Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2025eko azaroaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5076

AGINDUA, 2025eko azaroaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzetarako deia egiten baita itunpeko ikastetxe pribatuetan esan osteko interpretazio-zerbitzuak kontratatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen arabera, hezkuntza-sistemaren printzipioetako bat prestakuntza integrala eta malgua bultzatzea da, balioetan oinarritua, askotariko ikasleentzat kalitatezko hezkuntza-aukerak bermatuko dituena eta berezko ezaugarriak dituzten ikastetxeak egotea segurtatuko duena; horretarako, sinesmen-, gaitasun- eta konpetentzia-aniztasunaren aurrean errespetuzko eta tolerantziazko jarrera positiboa garatuko da, eta bizitza pertsonal eta sozial betea eta gizarte kohesionatu eta solidarioa bultzatuko dira.

Era berean, bizikidetzak inklusioa bermatzen duela xedatzen du, eskola askotarikoa eta plurala egituratzeko oinarria den aldetik. Hala, aukera-berdintasuna bermatuko duten praktikak eta hezkuntza-espazioak bultzatuko dira, aniztasunaren baliotik abiatuta, lotura hori sendotzea helburu dutela. Plan batzuk egingo dira, eta hezkuntza-baliabide, -praktika eta -espazio batzuk sustatuko dira, aukera-berdintasuna bermatzeko eta lotura indargarriak eta positiboak sustatzeko eta garatzeko.

Halaber, atzerritar jatorriko ikasleen hizkuntzak eta kulturak agerrarazi nahi ditu ikastetxeetan, elkarrekiko aitortza bultzatu, aniztasunaren balio kulturala eta ekonomikoa nabarmendu eta hezkuntza-integrazioa sustatu, ikasleengan beste hizkuntza eta kultura batzuekiko jakin-mina pizteko eta hizkuntza eta kultura horien ezaugarriei eta funtzionamenduari buruzko ezagutza emateko.

70. artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleak), Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko familien kultura- eta hizkuntza-aniztasunari Euskal Hezkuntza Sistemak tratamendu inklusiboa eta egokia ematea proposatzen da. Hezkuntza Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleentzako prestakuntza espezifikoari ekin beharko dio, bai eta hizkuntzen eta kulturen aniztasuna ikasgelan integratzeko neurriak hartzeari ere, atzerritar jatorriko ikasleentzat errespetuzkoa eta aberasgarria izan dadin.

Egoera horretan, eta familia migratzaileekin komunikazioa errazteko helburuz, dirulaguntza bat sortu da, telefono bidezko interpretazio-enpresen bitartez sortutako gastuen zati bat finantzatzeko modua izan dezaten itunpeko ikastetxe pribatuek.

Horrela jasoko du Hezkuntza Sailak 2025-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.

Kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen ekainaren 23ko 381/2024 Dekretua, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lege horren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– EAEko itunpeko ikastetxeetan esan osteko interpretazio-zerbitzuak kontratatzeko dirulaguntzen deialdia egitea 2025-2026 ikasturterako.

2.– Deialdi hau arautuko duten oinarriak onartzea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzak emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urterako aurrekontu orokorretan ordaintzeko kreditu egokia eta nahikoa eduki beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia eta lege orokor horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 11.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

OINARRI ARAUTZAILEAK.

1. oinarria.– Deialdia eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Urrutiko esan osteko interpretazio-zerbitzua emateko dirulaguntzetarako deialdia egiten zaie 5. oinarrian onuradun gisa adierazitako EAEko ikastetxeei, 2025-2026 ikasturterako.

2.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak emateko 20.000,00 euroko diru kopurua baliatuko da gehienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-partidetatik hartuta.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

EAEko hizkuntza ofizialetako batean behar bezala hitz egin ezin duten ikasleekin eta haien senideekin egin beharreko bileretan telefono bidezko esan osteko interpretazio-zerbitzuak kontratatzeari lotutako gastuak soilik izango dira diruz laguntzekoak.

Gastu horiek 2025eko irailaren 1etik 2026ko uztailaren 31ra bitartean egin beharko dira.

3. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzaren dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko formula hau baliatuko da:

Justifikatutako interpretazio-minutuak * 1,39 euro/minutu

Justifikatutako minutuen datuak ikastetxeek II. eranskinean emandakoak izango dira.

Dirulaguntzen guztizko zenbatekoak ez du inolaz ere esleitu den 20.000 euroko kreditua gaindituko.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako formularen arabera kalkulatutako gehieneko zenbatekoen baturak esleitutako kreditua (20.000 euro) gainditzen badu, kreditu hori eskatutako baldintzak betetzen dituzten ikastetxe eskatzaile guztien artean banatuko da, eskabideak osorik estaltzeko aurrekontu nahikoa egongo balitz egokituko litzaizkiekeen gehieneko zenbatekoen proportzioan.

4. oinarria.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin. Hala ere, helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide publiko edo pribaturen bat jasotzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da izan, inola ere, bakarrik edo beste laguntza batzuekin batera, 2025-2026 ikasturtean interpretazio-zerbitzuetan egindako gastuaren guztizko kostua baino handiagoa; beraz, gainfinantzaketa gertatuz gero, itzuli egin beharko da soberakina.

5. oinarria.– Entitate onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuetako pertsona edo erakunde titularrak. Ikastetxe horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta 2. oinarrian deskribatzen diren jarduerak egin behar dituzte, diruz lagun daitezkeenak.

6. oinarria.– Entitate onuradun izateko betekizunak.

Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeak.

7. oinarria.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Indarreko araudian eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eskabide-inprimakian jasoa (I. eranskina).

Nolanahi ere, berdintasun-plan bat egin eta erregistratu behar izanez gero, eskabidearekin batera, erregistro-ziurtagiria aurkeztu beharko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Legearen 46.5 artikuluaren arabera. Bestela, I. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpenarekin aski da, adierazpen hori egiteko betebeharrik ez duela adierazten baitu.

8. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan iragarritako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza zertarako eman, horretarako erabiltzea, ez beste ezertarako.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

c) Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzari jakinaraztea bestelako administrazio edo erakunde publikoen zein pribatuen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edota baliabideak lortu direla xede bererako; bai eta dirulaguntza eman zenean zeuden baldintzak aldatu direla ere, halakorik izan bada.

d) Ikastetxe onuradunek erakunde emailearen irudi instituzionala sartu beharko dute material inprimatuan, bitarteko elektronikoetan edo ikus-entzunezkoetan, edo dagokion aipamena egin beharko dute komunikabideetan, diruz lagundutako jarduerari buruzko informazioa emateko. Era berean, ikastetxe onuradunek publizitate egokia eman beharko diote finantzaketaren izaera publikoari, gardentasunari buruzko legerian ezarritako baldintzetan; hori guztia Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

e) Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

f) Diruz lagundutako jardueraren justifikazioa.

9. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1260301), agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 2026ko uztailaren 31ra arte.

Eskabidearen ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

10. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– I. eranskina. Eskabide-eredua. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1260301.

2.– II. eranskina. Zerbitzuen justifikazioa, datu hauekin:

– Telefono bidezko esan osteko interpretazio-enpresaren izena.

– Interpretazioen datak.

– Ikasle hartzailea.

– Interpretatutako hizkuntza.

– Interpretazioaren iraupena (minutuak).

– Minutuko kostua.

– Deiaren kostua.

3.– Interpretazio-zerbitzuetako enpresen fakturak eta ordainagiriak.

4.– III. eranskina. Gainfinantzaketarik ezaren adierazpena eta, hala badagokio, laguntza hori eman dela justifikatzen duen dokumentazioa.

5.– Berdintasun-plan bat erregistratuta izatearen ziurtagiria edo, halakorik ezean, 50 langile baino gehiago ez izatearen eta indarreko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izateko betebeharrik ez izatearen erantzukizunpeko adierazpena.

11. oinarria.– Aurkeztutako eskabidean akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean dokumenturen bat falta dela edo akatsen bat dagoela ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 egun balioduneko epea emango zaio zuzentzeko eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko. Aurreikusitako epean zuzentzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera.

Era berean, erakunde interesdunak behartuta daudenez harremanak soilik elektronikoki izatera, izapideren bat beste kanal batetik eginez gero, 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluaren 5. puntuan xedatutakoa aplikatuko da (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

12. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko eta argitaratzeko modua.

1.– Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzak du deialdi hau kudeatzeko eskumena.

2.– Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta, bertan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan oinarritutako datuak sartuko dira.

Behin-behineko ebazpenaren proposamena jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

Eskatzaileek hamar egun baliodun izango dituzte, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

Entzunaldiaren izapidea alde batera utzi ahal izango da prozeduran entitate interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen direnean eta kontuan hartzen direnean. Kasu horretan, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da.

Interesdunek alegazioak egiten badituzte, horiek aztertu ondoren Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta behin-behineko ebazpen-proposamenaren datu-eremu berberak izango ditu.

Behin betiko ebazpen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. 10 eguneko epean erakunde onuradunek ezer jakinarazten ez badute, dirulaguntza onartutzat joko da.

3.– Hezkuntza Politiketako sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen horrek behin betiko ebazpen-proposamenaren datu-eremu berberak izango ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

4.– Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, aipatutako bitarteko elektronikoen bidez, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Interesdunetako batek errekurtsoa aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, errekurtsoaren aurkezpen-datatzat hartuko da zuzenketa egin den data.

5.– Deialdia ebazteko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada aurreko apartatuetan ezarritako moduan, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

6.– Emandako laguntzak EHAAn eta Hezkuntza Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila) argitaratuko dira, publizitate-ondorioetarako.

13. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.

Deialdia ebatzi ondoren ordainduko zaizkie dirulaguntzak ikastetxe onuradunei, egindako gastua behar bezala justifikatu ondoren. Horretarako, interpretazio-zerbitzuen enpresen fakturak eta ordainketaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

14. oinarria.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Laguntzen entitate onuradunak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen mende egongo dira, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren mende ere. Emandako eta jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharko dute, baita dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa ere, honako kasu hauetan:

– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 legearen 36. artikuluan jasotako itzulketa-kausak izatea.

– Oro har, abenduaren 21eko 20/2023 Legean, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak jasotzeagatik, eta, hala badagokio, helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide jasotzeagatik, betiere haren xedea betetzat jotzen bada, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Horretarako, Hezkuntza Politiketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokitu egingo dira.

AGINDUKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEEN ERANSKINAK.

Web helbide honetan izango dira eskura eranskinak zein deialdiari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1260301

I. eranskina.– Eskaera-eredua eta erantzukizunpeko adierazpenak.

II. eranskina.– Kontratatutako interpretazio-zerbitzuak.

III. eranskina.– Gainfinantzaketa ezaren adierazpena.


Azterketa dokumentala