
229. zk., 2025eko azaroaren 27a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (165 KB - 9 orri.)
- EPUB (139 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5073
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 17koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena. Honen bidez, euskara ikastaroetarako deia egiten zaie bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei bai IVAPekin lankidetza hitzarmena izenpetu duten herri erakundeetako langileei, 2025-2026 ikasturteko bigarren lauhilekorako.
Euskararen erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen du herri-agintariek xedezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.
Legeak xedatutakoa garatzeko, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, zeinaren bitartez arautzen baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua. Dekretu hori indargabetu du Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak.
Hori guztia kontuan izanik,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskadiko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileentzako eta IVAPekin lankidetza hitzarmena izenpetu duten herri-erakundeetako langileentzako 2025-2026 ikasturteko bigarren lauhilekorako A1, A2, B1, B2 eta C1 mailaren araberako ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 17a.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,
LEIRE CORRALES GOTI.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen eta herri-erakundeetako langileen hizkuntza-gaikuntzan eragin eta bultzatzea.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak.
1.– Erakunde hauetako enplegatu publikoek parte hartu ahal izango dute Hizkuntza Prestakuntzako Zerbitzuaren deialdi honetan:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileak.
Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan ezin izango dute parte hartu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek, Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diharduten irakasleek, Ertzaintzaren langileek eta Justizia Administrazioko langileek. Langile horiek guztiek beren eremuetarako berariaz ezarritako deialdietan parte hartu ahal izango dute, bere dimentsioaren eta behar espezifikoen arabera.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko udal- eta foru-administrazioak eta haien erakunde autonomoak.
c) Eusko Legebiltzarra eta lurralde historikoetako Batzar Nagusiak.
d) Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritza.
e) Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak.
f) Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.
2.– Ebazpen honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko paragrafoan adierazitako erakunde publikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan adierazitakoak:
2.1.– Hizkuntza Normalkuntza Plana izan beharko du onetsia.
2.2.– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin, aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat izenpetu izana, aipatutako aginduaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.
3.– Edonola ere, IVAPek hizkuntza-prestakuntza eskainiko du, bere aurrekontu-baliabideen barruan.
Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.
Ondoren zerrendatutako gaiak arautzeko 2025-2026 ikasturteko deialdi nagusietako oinarriak aplikatuko dira:
– Ordu–kredituari buruzko araubidea.
– Administrazioko taldeak osatzea.
– Matrikula–kodearen bitartez eskolatzea.
– Eskolara joatea eta asistentzia kontrolatzea.
– Eskolan berandu hastea.
– Eskola behin betiko uztea.
– Ikastaroen aprobetxamendu irizpideak.
– Eskaintzen diren moduluak (egunean 2/3 ordukoak, trinkoak eta barnetegiak).
Administrazioko taldeak osatze aldera, deialdi osagarri honetan mailaketa-proba egingo da. Proba egun batean bakarrik egingo da.
Aipatutakoak arautzeko, bi ebazpenok hartuko dira kontuan:
Batetik, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileei dagokienez, erreferentzia moduan hartuko da 2025eko maiatzaren 8ko IVAPeko zuzendariaren Ebazpena, 2025-2026 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2025-05-19ko EHAA; 92. zenbakia).
Bestetik, IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei dagokienez, erreferentzia moduan hartuko da 2025eko maiatzaren 8ko IVAPeko zuzendariaren Ebazpena, 2025-2026 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2025-05-19ko EHAA; 92. zenbakia).
Laugarrena.– Interesdunak bete beharreko baldintzak.
Oraingo deialdi honetan otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailerako ikastaro trinkoak bakarrik eskatu ahal izango dituzte; hau da, bost orduko ikastaroak edo barnetegia (hilabeteko barnetegia lanorduetan edo lau hilabetekoa). Hilabeteko barnetegia ez da bateragarria beste edozein ikastarorekin.
b) Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean; hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.
Modulu aldaketei dagokienez, oraingo deialdi honetan ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi.
Betiere HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute, hilabeteko barnetegiak izan ezik.
c) 2025eko urrian ikastaroa hasi ez dutenek ordu-kreditu positiboa izan behar dute, otsailean eskolatzeko.
Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroak.
5.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduetan.
Ebazpen honen II. eta III. eranskinetan adierazten dira deialdi honetan, lanorduetan, egin daitezkeen ikastaroak eta eskaintzen diren moduluak.
Deialdi hau 2025-2026 ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da, gorago aipatu diren 2025eko maiatzaren 8ko Ebazpenetan iragarri bezala.
II. eranskinean, IVAPek antolatutako aurrez aurreko ikastaroetarako aurreikusitako moduluak jasotzen dira, baita horien ordutegia eta egutegia ere. IVAPek ahalmena du egokitzat jotzen dituen egokitzapenak egiteko, bai hasierako eta amaierako datetan, bai eranskin horretan adierazitako ordutegietan. Gainera, modulu edo ordutegi jakin batean taldea osatzeko ikasle-kopuru nahikorik ez badago, komenigarritzat jotzen dituen aldaketak proposatu ahal izango ditu.
5.2.– Eskabideak nola egin, lanorduetako ikastaroetarako.
5.2.1.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeak (udalak, foru aldundiak, EHU, etab.).
Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko. Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek ulertuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.
IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.
5.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak.
Interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean egingo du eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen edozein identifikazio-bitartekoren eta sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ondoren. Honako helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak
Interesdunak ez badu https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko aukerarik, bere saileko edo erakundeko solaskideari zein ikastaro egin nahi duen jakinaraziko dio, eta hark grabatuko du eskabidea IVAPeko euskara-ikastaroak kudeatzeko aplikazioan.
Interesdunak atxikita dauden sailek eta erakundeek lanorduetako eskabideak ikusgai izango dituzte.
Sail bakoitzak kudeatuko ditu eskabideak, IVAPen aplikazio informatikoaren bidez. Sail bakoitzak eskabide horiek baimendu edo ukatuko ditu IVAPek berariaz jakinaraziko dion epean.
Ondoren, sailek eta erakundeek lanorduetako eskabideak onartu edo atzera botako dituzte.
IVAPek ulertuko du sail edo erakunde batek onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintza guztiak.
5.3.– Lanorduetako eskabideak egiteko epea.
Eskaerak IVAPeko aplikazioen bitartez bideratzeko epea hauxe izango da: azaroaren 28tik abenduaren 12ra bitartekoa.
Eusko Jaurlaritzako sailek abenduaren 17ra arteko epea izango dute jasotako eskaerak izapidetzeko.
5.4.– Aldi baterako langileak lanorduetako ikastaroetan.
Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen sailek eta erakundeek egiaztatu beharko dute, aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, kontratazio-baldintza edo izendapenaren indarraldia, ikastaroak dirauen bitartean.
IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeek egiaztatu beharko dute, aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, kontratazio-baldintza edo izendapenaren indarraldia, ikastaroak dirauen bitartean.
Seigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.
6.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduz kanpo.
Lanorduz kanpoko ikastaroen ezaugarriak deialdi honen III. eranskinean adierazten dira.
6.2.– Eskabideak nola egin, lanorduz kanpoko ikastaroetarako.
6.2.1.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileak.
Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko. Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek ulertuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.
IVAPek eskabideak aztertu eta gero, baztertutako eskaerak zein diren jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari.
6.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak lanorduz kanpoko ikastaroetarako.
Interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean egingo du eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen edozein identifikazio-bitartekoren eta sinadura elektronikoaren bidez identifikatu ondoren. Honako helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak
Interesdunak ez badu https://ivap.euskadi.eus/izapideak helbidean sartzeko aukerarik, bere saileko edo erakundeko solaskideari zein ikastaro egin nahi duen jakinaraziko dio, eta hark grabatuko du eskabidea.
6.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko epea.
Eusko Jaurlaritzako langileen eskaerak IVAPeko aplikazioen bitartez bideratzeko epea hauxe izango da: azaroaren 28tik abenduaren 17ra bitartekoa.
IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileen eskaerak IVAPeko aplikazioaren bitartez bideratzeko epea hauxe izango da: azaroaren 28tik abenduaren 12ra bitartekoa.
6.4.– Aldi baterako langileak lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko aldi baterako lan-kontratudun langileek edo bitarteko funtzionarioek egiaztatu egin beharko dute lan-hitzarmena dutela euren administrazioarekin, ikastaroak dirauen bitartean. Horretarako, lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute.
IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeek egiaztatu beharko dute, aldi baterako lan-kontratuko langileen eta bitarteko funtzionarioen kasuan, kontratazio-baldintza edo izendapenaren indarraldia, ikastaroak dirauen bitartean.
6.5.– Matrikula-kodearen bidez finantzatutako ikastaroak kudeatzea.
Lanorduz kanpoko ikastaroak matrikula-kodearen bidez finantzatuko dira.
Euskaltegi homologatuetako ikastaroetan lanorduz kanpo egin beharreko ikastaroen eskaintza deialdi honen III. eranskinean dago jasota.
IVAPek matrikula-kode bat emango dio euskara-ikastaroetan parte hartzeko baimena duen pertsonari, berak aukeratutako euskaltegi homologatuan baimendutako moduluan matrikula dadin.
Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-kodea euskaltegian aurkeztea, ikastaroa hasi baino lehen.
IVAP arduratuko da matrikula ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Interesdunak matrikula-kodean zehaztutako moduluan matrikulatuta egon behar du.
b) Egin daitezkeen ikastaroek HABEk araututakoak izan behar dute, eta deialdi honen III. eranskinean jasota egon.
Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-kodea onartuko du eta kostu osoa ordainduko du. Inola ere ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko bestelako gasturik (joan-etorriak, materialak etab.).
Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo.
Ikaslea ez bada inongo euskaltegian matrikulatzen, ikasleak edo solaskideak baja erregistratu beharko du Solaskidegune aplikazioan.
Zazpigarrena.– Ikastaroen hasiera.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika- eta antolaketa- arrazoiengatik, IVAPek ez ditu onartuko 2026ko otsailaren 26tik aurrera euskaltegian emandako matrikula-kodeak, eta baja emango die data horretan ikastaroan hasi ez direnen eskabideei.
Moduluz aldatzen diren ikasleen kasuan, hasiera-dataren erreferentea ikastaro trinkoa izango da:
– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzen diren ikasleek lehenik eta behin ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta ondoren aldatuko dira 2 orduko ikastarora.
– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatzen diren ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.
Zortzigarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak erabiliko direla eta «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.
Tratamendu horren arduraduna Administrazio Publikoaren Euskal Institutua (IVAP) izango da, eta interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea kudeatzea, bai eta hizkuntza gaikuntzarako esleitutako ordu kreditua kudeatzea ere.
Legitimazioa: beharrezko tratamendua, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko. Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko: 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa; Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina, irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; eta 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari; eta HABEri – Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari –.
Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua gure web-orrian kontsultatu dezakezu:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021500-capa2-eu.shtml
II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROAK
1.– Barnetegiko ikastaroak.
Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian edo Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira ondorengo egutegien arabera:
Maizpide (Lazkao): otsailak 16 – ekainak 24.
Aurten Bai (Zornotza): otsailak 16 – ekainak 26.
Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.
IVAPek matrikularen eta egonaldiaren gastuak hartuko ditu bere gain.
2.– Bost orduko ikastaroak.
Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatuko du; izan ere, eskola orduez gain, ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora ere gehitu beharko da.
Bost orduko ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena izango dute. Deialdi honi dagokion bost orduko ikastaroa bigarren lauhilekoan egingo da eta honako iraupena izango du:
Otsailak 16 – ekainak 26 (hiru ebaluaketa egingo dira).
2026ko apirilaren 7tik 10era arteko egunak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
IVAPek matrikula gastuak hartuko ditu bere gain.
3.– Modulu–aldaketak.
3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:
Bost orduko ikastarotik IVAPeko bi orduko talde batera aldatzen diren ikasleek ondorengo egutegia izango dute: otsailak 16 – ekainak 19.
2026ko martxoaren 30etik apirilaren 10era arteko egunak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.
Matrikula-kodearekin eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.
3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:
Bi orduko ikastarotik IVAPeko bost orduko taldera aldatzen diren ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.
Aldiz, matrikula-kodearekin eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.
RSS