Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2025eko azaroaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4955

AGINDUA, 2025eko azaroaren 12koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita, 2026ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorea orokorrean hobetzeko Eraikal programako laguntzetarako, eta deialdia arautzeko oinarriak onartzen baitira.

Eraikal programa Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ekimen bat da, eta helburu du eraikuntza- eta arkitektura-kalitatearen kudeaketa sustatzea eraikinen bizitza baliagarriaren ziklo osoan, barnean hartzen dituela bai obra berria, bai ikuskapen teknikoen ondorioz birgaitzeko eta mantentzeko egindako esku-hartzeak, bai eraiste- eta birziklatze-prozesuak. Era berean, programaren helburua da ingurumenaren eta laneko arriskuen prebentzioaren aldagaia eraginkortasunez txertatzea eraikuntzaren sektorean, jasangarritasuna sustatuz eta berrikuntza babestuz Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan eta profesionaletan.

Azken batean, Eraikal programaren xedea da Euskadiko bizitegi-eraikuntzako parkearen hobekuntza integrala sustatzea, jarduketa hauek babestuz: bizitegi-eraikuntzako prozesuaren hainbat alderdiri aplika dakiokeen berrikuntza; jarduketa horietan sortutako ezagutza zabaltzea eta transferitzea; antolaketa- eta kalitate-kudeaketako sistemak ezartzea eta ziurtatzea sektoreko enpresa eta profesionaletan; ziurtagiri espezifikoak lortzea, bai pertsona fisiko edo juridikoentzat, bai bizitegi-eraikinentzat berentzat; prozesu industrializatuak bultzatzea etxebizitzak eraikitzeko lanetan, eta auditoretza teknikoak egitea lehendik dauden eraikinen egoera eta kalitatea ezagutzeko eta bermatzeko.

2026rako deialdian, sei laguntza-lerrotan egituratzen da Eraikal programa, aipatutako norabide horretan aurrera egiteko eta alderdi hauekin lotutako proiektuak sustatzeko:

1.– Bizitegi-eraikinen kontserbazio-egoera eta eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea.

2.– Energia-efizientzia eta eraikuntza jasangarria.

3.– Enpresa-kudeaketaren kalitatea eta kudeaketa-sistemak ezartzea –kalitatea, laneko segurtasuna eta osasuna, ingurumena, dokumentuen kudeaketa eta eraikinen informazioaren modelaketa (BIM) barne–.

4.– Eraikuntza-prozesuen industrializazioa, bereziki etxebizitza kolektibo eta babestuetan.

5.– Irisgarritasunaren arloko berrikuntza eta teknologia domotikoak sartzea etxebizitzen bizigarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko.

6.– Laneko segurtasuna eta osasuna hobetzea bizitegi-eraikuntzaren sektorean.

Laguntza-deialdi honek helburu horiek lortzen laguntzen du, finantzaketa ematen baitu kudeaketa-sistemak ezartzeko antolaketa- eta enpresa-eremuetan, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea sustatzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berrikuntza babesteko Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean.

Helburu horietan aurrera egiteko, funtsezkoa da, alde batetik, ezagutza zorrotz eta eguneratua izatea bizitegi-parkearen egoerari eta eginda dauden esku-hartzeetan lortutako emaitzei buruz, eta, bestetik, behar bezala aztertzea proposamen berritzaile berrien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa (proposamen horiek irtenbide teknikoak, eraikuntzakoak edo kudeaketakoak ekarri behar dituzte hobekuntza garrantzitsuak izateko eremu horretan).

Bestalde, bizitegi-eraikuntzaren eremuan, neurri handi batean, hainbat funtzio eta erantzukizun dituzten askotariko eragileen parte-hartze koordinatuaren mende dago prozesuen eta emaitzen kalitatea. Eragile hauek dira koordinatu behar dutenak: sustatzaileak, proiektugileak, eraikitzaileak, zuzendaritza fakultatiboak, gremioak, materialen hornitzaileak, laborategiak, kalitatea kontrolatzeko entitateak eta, jakina, eraikinen erabiltzaileak.

Eragileak anitzak direnez eta funtzio ezberdinak dituztenez, horiek guztiak koordinatu eta eraginkortasunez kudeatzea funtsezkoa da kalitatea bermatzeko, ez bakarrik diseinu arkitektonikoan, baita eraikinak gauzatu, kontrolatu eta mantentzeko lanetan ere.

Testuingurua hori dela, kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea eta sektoreko enpresetan etengabeko hobekuntzara bideratutako praktikak egitea funtsezkoa da lan seguruak, kalitatezkoak eta ingurumena errespetatzen dutenak egitea sustatzeko. Neurri horiei esker, behar bezala erantzun ahal izango zaie egungo gizartearen eta, bereziki, lehendik dagoen etxebizitza-parkean bizi diren pertsonen beharrizan eta itxaropenei.

Etxebizitza Sailburuordetzak eraikuntza-elementuen kalitatea gainbegiratu eta arautzen du, eta esparru argia ematen die profesionalei eraikinen kalitatea kontrolatzeko, berrikuntzan, energia-efizientzian eta jasangarritasunean oinarritutako ikuspegiarekin.

Helburu horiekin bat etorriz, berrikuntza bat jasotzen du 2026ko agindu honek: VI. lerroa, hain zuzen ere, irisgarritasunaren arloko berrikuntza sustatzeko bizitegi- eta hiri-eremuan. Lerro estrategiko horrek bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten eraikuntza-irtenbideak eta irtenbide digitalak garatzea sustatzen du, Eraikal programak sektorea ikuspegi inklusibo eta jasangarri batetik eraldatzeko duen konpromisoa indartuz.

Programaren helburuak eta zehaztutako laguntza-lerroen bidez horiek gauzatzeko modua guztiz datoz bat Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialarekin (2022-2036). Zehazki, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren 4. ildoak eraikuntzaren sektore erakargarri, lehiakor eta berritzailea osatzea du helburu, eta lehenengo jarraibidean sektorean berrikuntza sustatzeko eta babesteko konpromisoa ezartzen du. Sortu berri den VI. lerroarekin bat –irisgarritasunaren arloko berrikuntza–, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren 2. Ildoak –Etxebizitza-politikaren dimentsio sozialean sakontzen jarraitzea– bigarren jarraibidean ezartzen du araudia eta laguntza-neurriak garatu behar direla lehendik dagoen etxebizitzak duen kalitatea hobetzeko, bereziki bizigarritasunari, irisgarritasunari, energia-efizientziari eta segurtasunari dagokienez.

Era berean, XIII. Legegintzaldirako Gobernu Programak (2024-2028) konpromiso esplizituak jasotzen ditu etxebizitzen birgaitzea eta berritzea sustatzeko, arreta berezia jarriz energia-efizientziaren, irisgarritasunaren eta eraikuntza jasangarriaren hobekuntzan (21. konpromisoa). Esparru horretan, Eraikal programa hainbat ekimenekin dator bat, besteak beste hauekin: 1. ekimena –Birgaitze-esku-hartzeak areagotzea irisgarritasunaren eta energia-eraginkortasunik ezaren ondorioz sortzen diren arazoak konpontzeko, horretarako dirulaguntza eta finantzaketa-lerro berriak aurreikusiz– eta 3. ekimena –Programa espezifikoak sortuz eta Europako programetan parte hartuz, etxebizitzak diseinatzeko eta eraikitzeko prozesuen berrikuntza, alokairuko etxebizitzen sustapenak optimizatzera bereziki bideratutako ekoizpen industrializatua eta arkitektura aurreratua sustatzea, jasangarritasun-irizpideekin, energia-kontsumo nuluarekin eta CO2 isurketarik ezarekin–.

Laguntza-araubide hau Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2025eko ekainaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen dirulaguntzen plan estrategikoaren barruan dago jasota. Agindu horren bidez onartu zen sailaren 2025-2028 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatzen den bezala eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Aipatutako plana sei ardatz estrategikotan egituratzen da. Ardatz horiek zehaztuta daude, batetik, sailaren dokumentu programatiko sektorialetan, eta, bestetik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak XII. Legegintzaldirako «Euskadi martxan» Gobernu Programan (2020-2024) hartutako konpromisoetan.

Ardatz estrategiko horietako bat da kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzea etxebizitzetan. Horixe da, hain zuzen ere, Eraikal programaren xedea, programa horren bidez laguntzak iragartzen baitira kudeaketa-sistemak ezartzeko antolaketa- eta enpresa-eremuetan, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea sustatzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berrikuntza babesteko Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako gastu-espedienteen aldez aurreko izapidea arautzen du, eta, hala, gastu-espediente bat aldez aurretik izapidetzea ahalbidetzen du, laguntzak eta dirulaguntzak eman aurreko ekitaldian. Laguntza-deialdi honen bidez, Eraikal programari lotutako jarduketak sustatzen dira 2026. urterako, eta, beraz, bidezkoa da aldez aurretik izapidetzeko espedientea hastea, dirulaguntzen deialdi honen helburua lortzeko.

Horrenbestez, eta lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuak (Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzei eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenetan xedatutakoarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Batetik, deialdia egitea, 2026ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorea orokorrean hobetzeko Eraikal programako laguntzetarako eta, bestetik, deialdia arautzeko oinarriak onartzea. Horrela, jarduketak finantzatuko dira sei lerro hauetan: bizitegi-eraikuntzako prozesuei, materialei edo eraikuntza-soluzioei aplikatutako berrikuntza; sektorearen eraldaketa digitala eta dibulgazioa; antolaketa- eta kalitate-kudeaketako sistemak ezartzea eta ziurtatzea, bai bizitegi-eraikuntzaren sektoreko pertsona fisiko edo juridikoentzat, bai bizitegi-eraikinentzat; industrializazioa sustatzea etxebizitzen eraikuntzan, eta irisgarritasunaren arloko berrikuntza.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Aurreikusitakoaz gain, arau hauek aplikatuko zaizkie laguntza hauei: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 12a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala