
225. zk., 2025eko azaroaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (224 KB - 15 orri.)
- EPUB (281 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
4976
AGINDUA, 2025eko azaroaren 4koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako.
Doktoregoko ikasleen prestakuntza integrala bultzatzeko, haien ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatuz, bai eta gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak eta berrikuntzaren, sormenaren eta ekintzailetzaren balioak garatzen laguntzeko ere, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren 2025eko uztailaren 22ko Aginduak (zeinaren bidez ezartzen baitira doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berrien eta laguntza-berritzeen deialdirako oinarriak, 2025-2026 ikasturterako) ezarri zuen laguntza berri baten onuradunek nahitaez egin behar dutela egonaldi bat nazioartean. Egonaldi horrek doktoregoaren nazioarteko aipamena lortzea erraztuko du, baita egindako ikerketa nazioartekotzea ere. Agindu horrek, 8.5 oinarrian, atzerrian ikerketa-egonaldi bat egiteko laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea dagoela ezartzen du.
Eskabidea egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, sailaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragai egongo dena, betiere urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan.
Kontuan hartu da lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) oinarrizko manuekin eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Halaber, adierazi behar da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasoko duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Ikertzaileak Prestatzeko Doktoratu Aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko 2026. urteko laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 4a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
I. ERANSKINA
IKERTZAILEAK PRESTATZEKO DOKTORATU AURREKO PROGRAMA APLIKATZEN DEN ZENTROEZ BESTELAKOETAN EGONALDIAK EGITEKO 2026KO LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRIAK.
1. oinarria.– Xedea.
1.– Laguntzetarako deialdia egitea programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan doktoratu aurreko egonaldiak egin ditzaten prestakuntzan ari diren ikertzaileek. Hauxe izango da egonaldien helburua: doktoregoko ikasleen prestakuntza integrala bultzatzea, haien ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatuz; gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak eta berrikuntzaren, sormenaren eta ekintzailetzaren balioak garatzen laguntzea, eta nazioarteko doktoregoa lortzea erraztea.
2.– Doktore ez diren ikertzaileentzako mugikortasun-programak bi modalitate ditu:
A) A modalitatea: Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 2024-2025 ikasturteari dagokionez ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasuna, baldin eta laguntzaren lehen hiru urteetan badaude ikertzaileok.
B) B modalitatea: Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 2025-2026 ikasturteari dagokionez ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berri baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasuna.
3.– Egonaldiak egin ahal izango dira atzerriko unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+Bko jarduera duten enpresetan, baldin eta doktoratu aurreko programa aplikatzeko zentroaz bestelako hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatu egiten badu agindu honetan zehazten diren laguntza ekonomikoak ematea.
4.– Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira biltzarretara, bilera zientifikoetara eta, Politika Zientifikoko Zuzendaritzaren iritziz, 1. paragrafoan ezarritako helburura egokitzen ez diren bestelako egonaldietara joatea, bai eta egonaldiak egitea ere EAEn kokatuta dauden zentroetan, bizi diren probintzian, ezarpen-zentroa atzerrian duten eta prestatzen ari diren ikertzaileentzat.
2. oinarria.– Laguntzen finantzaketa.
Agindu honetan arautu laguntzak finantzatzeko, 465.000 euro bideratuko dira, era honetan banatuta, 1. oinarrian aipatu bi modalitateen arabera:
A modalitatea: 440.000 euro.
B modalitatea: 25.000 euro.
Modalitateetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute dirulaguntzarik jaso modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako diru-hornidura nahikorik ez zegoelako.
3. oinarria.– Laguntzen onuradunak.
1.– Honako hauek soilik izango dute laguntzak eskatzea: Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ematen duen Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza baten onuradun direnek.
2.– Aurretik deialdiaren xede den laguntzaren onuradun izan eta hura baliatu duten ikertzaileek, berriz, ezingo dute laguntza hau eskuratu.
3.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean daudenak:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Honako lege hauetan aipatutako kasuren batean daudenak: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.
Administrazioak ofizioz egiaztatuko du egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu. Aurka eginez gero, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu onuradunak.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak, erregelamendu bidez zehaztutako terminoetan.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.
i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen, abenduaren 21ekoaren, 13. artikuluan adierazitako debekuren bat dutenak. Erantzukizunpeko adierazpenean (II. eranskina) daude zehaztuta debeku horiek.
4. oinarria.– Laguntzen baldintzak.
1.– Laguntza hauen xede diren egonaldiak 2026an hasi beharko dira, eta bat etorri beharko dute zentro hartzailearen aldi akademikoarekin edo ohiko jarduerarekin.
2.– Zentro bakar batean eta modu jarraituan 120 eta 180 egun arteko egonaldi bakar bat egiteko emango da laguntza.
Dena den, Zientzia Politikako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du egonaldia eteteko, hurrengo kasu hauetan, behar bezala justifikatzen bada:
a) Ikertzaileak aldi baterako lanerako ezintasuna izatea epe luzerako.
b) Lehen edo bigarren mailako odolkidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duen senide baten gaixotasun larria, ospitaleratzea edo heriotza.
c) Amatasunarekin, aitatasunarekin, edoskitzaroko arriskuarekin, adopzioarekin edo familia-harrerarekin lotutako egoerak.
d) Aurreko puntuetan azaldutako egoeren analogoak, egonaldia etetea dakartenak nahitaez.
Egonaldia eten nahi izanez gero, Zientzia Politikako Zuzendaritzari aurkeztu beharko dio eteteko eskabidea onuradunak, eta zentro hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna izan beharko du, bai eta tesiaren zuzendariaren eta eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariaren adostasuna ere. Etenaldia egiteko arrazoia zehaztu beharko da, eta egonaldia osatzeko data berriak adierazi.
3.– Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.
5. oinarria.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabidea egiteko, nahitaezkoa da inskripzio-orria erabiltzea; inskripzio-orri hori telematikoki egongo da eskuragarri, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bitartez, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173610
Zientzia Politikako Zuzendaritzatik, ikerketako informatika-aplikazioan sartuko da izangaia, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen nortasuna egiaztatuko da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasota dagoen datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez (91/2023 Dekretua, Herritarrei arreta integrala eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).
Eskabidearekin batera, eranskin honen 5. oinarrian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira, eta elektronikoki baino ezin izango dira aurkeztu, urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan. Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.
2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta oinarri honen 4. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez erantsi ondoren, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, "Ikusi egiaztagiria E/E" aukerarekin.
Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak.
3.– Eskabideak aurkezteko epea.
Hauek dira eskabideak aurkezteko epeak:
1) A modalitatea: hilabete, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2) B modalitatea: 2026ko urtarrilaren 15etik otsailaren 16ra, biak barne.
4.– Eskatutako dokumentazioa.
Zerrenda honetako agiriak aurkeztu beharko dira, aplikazioaren bitartez:
a) Egonaldiaren xedea deskribatzeko memoria (bi orrialde, gehienez ere). EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Ingelesez aurkeztutako memoriak ere onartuko dira. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo oinarri honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidean zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
b) Zentro hartzailearen gutun ofiziala, non egiaztatzen baita egonaldia onartzen dela eskatutako egunetan.
c) Egitekoa den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen agiria, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.
d) Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.
6. oinarria.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntza-eskabideak guztiz betetzen ez badira, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Zientzia Politikako Zuzendaritzak eskatzaileei eskatuko die hamar eguneko epean hutsak zuzendu ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die ulertuko dela, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.
Zuzenketak egiteko errekerimenduak 12. oinarriko bigarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.
7. oinarria.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.
8. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta asegurua.
1.– Mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 25 eurokoa izango da eguneko.
2.– Bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, taula honi jarraituko zaio:
(Ikus .PDF)
Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak ezarpen-zentroa duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.
Oro har, bidaietarako garraiobide publiko kolektiboa erabiliko da, gehienez egonaldiaren aurreko edota osteko 10 egun naturalen barruan. Salbuespen moduan, epe hori luzatu egin ahal izango da Zientzia Politikako Zuzendaritzaren baimenaz, baina ez da inolaz ere egonaldiaren luzapentzat joko.
Dena den, baimena eman ahal izango da ibilgailu partikularra erabiltzeko, baldin eta frogatzen bada helmugara ezin dela garraiobide publikoen bidez heldu. Aurrekoa gorabehera, norberaren ibilgailua erabiltzeko baimena eman ahal izango da, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta. Egonaldia hasi baino lehen eskatu beharko zaio baimena Zientzia Politikako Zuzendaritzari, aplikazioaren bidez. Eskabidea aurkezten ez bada, bidaia ibilgailu partikularrean egitearen gastuak ez dira onartuko dirulaguntza justifikatzeko unean.
Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.
Bidai-gastuetarako ematen den laguntzaren zenbatekoak ez ditu barnean hartuko egonaldian egiten diren tokiko garraioaren gastuak.
Egonaldia egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.
3.– Laguntzak eman eta gero, eta behar bezala justifikatutako kasuetan, 4.2 oinarrian adierazi den bezala, Ikerketa Zuzendaritzak aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.
4.– Asegurua: Zientzia Politikako Zuzendaritzak baimenduta atzerrian egiten diren egonaldietarako, laguntzen onuradunek, dagokien Gizarte Segurantzaren estaldura izateaz gainera, erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute. Interesdunaren ezkontidea eta 25 urtetik beherako seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, haientzat ere zabaldu ahal izango da bidaia-laguntzako asegurua, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da, era berean, baldin izatezko bikote izaera antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatuta badago.
9. oinarria.– Laguntzen bateraezintasuna.
Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duen beste edozein laguntzarekin, salbu Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza bera, baliatzen ari dena.
10. oinarria.– Esleitzeko irizpideak.
1.– Hautaketa-batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Hauek izango dira batzordekideak: Zientzia Politikarako zuzendaria, Amaia Esquisabel Alegría (batzordeburua); Berrikuntzako zuzendaria, Maialen Agirre Pinedo; eta Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikari bat, Eneko Galletebeitia Laka (idazkaria). Hautaketa Batzordeak txosten bat egingo du, ebaluazioaren emaitza jasoko duena. Ondoren, organo kudeatzaileak egingo du ebazpen-proposamena; organo horrek, gainera, beste txosten bat sartuko du espedientean, zeinean adieraziko baitu onuradunek bete egiten dituztela eskatutako betekizunak, bere esku dagoen informazioaren arabera.
Proposamenetan datu hauek zehaztuko dira: onuradunen zerrenda eta dagozkien diru-zuzkidura xehatua, kreditu erabilgarriaren mugaraino, eta ordezkoen zerrenda bat.
2.– Eskabideak irizpide eta puntuazio hauen arabera barematuko dira:
a) A modalitatea:
a.1.– Eskabidea egiten den unean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak emandako doktoratu aurreko laguntzaren urtea (3 puntu):
(Ikus .PDF)
a.2.– Doktoreak ez diren ikertzaileak trebatzeko Eusko Jaurlaritzaren Aurre Doktoretzako programan sartzeko doktorego-tesiaren proiektuan lortutako puntuazioa (10 puntu gehienez).
b) B modalitatea: Eskabidea egiten den unean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak emandako doktoratu aurreko laguntzaren lehen urteko onuradunak, doktoratu aurreko laguntzaren «Ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa» atalean lortutako puntuazioaren arabera. Memoria horrek honako eduki hauek izan beharko ditu, baloratzeko: proiektuaren izenburua, laburpena, aurrekariak, helburuak, metodologia eta lan-plana, interes zientifiko edo soziala eta bibliografia nabarmenena.
3.– Dirulaguntzak emateko prozeduretan, beharrezko neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
11. oinarria.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Lehiaketa independente bat egingo da modalitate bakoitzerako. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, horien artean lehentasunak jartzeko, 10. oinarrian finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen dituzten eskaerei esleituko zaizkie dirulaguntzak, harik eta eranskin honetako 2. oinarrian izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.
Esleipen horien ondoren bi modalitateetako batean soberako aurrekontu-krediturik badago eta bestean laguntzaren bat eman ez bada kreditua agortu delako, laguntza horiek esleituko dira geratzen den aurrekontu-kreditua agortu arte, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
12. oinarria.– Ebazpena.
1.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak ebazpenak emango ditu agindu honetako laguntzak esleitzeko eta haien zenbatekoak zehazteko –ebazpen bat modalitate bakoitzeko–, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.
2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.
Abisu bat bidaliko da interesdunak eman duen helbide elektronikora, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko.
2. paragrafoan ezarritakoaz gain, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egindako argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
3.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo hamar egun naturaletan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, ordezkoen zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Laguntza horiek emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie. Bi modalitateetako batean ordezkorik ez badago, ordezkoen zerrenda baduen modalitate horretako zerrendan lehenengo lekuan dagoen eskatzaileari eman ahal izango zaio laguntza.
4.– Modalitateetako baten ebazpena eman eta 3. puntuan ezarritakoa aplikatu ondoren soberako aurrekontu-krediturik badago, ordezkoen zerrendan dauden eta modalitate horretan aurrekontu-kreditua agortu delako onuradun izan ez diren eskatzaileei laguntza esleitzeko erabili ahal izango da soberakin hori.
3. eta 4. puntuetan ezarritakoaren ondorioetarako, laguntzak emango dituen organoak laguntza emateko proposamena jakinaraziko die interesdunei, hamar egun naturaleko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartu ondoren, laguntza aitortu izanaren ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.
5.– Baldin eta aurreko 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.
6.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
7.– Emandako laguntzen zerrendak publikotasuna izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpen hori egin eta sei hilabeteko epean.
13. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute. Zehazki, eginbehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak hamar egun naturaleko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.
b) Zentroan aritzea diruz laguntzen den denboraldi osoan. Laguntza jasotzen duen ikertzaileak etenik gabe egin beharko du bere jarduera, eta zentroko lan-egutegiak bete beharko ditu. Proiektuko zioen ondoriozko absentzia orok edo zentroaren ikerketa-beharrengatik egindako aldi baterako irteera orok zentro hartzailearen arduradunaren adostasuna beharko du, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzari jakinaraziko zaio zergatik eta zein egunetan gertatu den.
c) Diruz lagundu den egoeraren xedea edo izaera errotik aldarazten duen gorabeheraren bat sortzen bada, horren berri ematea, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, ikuskaritza-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
d) Zertarako ematen zaien dirulaguntza, horretarako erabili behar dute.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.
f) Helburu bererako lortu den beste laguntza oro deklaratzea.
g) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 15. oinarrian zehazten diren agiriak bidali beharko ditu Zientzia Politikako Zuzendaritzara.
h) Programa honen babespean egindako jarduerek dakartzaten emaitzak argitaratu edo zabaldu behar izanez gero, berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ikertzaileak trebatzeko Aurre Doktoretzako programaren finantzaketa duela. Horretarako, material edo argitalpen guztietan berariaz aipatuko da programa horren bidez finantzatu dela, eta leku nabarmen batean jarriko dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ikurra eta «Egonaldi hau Egonlabur 2026 programaren bitartez finantzatuta dago» adierazpena.
14. oinarria.– Laguntzari uko egitea.
1.– Zientzia Politikarako zuzendariari jakinaraziko zaizkio uko-egiteak, onuradunak eta tesiaren zuzendariak sinatutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Komunikazio hori aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, uko-egiteak ondorioak izan baino hamar egun natural lehenago gutxienez.
2.– Uko-egiteak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.
Uko egitearen ondorio ekonomikoak uko egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.
15. oinarria.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte aplikazio informatikoaren bidez:
a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria: zentro hartzaileko ikertzaile arduradunak izenpetutako jatorrizko idazki bat izango da. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak adierazi beharko dira han.
b) Egindako lanaren txosten zientifiko-teknikoa, laguntzaren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehaztuta.
c) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Ostatu-gastuen fakturak ere aurkeztuko dira, haiek ordaintzeko egindako ordainketen egiaztagiriekin batera, bai eta bidaia-gastuen eta bisa izapidetzearen fakturak ere, hauek erantsi beharko zaizkiela:
– Ostatu-kontratua.
– Garraio publikoan egindako bidaien txartelak eta fakturak.
– Bisa izapidetzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien txartelak eta fakturak.
3.– Egonaldia esleitutakoa baino laburragoa bada, mantenurako emandako laguntzaren zati proportzionala itzuli beharko du onuradunak, hau da, egin gabeko aldiari dagokion zatia, indarrean den legeriarekin bat etorriz.
4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.
16. oinarria.– Ez-betetzea.
Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako kasuetako batean badaude, edo betetzen ez badituzte agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak, edo egiaztatzen bada ez dituztela betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak edo eskakizunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera, hasiera emango zaio laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzultzeko prozedurari, zeina bat baitator araudiarekin, hori baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36.1 artikuluko oinarrizko araudiaren arabera aplikatu beharrekoa.
17. oinarria.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.
Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, laguntza horrekin batera bestelako administrazioen edo ente publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 eta 40. artikuluetan xedatutakoarekin, bai eta 9.4.m artikuluan eta 25. artikuluan ezarritakoarekin ere, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko eskakizunak betez gero.
Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 15. oinarriaren 3. eta 4. apartatuetan adierazten diren kasuetan:
a) Prozedura abiarazi eta ebazteko ardura Zientzia eta berrikuntzako sailburuordearena izango da.
b) Zientzia Politikarako zuzendariak interesdunari adieraziko dio prozedura hasi dela eta zergatik hasi den, eta egutegiko hamar eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak jar ditzan. Prozedura hasten denean, oraindik egin gabe egon litezkeen ordainketak eten egingo dira.
c) Alegazioak jaso ondoren edo alegazioak aurkezteko epearen barruan alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da gehienez, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezkoa izango da.
d) Laguntza borondatezko epean itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
18. oinarria.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen honetako tratamendu-jardueran sartuko dira: ikerketa sustatzeko dirulaguntzak eta laguntzak. Informazio hau barne hartuko du:
Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.
Xedea: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
Hartzaileak:
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ogasun eta Finantza Saila.
– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.
Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak eskura izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea dago gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
RSS