
227. zk., 2025eko azaroaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5018
AGINDUA, 2025eko azaroaren 10ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa / Fundación Memorial 3 de Marzo izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.
2025eko uztailaren 16an, eskabidea sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailean, Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa / Fundación Memorial 3 de Marzo izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren patronatuak 2025eko ekainaren 2an erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publiko bihurtu zen Vitoria-Gasteizen 2025eko uztailaren 15ean Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 897). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.
Fundazioen Erregistroak antzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion fundazioari, eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailean 2025eko irailaren 29an beste eskritura publiko bati sarrera eman zitzaion, Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notario jaunaren aurrean egiletsi zena, 2025eko irailaren 16an.
Dokumentazio horren bidez, fundazioaren estatutuak aldatzen dira, fundazioa azkenduz gero geratzen den ondarearen xedeari dagokionez, Gasteizko Elizbarrutia berariaz aipatzeko, erakunde fundatzailea den aldetik, alderdi hori arautzen duen 38.2 artikuluan.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua, eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa / Fundación Memorial 3 de Marzo izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notario jaunaren aurrean 2025eko uztailaren 15ean egiletsitako eskritura publikoan eta 2025eko irailaren 16an egindako zuzenketa-diligentzian aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 897).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 10a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS