
224. zk., 2025eko azaroaren 20a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 2 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4953
AGINDUA, 2025eko azaroaren 11koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez «Fundación Familia Varela para Ayuda Social y Cooperación Internacional» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2025eko maiatzaren 14an, «Fundación Familia Varela para Ayuda Social y Cooperación Internacional» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan.
Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion.
Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren helburuak ezartzen ditu, eta honela dio hitzez hitz:
– Justizia soziala eta behar handiena duten pertsonei laguntzea. Horretarako, laguntza ekonomikoa ematea nazioko zein nazioarteko lankidetza-proiektuei, mota guztietako jarduera ekonomikoak garatzeko, helburu hori lortzeko.
Helburu horiek lortze aldera, fundazioak jarduera hauek egin ahal izango ditu, besteak beste:
– Haurrak eta gazteak: arretarik gabe edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden haur eta gazteen zaintzan, arretan eta hezkuntzan diharduten erakundeak, drogazaletasunaren aurkako prebentzioa eta borroka barne.
– Adinekoak: baliabiderik ez duten adinekoak, gaixoak edo harrera eta etxea behar dutenak zaintzeko eta artatzeko helburua duten erakundeak.
– Gaixoak: baliabiderik ez duten gaixoak edo beren gaitzen larritasunagatik zainketa eta tratamendu bereziak behar dituztenak zaintzen eta artatzen dituzten erakundeak.
– Desgaitasuna duten pertsonak: desgaitasun fisikoa edo intelektuala (gaixotasun mentala barne) duten pertsonak zaintzea, artatzea eta gizarteratzea helburu duten erakundeak.
– Baztertuta edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak: bazterkeria sozioekonomikoko egoeran dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak eta familiak zaintzeko, artatzeko eta integratzeko jarduera duten erakundeak.
Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diruzko ekarpena da.
Jarduteko lurralde-eremua Euskal Autonimia Erkidegoa izango da batez ere.
Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez hiru kidek osatuko dutela eta gehienez zazpik.
Fundazioaren patronatua, hasiera batean, kargu eta kide hauek osatzen dute, eta horien izendapena eta onarpena fundazioaren eskrituran eta zuzenketetan jasota daude:
– Presidentea: Jesús Varela Gómez jauna.
– Idazkaria: Jesús David Varela Astudillo jauna.
– Diruzaina: Jesús Díez Martín jauna.
– Batzordekidea: María Reyes Irigaray Legaz andrea.
Lehenengo patronatu hori epe mugagaberako izendatu da, fundazioaren estatutuen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Patronatu-kide berriak kargutik kentzeko eta izendatzeko prozedura estatutuen 9. eta 10. artikuluetan arautzen da.
2025eko urriaren 24an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu zen, inskripzio-eskaera baloratzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez, bai eta haren bideragarritasunari dagokionez ere. Aholku Batzordeak aldeko txostena egin zuen, aho batez, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2025eko azaroaren 7an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Espediente honi funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bete egin dira, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako betekizunak.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea «Fundación Familia Varela para Ayuda Social y Cooperación Internacional» izeneko fundazioaren eraketa, F-513 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, Getxon, Matías Ruiz Echevarria notarioaren aurrean 2025eko apirilaren 11n egiletsitako (protokolo-zenbakia: 182) eta 2025eko urriaren 7an zuzendutako (protokolo-zenbakia: 776) eskritura publikoan formalizaturiko terminoetan.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 11.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS