
224. zk., 2025eko azaroaren 20a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (282 KB - 13 orri.)
- EPUB (131 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4954
EBAZPENA, 2025eko urriaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Áridos y Canteras del Norte SAk sustatutako Errigoitiko (Bizkaia) Ofitas de Rigoitia harrobian meatze-hondakindegia betetzeko proiektu teknikoaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2025eko uztailaren 11n, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Errigoitiko (Bizkaia) Ofitas de Rigoitia harrobian meatze-hondakindegia betetzeko proiektu teknikoaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluko 2. atalean araututa dago).
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko uztailaren 23an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean bildu da. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, 9. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako (Bestelako proiektuak: «Ibaietatik, lehorretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lehorreko instalazioak, hektarea bat edo azalera handiagoa hartzen badute».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Áridos y Canteras del Norte SAk sustatutako Errigoitiko (Bizkaia) Ofitas de Rigoitia harrobian meatze-hondakindegia betetzeko proiektu teknikoari dagokionez, honela:
A) Proiektuaren xedea da Ofitas de Rigoitia harrobiko zuloaren zatirik handiena betetzea; harrobia leheneratzea, bere ingurunean hobeto integratze aldera.
B) Errigoitiko (Bizkaia) Ofitas de Rigoitia harrobian meatze-hondakindegia betetzeko proiektu teknikoaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertu da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Ofitas de Rigoitia harrobia Errigoitiko udalerrian (Bizkaia) dago oso-osorik, zehazki Barrenengoerrota aurkintzan, Errigoitiko herrigunetik kilometro batera, Madalen erreka igarotzen den haran estu batean.
Proiektuaren xedea harrobiko zuloaren zatirik handiena betetzea da; hots, harrobia leheneratu nahi da, bere ingurunean hobeto integratze aldera. Betelan-eremuak 9 hektareako azalera du, harrobiaren perimetroaren barruan dago, eta meatze-ustiategiak sortutako ia sakonune erdizirkular osoa hartzen du.
Betelanaren azpian harrobiko plaza dago, +162 m-ko kotan, arroka bolkanoklastikoz osatutako euskarri-substratua duena.
Ofitas de Rigoitia harrobiko betelan-eremura Bl-3213 (Olabarri-Errigoiti) errepidetik iristen da, Errigoitirantz igota, 27+800 KPan, harrobiko plazara iristen den harrobiko sarbidetik bertatik eta birrinketa primarioko instalaziotik.
Betelanak gehienez ere 148 metroko altuera izango duela aurreikusten da, eta haren konfigurazioak aukera ematen du baliabidea ateratzean sortutako meatze-sakonunea betetzeko; hartara, lurzoruaren jatorrizko orografia zati handi batean berreskuratu eta, horrela, meatze-jarduerak ingurunean duen ikusizko inpaktua murriztuko da.
Betelanak +162 m-ko kotatik aurrera hasiko dira (harrobiko plaza), hondakindegiaren gorputza hego-mendebaldean izan ezik konfinatuta geratzea ahalbidetzen duen U itxurako eremu batean. Betelana fase hauetan garatuko da:
– I. fasea. Garraio-pistaren hasiera eraikitzea ekialdeko sektorean.
– II. fasea. Harrobiko plazan, tuneletik, legar-drain bat jarriko da, estalki geotestilean bildua, dekantazio-putzuraino. Putzu hori legarrez bete, eta geotestilez estaliko da, BI-3213 errepideko arekarako hodi baterako ebakuazioarekin. Jarraian, oineko harri-lubeta bat eraikiko da, +162 m-ko oinarrizko kotakoa, 5 m-ko garaierakoa eta 3 m-ko zabalerakoa buruan eta 80.º-ko malda izango duena. Harri-lubetaren estradosean 3 metroko altuerako geruza drainatzaile bat jarriko da, harrobiko legarrez egina, betelanaren oinarri gisa.
Oinarri drainatzaile horren gainean, harrobiko material antzuen geruza bat jarriko da, eta, ondoren, betelanetarako kanpoko materialak, 1 m-ko lodierako geruzetan bulldozerrarekin nibelatuko direnak eta arrabolarekin trinkotuko direnak, +190 kotaraino. Ahaleginduko da harrobiko antzuak betelanaren kanpoko ertzean kokatzen; gainera, aldi baterako, plataformak eta garraio-pistako zoruak hobetzeko material gisa baliatuko dira. Horretarako, +265 m-ko kotako pilaketa bat egingo da plataforman. Betelanaren kanpoko azaleraren ertzean, 33.º-ko lubetan (3H:2V), hego-mendebaldean, materialak garraiatzeko sigi-sagako pista igarotzen da, materialak zabaltzeko eta trinkotzeko goiko plataformaraino, zeina gero eta altuagoa baita.
Fase honetan, plazaren (+162 m) eta betelana plataformara eramateko pistaren (+190 m) arteko lubetak landareztatuko dira.
– III. fasea. Betelanak egitea +190 m-ko kotatik +220 m-ko plataformaraino. 190-220 m-ko koten arteko lubetak landareztatuko dira.
– IV. fasea: Betelanak egitea +220 m-ko kotatik +245 m-ko plataformaraino. 220-245 m-ko koten arteko lubetak landareztatuko dira.
– V. fasea. Betelanak egitea +245 m-ko kotatik +265 m-ko plataformaraino. 245-265 m-ko koten arteko lubetak landareztatuko dira.
– Azken fasea. Betelanak egitea +265 m-ko kotatik +310 m-ko plataformaraino. 265-310 m-ko koten arteko lubetak landareztatuko dira.
Azken konfigurazioan, betelanak gainazalak 33.º-ko maldako lubetak ditu, eta haien ertzetik igarotzen da garraio-pista (8 m-ko zabalera duena), eta goiko plataformaraino egiten du gora –35 m-ko zabalerakoa, +310 m-ko kotan, hau da, lortutako gehieneko altueran–.
Betelanaren guztizko azalera 82.634 m2-koa da, eta 1.975.000 m3 inguruko material-bolumena du guztira. Honela banakatzen da bolumen hori:
– 104.000 m3 barne-jatorrikoak izango dira (harrobiko antzuak, harbeta, bide-zoruak, etab.).
– 16.000 m3 lurzoru hobetuak edo materia organikoan aberatsak diren lurrak izango dira.
– 1.855.000 m3 kanpoko hondeaketen soberakinak izango dira (lur naturalak eta harriak).
Horrela, jasoko diren kanpoko materialak (lurrak eta arrokak) meatzeko antzuen osagarri izango dira betelanaren azken konfigurazioan. Hain zuzen ere, Europako hondakinen zerrendan LER 17 05 04 kodea duten materialak (Lurra eta harriak, 17 05 03 kodean zehazten ez direnak) erabiliko dira betelanetarako, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz. Europako hondakinen zerrenda Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 2014/955/EB Erabakiaren bidez argitaratu zen, zeinak aldatu baitzuen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera. Proiektuan espresuki adierazten da ez direla onartuko hezetasun handia duten lurrak (% 65etik gorakoa), ezta lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat dagoen edo egon den lurzatietatik ekarritako materialak ere.
Proiektatu den betelana burutzeko 30 urteko epea aurreikusten da.
Plazako sakonunearen ezaugarriak eta sartzeko pistaren kokalekua, materialen ezaugarriak eta betelanaren egonkortasun-faktoreak kontuan hartuta, sortutako zuloaren ahalik eta azalera handiena estaltzeko helburua duen diseinua egin da, hain zuzen ere 3H:2V erako lubeten geometria hartuta.
Betelana egiteko, azpiegitura hauek ere jarriko dira: itxitura perimetrala eta harrobirako sarbidearen kontrola, barne-bide bat, drainatze-sare bat eta instalazio osagarriak (dekantazio-putzua, gurpilak garbitzeko sistema eta kontrol-etxola).
Proiektuaren arabera, sartzeko pistak sigi-sagako diseinua izango du; betelanaren aurrealdearen gainazalean irekiko da, eta 10.225 m2-ko azalera duen +310 m-ko kotako plataforma horizontal bateraino.
Drainatze-sareari dagokionez, betelana egiteko II. fasean atondutako hondoko drainatzeaz gain, drainatze-sare bat eraikiko da betelaneko ur-jariatzea ahal den gehien txikiagotzeko. Ahalik eta ornodun txiki gutxien hil daitezen itota/atera ezinik, drainatze-elementu guztiek sekzio triangeluarra edo trapezoidala izango dute; gainera, arrapala txikiak sartuko dira, fauna errazago atera dadin.
Betelanaren isuri-arroaren barnean eremu eta azpieremu hauek bereiziko dira:
– Burualdeko eremua: isurialdeko buruaren eta gailurrera igotzen den bidearen arteko eremua da. Eremu horrek 3.148 m2-ko azalera du, eta isurialdeko urak gailurrera doan bidearen arekan bilduko dira. Areka horrek kanpoko jariatze-ur horiek geldiaraziko ditu, betelanera iristea eragozteko. Areka horrek ekialderanzko malda izango du, eta urak Argari errekara isurtzen dituen lursail naturalera itzuliko ditu.
– Ekialdeko eremua: betelanaren eremutik kanpoko arro bat da, haren ekialdean dagoena. 28.957 m2-ko eremu horretako jariatze-urak harrobiaren bururako sarbideko arekan atzeman behar dira, eta kota baxuagoetara bideratu, lursail naturalean isuri arte.
– Barneko azpieremuak: 138.114 m2-ko azalera dutelarik, betelanaren beraren azalera hartzen dute, funtsean, eta horko urak hainbat arekatan biltzen dira. Areka horiek lur naturalera (SC1, SC2 eta SC3) edo hondakindegiaren oinera (SC4, SC5 eta SC6) eramaten dute ura. Azpiarro bakoitzeko jariatze-urak (SC1, SC2, SC3, SC4, SC5 eta SC6) dagokien arekak jasotzen ditu (C1, C2, C3, C4, C5 eta C6).
Hondakindegiko drainatze-elementuetan bilduko diren jariatze-urak dekantazio-putzuetan amaituko dira.
Harrobitik irteten diren ibilgailuen gurpilak garbitzeko erabiliko den sistema kontrol-etxolaren ondoan egongo da, baskularekin lerrokatuta. Gurpilak garbitzeko sistematik gertu, dekantazio-tanga bat egongo da, eta bertara bideratuko da gurpilak garbitzearen ondoriozko ura. Gurpilak garbitzeko sistemarako ura Madalen errekan eta gurpilak garbitzeko sistemako dekantazio-putzuan baimendutako harguneetatik hornituko da. Bi gune horietan ponpa bana egongo da, ura 30 m3-ko andel batera bidali eta handik kontsumo-ekipoetara helarazteko.
Betelana amaitutakoan, ekipoak kendu, instalazioak desegin, eta eraikuntzak eta obra zibilak eraitsiko dira, ingurunea leheneratze aldera, egoera naturalera itzul dadin.
Ingurumen-dokumentuak landareztatze-lanen bidez proiektatutako paisaia-leheneratzearen deskribapena jasotzen du. Betelanaren azken azaleko lubeten gainean, jarduketa hauek egingo dira:
– Lursaila egokitzea: 20 cm-ko lur-geruza jartzea, materia organikoduna edo mantenugai-ekarpenarekin.
– Zohiztatzea: belarkien eta zurezko landareen hazien nahasketa ereitea, ohiko ahurtarakako ereintzaren bitartez (30 g/m2 belarki eta 4 g/m2), betelanaren amaierako lubetetan.
– Zitu-sortak jartzea.
– Baso misto atlantikoko zuhaitz- eta zuhaixka-aleak landatzea.
Betelana landareztatzeko lanak Ofitas de Rigoitia harrobia leheneratzeko planaren parte izango dira. Aurreko jarduketa horiek proiektuan deskribatutako faseak amaitu ahala egingo dira; horrela, bada, pixkanaka landareztatuko dira eremuak, betelanak eragindako inpaktua murriztearren.
Jarduera ez da behin betiko itxiko landareztatze-lanak amaitu arte; perimetroko itxitura mantenduko da.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektuaren eremua Butroeko Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Harrobiko eremuaren mendebaleko muga Madalen erreka da, eta egin beharreko betelanaren zati bat erreka horren ibilguak zaintzeko eremuan dago. Eremutik gertu daude, halaber, beste ibilgu hauek: Argari erreka eta izenik gabeko 8728 erreka. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, Madalen erreka 0 mailakoa da (1 eta 10 km2 arteko arroa), osagai hidraulikoa kontuan hartuta; eta Argari eta 8728 errekak, berriz, 00 mailakoak (1 km2 baino gutxiagoko arroa). Haien hirigintza-osagaiari dagokionez, landa-esparruko ertzen sailkapenean daude.
Litologiaren ikuspegitik, bete beharreko eremuan isurtze bolkaniko masiboak eta trakitak daude, porositateagatiko iragazkortasun txikia dutenak, porositateagatiko iragazkortasun ertaina duten arroka bolkanoklastikoak ere. Eragindako lurzoruen ikuspegitik, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, azaleraren zati handi bat ingurumen-hobekuntzari eta baso-lurzoru gisa kategorizatutako lurzoruari dagokie; neurri txikiagoan, «nekazaritza eta abeltzaintza: trantsizioko landa-paisaia» kategorian sailkatutako lurzoruak ere badaude.
Proiektuaren eremuan ez dago ez Natura 2000 Sareko gunerik, ezta naturagune babesturik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Hala ere, harrobiaren ekialdean, kilometro bat baino gutxiagoko distantzian, Urdaibaiko Biosfera Erreserba dago (ES213001). Halaber, ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko puntu edo lekurik, ez eta paisaia-balio katalogaturik ere; era berean, ez du erabilera publikoko mendiekin bat egiten.
EUNIS 2019 (geoEuskadi) habitat-kartografiaren arabera, betelanak hartuko duen lurrazalean eraikin eta habitat artifizialak daude, zehazki harrobiak eta aire zabaleko beste erauzketa-leku batzuk, eta, hortaz, ez du landare-estaldurarik. Ingurumen-dokumentuak landaredi-unitate hauek identifikatu ditu Ofitas de Rigoitia harrobiaren inguruan: pinu- (Pinus insignis) eta eukalipto-basoberritzeak (Eucalyptus globulus), haltzadi kantauriarra (galeria-basoen hondarrak), harizti azidofiloa eta sastrakadi garaia, sega-belardiak eta laboreak, eta, azkenik, harkaiztegiak eta haiekin lotutako landare-komunitateak. Eremuan ez dago Batasunaren intereseko habitatik (BIH); alabaina, BI-3213 errepidearen mendebaldean artadi kantauriar bat dago 9340 Quercus ilex eta Quercus rotundifolia espezieen baso gisa katalogatua. GeoEuskadiren kartografiaren arabera, jarduketa-eremuan ez dago flora babestuko espezierik.
Egoera biogeografikoak eta gizakien eraginak nabarmen baldintzatzen dute eremu horretako fauna. Proiektuaren barruan ez dago sartuta fauna mehatxatua kudeatzeko onartutako planetan sartutako eremurik; hala eta guztiz ere, inguruneko ibilgu guztiak (Madalen, Argari eta izenik gabeko 8728 errekak) interes bereziko eremu izendatuta daude bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planean.
Kultura-ondareari dagokionez, betelan-eremuak ez du bat egiten kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariatuekin. Dena dela, ingurumen-dokumentuak adierazten duen moduan, jarduketa-eremutik 500 metro baino gutxiagora elementu hauek daude: Bizkaiko Gurutze Deunaren ermita, Bizkaigane auzoan; Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare Arkitektonikoaren parte diren zenbait eraikin, hala nola Bizkaigane baserria, Etxe Zaharra, Landiaga Bekoa eta Landiaga Goikoa, eta, azkenik, Madalen errekaren ibilbidean dauden zenbait errota, hala nola Aurtenerrota, Bolinaga, Auzarrotera, Errotatxu eta Berrengoerrota.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egin dira sismikotasunari, uholde-arriskuari, baso-suteei, salgai arriskutsuen garraioarekin zerikusia dutenak, bai eta SEVESO araudiaren mendeko enpresen hurbiltasunarekin lotutako arrisku kimikoa ere. Akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia edo oso txikia da. Era berean, ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziak eragindako arriskurik. Higadura errealeko RUSLE ereduaren arabera, lurzatiak higadura-maila oso txikiko eta lurzoru-galera onargarriko eremuak ditu; mendebaldeko ertzean, ordea, muturreko higadura-prozesuak dituen eremu bat dago.
3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren nolakotasuna dela eta, inpaktu adierazgarrienak betelanak beraiek egiteko lanetan sortuko dira, makinen joan-etorriengatik eta lur-mugimenduen ondorioz; horrek guztiak airearen kalitatean izango du inpaktua, hautsa, zarata, bibrazioak eta hondakinak sortuko baitira. Fase honetan, urak –lurrazalekoak edo lurpekoak– kutsatzeko arriskua dago, lur-mugimenduetan erabilitako makinek eragindako istripuzko isuriengatik edo solido esekiengatik; horrez gain, faunari eragozpenak eragingo zaizkio (makinen zirkulazioa, habitataren aldi baterako okupazioa eta betelanak), airearen kalitateari eragingo zaio (obrak egin bitartean hautsa eta beste kutsatzaile batzuk igorriko dira atmosferara), eta giza habitataren kalitateari ere bai (zarata). Horrez gainera, betelana egiteko kanpoko materialak erabiltzea arriskutsua izan daiteke, landare-espezie inbaditzaileak ugaltzea ekar dezakeelako. Ez zaio landarediari kalterik eragingo, harrobiak ez baitu landare-estaldurarik. Era berean, ez da aurreikusten naturagune babestuetan eta Natura 2000 Sarean eraginik izango duenik, ezta kultura-ondarean ere. Bestalde, harrobiko plazaren zuloa betetzeak garai bateko meatze-jardueraren ondoriozko konfigurazioaren paisaia-integrazioa hobetuko du.
Ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, betelana egiteak lursailaren egungo morfologia aldatuko du; izan ere, harrobiak utzitako zuloa beteko du, eta ezponda bat eratuko du harrobiko plazatik (+162 m-ko kotan) +310 m-ko kotan dagoen plataforma bateraino. Era berean, betelanak arrisku geoteknikoak izan ditzake sortuko den ezpondan. Ingurumen-dokumentuak bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek, alde batetik, jarduketak paisaia-integrazioa errazten duelako, eta, bestetik, arrisku geoteknikoa gertatzeko probabilitate txikia dagoelako.
Lurrazaleko hidrologiari dagokionez, ingurumen-dokumentuak aurreikusten du inguruko lurrazaleko uren uhertasun-maila handituko dela, betelan-eremuan partikulak eta finak arrastatzearen ondorioz. Alabaina, harrobiko jariatzeetatik datozen urak Madalen errekara isuri aurretik dekantatzea proposatzen da kontrol-neurri gisa, eta, hori dela-eta, sustatzailearen ustez eragina bateragarria izango da.
Lurpeko hidrologiari dagokionez, ingurumen-dokumentuak adierazten du proiektuak eragina izan lezakeela Zabale iturburuan (Memorika baserria hornitzen duena) eta gaur egun erabiltzen ez den Zabala baserriaren zundaketa batean. Dena den, egin beharreko betelana aprobetxamendu horien balizko elikatze-eremutik kanpo dagoela deritzo. Nolanahi ere, ingurumena zaintzeko programak barne hartzen du Zabale iturburuko uraren kalitatearen kontrola eta jarraipena egitea.
Faunarentzako balizko eragozpenei dagokienez, ingurumen-dokumentuaren arabera, trafiko astunaren hazkundea ez da harrobian dagoenaren % 27ra iritsiko, eta adierazten du espezieek beste babes-eremu naturalizatu batzuk dituztela inguruetan. Gainera, adierazten du ez dela aurreikusten +310 m-ko kotatik gorako ezponda harritsuetan sarerik instalatzea, eta, horrenbestez, hegazti harkaiztarrek ezpondetan habiak egiteko modua izango dutela. Hori guztia dela-eta, inpaktua moderatutzat jotzen du.
Oro har, ingurumen-dokumentuak ingurumenaren aldetik egokia deritzo Ofitas de Rigoitia harrobiko plazaren hutsunea betetzeari, erauzketa-jarduerek bestelakotutako eremu baten paisaia hobetuko delako.
Herritarren lasaitasunari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera, betelana emisio-foku berritzat hartuko da; beraz, jarduerak ezingo ditu gainditu eguneko aldian 55 (+5) dB (A) zarata-mailak, jardueratik hurbilen dauden bizitegi-erabilerako eraikin identifikatuen fatxadetan. Horri dagokionez, Ofitas de Rigoitia harrobiaren ekialdean, 100 metro eta 250 metro ingurura lerro zuzenean neurtuta, hiru etxebizitza isolatu daude, eta eragozpenak izan litzakete zarataren ondorioz. Hala ere, sustatzaileak aditzera eman du betelan-jarduerari loturik etxebizitza horietan espero daitekeen zarata 37,5 dB-koa izango dela; hartara, justifikatuta geratzen da 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Errigoitiko (Bizkaia) Ofitas de Rigoitia harrobian meatze-hondakindegia betetzeko proiektu teknikoaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Gehitu egin beharko dira apartatu hauetan adierazitako neurriak.
Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria:
Bakar-bakarrik onartuko dira hondeaketa-lanetatik ateratako lurrak eta arrokak, Europako hondakinen zerrendan EHZ 170504 kodea dutenak –Europako hondakinen zerrenda Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 2014/955/EB Erabakiaren bidez ezarri zen, zeinak aldatu baitzuen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia–.
Proiektatutako betelanetik kanpo geratzen dira, berariaz, lehen aipatutako material naturalak, baldin eta:
a) Ikusten bada, hondeatzean, material naturalez bestelako material edo objektuekin nahasita daudela, hala nola hormigoi-hondarrak, material zeramikoak, metalak, plastikoak, zurak eta abar.
b) Materialak lurzoru hauetatik badatoz: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan definitutako lurzorua kutsa dezakeen jardueretakoren bat hartu duten zoruak; era berean, lurzorua kutsatuta egon daitekeelako zantzuak badaude.
Natura-ondarea babesteko neurriak:
Eremuaren itxitura perimetralaren zenbait puntutan tarte libreak utzi beharko dira, beheko aldean, lur-arrasetik 15-20 zentimetroko garaierakoak. Betelanak ixteko fasean, hesi guztiak kentzea gomendatzen da.
Ahalik eta animalia txiki gutxien hil daitezen drainatzeko eta isurketak desbideratzeko hodietan itota edo atera ezinik, elementu horiek diseinatzean, arreta jarriko da animaliak atera ezinik gelditu ez daitezen. Hori lortzeko, neurri hauek hartu beharko dira:
– Animaliak irtetea ahalbidetuko duten elementuak gehitzea diseinuan, hala nola arrapala zimurtsu txiki bana 25 metroko tarte bakoitzeko, 30.º inguruko angeludunak edo ihes-zulodunak.
– Ubideen profilak trapezoideak eta uve formakoak izango dira, ez angeluzuzenak; izan ere, zailagoa da animalia txikientzat profil angeluzuzena duten ubideetatik irtetea.
Neurriak hartu beharko dira jatorrien, betelanetako materialetan espezie aloktono inbaditzaileak detektatzeko (Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Amaranthus spp., Echinochloa spp., Buddleja davidii, Baccharis halimifolia, banbuak, etab.) eta espezie horiek sartu eta ugaldu ez daitezen lortzeko.
– Eragindako lekuak leheneratzeko eta paisaia babesteko neurriak:
– Leheneratze-lanak egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraituko zaio, jarraian adierazten diren aldaketak aintzat kontuan hartuta:
i) Zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeari dagokionez, zuhaitz-espezie hauek erabiliko dira: Quercus robur, Acer campestre, Castanea sativa, Betula alba (Tilia platiphyllos espeziearen ordez) eta Fraxinus excelsior; eta zuhaixka-espezie hauek: Corylus avellana, Crataegus monogyna, Cornus sanguinea eta Sambucus nigra (Rubus ulmifolius eta Lonicera peryclimenum espezieen ordez). Zuhaitzen eta zuhaixken arteko proportzioa 1:1 izango da.
ii) Garraio-pistaren ertza leheneratzeko, Criptomeria japonica landatu ordez –proiektu teknikoak jasotzen duen bezala–, Arbutus unedo (% 50) eta Laurus nobilis (% 50) espezieak landatuko dira.
Betelanaren bolumena egokitu beharko zaio bera hartzen duen azalerari; beraz, saihestu beharko dira gehiegizko masak eta inguruko morfologiarekin bat ez datozenak, edo ezponda eta malda handiegiak dituztenak.
– Botatako masa ingurunearen morfologiari egokitu zaio eta haren antza izan beharko du; lurrazalean ez da ertzik sortuko, azalera lauak saihestu behar dira, eta lursail naturalaren eta betelan-gunearen arteko trantsizioak leuna izan behar du (ertzak leundu egin behar dira).
– Betelana ustiatzen den bitartean, guneak ahalik eta denbora gutxien egongo dira landarerik gabe; hori horrela izan dadin, betelan-eremuak osatu ahala landareztatu behar dira. Paisaia leheneratzeko lanak ahal den lasterren egingo dira.
– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira.
Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
– Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak; aurkeztutako leheneratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatutakoan kalteak izan dituztenetan ere egin behar dira lan horiek.
– Ezarritako landaredia mantentzeko lanek gutxienez 5 urte iraungo dute, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:
– Betelanean materialak metatzearekin lotutako jarduera guztietan, lurzorua, lurpeko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak beteko dira.
– Neurriak ezarri beharko dira iragazketak eragindako kutsadura saihesteko, eta, bereziki, proiektuaren faseetan hondakinak, olioak eta erregaiak maneiatzea saihesteko.
– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Beharrezkoa bada, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira obra-eremuetan. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, isurketa egonez gero, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko.
– Obrako makinen parkerako eta haien mantentze-lanetarako erabiltzen den azalera drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Bestalde, mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baita oliorik edo erregairik isuriko lurrean.
– Jabari publiko hidraulikora egiten den isurketa orok Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena izan beharko du.
– Lurra bota aurretik, lurzoru emankorraren goiko geruza modu bereizian erretiratuko da, lehengoratze-prozesuan berrerabiltzeko eta nekazaritza-lurzatiaren emankortasunari eusteko. Horregatik, landare-lurra biltzeko eremu bat hautatu beharko da, proiektuak hartuko duen eremuaren barruan. Geruzak bereizita metatuko dira, gehienez ere 2 metroko altuera eta 3 metroko zabalera duten geruzetan. Komeni da pilaketa-eremuak seinaleztatzea.
– Landare-lurra, pilatuta dagoen bitartean, obrako makinen edo lurra zapaltzearen eraginez ez trinkotzea lortu behar da. Orobat, landare-lurraren ezaugarriak mantendu edo hobetzeko ahaleginak egingo dira, gramineoak eta lekadunak ereinda eta ongarritarako erabilita edo lurra estalita. Pilatutako lurrak aldian behin aztertuko dira, espezie aloktono inbaditzailerik baden detektatzeko, eta, hala badagokio, zuzenketa-neurri egokiak proposatzeko.
– Landare-lurra ahalik eta denbora gutxien edukiko da pilatuta. Ahal den neurrian, geruza horiek ahalik eta lasterren zabalduko dira berriro, haren ezaugarri fisikoen galera galarazteko eta hazien ernetze-gaitasuna eta jarduera biologiko naturala aprobetxatzeko. Edonola ere, materialak uzteko lanak amaitzen direnetik 6 hilabete igaro baino lehen zabaldu beharko da landare-lurra.
– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Proiektua egikaritzean eta hark funtzionatu bitartean sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA–A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, izan daitezkeen ihes eta isuriei eusteko ontzi edo sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak:
Ahalik eta hauts gutxien sortuko da betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean jalkitzean. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:
– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.
– Garraiatu beharreko zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, azaletik ureztatuko da.
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera onean egon beharko dute une oro, lokatzik gabe. Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, toki jakin batzuetan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
Ez da hondakinik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak:
Zarata sorburuan murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata gutxitzen saiatzean, obretan erabilitako tresnen soinu-emisioak kontrolatzean eta abarretan. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira beti.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu (I. eranskina, 2. zatia, F taula).
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea:
– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
a) Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.
b) Hondakinik ez isurtzea, eta lurzorua eta ura ez kutsatzea olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz.
c) Proiektuaren eraginpeko eremuko herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Bai obrak eta bai lurzorua erabiltzea eskatzen duten eragiketa osagarriak proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.
– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.
– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da soberako material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Jarduera uztea.
Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta, beharrezkoa bada, aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.
Ingurumen-aholkularitza.
Obrak hasten direnetik betelanaren ustiapen-aldia amaitu arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan kualifikatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza jasoko da. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, ibilguen gaineko eragina, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Áridos y Canteras del Norte SAk sustatutako Errigoitiko (Bizkaia) Ofitas de Rigoitia harrobian meatze-hondakindegia betetzeko proiektu teknikoari.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urte igaro baino lehen. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 23a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS