
229. zk., 2025eko azaroaren 27a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (253 KB - 19 orri.)
- EPUB (145 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5074
EBAZPENA, 2025eko urriaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez «Bess Arpide» biltegiratze energetikoko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita, Galdakaoko udal-mugartean (Bizkaia) eta Martiturri, S.L. enpresak sustatuta.
AURREKARIAK
2025eko urriaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Martiturri, SLk Galdakaoko udal-mugartean (Araba) sustatutako «Bess Arpide» biltegiratze energetikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren txostena egiteko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren indarrez, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko maiatzaren 9an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen eragindako administrazio publikoentzat eta interesdunentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 a) artikuluan eta ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketan ezarritakoa aplikatuz, biltegiratze energetikoko planta egiteko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) epigrafean sartzen baita, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez Stand-alone motako energia-metatzeari buruzkoa.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du –Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua–, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertzeko; eta, beraz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaio, edo, halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezarri beharko dira.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Bess Arpide» biltegiratze energetikoko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, Galdakaoko udal-mugartean (Bizkaia) eta Martiturri, S.L. enpresak sustatuta, espedientean jasotako txostenekin bat, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean xedatutako irizpideekin bat, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar dela, efektu nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian aipatzen diren arrazoiak direla eta.
Espedientean jasota dauden hainbat txostenetan jasotzen den bezala, jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremua okupatzen duen hesia proiektatu da; ez da zehaztu proiektuaren xedeko eremuaren uholde-arriskua; baina, Uraren Euskal Agentziak ezarri bezala, proposatutako instalazioak nahikoa hurbil daude Arantzelai errekatik, eta aztertu egin behar den gai garrantzitsua da, kontuan hartuta instalazioen kalteberatasuna, gertakariren batek eraginda egonez gero. Horrez gain, proiektuko instalazioak ez dira egokitzen EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren araberako atzerapenekin.
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Baterien bidez energia biltegiratzeko sistema bat eraikitzea da proiektuaren xedea, 4,2Mwh-ko ahalmenarekin, eta «stand-alone» moduan jardungo du, hau da, sorkuntza-zentral batean integratuta egon gabe, Bizkaiko Galdakaoko udal-mugartearen 036-1052-03001 lurzatian.
Partzelaren azalera osoak 2.812,87 m2 hartzen ditu, eta horietatik 90,27 m2 inguru biltegiratze-instalazioak okupatuko ditu.
Egungo banaketa-sarearekiko lotura 3. linean egingo da – 13,2 kV-ko Urreta TEAren 13,2 kV-ko Urretatorreurbieta CTO-3. Horretarako, erdi-tentsioko beste linea bat botako da ebaketa-zentroraino eta interkonexio-linea bat jarriko da lehendik dagoen erdi-tentsioko linearekin. Horri esker, ebakuazio-puntua eta sarerako sarbidea finkatu ahal izango dira, eta ebaketa-zentroarekin itxi ahal izango da begizta.
Bestalde, i-DE-k aurretiazko proposamena egin du espedienterako, sarera sartzeko eta konektatzeko baldintzei buruz, eskatutako 1.000 kW-ko sarbide-ahalmena eta STR Urreta azpiestazioaren 13,2 kV-ko sarerako konexioa onartuz. Espediente-zenbaki hau eman zaio: EXP-48-9043358532.
Instalaziorako sarbidea «Aranzelai Galdakao Bidea (Bizkaia)» izeneko bidetik egingo da, eta Galdakaoko herrigunetik bertatik sartu ahal izango da bertara.
Honako elementu hauek ditu biltegiratze-sistemak:
– Guztira, 4,2 MWh-ko ahalmen instalatua duten baterien 10 rack.
– Potentzia bihurtzeko sistema 1, norabide biko hiru inbertsorez osatua (346 kVA-ko 2 eta 308 kVA-ko 1), guztira, 1000 kVA-ko potentzia izendatua batuz.
– 1,25 MVA-ko gehieneko potentzia eta 13,2 kV / 0,8 kV-eko transformazio-erlazioa duen transformadore 1.
– 13,2kV-ko ebakuazio-linea, instalazioak Ebaketa-zentroarekin konektatzeko.
– Plantako zerbitzu osagarriak, operazio jarraitua modu seguruan egin ahal izateko.
– Tentsio ertaineko tresneria, instalazioen babesa, etena, ebaketa eta neurketa egiteko arduraduna.
Zerbitzu osagarriak Potentzia-estazioan instalatutako kokapenetik elikatuko dira, eta biltegiratzeko edukiontzien beharrezko zerbitzu osagarriak elikatzeko kalkulatuko da, baita Biltegiratze-plantaren zerbitzu osagarriak ere.
20 oineko edukiontzien barruko rack-etan instalatuko dira bateriak, eta argiztapen-sistema bat, suteak detektatzeko sistema bat eta itzaltze automatikoko sistema bat izango dituzte, bai eta hozte likidoko ekipo bat ere.
Bateriez gain, instalazioak potentzia bihurtzeko sistema bat edukiko du, funtzio hauek betetzeko: bi noranzkoko inbertsorea, aire zabaleko transformadorea eta bestelako tresneria, baita babes- eta neurketa-zentroa ere, zeinak babes-, etete-, ebaketa- eta neurketa-sistema edukiko dituena, energia biltzeko sistema dagoen banaketa-sarearekin konektatzeko.
Ingurumen-dokumentuan jasotakoaren arabera, proiektuaren okupazioak taula honetan adierazitakoak izango dira:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Obrak garatzeko epea zazpi (7) hilabetekoa izango da.
Aztertutako alternatibak.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, alternatibak aztertu dira proiektuaren hiru elementu kontuan hartuta: ezartzeko aukerak, ebakuazio-aukerak eta teknologiaren araberako aukerak.
Ezarri beharreko alternatibek 0 alternatiba eta hiru (3) kokapen-alternatiba hartzen dituzte:
1. alternatiba.– Alternatiba horren kokapena koordenatu hauek dituen puntuan dago: EPSG 25830 X:512.059, 07; Y: 4.787.129,04. Alternatiba horrek 528,80 m2ko okupazioa eta 104,27 metro luzeko hesi perimetrala edukiko du. 1. alternatiba irisgarritasun oneko hiri-eremuan dago, ingurumen-babeseko figurei, sare hidrografikoko elementuei eta zortasun-eremuari eragin gabe. Alternatiba hori ikuspen gutxiko-ikuspenik gabeko eremuan dago, hurbileko komunikazio-sareetatik eta intereseko hiriguneetatik.
2. alternatiba.– Alternatiba horren kokapena koordenatu hauek dituen puntuan dago: EPSG 25830 X:511.999, 14; Y: 4.787.207,62. Alternatiba horrek 823,96 m2ko okupazioa eta 120,91 metro luzeko hesi perimetrala edukiko du. 2. alternatiba irisgarritasun ertaineko-txarreko hiri-eremuan dago, ingurumen-babeseko figurei, sare hidrografikoko elementuei eta zortasun-eremuari eragin gabe. Gainera, alternatiba hori ikuspen gutxiko-ikuspenik gabeko eremuan dago, hurbileko komunikazio-sareetatik eta intereseko hiriguneetatik.
3. alternatiba.– Alternatiba horren kokapena koordenatu hauek dituen puntuan dago: EPSG 25830 X:512.607,63; Y: 4.787.026,83. Alternatiba horrek 870,45 m2ko okupazioa eta 118,15 metro luzeko hesi perimetrala edukiko du. 3. alternatiba irisgarritasun oneko larrean dago, ingurumen-babeseko figurei, sare hidrografikoko elementuei eta zortasun-eremuari eragin gabe. Alternatiba hori ikuspen oneko eremuan dago hurbileko komunikazio-sareetatik.
Ingurumen-dokumentuan egindako alternatibak aztertu ondoren, irizpide tekniko, ekonomiko eta ingurumenekoak kontuan hartuta, ezarri beharreko 1. alternatiba aukeratzen da.
Bestalde, trazaduraren bi alternatiba hartu dira kontuan metatutako energia ebakuatzeko: lurpekoa eta airekoa; zehazki, lurpeko trazadura aukeratu da ingurumen-inpaktu txikiagoa eta segurtasun gehiago izateagatik.
Azkenik, alternatiba teknologikoei buruz, LFP litio-ioien (litioferrofosfato) teknologia aukeratzea arrazoitu da eskaintzen dituen onurengatik segurtasunari, bizi-zikloari, prezioari eta abarri dagokienez.
2.– Proiektuaren kokapena.
Galdakaoko Urtebieta auzoaren iparraldeko muturrean kokatzen da proiektua, hiri-lurzoru finkatutzat sailkatutako lurzatian.
Arantzelai errekaren ezkerreko ertzean kokatzen da proiektuaren eremua, Ibaizabal ibaiaren Unitate Hidrologikoan (UH), Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrologikoaren barruan (ES017), eta bat egiten du jabari publiko hidraulikoarekin (zortasun-eremua eta zaintza-eremua).
Arantzelai errekak 2,70 km2ko drainatze-arroa du, Ibaizabal IV ibaiaren ur-masara isurtzen da, oso aldatuta dago eta oso eraldatutako ibai-ardatz nagusi kantabriar-atlantiko kareduneko tipologiakoa da, eta urteko egoera globala «ona baino okerragoa» da 2024ko balorazio-urterako. Eremuan ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Litologiari dagokionez, iragazkortasun ertaina duten metakin alubialak eta alubial-kolubialak daude, Arantzelai errekaren ekintzari lotuta, eta iragazkortasun txikiko hareharrien eta lutiten alternantzia, non topografiak alubio-kolubialen metaketa eragozten baitu. Proiektuaren xedeko lurzatia antropizatuta dago, barrualdean hormigoizko zolarri bat duela; hortaz, lurzoruek ez dute balio agrologikorik.
«Hegoaldeko antiklinorioaren» lurpeko ur-masaren gainean dago eremua eta, oro har, egoera onean dago. Eremua bat dator interes hidrogeologikoko gunearekin, baina ez dator bat lurpeko ur-masen sektoreekin, eta akuiferoen kalteberatasuna txikia da eremuan.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-zonek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute, eta ingurumen-dokumentu estrategikoak berresten du hori. Horren arabera, proiektuaren xedeko lurzatiak abandonatutako eraikuntzak eta hormigoizko lurzoruak ditu, eta barrualdean ez dago intereseko baso-landaredia. Barrutian, landaredi inbaditzailea dagoela ikusi da, hala nola Cortaderia selloana, eta Bambusa sp; zehazki, zenbait ale ikusi dira hormigoiaren pitzaduretatik ateratzen, lurzatiaren narriaduraren eta hondatzearen ondorioz.
Faunari dagokionez, Arantzelai erreka «hobetu beharreko tarte» gisa dago sailkatuta bisoi europarra kontserbatzeko, espezie hori Bizkaian Kudeatzeko Planaren arabera (ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onartzekoa Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzorian dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu).
Planaren eremuak ez du ukitzen fauna mehatxatua kudeatzeko onartutako planen xede den beste eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko GAO, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako beste eremurik ere. Ingurumen-dokumentuak aipatzen du, landa-bisitaldian, espezie hauek behatu direla: zapelatz arrunta (Buteo buteo), txantxangorria (Erithacus rubecula), zozo arrunta (Turdus merula), pagausoa (Columba palumbus), kaskabeltz arrunta (Parus major), mito arrunta (Aegithalos caudatus) eta amilotx arrunta (Cyanistes caeruleus).
Bestalde, eremuan ez dago Natura 2000 sareak babestutako naturagunerik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere; era berean, ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko puntu edo lekurik, ez eta EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik ere.
Planaren xede den lurzatian ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik, eta ez du paisaia-balio inbentariatu edo katalogaturik ere.
Haize-energiari eta energia fotovoltaikoari lotutako ingurumen-zonakatze-proposamenaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak argitaratuta (Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin. 2022. (https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2022/energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna), baterien bidezko biltegiratze-sistema hartuko duen lurzatia kalteberatasun txikiko eremuan dago.
EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren kartografiaren arabera, Arantzelai erreka 0 mailan sailkatzen da osagai hidraulikoa kontuan hartuta; hirigintza-osagaiaren arabera, ezkerraldea landa-eremuko ertz gisa zonifikatzen da eta eskuinaldea eremu garatuetako ertz gisa; hau da, erreka ez da zonifikatzen ingurumen-osagaiaren arabera.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuaren lurzatiaren ekialdean dagoen zuhaitz-azalera lotuta dago baso-sutearen arrisku handiarekin.
Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da arazorik hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziari dagokionez, Ihobek inbentariatuta; ez eta ez da hauteman arrisku handirik salgai arriskutsuak garraiatzearen edo Seveso III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik hurbil egotearen ondorioz; era berean, sismikotasunetik eratorritako arriskuak baztertzen dira.
Bestalde, proiektuaren ingurunean ez da hauteman ibai-uholdeekin lotutako arazorik, baina kontuan izan behar da ez dagoela Arantzelai errekaren ibilguaren kartografia espezifikorik.
3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren jarduketen eta eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, proiektuak eragindako ondorio nagusiak honako hauek izango dira: jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremua okupatzea esparruaren hesiaren bidez, eta instalazioaren kokalekua EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarritako atzerapenak betetzen ez diren distantzia batean egotea. Horrez gain, ez dago kartografia espezifikorik Arantzelai errekaren ibilguaren uholde-arriskuari buruz, eta Uraren Euskal Agentziak adierazi bezala, uholde-arriskua aztertu behar da, instalazioen kalteberatasuna kontuan hartuta, gertakari batek eragiten badie.
Aipatutako afekzioez gain, hauen ondoriozko efektuak hartu behar dira kontuan obra-fasean: lur-mugitzeak, makineriaren joan-etorria, dauden eraikuntzak eraistea eta, baterien edukiontziak eta lotutako instalazioak bermatzeko zimenduak; jarduketa horiek guztiek inpaktu potentzialak sortuko dituzte kalitate atmosferikoan (obrak egin bitartean, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk aireratzea), paisaian eta egoera akustikoan; aurrekoei, hauek gehitzen zaizkie: hondakinak eta soberakinak sortzea, eta istripuzko isurketek lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatean eragiteko arriskua.
Obra-fasean, gainera, lurzoruaren okupazioaren inpaktua gertatuko da, eta, kasu honetan, positibotzat jotzen da lurzoru artifizializatu eta abandonatu bati balioa ematen baitzaio, eraldatu gabeko lurzoruen okupazioa mugatuz.
Ustiapen-fasean, zarata handituko da, instalazioaren funtzionamenduaren (aireztapen-ekipoak), hondakinen sorreraren eta kutsadura elektromagnetikoaren ondorioz. Era berean, fase horretan kontuan hartu behar da bateria-ekipoak haustean edo ordezkatzean sortutako arriskua.
Gainera, paisaia kaltetzea egon daiteke fase honetan. Instalazioaren ikusizko inpaktua eta paisaia-inpaktua minimizatzeko, lehendik dagoen hesi perimetralaren barruan landare-pantaila bat sortuko dela aipatzen du ingurumen-dokumentuak, Aranzelai bidearekiko 60m-ko luzera paraleloan; bi lerrotan proiektatzen da pantaila: lehenengoan, Smilax aspera eta Rubus ulmifolius landatuko dira, eta, bigarrenean, lizarrak eta haritzak.
Faunari dagokionez, egungo perimetro-hesiaren ordez ehiza-hesi berri bat jartzea aurreikusten du ingurumen-dokumentuak, sare-argi zabalarekin (ahalik eta hurbilen 30x30 cm-ra) lurretik hurbilen dagoen beheko aldean, eta hori positiboki baloratzen da.
Bigarrena.– Aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten den moduan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari, baita proiektuaren sustatzailea den Martiturri, S.L. enpresari ere.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 28a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
ERANSKINA
1.– Irismen-dokumentua, ingurumen-inpaktuaren azterketaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.
Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:
– Proiektuaren deskribapen orokorra eta, lurzoruak eta beste natura-baliabide batzuek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Sortuko diren materia- eta energia-hondakinen, -isurien eta -emisioen motak eta kantitateak zenbatestea.
– Aztertutako alternatiba nagusiak azaltzea, zero aukera barnean hartuta, proiekturik ez egitea, alegia, eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumen-ondorioak kontuan hartuta.
– Ingurumen-inbentarioa eta interakzio ekologiko edo ingurumen-interakzio garrantzitsuenen deskribapena.
– Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta baloratzea: ebaluatuko da zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialetan, ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne, ingurumen-efektuak kontuan hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.
Proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izango dituen ondorioen ebaluazioa, kontuan hartuta leku bakoitzeko kontserbazio-helburuak, aipatu inpaktuak, eta Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta haien jarraipena.
– Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi handiren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz, proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kalte nabarmenen deskribapena, aztergai dagoen proiektuari buruz.
– Ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusitako neurriak.
– Ingurumena zaintzeko programa.
– Azterketaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Azterketa egitean izandako zailtasun informatibo edo teknikoen txostena, zailtasunik izan bada.
Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, aipatutako apartatuak garatu beharko dira ingurumen-inpaktuaren azterketan, ondoren adierazitako hedadurarekin eta xehetasun-mailarekin.
Ingurumen-inpaktuaren azterketa egiteko, kontuan hartuko dira kontsultatutako Administrazio publikoen eta interesdunen aldetik jasotako txostenak.
1.1.– Proiektua eta proiektuko ekintzak deskribatzea.
«Bess Arpide» biltegiratze energetikoko proiektuaren irismena, Galdakaoko udal-mugartean (Bizkaia) eta Martiturri, S.L. enpresak sustatuta, definitu beharko du ingurumen-inpaktuaren azterketak.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapena izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpena ere, lurzoruaren eta bestelako natura-baliabideen erabilerari dagokionez. Halaber, jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, -isurketa eta -emisio motak eta kopuruak zenbatetsi behar ditu eta, zehazki, ingurumen-baldintzetan ondorio esanguratsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu, egikaritze-fase eta funtzionamendu-fasearen azterketa xehatuaren bitartez.
Hala eta guztiz ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du esku-hartzearekin lotuta dagoen jarduketa multzoaren deskribapen xehea, eta okupatu edo aldatuko diren azalera guztiak kontuan hartu behar ditu; bereziki, inguruneko ingurumen-baldintzei nabarmen eragin diezaieketen ekintzak identifikatu behar ditu, zehatz aztertuta instalazioa egiteko fasea, instalazioaren funtzionamendu-fasea, baita instalazioa gelditu eta bertan behera uztekoa ere. Halaber, sortuko diren materia- edo energia-hondakin, isuri eta emisio motak eta kopuruak balioetsi behar dira.
Jarduketa guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla bermatzeko.
Gainera, espedientean dauden txostenen arabera, proiektuaren egokitasuna eta bateragarritasuna justifikatu beharko da lurralde-plangintza sektorialarekin (EAEko ibaien eta Erreken LPS), Arantzelai errekaren uholde-arriskuarekin eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduarekin (JPHE).
Hala, erabat definituta geratu behar dute gai hauek:
– Proiektuko ekintzak, eraikuntza fasean.
• Proiektuaren eraginpeko eremuaren kokalekua eta mugatzea: Proiektuko ekintza guztiek hartzen dituzten azalerak, aldi baterako eta behin betiko okupazio-eremuak bereizita.
• Energia metatzeko instalazioen ezaugarri orokorrak.
• Lurzatiaren urbanizazioak eduki behar dituen ezaugarriak.
• Instalazioaren barruko azpiegitura elektrikoa.
• Ebakuazio-linea elektrikoa: lurpeko tarteen deskribapena eta, halakorik badago, aireko tarteen deskribapena (euskarri kopurua, euskarri bakoitzeko X eta Y koordenatuak (ETRS89) eta euskarri bakoitza zer udalerritan dagoen kokatuta).
• Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur-mugimenduak. Maileguak eta soberakinak.
• Instalazio osagarrien kokapena.
• Obra-aldiko trafikoa, aurreikusten den trafikoaren zenbatespena eta aukeratu diren ibilbideak, obrek egungo trafikoan norainoko eragina izan dezaketen eta nolako eragozpenak eratortzen diren zehaztuta.
• Itxiturak: luzera, altuera eta eraikuntza-materialak. Itxitura mota, diseinua (jarraitua, esparruka, etab.), guztizko luzera eta altuera, faunarentzako iragazkortasunaren ezaugarriak, eta proiektatutako zaintza-sistema.
• Zerbitzu-hornidura: euri-urak drainatzeko sarea, saneamendu-sarea, ur-hornidura, telefonia-sarea, argiteria eta abar; xehetasun nahikoaz aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik, aurreikusten diren trazaduren egokitasuna, lursailen okupazioa eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorrak. Kontuan izan behar da drainatze-sareak hustubide naturaletara kanalizatu behar duela inguruko jariatze-ura, eta sistema efizienteenak izan behar direla euri-urak bildu eta husteko, barrutia zeharkatzen duten jariatze-urek ez ditzaten kutsagarriak (lixibiatuak) arrastatu.
• Biltegiratze-plantaren sarbideak. Haren deskripzioak, hala badagokio, hauek jaso beharko ditu: trazadura, luzetarako profila, zeharkako profilak, sekzio-ereduak, sortutako lur-erauzketak eta betelanak, aldi baterako okupazioak, etab.
• Lur-mugimenduak. Lurren balantzea: zenbatetsitako soberakin-kantitatea, proiektuan bertan erabili ahal izango diren soberakinen bolumena eta soberakinen xedea, hala badagokio.
• Proiektuko fase bakoitzean sortutako hondakinak: ezaugarriak, sortutako kopuruak, metatzeko guneak eta tratamenduak.
• Hautsa, zarata eta bibrazioak sortzea.
• Lineak zeharkatuko dituen azpiegiturak eta zerbitzuak (sare elektrikoa, bideak eta abar), eta horiek berrezartzeko lana.
• Osasunerako eta ondare materialetarako arriskuren bat dakarten jarduketak identifikatzea.
• Obren iraupen aurreikusia eta obra-plana. Proiektua eraikitzeko eta martxan jartzeko kronograma.
• Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko azterketa, honako hauekin bat etorriz: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.
– Funtzionamendu-faserako:
• Ahalmena eta biltegiratzeko sistema.
• Instalazioaren eta baterien bizitza baliagarria.
• Instalazioa ustiatzeko eta mantentzeko behar diren erregaiak eta produktu kimikoak, bai eta horiek biltegiratzeko elementuen edukiera eta kokapena ere. Biltegiratze-guneen ezaugarriak eta isurtze edo errekuntzaren ondoriozko istripuak saihesteko segurtasun-neurriak.
• Beharko den uraren jatorria eta bolumena, hala badagokio, instalazioaren ustiapen fasean zehar.
• Gaueko argiztapen- edo seinaleztapen-sistema.
• Mantentze-lanetarako aurreikusitako makinak identifikatzea, hala badagokio.
• Proiektuaren ekintza garrantzitsuenak edo esanguratsuenak adieraziko dira, haren eragin-eremuan bizi diren biztanleei eragiteagatik. Zarata sortzen duten ustiapen-jarduerak zehaztuko dira, zarata horrek populazioan edo faunan ondorio nabarmenak eragin ditzaketen mailetan.
• Instalazioen kalteberatasuna, ibai-uholdeen eraginpean egonez gero.
– Proiektua bertan behera uzteko eta eraisteko faseko ekintzak.
• Jarduketa noiz etengo den (ixteko baimen administratiboa) eta eraistea noiz hasiko den. Eraispen-fasearen iraupena.
• Proiektua osatzen duten elementuak eraisteko eragiketen xehetasuna.
• Okupatu beharreko azaleren eta eraisteko jarduketa osagarrien kartografia (sarbideak. desmuntatze-lanak egiteko azalerak, materialak edo hondakinak aldi baterako metatzea, zabortegiak, makineria aparkatzea edo haren mantentze-lanak eta abar).
• Eraispenaren ondoren, instalazioak erasandako azaleren lehengoratze/berreskuratzea.
• Instalazioak eraistean sortuko diren hondakinak, materialen ezaugarriak, sortuko diren hondakinen azken helmuga haien ezaugarrien arabera, etab.
Apartatu honetako informazioarekin batera, edukiak hobeto ulertzeko beharrezkoak diren proiektuaren eskalako planoak emango dira, proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafikoari utzi gabe.
Proiektua deskribatzeko informazio grafikoa.pdf formatu geoerreferentziatuan eta shape formatuan aurkeztuko da. Azken hori, ingurumen-organoaren webgunean argitaratutako jarraibideetara egokituko da.
1.2.– Alternatiben azterketa eta hartutako irtenbidearen justifikazioa.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du teknikoki bideragarriak eta ingurumenerako egokienak diren alternatiben azterketa, eta haien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero alternatiba edo ez jardutekoa barne. Proposatutako irtenbidea justifikatu egin beharko da, eta, jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die dauden irtenbide tekniko guztiei ere.
Alternatibak aztertzeko prozesuan, besteak beste, hauek hartuko dira kontuan: lurzoruaren okupazioa, ibilgu eta landareei eragindako kalteak, eta uholde-arriskua. Horri dagokionez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren esparruan izapidetutako ingurumen-dokumentuan egindako azterketa berrikusiko da. Uraren Euskal Agentziaren arabera, beharrezkotzat jotzen da ingurumen-dokumentuan aplikatutako alternatibak hautatzeko irizpideak berrikustea eta, alternatiba bera berriro hautatzen bada azkenean, beharrezkoak diren aldaketak egitea proiektuan, instalazioek bete ditzaten EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarritako atzerapenak eta jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremua hesirik gabe uzteko. Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obra Zuzendaritzatik, baztertutako beste bi aukeretako edozein (ingurumen-dokumentuaren 2. eta 3. alternatibak), a priori, aldekoagoak izango lirateke.
Alternatibak aztertzeak justifikatu beharko du alderdi horiek nola hartu diren kontuan.
Apartatua bukatzeko, hautatutako alternatiba argudiatu beharko da, eta, horretarako, bermatu beharko da hautatutako alternatiba bideragarria dela bai teknikoki bai ingurumenari dagokionez, eta ahalegina egingo dela ahalik eta eraginik txikiena izan dezan ingurumenaren osagaietan.
1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.
Apartatu honetan, ingurumena deskribatuko da, osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenak nabarmenduz. Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen egoeraren eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren arteko konparatze-azterlan bat ere, aztertutako alternatiba bakoitzaren kasuan.
Ingurumen-inbentarioa apartatuz apartatu baloratuko da. Balioespen horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da, erreferentzia-esparru baten barruan (tokikoa, eskualdekoa edo bestelakoa).
Kasu guztietan, datuen iturri dokumentalak adierazi beharko dira, bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.
Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak saihesturik, eta proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuta.
Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko da.
Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak alderdi hauek jorratuko ditu:
Geologia eta geomorfologia.
Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri geologikoak eta geomorfologikoak. Baldintzatzaile geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten gune, eremu eta ibilbideen identifikazioa. Material litologikoen iragazkortasuna. Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko guneen, birkarga-eremuen, hustulekuen eta abarren identifikazioa, halakorik balego eta, haien eta proiektuaren arteko erlazioa.
Edafologia.
Ahalmen agrologiko handia duten lurzoruak identifikatuko dira, bai eta EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handikotzat jotakoak ere.
Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.
– Proiektuaren eragin-eremuko sare hidrografikoa. Proiektuak eragindako ibilguen eta haien ertzen egoera.
– Akuiferoak eta interes hidrogeologikoko guneak kutsatzeko arriskua.
– Uren kalitatea. Proiektuak eragindako zatien egoera ekologikoaren zehaztapena (biologikoa, fisiko-kimikoa eta hidromorfologikoa).
– Uholde-arriskua: Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren eta Uraren Euskal Agentziaren arabera, azterketa hidraulikoa aurkeztuko da egiaztatzeko proiektua gauzatzeak ez duela areagotzen uholdeen aurreko kalteberatasuna eta ez dakarrela nabarmen handitzea ingurunearen uholde-arriskua, bai eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak direla Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9 ter eta 14. artikuluetan eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Araudiaren (urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen araudi horren berrikuspena) 42. artikulutik 48.era bitartekoetan xedatutakoaren ondoriozko mugekin.
Aipatutako azterketa hidraulikoa egitean, egungo eta etorkizuneko uholde-arriskua hartu beharko da kontuan, 37. artikuluan ezarritakoaren (Uholde-arriskuko eremuak kudeatzeko irizpideak) eta KEDHPH Araudiaren 10. gehigarriaren arabera («Azterketa hidraulikoak egiteko irizpide teknikoak»). Euskarri eta formatu egokian bidali beharko da azterketa, ondorio guztiak egiaztatu ahal izateko (Hec-Ras fitxategiak, eremua Tin formatuan edo antzekoan, etab.).
– Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko eremuen, interes hidrogeologikoko eremuen, birkarga-eremuen, iturburuen, hustulekuen eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta haien eta proiektuaren arteko lotura.
– Eremuan dauden ur-puntuak. Haien ezaugarriak deskribatzea, erabilera adierazita, eta xehetasun-kartografian kokatzea.
– Berariaz baloratu beharko da proiektuak kaltetu ditzakeen lurrazaleko edo lurpeko hargunerik eta giza kontsumorako ur-hornidurarik dagoen.
Eremu horretan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.
– Apartatu honetan, ukitutako komunitateak identifikatuko dira, eta honako hauek adieraziko: kontserbazio-maila; egiturazko konplexutasuna; espezie bereizgarri, enblematiko edo adierazgarriak, etab. Kontuan hartuko da, bereziki, ea espezie mehatxaturik dagoen eskualdean, Espainian, Europan eta nazioartean.
– Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasunez zehaztuko ditu, azterketa partikularizatu baten bidez, proiektuaren jarduketek eragindako intereseko habitat bakoitzaren eta landare autoktonoen masen azalera, haien osaera, kontserbazio-egoera eta balio ekologikoa. Bereziki, Arantzelai erreka-bazterreko landarediaren azalerari eta kontserbazio-egoerari buruzko datuak emango dira.
– Landarediaren azterketak jasoko du egon daitezkeen landare-espezie aloktono inbaditzaileen identifikazio eta kokapen zehatza.
– Bertako faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak, funtsean, xede izan behar du proiektuaren eragin-eremuan dauden edo egon daitezkeen fauna-espezieen habitatak babestea eta berreskuratzea. Intereseko edo mehatxatutako faunarako eremu interesgarririk dagoen baloratu beharko du eremuan (hazkuntza-eremuak, babeslekuak eta elikadura-guneak). Horri dagokionez, kontuan hartuko da Arantzelai erreka «hobetu beharreko tarte» gisa dagoela sailkatuta bisoi europarra kontserbatzeko, Bizkaian espezie hori Kudeatzeko Planaren arabera.
– Ukitutako landare- eta animalia-komunitateen azterketak barne hartuko ditu alderdi hauek:
• Kontserbazio-maila. Egiturazko konplexutasuna. Landaredi naturala bertako espezieen ikuspuntutik eta haien estaldura-mailaren ikuspuntutik deskribatu beharko da.
• Sailkatutako eta babestutako espezieen presentzia.
• Beste eremu sentikor batzuk.
Korridore ekologikoak.
Inpaktu-azterketan, lurreko konektagarritasuna lortzeko azpiegitura berdeko elementuak identifikatuko dira eta, ondorioz, proiektuak lurraldearen konektagarritasun ekologikoan duen eragina baloratuko da. Hala badagokio, beharrezkoak diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak proposatu beharko ditu.
Paisaia.
Inguruko paisaia-baliabideei dagokienez, paisaiaren kalitatearen eta hauskortasunaren azterketa egingo da.
Kultura-ondarea.
Proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-intereseko elementu guztiak identifikatu beharko dira, eta elementu horiek babesteko erabakiak zehaztu. Erabaki horiek elementu horiei buruzko xedapen arauemaileetatik datoz eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoaren araberakoak dira.
Zarata.
Obren ondorioz eta proiektuaren ustiapenen ondorioz eraginpean egon daitezkeen eraikuntzen tipologia zehaztuko da (etxebizitzak, industriak, ikastetxeak). Halaber, eremuak gaur egun duen egoera akustikoa balioetsiko da.
Giza habitata.
Etxebizitzen eremuak identifikatuko dira ingurumen-eremu garrantzitsutzat. Proiektuaren ingurunean, eraikin kalteberak (ikastetxeak, zentro soziosanitarioak) eta pertsonak egon ohi diren eremuak (parkeak, aire zabaleko aisialdirako eremuak, etab.) identifikatuko dira. Zaratak, airerako emisioek, eremu elektromagnetikoek, eta abarrek eragindako biztanleria deskribatuko da.
Dokumentazio grafikoa.
Apartatu honetan, irudikapen kartografikoak sartu beharko dira, pdf eta shape formatu geoerreferentziatuetan; UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean, bai eskala orokorrean bai xehetasunezkoan, jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenen ingurukoak, kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazita.
Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da ingurumen inbentarioko elementu nabarmenak bertan jasoz.
1.4.– Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.
Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioaren elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren mende egongo dira. Eraginaren handitasuna zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragingo dien baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-faseko, funtzionamendu-faseko eta eraispen-faseko inpaktuak bereiziko dira.
Inpaktuen balorazioak kontuan hartuko ditu proiektutik eratorritako jarduketa guztiak, baita, hala badagokio, obren ondoriozko trafikoa ere.
Ingurumen-inpaktuak balioesteko erabilitako metodologiak eta zenbatespen-prozesuak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean, oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren araberako muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.
Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak erabiliz.
Zehazki, beste alderdi batzuk ezertan eragotzi gabe, proiektuaren eta eraginpeko eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketak bereziki azpimarratu beharko du ingurumen-inpaktuen balorazioa, hauekin lotuta: jabari hidrauliko publikoari eragitea, lurzatiaren uholde-arriskua eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala betetzea.
Ildo horretan, jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuaren gaineko eragina aztertuko da, eta arlo horretako araudia betetzen dela justifikatuko da. Bereziki, beharrezkoa izango da EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean jasotakoa betetzea, aurreikusitako jarduketen erretiroei dagokienez. Gainera, behar bezala justifikatuko da bete egiten dela Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudia uholde-arriskuari dagokionez, eta proiektua bateragarria dela Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean ezarritakoarekin.
Era berean, proiektuak oro har eragindako landaredi mota bakoitzaren azalera kuantifikatuko da. Hala ere, obren faseko aldi baterako okupazioa eta okupazio iraunkorra bereiziko dira. Landarediaren eta Batasunaren intereseko habitaten gaineko inpaktua balioesteko, eragindako eremua ez ezik, kontuan hartuko dira haien kontserbazio-egoera, adierazgarritasun-maila eta konektagarritasunean betetzen duten lekua ere. Arreta berezia jarriko zaio Arantzelai errekaren ibaiertzeko landarediari.
Faunari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak aztertu beharko du proiektua egiteak zer-nola eragiten dien bisoi europarren populazioei, kontuan hartuz Arantzelai erreka «hobetu beharreko tarte» gisa dagoela sailkatuta espezie hori kontserbatzeko, Bizkaian hura Kudeatzeko Planaren arabera.
Proiektuaren ondorioz azaleko ur-masan aldaketa hidromorfologikoak gertatzeko arriskua dagoenean epe luzera, eta horrek haren egoera edo ahalmena ona izatea eragozten duenean edo hondatzeko arriskua dakarrenean, apartatu espezifiko bat gehitu beharko da, eragindako ur-masen egoera edo ahalmena definitzen duten kalitate-elementuetan (biologikoak, fisiko-kimikoak eta hidromorfologikoak) epe luzera izango dituen ondorioak ebaluatzeko.
Gainera, kutsadura akustikoak eta hondakinen, isurketen eta emisioen kudeaketa egokiak obren fasean eragin ditzaketen inpaktuak baloratuko dira.
Inpaktu akustikoari dagokionez, inbentarioaren apartatuan identifikatzen bada instalazioetatik 200 metrora baino gutxiagora biztanleguneak daudela edo 100 metrora baino gutxiagora erabilera sentikorreko etxebizitza isolatuak edo eraikinak daudela, ingurumen-inpaktuaren azterketak apartatu zehatz bat jaso beharko du. Eta, horretan, obrek eta, biltegiratze-plantaren eta bere instalazioen funtzionamenduak sortutako inpaktu akustikoak kuantifikatu beharko dira; horretarako, instalazioen emisio akustikoaren indizeak kalkulatuko dira, baita immisio-indizeak ere. Horrela, identifikatutako eremu akustikoetan aplikatuko diren kalitate akustikoaren helburuak edo mugako immisio-balioak betetzen direla egiazta daiteke, zaratari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz. Balizko emisio akustikoen fokuen eta hartzaile sentikorren kartografia aurkeztea gomendatzen da, baita kurba isofonoen mapak ere.
Baliabide estetiko-kulturalei dagokienez, proposamena bateragarria den aztertuko da kultura-ondarea babestearekin eta paisaiaren kalitatearekin.
Kontuan hartuko da, orobat, zer eragin izango duen proiektuak giza osasunaren eta lasaitasun publikoko baldintzen gain, bereziki, lanak gauzatu bitartean.
Ingurumen-inpaktuak balioesteko erabilitako metodologiak eta zenbatespen-prozesuak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean, oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren araberako muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.
1.5.– Proiektuaren kalteberatasuna.
Istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta, proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruzkoak ere. Helburu hori lortzeko, proiektuari aplikatu beharreko bestelako arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioetan lortutako informazio esanguratsu erabilgarria baliatu ahal izango da.
Hala badagokio, deskribapenak barne hartuko ditu horrelako gertakariek ingurumenean sor dezaketen kalte adierazgarriak prebenitzeko eta leuntzeko aurreikusitako neurriak, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.
Istripu larriak edo hondamendiak gertatzeko arriskuaren aurrean proiektuak duen kalteberatasunari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak ezarri bezala, energia biltegiratzeko instalazioak Arantzelai errekatik gertu daudenez, uholde-arriskua aztertu beharreko gai garrantzitsu bat da, kontuan hartuta instalazio horien kalteberatasuna, gertakariren batek eraginda egonez gero.
1.6.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazi beharko da zer neurri aurreikusten diren aztertutako inguruneko elementu bakoitzaren gaineko ingurumen-ondorio negatibo esanguratsuak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko.
Babes- eta zuzenketa-neurriak eta –hala badagokio– konpentsazio-neurriak diseinatzeko, kontuan hartu behar dira proiektua gauzatzeko behar diren elementu eta jarduketa guztiak, eta bat etorri behar dute inpaktuekin; zehazki, proiektuak hartzen duen eremuko ingurumen-elementu eta -balioen gaineko ekintzek eragindakoekin.
Zehatz-mehatz identifikatu eta deskribatuko da inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko ekintza bakoitza. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murrizten, desagerrarazten edo konpentsatzen direla bermatzeko, egikaritze-proiektuek izan ohi dituzten apartatuak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko behar den kartografia ere. Neurri horiek obraren planean integratuko dira, eta neurriak gauzatzeko egutegi koordinatu bat proposatuko da.
Besteak beste, alderdi hauek azpimarratu behar dira: jabari publiko hidraulikoaren babesa; EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala betetzea; urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudia (2022-2027) eta apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartutako Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua betetzea; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria eta, habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea, bereziki Arantzelai errekari dagokionez, bisoi europarra kontserbatzeko «hobetu beharreko tartea» baita, Bizkaian espeziea kudeatzeko planaren arabera.
Ezertan galarazi gabe aurreko apartatuetan eskatutako azterketen emaitzen ondorioz sartu behar diren beste neurri batzuk, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien proiektuak neurri hauek hartu eta garatuko ditu, beste batzuen artean:
– Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, jabetza hidrauliko publikoaren babes-zorgunean ez da inolako eraikingintza-jarduketarik egin behar; nolanahi ere, ibaiertzeko landaredia errespetatu beharko da.
– Instalazio osoak EAEko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean ezarritako atzeratzeak bete beharko ditu.
– Uraren Euskal Agentziaren txostenean ezarritakoaren arabera, «uholde-arriskuari dagokionez, ez dago ibilguaren kartografia espezifikorik, proposatutako instalazioak nahikoa hurbil daude Arantzelai errekatik, eta aztertu egin behar den gai garrantzitsua da, kontuan hartuta instalazio horien kalteberatasuna, gertakariren batek eraginda egonez gero». Horren ondorioz, proiektua definitzean kontuan hartuko dira azterketa hidraulikoaren emaitzak, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren irizpidearen arabera aurkeztu behar dena.
– Jabetza publiko hidraulikoan edo jabetza publiko hidraulikoaren babes-eremuen barruan (zortasuna eta polizia) egingo diren jarduketa guztiek aldez aurretik eskuratu beharko dute Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena. Baimen hori Uraren Euskal Agentzian izapidetuko da.
– Ingurumen-dokumentuan jasotako neurriak aplikatuko dira, lurzorua eta ura kutsatzen dituzten hondakinak kudeatzeari dagokionez. Istripuzko isuriren bat gertatuz gero, zuzenekoa zein zeharkakoa, gertakari hori jakinarazi beharko zaio Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, baita lurrazaleko eta lurpeko urei ahalik eta gutxien eragiteko hartutako neurriak ere.
– Makineria mantentzeko eta garbitzeko eragiketak eta isurketa kutsatzaileak eragin ditzaketen gainerako ekintzak horretarako prestatutako gunean egingo dira. Eremu hori egokituko da, istripuz gerta daitezkeen isurketen likidoak edo solidoak bildu ahal izateko, horiek lurzoruan iragazi edo ibilguren batera iritsi aurretik.
– Sedimentuei eusteko barrerak, dekantazio-putzuak, iragazketa-zangak edo antzeko beste gailu batzuk jarri beharko dituzte, jabari publiko hidraulikoari eragiteko arriskua dagoen lekuetan lurrak herrestan ez eramateko.
– Pilaketak egin behar izanez gero, nolanahi ere, ibilguen zortasun-eremutik kanpo eta lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo kokatuko dira, eta, ahal dela, uholde-arriskuko eremutik kanpo, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9.bis artikuluaren arabera. Izan ere, eremu horietan edozein material edo substantzia mota metatzeko eremuak mugatzen dituzte, baldin eta jabari publiko hidraulikoari degradazioa eragin badiezaiokete.
– Kutsagarria izan daitekeen instalazio bati dagokion proiektu bat denez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.
– Eraikin abandonatuak dituen jarduera ekonomikoetako hiri-lurzoruan dago proiektua; hortaz, indusketetan arreta berezia jarriko zaie lurzoruen ezaugarriei. Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Galdakaoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Halaber, dauden egiturak eraistean, arretaz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, Amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak Amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
– Baterien bidez energia metatzeko instalazioak beteko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan ezarritako zarata-foku akustiko berriei aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak, eta kontuan hartuko ditu, hala badagokio, aipatutako 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2. zatiko osagai tonalei (Kt) eta maiztasun txikikoei (Kf) dagozkien zuzenketak.
– Funtzionamendu-fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babes-neurri sanitarioak ezartzen dituen erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.
– Neurriak ezarriko dira proiektuaren xede den lurzatian dauden landare-espezie inbaditzaileak ezabatzeko, eta haien hedapena saihesteko.
– Neurriak ezarriko dira landaredi autoktonoa babesteko, bereziki, Arantzelai erreka-bazterreko landarediari dagokionez.
– Landare-pantailaren eta jarduketa-eremu osoko ingurunea leheneratzeko ezaugarriak Ingurumena Leheneratzeko Proiektu batean definitu beharko dira, eta proiektuan txertatuko da dokumentazio grafiko eta aurrekontu banakatuarekin, proiektuaren gainerakoaren xehetasun-maila izanik. Leheneratzearen xehetasunak zehaztu beharko dira: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak eta abar.
1.7.– Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da, eta horren helburu nagusia sistema bat ezartzea izango da, ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak betetzen direla bermatzeko, bai eta bertan adierazitako jarraibideak eta zuzenketa-neurriak ere.
Programaren helburuak zehaztuko dira eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna adieraziko dira.
Kalitate-helburuak, hala badagokio, legeriak edo oro har onartutako azterketa teknikoek zehazten dituzten muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira. Hala ere, proiektuak eragindako eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira, hala egitea beharrezkoa den parametroetan.
Era berean, dagokion aurrekontua erantsi beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenaren ondorio diren eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.
Proiektuari buruz eta proiektuak ingurumenean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak izan litezkeen kontrolez gain, jarraian adierazitako kontrolak ere izan beharko ditu programak:
Obra fasean, kontuan hartu beharko dira honako hauek:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Ur-ibilguen eta erreka-bazterreko landarediaren gaineko afekzioak kontrolatzea.
– Obrak egin bitartean, uren kalitatea kontrolatzea.
– Mehatxatutako fauna-espezieen gaineko afekzioen kontrola.
– Hala badagokio, landare-espezie inbaditzaileen presentziaren eta espezie horien hedapena prebenitzeko neurrien kontrola.
– Obrako jardunbide onen kontrola, hauek saihesteko: hondakin-isurketak, lurzorua edo ura kutsatzea olio-jarioen, hormigoi-esneen eta lur-herrestatzeen ondorioz, eta herritarrei eragozpenak sortzea zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.
– Lur-mugimenduak eta indusketa-materialen kudeaketa kontrolatzea.
– Sortutako hondakinen kudeaketa kontrolatzea.
– Leheneratze-lanen kontrola.
– Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.
Ustiapen fasean, hauek hartu beharko dira kontuan:
– Landareztatzearen eta hesi berdearen arrakasta kontrolatzea.
– Zarata eta eremu elektromagnetikoak kontrolatzea.
– Argi-kutsadura kontrolatzea.
– Ingurumena leheneratzeko neurriak betetzen direla kontrolatzea.
Ingurumena Zaintzeko Programaren kontrol-puntuak kartografikoki jaso beharko dira.
1.8.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriekin.
Dokumentuan, labur-labur eta edonork ulertzeko moduan bildu beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.
Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean aurkitutako zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.
2.– Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta jaso diren alegazio eta txostenen ingurumen-edukiari buruz sustatzaileak egin dituen oharren dokumentu bat, oharrok nola hartu diren kontuan azaltzen duena.
Dokumentazioa xede horretarako egindako jarraibideak betez aurkeztu behar da. Jarraibideak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumen-ebaluazioa/), apartatu honetan: Izapideak > Ingurumen Ebaluazioa > Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea > Eskaerak aurkeztea.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezpen-gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da, zeina ingurumen-organoaren webgunean baitago eskuragarri, esteka honetan:
Indarreko xedapenen arabera, isilpekoak diren datuak dokumentu bereiz batean aurkeztuko dira. Kasu horretan, enpresa eskatzaileak argi adierazi beharko du zein informazio den isilpekoa bere iritzian, eta eskaera hori justifikatzeko datu hauek eman beharko ditu:
– Eskatzailearen aburuz, isilpekotasuna zer arauditan oinarritzen den identifikatu beharko da, bai eta dagokion agiri egiaztatzailea aurkeztu ere.
– Merkataritza-sekretua denean, enpresaren barruan sekretua bermatzen duten protokoloak.
Ingurumen Batzordeak erabakiko du dokumentazioa isilpekoa den ala ez, eta agiri horiek jendaurreko informazioaren izapidetik kanpo geratuko dira.
RSS