
227. zk., 2025eko azaroaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 4 orri.)
- EPUB (140 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
5020
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 10ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurreko aktak egiteko.
2025eko martxoaren 11ko Ebazpenaren bidez, «Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2025eko martxoaren 31n argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (62. zk.).
Eraikuntza-proiektuaren xedea da Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean, 24+100 KPtik 26+125 KPra, gainegitura berritzeko eraikuntza-obrak zehazteko behar den dokumentazioa aurkeztea.
Bideak mantentzeko aldizka egiten diren bateo-lanek bidea altxatzea eragiten dute. Bateoak egin eta gero, mentsulak konpentsatu egin behar dira altuerak zuzentzeko. Tuneletan, berriz, hari eroalea gangan lotuta dagoenez, puntu finko bat sortzen da, eta errailaren eta katenariaren arteko distantzia murriztu egiten da, baina konpentsatzeko aukerarik ez dago.
Bermeoko adarrean, 1.200 metroko tarte bat tuneletatik pasatzen da, eta jarduketa horren ondorioz, pasabidearen altuera murriztu egin da. Bestalde, tunel horietako drainatzea hondatuta dago, horregatik ura pilatu eta bideko plataforma kutsatu egiten da. Beraz, tarte horretan jardutea gero eta beharrezkoagoa da.
Tarte horretako egitura osatzen dute bloke bakarreko hormigoizko langarek, eta Vossloh finkapen elastikoa duten langara horien gainean UIC-45 errailarekin soldatutako barra luzeek. Joan den mendeko 50eko hamarkadan eraiki zuten tarte hori, eta azkenekoz 1991n berritu zen, gutxi gorabehera. Erraila higatua dago irristaldien eraginez.
Akats horiek konpontzeko, beharrezkoa da trenbideko egitura, drainatzea eta trenbide-plataforma berritzea, bai eta plataforma hori beharrezko galiboetara (katenaria-erraila) egokitzea ere, proiektuaren zuzendaritzaren diseinu-irizpideei jarraituz.
Eraikuntza-proiektuaren xedea da Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean, 24+100 KPtik 26+125 KPra, gainegitura berritzeko eraikuntza-obrak zehazteko behar den dokumentazioa aurkeztea.
Beraz, proiektuaren arabera, honako hauek dira lanak: trazadura gauzatu eta hobetzea, trazaduraren definizio geometrikoa ematea, eta sestra hobetzea trenbideko plataformaren egoera egiaztatu ondoren. Horrez gain, drainatzeak hobetu, trenbidea hustu, errailak eta euskarriak aldatu eta katenaria egiaztatu behar da.
Sukarrietako tartean, Amorebieta-Bermeo lineako 24+900 KPtik 26+125 KPra, kontaktu-hariaren altuera errodadura-planotik 4300 mm-ra ezarriko da; beraz, sestra jaisteaz gain, erregularizatu egingo da, eta tartea balasto gaineko trenbidearekin utziko da, bloke bakarreko langara erabilita.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio zehatza biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2025eko urriaren 8ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei hala jakinarazi zitzaien, eta 2025eko azaroaren 4an, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta «El Correo» eta «Deia» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Busturi, Sukarrieta, Mundaka eta Bermeoko udaletxeetako iragarki-tauletan ere jarri zen.
Izapide horretan ez da alegazio-idazkirik aurkeztu.
Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak, lursail berriak erabiltzea eskatzen badu horietan identifikatutako eragindako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egin beharra ekarriko du, bai eta lursailak okupatu beharra eta jarduketa presakotzat deklaratu beharra ere. Lege-deklarazio horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio Administrazioari, lurrak okupatuz edo ukitutako ondasunak eskuratuz, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.
Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharrekoak diren gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta haiek okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.
Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.
Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haiek ordainduko dute.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkez ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Herretarako, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali behar zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi (2) hilabeteko epean. Hala ere, aurretiazko errekerimendua egin ahal izango da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 10.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
ERANSKINA
Busturiko udalerria
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Sukarrietako udalerria
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Mundakako udalerria
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Bermeoko udalerria
RSS