
228. zk., 2025eko azaroaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (364 KB - 21 orri.)
- EPUB (150 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5050
EBAZPENA, 2025eko urriaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita Zugastietako trenbidea bikoizteko eraikuntza-proiekturako (Amorebieta-Bermeo linea).
AURREKARIAK
2025eko uztailaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren eskaera bat jaso zen, Zugastietako trenbidea (Amorebieta-Bermeo linea) bikoizteko eraikuntza-proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Eskaerak dokumentazio hau dauka:
– Zugastietan trenbidea (Amorebieta-Bermeo linea) bikoizteko eraikuntza-proiektua, 2025eko uztailekoa.
– Zugastietan trenbidea (Amorebieta-Bermeo linea) bikoizteko eraikuntza-proiektua. 16. eranskina – Ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2025eko uztailekoa.
– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.
– Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentazioa.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, horien xedea da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatutako proiektu publiko zein pribatuei. Ebazpen honen xede den proiektua abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskinaren 4. puntuan dago jasota (II.E eranskinean jasotako beste programa batzuk, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozedura gauzatu ondoren ingurumen-organoak hala erabakitzen badu edo sustatzaileak hala eskatzen badu; E7 taldea, «7.d) epigrafea –Trenbide baten trazaduraren aldaerak eta aldaketak, zabaltzea edo berriro lerrokatzea 10 km-tik beherako eta 1 km-tik gorako luzera jarraitu edo etenean– eta 7.e) epigrafea –Trenbideak eta linea-aldaketa intermodalen instalazioak eta salgaien trenbide-terminal intermodalak eraikitzea–)».
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera organo eskuduna– ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du, proiektu-proposameneko ingurumen-alderdiak barne hartzen dituena; bertan, proiektua aplikatzeak ekar ditzakeen inpaktu garrantzitsuenen aurreikuspena egiten du, eta kontuan hartu beharreko azken zehaztapenak sartzen ditu, soilik ingurumen-ondorioetarako.
Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu, eta arau hauek guztiak ikusi dira: 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Horiek horrela, bada, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea, Zugastietako trenbidea (Amorebieta-Bermeo linea) bikoizteko eraikuntza-proiekturako, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Eraikuntza-proiektuaren xedea da zehaztea nola egin bikoizketa puntual bat ETSko Amorebieta-Bermeo trenbide-linean, egungo trenen 30 minutuko maiztasuna (ordubetean, 2 tren) 15 minutukoa izan dadin (ordubetean, 4 tren). Horrela, nabarmen hobetuko da zerbitzua. Bikoizketa horrek aukera eman behar du bidaiari-trenak Amorebietako geralekuaren eta Zugastietako geltokiaren artean gurutzatzeko.
Aztergai den eremua Autzaganako tunelaren irteera-ahoan hasi (4+449 KP) eta Zugastietako geltokian amaitzen da (6+598 KP), Muxikako udal-mugartean. Trenbidearen trazaduraren ondoan, Hiru Egurrak zerrategia dago, eta horra sartzeko aukera bakarra Presosteko trenbide-pasagunea da.
Honako hauek izango dira proiektuaren hiru jarduketa nagusiak:
– Trenbidea bikoiztea Amorebietako geralekuaren eta Zugastietako geltokiaren artean.
– Mantentze-lanetako tren-materialerako bazterbide bat sortzea, gutxienez 70 m-ko luzera erabilgarria izango duena.
– Hiru Egurrak zerrategian Sitxeseko (6+035 KP) eta Presosteko trenbide-pasaguneak kentzea.
Egungo trazadurak R = 219 m-ko gutxieneko erradioak ditu oinplanoan, eta, beraz, zirkulazio-abiadura 65 km/h-ra mugatzen da bertan. Horregatik, proiektuaren xedea da, trenbidea bikoizteaz gain, egungo trazadura hobetzea, 80 km/h-ko abiaduran zirkulatzeko aukera emanez. Horretarako, gutxieneko erradioa 320 m-koa izango da.
Proposatutako bikoizketa honako hauek osatuko dute: batetik, lehendik dagoen trenbideak, non trazadura-doikuntzak egingo baitira egungo geometriak ezaugarri okerrenak dituen tarteetan, eta, bestetik, eskuineko ertzeko bide paralelo batek (KPen goranzko noranzkoan, Autzaganatik Zugastietarantz).
Horrela, egungo bidearen oinplanoko trazadurari eutsiko zaio, tarte hauetan izan ezik: 4+700etik 4+900era eta 5+100etik 5+350era bitartekoak; izan ere, horietan dauden kurbak zuzendu eta erradioa handituko da. Lehendik dagoen trazaduraren beste tarte batzuetan ere trazadura-doikuntza txikiak egingo dira, exekuzioa errazteko eta geometria erregularizatzeko; horietan, egungo trazadurarekiko aldakuntza 50 cm baino txikiagoa izango da.
Oro har, bikoizketa egungo trenbide-plataformaren jabari publikoaren barruan planteatzen da, egungo trazaduraren eskuinaldean. Eraikuntzaren ikuspegitik, bi puntutan zailagoa da eskuinalderantz bikoiztea. Puntu horietan, izan ere, egungo trazadura lubakian doa, eta altuera handieneko ezpondak eskuinaldean daude, zehazki 5+000 eta 5+450 KPetan. Hori dela eta, 5+000 KPan, beharrezkoa izango da buloien eta sare metalikoaren bidez eustea hondeaketa-ezpondan; 5+450 KPan, berriz, mikropilotezko horma ainguratu bat egin beharko da, hain zuzen ere handitutako trenbide-plataformaren eta BI-635 errepidearen artean egin beharreko hondeaketaren egonkortasuna bermatzeko.
Jarduketek 26 hilabete iraungo dute, guztira.
Proposatutako bikoizketaren ezaugarri nagusiak:
Bikoizketaren tartea 1.900 m luze da, 4+600 eta 6+500 KPen artean, eta trazadura bihurgunetsuagoa du hasierako zatian, non 320 m-ko gutxieneko erradioa baitu, eta trazadura erregularragoa 5+300 KPtik aurrera. Altxaeran, trazadurak behera egiten du hasieratik (+145 kota ingurutik), Zugastietako geltokia dagoen +113,40 kotaraino; beraz, malda % 22koa da gehienez.
Sekzioa trenbide bikoitz batek osatuko du. Ardatzen arteko tartea aldakorra da, 3,50 eta 4,20 metro artekoa, eta guztira 5,90 m-ko zabalera du balastozko ertzen artean; plataformak 11 metroko zabalera du guztira.
Trenbide-plataforman, 30 cm-ko lodierako formako geruza bat jarriko da, lubetan nahiz lur-erauzketan, eta, geotestil bat jarri ondoren, dagozkien azpibalastozko (50 cm) eta balastozko (30 cm trabesen azpian) geruzekin amaituko da. Trenbideko trazadura aldatzen ez den tartean, azken geruza baino ez da jarriko.
Tartearen gainegitura UIC-54 (54 kg/ml) errailen bi ilarak osatuko dute, zeinak 0,6 m-tik behin finkatuko baitira zabalera metrikoko hormigoizko trabes monoblokeen gainean, plaken, briden eta euskarrien bidez, eta balastozko azpiaren gainean jarrita edo bermatuta.
Trazaduran zehar egiten den lur-mugimenduari dagokionez, honako egoera hauek gertatzen dira:
– 4+600 KP – 4+820 KP, Lubeta-sekzioa.
– 4+820 KP – 5+160 KP, Lubaki-sekzioa.
– 5+160 KP – 5+340 KP, Lubeta-sekzioa.
– 5+340 KP – 5+520 KP, Lubaki-sekzioa.
– 5+520 KP – 5+750 KP, Lubeta-sekzioa.
– 5+750 KP – 5+960 KP, Lubaki-sekzioa.
– 5+960 KP – 6+500 KP, Kotako sekzioa.
Egungo trazaduran zehar, honako pasabide-obra hauek daude, handitu egin beharko direnak trenbidea bikoiztu ahal izateko:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Gainera, plataforma handitzeak eragindako afekzioak saihesteko, bikoizketan euste-horma hauek egitea aurreikusten da:
– 1. horma: 5+420 KP, horma ainguratua, trenbidearen eta BI-635 errepidearen artean.
– 2. horma: 5+820 KP, hormigoizko harri-lubeta, trenbidearen eta landa-bidearen artean.
– 3. horma: 6+100 KP, hormigoizko horma, trenbidearen eta BI-635 errepidearen artean.
– 4. horma: 6+260 KP, hormigoizko horma, zerrategiaren gaineko afekzioa minimizatzeko.
Oka ibaiaren gaineko pasabide-obrak:
Egun, hiru pasabide-obra daude trena ibilguaren gainetik igarotzeko, 6+015, 5+740 eta 5+550 KPetan: hirurek ere ez dituzte betetzen 500 urteko errepikatze-denborako emariaren aurrean babesteko baldintzak, eta, egungo egoeran, kargan sartzen dira edo gainezka egiten dute. Hori dela eta, haien ahalmen hidraulikoa areagotu beharko da.
Hala ere, 6+015 KParen sektorean, pasabide-obra handitzea aurreikusten da, trenbidea bikoiztu ahal izateko, baina egungo hidraulikaren sekzioa mantenduz; izan ere, Oka ibaiaren funtzionamendu hidraulikoa, puntu horretan, proiektu honen irismenetik kanpoko jarduketen mende dago.
6+015 KPko pasabide-obra:
Sektore horretan, ETSren plataformaren eta BI-635 errepidearen azpitik igarotzen den egungo fabrika-obra 2,50 m handitu nahi da; luzera hori, izan ere, beharrezkoa da proiektuko trenbidearen bikoizketa kokatzeko. Fabrika-obra horren luzera handitzeak ez du aldatzen Oka ibaiaren fluxuaren gaineko afekzioa, 100 eta 500 urteko uraldietarako, egungo egoerarekin alderatuta.
Ibaiertz bakoitzean pasabide lehor bat egingo da, pasabide-obraren iragazkortasun ekologikoa hobetzeko.
5+740 eta 5+550 KPetako pasabide-obrak:
Proiektuak 5+740 eta 5+550 KPetako pasabideak handitzea planteatzen du, honela: pasabide horietan, trenbidearen zeharkako sekzioa handitzeaz gain trenbidea bikoizteko, portaera hidraulikoa hobetzeko eta behar diren babesak lortzeko, proposatzen da pasabide-obren sekzio hidraulikoa handitzea 6 metrora eta 5 metrora, hurrenez hurren.
Horrez gain, ur txikiko ibilgu naturalizatu bat ezarriko da obren estribuen artean, proiektua bisoi europarraren intereseko eremuan kokatzearekin lotutako eskakizunak betetzeko; hartara, trenbide-azpiegituraren ertzen arteko mugimenduen iragazkortasuna ahalbidetuko da, eta, azken batean, flora eta faunarentzako ibai-habitata hobetuko da.
Zeharkako drainatze-obrak:
Konponbide hauek proposatzen dira drainatze-obra bakoitzerako:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Gainera, beste ZDO bat proiektatu da (5+931 KP), irteera duen ibarbide txiki bateko ura jasotzeko; ibarbidea errepidearen eta trenbidearen artean sortzen da.
– Oka ibaiaren adarrak:
Oka ibaiak trenbidea zeharkatzen du, jarduketa-eremuan, eta, han, hiru ibaiadar ditu: Izenik gabeko 2 adar, 2 m zabal diren bidepeko erretenez osatuak:
i) 4+708 KPko ZDOa: egungo sekzioa 2 x 1,2 da. Sekzioa 3,8 m luzatuko da, eta, sarreran, zorroten mailakatu bat jarriko, lurraren orografiara egokitzeko.
ii) 5+154 KPko ZDOa: egungo sekzioa 2 x 1,4 da. Sekzioa 7,3 m luzatuko da.
Proiektuak barnean hartuko du faunarentzako «korridore lehor» bat ezartzea, 40 cm zabal bi sekzioetan.
Hirugarren ibaiadarra (6+261 KP), Latserreka da, eta, egun, hauek osatzen dute: trenbidearen azpiko 2 x 0,50 x 1,05 neurriko bidepeko erreten batek eta Okaraino doan eta 40 m-ko luzera eta 800 mm-ko diametroa duen hoditeriako tarte batek.
– Zorroten mailakatuak:
Zeharkako drainatze-obretako bitan (4+708 KP eta 5+329 KP), zorroten mailakatu bat egin behar da «in situ», ibarbidetik datorren uraren energia disipatu ahal izateko ZDOan sartu aurretik.
Bioingeniaritza bidez gauzatutako zorroten mailakatuen sistema hautatu da, eta harria eta zura erabiliko dira material nagusi gisa. Zorrotenak birdefinitzean, kontuan hartu dira faunak (anfibioak nahiz mikrougaztunak) ihes egiteko moduko elementuak eta geometriak.
Latsa errekako jarduketak:
Latsa errekaren lurpeko zatiaren ingurumen-egoera hobetzeko, errekaren azken zatia agerian utziko da, amaierako 15 metroko tartean, lehorreko harri-lubetako sekzio bat eginez. Kolektore berrietan korridore lehorra jartzeak Latsa errekaren tokiko iragazkortasun ekologikoa hobetuko du.
Hiru Egurrak zerrategiaren inguruko beste jarduketa batzuk:
Zerrategiko lurzatiaren 360 m2 inguru desjabetuko dira, eta eraginpeko eremuan gaur egun dauden instalazioak (baskula eta urdintzearen kontrako ekipamendua) birkokatu beharko dira.
Lurzatiaren ekialdean, sarbide berri bat sortuko da, bide berritik, eta horrek berekin ekarriko du egun lurrezkoa den eremu bat zolatzea, ate bat jartzea eta eremu horretan itxitura berritzea.
Presosteko trenbide-pasagunea kentzea:
Presosten egun dagoen trenbide-pasagunea kentzeko, proposatzen da BI-3332 errepidetik sarbide berri bat jartzea, egungo sarbidearen ordez, hau da, BI-635 errepidetik zerrategira eta baserrira sartzeko trenbidea zeharkatzen duen pasagunearen ordez. Sarbide berria 675 m luze izango da, eta gehienez % 7ko malda eta gutxienez 35 m-ko erradioa izango du.
Bide berri hori BI-3332 errepidetik abiatuko da, 25+450 KParen parean, eta lehendik dauden bidezidorren edo lur-bideen gainean bermatutako trazadura baten bidez, Presoste auzorako sarbidea emango du, Oka ibaiaren eskuineko ertzean, bai eta zerrategirako eta baserrirako sarbidea ere.
Ibaiaren ezkerraldean dagoen auzora iristeko, ibaiaren gaineko egungo pasabideak erabil daitezke, proposatutako sarbide berriaren azken puntu horretatik aurrera.
Gainera, egitura berri bat gauzatzea aurreikusten da, zeina igaroko baita bide berriak zeharkatzen duen Oka ibaiaren adarraren ibilguaren gainetik. Egitura hori in situ egindako hormigoizko estribuek eta habe aurrefabrikatuz osatutako taula batek osatuko dute, eta 11 m-ko luzera izango du. Estribu bakoitza ertz bakoitzetik eraikiko da, ibilguan eraginik izan gabe.
Horrez gain, harri-lubeta lehorrak eta landarez hornituak jarriko dira lubetetan.
Bidearen amaierako ezpondak, BI-3332 errepidearekin bat egiten duen gunean, edukiera handiko sare malgu bat eta ainguraketa-buloiak izango ditu.
Sitxesekin lotzeko bidea:
Presoste eta Sitxes lotzeko bide bat egingo da, oinez eta bizikletaz erabiltzeko. Bidea trenbideekiko paraleloan joango da, 2,5 m zabal izango da, eta gainazaleko akabera zabor-legarrezkoa izango du.
Bazterbidea:
Mantentze-lanetako tren-materialerako, bazterbide bat eraikitzea aurreikusi da, gutxienez 70 m luze izango dena, bai eta hari lotutako mantentze-lanetarako eremu bat ere (batez ere, balastoa kargatzeko, deskargatzeko eta biltzeko).
Obra horien bidez, plataforma horizontal bat sortu nahi da, etorkizuneko trenbide bikoitzari erantsita, egun erliebe erdihorizontala duen eremu batean, lur-mugimendu handirik egin beharrik gabe.
Obrarako sarbideak:
Obrara sartzeko aldi baterako sarbideek ahalik eta gehien aprobetxatuko dituzte Trenbidearen Jabari Publikoa, lehendik dauden baso-bideak eta -pistak eta eremu degradatuak.
Lur-mugimenduak:
Lur-mugimenduei dagokienez, proiektuak 65.446,71 m3-ko hondeaketa-lurren guztizko bolumena aurreikusten du, eta 23.182,83 m3-ko betelanen guztizko bolumena.
Obratik kanpoko materialaren bolumena 24.400 m3-koa izango da, eta zabalguneetarako harrobiko material pikortsuak izango dira. Material horiek baimendutako ustiategi batetik etorriko dira, eta lehentasuna izango dute obratik gertu daudenek.
Soberakinak balorizatzeko, obrako lurren betelanak obraren beraren hondeaketa-lurrekin egingo dira, zabalguneko geruzak izan ezik, horiek harrobiko materialarekin egingo baitira.
Hondeaketa-soberakinen guztizko bolumena 54.962,23 m3-koa izango dela kalkulatzen da, eta obra-eremutik kanpo kudeatuko da. Soberakinen destinoa zehazteko orduan, obratik gertu daudenak lehenetsiko dira.
Proposatutako alternatibak.
Trenbideak bikoizteko aukerak:
0 aukeraz gainera, honako irtenbide hauek aurreikusi dira egungo trenbidea bikoizteko:
– A aukera: egungo trenbidearen eskuinaldearekiko paraleloan bikoiztea.
– B aukera: egungo trenbide-trazadura aldatzea, trenbideak BI-635 errepidea ia ukitzen duen eremuan, horma ainguratuen beharrik ez izateko.
0 aukera baztertu egin da, Amorebieta eta Gernika arteko trenbide-garraio publikoaren zerbitzua hobetzea eragozten baitu. B aukera baztertu egin da, zerbitzua zenbait aldiz eta luzaroan etetea ekarriko bailuke, eta horma ainguratuaren eremuan trazadura ezkerralderantz mugitzeak ekarriko bailuke trenbide-trazadura Oka ibaiaren ibilgura hurbiltzea, hau da, Natura 2000 Sareko KBEra eta EKZPren gunera.
A aukera hautatu da, obra-fasean sortutako ondorio negatiboak amaitzen baitira fase hori bukatutakoan, eta ustiapen-fasean eragin positiboak sortuko baitira, mugikortasun jasangarriko zerbitzua hobetzearekin lotuak, azpiegituraren ustiapenak irauten duen bitartean.
Bazterbidea egiteko aukerak:
0 aukeraz gainera, zeinak berekin ekarriko bailuke Gernikako hirigunean dagoen trenbidea mantendu beharra, beste bi aukera proposatzen dira:
– 1. aukera: bazterbidea 6+083 eta 6+220 KPen artean kokatzea, trenbidearen eskuinaldean. Belardi-ihitoki bati eta sahats batzuei eragingo lieke, eta zerrategiaren ondoko lurzati baten ertza okupatuko luke. Zerrategiko zura biltegiratzeko eremu gisa erabiltzen den lurzati bati ere eragingo lioke.
– 2. aukera: bazterbidea 5+600 eta 5+720 KPen artean kokatzea, trenbidearen ezkerraldean. Oka ibaiaren eskuineko ertzean dagoen belardi-larre bati eta 2 sahats-aleri eragingo lieke.
Bi aukerak ingurumenaren aldetik oso antzekoak badira ere, Urdaibaiko EKZPa kontuan hartuta, 1. aukerak «Balio estrategiko handiko eremu» gisa zonakatutako lursailei eragiten die, eta, 2. aukerak, berriz, interes txikiagoko «Trantsizioko landa-paisaiako eremuak» kategoriari eragiten dio nagusiki. Horregatik, 2. aukera hautatu da.
Trenbide-pasaguneak kentzeko aukerak:
0 alternatiba da eremuko 2 trenbide-pasaguneak mantentzea –Sitxesekoa eta Presostekoa–, zerrategiaren parean. Aukera hori baztertu egin da, trenbidea bikoizteak berekin baitakar trenbide-pasagune horiek nahitaez kentzea eta gurutzatzeko beste aukera batzuk bilatzea.
Presosteko trenbide-pasagunea: 2 aukera proposatzen dira trenbide-pasagune hori kentzeko.
– 1. aukera: 675 m luze da, eta gehienez % 7ko malda eta gutxienez 35 m-ko erradioa izango du.
– 2. aukera: 754 m luze da, eta gehienez % 7ko malda izango du.
1. aukeran proposatutako trazaduraren heren bat, gutxi gorabehera, egungo bide/pistetatik igarotzen da, edo historikoki bide izan diren bidezidorretatik; 2. alternatibaren kasuan, berriz, trazaduraren bi heren inguru dira. Azkenik, 1. aukera hautatu da.
Bestalde, Sitxesekin lotzeko bidea egitea eta landa-bideetarako sarbidea mantentzea proposatzen duen irtenbidea bazterbiderako hautatzen den aukeraren mende dago (egun, Sitxesekin lotzeko bidetik sartzen da landa-bideetara):
– Bazterbiderako 1. aukera hautatuz gero, bazterbidearen ertzetik igaroko da bidea.
– Bazterbiderako 2. aukera hautatuz gero, ordea, trenbideen ondotik eta haiekiko paraleloan igaroko da bidea.
Bazterbiderako 2. aukera hautatu denez, garatutako trazadura trenbideekiko paraleloa da.
Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko honako baldintza hauek ezartzea, zeinak lotesleak diren, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera:
A) Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak ere, bat etorriko dira indarreko araudiarekin, ebazpen honen hurrengo apartatuetan ezarritakoarekin, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.
Proiektu honen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran, kontuan hartu da, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren fase desberdinetan espedienteari erantsitako txostenen edukia.
B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.
Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, nahiz eta aurreko paragrafoan aipatutako mailara iritsi ez, justifikatu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik ere. Proiektuak honako hauei dagozkien aldaketak jaso beharko ditu: neurri babesle eta zuzentzaileak, ingurumena zaintzeko programa, aurrekontua eta baldintza-agiria.
C) Ingurumen-ebaluazioa egiteko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.
Litologikoki, porositate bidezko iragazkortasun ertaina duten gainazaleko metakinen gainean dago jarduketa-eremua, bai eta pitzadura bidezko iragazkortasun txikia duten kareharri hareatsuen eta tuparrien txandakatze flyschoidearen gainean ere. Ukitutako lurzoruei dagokienez, jarduketa-eremua Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren (aurrerantzean, LPS) antolamendu-eremutik kanpo dago; izan ere, instalazioek hartzen duten lursaila Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dago, zeinaren antolaketa arautzen baita Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Babesteari eta Antolatzeari buruzko 5/89 Legean eta bere Erabilera eta Kudeaketako Plan Zuzentzailean. Zehazki, egungo trenbideak hartzen duen eremua honela dago katalogatuta: «T4.IS Komunitatearen azpiegiturak eta zerbitzuak hartzeko eremuak». Trenbideen inguruko eremuak kategoria hauetakoak dira: «T1.PRT Trantsizioko landa-paisaiako guneak», «T2.F1 Ehuneko hogeita hamar eta berrogeita bost (% 30-45) bitarteko malda duten basoguneak», «T1.A1 Balio agrologiko handiko guneak» eta «B4.1 Ibai-sarearen babesguneak».
Eremua «Okaren unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017); zehazki, Oka-A (ES111R046010) azaleko ur-masaren isuri-arroan. Egungo trenbide-trazadura Oka ibaiaren ibilguarekiko paraleloan doa, eta behin baino gehiagotan gurutzatzen du. Gainera, eremuak Oka ibaira isurtzen diren erreka ugari ditu. Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, Oka-A masa bilketa-masa bat da; jarduketa-eremua Oka estuarioan dago, zeina mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen barruan baitago, eta 3B eremuan (edo urrutiko kargatze-eremuan), Gernikako Unitate Hidrogeologikoaren babes-perimetroaren barruan. Era berean, Okako ibilgua eta haren ibaiadarrak Urdaibaiko Ibai Sarea (ES2130006) Kontserbazio Bereziko Eremuaren (aurrerantzean, KBE) parte dira, eta Oka ibaia bisoi europarraren interes bereziko eremu gisa sailkatuta dago.
Jarduketak Bizkaiko Sinklinorioko lurpeko ur-masaren gainean proiektatzen dira (kodea: ES017MSBT017-005), zeinak egoera global ona baitu, eta jarduketako batzuk Getxo-Bergara Sektore Kuaternarioan proiektatzen dira. Eremua bat dator interes hidrogeologikoko gune batekin. Eremuak, halaber, akuiferoen kalteberatasun txikia eta oso txikia du.
Natura 2000 Sareko naturagune babestuei dagokienez, Planaren xede den eremuan Urdaibaiko Ibai Sarea KBEa dago (ES2130006), Oka ibaiarekin eta haren ibaiadarrekin bat datorrena. Halaber, eremua Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago (ES213001). Eremua ez dator bat EAEko IGL Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko puntu edo lekuekin, baina 97. IGLaren eta 98. IGLaren eragin-eremuen barruan dago (Oka ibaiaren estuarioaren beheko zatia eta Oka ibaiaren estuarioaren goiko zatia, hurrenez hurren). Ez dator bat, orobat, EAEko igarobide ekologikoen sarearekin.
Eunis habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), honako hauek osatzen dute eremua: Pinus radiata espeziearen baso-laboreek, hostozabal mesotrofoen baso mistoek (atlantikoak), belardi bazkatuek eta manipulatu gabeko larreek, mendebaldeko Pirinioetako eta Kantauri ekialdeko haltzen galeriek eta eraikuntza eta habitat artifizialek. Eremuan Batasunaren Intereseko Habitat hauek daude (aurrerantzean, BIH): 91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) (*) eta 4030 (Europako txilardi lehorrak). Ingurumen-dokumentuaren arabera, aztertutako eremuan ez dago espezie babesturik, salbu eta eremuko hariztietan dauden gorosti-ale gazte batzuk (Ilex aquifolium), Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan «interes berezi»kotzat jasota daudenak. Bestalde, dokumentuak adierazten du eremuan espezie exotiko inbaditzaile batzuk daudela (Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, Buddleja davidii, Phyllostachys sp., Crocosmia x crocosmiiflora).
Eremuko fauna, ustez, landazabal atlantikoari lotutako espezieak, baso-espezieak eta ibaiari eta ibaiertzei lotutako espezieak dira. Jarduketak egingo diren eremuko ibilgu guztiak bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremutzat jotzen dira (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Foru Aldundiarena, Bisoi Europarraren (Mustela lutreola. Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartzen duena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea den aldetik (2006ko uztailaren 6ko BAO)).
Eremua Arriandi ikus-arroan dago, baso-paisaia bat osatzen du, eta ez dago sartuta EAEko paisaia berezien eta apartekoen inbentarioan (Eusko Jaurlaritza, 2005).
Eremuko kultura-ondare babestuko elementu bakarra Olazar burdinolaren balizko arkeologia-eremua da (10. fitxa), ekialdean dagoena. Ekialdeko eremu horretan, halaber, katalogatu gabeko kultura-ondareko elementu ugari daude.
Jarduketa-eremuan, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako bi lurzati daude: bata, eremuaren mendebaldean (kodea: 48003-00077), zabortegiari dagokiona, eta, bestea, Presostetik gertu (kodea: 48067-00003), industriari dagokiona.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da identifikatu sismikotasunaren ondoriozko arrisku handirik, SEVESO enpresak gertu egotearen ondoriozkorik edo muturreko higadura-prozesuak izan ditzaketen eremuak hurbil egoteak eragindakorik. Era berean, handik hurbil ez dago errepide edo trenbiderik, salgai arriskutsuen garraioarekin lotuta istripu-arrisku handia duenik. Eremuko zuhaiztiek baso-suteen arrisku handia eta oso handia dute.
GeoEuskadiko kartografiak ez dauka eremuko uholde-arriskuari buruzko daturik. Hala ere, proiektuak azterlan hidrauliko bat jasotzen du, eta bertan adierazten da Oka gaineko hiru pasaguneek gainezka egiten dutela errepikatze-denbora laburretan.
Ingurumen-dokumentuan, zaratari eta bibrazioei buruzko azterketa bat jasotzen da. Bertan, 6 etxebizitza identifikatzen dira hartzaile sentikor gisa, jarduketa-eremutik 500 metrora baino gutxiagora daudelako zarataren kasuan, eta 75 metrora baino gutxiagora bibrazioen kasuan.
– Azterketa akustikoaren arabera, soinu-foku esanguratsuena BI-635 errepidea da. Egungo trenbidea bigarren mailako fokutzat hartzen da. Egungo egoerari dagokionez, azterketak ondorioztatzen du kanpoko kalitate akustikoko helburuak (KAH), bizitegi-erabilera nagusiki duten eremuekin pareka daitezkeen inguruetarako ezarritakoak (65 dB egunez, eta 55 dB gauez), gainditzen direla BI-635 errepidetik gertuen dauden eremuetan, bide-trafikoa dela eta.
– Bibrazio-azterketak adierazten du egun Ziritza baserrian bizitegi-erabilerako eraikinetarako bibrazioei buruzko KAHak gainditzen direla (trenbide-ardatz berritik 13 metrora), bibrazio-indizea (Law) 75 dezibeliotik gorakoa baita.
Proiektuaren nolakotasuna eta ezaugarriak aintzat hartuta, inpaktu nabarmenenak obren fasean sortuko dira, bigarren trenbidea eraikitzearen eta lehendik dagoen trazadura hobetzearen ondorioz, bai eta trenbide-pasaguneak kentzeko landa-bideak egitearen eta bazterbide berri bat egokitzearen ondorioz ere. Jarduketa horiek honako hauek eragingo dituzte: lur-mugimenduak; belar-sastrakak garbitzea; makinen joan-etorria; hondakinak eta hondeaketa-soberakinak, eta obretako leku osagarriak okupatu beharra. Horrek inpaktu potentzialak izango ditu landaredian, lurzoruetan, egoera akustikoan, hidrologian, atmosferaren kalitatean (obretan hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isuriko dira atmosferara), giza habitataren kalitatean (zarata), paisaian eta faunarentzako habitataren kalitatean. Gainera, afekzio horiei hauek gehitu behar zaizkie: baliabideen kontsumoa; kultura-ondareari eragiteko arriskua, eta ustekabeko isurketek lurgaineko uren kalitateari eragiteko arriskua. Horrez gain, lurrak iraultzeak erraztu egingo du, fase honetan, landare-espezie inbaditzaileak sartzea; horrelako espezieak ugaritzeko arrisku-faktorea izango da, beraz. Azkenik, horren guztiaren ondorioz, EAEko naturagune babestu hauei eragiteko arriskua egongo da: Natura 2000 Sareari eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbari.
Naturagune babestuen gaineko eraginari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazi du jarduketak ez diola kalterik egingo Urdaibaiko Ibai Sarea (ES2130006) KBEko espazioaren koherentzia globalari, betiere ebazpen honetan jasotako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzen badira. Bestalde, IIA ingurumen-inpaktuaren azterketak zehatz-mehatz aztertzen du proiektua bateragarria den Urdaibaiko Biosfera Erreserbako EKZPrekin. Azterketa horretan jasotzen denez, trenbideak bikoizteko jarduketak trenbidearen jabari publikoaren barruan egiten diren arren, proiektatutako bazterbidearen zati batek jabari publikotik kanpo dauden lursailei eragiten die. Beraz, EKZPren 4.4.4.8 artikuluaren 4. puntuan ezarritakoaren arabera, beharrezkoa da aldez aurretik plan berezi bat onartzea, esku-hartzearen xede diren lurzoruen kalifikazioa hirigintzaren aldetik egokitu ahal izateko. Ildo horretan, sustatzaileak adierazi du hasia dela plan berezi hori izapidetzen.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lurzoru-galera nagusiak bazterbidearen eremuan eta trenbide-pasaguneak kentzeko bidearen eremuan gertatzen dira. Proiektuak barnean hartzen du 35.960 m2 -ko azalera leheneratzea, 7.735,87 m3 landare-lur birjarrita.
Proiektuan, 2-2,5 m inguruko sakonerako hondeaketa-lanak aurreikusten dira, 100 ml inguruko eta 5-7 m zabaleko azaleran, egungo trenbidearen alboan, 48067-00003 kodeko partzelan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioaren arabera. Beraz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 5/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
Hidrologia kontuan hartuta, trenbidea bikoizteak berekin ekarriko du inguruko sare hidrografikoa zenbait aldiz gurutzatu beharra. Zehazki, Oka ibaiaren gaineko hiru pasabide handitzea proiektatu da (6+015, 5+740 eta 5+550 KPak), bikoizketa egin ahal izateko. Gainera, Presosteko trenbide-pasagunea kentzeko proposatutako birjarpen-bideak beste gurutzagune bat du, Oka ibaiaren adarra den izenik gabeko erreka batean, ibaiaren eskuineko ertzean. Gurutzagune horretarako, estribuen artean 11 m-ko zabalerako egitura bat diseinatu da, habe prefabrikatuzko taularekin egina. Proposatzen da, halaber, Latsa errekaren ibilguko azken 15 metroak aire zabalean berreskuratzea eta erreka horrek Okan urak isurtzen dituen bokalea eguneratzea. Uraren Euskal Agentziak positiboki baloratzen ditu jarduketa horiek.
Uholde-arriskuari dagokionez, proiektuan jasotako azterketa hidraulikoak egiaztatzen du sare hidrografikoarekiko gurutzaguneetan (5+740 eta 5+550 KPak) proposatutako fabrika-obrak egokitzeak, a priori, hobekuntza globala ekarriko duela Oka ibaiaren uholde-arriskuari dagokionez, Zugastietatik igarotzen den tartean. 6+015 KPko gurutzagunearen kasuan, pasabide-obra handitzea proiektatu da, trenbidea bikoiztu ahal izateko; ildo horretan, faunarentzako bi pasabide lehor egingo dira, baina egungo hidraulikaren sekzioa mantenduko da. Azterketa hidraulikoaren arabera, pasabide-obrak ez du uholde-arriskua handituko, eta, beraz, puntu horrek 100 eta 500 urteko errepikatze-denborarako gainezka egiten jarraituko du, egungo uraldi-kotei eutsiz.
Landaredia kentzeari dagokionez, IIAk honako afekzio-azalera hauek aurreikusten ditu: haltzadi kantauriarrak (9.063 m2); zuhaixka-formazioak (7.872 m2); sastrakak (4.421 m2); eukalipto-landaketak (4.317 m2); pinu-landaketak (11.052 m2); belardi, larre eta fruta-arbolak (6.594 m2), eta landaretzarik gabeko eta landaredi erruderaleko eremuak (27.173 m2). Azken hori izango da eraginpeko landaredi-unitate nagusia, azaleraren arabera, eta trenbideek eta horien zortasunak lehendik eragindako eremuei dagokie. Belardiei eta larreei dagokienez, bazterbidearen eremuak eragingo die, bai eta trenbide-pasaguneak kentzeko bide berriaren eremuak ere; belardi eta larre horiek ez dira leheneratuko.
Intereseko landarediari dagokionez, nabarmentzekoa da haltzadi kantauriarren 9.063 m2 -ren gaineko eragina, batez ere aldi baterako sarbideen eremuan nabarituko dena. 91E0* BIHn sartuta dago eremu hori (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak: Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) (*). Hala ere, obrak amaitutakoan, sarbideak jatorrizko egoerara itzuliko dira, eta, beraz, ibaiertzeko basoa landatuko da berriro Oka ibaiaren eta haren ibaiadarren ertzen ondoko eremuetan, bai eta bideetan ere. Nabarmentzekoa da, halaber, 5+550 eta 5+740 KPetako pasabide-obretan proposatutako ibilguaren naturalizazioa. Obra horietan, hondo irregularra izango duen ibilgu bat sortuko da, eta alboetan bi azpi izango ditu, ibaiertz gisa funtzionatuko dutenak, belarrez, sasiz eta sahatsez landareztatuta.
Proposatutako leheneratzeak honako azalera hauek landareztatzea aurreikusten du: haritz kandudunezko hariztia (3.807,30 m2); ibaiertzetako haltzadi kantauriarra (12.292,76 m2), eta zuhaixka autoktonoa (1.170,15 m2), zuhaitz-eiteko espezierik landatu ezin den eremuetan.
Era berean, obrek eragozpenak sortuko dituzte inguruko faunan, zarata eta makinak ugarituko direlako. Gainera, landaredia kentzeak eragin negatiboa izango du intereseko habitatetan. BFAko Ingurumen Zuzendaritzak gogorarazten du Oka ibaia eta haren ibaiadarrak bisoi europarraren interes bereziko eremuak direla, beraz haren kudeaketa-plana aplikatu behar dela, eta Oka ibaia igarabaren balizko eremu gisa definitzen dela. Ildo horretan, IIAk jasotzen duenez, obrak hasi aurretik prospekzio bat egingo da bisoiaren gordelekuak edo intereseko espezieen habiak detektatzeko, eta, bisoi europarraren ugalketa-aldian, martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean, ez da inolako lanik edo jarduketarik egingo uren eta ibilguen ertzen eremuan.
Bestalde, BFAko Ingurumen Zuzendaritzak ohartarazten du ezen, Oka ibaiaren adarraren gaineko zubi berria eraikitzen den bitartean, ez dela jarduketarik egingo ibilguaren ohantzean, ez dela ibaiadar hori gurutzatuko, eta obrak egin aurreko egoeran mantendu beharko dela.
Kultura-ondareari dagokionez, IIAren IV. eranskinak Olazahar burdinolaren balizko arkeologia-eremuaren azterketa arkeologiko bat biltzen du (1997/06/06ko EHAA, 107. zk.), proiektuaren eraginpean gera daitezkeen elementuak jasotzen dituena. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ondorioztatu duenez, bateragarritzat jotzen da identifikatutako ondare-elementuen gaineko inpaktua, betiere azterlan horretan eta ebazpen honetan jasotako neurri zuzentzaile batzuk kontuan hartzen badira.
Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak azpiegituraren funtzionamenduarekin eta mantentze-lanekin lotuta egongo dira, bai eta uholde-arriskua, intereseko habitata eta mugikortasun jasangarria hobetzearekin ere.
Nabarmentzekoa da, era berean, 5+550, 5+740 eta 6+015 KPetako igarobideetan proposatutako ibilguaren naturalizazioak modu esanguratsuan hobetuko duela trenbide-azpiegituraren iragazkortasuna ibai-ekosistemari lotutako espezieentzat eta, bereziki, bisoi europarrarentzat. Horri dagokionez, BFAko Natura Ingurunearen Zuzendaritza Nagusiak adierazi du azpiegituraren ustiapen-faserako proiektatutako itxiturek faunarentzako ihesbideak izan beharko dituztela, eta fauna igarotzeko aukera eman beharko dutela.
Etorkizuneko egoera akustiko globalari dagokionez, BI-635 errepidearen ondorioz aurrerantzean ere KAHak gaindituko diren arren, bikoiztuko den trenbide-lineak soilik sortutako zarata-mailei dagokienez, puntu guztietan beteko dira immisio-mugak (60/60/50 dBA egunez, arratsaldez eta gauez, hurrenez hurren). Bestalde, Ziritza baserrian bizitegi-erabilerako eraikinetan, KAHak gaindituko dira, bibrazio-indizea (Law) 75 dezibeliotik gorakoa baita. Neurri zuzentzaile nagusi gisa, sustatzaileak proposatzen du manta elastomerikoa balastoaren azpian jartzea.
D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.
Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.
Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta txosten honetan finkatutakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta eraikuntza-proiektuaren planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
D.1.– Natura-ondareari ahalik eta gutxien erasateko neurriak.
D.1.1.– Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da eraginik izan, sarbideak egiteagatik, materialak biltzeagatik, instalazioak kokatzeagatik edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.
Ustekabeko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du txosten honetako D.11 apartatuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.
D.1.2.– Orokorrean, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak hartuko dira nahitaez moztu behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko.
Natura-interes handiko eremuetan, hau da, Batasunaren lehentasunezko intereseko 91E0* habitatean («Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior dituzten baso alubialak») kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina.
Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta in situ balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren zuhaitz-ale eta zuhaitz-unada autoktonoak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitz-aleak behar bezala babestuko dira, kolpeak saihesteko eta sustrai-sistemari kalterik ez izateko.
Bestalde, zuinketa eta lanak egiteko fasean, aipatutako eremu sentikorretan, txosten honen D.11 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan, obra-zuzendaritzari laguntzeko.
D.1.3.– Obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean heda ez daitezen.
Ezin izango da espezie aloktono inbaditzaileak hauteman diren eremuetako landare-lurrik berrerabili obran, eta behar bezala eta modu bereizian kudeatu beharko da.
D.1.4.– Proiektuaren eraginpeko eremua bisoi europarraren interes bereziko eremuaren barruan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espezie bat baita.
D.1.5.– Bisoi europarraren aleengan eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, honako hauek kontuan hartuko dira: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, EAEko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta itsas fauna eta landaredian arriskuan dauden espezieen EAEko Zerrenda arautzen duena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa, xedatzen duena.
Ondorio horretarako, bisoi europarraren Interes Bereziko Eremuari eragiten dioten obrak ez dira egingo espeziearen ugalketarako sasoi kritikoan, hau da, martxoaren 15etik uztailaren 31ra.
D.1.6.– Azpiegituraren ustiapen-faserako ezarritako itxiturek aukera eman beharko diote faunari zeharkatutako ibilguetatik igarotzeko. Itxiturek faunarentzako ihesbideak izan beharko dituzte.
D.1.7.– Oka ibaiadarraren gainean Presoste trenbide-pasagunea kentzeko bide berriaren egitura (zubia) egiten den bitartean, ez da jarduketarik egingo ibilguaren ohantzearen gainean, eta obren aurreko egoeran mantendu beharko da. Obrak egiten diren bitartean, orobat, ibilgua ez da gurutzatuko.
D.1.8.– Sustatzaileak obren egoeraren eta aurrerapenaren berri eman beharko du aldian behin, obrak egiten diren bitartean.
D.2.– Paisaia babesteko eta eragindako eremuak lehengoratzeko neurriak.
D.2.1.– Obra-leku bakoitzean lurrak mugiarazi dituzten lanak amaitutakoan, jarduketen eraginpeko lursailaren leheneratze edafiko eta geomorfologikoa egingo da.
Proiektuaren exekuzioak ukitutako gune guztiak leheneratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar). Landareztatze-lanak zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktonoekin egingo dira; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotuko dira.
D.2.2.– Leheneratze edafikoa egiteko lanek dirauten bitartean, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko. Ildo horretan, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke, proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeenak. Era berean, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, eta Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana edo beste espezie inbaditzaile batzuekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu beharko da. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
D.2.3.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu. Ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, eta prozedura mekanikoak lehenetsiko dira.
D.3.– Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
D.3.1.– Obrak hasi aurretik, baimena eskatu beharko zaio Uraren Euskal Agentziari.
D.3.2.– Ibilguaren barruko obrak haren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoarekin bat.
D.3.3.– Ibilguaren edo haren ertzaren inguruko hondeaketa-lanak egiteko, ibilgutik urrunen dagoen eremutik hondeatuko da ibaiertz alderantz, hondeaketa gehienak defentsa bat edo ibilgua babesteko hesi bat izan dezan. Horrek erraztu egiten du lehorrean lan egitea eta jariatze-urak kontrolatuta eta tratatuta hustea. Ibaiertz aldea jarduketaren amaieran hondeatuko da, betiere ibilguaren kanpoaldetik.
D.3.4.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.
Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko, bai eta, isurketaren bat gertatuz gero, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko ere, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.
Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, une oro edukiera erabilgarria nahikoa izateko eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izateko.
Sedimentu dekantatuak aldian-aldian jasoko dira, eta txosten honen D.3 apartatuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak txosten honetako D.12 apartatuan aipatzen den lan-programan jasoko dira, eta berau egokitu egingo da obrak aurrera egin ahala aipatu gailu horien kokapenean aldaketak programatzen direnean.
D.3.5.– Ibilguan isuri barreiatuak izango direla aurreikusi den eremuetan, ura iragazteko luzetarako gailuak jarriko dira.
D.3.6.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako zeharkako hesiak jarriko dira, partikulak jalkitzeko. Horretarako, komeni da teknikoki bideragarriak diren eta ibilguan eta haren habitatetan ingurumen-eragin txikiena duten konponbideak aukeratzea, hala nola hesi flotatzaileak eta iragazleak (sare iragazlea duten flotagailuen sistema) eta jalkitze- eta iragazte-hesi malguko sistemak (cofferdam malgua), betiere ezarriko den ingurunearen berezitasunak kontuan hartuta (ohantzearen ezaugarriak, zabalera, fluxua, ibilguaren sakonera, iktiofauna eta bertan dauden uretako beste espezie batzuk, irisgarritasuna, eragina jasan dezakeen ibaiertzeko landaredia, espazio erabilgarria...).
D.3.7.– Ez da lur-mugimendurik, hondeaketarik edo zulaketarik egingo lurra kutsatuta dagoela antzeman den guneetan, harik eta deskontaminazio-lanak egin eta obren jarduketen ondorioz lurpeko uretara kutsadura-transferentziarik ez dela gertatuko bermatu arte.
D.3.8.– Obrako makinen parkerako eta haien mantentze-lanetarako azalera drainatze naturaleko eremutik isolatuta utziko da. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
D.3.9.– Obretan, hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura (biribilki modukoa, material pikortatua eta abar), istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
D.3.10.– Hormigoi-upelak ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatu diren berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoi garbiketaren esneak ibaiaren ibilgura isurtzea. Hormigoi-hondakinak kudeatzean, txosten honen D.8 apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
D.3.11.– Obren eraginez soildutako lurren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-eraginaren azterlanean adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.
D.3.12.– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta eragindako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, biztanleguneen inguruetan. Beharrezkoa bada, obrek eragindako lursailetan ureztatze-sistema bat ezarriko da.
D.4.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
D.4.1.– Eremuko zenbait lurzati agertzen direnez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak) eta lege hori garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa bete beharko da.
D.4.2.– Era berean, obrak gauzatzean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak detektatzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
D.5.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
D.5.1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena kontuan hartuta, neurri hauek hartu beharko dira Olazahar burdinola balizko arkeologia-eremuari dagokionez:
D.5.1.1.– Balizko eremua balizatzea.
D.5.1.2.– Ubidea makineriaren mugimendutik eta lurra erortzeko arriskutik babesteko elementuak jartzea.
D.5.1.3.– Obra luzetara egin beharko da, eta ez albotik, apurka-apurka bidetik bertatik lan eginez.
D.5.1.4.– Obren kontrol arkeologikoa, jarraipen-proiektu espezifiko bat eginda.
D.5.2.– Alde batera utzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
D.5.3.– Obra-fasean, arkeologo bat beharko da, egiten diren lur-mugimenduen jarraipena eta kontrol arkeologikoa ziurtatzeko, ondare-inpakturik gerta ez dadin.
D.6.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
D.6.1.– Obrek irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondorengo garbitze-lanak, bai obren eraginpeko ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan.
D.6.2.– Obren eremuetako irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema bati lotuta. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
D.6.3.– Hondeaketetatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuen bidez, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
D.7.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
D.7.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorra, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea, zarata egiten den ordu kopurua murriztea, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea eta abar.
D.7.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
D.7.3.– Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan ez dira gaindituko, obrek sortutako zarataren ondorioz, kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak.
D.7.4.– Funtzionamendu-faseko bibrazioei dagokienez, azpiegiturak kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak; hori guztia, alde batera utzi gabe aipatutako Dekretuaren 35 bis artikuluan aurreikusitakoa. Ildo horretan, dekretu horretan ezarritako bibrazio-indizea betetzeko behar diren neurriak hartu beharko dira.
D.8.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
D.8.1.– Proiektua egikaritzen den eta abian den bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
D.8.2.– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
D.8.3.– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituko zaie.
D.8.4.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua beteko dira.
D.8.5.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, proiektuaren obrek iraun bitartean sortutako lur-mugimenduen balantzeak 54.962,23 m3-ko lur- eta harri- soberakina ematen du, eta hori obren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da. Hondeaketako soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalak direnez, eraginpeko eremua morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizazioa lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
D.8.6.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo bilgarriek 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte –7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa–, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Ontzi edo bilgarri horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
D.8.7.– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
D.8.8.– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.
D.8.9.– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpe batean utziko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
D.8.10.– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
D.9.– Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
D.9.1.– Obrek iraun bitartean, langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.
– Ongi kontserbatutako landaredia naturalaren gaineko eraginak kontrolatzea.
– Hondakinen isurketak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura saihestea ere.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Zaratak eta hautsak eragindako eragozpenak saihestea proiektuaren eraginpeko eremuaren inguruko biztanleei.
D.10.– Garbiketa eta obra bukatzea.
D.10.1.– Obrak amaitutakoan, garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da, eta proiektuaren eraginpeko eremuak inolako obra-hondarrik gabe geratu beharko du. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen aurreko apartatuetan hondakinak kudeatzeko xedatzen dena aplikatuko da.
D.11.– Ingurumen-aholkularitza.
D.11.1.– Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta neurri babesle eta zuzentzaileen arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.
D.11.2.– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts- eta zarata-sorrera, hondakin-kudeaketa, ibai-ibilguen babesa eta natura-ondarearen kontserbazioa.
D.12.– Lan-programa diseinatzea.
D.12.1.– Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiapartatu hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.
Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, eta hor jasota egongo dira behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.
– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira obrak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta interes-habitatak.
– Hala badagokio, habien kokapenari edo intereseko fauna-aleen presentziari buruzko xehetasunak.
– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
E) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.
Programa horrek obra kontratatzeko baldintzen agirian sartuta geratu behar du, eta bete ahal izatea bermatzeko beharrezko aurrekontua izango du.
E.1.– Gorabeheren erregistroa.
E.1.1.– Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-mailarena ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua gauzatzean egin diren aldaketa puntualak –halakorik egin bada– xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak.
E.2.– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
E.2.1.– Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
E.2.2.– Era berean, instalazio lagungarrien eremuen kokapen egokia eta egoera kontrolatuko da, bai eta soberakinen biltegiena eta, halakorik badago, makineria-parkearena ere; gainera, bermatu egingo da horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dauzkatela (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, etab.).
E.3.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.
E.3.1.– Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategin bat prestatu beharko du, zeinak jasoko baititu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebehar guztiak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnak.
Programa horrek kontrolatu beharreko parametroak zehaztu beharko ditu, eta adierazi beharko ditu parametro bakoitzerako erreferentzia-balioak, laginketa- eta analisi-metodologia, kontrol-puntuen xehetasunezko kokapena kartografian, horien aldizkakotasuna eta haiek gauzatzeko aurrekontu xehatua.
Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta geratu beharko du programak.
E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako jarraipen-txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausak eta konponbideak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Biak (ingurumena zaintzeko programa eta egiaztapen-zerrenda) organo substantiboaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Aldez aurretik ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.
Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
E.5.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:
E.5.1.– Obrak hasi baino lehen, txosten honetako E.3 apartatuan aurreikusitako ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.
E.5.2.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesle eta zuzentzaileak zer neurritaraino bete diren jasoko duena, txosten honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
E.5.3.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea igaro baino lehen, ingurumen-jarraipenari buruzko txostena, txosten honen E.4 apartatuan adierazitakoa.
F) Neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai eta, era berean, neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berria indarrean jartzeagatik edo inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo, bestela, ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sor daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak akastunak direla egiaztatzen bada.
Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.
Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak behar besteko aurrerapenarekin jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailari.
Seigarrena.– Agindua ematea ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 22a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS