Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2025eko azaroaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5075

EBAZPENA, 2025eko urriaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ARR-1B –Arragua– hirigintza-jarduerarako eremuaren plan partzialaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2025eko ekainaren 5ean, Oiartzungo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko gai honi buruz: Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ARR-1B –Arragua– hirigintza-jarduerarako eremuaren plan partzialaren aldaketa (aurrerantzean, Plana). Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz egina dago, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.

Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Plan Partzialaren Aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko ekainaren 25ean, eta espedientean jasota dago emaitza.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunak ikusita, eta kontuan hartuta planaren ezaugarriak eta haren ingurumen-inpaktuak, txosten honen xedea hau zehaztea da: ea plan horri ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion, balitekeelako ingurumenean eragin nabarmenak izatea, edo, bestela, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoak ezarriko duen moduan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Planaren aldaketa Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago, non ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten planak eta programak ezartzen baitira; zehazki, a) apartatuan: Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute, eta honako arlo hauei buruzkoak badira: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, akuikultura, arrantza, energia, meatzaritza, industria, garraioa, hondakinen kudeaketa, ur-baliabideen kudeaketa, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa, itsas ingurunearen erabilera, telekomunikazioak, turismoa, hiri- eta landa-lurraldearen edo lurzoruaren erabileraren antolamendua.

Gainera, Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskineko 2) apartatuko kasuen barruan dago; izan ere, II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiei egiten die erreferentzia, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ARR-1B –Arragua– hirigintza-jarduerarako eremuaren plan partzialaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, honako baldintza hauetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

ARR-1B sektorea Arragua auzoan integratzen da, eta, ARR-1A eremuarekin batera, Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ARR-1 Arragua hirigintza-jarduerarako eremu gisa mugatutako eremuaren parte da.

Hau da, ARR-1 hirigintza-jarduerarako eremuaren barruan, bi azpieremu ezartzen dira: bat hiri-lurzoru finkatugabeari dagokio (ARR-1A), eta, bestea, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako zabalgune-ereduaren hedapen-eremu bati dagokio (ARR-1B).

Plan Orokorra onartu aurretik, 2010eko otsailaren 24an, Arraguako ARR-1B eremuaren Plan Partziala onartu zen (2010/03/11ko GAO). Hirigintza-eremu horren mugaketa (ARR-1B) Oiartzungo HAPOan sartu zen, zeina 2015eko martxoaren 25ean onartu baitzen behin betiko, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2015eko maiatzaren 12an. HAPOak lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen du ARR-1B sektorea, eta, haren antolamendu xehatua egiteko, plan partzial bat izapidetu behar dela zehazten du. Plan hori ARR-1A bizitegi-eremuarekin batera egokitu eta artikulatu behar da. Bi kasu horiek hirigintzako jarduketa-programa bakar bati erantzuten dioten jarduketa integratu gisa eratzen dira.

Plan partzialaren aldaketaren helburua da ARR-1B Arragua hirigintza-jarduerarako eremua deritzon hirigintza-esparruaren erabileren eta eraikigarritasunen antolamendu xehatuaren alderdi jakin batzuk definitzea, 2010ean onartutako plan partzialak ezarritakoa aldatuz.

Kokapena:

ARR-1B esparrua Oiartzungo udal-mugartearen ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta 66.534 m2-ko azalera du. Hauek ditu mugakide: iparraldean, Lintzirin erreka (Bakarraiztegi ere esaten zaio); ekialdean, Larzabalgaingo hegala; hegoaldean, trenbide-sistema orokorra (Euskotren) eta Arragua auzoko eraikin finkatuak; eta, azkenik, mendebaldean, ARR-1A izeneko eremua eta Larzabal auzoa (Errenteria).

Esparruaren ipar-mendebaldean, orografia ia laua dago, gaur egun eraiki gabe dagoena; lur gaineko aparkaleku publiko baten zerrenda estu bat baino ez da ikusten, ARR-1A eremura ere hedatzen dena. Hala ere, ekialdeko partean, Larzabalgaingo hegala zabaltzen da iparralderantz, malda handiagoarekin, eta alde hori belardi eta zuhaizti ugariko eremua da; hegoaldean, Uretxe marmol-fabrikaren plataforma dago.

Sektorea banatzen duen trenbide-sistema orokorrak (Euskotren) bi azpieremu etenetan banatzen du esparrua, baina, trenbidearen (+18 m) eta Arragua auzoaren (+10 m) koten arteko aldea dela eta, bi azpieremuak trenbideen azpiko espaziotik daude funtzionalki komunikatuta.

Sektorean Mármoles Uretxe enpresako instalazio zaharren plataforma dago, sektorearen hegoaldean. Aipatutako zabalguneaz gain, esparruak barnean hartzen ditu Larzabalgo anbulatorioaren ondoan dauden behin-behineko aparkaleku batzuk eta trenbidearen hegoaldean dauden eta finkatu egiten diren zenbait bizitegi-eraikin: Benta, Aristizabal Berri eta Zubiondo. Esparruaren gainerakoa eraiki gabeko lursailek osatzen dute, eta gehienbat belardiak eta baratzeak dira. Lehengo Marmolería Uretxe enpresaren eraikinak eraitsi ondoren, horma txiki batzuk eta hondarrak baino ez dira geratzen eraisteko. Aparkalekuko bide-zoruak ere kenduko dira.

Aipatutako lursailak hainbat ezaugarri ditu: esparruaren beheko aldea landare-lurren betelanez eta Lintzirin errekari (Bakarraiztegi) lotutako lurzoru alubialez osatuta dago, eta horien gainean dagoeneko amaituta dagoen marmol-fabrikaren jardueratik eratorritako material antropikoak jalki dira. Larzabalgaingo hegalaren inguruan, mazizo harritsu bat dago.

Proposatutako jarduerak

ARR-1B eremuaren antolamenduak bizitegi-eremua urbanizatzea aurreikusten du, eta, guztira, honako hauek eraikiko dira: salmenta libreko 79 etxebizitza, sestra gaineko 6.912 m2 (t)-ko bizitegi-eraikigarritasunean; babes ofizialeko 201 etxebizitza, sestra gaineko 15.206 m2 (t)-ko eraikigarritasunean, eta 54 etxebizitza tasatu, sestra gaineko 5.530 m2 (t)-ko bizitegi-eraikigarritasunarekin. Gainera, honako hauek ordenatu dira: sestra azpiko 16.896,50 m2 (t)-ko eraikigarritasuna garajeetarako, 1.052 m2 (t) bizitegi-erabilerari lotutako trastelekuetarako eta 2.607,50 m2 (t) hirugarren sektoreko erabilerarako.

Plan partzialaren aldaketak HAPOan eta indarrean dagoen plan partzialean aurreikusitako gainerako helburuak jasotzen ditu, hala nola: ARR-1B sektorearen antolamendua ARR-1A eremuarekin batera, sustapen pribatuko etxebizitza libre eta tasatuak eta sustapen publikoko babes ofizialeko eta sozialeko etxebizitzak sustatzeko bizitegi-jarduketa definitzea, sektorearen eta Arragua Hegoaldearen arteko lotura eta artikulazioa eta Errenteria-Lezo errepiderako irteera hobetzea, Lintziringo eta Larzabalgaingo parke berriak definitzea, eta sektoreko zuzkidura-espazioen kokapena ordenatzea. Bestalde, plan partzial honetan, Arragua hegoaldearen ondoan dauden eta jarduketa integratuaren parte ez diren etxebizitzak ere finkatzen dira (Benta, Aristegi eta Zubiondo).

Proposatutako antolamendua eta indarrean dagoen plan partzialean planteatutakoa oso desberdinak dira; izan ere, proposamen berri horrek trafikorako bide zirkular bat planteatzen du, zeinak jarraipena baitu lehen faserako proiektatutako ordenamendutik (ARR-1A plan berezia).

Antolamendu hori bat dator ARR-1 esparrura sartzeko dauden bideen trazadurarekin, eta igarobide zirkularreko ibilgailuentzako bide berri bat proposatzen du, ARR-1A eremua ARR-1B eremuarekin lotuko duena.

Etxebizitzen antolamendua bizitegi-lurzatien bi multzotan garatzen da: lehenengoa esparruaren iparraldean dago, lerrokatutako hiru eraikinek osatzen dute, eta ARR-1Aren plan berezian antolatutako bizitegi-lurzatiari jarraipena ematen dio; bigarren lurzatia esparruaren hegoaldean dago, eta 4 bizitegi-blokek osatzen dute. Hau da, 7 etxebizitza-bloke antolatuko dira, eta horien artean kokatuko dira aurreikusitako 334 etxebizitza berriak.

Plan partzialak sestra gainean antolatutako bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna 27.648 m2 (t)-koa da, HAPOan ezarritako gehieneko eraikigarritasunaren azpitik, 36.064 m2 (t)-koa baitzen. Hirugarren sektoreko erabilerako eraikigarritasuna 2.607,5 m2 (t)-koa da, plan orokorrean finkatutako gehieneko azalera –4.000 m2 (t)– baino txikiagoa. Eta, azkenik, sestra azpiko eraikigarritasunari dagokionez, 16.898,5 m2 (t) antolatu dira bizitegi-lurzatietako eta zuzkidura-lurzatietako garajeetarako eraikigarritasunaren artean; hau da, bizitegi-erabilerako azalera eraikiaren gaineko % 61 inguru, eta bizitegi-erabilerako, trastelekurako eta hirugarren sektorerako guztizko azaleraren gaineko % 54.

Eraiki beharreko etxebizitza-tipologia kontuan hartuta, eta uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, plan partzialak 20.736 m2 (t) antolatzen ditu etxebizitza babestuetarako. Hau da, 15.206 m2 (t) babes ofizialeko etxebizitzetarako izango dira, eta 5.530 m2 (t) araubide tasatuko babes ofizialeko etxebizitzetarako. Hegoalderago dauden 4 blokeetan, bizitegi-erabilerarako babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak egongo dira.

Bestalde, bizitegi-lurzatien bi multzo horien artean, 40 metro inguruko zabalerako espazio publiko handi bat proiektatu da. Espazio horrek espazio libre berdez osatutako eremu komunitario bat hartuko du, bai eta kirol-ekipamenduko eremu bat ere.

Ipar-ekialdean dagoen eremuan, zuzkidura-ekipamendurako lurzati bat proiektatu da.

Esparruan dagoen errekatxoari dagokionez, bi esparruak (ARR-1A eta ARR-1B) bereizten dituen mugan trazadura zuzen batean bideratzea eta mantentzea proposatzen da, eta plan orokorrean antolatutako espazio libreen sistema orokorrean integratzea. Ibilgu horren gainean, zenbait pasabide puntual proiektatu dira, bi urbanizazioetako oinezkoentzako espaloiak eta bideak komunikatzeko.

Oro har, honako hauek planteatzen dira: 3 metroko zabalerako espaloiak, 6 metroko galtzada –esparrua artikulatzeko bidea–, 24 metro inguruko zabalerako parke-eremua eta luzetarako parterre batzuen integrazioa, zeinen helburua izango baita landare-eremuak sortzea, oinezkoentzako espaloien eta etxebizitza berrien artean hesi izan daitezen.

Proiektatutako eraikinen artean, sestra gaineko erabilera publikoko zortasuna duten espazioak planteatzen dira, antolatutako etxabeen hirugarren sektoreko erabilera indartuko dutenak.

Azkenik, iparraldetik hegoaldera igaroko den bidegorri bat egitea aurreikusten da, eta horrek lotu egingo ditu egungo auzoan dagoen bizikleta-bidea –Euskal Trenbide Sarearen geralekuaren ondokoa– eta GI-636ra sartzeko errepidearekiko paralelo doan espaloia. Hor, lehendik dagoen espaloiarekin eta Errenteria-Gaintxurizketa bizikleta-bidearen etorkizuneko trazadurarekin lotuko da.

Aztertutako alternatibak.

Alternatibei dagokienez, hauek azaltzen dira:

0. alternatiba:

– Tokiko sistemetarako eta sistema orokorretarako espazioa liberatzea: Indarrean dagoen plangintzan jasotako antolamendu-proposamenak esparruaren erdiko zati gehiena hartzen duen eraikuntza-okupazioa ezartzen du, gaur egun dauden trenbideetara eta geralekuaren eremura hurbilduz.

Beraz, esparruko berdeguneak ipar-mendebaldeko eta ekialdeko muturretara mugatzen dira, eta berdegune drainatzaile gutxiago daude eraikin finkatuen eta antolatutako eraikin berrien artean.

– Genero-ikuspegidun hirigintza: Eraikuntza-blokearen erdialdean arkupedun pasabideak sartzeak berekin dakar kontrol bisual txikiko espazioak sortzea, eta horrek kalte egiten dio arkupe horietatik segurtasun-pertzepzioarekin igarotzeari.

– Eraikuntza-profila eta eraikigarritasuna: ARR 1B esparruan indarrean dagoen antolamendu-proposamenak zenbait bloke egitea jasotzen du, profil honekin: sestra gaineko 8 solairu eta 15 metroko hormartekoa. Etxebizitzetarako bizitegi-erabilerako 36.064 m2 (t)-ko eraikigarritasuna planteatzen du, guztira 368 etxebizitzatarako.

Profil hori Arragua Iparraldeko alboko eremu finkatuan daudenen artean dago –11 eta 5 solairu artekoa da–, eta horrek minimizatu egiten du antolamendu txikiagoak izan lezakeen ertz-efektua.

– Antolamendua ingurunera egokitzea: 130 metro luze den eta sestra gaineko 8 solairu dituen eraikin berri bat sartzeak, Arraguako osasun-zentroaren aurrean ARR-1A eremu mugakidean aurreikusitako blokearekin jarraituz, eta hiri-bilbearen muga-elementua den aldetik, ingurunearekin nekez egokitzen den pantaila eraiki bat sortzea dakar.

Lehendik dauden eta solairu askoz txikiagoak dituzten eraikinen eta elementu berri horren arteko kontrajartze formalak adierazten du proposamena ez dela egokiena eremu erdifinkatu batean integratzeko.

1. alternatiba:

– Tokiko sistemetarako eta sistema orokorretarako espazioa liberatzea: Antolamendu-proposamenak bi eraikin-multzo jasotzen ditu. Iparralderago dagoen eraikinak salmenta libreko etxebizitzen antolamendua jasotzen du, eta 7 altuerako 3 eraikinen eraikuntzan oinarritzen da. Horiek elkarren artean lotuta daude etxebizitzak hartzen dituzten elementu eraikien bidez. Hala ere, lotura-elementu horiek, bloke nagusien azpitik bi solairu geratzeaz gain, altuera bikoitzeko ataripeen eremuak dituzte.

Beste eraikuntza-multzoak luzetarako 3 bloke luze ditu, eta horietako bakoitzean etxebizitza tasatuak eta babes ofizialekoak bilduko dira.

Esparruan planteatzen den zirkulazio itxiko bide osoan, lur gaineko aparkalekuak antolatuko dira, gaur egun dagoen aparkaleku-galera konpentsatzeko; gainera, horren eraginez, zuzkidura-espazio handi bat eta berdegune bat sortzearekin batera, lehendik dagoen hiri-bilbearen eta antolatu berriaren artean, tokiko bide-sistemen, oinezkoentzako eremuen eta espazio libre eta berdeguneen integrazioa homogeneoa izango da, eta ingurunean behar bezala integratuta egongo da.

Era berean, zuzkidura-espazioen antolamendu horrek ahalbidetzen du drainatze-azalerak urbanizazioan integratzea, eta, beraz, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezartzeko aukera ematen du.

– Genero-ikuspegidun hirigintza: eraikitako bolumenak antolatzean, altuera bikoitzeko espazio estaliak agertzen dira, eta espazio horiek, bai tamainagatik, bai altueragatik, ez dute sortzen segurtasunik ezaren pertzepziorik.

Horrek, eremu osoan oinezkoentzako espazioak eta era askotako komunikabideak antolatzearekin batera, genero-ikuspegia txertatzea sustatzen du.

– Eraikuntza-profila eta eraikigarritasuna: bi eraikuntza-multzo egitea barne hartzen du: batean, sestra gaineko 7 solairuko profila duten 3 bloke, elkarren artean 3 solairuko eraikinen bidez lotuak, altuera bikoitzeko eremu arkupedun baten gainean; eta, bestean, guztizko altuera bera izango duten 3 bloke, eta, beraz, bloke horien profila sestra gaineko 7 solairutik sestra gaineko 5 solairura bitartekoa izango da.

Proposamenak etxebizitzen bizitegi-erabilerarako eraikigarritasun hauek planteatzen ditu: 6.912 m2 (t) salmenta libreko etxebizitzetarako, 5.530 m2 (t) salmenta tasatuko etxebizitzetarako eta 15.206 m2 (t) babes ofizialeko etxebizitzetarako, guztira 274 etxebizitzatarako. Eraikigarritasun hori gaur egun indarrean dagoena baino txikiagoa da, eta hobeto integratzen da lehendik dauden eraikinekin.

Babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza tasatuen bizitegi-erabilerako etxebizitza guztiak hegoalderago dauden 3 blokeetan jasoko dira; beraz, erabileren nahasketa eta integrazioa uniformeagoak dira.

– Antolamendua ingurunera egokitzea: Iparralderago dagoen eraikuntza-multzoan, hiru eraikin daude, goiko solairuetan elkarri lotuta. Hori oztopo fisikoa da, eta inguruan dagoenaz bestelako sistema morfologiko bat sortzen du. Hori dela eta, integrazioa zailagoa da, eta ez du ahalbidetzen iragazkortasun bisualik esparruaren iparraldearen eta hegoaldearen artean.

2. alternatiba:

– Tokiko sistemetarako eta sistema orokorretarako espazioa liberatzea: 2. alternatiban jasotako antolamendu-proposamena 2 etxebizitza-bloke eraikitzean oinarritzen da. Horietako bat, esparruaren iparralderago dagoena, 3 etxebizitza-blokek osatuko dute; beste multzoa, berriz, hegoalderago egongo da, eta 4 bizitegi-blokek osatuko dute. Multzo bakoitza osatzen duten etxebizitza-blokeek garajeetarako sotoko solairua partekatuko dute.

ARR-1B sektorearen antolamenduak lur gaineko aparkalekuak aurreikusten ditu bidearen bi aldeetan, gaur egun dauden lur gaineko aparkalekuen galera konpentsatuz.

Bi eraikuntza-multzoen artean zuzkidura-espazio eta berdegune handi bat sortzen da, eta, horri esker, tokiko bide-sistemen, oinezkoentzako eremuen eta espazio libre eta berdeguneen integrazioa homogeneoa da eta ingurunean behar bezala integratuta dago.

Era berean, zuzkidura-espazioen antolamendu horrek ahalbidetzen du drainatze-azalerak urbanizazioan integratzea, eta, beraz, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezartzeko aukera ematen du.

– Genero-ikuspegidun hirigintza: bolumen eraikiak antolatzean, ekidin egiten dira eremu marjinalak, argiztapen gutxikoak eta igarobide estalikoak, eta, horri esker, espazioen kontrol bisuala errazten da, eta, beraz, segurtasunik ezaren pertzepzio-egoerak saihesten dira. Horrek, eremu osoan oinezkoentzako espazioak eta era askotako komunikabideak antolatzearekin batera, genero-ikuspegia txertatzea sustatzen du.

– Eraikuntza-profila eta eraikigarritasuna: antolamendu-proposamenak barne hartzen du 7 bloke egitea, honako hauen arteko profilarekin: 2 soto-solairu + beheko solairua + 7 solairutik 2 soto-solairu + beheko solairua + 4 solairura.

Esparruaren eraikuntza-multzo osoan, etxebizitzaren bizitegi-erabilerarako 27.648 m2 (t)-ko eraikigarritasuna planteatzen da, guztira 334 etxebizitzatarako. Zifra hori gaur egun indarrean dagoen plangintzan antolatutakoa baino txikiagoa da.

Horrez gain, hegoalderago dauden 4 blokeetan, babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza tasatuen bizitegi-erabilerak egongo dira; beraz, erabileren nahasketa eta integrazioa uniformeagoak dira.

– Antolamendua ingurunera egokitzea: sektore honetarako proposamenak jarraipena ematen dio aldameneko ARR-1A esparruaren antolamendua garatuko duen plan berezian aurreikusitakoari. Iparraldeko 3 blokeak proiektatu dira esparru mugakidean proiektatutako blokeen ardatzaren jarraipen gisa, baita erdiko espazioa ere, zeinak ARR-1A eremuko espazio libreen gunearen zabalera bera izango baitu.

Eraikuntza-multzoen artean sortzen diren plazek aukera ematen dute iragazkortasun bisuala izateko iparraldearen eta hegoaldearen artean, eta lortzen dute erabilera publikoko espazio horiek sektorearen erdialdean espazio libre berdeetarako sortutako gunearekin komunikatzea.

Elkarren artean loturarik ez duten 3 eraikinen antolamenduak hobeto erantzuten dio eraikin finkatuen banaketari indarreko antolamenduan aurreikusitakoak baino, zeinak 130 metroko luzerako elementu bakarra planteatzen baitu. Horrela, iragazkortasun bisuala ahalbidetzen du esparruaren iparraldearen eta hegoaldearen artean.

Proposatutako alternatiba bakoitza aztertu ondoren, honako ondorio hauek atera dira:

Kontuan hartutako alternatiba guztiak partzialki aldatutako esparru batean garatzen dira (lehengo Marmolería Uretxe enpresaren plataforma + jarduera horren zabortegi zaharra + trenbidearen hegoaldean finkatutako bizitegi-eremua).

Alternatiba guztiek ukituko lituzketen balio naturalen artean, honako hauek nabarmentzen dira: sektoretik sakabanatuta dauden zuhaizti erdi-naturalak (1,52 ha), batez ere hegoaldeko erdian; ipar-ekialdeko bazkarako larreak (1,64 ha), eta Lintzirinen adarra den errekaren ibilgua (Barkadaiztegi), zeinaren ibilgua aldatu eta bideratu egingo baita sektoretik igarotzen den tarte batean.

0 alternatiban ez bezala, 1. eta 2. alternatibetan, esparrua zeharkatzen duen errekatxoa aire zabalean doa, eta horrek inpaktu txikiagoa dakar. Errekatxoaren trazadura ahalbidetzeko, 1. eta 2. alternatibetan, esparruaren hego-mendebaldean dagoen biribilgunea kenduko da.

Proposamenek 6,68 ha-ko esparrua hartzen dute, eta, esparru horretan, dentsitate handiko bizitegi-garapena planteatzen dute, tamaina-aldakuntza txiki batzuekin: 274 etxebizitza (1. alternatiba) eta 368 etxebizitza (0. alternatiba) artean. Horrez gain, zuzkidura-garapenak ere planteatzen dituzte, publikoak eta ekipamendu pribatuak.

Aurreikusitako etxebizitza kopuruak eragina du eraikinen profilean. Hala, indarrean dagoen alternatibak edo «0» alternatibak zenbait bloke antolatzen ditu, sestra gaineko 8 solairuko profilarekin, eta profil hori murriztu egiten da ondoz ondoko alternatibetan: BS+7 edo 5 solairu sestra gainean 1. alternatiban; BS+7 edo 4 solairu sestra gainean 2. alternatiban.

Esparruak oso irisgarritasun ona du, bai motorrik gabeko modalitateentzat (oinezkoentzat edo txirrindularientzat), bai motordun modalitateentzat. Zehazki, aurreikusitako garapena tren-geltoki baten (ETS, Donostia-Irun linea) eta eskualdeko autobus-zerbitzuaren (Lurraldebus) geralekuen ondoan dago, eta, gainera, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarean integratzen den bizikleta-bide batek zeharkatzen du.

Alternatiba guztiek antzeko mugak dituzte zenbait ingurumen-baldintzatzailerekin lotuta, bereziki kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin, sektorearen ipar-mendebaldeko muturrean uholde-arriskuarekin edo ingurumen-zarataren mailekin.

1. eta 2. alternatiben kasuan, zuzkidura-espazioen antolamendu horrek ahalbidetzen du drainatze-azalerak urbanizazioan integratzea, 0. alternatiban ez bezala, eta, beraz, drainatze jasangarriko hiri-sistemak ezartzeko aukera ematen du.

Hirigintzaren ikuspegitik, honako balorazio hauek nabarmendu behar dira:

Tokiko sistemetara bideratutako espazioen banaketa hobea da 1. eta 2. aukeretan, aukera ematen baitute sistema horiek, batez ere espazio libreak eta berdeguneak, eraikin berrien ingurunean integratzeko, finkatutako eremuaren eta antolatutako eremu berriaren artean igarotze-gune bat sortuz.

0. alternatibak portxe ugari ditu etxebizitzetara sartzeko eremuen artean, eta horiek segurtasunik ezaren pertzepzio-egoerak sor ditzakete; alderdi hori hobeto konponduta dago 1. eta 2. alternatibetan.

Indarreko antolamenduarekin alderatuta, 1. eta 2. aukeretan aurreikusitako eraikigarritasuna eta eraikuntza-profila murrizteak aukera ematen du okupazio txikiagoko eta solairu gutxiagoko eraikin bat jartzeko, eta, horri esker, hiri-ertzean igarotze-gune egokiagoa sor daiteke. Gainera, eraikuntza-multzo berean etxebizitza babestua jartzeak aukera ematen du erabileren eta tipologien nahasketa egokiagoa egiteko. 2. alternatiban, tipologia desberdinak jasotzen dira eraikin-bloke bereizietan; hala ere, 1. alternatiban, babes ofizialeko etxebizitzak eta tasatuak bizitegi-bloke berberen barruan antolatzen dira.

ARR-1A eta ARR-1B esparruak lotzen dituen ibilgailuen zirkulaziorako eraztun bat sortzeak ibilgailuen joan-etorria errazten du ingurune osoan, bai lehendik dagoen auzotik sartzeko konexioak, bai ibilgailuentzako Errenteriarako bidearekiko konexioa.

Azkenik, 2. alternatibako eraikin isolatuen antolamenduak lortzen du bi fatxadatara orientatutako etxebizitzak eta hegoaldera orientatutako beste batzuk artikulatzea eta proiektatzea, etxebizitzen arteko bizigarritasun-baldintzak hobetuz eta indarreko bizigarritasun-dekretuan zehaztutako baldintzak ere errazago betez.

Beraz, kontsiderazio horiek ikusita, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai hirigintzaren ikuspegitik, ondorioztatzen da 2. alternatiba –azkenean hartu dena– dela ARR-1B esparrua garatzeko egokiena.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, horretarako berezitasunik ez duela uste da eta.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden eraginak barne: planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.

c) Plana egokia den ingurumenaren arloan kontuan hartu beharreko alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeari begira: uste da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzera bideratutako neurriak sartzeko, bai eta klima-aldaketa gutxitzeko eta aldaketa horretara egokitzeko neurriak ere.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da detektatu Plana gauzatzeak ingurumenean arazo adierazgarririk sortuko duenik, betiere eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez egiten badira –besteak beste, arlo hauetan: lurzoruak, uholde-arriskua, jabari publiko hidraulikoaren edo haren babes-eremuen gaineko eragina, zarata, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena–.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plan partzial honek antolatutako ARR-1B sektoreak 66.534 m2-ko (6,68 ha) azalera du, eta bi esparru etenek osatzen dute. Esparrurik txikiena Euskal Trenbide Sarearen (ETS) E2 linearen hegoaldean dago, eta gaur egun garatuta dago; 0,91 ha-ko azalera du. Bestalde, trenbidearen iparraldean, azalera handieneko esparrua dago (5,76 ha); lursail horietako batzuk Mármoles Uretxe-ren instalazioei zegozkien (jarduera hori jada deseginda dago), eta, gainerakoa, belardiek eta hiri-baratzeen eremu batek okupatutako landa-lurzoruari dagokio. Iparraldeko muturrean, esparruak Lintzirin errekatxoarekin egiten du muga (Bakarraiztegi), zeinak Oiartzun ibaira isurtzen baititu urak, esparrutik metro gutxira. Errekatxoaren iparraldean, Arraguatik GI-636 errepiderako sarbidea dago, eta, iparralderago, ADIFen trenbidea.

Oiartzunek klima epela du, eta ezaugarri hauek ditu: tenperatura ertainak, hezetasun erlatibo handia, hodeiak sarritan eta euria urte osoan zehar banatuta. Oiartzungo estazioko urteko batez besteko tenperatura 15,5 ºC-koa da, eta metatutako prezipitazioa 1.372,8 l/m2-koa.

Esparrutik hurbilen dagoen aire-kalitaterako estazioa Lezon dago. Eskuragarri dagoen azken txosteneko datuen arabera (2022. urtekoa), SO2, NO2, CO, PM10 eta PM2,5 kutsatzaileen datuek oso maila ona erakusten dute. Era berean, O3 kutsatzailearen datuek ere oso maila ona erakusten dute.

ARR-1B eremua, morfologikoki, ekialdetik mendebaldera orientatutako hegal bat da. Altituderik baxuena mendebaldean dago, ARR-1A eremuaren ondoan, itsas mailatik 10 metrora; kotarik altuena ekialdean dago, Larzabalgaingo lurzoru urbanizaezinarekiko mugan, itsas mailatik 35 metrora. Hegalaren malda, ekialdetik mendebaldera jaisten dena, % 12ra iristen da alderik malkartsuenean, sektorearen ekialdean, eta % 1-2 ingurura mendebalderen dagoen aldean. Sektorearen ia % 80k % 20tik beherako maldak ditu. Malda handienak, % 50etik gorakoak, Marmolería Uretxe-ren plataforma zaharreko arroka gaineko ezpondetan daude, eta esparruaren % 6 soilik hartzen dute.

ARR-1B eremua bi motatako material litologikoen gainean dago: alde batetik, esparruaren mendebaldean dauden lursail lauenak metakin alubialei dagozkie. Formazio horren gainean, geroago, material antropikoak metatu dira, Marmolería Uretxe-ren lehengo zabortegi gisa inbentariatutako kokalekuan. Betegarri horien lodiera aldakorra da, baina 5,5 metroko sakonerara arteko lodiera ere ikusi da, identifikatutako lurzatiaren ikerketa xehatuaren datuen arabera. Bestalde, sektorearen ekialdean, Larzabalgaingo hegala maila karetsuko tuparri gris eskistosoen gainean garatzen da.

Geomorfologiari dagokionez, ia esparru osoa sistema antropogenikoan sailkatzen da, esparruaren ipar-ekialdeko eremu bat izan ezik, zeina hegalen sistemari baitagokio. Esparrua ez dator bat interes geologiko edo geomorfologikoko puntuekin, interes geologikoko eremu edo ibilbideekin eta/edo interes geologikoko lekuekin.

Edafologiari eta gaitasun agrologikoari dagokienez, ARR-1B eremuaren zati bat lehengo zabortegi gisa identifikatutako 20063-002227 kokalekuarekin bat dator, zeinak 4.469 m2-ko azalera hartzen baitu esparruan, hau da, sektorearen azaleraren % 7. Esparruaren ekialdean, kanbisol distriko motako lurzoruak daude, oso erabilera-ahalmen handikoak.

Gipuzkoako Mota Agrologikoen Maparen arabera (GFA, 1988), lursailak honela sailkatzen dira: «Muino leunetan eta % 20tik beherako maldako hegaletan dauden lurrak, lan-lursailen mugan», «Baso-aprobetxamendua mugatzen duten murrizketa oso handiak dituzten lurrak» eta «Balio agronomiko oso txikiko edo nuluko eremuak, kontserbazio- eta paisaia-erabilerara mugatuta daudenak».

ARR-1B eremua «Oiartzungo Unitate Hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Esparrua, beraz, onartu berri den Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren aplikazio-eremuan dago. Esparruaren barruan, hegoaldetik iparraldera doan erreka txiki bat igarotzen da eta Lintzirin errekan (Bakarraiztegi) isurtzen ditu urak, zeina sektorearen iparraldeko muga baita. Lintzirin erreka Jaizkibeletik jaisten diren ibaiadar txikietatik sortzen da, eta ibilbidearen zati handi bat lurpean egiten du; ARR1-B sektorearen ondotik igaro ondoren, urak Oiartzun ibaira isurtzen ditu. Oiartzun-A ur-masaren egoera ekologikoa moderatua da 2022rako; egoera kimikoa, berriz, ona da. Oiartzun estuarioari dagokion mantenugaien ekarpenarekiko sentikorra den eremuko biltze-eremuaren barruan dago azterketa-esparrua.

Hidrogeologiari dagokionez, aztergai den eremua Zumaia-Irun masaren gainean dago. Akuiferoa detritiko finkatua - detritiko mistoa da. Lurpeko ur-masak egoera kuantitatibo ona eta egoera kimiko ona ditu, eta, beraz, egoera globala ontzat jotzen da. Potentzialki kutsagarri gisa inbentariatutako kokalekuko lurzoruaren kalitatearen ikerketan lortutako datuetatik (200063-00227 kodea), lurpeko ura 1 m baino gutxiagoko sakoneran dago lursailaren egungo kotatik. Egindako lurzoru-ikerketen ondorioz, kontsideratutako erreferentzia-balioak gainditzen dituzten kutsatzaile batzuk daudela zehaztu da lurzoruetan eta lurpeko uretan. Esparruaren mendebaldeko erdian, interes hidrogeologikoko eremu bat dago, Oiartzungo estuarioko eremu alubialari lotuta.

Landarediari eta lurzoruaren erabilerei dagokienez, harizti azidofilo bat eta harizti baso misto atlantiko bat identifikatu dira esparruaren hego-ekialdean, Uretxe marmol-fabrikaren lehengo lursailen ondoan eta Lintzirin (Bakarraiztegi) errekatxoaren ibilguaren eta esparrua hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen haren ibaiadarraren inguruan. Esparruaren erdian, nekazaritza-laboreei lotutako lursailak daude (baratzeak). Ipar-ekialdeko erdian, belardiak eta labore atlantikoak identifikatu dira, eta, azkenik, esparruaren ia gainerakoa landaredi erruderal-nitrofiloa duen hiri-lursail gisa identifikatu da. EAEko habitaten mapak identifikatutako belardiak karakterizatzen ditu, eta hauek bereizten ditu: ekialdean dauden larreak –bazkarako larreak eta manipulatu gabeko larreak– eta orban txiki batzuk –larratu gabeko sega-larre atlantikoak–; azken horiek Batasunaren Intereseko Habitat gisa deklaratu dira. Hegoaldetik iparraldera doan errekatxoaren inguruan, ARR-1A eremuaren mugatik, zuhaitz- eta zuhaixka-espezieen orban bat dago, hala nola bananondoak (Platanus hispanica), haltzak (Alnus glutinosa), sasiak (Rubus ulmifolius) edo huntzak (Hedera helix). Formazio horiek Lintzirin errekaren trazaduraren inguruan ere garatzen dira; formazio horietan, lehen aipatutako espezieez gain, zume negartiak (Salix babylonica) edo izei zuria (Abies alba) bezalako koniferoren bat identifikatu dira. Baso-formazioekin jarraituz, sektorearen hego-ekialdeko mugan baso misto atlantikoko orban zabal bat dago (0,89 ha). Bi baso-formazioen artean dagoen eremua, Uretxe marmolen fabrika zaharraren plataformei dagozkien lurretan, landaredi erruderal-nitrofiloz osatuta dago, eta espezie exotiko inbaditzaile ugari nabarmentzen dira, hala nola panpa-lezka (Cortaderia selloana) eta tximeleta-zuhaixka (Buddleja davidii). Bakarraiztegi errekatxoaren ondoko lurretan ere banbuaren zenbait ale identifikatu dira (Phyllostachys aurea). Espezie hori inbaditzaile gisa sailkatuta ez badago ere, banbua inbaditzaile gisa tratatu behar da, kolonizatzeko gaitasun handia duelako, batez ere haren errizomak dituzten lurrak berrerabiltzen badira, espezie autoktonoekin landareztatzearen arrakasta arriskuan jar baitezake. Sektorearen ipar-ekialdeko eremua, Larzabalgaingo hegalean, bazkarako larre gisa erabiltzen da. Azkenik, esparruaren erdian, «hiri-baratzeak» dituen eremu bat identifikatu da, lurzati txikiz osatua eta ixteko materialen erabilera heterogeneoa duena.

Faunari dagokionez, EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan agertzen diren espezieen 61 aipamen daude: 10 espezie kaltebera gisa katalogatuta daude, 28 espezie interes bereziko gisa, 19 espezie arraro gisa eta, azkenik, 4 espezie galzoriko espezie gisa. Aztergai den esparrua ferra-saguzar mediterraneoaren (Rhinolophus euryale) Interes Bereziko Eremuan dago.

Aztergai den esparrua eta haren ingurune hurbilena ez dira ezein eremu babesturen edo intereseko naturaguneen parte.

Aztergai den esparrua ez dago aipatutako proiektuan zehaztutako ezein elementuren barruan, baina Sareko «Bilbe Urdinean» sartuta dagoen Oiartzun ibaitik hurbil dago.

Esparrua eta hurbileko ingurua ez dira sartzen onura publikoko mendietan, babes-mendietan edo erabilera libreko mendietan.

Paisaiari dagokionez, paisaia-unitateei buruzko kartografiak esparrua belardiak eta labore atlantikoak nagusi diren nekazaritzako paisaia-unitate gisa sailkatzen badu ere, eremu antropizatutzat har daiteke.

Ez dago kultura-ondasun deklaratutako elementurik.

Higadura-arriskua kontuan hartuta, esparruko lurzoru gehiena higadura-maila txikiko eremu gisa sailkatzen da, sektorearen hegoaldean kokatutako bi eremu izan ezik, lehengo Marmolería Uretxe enpresaren lursailetan, non muturreko higadura-mailak erregistratzen baitira. Lursail horiek sektorearen azaleraren % 16 hartzen dute. Higadura-arriskuari dagokionez, proiektu-fasean baloratuko da, dagokion azterketa geoteknikoaren bidez.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei erreparatzen badiegu, ARR-1B eremua bat dator, neurri batean, 20063-002227 kokalekuarekin; eremu hori hondakindegi gisa erabili zuen Marmolería Uretxe enpresak garai batean, gutxienez 1945etik fabrikaren jarduera amaitu eta eraitsi arte (2006 eta 2010 artean). Lurzati horrek 17.675 m2 inguru ditu, eta 4.469 m2-ko azalera hartzen du ARR-1B esparruaren barruan, hau da, azaleraren % 7. Horri dagokionez, lurzoruaren kalitatearen deklarazioa eskatu da dagoeneko. Horretarako, txosten hauek aurkeztu dira:

– 2024.02.01: lurzoruaren kalitatearen miaketazko ikerketa.

– 2024.02.01: lurzoruaren kalitatearen ikerketa xehatua.

– 2025.01.08: hondeaketa selektiboaren plana. R1 eta R2 faseak.

Uholde-arriskuari dagokionez, aztergai dugun esparruko eremuak 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiek har ditzakete. Gainera, esparruaren zati bat, zehazki Lintzirin errekaren ibilgua eta ertzak, lehentasunezko fluxu-eremuaren parte da.

Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasunari dagokionez, ARR-1B eremua kalteberatasun txikiko eremuetan dago mendebaldean, eta kalteberatasun oso txikiko eremuetan ekialdean.

Zaratari dagokionez, zarata-foku nagusiak bide-zirkulazioa (kaleak, GI-636, AP-8), trenbide-trafikoa (ADIF eta ETS lineak) eta industria dira. Udalerrian eragin akustiko handiena sortzen duen ingurumen-zarataren fokua bide-zirkulazioa da, eta eragin handiena Arragua auzoan du. Bestalde, errepideek auzoan sortzen duten zarata-maila handia da, batez ere AP-8, GI-636 eta GI-2132 errepideek. Euskal Trenbide Sarearen lineak, berriz, Arragua auzoa zeharkatzen du, eta etxebizitzak daude handik gertu. Plan partzialaren esparruko (ARR-1B) kalitate akustikoa kaltegarritzat jo daiteke. Aztertutako hiru aldietan (goiza, arratsaldea, gaua) ez dira betetzen –ez orain, ez etorkizunean– kalitate akustikoaren helburuak, ez kanpoko zaratari dagokionez, ez fatxadako zaratari dagokionez.

Arrisku sismikoari erreparatzen badiogu, Oiartzungo udalerria VI-ko intentsitateko eremuan dago, eta, beraz, nekez gertatuko da eraikinak suntsitzeko gaitasuna duen sismorik; hala ere, udalerrian azterketa zehatzagoak egitea gomendatzen da.

Baso-sutearen arriskuari dagokionez, hego-ekialdean arrisku txikia duten zuhaitz-masak sailkatu dira, eta, bestalde, arrisku handiarekin sailkatu da lehendik dauden bizitegi-eraikinetatik hurbilen dagoen baso mistoko masa.

SEVESO IIIri dagokionez, ez da detektatu arriskutsuak izan daitezkeen industria-jarduerekin lotutako industriarik azterketa-esparruaren inguruan.

Salgai arriskutsuen errepide bidezko garraioari lotutako arriskuak barnean hartzen ditu esparruaren ekialdean eta iparraldean dauden GI-2132 eta GI-636 errepideak, arrisku oso txikiko bide gisa. Hegoaldean dagoen AP-8 autobidea, berriz, arrisku handiko bide gisa sailkatzen da. Aztergai dugun esparruaren zati handi bat aipatutako bideen 200 metroko afekzio-bandetan sartuta dago. Era berean, ADIFen trenbide-linean salgaien garraioagatiko arriskua kontuan hartuta, esparruaren zati handi bat 200 metroko afekzio-bandaren barruan dago partzialki.

Ur-hornidurari eta -saneamenduari dagokienez, Añarbeko Mankomunitatea arduratzen da edateko ura hornitzeko, saneatzeko eta hondakin-urak arazteko zerbitzuak emateaz.

Azkenik, ingurumen-unitate homogeneoak honela sailkatzen dira:

– Lurzoru artifizializatuak: eremu antropizatuak dira, honako hauek okupatutako lursailei dagozkienak: anbulatorioaren aurreko aparkalekuak, esparruko parke eta lorategiek, zapaldutako eremuek eta Marmolería Uretxe enpresaren instalazio zaharraren plataforma abandonatuak. Trenbidearen hegoaldean dagoen azpieremu osoa ere unitate horri dagokio. Oro har, landaredirik gabeko edo landaredi erruderal-nitrofilodun eremuak dira, baina marmol-fabrikaren plataformaren kasuan, belar- eta zuhaixka-landarediaren mosaiko bat sortu da pixkanaka, eta espezie inbaditzaileak ere badaude. Unitate honek, bere osotasunean, 25.981 m2-ko azalera du, eta esparruaren % 39 inguru hartzen du.

– Landa-lurzorua: belardi eta hiri-baratzeen azalera da. Belardi-azalera belar-geruza bakarreko landaredi mota batek osatzen du, eta noizean behin hurbileko baso-eremuetako zuhaixka-aleren bat edo beste ager daiteke. 24.999 m2-ko azalera du; hau da, esparruaren % 38 inguru hartzen du.

– Ibai-sistema: unitate hau osatzen dute Lintzirin (Bakarraiztegi) errekaren adarraren ibilguak eta ertzek. 396 m2-ko azalera du, eta esparruaren % 1 inguru hartzen du.

– Basoak: unitate hau ale hostotsuen baso mistoek okupatutako lursailek osatzen dute, non zuhaixka-espezieak eta zuhaitzak baitaude. Hedadura handieneko orbana sektorearen hego-ekialdean dago (0,89 ha), eta gainerako formazioak ibai-sistemaren inguruan (Lintzirin errekaren ertza eta ibaiadarra). Oro har, 15.129 m2-ko azalera okupatzen dute; hau da, esparruaren % 23.

Laburbilduz, plan partzialaren aldaketaren aztergai den esparrua Arragua auzoan dago, ingurune artifizializatu batean. Ingurunea artifizializatuta egon arren, esparruak lursail naturalak ditu, hala nola basoak edo belardiak. Esparruan, GeoEuskadi plataforman Batasunaren intereseko habitat gisa identifikatutako bi lurzati txiki identifikatu dira; hala ere, gaur egungo erabilerak ez du horrelako ezaugarririk.

Ingurumen-arrisku posibleei dagokienez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituen edo izan dituen lurzati bat identifikatu da, esparruaren zati bat errepikatze-denbora desberdinetako uholde-arriskukotzat jo da eta esparruak etorkizuneko hirigintza-garapenetako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten ingurumen-zarataren mailak jasaten ditu. Uste da ezen, indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak.

Uste da ezen, indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki, zaratari eta airearen kutsadurari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, a priori ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

C) Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1B HJEaren plan partzialaren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek daude:

Ur-baliabideen gaineko eraginei buruzko neurriak:

– URAk egindako txostenaren arabera, CF1 (ibai-ibilguak) lurzatia garatzeko hirigintza-arauditik mantentze- eta kontserbazio-baldintza kentzeko eskatzen da, Oiartzungo Udalak eta URAk sinatutako lankidetza-protokolo bat baitago jabari publiko hidraulikoko ibilguetan eta ibaiertzetan batera esku hartzeko. Beraz, protokolo horren esparruan esku hartuko da, hala badagokio, bi administrazioen artean ezarritako urteko jarduketa-planaren arabera.

– Indarrean dagoen Uraren Legean eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren F.4 apartatuan xedatutakoaren arabera, eraikinak 12 metroko atzerapena errespetatu beharko du Lintzirin errekarekiko, eta 5 metrokoa izenik gabeko errekatxoarekiko.

– Jabari publiko hidraulikoari eragiten dion edo haren babes-eremuetan (zortasun- eta zaintza-eremua) kokatzen den jarduera orotan Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko administrazio-baimena beharko da.

– Errekatxoaren desbideratzeari, bideratzeari eta ingurumen-hobekuntzari erreparatuz gero, plan partziala garatzeko dokumentuan xehetasun eta definizio handiagoz jaso beharko da haren egokitzapen morfologikoa eta hura ingurunean integratzeko natura-tekniken ezarpena.

– Ibilgu berria definitzeko, kontuan izan behar da saihestu egin behar direla ubideratze artifizialak eta egokitu egin behar direla lurrezko ezponden ertzak, landarez babestuz, eta oinarriak irregularra izan behar duela, baita bideen azpiko zuloetan ere, errekatxoan bizitza egotea eta fauna bertatik igarotzea ahalbidetuko duen ur-lamina bat egotea bermatzeko.

– Izenik gabeko errekatxoaren gainean proposatutako zubietan eta bidegorri-pasabideetan, 47. artikulua bete beharko da: «Zubiak, estaldurak eta babes-neurri estrukturalak diseinatzeko eta plan hidrologikoko ibilguen trazadura aldatzeko arau espezifikoak».

– Azkenik, hirigintza-izapidean zehar, ente kudeatzailearen txostena jaso beharko da, eta txosten horrek adierazi beharko du hornidura- eta saneamendu-azpiegiturak nahikoak diren ala ez eskari horiek eta karga berriak bermatzeko.

– Plan partzialak plan hidrologikoaren araudia jaso beharko du uholde-arriskuko eremuetako lurzoruaren erabilerari dagokionez; zehazki, 45. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritakoa. Aurrekoa kontuan hartuta, esparruaren ipar-mendebaldean proposatutako lurrazaleko aparkalekua ez litzateke bateragarria izango Plan Hidrologikoaren araudiarekin, eta PD-1 zuzkidura-ekipamenduko lurzatian eraikiko den eraikuntza 100 urteko errepikatze-denborako uraldiek urpean utz dezaketen eremutik kanpo kokatu beharko da.

Esparruaren kalitate akustikoa babesteko neurriak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan xedatzen dena betez, kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren inguruko xedeak betetzen ez dituzten eremuetan ezingo da etorkizunera begirako hirigintza-garapenik egin, 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe.

– Alde horretatik, azterketa akustikoaren arabera, planaren area akustikorako kalitate akustikoko helburuak bete ezean, beharrezkoa izango litzateke babes akustiko bereziko eremutzat (aurrerantzean BABE) deklaratzea, bat etorriz dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoarekin. Deklarazio horrek bermatu beharko du gutxieneko edukia bat datorrela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluko b) letran eta ondorengoetan adierazitakoarekin. BABE adierazpen horretan jasotako Eremuko plana, kanpoaldea babesteko teknikoki zein ekonomikoki egokiak diren neurriak ezartzen dituena, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 46. artikulutik 48. artikulura bitartean ezarritakoari egokituko zaio.

– Eremuko planean jasotako neurriak ezarri arren kalitate-helburuak betetzen ez badira –eta soilik kasu horretan–, toki-administrazioak esparru hori egoera akustiko bereziko eremu gisa deklaratuko du, eta helburu horiek betetzeko neurri osagarri berriak definituko dira.

– Nolanahi ere, eraikin sentikorren –etxebizitzak edo ospitale-, hezkuntza-, kultura-, erlijio- eta administrazio-erabilera dutenak badira– barnealdeko kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira beti; horretarako, udalak hori justifikatzen duen txosten bat egin beharko du, kasuan kasuko eraikuntza-baimena eman aurretik, eta kanpoaldea babesteko zuzenketa-neurriak ezarri beharko ditu.

– Azkenik, planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnari hasierako onarpena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo entitate titularrek kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokion nahitaezko txostena egiten dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoa betez.

Trenbide-azpiegituren gaineko eraginei buruzko neurriak.

Trenbidearen eragin-eremuetan obrak edo jarduerak eginez gero, aldez aurretik baimenaren administrazio-espedientea izapidetu beharko da, eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak aldeko ebazpena eman beharko du. Baimen horrek Adifek egokitzat jotzen dituen baldintzak ezarriko ditu, honako hauei kalte-galerarik ez eragiteko: tren-azpiegitura, haren elementu funtzionalak, zirkulazio-segurtasuna, hura behar bezala ustiatzea eta ingurumena.

Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea. Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea. Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen 2006ko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Lur-soberakinak sortzen badira, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden alternatibak ingurumen-irizpideekin aztertuko dira, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu bat izango da beti, eta arau hauetan xedatutakoa betez egingo da haien kudeaketa: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruak eta urak babestea:

Oro har, ibilguen mugakide diren obrek jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremua (5 m) igarotzeko libre eta oztoporik gabe utzi behar dute, bai eta lursail naturala aldatzeko esku-hartzerik gabe ere (hala nola eraikinak, instalazioak edo eraikuntzak, lur-mugimenduak, betelanak, etab.). Nolanahi ere, egoera onean dagoen ibaiertzeko landarediari eragitea saihestuko da.

Babestu egin beharko dira ibai-ibilguen egoera naturalak eta horiei lotutako ur-bazterreko landaredia, edo, hala badagokio, egoera horiek behar bezala lehengoratzea.

Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra fasean, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Ustekabeko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.

– Kutsatuta egon litezkeen lurzoruak:

Eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako 20063-002227 Geoiker kodeko (hondakindegia) lurzatian dago.

Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Oiartzungo Udalari eta Ingurumeneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, bat etorriz Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Airearen kalitatea babestea. Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

– Kultura-ondarea babestea. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari buruzko neurriak (errepideak eta trenbidea). Errepidez eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela-eta sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko plan berezian adierazitakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).

– Obrek sortutako zarata. Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko; bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan, garraio-lanetan eta abar, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluak.

– Obren eragina jasan duten espazioak lehengoratzea:

Obra-proiektuek lehengoratze-proiektu bat izango dute lotuta, eta bertan garatuko dira jarduketak, haiek gauzatzeko behar besteko xehetasun-mailarekin, aurrekontua barne.

Obrak egiteak eragindako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren zuhaitzak birjarrita, hala behar bada; horretarako, harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa landatuko dira.

Lintzirin errekaren kasuan, gutxienez 2 metroko zabalera izango du ibilguak eta 2 metroko ertzak alde bakoitzean; horrez gain, haltzadi kantauriarraren espezie bereizgarriak landatuko dira ibaiadarraren inguruan.

Obren ondorioz eragina jasan duten espazioak lehengoratzekoan, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan» jasotakoarekin bat etorriz. Udalsarea 2017 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egina da, eta, besteak beste, landare-espezie autoktonoak erabiltzea sustatzen du, mantentze-lan txikia behar baitute, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituta egonik.

Hirigintza- eta urbanizazio-garapen berriek, industrialdeek eta abarrek drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dituzte, eta behar-beharrezkoa den azaleretara mugatu beharko dute zoladura edo okupazio iragazgaitza; hala, jariatze-uren balizko igoera konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko da; halaber, sortutako jariatze-uren tratamendua aurreikusi beharko dute, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan eta plan hidrologikoetan ezarritakoa betez. Alde horretatik, azterlan hidrologiko-hidraulikoa jaso beharko du hirigintza-garapenaren espedienteak.

Hirigintza-garapen berrietan drainatze jasangarriko sistemak sartzeko helburu horrekin, MITECOren argitalpen hau kontuan hartzea gomendatzen da: uholde-arriskura egokitzeko gida: drainatze jasangarriko hiri-sistemak. 2019.

Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, haiek hedatzeko arriskua murriztu beharko da, birlandaketa-lanetan flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu eta landareak berriro sartzen direnean. Kasu horretan, bermatu beharko da birlandatze-lanetan eta lorategiak egiteko lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzaileko propagulurik eta ez dela erabiltzen inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik edo espezie arriskutsurik –kontsultatu Espezie apaingarriak hautatzeko gida (Udalsarea 2017)–, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Halaber, espazio libreak lehenbailehen landareztatuko dira, higadura-prozesuak gertatzea, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko.

Gainera, flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo bat txertatuko da, dauden espezieak desagerrarazteko neurriak jasoko dituena. Ibai-sareari dagokionez, espezie inbaditzaile horiek eskuliburu honetan jartzen duen bezala kudeatuko dira: EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua (URA, 2021).

Urbanizazio-proiektuak eranskin bat izan beharko du, eremuaren ingurumen- eta paisaia-integrazioa jasoko duena; horrez gain, berdeguneak eta ibai-sistema lehengoratzearekin lotutako neurri zuzentzaileak txertatuko ditu.

– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

– Jasangarritasuna eraikuntzan. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidak liburuxkan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

a) Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.

b) Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.

c) Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

d) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

e) Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

f) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.

g) Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

h) Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.

i) Lurzoruaren erabilera. Lurzoru gutxiago okupatzea.

j) Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

k) Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea edo biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

l) Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

m) Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

n) Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1B HJEaren plan partzialaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Oiartzungo Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Arraguako ARR-1B HJEaren plan partzialaren aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 29a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala