Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2025eko azaroaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5014

AGINDUA, 2025eko azaroaren 18koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioko kidego eta eskaletako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorretako oinarri orokorrak onartzen dituena.

Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94.2 artikuluak xedatzen duenez, funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak lehiaketako eta izendapen askeko sistemen bidez beteko dira, lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera. Bestalde, lege horren 97. artikuluan eta hurrengoetan, lanpostu hutsak lehiaketen bidez betetzeko deialdiak nola egin behar diren arautzen da.

Halaber, urriaren 13ko 190/2004 Dekretuaren bidez, Euskal administrazio publikoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Araudia onartu zen, eta araudi horren II. kapituluan lanpostuak lehiaketa bidez betetzeko prozedura garatu zen.

Agindu honen bidez onartzen diren oinarri orokorrek Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioko lehiaketa orokorreko deialdiei aplikatu beharreko araudia jasotzen dute, zeina komuna izango baita halako deialdi guztietarako, hartara horiek guztiak homogeneizaturik.

Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen VIII. tituluaren II. kapituluan lanpostuak lehiaketa bidez hornitzeari buruz ezarritakoarekin bat etorriz, lege horren 18.2.t) artikuluaren bidez emandako ahalmenak baliatuz, eta aintzat hartuta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 17/2024 Dekretuaren 3.3.f) artikuluan xedatutakoa, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioko kidego eta eskaletako funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorren oinarri orokorrak onartzea; agindu honen eranskinean daude jasota oinarri horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 18a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ESPETXE-ADMINISTRAZIOKO KIDEGO ETA ESKALETAKO FUNTZIONARIOENTZAT GORDETA DAUDEN LANPOSTUAK BETETZEKO LEHIAKETA OROKORREN OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioko kidego eta eskaletako funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorren arau orokorrak ezartzea da oinarri hauen xedea.

2.– Lehiaketa orokor bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan arautuko dira.

Bigarrena.– Oinarrien eremu objektiboa.

Honako prozesu hauek arautuko dituzte oinarriok:

– Espetxe Administrazioko Zigorrak Betearazteko Laguntzaileen Eskalako lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorra.

– Espetxe Administrazioko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoko eta Espetxe Administrazioko Kidego Teknikoko eskaletako lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorra. Berariazko osagarria: III-B, III-C, IV-A, IV-B eta IV-C.

Hirugarrena.– Deialdi bakoitzeko lanpostuak.

1.– Lehiaketa orokor bakoitzean, dauden lanpostu hutsak eta dagokion lehiaketaren esleipen-prozesuan sortzen direnak esleitu ahal izango dira ekitaldi bakar batean, hau da, esleipen-prozesuan esleipendun gertatzen diren pertsonen jabetzako lanpostuak.

Lanpostu horiek guztiak lehiaketan sartu ahal izateko, plangintzak aurreikusi beharko du lanpostuek indarrean jarraituko dutela.

2.– Lehiaketa orokorren bidez deituko diren lanpostuak ez dira argitaratuko behin-behineko esleipena argitaratu aurreko unera arte; Enplegu Publikoko zuzendariak eman beharko du horri buruzko ebazpena. Ebazpen horretan, datu hauek jasoko dira:

– hutsik dauden eta amortizazio-espediente batean edo funtsezko aldaketa batean sartuta ez egoteagatik edo bigarren jarduerako aurreikuspenetan sartuta ez egoteagatik lehiaketan sartzen diren lanpostuak.

– lehiaketa esleitzeagatik hutsik gera daitezkeen eta esleituko ez diren lanpostuen zerrenda (amortizazio-espediente batean edo funtsezko aldaketa batean sartuta daudelako edo bigarren jarduerako aurreikuspenetan sartuta daudelako).

Hamargarren oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko da ebazpen hori.

Laugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak betetzeko epea.

Deialdietan eskatutako betekizun guztiak eta merezimenduak deialdiak argitaratzen diren egunean bete beharko dira, eta esleitutako lanpostuaz jabetu arte eutsi beharko zaie, salbu eta dagokion elkargo profesionaleko kide izatearen betekizuna, zeina lanpostuaz jabetzeko unean egiaztatu beharko baita.

Bosgarrena.– Parte-hartzearen izaera.

Borondatezkoa izango da lehiaketan parte hartzea, seigarren oinarrian jasotako kasuetan.

Nahitaezkoa izango da lehiaketan parte hartzea, zazpigarren oinarrian jasotako kasuetan.

Seigarrena.– Borondatez parte hartzeko kasuak.

1.– Lehiaketa orokorretan borondatez parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko karrerako funtzionarioek, baldin eta oinarri hauetan eta lanpostu-zerrendan ezarritako betekizun orokorrak betetzen badituzte; lanpostu-zerrendan jasotzen dira, halaber, deitutako lanpostuen betekizun espezifikoak.

Beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta langile horiek betetzeko moduko lanpostuak badira.

2.– Ezingo dute lehiaketetan parte hartu:

a) Aurreko bi urteetan lehiaketa bidez lanpostu bat jabetzan hartu duten funtzionarioek.

b) Hautaketa-prozesu bat gainditzeagatik edo funtzionario bihurtzeko prozesu baten ondorioz sartu berri diren funtzionarioek, baldin eta ez badira bi urte igaro dagokion prozesuan lanpostuaz jabetu zirenetik.

c) Eginkizun-gabetze irmoa ezarria duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

d) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, lanera itzultzeko eskatutako gutxieneko denbora igaro ez bada.

3.– Bi urteko epea bete beharko da, lehiaketa bidez lortutako azken lanpostuaz jabetzen denetik edo funtzionario izateko hautaketa-prozesua gainditu denetik, edozein dela jatorrizko administrazioa edo zer kidego eta eskalatatik parte hartzen duen. Funtzionarioak lanpostuaren behin betiko adskripzioa galdu badu, ez du aurrez aipatutako denbora-muga hori bete beharrik izango.

Zazpigarrena.– Nahitaez parte hartzeko kasuak.

1.– Lehiaketa orokorretan parte hartzera behartuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden karrerako funtzionarioak:

– Behin-behineko adskripzioa dutenak.

– Destinoaren zain daudenak, baldin eta haien destinoko lurralde historikoan lanpostuak deitzen badira.

– Nahitaezko eszedentzian eta aldi baterako nahitaezko eszedentzian daudenak.

2.– Betebehar hori eraginkorra izango da, baldin eta lehiaketa orokorretan deitzen diren lanpostuak funtzionarioaren kidego eta eskalara egokitzen badira.

A taldeko karrerako funtzionarioak ez dira behartuta egongo lehiaketa orokorrean parte hartzera, baldin eta gradu pertsonal finkatua 27 edo handiagoa badute.

Zortzigarrena.– Nahitaezko behin betiko adskripzioa.

Parte hartzera behartuta dauden karrerako funtzionarioei, lehiaketan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, lanposturik esleitzen ez bazaie, ofizioz eta behin betiko esleituko zaie lanpostu bat, hogeita laugarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

Bederatzigarrena.– Lehentasunezko eskubideaz baliatzeko kasuak eta baldintzak.

Behin-behineko adskripzioa duten karrerako funtzionarioek, adskripzioaren arrazoia baldin bada titular zen lanpostua ezabatu izana edo haren edukia gerora aldatzeagatik funtzionarioa mugiarazi izana, lehentasunezko eskubidea izango dute hurrengo lehiaketan, eta behin bakarrik, udalerri berean, kidego eta eskala bereko lanposturen bat betetzeko, ezabatutako edo aldatutako lanpostuaren destino-osagarri berdina edo baxuagoa duena.

Baldintza horiek betetzen dituen parte-hartzailea lehentasunezko eskubideaz baliatu ahal izango da, eta hala jasoko du parte hartzeko eskabidean.

Lehentasunezko eskubidea duten karrerako bi funtzionario edo gehiago lanpostu bererako lehiatzen badira, merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio handiena duenari esleituko zaio lanpostua. Puntuazioen guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, oinarrietan berdinketa hausteko ezarrita dauden irizpideak kontuan hartuta ebatziko da egoera.

Hamargarrena.– Argitalpenak eta komunikazioak.

Lehiaketen deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta helbide elektroniko hauetan argitaratuko dira:

Intranet: Langilearen ataria.

Internet: www.euskadi.eus/concurso

Prozesuan zehar, aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da prozesuaren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako. Argitalpen bakoitzarekin, abisu bat bidaliko zaie, SMS edo posta elektroniko bidez, mugikorraren zenbakia edo helbide elektronikoa eman duten parte-hartzaileei. Hala ere, abisu hori bidaltzen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan.

Hamaikagarrena.– Eskabidea betetzeko modua.

1.– Lehiaketan parte hartzeko, borondatez edo nahitaez, hamargarren oinarrian adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen eskabide elektronikoa bete beharko da.

2.– Ohiko sistema. Kontuan hartuta egintza bakar batean esleituko direla bai lanpostu hutsak, bai lanpostu horiek esleitzean sortzen diren lanpostu hutsak, eskatzaileek lanpostu-zerrendako edozein lanpostu eskatu ahal izango dute eskabidean, haien lehentasunen arabera, baldin eta lehiaketa bidez betetzekoak badira, betiere eskakizunak betetzen badituzte eta lanpostuen jarraitutasuna plangintzan aurreikusita badago, hirugarren oinarrian adierazitako moduan.

Ezin izango dira hautatu lehiaketan parte hartu ezin duten titularren lanpostuak.

3.– Eskala bat baino gehiagoko funtzionarioak. Eskala bat baino gehiagoko karrerako funtzionarioek eskabide bakarra beteko dute, eta, hor, dagokien edozein eskalatako lanpostuak aukeratu ahal izango dituzte, lehentasunen arabera.

Eskatu duten lanpostu bakoitzerako adierazi beharko dute zein eskalatan nahi duten hura esleitzea.

Eskala bat baino gehiagora irekita dauden lanpostuak behin bakarrik eska daitezke. Horrenbestez, eskatzaileek aukeratu egin behar dute zein eskalatan nahi duten esleitzea lanpostu bakoitza.

4.–. Eskatzaileek jaso izanaren agiria eskuratu beharko dute, eta, hor, interesdunek egoera egiaztatu beharko dute. Bakarrik onartuko dira «itxita» egoeran dauden eskabideak.

5.– Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, hamargarren oinarrian horretarako adieraziko den telefono zenbakia edo helbide elektronikoa erabili ahal izango da.

6.– Alegatutzat joko dira Langileen erregistroan jasotako merezimendu guztiak, zeinak eskabidean ikusi ahal izango baitituzte parte-hartzaileek.

Espresuki alegatu beharko dira Langileen erregistroan jaso gabe dauden merezimenduak. Horretarako, egiaztatzen duen agiriaren kopia bat erantsi beharko dute Enplegu Publikoko Zuzendaritzari zuzendua, «lehiaketa» hitza adieraziz.

Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Dokumenturen bat beste hizkuntza batean idatzita badago, haren zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

Hamabigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Lehiaketetan parte hartzeko eskabideak dagokion deialdian adieraziko den epean aurkeztuko dira, zeina ezin izango baita izan hamabost egun baliodunetik beherakoa, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Deialdietan zehaztuko dira epe horren muga-egunak eta -orduak.

Epe hori amaitu eta gero, ez da onartuko eskaeretan eta alegatutako merezimenduetan aldaketarik egitea.

Hamahirugarrena.– Eskabide baldintzatuak.

Baliteke, familiako elkarbizitza-arrazoiak direla eta, bi pertsonak lanpostuak lortu nahi izatea lehiaketa berean, herri berean edo hurbileko herrietan; halakoetan, eskabideetan, baldintza gisa adieraz dezakete lanpostua biek hala biek lortu beharra, eta, hala ez bada, dena delako herriko lanpostuetarako eskabide biak indarrik gabe geratuko dira.

Hamalaugarrena.– Baloratuko diren merezimenduak.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira baloratuko diren merezimenduak eta baloratzeko baremoak. Alderdi hauek balioetsiko dira: esperientzia, titulazioak, hobekuntza-ikastaroak, euskararen ezagutza-maila, ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea –dagokion lanpostua betetzeko eskakizuna ez bada–, gradu pertsonal finkatua, eta antzinatasuna.

Oinarri espezifikoetan, lanpostuak esleitzeko behar izango den gutxieneko balorazioa zehaztu ahal izango da.

Hamabosgarrena.– Merezimenduak baloratzeko irizpide orokorrak. Ikastaroak eta tituluak.

Merezimenduak baloratzeko, bi irizpide hartuko dira kontuan: merezimenduaren baliozkotasun formala eta lanpostuarekiko lotura-maila.

1.– Lanpostuarekiko lotura: baloratu beharreko merezimenduaren edukiaren eta lortu nahi den lanpostuak dituen eginkizunen artean loturaren bat dagoenean baloratuko dira merezimenduak. Lotura egongo da baldin eta egiaztatu den merezimenduaren eta lortu nahi den lanpostuaren jakintza-arlo eta -esparruen artean harremana badago. Ez dira baloratuko lortu nahi den lanpostuarekin loturarik ez duten merezimenduak.

2.– Merezimenduaren balio formala.

Hauek dira merezimenduaren balio formala edo garrantzia neurtzeko faktoreak:

a) Titulua bada: graduondokoen kreditu kopurua edo ordu kopurua.

b) Ikastaroa bada: ikastetxea eta ebaluazioa.

3.– Bi irizpide horiek –lotura eta balio formala– ezartzen bazaizkie aurreko apartatuko merezimenduei, honako koefiziente hau aplikatuko da merezimendu jakin bat baloratzean, dagokion baremoaren arabera: Handia (1), Tartekoa (0,75), Txikia (0,25) edo ezin da baloratu (0). Lehiaketa bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko diren baremoetan kategoria bakoitzari esleitutako gehieneko balioarekin biderkatuko da koefizientea.

4.– Baloratzeko irizpideak merezimendu bakoitzari aplikatzeko modua hamargarren oinarrian zehaztutako lekuetan argitaratuko da.

5.– Soilik baloratuko dira ziurtagirietan egiaztapen-lanak egiteko funtsezkotzat jotzen diren alderdi guztiak (oinarri espezifikoetan adieraziak) jasotzen dituzten merezimenduak.

5.1.– Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak alegatu egin beharko dira, eta Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan kontsulta eginez egiaztatuko dira.

Titulu ofizialak eta atzerriko tituluak homologatzeko ziurtagiriak Hezkuntza Ministerioak edo unibertsitateetako errektoreek egin behar dituzte.

Unibertsitateetako graduondoko berezko tituluak egiaztatzeko, unibertsitateko errektoreak egindako diplomak aurkeztu beharko dira. Horietan, gainera, berariaz jaso behar da zenbat ordu edo kreditu egin diren.

Goi-mailako gainerako irakaskuntza-programak egiaztatzeko, dagokion erakundeak egindako diplomak aurkeztu beharko dira; eta denetan jaso behar da ikasketa-planak zenbat ordu edo kreditu izan dituen.

Araututako lanbide baten lanbide-prestakuntza aitortzen duen egiaztagutuna aurkeztu ahal izango da, Europar Batasunaren xedapenen babesean, dagokion titulu akademikoaren egiaztagiriaren ordez.

5.2.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak. Langileen Erregistroan jasota ez dauden ikastaroak alegatu egin beharko dira, eta horiek egiaztatzeko, IVAPi kontsulta egingo zaio, edo ikastaro horiek antolatu edo deitu dituen organo edo erakundearen kopia konpultsatuaren edo ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira; funtsezko eduki hau eduki beharko dute egiaztagiriek:

a) Izenburua.

b) Hasiera- eta amaiera-datak, eta iraupena (orduak).

c) Ziurtagiria egin duen erakundea.

Hamaseigarrena.– Lehiaketa kudeatzea.

1.– Enplegu Publikoko Zuzendaritzari dagokio lehiaketak kudeatzea.

2.– Enplegu Publikoko Zuzendaritzari dagokio, lehiaketen kudeatzailea den aldetik, zeregin hauek egitea:

– Parte hartzeko betekizunak eta esleitu beharreko lanpostuetarako baldintza espezifikoak betetzen direla egiaztatzea, eta haien egiaztapena baliozkoa dela frogatzea.

– Merezimenduen baremoak aplikatzeko zeregin materialak eta zeregin arautu hutsak egitea.

– Gradua, antzinatasuna, esperientzia, hizkuntzak eta hizkuntza-eskakizuna baloratzea.

– Merezimenduen balio formala ezartzea.

– Balorazio-batzordeak egindako merezimenduen balorazioa gehitzea.

– Deitutako lanpostuen esleipena proposatzea.

Hamazazpigarrena.– Balorazio-batzordeak. Izendapena eta osaera.

1.– Balorazio-batzordeari dagokio balorazio-iritzia agertzea eskatzen duten merezimenduak baloratzea, diskrezionalitate teknikoan oinarrituta eta deialdian ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Lehiaketetako balorazio-batzordeak bost kidek osatuko dituzte, eta guztiek izango dute hitza eta botoa.

3.– Balorazio-batzorde bakoitza osatuko duten pertsonak eta haien ordezkoak lehiaketen deialdiaren aginduan izendatuko dira. Era berean, berariaz adierazi beharko da balorazio-batzorde bakoitzeko presidentea eta idazkaria nortzuk izango diren.

4.– Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean eta urriaren 13ko 190/2004 Dekretuaren bidez onartutako Euskal administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Araudian ezarritako betekizunak eta baldintzak bete beharko dituzte izendatutakoek.

5.– Balorazio-batzordeetako kideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte haien zerbitzuagatik, bertaratzeak barnean hartuta, arlo horretako indarreko araudiarekin bat etorriz.

Halaber, dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte aholkularitza ematen dieten pertsonek.

Hemezortzigarrena.– Balorazio-batzordearen jarduketa-arauak.

1.– Balorazio-batzordeak independentzia osoz, diskrezionalitate teknikoz eta objektibotasunez jardungo du.

2.– Jarduteko duen diskrezionalitate teknikoa gorabehera, ebazpenak arrazoitu egin beharko ditu, eta deialdien arauak eta oinarriak bete.

3.– Balorazio-batzordearen erabakiak lotesleak izango dira Administrazioaren organo guztientzat, hargatik eragotzi gabe erabaki horiek berrikustea, administrazio-prozeduraren arloan indarrean den legerian aurreikusitakoaren arabera.

Hemeretzigarrena.– Onartuen eta baztertuen zerrendak.

1.– Parte-hartzaileen analisia egin ondoren, Enplegu Publikoko zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, ebazpen baten bidez, hamargarren oinarrian adierazitako lekuan; baztertuen kasuan, orobat adieraziko du zergatik izan diren baztertuak.

2.– Aipatutako ebazpenak hamar egun balioduneko epea emango du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak egiteko edo parte hartzeko baldintzak egiaztatzean egin diren akatsak zuzentzeko.

Era berean, eta epe berean, parte hartzeko eskaera hasi eta hamaikagarren oinarriaren 4. apartatuan aurreikusitako moduan bideratu ez zutenek izapide-akatsa zuzendu ahal izango dute.

Ez da inola ere onartuko merezimendu berriak edo lanpostuen betekizun espezifikoak alegatzea. Eskatutako lanpostuetan ere ez da aldaketarik onartuko; hau da, ezin izango dira lanpostuak gehitu edo ezabatu, ezta haien ordena aldatu ere.

3.– Alegazioak eta zuzenketak egiteko epea amaituta eta horiek ebatzita, Enplegu Publikoko zuzendariak behin betikotzat joko du onartuen eta baztertuen zerrenda. Hamargarren oinarrian aurreikusitako lekuetan argitaratuko da ebazpen hori.

Hogeigarrena.– Merezimenduen balorazioaren zerrendak.

1.– Balorazio-batzordeak merezimenduak baloratu ondoren, Enplegu Publikoko zuzendariak honako hauek argitaratuko ditu, ebazpen baten bidez, hamargarren oinarrian adierazitako lekuan:

a) Merezimenduen behin-behineko balorazioa, baremoaren apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioarekin, eskatutako lanpostu bakoitzari dagokionez, baldin eta lanpostu-zerrendan esleituta dituzten baldintzak betetzen badituzte.

b) Merezimenduak eta betekizunak zuzentzeko errekerimendua, behar den kasuetan.

2.– Aipatutako ebazpenak hamar egun balioduneko epea emango du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak egiteko edo merezimenduak eta betekizunak egiaztatzean egin diren akatsak zuzentzeko.

3.– Alegazioak eta zuzenketak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondoren, Enplegu Publikoaren zuzendariak, ebazpen baten bidez, merezimenduen balorazioa behin betiko egingo du, eta hamargarren oinarrian adierazitako lekuan argitaratuko da.

Hogeita batgarrena.– Lanpostuak esleitzeko behin-behineko proposamena.

1.– Enplegu Publikoko zuzendariaren ebazpen baten bidez, lanpostuak esleitzeko behin-behineko proposamena onartuko da, eta, harekin batera, merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko da.

2.– Lanpostuak esleitzeko behin-behineko proposamenean hauek jasoko dira: lehiaketako parte-hartzaileei esleitutako lanpostuak, eta ofizioz egindako esleipenak; hain zuzen ere, ofizioz esleituko zaizkie lanpostuak lehiaketan parte hartzera behartuta egonik betebehar hori bete ez duten pertsonei eta, nahiz eta parte hartu, lehiaketan destinorik lortu ez dutenei.

3.– Hogeita bigarren, hogeita hirugarren eta hogeita laugarren oinarrietan jasotako irizpideen arabera egingo dira esleipenak.

4.– Lanpostuak esleitzeko behin-behineko proposamena onartzen duen ebazpenak hamar egun balioduneko epea ezarriko du alegazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Epe berean, lehiaketan borondatez parte hartzen dutenek aukera izango dute lehiaketa osoan atzera egin eta ez parte hartzeko. Epe hori amaituta, ez da atzera-egiterik onartuko. Atzera-egiteak eskatutako lanpostu guztiei eragingo die.

Hogeita bigarrena.– Esleitzeko baldintza orokorrak.

1.– Lanpostu jakin baten esleipendun izateko, beharrezkoa da karrerako funtzionarioa izatea lanpostu hori adskribatuta dagoen kidego eta eskaletako batean, lehentasunezkoa izan zein bigarren mailakoa izan.

2.– Betekizunen bat ezarrita duten lanpostuak betetzeko, hautagaiek ezinbestez egiaztatu beharko dute betekizun horiek betetzen dituztela.

Hogeita hirugarrena.– Parte-hartzaileei lanpostuak esleitzeko irizpideak.

1.– Lehiaketetako parte-hartzaileei irizpide hauen arabera esleituko zaizkie lanpostuak: batetik, lortutako puntuazio osoa –betiere, oinarrietan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu beharra daukate–, eta, bestetik, parte-hartzaileek eskaerak egiteko erabili duten lehentasun-hurrenkera, salbu eta bederatzigarren oinarriaren arabera lehentasun-eskubidea baliatzen duten pertsonei buruz ezarrita dagoena.

2.– Lehiaketaren amaierako puntuazioan berdinketarik egonez gero, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren, berdinketa argitzeko:

– Emakumeei emango zaie lehentasuna, dena delako berariazko osagarrien mailetan emakumeak % 40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak baditu, sexuagatiko diskriminaziorik eragiten ez dutenak; kasurako, laneratzeko arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

– Baremoaren apartatu bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena, han ageri diren hurrenkeraren arabera.

– Azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena; era berean, bertako hurrenkeraren arabera.

Bi kasuetan, apartatu bakoitzean kontuan hartuko den puntuazioak ezin izango du gainditu baremoan horietako bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko puntuazioa, ez eta, azpiapartatuen kasuan, haiei dagokien apartatuari gehienez dagokion puntuazioa ere.

– Antzinatasun handiena karrerako funtzionario gisa.

– Antzinatasun handiena behin betiko azken lanpostuan.

– Antzinatasun handiena Administrazioan.

Hogeita laugarrena.– Nahitaezko behin betiko atxikipenerako irizpideak.

1.– Lanpostua ofizioz esleituko zaie parte hartzera behartuta egonik betebehar hori bete ez dutenei eta, lehiaketan parte hartu arren, destinorik lortu ez dutenei.

2.– Ofizioz esleituko den lanpostua zein izango den erabakitzeko, irizpide hauek aplikatuko dira elkarren segidan:

1. Hutsik geratu den edo esleipen baten ondorio den lanpostuetako bat izan beharko da.

2. Esleipenduna zerbitzu aktiboan dagoen kidegora eta eskalara adskribatuta egon behar du lanpostuak.

3. Ezingo du izan gradu pertsonal finkatua baino destino-osagarri handiagoa.

4. Berariazko osagarri-mailari dagokionez, txikienetik handienera.

5. Hurrenkera honi jarraituko zaio: Lakuako zerbitzu zentralak, funtzionarioa lanean ari den lurralde historikoa, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoak.

6. Lanpostuaren kodeari dagokionez, txikienetik handienera.

7. Lanpostuaren dotazio-zenbakiari dagokionez, txikienetik handienera.

Hogeita bosgarrena.– Lanpostuak esleitzeko behin betiko proposamena.

Erreklamazioak aztertu eta, hala badagokio, aurkeztutako atzera-egiteak onartu ondoren, Enplegu Publikoko zuzendariak ebazpena emango du, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari lanpostuak esleitzeko behin betiko proposamena helarazteko.

Hogeita seigarrena.– Lanpostuak esleitzea. Lanpostua uztea eta lanpostuaz jabetzea.

1.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio deialdiko lanpostuak esleitzea. Deialdia argitaratzeko erabiltzen den modu bera erabiliko da esleipena argitaratzeko.

2.– Lehiaketan parte hartzeko baldintzak edo lanpostuaren eskakizun espezifikoak betetzeari utzi dioten pertsonak ezin izango dira lanpostuen esleipendun izan, eta ezingo dute lanpostua jabetzan hartu.

3.– Lanpostua esleitu zaien pertsonak –dela borondatez parte hartu dutelako lehiaketan, dela nahitaezko esleipena egin zaielako– lanpostuak esleitzeko aginduan zehaztuko den egunean jabetu beharko dira lanpostuaz, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Esleipendunek aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko dute, hala badagokie. Era berean, ordura arte baliatzen ari ziren zerbitzu-eginkizunak amaitutzat joko dira.

Zerbitzu aktiboan edo lanpostua erreserbatuta duen beste administrazio-egoera batean dagoen eskala ez den beste bateko esleipendunak ofizioz eta aldi berean deklaratuko dira eszedentzia-egoeran, administrazioko beste kidego eta eskala batean zerbitzuak emateagatik.

4.– Lehiaketaren behin betiko esleipenean esleitutako lanpostuari ezin izango zaio uko egin, eta ez du eskubiderik emango zerbitzuagatiko kalte-ordainak jasotzeko.

Hogeita zazpigarrena.– Lehiaketetako datuak babestea eta kudeatzea.

Datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, honako hauek behar bezala betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia.

Tratamenduaren arduraduna: Enplegu Publikoko Zuzendaritza. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila.

Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak:

Enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea, eta lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuetan.

Lan-poltsak kudeatzea (eraketa, integrazioa eta birbaremazioa): Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako aldi baterako lan-eskaintzetarako lan-poltsak zein bitarteko funtzionarioak izendatzeko eta aldi baterako langile lan-kontratudunak kontratatzeko lan-poltsak.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean (11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena).

Informazio-hartzaileak:

Sindikatuak eta langileen batzordeak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lan-poltsetan dauden langileen datuak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuei eta sektore publikoko entitateei eman ahal izango zaizkie.

Eskubideak: datuetarako irispidea izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea, eta informazio gehigarrian azaldutako beste zenbait eskubide.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml


Azterketa dokumentala