Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2025eko azaroaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5106

AGINDUA, 2025eko azaroaren 25ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan hegazti-gripearen aurka hartu beharreko prebentzio- eta kontrol-neurri berriak ezartzen dituena.

Hegazti-gripea Orthomyxoviridae familiako A motako birus batek eragindako gaixotasun bat da; hegaztien hainbat espezieri erasaten die birus horrek, eta hainbat azpimota daude. Azpimota horien artean, halaber, patogenotasun altuko eta baxuko aldaerak daude (IAAP eta IABP, hurrenez hurren); eta, AOMEren zerrendan sartuta dagoen eta nahitaez aitortu behar den gaixotasuna denez gero, zaintzapean dago.

Gaixotasunaren hedapenean, garrantzi handia hartzen dute basa-hegaztien urtaroko migrazioek; hegazti urtarrak dira nagusiki, asintomatikoak kasu askotan, eta gaixotasunaren erreserborio nagusi gisa agertzen dira. Espainian basa-hegazti migratzaile ugari dituzten hezeguneak daudenez, esponentzialki handitzen da gaixotasuna ustiategietako hegaztiei kutsatzeko arriskua.

Birusa oso zabalduta dago munduan, eta gaur egun EBko ia estatu guztietan dago. Euskadi basa-hegaztiek Europako kontinentean egiten dituzten migrazio-mugimenduetan darabiltzaten bideetan dago.

Indarrean dagoen Animalien Osasunari buruzko Legeak (8/2003 Legea, apirilaren 24koa) 8. artikuluan xedatzen duenez, animalien gaixotasunak ez sartzeko edo ez hedatzeko –bereziki, hedapen handiko gaixotasunak–, autonomia-erkidegoek kautelazko hainbat neurri har ditzakete; hauek, besteak beste: «gaixotasunak ez sartzeko oro har behar diren neurri guztiak».

507/1991 Dekretuak 5. artikuluan ezartzen duenez (507/1991 Dekretua, irailaren 24koa, Nahitaez aitortu beharreko animalien gaixotasunei eta gaixotasun horiek jakinarazteko arauei buruzkoa), fokuren bat agertu dela susmatuz gero, nekazaritzaren arloan eskumena duen sailari dagokio beharrezko kautelazko neurriak ematea, foru-organoekin koordinatuta, baldin eta neurri horiek justifikatuta badaude aplikazio-eremua lurralde historikoa baino handiagoa dela eta.

2022ko abenduaren 16an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko abenduaren 5eko Agindua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (239. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoan hegazti-gripearen aurka hartu beharreko prebentzio-neurriak ezartzen dituena. Agindu horren neurriek indarrean daude oraindik, eta bertan ezarritako eran aplikatzen jarraitu behar da, hala egitea komeni baita inguruabar epizootikoen eta gaixotasunaren bilakaeraren argitan.

Etxeko hegaztien eta basa-hegaztien hegazti-gripearen foku jakinarazien kopuruak gora egin du gaur egun, bai Estatuan, bai Europako erdialdeko eta iparraldeko Europar Batasuneko herrialdeetan, non negua iristean Espainiarantz mugitzen diren hegazti migratzaile ugari baitaude. Horren ondorioz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak azaroaren 11ko APA/1288/2025 Agindua onartu du, zeinak ustiategiak konfinatzeko neurria ezartzen baitu hegazti-gripeagatiko kutsatzea prebenitzeko eta kontrolatzeko.

Agindu horretan, Estatuak honako hau ezartzen du, nahitaez: «Aire zabalean hazten diren etxeko hegaztiak ustiategian bertan konfinatzea, [...] eta etxeko hegaztiak eta beste hegazti gatibu batzuk aire zabalean mantentzeko eta hazteko debekua ezartzea». Hala ere, konfinamendurako salbuespena ezartzen du, eta aukera ematen du etxeko hegaztiak aire zabalean mantentzeko, betiere arauan bertan jasotzen diren baldintza orokor batzuk betetzen badira. Kasu bakoitzerako eta eskatzen duen ustiategi bakoitzerako «baimendu» egin beharko da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, hegazti-ustiategi batzuetan ezinezkoa da konfinamendua ezartzea, ustiategien ezaugarriengatik, muturreko estresa, urduritasuna, higiene-arazoak eta hegaztiak maneiatzeko eragozpenak sor daitezkeelako, eta ustiategiak atxikita dauden kalitate-araubidearen arauak bete behar direlako. Horregatik, neurri eta baldintza espezifikoak ezarri behar dira, etxeko hegaztiak aire zabalean mantentzeko baimena eman ahal izateko, hala badagokio, betiere modu indibidualizatuan.

Egoera hori kontuan hartuta, apirilaren 24ko 8/2003 Legea eta irailaren 24ko 507/1991 Dekretua aplikatuz, eta azaroaren 11ko APA/1288/2025 Agindua garatuz, prebentzio- eta kontrol-neurri berriak hartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-ustiategiak babesteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko abenduaren 5eko Aginduan ezarritakoez gain, arrisku handiko egoera honek irauten duen bitartean.

Horrenbestez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-aldundiei kontsulta egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.9 artikuluan eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuan ezarritakoaren babesean, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Konfinamenduari salbuespenak ezartzea.

Etxeko hegaztien ustiategiek bete behar dituzten betekizunak, baldintzak eta prozedura ezartzea, hegaztiak kanpoaldera irteteko salbuespenezko kasuak baimentzeko, azaroaren 11ko APA/1288/2025 Aginduan ezarritako konfinamenduak irauten duen bitartean. Betekizun, baldintza eta prozedura horiek I. eranskineko oinarrietan jasotzen dira.

Bigarrena.– Neurrien bilakaera eta ondorioak.

Agindu honetan ezarritako neurriak aldatu edo kendu egingo dira egoera epizootikoaren eta gaixotasunaren bilakaeraren arabera.

Hirugarrena.– Errekurtsoak.

Interesdunek, agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.

Laugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 25a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Ukitutako ustiategiak.

1.– Agindu honetan xedatutakoa honako baldintza hauek betetzen dituzten etxeko hegaztien ustiategiei aplikatuko zaie:

a) Hegazti-haztegien oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituen uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretuaren babespean egotea, hazkuntza-metodoetako edozeinetan, barnean direla ustiategi ekologikoak edo azken kontsumitzaileari zuzenean saltzeko arrautzak edo haragia ekoizten dituztenak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea.

c) Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

2.– Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira autokontsumoko ustiategiak, zeinek ezin izango baitituzte salbuespenak baliatu.

2. oinarria.– Kanpoaldera irteteko salbuespenezko kasuak baimentzeko baldintzak.

Etxeko hegaztiak kanpoaldera irteteko baimena eman ahal izango da, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

1.– Hegaztien oldarkortasuna, kanibalismoa, estresa edo muturreko urduritasuna areagotzea.

2.– Pilaketekin lotutako heriotza-tasa edo morbilitatea anormalki handitzeko arriskua egotea.

3.– Gehiegizko konfinamenduaren ondorioz animalien ongizatea hondatzen ari dela adierazten duten portaerak egotea.

4.– Maneiuaren, higienearen eta aireztapenaren ondoriozko premiak egotea.

5.– Behar bezala justifikatutako beste batzuk.

3. oinarria.– Nahitaez bete beharreko neurriak.

Etxeko hegaztiak kanpoaldera irteteko baimena eman ahal izateko, ustiategiek honako neurri hauek bete beharko dituzte:

1.– Hegaztiak hazten diren nabe edo instalazioaren albo-alboan dagoen kanpoko eremua fisikoki mugatzea, ohiko tamaina murriztuz.

2.– Etxeko hegaztiak aire zabalean mantentzea baimendu ahal izango da, baina, horretarako, ahal bada, txori-oihalak edo basa-hegaztiak sartzea eragozten duen beste edozein gailu jarri beharko dira, betiere hegaztiek instalazioen barrualdean jan eta edaten badute, edo bestelako aterperen batean, kontuan izanik eragotzi egin behar zaiela basa-hegaztiei bertara iristea eta etxeko hegaztientzako ur eta elikagaiak ukitzea.

3.– Mugatutako kanpoko eremurako sarbidea horretarako gaitutako tranpol espezifikoen bidez soilik izatea; ustiategiaren arduradunak kontrolatuko du tranpolak irekitzea eta ixtea. Tranpol horien erabilerak bermatu beharko du hegaztiak baimendutako aldietan eta gainbegiratuta soilik ateratzen direla kanpoko eremu horretara, agintaritza eskudunak ezarritako baldintzen arabera.

4. oinarria.– Neurri gehigarriak.

Hirugarren oinarrian xedatutakoa betetzeaz gain, neurri gehigarri hauek ezarri ahal izango dira ustiategietan, modu osagarrian eta aldi berean:

a) Disuasio-gailu bisualak, hala nola txorimaloak.

b) Hegaztiak uxatzeko efektua duten aldizkako soinuak igortzen dituzten gailuak.

c) Disuasio-eragina duten elementu islatzaileak edo zinta holografikoak.

d) Ustiategiaren kanpoaldea ikuskatu eta garbitzea, basafauna erakar dezaketen elementuak kentzeko, hala nola putzuak, hondakin-pilaketak edo bestelako erakarpen-fokuak.

e) Etxeko hegaztien eta basafaunaren arteko kontaktu-arriskua eraginkortasunez murrizten laguntzen duen beste edozein neurri, agintaritza eskudunaren aurrean behar bezala justifikatuta.

5. oinarria.– Prozedura.

1.– Azaroaren 11ko APA/1288/2025 Aginduan ezarritako konfinamenduak irauten duen bitartean hegaztiak kanpora irteteko salbuespenezko baimenak lurralde historikoetako foru-organoen eskumena dira.

2.– Etxeko hegaztiak kanpora ateratzeko salbuespenezko baimenak eman ahal izateko, ustiategiaren titularrak eskaera bat aurkeztu beharko du ustiategia dagoen lurralde historikoko foru-aldundiko zuzendaritza eskudunean. Eskaera horretan jasoko dira 2. oinarrian aurreikusitakoen artean ustiategian betetzen diren baldintzak eta 3. eta 4. oinarrietan jasotakoen artean hartuko diren nahitaezko neurriak eta, hala badagokio, neurri gehigarriak.

3.– Eskaerak ustiategiko albaitari arduradunak egindako eta sinatutako txosten baten babesa izan beharko du. Txosten horretan ziurtatuko da ezohiko irteera horiek baimentzea komeni dela, 2., 3. eta 4. oinarrietan xedatutakoari jarraikiz. Txosten hori egiteko, albaitariak ustiategi bakoitzaren egoera ebaluatuko du, dagokion foru-aldundiak zehazten dituen parametroak kontuan hartuta.

4.– Formularioak eta eskaeraren izapideak lurralde historiko bakoitzak ezartzen duen moduan egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Ustiategia dagoen lurralde historikoko agintaritza eskudunak, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera, etxeko hegaztiak kanpoaldera irteteko salbuespenezko baimena eman edo ukatuko du.

6. oinarria.– Ustiategiaren titularraren betebeharrak.

Etxeko hegaztiak salbuespenez kanpoaldera irteteko baimena eman ondoren, agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzekin, ustiategiaren titularrak betebehar hauek bete beharko ditu:

1.– Ustiategiko langileek etxeko hegaztiak zaintzea, mugatutako eta baimendutako guneetan kanpoan dauden bitartean.

2.– Mugatutako eta baimendutako guneetan hegaztiak kanpoan egoteko denbora mugatzea estresa murrizteko edo ikusitako arazoa zuzentzeko beharrezkoa den gutxienekora, ustiategiko albaitariak ezarritako eguneko denbora-mugarekin.

3.– Liburu edo koaderno bat izatea, paperean edo digitalean, II. eranskineko informazioa jasotzen duena. Bertan erregistratuko dira, eskuz edo telematikoki, egunero, mugatutako eta baimendutako guneetara hegaztiek egiten dituzten irteerak eta haien iraupena.

4.– Hegaztien salbuespenezko irteera justifikatzen duten egoerak detektatzea.

5.– Hegaztien jarraipena egitea eta haien egoeraren berri ematea ustiategiko albaitariari.

6.– Osorik betetzea baimen-agirian ezarritako neurriak.

7.– Eskaeraren eta emandako baimenaren kopia gordetzea.

II. ERANSKINA
IRTEEREN ERREGISTROA

Ustiategiaren kodea (REGA):

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala