
224. zk., 2025eko azaroaren 20a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (362 KB - 22 orri.)
- EPUB (313 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4956
AGINDUA, 2025eko azaroaren 12koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteentzako 2025eko ekitaldirako laguntza deialdia egiten baita. Laguntza horiek NPEPEn (2023-2027) jasota daude.
Nekazaritza Politika Erkidea (NPEa) sortu zenetik (1962. urtea), politika hori sektorearen erronketara eta herritarren behar berrietara egokitu da, ondoz ondoko erreformen bidez. NPEaren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, hainbat erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek, kasuan kasuko erregelamendu eskuordetu eta betearazleekin batera, 2023-2027 aldian NPEaren oinarriak eta hura aplikatzeko arauak finkatzen dituzte, egon daitezkeen luzapenak gorabehera.
Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2021/2115 Erregelamenduak, 2021eko abenduaren 2koak, nekazaritza-politika erkidearen esparruan estatu kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako (NPEaren plan estrategikoak) laguntzari buruzko arauak ezartzen dituenak –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatzen da eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak indargabetzen ditu–, funtsezko aldaketa dakar NPEan, emaitza zehatzak lortzera bideratutako politika izatera igarotzen baita, zeinak hiru helburu orokorrei lotuta baitaude: bat, epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimentsua, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea; bi, ingurumenaren babesa, biodibertsitatea barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea, eta, hiru, Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea (besteak beste, Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoak) eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea.
Orientazio berri hori estatu kideen subsidiariotasun handiagoaren gainean egituratzen da; izan ere, estatuek diseinatu beharko dituzte, egoera eta premia espezifikoetan oinarrituz, beren esku-hartze propioak.
Ikuspegi berri horrekin, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionala egin du Espainiak 2023-2027 aldirako (aurrerantzean, NPEPE), eta haren helburua da nekazaritzaren, elikagaien eta landa-eremuen garapen jasangarria, gizartearen elikagai-segurtasuna bermatzeko, sektore lehiakor baten eta landa-eremu bizi baten bidez. Plan estrategiko hori 2022ko abuztuaren 31n onartu zuen Europako Batzordeak, C (2022) 6017 Erabakiaren bidez, eta, ondoren, hiru aldiz aldatu zuen C(2023) 5746, C(2024) 6133 eta C(2025) 5713 Erabakien bidez.
Espainiako NPEPEan, 2023-2027 aldirako, sartzen diren esku-hartzeak behar bezala ezarri eta kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izan da tresna juridiko egokiak izatea, eta arau sorta zabala prestatu da Estatuan ondorio horietarako. Arau sorta horretan daude: 1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena; 1048/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, 2023tik aurrera NPEPEaren esparruan zuzeneko ordainketen esku-hartzeak aplikatzeari eta betekizun komunak ezartzeari buruzkoa eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskabide bakarra arautzeari buruzkoa, eta 147/2023 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, NPEPEan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen dituena.
Espainiako NPEPE horretan, hauek jaso dira: bai lehen zutabearen esparruan programatutako laguntzarako esku-hartzeak (zuzeneko eta sektoreko laguntzak, NBEF funtsak finantzatuta), Estatuan zuzenean aplikatuko direnak, bai bigarren zutabeko landa-garapeneko esku-hartzeak (LGENF funtsak lagundutako finantzatzearekin), autonomia-erkidegoetan abiarazi eta garatzen direnak, kasu bakoitzean ezarritako eskualde-berezitasunekin eta autonomia-erkidego bakoitzak lurraldean programatu dituen esku-hartzeen eta aurrekontuen arabera. Horren ondorioz, EAEren kasuan, zuzeneko ordainketez eta NBEF funtseko esku-hartze sektorialez gainera, landa-garapeneko 18 esku-hartze programatu dira (LGENF).
Euskal Autonomia Erkidegoan, landa-garapeneko 18 esku-hartze programatu dira; besteak beste, «Ekoizleen elkarteei laguntzeko lankidetza» izeneko laguntzen esku-hartze kofinantzatua (7191 esku-hartzea), balio-katean duten kokapena hobetu nahi duena.
Gainera, deialdi hau bat dator maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuak xedatutakoarekin (Euskal Autonomia Erkidegoan, Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko dena).
Agindu honen bidez deitutako laguntzaren helburua bat dator erabat 2024-2028 Gobernu Programarekin, zehazki, 93 konpromisoarekin, zeina tokiko sektore jasangarri eta osasungarriago baten onura ekonomikoak bermatzera bideratuta baitago.
Agindu honen bidez iragarritako laguntza iraungitako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024rako, 2025erako eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan onartuta. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago argitaratuta («www.euskadi.eus»), sailari eskainitako eremuaren barruan eta «Planak eta proiektuak» sekzioan.
Hori dela eta, Agindu honen bidez 2025eko ekitaldirako deialdia egiten da NPEPE (2023-2027) sartutako laguntza, Baso-ekoizleen elkarteei eta horien batasun edo federazioei buruzko urtarrilaren 30eko 10/2018 Dekretuaren arabera aldez aurretik aitortutako ekoizleen elkarteentzat, jarduera edo prozesu berriak egiteko.
Gainera, deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako sailburuek, gobernukide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute. Horrenbestez, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteentzako laguntza emateko 2025. urterako deialdiaren oinarriak onartzea; hain zuzen, NPEPEk (2023-2027) jasotzen ditu eta Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA– Errekurtsoak.
Interesdunek, agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 12a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta izaera.
1.– Agindu honen xedea da laguntza deitzea, 2025eko aldirako, dagoeneko aitortuta dauden elkarteentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteei eta horien batasun edo federazioei buruzko urtarrilaren 30eko 10/2018 Dekretuaren arabera, jarduera edo prozesu berriak nekazariek balio-katean duten kokapena hobetzeko.
2.– NPEPEaren 7191 esku-hartzean (2023-2027) sartzen da laguntza hori eta Europako Erkidegoaren, Estatuko eta Autonomia Erkidegoaren ordenamendu juridikoak baldintzatzen du. Ordenamendu juridiko hori III. eranskinean dago.
2. oinarria.– Laguntza-lerroa.
Laguntza ezartzen da, 10/2018 Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien eta baso-ekoizleen elkarte eta horien batasun edo federazio gisa aitortuta dauden entitateek jarduera edo lankidetza-proiektu berriak egiteko; hortaz, eragiketa hauek egin daitezke:
1.– Elkarte horietako kide diren ekoizleen ekoizpena eta emaitzak merkatuaren eskarietara egokitzea.
2.– Merkatuan, produktuak elkarrekin merkaturatzea; eta horren barruan sartzen da salmentarako prestatzea, salmenten zentralizazioa eta handizkakoak hornitzea.
3.– Ekoizpenaren inguruko informazioari buruzko arau komunak ezartzea, bereziki uztari eta prestasunari erreferentzia eginez.
4.– Hondakinen kudeaketa, natura-baliabideak modu jasangarrian erabiltzea eta klima-aldaketa murrizten laguntzea.
5.– Ekoizteko laguntza teknikoa eta, produktuen kalitatea hobetzeko eta kalitateko figurak dituzten produktuak garatzeko.
6.– Azalera biltzea kudeaketa bideragarri baterako.
7.– Ekoizteko ondasunak batera eskuratzea.
8.– Ekoizle-elkarteek egin ditzaketen beste jarduera batzuk egitea; esaterako, enpresa- eta merkatu-gaitasunak garatzea eta prozesu berritzaileak antolatzea eta erraztea, etab.
3. oinarria.– Onuradunak eta betekizunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzaren onuradun izan ahalko dira 30eko 10/2018 Dekretuaren arabera aitortuta dauden nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarte edo erakundeek eta haien batasun edo federazioek. Eskakizun hori ofizioz egiaztatuko da, nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritza baita nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen eta horien batasun edo federazioen erregistroa kudeatzeko eskumena duena, aipatutako Dekretuaren 6. artikuluaren arabera.
2.– Horrez gain, oinarri honetan ezarritako betekizunak bete behar dituzte, zeinek, era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. apartatutik 5.era bitartean jasotako egoera galarazleak jasotzen baitituzte:
a) Jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
b) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea. Eskakizun hori bete beharko da hala erakunde onuraduna izateko nola izaera horri eusteko, onartutako dirulaguntzaren likidazioa egin arte; eta, beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
Betekizun hori bete dela egiaztatzeko, kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoa (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
c) Ez hartzea krisian dagoen enpresatzat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan emandako definizioaren arabera (2014/C 249/01).
d) EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, egunean egotea dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta ez badute zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitaterekin betearazpen-aldiko dirulaguntzen itzulketengatik edo, premiamendu-bidea baliatzerik ez duten pertsona edo entitateen kasuan, borondatezko epean erantzun gabeko zorrik ez badute. Era berean, betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada, edo etetea erabaki bada, dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela eta.
e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik, penalik edo epai irmo bidezko kondenarik ez izatea, ezta horretarako inolako legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zeinaren testu bategina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi baitzen.
f) Epai irmo bidez ez zigortzea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin, edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta.
g) Zehatuta ez egotea administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legea ez betetzearen ondoriozko arau-hauste larri edo oso larriengatik, harik eta zehapena bete arte eta, hala badagokio, dagozkion erreparazio eta kalte-ordain neurriak egikaritu arte.
h) Borondatezko konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu itun batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
i) Ez eragin izana, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmorik.
j) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen ordezkaritza legala dutenak ez egotea sartuta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aipatutako kasuren batean, edo ez izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak, bertan ezarritako baldintzetan edo gai hori arautzen duen autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoetan.
k) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
l) Elkarteen kasuan, horiek ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debeku-kausetan. Halaber, inskripzioa egiteko administrazio-prozedura eten ez izana ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.
m) Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
n) Eskatutako dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak beteta edukitzea, eta hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatzea, hala jasota baitago agindu honen IV. eranskinean.
o) Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, ez eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.
p) Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legean erabaki-organoetako ordezkaritza orekatuari buruz ezarritako atalaseak betetzea.
q) Ez bete izana desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako lanpostuen erreserba-kuota, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
r) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera.
3.– Elkarteak bere elkartekideen ekoizpenaren zati bat merkaturatu beharko du, eta helburu hauetako bati lotuta egon beharko du:
a) talde edo erakunde horietako kideen ekoizpena eta etekina merkatuaren eskarietara egokitzeko;
b) produktuak elkarrekin merkaturatzea; eta horren barruan sartzen da salmentarako prestatzea, salmenten zentralizazioa eta handizkakoak hornitzea;
c) ekoizpenaren inguruko informazioari buruzko arau komunak ezartzea, bereziki uztari eta prestasunari erreferentzia eginez; eta
d) ekoizle-elkarteek egin ditzaketen beste jarduera batzuk egitea; esaterako, enpresa- eta merkatu-gaitasunak garatzea eta prozesu berritzaileak antolatzea eta erraztea.
4.– Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeak onuradun izateko, taldekide guztiek bete beharko dituzte 1. , 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako betekizunak.
5.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru diren pertsonak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.
6.– 2. apartatuko a), b), c), e) d), i), k), m), p), q), r) eta s) letretan eta 4. eta 5. apartatuetan jaso diren eskakizunak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.
7.– 2. apartatuko f), g) eta h) letretan jasotako betekizunak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren arabera finkatuko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan, debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.
8.– 2. apartatuaren j) letran jasota dagoen betekizuna aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.
9.– Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 1. apartatutik 5.era bitarte aipatu dira debekuak–, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.
Erantzukizunpeko aitorpena faltsutuz gero, laguntza-eskaera ukatu egingo da eta, hala badagokio, otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren I. eranskinean aurreikusitako zigorrak aplikatuko dira. Errege Dekretu horren bidez Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen dira, eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege-dekretu batzuk aldatzen dira.
4. oinarria.– Epea, eskaerak eta agiriak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskaera bakarra izango da elkarte eta jarduera bakoitzeko.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak, 4. apartatuan adierazten diren helbideetan.
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak helbide honetan eskuratu daitezke:
– https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028910
Eskabidearen ondoko izapideak hemen egingo dira:
– https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez:
– https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri egongo da https://www.euskadi.eus helbidean, eta agindu honen II. eranskin gisa argitaratu da.
7.– Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, ordezkaritza egiaztatzeko, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua bete behar da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutan egiaztatu beharko da.
b) Elkartearen estatutuen kopia.
c) Jarduera bakoitza kontuan hartzen duen eta definitzen duen lankidetza-plana edo enpresa-plana. Eskaeraren xede den jarduera bakoitzerako, eskatzaileak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez, eta haien kontzeptuak elkarren artean alderatzeko modukoak izango dira, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen duen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik.
Besterik ezean, eskaintza ekonomiko merkeena aukeratuko da. Eskaintza ekonomiko merkeena aukeratzen ez bada, zenbateko hori diruz laguntzeko modukotzat hartzeko, aukera hori arrazoitu beharko da efizientzia- eta ekonomia-irizpideen araberako argudio nahikoarekin, dirulaguntza eskatzea eragin duten gastu guztien aurrekontua edo proformako faktura barne.
d) Inbertsioa edo gastua justifikatzen dituzten aurrekontuak eta proformako fakturak. Jatorrizko formatuan eta modu indibidualizatuan aurkeztuko dira. Eskaintza faltsuak aurkezten badira, laguntza-eskaera ukatu eta otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren I. eranskinean aurreikusitako zigorrak aplikatuko dira.
e) Legezko ordezkariaren ziurtagiria, eta, bertan, merkaturatutako ekoizpenaren bolumena eta balioa, laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko urtearena.
f) Bat-egite baten pareko efektua duten neurriak hartzeko erabakien kopia, hala badagokio.
g) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Datuak faltsutuz gero, indarrean dagoen administrazio- zein zigor-arloko zehapen-araubidea aplikatuko da 2. apartatuaren 3. oinarrian xedatutakoaren egiazkotasuna egiaztatzeko eta erantzukizunpeko adierazpenerako II. eranskinean xedatutakoaren arabera.
h) 30.000,00 eurotik gorako dirulaguntza eskatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako ordainketa-epeak betetzen direla egiaztatzeko agiriak; hain zuzen ere, agindu honen IV. eranskinean ezarritako froga-baliabideak.
i) 5 urterako negozio-planaren kopia.
8.– 2023-2024 ekitaldian, benetan merkaturatutako ekoizpen-bolumena eta -balioa.
9.– Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean daudela adierazten duten ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
10.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean, eta betiere eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu hori emateari laguntza-eskaeran, eta, hala egiten badu, dokumentazioa berak aurkeztu beharko du.
11.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
12.– Eskabideak ez baditu betetzen bete beharreko baldintza guztiak, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak ebazpena eman ondoren eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin.
13.– Edonola ere, Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak edo informazio osagarriak eska diezazkioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.
5. oinarria.– Finantzaketa.
1.– 2025eko deialdi honetan aurreikusitako laguntza finantzatzeko, 400.000,00 euro erabiliko dira, eta LGENF funtsaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura lagundutako finantzatzea edukiko dute.
Funtsak honela banatuko dira:
a) 172.000,00 euro LGENFren kargura, eta
b) 228.000,00 euro Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura.
2.– Emango diren laguntzaren zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa edo haien eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa baino handiagoa, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero –hasieran aurreikusitako kopurua % 20 handitu ahal izango da gehienez–, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin beharko da, eta horren berri emango da Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baina horrek ez du esan nahiko eskabide berriak aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epearen beste zenbaketa bat hasiko denik ere.
6. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den.
1.– Dagoeneko aitortuta dauden eta jarduera edo prozesu berriak egiten dituzten nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarteentzako laguntza 50.000 euroko gehieneko kostu bateratua aplikatuz emango da, ekintza eta urte bakoitzeko.
2.– Basogintza-sektoreko elkarteentzako laguntzaren kasuan, estatuko laguntzei buruzko arauak aplikatuko dira, eta landa eremuetan eta nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen zuzentarauen arabera emango dira (Batzordearen jakinarazpena: 2022/C 485/01).
7. oinarria.– Diruz lagungarri diren gastuak.
1.– Honako hauek joko dira diruz laguntzeko moduko gastutzat:
a) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia dituzten jarduerak eta inbertsioak.
b) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia dituzten ekipamenduak.
c) Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako patenteei dagozkien gastuak.
d) Diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten dion bestelako gastu edo inbertsioa, eta diruz lagundu daitekeen ekintza burutzeko beharrezkoak izanez gero (hau da, proiektuaren gastuak).
2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak 1. apartatuan daude jasota, eta epe barruan gauzatu beharko dira, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.
8. oinarria.– Esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honetan deitutako laguntza lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko da.
2.– Balioespen-irizpide hauen arabera puntuatuko dira espedienteak:
a) Dagoeneko eratuta dauden ekoizle-elkarteen eta aitortutako haien batasun edo federazioen espedienteak: 20 puntu.
b) Produktu edo prozesuaren kalitate-ziurtagiriak duten ekoizpenaren zati bat duten elkarteak: 10 puntu.
c) Arreta bereziko eremuetan (ABE), ekoizpen- edo eraldaketa-plantak dituzten elkarteak: 10 puntu.
d) Emakumeen partaidetza nagusia duten elkarteak: 10 puntu.
e) Gazteen partaidetza nagusia duten elkarteak (<41 urte): 10 puntu.
3.– Dirulaguntza jasotzeko gutxienez 10 puntu lortu beharko dira.
4.– Gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, puntuazio berdinketa ebatziko da lehentasun-irizpide hauen arabera, ordena hierarkikoan:
a) Lehentasuna emango zaie emakumeen kopurua % 40tik gorakoa duten elkarteei eta berdintasunarekin lotutako lankidetza-ekintzak (elkarteetan, berdintasun-planak egitea).
b) Lehenetsiko dira 5 urterako negozio-planean produktuaren merkaturatze-bolumenik handiena aurreikusten duten espedienteak.
9. oinarria.– Kudeaketa.
1.– Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritza da laguntza hau kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, honako hauek osatuko dutena: Luis Atucha Lapatza, Ángeles Diez Diez eta Iker Ortega Ruiz. Lehenengoa presidentea izango da, eta, azkena, berriz, idazkaria. Beharrezkoak izanez gero, ordezko hauek izendatuko dira, hurrenez hurren: Juanmi Legarra Zabala, Marta Atxaerandio Alesanco eta Humberto Nogueira Gómez.
3.– Balorazio Batzordeak funtzio hauek izango ditu:
a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Azken horiei dagokienez, banan-banan azalduko da zein izan den laguntza ukatzeko arrazoia.
b) Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, laguntzaren irizpide objektiboen eta kuantifikazioaren arabera.
c) Txosten bat egitea, onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoari buruz. Txostena behar bezala justifikatu eta arrazoituko da.
Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era arteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
Batzorde horren jardunean, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
10. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio Batzordearen txostena kontuan hartuta, Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du; bertan, dirulaguntza zein erakunde eskatzailerentzat ematea proposatzen den eta horren zenbatekoa adieraziko da.
Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko eskakizun guztiak betetzen dituztela, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera.
2.– Prozeduran, entitate interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta entitate interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako entitate interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
11. oinarria.– Ebazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebatziko du deialdia. Ebazpen bakarra emango du, eta hor jasoko da eskatutako zein laguntza emango den eta zein ukatuko.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du:
a) Onartutako eskabideei dagokienez:
i) Erakunde onuradunaren izena edo sozietatearen izena eta IFK.
ii) Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
iii) Diruz lagundutako zenbatekoa.
iv) Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.
v) Ordaintzeko modua eta epeak.
vi) Laguntza emateko zein xedapen hartu den oinarri.
vii) Dirulaguntzaren oinarri arautzaileek eskatutako gainerako baldintzei eta betekizunei buruzko informazioaren ordez egoitza elektronikoan dagoen deialdirako estekak eta oinarriak jarriko dira.
b) Ezetsitako eskabideei dagokienez:
i) Erakunde onuradunen izena edo sozietatearen izena eta IFK.
ii) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.
3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hamabost eguneko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igarota, berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– EHAAn argitaratuko da lehia bidezko norgehiagoka-prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, interesdun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta, gainera, banakako eranskin baten bidez, ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta. Era berean, aplikatutako irizpide objektiboen eta laguntzaren ehunekoaren berri emango da.
Nolanahi ere, lehenik egin den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez:
– https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek nekazaritzako, arrantzako eta elikadura-politikako eskumena duen saileko titularrari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat.
12. oinarria.– Laguntzaren bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan jasotako laguntza bateraezina da fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteentzako laguntzekin; izan ere, azken horiek euren berariazko araudia dute.
2.– Beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek agindu honetan ezarritako xede bererako ematen dituzten laguntzak ere bateragarriak izango dira, baldin eta dirulaguntzek, guztira, agindu honetan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte.
Hala ere, bateraezinak izango dira Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak xede bererako ematen dituen beste batzuekin. Adierazitako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako diru-kopurua kenduko zaio.
13. oinarria.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Emandako laguntzaren xede den jarduera gauzatu dela justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da Landa Garapeneko eta Europako Zuzendaritzan, eskabideak aurkezteko gehienezko epea amaitu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean:
a) Balioetsitako gauzatze-memoria, merkataritza-planean/enpresa-planean sartutako proiektuak eta jarduketak gauzatzearekin lotutako kostuen zerrenda jasoko duena, 2. oinarrian jasotako ekintzak barne.
b) Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztuko dira. Horiek guztiek merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak izan behar dute edo eraginkortasun administratiboa eduki behar dute. Gastuak auditoretza-txostenaren bidez ere egiaztatu ahal izango dira.
c) Entitate onuradunaren deklarazioa, non jasota geratuko baita inbertsio bererako bestelako laguntzarik eskatu edo jaso duen, eta dirulaguntzak itzultzeko prozesuren batean sartuta dagoen.
2.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu baino lehen egiazki ordaindu diren gastuak.
3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla ofizioz egiaztatuko du Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak. Sozietate Zibilen eta Ondasun Erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie.
Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko egiaztatze horri; hala eginez gero, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.
Gainera, dirulaguntza-eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak baimena ematea Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak zuzenean jaso dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia.
4.– Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskaera hori arrazoitu egin beharko da.
14. oinarria.– Ordainketa.
1.– Ordainketak egin aurretik, emandako laguntzaren xede den inbertsioa exekutatzeko eskaera eta justifikazioa egin beharko dira 2. apartatuaren 13. oinarriak aipatzen dituen dokumentuen bidez, eta Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzako teknikariek proiektuaren exekuzioari buruzko kontrola egin beharko dute. Alde horretatik, onuradunek inbertsioa partzialki edo osorik egin dutela jakinarazi eta bi hilabetean egingo da gehienez ere ziurtapen-lan hori.
2.– Laguntza zuzenean ordainduko zaie onuradunei, finantza-errentamenduen edo eskubide-lagapenen kasuan izan ezik; horrelakoetan, lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen artean sinatutako kontratua hartuko da kontuan.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:
– https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
4.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, zorduna bada itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpen baten bidez.
15. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte; alegia, hauexek: abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14. artikuluko baldintzak eta agindu honen laguntza-lerroetako bakoitzeko betebehar espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:
1.– Dirulaguntza emate- edo aldatze-ebazpenaren bidez eman den xede zehatzerako erabiltzea.
2.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari, onartu egiten dutela ulertuko da.
3.– Egiaztatzea egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean.
Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki eta ofizioz, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden. Sozietate Zibilen eta Ondasun Erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko egiaztatze horri; hala eginez gero, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.
4.– Eskatzen dieten informazio guztia ematea Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, jasotako laguntza nola erabili den eta haren helburuak bete ote diren fiskalizatzeko eginkizunen barruan.
5.– Idatziz jakinaraztea Landa Garapeneko eta Europako Politiken Zuzendaritzari xede bererako edozein administraziori edo ente publiko eta pribaturi eskatutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu eta jaso baldin badira. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik aurrera, eta, edonola ere, funts publikoak erabili direla justifikatu aurretik.
6.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, idatziz ematea horren berri Landa Garapeneko eta Europako Politiken Zuzendaritzari, baldintzak aldatu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaletan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.
7.– Kasu bakoitzean, onuradunari aplikatu behar zaion merkataritza-legeriak eta sektore-legeriak eskatutako moduan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
8.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduerak gauzatzeko erabil baitaitezke; gutxienez, 5 urtez gorde beharko dira, azken ordainketa jasotzen denetik aurrera.
9.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluari jarraikiz.
10.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
11.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
12.– Dirulaguntzen xede diren inbertsio guztietan, modu ikusgarrian eta hautemangarrian jasotzeko betebeharra, baita haiei buruz argitaratzen den informazio edo publizitate guztian ere, finantzaketa publikoa dela: alde batetik, LGENF funtsak jaso dituela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 50. artikuluaren arabera, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren funtsak jaso dituela, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera.
13.– Horrez gain, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.
14.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, onuradunak konpromisoa hartu behar du gehiegizko finantzaketarik ez jasotzeko.
16. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek emandako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz jakinarazi beharko zaio Landa Garapeneko eta Europako Politiken Zuzendaritzari, gertatu bezain pronto; eta baliteke, horren ondorioz, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izatea, betiere agindu honetan adierazitako betekizunak, laguntza ematea eragin zuen helburua eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoak betetzen badira.
Ondorio horietarako, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak behar den aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira; horretarako, abenduaren 21eko 20/2023 Dekretuaren 25.2 artikuluan xedatutako prozedurari jarraituko zaio.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren proiektuen balorazio-irizpideen aplikazioan aldaketaren bat egiten bada eta emandako laguntzaren zenbatekoarekiko beheranzko desbideratzea eragiten badu, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dirulaguntzaren ehuneko berria oinarriarekiko aplikatuta lortzen den proportzio berean, eta, hala badagokio, behar ez bezala jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hilabeteko borondatezko epean, dirulaguntza txikitzeari eta itzultzeari buruzko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera; borondatezko epe horretan itzulketarik egiten ez bada, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
17. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileek atzera egin ahal izango dute, betiere eskatutako laguntza emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea idatziz helarazi beharko diote Landa Garapeneko eta Europako Politiken zuzendariari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
2.– Onuradunek uko egin ahal izango diete emandako laguntzei, baita laguntza onartu ondoren ere, 15. oinarriaren 2. paragrafoan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz eta inbertsioa amaitu aurretik, betiere, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egitea idatziz aurkeztuko zaio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
Uko-egitea onartu ondoren, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
18. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Honako hauek dira, gutxienez, ez-betetzeen kausak:
a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.
b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.
c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo ez mantentzea.
d) Dokumentu faltsuak edo manipulatuak aurkeztea.
e) Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean egotea.
2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran badago, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ez-betetzeagatik eskubidea galtzeari buruzko espedientea egin ondoren, non entzunaldia emango zaion interesdunari 15 eguneko epean egoki iritzitako alegazioak egin ditzan, ebazpen bidez deklaratuko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, osorik edo zati batean, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar diola, osorik edo zati batean, proiektuaren egikaritze-mailaren, jasotako laguntzaren eta, hala badagokio, dagozkion legezko interesen arabera, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, bidezko diren gainerako ekintzak kontuan hartuta. Onuradun izateko betekizunak ez-betetzeak edo onuradunaren betebeharrak ez-betetzeak laguntza ez jasotzea ekarriko du.
Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan zehaztutako jokabideak.
19. oinarria.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatzean jasotako datu pertsonalak nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko laguntzei buruzko fitxategian jaso eta tratatuko dira, zeinaren helburua baita agindu honen bidez deitutako laguntza-espedienteak izapidetzea eta ebaztea.
Landa Garapeneko eta Europako Politiken Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean gauzatuko ditu dagozkion eskubideak.
Eta hori guztia Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoari jarraikiz egingo da.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko; era berean, informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere:
– https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:
– https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/095100-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/PDF/?uri=CELEX:02016R0679-20160504
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:
https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
II. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PROZEDURA HONI APLIKATU BEHARREKO ARAUBIDE JURIDIKOA ARAU HAUETAN EZARRITAKOA DA
– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua.
– Abenduaren 27ko 1046/2022 Errege Dekretua, Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) gobernantza arautzen duena.
– 1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena.
– Abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretua, zeinaren bitartez ezartzen baita zer arau erabiliko diren Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntzen onuradunek bete behar dituzten baldintza sozialak eta indartuak aplikatzeko, baldin eta zuzeneko ordainketak, landa-garapeneko urteko ordainketa jakin batzuk eta, Urrun eta Uharteetan egoteagatiko Aukera Espezifikoen Programaren ordainketak (POSEI) jasotzen badituzte.
– Otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretua, zeinaren bidez Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen baitira, eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege-dekretu batzuk aldatzen baitira.
– Aldatu egiten da 66/2024 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko dena.
– 8/2015 Legea, urriaren 15ekoa, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzkoa.
– 10/2018 Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteei eta horien batasun edo federazioei buruzkoa.
– Agindua, 2022ko martxoaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bitartez gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumena eta elkartutako ekoizleen gutxieneko kopurua ezartzen baitira, nekazarien elkartearen eta haren batasunen izendapena jasotzeko oilo-arrautzen sektorean.
– Agindua, 2022ko maiatzaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bitartez gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumena eta elkartutako ekoizleen gutxieneko kopurua ezartzen baitira, nekazarien elkartearen eta haren batasunen izendapena jasotzeko erremolatxaren sektorean.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena (APAPEL).
– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena (SPAJL).
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa (DAEL).
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa (DLO).
– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena (DLOE).
IV. ERANSKINA
DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 17KO 38/2003 LEGE OROKORRAREN 13.3 BIS ARTIKULUAN EZARRITAKO ORDAINKETA-EPEAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEKO DOKUMENTAZIOA
Onuradunaren edo entitate laguntzailearen izaera lortzeko, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateek ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute betetzen dituztela lege horretan ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.
Betetze-maila egiaztatzeko, frogabide hauek baliatuko dira:
1.– Kontabilitateko araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta.
Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.
2.– Kontabilitateko araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:
a) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, uztailaren 5eko 15/2010 Legeak, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duenak, hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioaren arabera.
Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiaren urteko kontuak ikuskatu arte izango da baliozkoa.
b) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako Prozedura Adostuei buruzko txostena, zeinaren bidez, erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarrian oinarrituta, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, ordainketa-epeak betetzeko baldintza bete dela ondorioztatuko da, baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa bada gutxienez.
RSS