
224. zk., 2025eko azaroaren 20a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 7 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
4936
215/2025 DEKRETUA, azaroaren 4koa, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 114.2 artikuluak ahalmena ematen dio Eusko Jaurlaritzari, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainen araubidea erregelamendu bidez ezartzeko, kontuan hartuta polizia-kidego horren izaera eta berezitasun funtzionalak. Erregelamenduak egiteko ahalmen hori baliatuz, urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretua eman zen, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa. Dekretu hura abenduaren 5eko 267/2017 Dekretuaren bidez aldatu zen (azken dekretu horrek zati batean aldatzen du Ertzaintzan jasotzen diren ordainsarien eta konpentsazioen araubidea).
Dekretu honek beste aldaketa bat egiten du, helburua izanik Ertzaintzako funtzionarioek egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainen araubidea zerbitzuaren beraren inguruabar aldakorretara egokitzea. Hartara, praktikan agertu diren eta kalte-ordaina merezi duten beste egoera eta inguruabar batzuk jasoko ditu, zerbitzuen ondoriozko gastuak direlako, funtzionarioek beren gain hartu behar ez dituztenak. Gainera, betiere polizia-kidego hori osatzen duten emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoaren ildotik, tratu-berdintasunaren printzipioan oinarritutako neurriak eta aukera-berdintasuna bermatzekoak hartzen dira, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3. artikuluan jasotakoari jarraituz.
Aldaketa berria Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 125. artikuluan ezarritako mahaian negoziatu ondoren egin da, eta Ertzaintzaren Kontseiluak onartu du.
Ondorioz, Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, gainerako nahitaezko txostenak emanda, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 4an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da 19. artikulua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan.
Honela idatzita geratzen da 19. artikulua:
19. artikulua.– Bestelako joan-etorriak.
«1.– Bidaia-gastuengatiko kalte-ordainak emango dira, aurreko artikuluan azaldutako baldintzetan, honako kasu hauetan:
a) Segurtasunaren arloko eskumena duen saileko abokatuekin egindako bileretara joanez gero, inputatu gisa edo lekuko gisa dagoen prozedura penaletan defentsa prestatzeko, polizia-funtzioa betetzearen ondoriozko gertakarietan ustez inplikatuta egoteagatik.
b) Diziplina Unitatearen zitazioetara lekuko gisa agertzea.
c) Joan-etorriak, baldin eta lotuta badaude Saileko zerbitzu medikoek edo Sailarekin itunduta dauden kanpoko zerbitzu medikoek ezarritako nahitaezko azterketa edo kontsulta medikoetarako zitazioekin.
2.– Inputatu gisa dagoen prozedura penaletan defentsa prestatzeko, segurtasunaren arloko eskumena duen sailekoak ez diren langileek abokatu-laguntza emateko egiten diren joan-etorrien kasuan, behin bakarrik konpentsatuko da bidaia-gastua, kilometro kopuru jakin batean. Kilometro kopuru hori ez da inola ere izango aipatutako saileko abokatu-zerbitzua erabili izan balitz egingo zen distantzia baino handiagoa.
3.– Segurtasunaren arloko eskumena duen sailak, gonbidatu gisa eta zerbitzurik gabeko lanaldi planifikatuarekin bat etorriz, modu pertsonalean deitzen dituen ekitaldietara joaten diren ertzainek eskubidea izango dute etxetik ekitaldia egingo den tokira joateko gastuen kalte-ordaina jasotzeko. Bertaratzea planifikatutako lanaldiarekin batera gertatzen bada, joan-etorriko gastuaren kalte-ordaina ekitaldira joateko egindako ibilbidearen kilometrajearen eta lanera joan izan balitz egingo zukeenaren arteko aldeagatik izango da, hura handiagoa izango balitz».
Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da 21. artikulua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan.
Honela idatzita geratzen da 21. artikulua:
21. artikulua.– Beste prestakuntza-jarduera batzuk.
«1.– Betetzen dituzten eginkizunekin edo lanpostuarekin zuzeneko zerikusia duten lanbide-hobekuntzako ikastaroak edo ikasketak funtzionarioen eskariz egiteak kalte-ordainak jasotzeko eskubidea emango du. Kalte-ordain horiek ikastaro horietara joateko baimena ematen duen ebazpenean zehaztuko dira, gertatzen diren inguruabarrak eta dekretu honetako aurreikuspenak kontuan hartuta.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako ikastaroak edo ikasketak Administrazioak agintzen baditu, dekretu honen 20. artikuluan derrigorrezko ikastaroetara joateko aurreikusitako araubidea aplikatuko da. Nolanahi ere, funtzionarioek ikastaro edo ikasketa horiek egiteko betebeharra dutela ezartzen duen ebazpenak ezarriko du, baita ere, aplikatu beharreko kalte-ordainen araubide zehatza.
3.– Lantokian bertan antolatutako prestakuntza-jardunaldietara joatea egun horretarako planifikatutako lanaldiaren ordutegiaren barruan ez dagoen ordutegi batean gertatzen bada, langileek eskubidea izango dute joan-etorriko gastuaren kalte-ordaina jasotzeko».
Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da 25. artikulua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan.
Honela idatzita geratzen da 25. artikulua:
25. artikulua.– Lan-txanda luzatzearen ondoriozko kalte-ordaina.
«1.– Lan-eguna planifikatuta daukaten eta zerbitzuaren beharrengatik lanaldia gutxienez bi orduz luzatu behar duten langileek –betiere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den ordu-erregimenean ezarritako lanaldi-motari dagokionez–, eskubidea izango dute mantenu-dieta jasotzeko, dekretu honen eranskinaren 4. apartatuan aurreikusitako zenbatekoan, edo, bestela, 7. artikuluan aurreikusitako otordu-gastua konpentsatzeko, lan-ordutegitik kanpo egina.
Ondorio horietarako, lanaldiaren luzapentzat hartuko da planifikatutako lanaldiaz gainera egiten den benetako lan-denbora, etenik gabe egina, bai lanaldia lehenago hasiz, bai lanaldia amaitutakoan lanean jarraituz.
Ordutegi malgua duten langileen kasuan, lanaldiaren luzapentzat hartuko da taldean edo atalean normalean egin ohi den lanaldia gainditzen duen zerbitzu-ematea.
2.– Planifikatutako lanalditik kanpo prestakuntza-jardunaldi edo ikastaroetara joatea ez da planifikatutako txanda ez den beste txanda batean emandako zerbitzutzat hartuko, eta, beraz, ez dira aplikatuko artikulu honetan aurreikusitako kalte-ordainak».
Laugarren artikulua.– Aldatu egiten da 26. artikulua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan.
Honela idatzita geratzen da 26. artikulua:
26. artikulua.– Pertsonak babesteko berariazko zerbitzua emateagatiko kalte-ordaina.
«1.– Pertsonak babesteko berariazko zerbitzua ematen duten langileek konpentsazio hauek jasotzeko eskubidea izango dute:
a) Oro har, eskubidea emango du dekretu honen eranskinaren 4. apartatuan aipatzen den mantenu-dietari dagokion zenbatekoa jasotzeko, edo, bestela, benetan lan egindako egun bakoitzeko otordu-gastuak konpentsatzeko.
b) Lanaldi baten amaieraren eta hurrengoaren hasieraren artean hamabi ordu baino gutxiago igarotzen badira, amaitzen den lanaldiagatiko konpentsazioa dekretu honen eranskinaren 4. apartatuan aurreikusitako bi mantenu-dietari edo bi otordu-gasturi dagokien zenbatekoa izango da.
c) Asteko azken lanegunean zerbitzua 24:00ak baino geroago amaitzen bada, dekretu honen eranskinaren 4. apartatuan aurreikusitako bi mantenu-dietari edo bi otordu-gasturi dagokien zenbatekoa ordainduko da.
d) Nolanahi ere, lanaldia 16:00etatik aurrera hasten bada, eranskinaren 4. apartatuan aipatzen den mantenu-dieta edo otordu-gastua baino ez da ordainduko.
2.– Salbuespen gisa, otordu-gastuetan benetan gastatutako zenbatekoa ordaindu ahal izango da, faktura bidez justifikatuta, nahiz eta zenbatekoa dietarako aurreikusitakoa baino handiagoa izan, Unitateko Burutzak behar bezala arrazoitutako salbuespenezko arrazoiak daudenean. Faktura horiek ordaintzea bateraezina da dieta edo haren ehunekoa ordaintzearekin.
3.– Zerbitzua ematen duen egun bakoitzeko joan-etorrien gastuak jasotzeko eskubidea izango du, hau da, bere bizilekuaren eta zerbitzua hasteko edo amaitzeko ibilgailua aparkatzeko agindua ematen den lekuaren artean dagoen kilometro kopurua.
4.– Ostatu-gastuak egokituko zaizkio, baldin eta zerbitzuaren beharrek gaua etxetik kanpo ematea badakarte, Unitateko Burutzak baimena eman ondoren.
5.– Zerbitzuaren premiak direla-eta pertsona babestuak gastuak egin behar baditu, hala nola aparkalekua, esparru publikoetako sarrerak, garraio-txartelak eta abar, langileek konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute, egindako gastuaren egiaztagiria aurkeztu eta Unitateko Burutzak baimena eman ondoren.
6.– Entrenamendu-jardunaldiak egiten diren aste bakoitzean, langileek joaneko eta etorriko gastuen kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, bizi diren herriaren eta entrenamendua egin den lekuaren artean dagoen kilometro kopuruagatik. Langile horiek gaua instalazioetan pasatzeko aukera izango dute».
Bosgarren artikulua.– Aldatu egiten da 27. artikulua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan.
Honela idatzita geratzen da 27. artikulua:
27. artikulua.– Gastuen kalte-ordaina beste kasu batzuetan.
«1.– Giza Baliabideen Zuzendaritzako titularrak, Ertzaintzaren Zuzendaritzak txostena egin ondoren, gastuak dekretu honetan aurreikusi ez diren baldintzetan konpentsatzeko baimena eman ahal izango du, baldin eta langileak ikerketa jakin bat garatzen ari badira eta, zerbitzuak emateko baldintzen izaera berezia dela-eta, kalte-ordaina jaso behar duten zerbitzu-gastuak sortzen badira.
2.– Abenduaren 24an eta 31n gaueko txandan eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean goizeko edo arratsaldeko txandan lan egiten duten langileek, bai planifikatutako lanaldi osoan benetako zerbitzuak ematen dituztenek, bai egun librean eskatuta zerbitzuak ematen dituztenek, Gabonetan 150 euroko dieta jasotzeko eskubidea izango dute.
Gabonetako dieta hori jasotzeak ez du ekarriko lanaldi horietan lan egiteagatik mantenu-gastuak konpentsatzea.
Data horiek larunbatarekin edo igandearekin bat datozenean, goizeko txanda aipatzen denean eguneko txanda ulertuko da, eta gaueko txanda aipatzen denean, arratsaldeko-gaueko txanda.
3.– Ekintza terroristaren edo kale borrokaren ondorioz ertzainen ibilgailu partikularrek jasaten dituzten kalteak segurtasunaren arloko eskumena duen sailak ordainduko ditu, ibilgailuaren salmenta-balioaren eta erabilera-balioaren arteko aldeari dagokion zenbatekoan, eta gutxienez 1.500 euroko kalte-ordaina bermatuko da istripua izan duen ibilgailu bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da ibilgailua aseguratuta egotea. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta segurtasunaren arloko eskumena duen saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak tramitatu eta ordaindu ondoren sortuko da kalte-ordaina. Peritutza Peritu Tasatzaileen Lanbide Elkargoak egingo du. Kalte-ordain hori jasotzeko, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak aldeko ebazpena eman beharko du, derrigor.
4.– Segurtasunaren arloko eskumena duen sailak, interesdunek eskatuta, matrikula segurtasun-arrazoiengatik aldatzeko izapideak egingo ditu, baina horrek ez die inolako gasturik eragingo, eta arrazoi horrek eragindako gastuen kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, hau da: tasak (halakorik balego), matrikula-plaken kostua eta IATaren kostua.
5.– Segurtasunaren arloko eskumena duen sailak osorik ordainduko du BTP eta C1 karneten edo haien baliokideen berritzea, baina gehienez ere 10 euroko argazkigintza-gastuak onartuko dira.
Segurtasunaren arloko eskumena duen sailak ordainduko du betetzen den lanpostua betetzeko beharrezkoak diren karnetak berritzeko gastua.
6.– Habeas corpus kasuetan, gaueko txanda baten hurrengo goizean agertuz gero, eta ertzaina ez bada bere etxera joan lan-txanda amaitu ondoren, gosariko gastua konpentsatzeko eskubidea izango du, faktura bidez egiaztatua. Konpentsatu beharreko gehieneko zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioei aplikatu beharreko zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko araudi orokorrean aurreikusitako mantenu-dietaren zenbatekoaren % 15 izango da».
Seigarren artikulua.– Aldatu egiten da 29. artikulua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan.
Honela idatzita geratzen da 29. artikulua:
29. artikulua.– Uniformeaz bestelako jantziak erabili eta erosteagatiko kalte-ordaina.
«1.– Unitateko Burutzak uniformeaz bestelako jantziekin lan egiteko agindu eta urte natural berean hala jantzita berrogeita bost egunetik laurogeita hamar egunera bitarte benetan lan egiten duten ertzainek eskubidea izango dute urte bakoitzaren amaieran 155 euroko konpentsazioa jasotzeko. Egoera horrek laurogeita hamar egun baino gehiago irauten badu urte berean, konpentsazioaren zenbatekoa 466 eurokoa izango da. Kalte-ordain hori ez zaie aplikatuko artikulu honen bigarren apartatuan aipatzen diren langileei.
Ondorio horietarako, uniformeaz bestelako jantziekin lan egiteko zerbitzu-agindua ematen den lanaldi bakoitza zenbatuko da, taktikaren benetako iraupena edozein dela ere.
Dagokion zenbatekoa hurrengo urteko lehenengo bi hilabeteetan ordainduko da, langileen datu-basearen ordutegi-kontrolaren erregistroan jasotako datuen arabera, eta, salbuespen gisa, Unitateko Burutzak behar bezala arrazoitutako txostena egin ondoren.
2.– Babeserako eta Esku Hartzeko Unitateetan lan egiten duten Ertzaintzako langileek gehienez ere 1.116 euro jaso ahal izango dituzte urtero uniformeaz bestelako jantziak erosteko gastuen konpentsazio gisa, eta aurretiaz dagozkien fakturak aurkeztu beharko dituzte. Konpentsazioaren zenbatekoa ez da inoiz izango aurkeztutako fakturen bidez egiaztatutako gastua baino handiagoa.
Konpentsazioa ordaintzeko, Unitateko Burutzaren aldeko txostena beharko da, erositako jantzi-mota lana egiteko moduari egokitzen zaiola adierazten duena, horixe baita konpentsazio horren funtsa».
Zazpigarren artikulua.– Aldatu egiten da eranskina, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan.
Honela idatzita geratzen da eranskina:
«ERANSKINA, URTARRILAREN 17KO 5/2012 DEKRETUARENA.
ZERBITZUEN ONDORIOZKO KALTE-ORDAINEN ZENBATEKOAK
1.– Bidaia-gastuak:
Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioei oro har aplikatu beharreko araudian aurreikusitako zenbatekoak aplikatuko zaizkio ibilgailu partikularra edo motozikleta erabiltzearen ondoriozko kalte-ordainari.
2.– Otordu-gastuak:
Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioei oro har aplikatu beharreko araudian bazkariari eta afariari buruz aurreikusitako mugak aplikatuko dira.
Gosari-gastua, kalte-ordaina eman behar denean, Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioei oro har aplikatu beharreko araudian aurreikusitako mantenu-dieta osoaren % 15 izango da gehienez ere.
3.– Mantenu orokorraren dieta:
Mantenu-dietaren zenbatekoa, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioei oro har aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoa izango da. Kasu bakoitzean ordain daitekeen dietaren zenbatekoa dieta osoa edo dieta erdia izan daiteke, baina bidezkoa izan daiteke dieta osoaren zenbatekoaren % 15 ordaintzea gosari gisa.
4.– Mantenu bereziaren dieta:
14. artikuluan (Egun librean lan egitea), 15. artikuluan (Zerbitzurik gabeko txanda planifikatuan lan egitea), 25. artikuluan (Lan-txanda luzatzeagatiko kalte-ordaina), 26. artikuluan (Pertsonak babesteko zerbitzu espezifikoa emateagatiko kalte-ordaina) eta 27. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitako kasuetan, hautazko mantenu-dietaren zenbatekoa 17 eurokoa izango da.
Puntu honetan aurreikusitako zenbatekoa handitu egingo da, zerbitzuagatiko kalte-ordainak handitzen diren neurri berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeari jarraikiz.
5.– Etxez aldatzeagatiko kalte-ordaina:
Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioei oro har aplikatu beharreko araudian aurreikusitako zenbatekoak aplikatuko dira.
6.– Langileak hautatzeko prozesuak epaitzen dituzten epaimahaietan parte hartzeagatiko bertaratzeak:
Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioei oro har aplikatu beharreko araudian aurreikusitako zenbatekoak aplikatuko dira.
7.– 28. artikuluan aurreikusitako objektuak eta jantziak birjartzea edo konpontzea.
Kalte-ordainak honako muga kuantitatibo hauekin emango dira:
a) Betaurrekoak/lentillak: 120 euro arte.
b) Erlojua, 120 euro.
c) Galtzak eta gona, 60 eurora arte.
d) Alkandora edo antzekoa, 48 eurora arte.
e) Txamarra, 150 euro arte.
f) Amerikarra edo jaka, 150 eurora arte.
g) Oinetakoak, 60 euro arte.
Puntu honetan jasotako zenbatekoak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera igoko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Negoziazio Mahai Orokorrean ezartzen den ordainsarien igoera orokorraren ehuneko berean».
AZKEN XEDAPENA BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 4an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS