
228. zk., 2025eko azaroaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (166 KB - 5 orri.)
- EPUB (231 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
5053
AGINDUA, azaroaren 19koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urriaren 30eko 153/2018 Dekretuaren III. eranskinean jasotako konpentsazio ekonomikoko moduluak eta oinarriak eguneratzeko dena.
Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen arabera, laguntza hori zerbitzu publikoa da, Abokatutzak eta Prokurak ematen dute, eta funts publikoekin ere finantzatzen da; izan ere, botere publikoei dagokie baliabiderik ez duten pertsonei justiziarako sarbidea bermatzea. Legearen 37. artikuluak ezartzen duenez, administrazio eskudunak bere «aurrekontu-zuzkiduren» kontura diruz lagunduko ditu abokatuen eta prokuradoreen elkargoek doako laguntza juridikoko zerbitzuak ezarri, artatu eta horien funtzionamendua. Era berean, legeak xedatzen du finantzaketa horren abiapuntua dela doako laguntza juridikoko zerbitzua duin eta behar bezala konpentsatuta egotea.
Doako Laguntza Juridikoari buruzko urriaren 30eko 153/2018 Dekretuak doako laguntza juridikoari dagozkion jarduerak diruz laguntzeko prozedurak arautzen ditu Euskadirentzat, eta haren artikuluetan eta III. eranskinean ezartzen ditu zerbitzu horri dagozkion jarduketak konpentsatzeko oinarri ekonomikoak eta moduluak.
Doako Laguntza Juridikoari buruzko urriaren 30eko 153/2018 Dekretuaren 46.2 artikuluak xedatzen duenez, dekretu horren III. eranskinean aurreikusitako oinarri ekonomikoak eta moduluak urtero eguneratu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen saileko titularraren agindu bidez, elkargo profesionalei jakinarazi ondoren.
Ondorioz, 2023ko azaroaren 28an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko azaroaren 22ko Agindua, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urriaren 30eko 53/2018 Dekretuaren III. eranskinean jasotako konpentsazio ekonomikoko moduluak eta oinarriak eguneratzen zituena.
2025eko urtarrilaren 3an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2025 Lege Organikoa, urtarrilaren 2koa, Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasun-arloko neurriei buruzkoa. Lege hori 2025eko apirilaren 3an sartu zen indarrean, eta orden jurisdikzional zibilerako eta merkataritza-ordenerako, oro har, ezartzen du, demandak onargarria izateko, aldez aurretik gatazkak konpontzeko bide egokiren batera jotzea, lege organikoan bertan ezarritakoaren arabera.
Ildo horretan, 1/2025 Lege Organikoaren azken xedapenetako hamargarrenak 11. paragrafo berri bat gehitzen dio Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluari, zeinak zabaldu egiten baitu doako laguntza juridikorako eskubidearen eduki materiala: «Abokatutzako profesionalen doako laguntza juridikoa, legeak onartutako eztabaidak konpontzeko edozein bide egokitan, baldin eta legearen xedea bada justizia-zerbitzu publikoaren eraginkortasunaren arloko neurriei buruzko Lege Organikoaren 5. artikuluan xedatutako prozedura-baldintza betetzea, baldin eta balizko prozesu judizialean profesional horren esku-hartzea legez nahitaezkoa bada edo aurkako alderdiak harekin jarduten ez badu».
Era berean, aipatutako lege organikoaren 11. artikuluaren lehenengo paragrafoan honako hau ezartzen da: «Alderdiek negoziazio-prozesura beren abokatuek lagunduta jotzen dutenean, dagozkien ordainsariak ordaindu beharko dituzte, doako justiziaren onurarako eskubidea izan ezean».
Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, 15.396.372 euroko aurrekontua dago Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen Elkargoen ofiziozko txandaren eta guardiako txandaren konpentsazio ekonomikorako, 2025-1001613100-1.14120.45400-2023/00435 partidan; eta 900.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Elkargoen ofiziozko txandaren konpentsazio ekonomikorako, 2025-10013100-1.14120.45400-2023/00436 partidan.
Ondorioz, 1/2025 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, moduluen zenbatekoak eta konpentsazio-oinarriak haien edukira egokitzeko eta gainerako zenbatekoak eguneratzeko, beharrezkoa da Doako Laguntza Juridikoari buruzko urriaren 30eko 53/2018 Dekretuaren III. eranskinean jasotako konpentsazio ekonomikorako modulu eta oinarrien zenbatekoak eguneratzea.
Ondorioz,
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urriaren 30eko 153/2018 Dekretuaren III. eranskinean jasotako konpentsazio ekonomikoko moduluak eta oinarriak eguneratzea, eta konpentsazio-modulu berriak ezartzea atxilotuarentzako abokatu-laguntzaren eta doako defentsa eta ordezkaritzaren arloan egindako lanbide-jardueretarako, agindu honen eranskinean agertzen diren zenbatekoetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek 2025eko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak; beraz, 2025eko aurrekontu-ekitaldiko hirugarren eta laugarren hiruhilekoei dagozkien likidazioei aplikatuko zaie.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 19a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS