren gutxieneko ordu-kopurua kirol-entrenatzailearen lanbidean.

1.– Arriskutsuak diren eta ingurune naturalean egiten diren diziplina anitzeko jardueretan kirol-entrenatzaile gisa jarduteko, ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 9. artikuluko bigarren apartatuan aurreikusitako orotariko titulazioak dituzten pertsonei prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 180 ordu, jarduera guztien artean.

b) Esperientzia egokia: 270 ordu, jarduera guztien artean.

2.– Kirol-modalitate edo -diziplina bakarreko eta oinarrizko kirol-hastapenaren esparruan egiten direnak lehiaketetan kirol-entrenatzaile gisa jarduteko, ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 9. artikuluko bigarren apartatuan aurreikusitako orotariko titulazioak dituzten pertsonei prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 90 ordu.

b) Esperientzia egokia: 270 ordu.

3.– Kirol-modalitate edo -diziplina bakarreko lehiaketetan edo erdiko mailako kirol-diziplina batean kirol-entrenatzaile gisa jarduteko, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua duten pertsonei prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 180 ordu.

b) Esperientzia egokia: 540 ordu.

4.– Maila altuko edo errendimendu altuko kirol-modalitate edo -diziplina bakarreko lehiaketetan, edo kategoria horretako taldeetan kirol-entrenatzaile gisa jarduteko, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua duten pertsonei prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 180 ordu.

b) Esperientzia egokia: 540 ordu.

5.– Kirol-modalitate edo diziplina bakarreko jardueretan edo ingurune naturalean edo animaliekin egiten diren oinarrizko mailako edo maila ertaineko lehiaketetan kirol-entrenatzaile gisa jarduteko, Gorputz Hezkuntzako irakasle gisa jarduteko beharrezko kualifikazioa duten pertsonei, ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 9.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 180 ordu.

b) Esperientzia egokia: 540 ordu.

6.– Desgaitasuna duten pertsonen kirol-entrenatzaile izateko, prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko da, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 180 ordu.

b) Esperientzia egokia: 540 ordu.

5. artikulua.– Prestakuntza espezifikoko eta esperientzia egokiaren gutxieneko ordu-kopurua kirol-zuzendariaren lanbidean.

1.– Kirol-modalitate edo -diziplina bakarreko lehiaketetan kirol-zuzendari gisa jarduteko, betiere kirolaren hastapenetan edo oinarrizko mailan egiten badira, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua duten pertsonei prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 250 ordu.

b) Esperientzia egokia: 540 ordu.

2.– Kirol-modalitate edo -diziplina bakarreko lehiaketetan kirol-zuzendari gisa jarduteko, betiere hobekuntza teknikoaren mailan egiten badira, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua duten pertsonei prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 250 ordu.

b) Esperientzia egokia: 540 ordu.

3.– Kirol-modalitate edo diziplina bakarreko jardueretan edo ingurune naturalean edo animaliekin egiten diren kirol-jardueretan kirol-zuzendari gisa jardun ahal izateko, Gorputz Hezkuntzako irakasle gisa jarduteko beharrezko kualifikazioa duten pertsonei prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 250 ordu.

b) Esperientzia egokia: 540 ordu.

6. artikulua.– Prestakuntza espezifikoko eta esperientzia egokiko gutxieneko ordu kopurua laguntza-zereginak egikaritzeko modalitate bakarrera bideratutako hastapenetarako edo oinarrizko mailako eskola-kirolaren arloko jarduerak egiteko.

Kirol-modalitate edo -diziplina batera bideratutako hastapenetarako edo oinarrizko mailako eskola-kirolaren arloko jardueretan monitorearen laguntza-zereginak egiteko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitako eskola-adineko kirolariekin kirol anitzeko jardueretako prestakuntza duten pertsonei prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatuko zaie, eta gutxieneko ordu kopurua honako hau izango da:

a) Prestakuntza espezifikoa: 45 ordu.

b) Esperientzia egokia: 135 ordu.

7. artikulua.– Prestakuntza espezifikoa eta esperientzia egokia aitortzeko prozedura. Erantzukizunpeko adierazpena.

1.– Prestakuntza espezifikoa eta esperientzia egokia aitortzeko prozedura gisa ulertuko da modu osagarrian eskatzen den prestakuntza espezifiko edo esperientzia egoki hori duela egiaztatzeko prozedura, betiere ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 8., 9., eta 10. eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

2.– Interesdunek ekainaren 30eko 8/2022 Legean aurreikusitako kualifikazio profesionala izan arren, prestakuntza espezifiko batekin edo esperientzia egokiarekin osatu behar badute, Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan adostasuna adierazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, dagokion ereduari jarraituz. Eredua agindu honen lehen xedapen gehigarrian adierazitako egoitza elektronikoan egongo da eskuragai. Aipatutako erregistroari hasiera batean jakinarazi ahal zaio, jarduera profesionalerako erantzukizunpeko adierazpen orokorrarekin batera, edo, ondoren, hori aldatuz.

3.– Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan aurreikusi gabeko kasuetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legea garatzen duen uztailaren 28ko 161/2025 Dekretuan eta administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian ezarritakoaren arabera arautuko da.

8. artikulua.– Prestakuntza espezifikoa eta esperientzia egokia justifikatzea.

1.– Prestakuntza espezifikoa justifikatzeko, dagokion prestakuntza-zentroaren edo titulua, ziurtagiria edo diploma emateko eskumena duen erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta, horrekin batera, hala badagokio, curriculuma, plana edo prestakuntza programa gainditu duen xedapenari buruzko informazioa eta, hala badagokio, dagokion prestakuntza-unitatea edo modulua gainditu izanari buruzko informazioa.

2.– Esperientzia egokia honako dokumentu hauen bidez justifikatuko da:

Soldatapeko langilea baldin bazara, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria –edo mutualitatearena edo antzeko beste erakunderen batena–, garbi erakutsiz zer enpresa, lan-kategoria (kotizazio-talde) eta kontratazio-alditan jardun duzun; eta, bestetik, lan-kontratua edo esperientzia metatu duzun enpresako ziurtagiria zehatz-mehatz erakutsiz zerbitzu-aldien iraupena, zer lanbide-jardueratan aritu zaren, eta zer datatik zer datara jardun duzun. Enplegatu publikoa bazara, lanean aritu zaren administrazio publikoaren ziurtagiria. Era berean, justifikatzeko balio duen edozein agiri ofizial onartuko da.

Langile autonomoen edo beren konturako langileen kasuan, bi agiri hauek: Ekonomia Jardueren Zergako alta-agiria; eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria –edo mutualitatearena edo antzeko beste organismoren batena–, garbi erakutsiz erregimen berezian zer alta-aldi izan duen, eta ondo deskribatuz zer jarduera profesionaletan aritu den eta zer datatatik zer datara. Era berean, justifikatzeko balio duen edozein agiri ofizial onartuko da.

3.– Boluntario gisa aritu bazara, aritu zaren antolakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko duzu esperientzia justifikatzeko. Ziurtagiri horretan, garatutako lanbide-jarduera eta jarduera hori egiten eman den denbora deskribatuko dira, eta, horrekin batera, nahitaez, emandako datuak egiazkoak direla ziurtatzeko agiriak, esate baterako, federazio-lizentzia, arriskuak aseguratzeko dokumentua edo antzeko beste edozein dokumentu.

9. artikulua.– Aitorpenaren ondorioak.

Agindu honetan araututako aitorpenak soilik ondorio profesionalak ditu, ez du prestakuntza-prozesurik egiaztatzen edo baliozkotzen; hortaz, soilik prestakuntza espezifikoa duen edo esperientzia egokia duen pertsonari aitortzen zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan izena eman ahal izateko eta ekainaren 30eko 8/2022 Legean araututako lanbideak garatu ahal izateko.

10. artikulua.– Lanbide-heziketa antolatzeari eta integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren arabera gaitasun-unitateak ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura.

Agindu honetan araututako prestakuntza espezifikoa eta esperientzia egokia aitortzeko prozesua ez dago lotuta Lanbide-heziketa antolatzeari eta integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren eta Lanbide Heziketako Sistemaren Antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren arabera gauzatzen diren lan-esperientziaren eta ikasketa ez-formalen bidez eskuratutako gaitasun-unitateak ebaluatzeko eta aitortzeko prozedurarekin.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eskuragarri dagoen informazioa eta dokumentazioa.

1.– Jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenen ereduak eta gainerako ereduak eskuragarri daude euskaraz eta gaztelaniaz Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren esteka honetan: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/escuela-vasca-del-deporte/

2.– Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua beti egongo da eskuragarri eta eguneratuta eta interesdunek erraz eskuratu ahal izango dute.

3.– Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalentzako informazioan eta dokumentazioan aurreikusten da bermatu beharko direla Sektore publikoko gailu mugikorretarako webguneen eta aplikazioen irisgarritasunari buruzko irailaren 7ko 112/2018 Errege Dekretuan ezarritako gardentasun-eskakizunak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prestakuntza espezifikoa eta esperientzia egokia metatzea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, pertsona batek prestakuntza espezifiko nahikoa duela ulertuko da falta zaizkion prestakuntza-orduak esperientzia egokiko orduekin osatzen baditu. Horretarako, egiaztatutako hiru orduko esperientzia hori prestakuntza espezifikoko ordu baten baliokide gisa zenbatuko da.

2.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, pertsona batek behar adinako esperientzia egiaztatzen duela ulertuko da falta zaizkion esperientzia egokiko orduak prestakuntza espezifikoko orduekin osatzen baditu. Horretarako, prestakuntza espezifikoko ordu bakoitza hiru orduko esperientzia gisa zenbatuko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hizkuntza-normalizazioa.

Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Kirolaren Euskal Eskolak prestakuntza espezifikoak sustatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

Laugarren xedapen gehigarria.– Prestakuntza espezializatua sexu-indarkeria prebenitzeko, genero-ikuspegiaren, hezkidetzaren eta adingabekoen behar espezifikoen arloan.

1.– Ekainaren 30eko 8/2022 Legean araututako lanbideetako batean aritzen den eta adingabekoekin harremana duen pertsona orok prestakuntza espezializatua egiaztatu beharko du honako arlo hauetan:

a) Sexu-indarkeria prebenitzea.

b) Genero-ikuspegia.

c) Hezkidetza; prestakuntza hori soilik hezkuntzaren arloan lan egiten dutenei eskatuko zaie.

d) Desgaitasuna duten, arraza-, etnia- edo nazio-jatorri anitza duten, desabantaila ekonomikoko egoeran dauden, LGTBI kolektiboko kide diren edo beste edozein aukera edo orientazio sexual edo genero-identitate duten adingabeen eta inoren kargura ez dauden adingabeen premia espezifikoak.

2.– Prestakuntza-edukietako bakoitzaren iraupena gutxienez 4 ordukoa izango da. Halaber, baterako prestakuntza eskain daiteke, eta gutxienez 8 ordukoa izango da.

3.– Xedapen gehigarri honetan jasotako prestakuntza espezializatua eskaintzeko zentroek elektronikoki jakinarazi beharko diote kirolaren arloan eskuduna den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zuzendaritzari ikastaroak egingo dituztela, gutxienez hilabete lehenago. Jakinarazpena Kirolaren Euskal Eskolaren bidez egin beharko da, eta ez da berariazko baimenik beharko ikastaroa emateko.

4.– Jakinarazpena ikastaro bakoitzarentzat banaka egin beharko da. Jakinarazpenean bi edizio edo gehiago jaso ahal izango dira.

5.– Egokitzat jotzen den edozein dokumentazio edo informazio eskatzeko ahalmena alde batera utzi gabe, jakinarazpenean honako informazio hau jaso beharko da:

a) Zentroaren izena.

b) Zentroko titularraren izen-abizenak edo pertsona fisikoaren edo juridikoaren sozietate-izena.

c) Ikastaroaren izena.

d) Ikastaroaren arduradunaren izen-abizenak.

e) Egingo den tokia eta eguna; hala badagokio, online prestakuntzara sarbidea izateko plataforma elektronikorako sarbidea gehituko da.

f) Aurreikusitako gehieneko ikasle kopurua.

g) Ikasgai bakoitzean behar bezala kualifikatuta egon beharko duten prestatzaileen izen-abizenak.

6.– Jakinarazpenak hutsen bat izatekotan, pertsona fisiko edo juridikoari errekerimendua egingo zaio, gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan.

7.– Ikasturtea bukatzen denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean, zentroek aipatutako zuzendaritzari Kirolaren Euskal Eskolaren bidez honako informazio hau helarazi beharko diote: matrikulatu diren eta gai kalifikazioa jaso duten ikasleen izen-abizenak eta nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen zenbakia.

8.– Aipatutako zuzendaritzak prestakuntza-jarduera aitortzeko ebazpena emango du, eta horretarako sortutako fitxategian inskribatuko du. Fitxategia Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Profesionalen Erregistroarekin konektatuta egongo da.

9.– Agindu hau indarren sartu ondoren egindako prestakuntzak gainditzean prestakuntza-zentroak ikastaroa gainditu dela bermatzeko egiaztagiri bat igorriko du, agindu honen eranskinean jasota dagoen ereduari jarraituz.

10.– Prestakuntza ematen duten erakundeek edo pertsonek egindako ikastaroen eta ziurtagirien barne-erregistroa mantendu beharko dute.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia eskatzeko epea.

Ekainaren 30eko 8/2022 Legearen 8., 9., eta 10. artikuluetan eta bosgarren xedapen gehigarrian jasotako prestakuntza espezifikoa edo esperientzia egokia ez da eskatuko 2026ko urtarrilaren 1era arte.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aginduaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako prestakuntza eskatzeko epea.

1.– Aginduaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako prestakuntza ez da 2028ko uztailaren 1era arte eskatuko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan lan egin nahi dutenek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan, agindu honen hirugarren xedapen gehigarrian araututako prestakuntza espezializatua dutela adieraziz. Erantzukizunpeko adierazpen hori 2028ko urtarrilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dute, lanbide-jarduera data hori baino beranduago hasiko dutenek izan ezik; kasu horretan, lanbide-jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dute adierazpen hori.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prestakuntza espezializatua agindu hau indarrean sartzen den unean.

Agindu honen laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako prestakuntza espezializatuen kasuan, agindua indarrean sartu aurrekoak badira eta titulazio akademiko ofizialetara bideratutako prestakuntzen baitan ez badaude, soilik honako hauek sustatutako prestakuntzen egiaztagiriak hartuko dira kontuan:

a) Administrazio publiko orokorreko zein instituzionaleko zentroak.

b) Sektore publikoko erakundeetako zentroak, administrazio publikoak ez badira.

c) Heziketa-zentro ofizialak, publikoak zein pribatuak.

d) Elkargo profesionaletako zentroak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Agindua garatzeko eta egikaritzeko gaikuntza.

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzan kirolaren alorreko eskumena duen zuzendaritzari, agindu honetan xedatutakoa garatzeko eta egikaritzeko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Aurrekoa gorabehera, prestakuntza espezifikoa eta esperientzia egokia izateari buruzko informazioa jasotzen duten erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko betebeharra uztailaren 28ko 161/2025 Dekretuan aurreikusitako epeetara egokituko da (161/2025 Dekretua, uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legea garatzen duena).

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 20a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala