
223. zk., 2025eko azaroaren 19a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 5 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
4921
219/2025 DEKRETUA, azaroaren 11koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Finantzen Euskal Institutuari Indartuz Kapitala SA sozietate anonimo publikoa sortzeko eta haren akzioak eskuratzeko.
Maiatzaren 22ko 5/2025 Legearen bidez, abenduaren 20ko 8/2024 Legea aldatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena; hemeretzigarren xedapen gehigarri bat gehitu zion, Euskal Autonomia Erkidegoaren eraldaketa ekonomikoari lotutako inbertsioak finantzatzeko zorpetze gehigarri bat baimentzen duena.
Abenduaren 20ko 8/2024 Legeak jarritako zorpetze-mugaren aldaketa horri esker, zorpetze gehigarri eta ezohiko bat balia daiteke Euskadiko ekonomia eraldatzeko inbertsio-lerroak finantzatzeko; bereziki, sektore zientifiko-teknologikoan, energetikoan, enpresa-sektorean eta industrian eragin zuzena dutenak finantzatzeko.
Inbertsio-lerro horien finantzaketa antolatu ahal izateko, abenduaren 20ko 8/2024 Legearen hemeretzigarren xedapen gehigarriak Indartuz finantza-tresnen eta -partizipazioen funts estrategikoa sortzen du Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuetan, zuzkidura bereizi gisa, eta institutu horri ahalmena ematen dio Indartuz funtsaren kargura egindako inbertsioak Finantzen Euskal Institutuak zuzenean egin ditzan, edo zeharka, kapital erabat publikoa duen eta entitate horren titulartasunekoa den sozietate baten edo batzuen bidez. Sozietate publikoen bidez zeharka kudeatuz gero, sozietate horiek sortzeko, Finantzen Euskal Erakundeak beste ekarpen batzuk ere egin ditzake, Indartuz funtsa finantzatzeko aurreikusitako zuzkidurez gainera: merkataritza-sozietateen kapitalean dituen akzioak eta partizipazioak, lehentasunezko harpidetza-eskubideak, obligazioak, kredituak eta bere titulartasuneko antzeko beste edozein eskubide.
Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 40.2 artikuluaren arabera, kapital-sozietateak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietateak dira, haien partaidetzaren gehiengoa hauek badute: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, haren administrazio instituzionaleko enteek edo haren beste ente instrumentalek, bai zuzenbide pribatukoek bai zuzenbide publikokoek. Sozietate bateko partaidetzaren gehiengoa duten ebazteko, guztira kontuan hartu behar dira entitate horien titulartasunekoak diren eta kapitala ordezkatzen duten partizipazio edo akzio guztiak.
Maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 40.4 artikuluaren arabera, salbuespenezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo haren sektore publikoko edozein entek kapital-sozietateak eratzea edo haietan parte hartzea. Kapital-sozietateak eratzeko edo haietan parte hartzeko, honako hauek arrazoitu beharko dira, besteak beste: arrazoi estrategiko erabakigarriak daudela sozietateak jarduten duen sektore ekonomikoarentzat edo sozietate hori dela bidea herritarrek ondasun eta zerbitzuak berdintasunez eskuratzea bermatzeko zenbait arrazoiren ondorioz ekimen pribatuaren eskaintza nahikoa edo egokia ez denean. 5. apartatuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietateak, ahal dela, sozietate anonimo modura eratu beharko dira, eta haiek sortzea baimentzen duen araua onartzearekin batera eratuko dira betiere.
Era berean, maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 45.1 artikuluaren arabera,– sozietate publikoak eratzeko, Jaurlaritzak dekretuz baimendu beharko du haiek sortzea eta Administrazio orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateren batek partizipazioak eskuratzea.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak, berriz, hau ezartzen du 110.1 artikuluan: «Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko ente baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera». Era berean, dekretuak xedatzen du nahitaezkoa izango dela sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak izango duen zuzeneko nahiz zeharkako partaidetzaren ehunekoa ere, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dela, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango dela indarrean.
2025eko ekainaren 4an, Finantzen Euskal Institutuaren Administrazio Kontseiluak erabaki du institutuaren mendeko merkataritza-sozietate bat eratzea onestea, Indartuz finantza-partizipazioen funts estrategikoaren parte bat bideratzeko, eta haren helburu bakarra hau izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eraldatzeko inbertsio-lerroak finantzatzea; bereziki, sektore zientifiko-teknologikoan, energetikoan, enpresa-sektorean eta industrian eragin zuzena dutenak. Ahalmena emango zaio, halaber, Zuzendaritza Nagusiari behar diren izapide guztiak egiteko, bai eta helburu hori betetzeko behar diren era guztietako agiri publiko edo pribatuak sinatzeko ere, eta, aurreko paragrafoetan azaldutakoari jarraikiz, Gobernu Kontseiluaren baimena eskatuko da.
Hala, maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hau da sozietate publiko bat sortzeko oinarria: Finantzen Euskal Institutuari tresna arin, espezializatu eta operatibo bat emateko beharra, Indartuz funtsaren zati bat bideratzeko, Euskadiren eraldaketa ekonomikoa bultzatzeko, maiatzaren 22ko 5/2025 Legea betez. Eraldaketa horretarako, beharrezkoa da erantzun eraginkorra ematea sektore estrategikoetan, hala nola sektore zientifiko-teknologikoan, energetikoan, enpresa-sektorean eta industrian, Eusko Jaurlaritzak 2025eko martxoaren 3an sinatutako Finantza Aliantza berriaren Lankidetza Protokoloaren barruan.
Behar publiko espezifiko bat dago, oraingo egiturek betetzen ez dutena, eta sozietatea horretarako da, hain zuzen ere; haren kudeaketa-lana malguagoa eta efizienteagoa izango da Finantzen Euskal Institutuak zuzenean egingo lukeena baino, erabakiak hartzeari eta inbertsioak egiteari dagokienez bereziki.
Era berean, sozietatea sortzeak ez dakar beste entitate publiko batzuen funtzioak bikoiztea; aitzitik, osagarri espezializatu gisa jardutea da haren sorrerako helburua, helburu sozial jakin batera mugatuta, eta lankidetza publiko-pribatua erraztea ekinbide pribatua behar diren inbertsioak egitera eta behar den koordinazioa edo eragina izatera bere kabuz heltzen ez den eremuetan.
Sozietatea, sortzez, tresna bat da erakundeen oreka aldatu gabe eta lehendik dauden beste tresna batzuen lekuan jarri gabe aukera ematen duena baliabide publikoen eragina maximizatzeko, kapital pribatua mobilizatzeko eta egindako inbertsioen trazabilitatea, gardentasuna eta kontrola bermatzeko. Gainera, sozietatea administrazio onaren eta efizientzia publikoaren printzipioetara etengabe egokitzeko asmoz, kontrol-adierazleak eta -irizpideak ezarriko dira aldizka ebaluazioak egiteko sozietatearen komenigarritasunari buruz eta haren sorrerarekin lortu nahi ziren emaitzei buruz. Adibidez, eraginaren adierazleak (inbertsio-bolumenak, eragiketen kopurua eta eragiketen tipologia), efizientzia operatiboarenak (helburuekiko egikaritze-mailak), gobernantzaren eta gardentasunaren adierazleak (inbertsioen memoria argitaratzea, partaidetzapeko entitateek gobernu-organoetan parte hartzea, Estatuko laguntzen arloko Europako araudia betetzea). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak kontrolatuko du egiazki sozietatea, gobernu-organoetan dituen ordezkarien bidez.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
EBAZTEN DUT:
I KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
Lehenengoa.– Sorrera eta egoitza.
1.– Finantzen Euskal Institutuari baimena ematea sozietate publiko bat sortzeko; sozietate anonimoa izan behar du, eta eratzen denean Finantzen Euskal Institutua izango da haren bazkide bakarra eta akzioen ehuneko ehunen (% 100) titularra; sozietateak Indartuz Kapitala SA izena izango du.
2.– Sozietatearen egoitza soziala hau izango da: Bilboko La Bolsa eraikina, Jose Maria Olabarri kalea 1, 3. solairua, 48001 Bilbao (Bizkaia).
Bigarrena.– Sozietatearen estatutuak eta sozietateari aplikatu beharreko xedapenak.
Sozietatearen estatutuak ez ezik, sozietate publikoei aplikatu beharreko xedapenak eta kapital-sozietateei buruzko legeetan xedatutakoa ere aplikatuko zaizkio Indartuz Kapitala SA sozietate publikoari.
Hirugarrena.– Xedea eta funtzioak.
Orokorrean, sozietatearen xede soziala Euskadiko ekonomia eraldatzeko inbertsio-lerroak finantzatzea da; bereziki, sektore zientifiko-teknologikoari, sektore energetikoari, enpresa-sektoreari eta industriari zuzenean eragiten dietenak.
Horri lotuta, azalpen orokor gisa betiere, sozietateak honela bete dezake xede soziala: edozein zor-tresna edo finantza-tresna –hala nola maileguak, itzuli beharreko aurrerakinak, bonuak, abalak, bermeak (aurrerantzean, finantza-tresnak)– lagaz, kudeatuz, eskuratuz edo haietan parte hartuz; bere kontura zuzenean edo zeharka eskuratuz, besterenduz, edukiz eta administratuz nortasun juridikoa duten edo halakorik ez duten sozietateen edo entitateen akzioak, sozietate-partizipazioak, kuotak eta sozietateen kapitalean parte hartzeko beste edozein era edo interes edo akzio, sozietate-partizipazio, kuota, partaidetza eta errenta finkoko edo intereseko balio horiek eskuratzeko eskubidea ematen duten tituluak (aurrerantzean, partaidetza-eskuratzeak), eta sozietate edo entitate horiek zuzenean edo zeharka administratuz, kudeatuz eta zuzenduz, haiek gobernatzeko eta kudeatzeko edozein organotako kide izanez, haietan parte hartuz eta horietan karguren bat betez.
Laugarrena.– Sozietatearen kapitala.
Sozietatearen hasierako kapitala berrehun eta hirurogei milioi (260.000.000) euro da, eta 2.600 akzio arrunt eta izendunetan adierazia dago. Akzioak klase eta serie bakarrekoak dira, bakoitza ehun mila (100.000) euroko balio nominalekoa, eta zenbaki korrelatiboak dituzte, 1etik 2.600era (biak barne); eskubide politiko eta ekonomiko berberak ematen dituzte, eta tituluen bidez emanda daude.
Akzioak izendunak izango dira, eta sortzeko kapitala Finantzen Euskal Institutuak harpidetuko du oso-osorik. Akzioen % 25 ordainduko da sozietatea eratzeko unean. Gainerako % 75era iritsi arteko ordainketak diruzko ekarpenen bidez egingo dira, bost urte igaro baino lehen; administrazio-organoak zehaztuko ditu egunak eta zenbatekoak.
Baimena ematen da Finantzen Euskal Institutuak sozietatea eratzeko unean harpidetzen dituen akzioei dagokien nominalaren zati bat ordaintzeko, bai eta sozietatearen kapitalaren % 100era iritsi arteko ondorengo ordainketak egiteko ere.
Bosgarrena.– Adskripzioa eta ondare-araubidea.
Indartuz Kapitala SA sozietate publikoa finantzen arloan eskumena duen sailari adskribatzen zaio.
II. KAPITULUA. EGITURA ORGANIKOA
Seigarrena.– Gobernu-organoak.
Indartuz Kapitala SA sozietate publikoan Akziodunen Batzar Nagusiak eta haren administrazio-organoak aginduko dute, eta organo horrek ordezkatuko du sozietatea.
Gobernu-organoen osaera eta eginkizunak estatutuetan zehaztuko dira.
Zazpigarrena.– Akziodunen Batzar Nagusia.
Finantzen Euskal Institutuari dagozkion bazkide-eskubideak Zuzendaritza Nagusiak baliatuko ditu; hark du haren legezko ordezkaritza, Finantzen Euskal Institutua Erregulatzen duen abenduaren 21eko 19/2023 Legearen 4.4 eta 8.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
III. KAPITULUA. EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA ETA LANGILEEN ARAUBIDEA
Zortzigarrena.– Ekonomia- eta finantza-araubidea.
Sozietateak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei dagokienez, gai horietan berariaz aplikatu behar zaizkion xedapenak bete behar ditu, baita, xedapen horiekiko kontraesanik ez dagoenean, ordenamendu juridiko pribatua ere.
Inoiz ezingo du eduki aginpide publikoaz baliatzeko ahalmenik.
Bederatzigarrena.– Langileen araubidea.
Indartuz Kapitala SA sozietate publikoan zerbitzuak ematen dituzten langileek lan-zuzenbideko arauei eta Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen arauei eta harekin bat datorren araudiari jarraituko diete, aplikatzea zer dagokien. Hala ere, hasiera batean, sozietateak ez du giza baliabiderik izango langileetan; izan ere, kudeaketa-lan guztiak Finantzen Euskal Institutuko langileek berek egitea da asmoa.
Hamargarrena.– Sozietatea eratzeko jarduketak egitea.
Finantzen Euskal Institutuko zuzendariari ahalmena ematen zaio sozietatea eratzeko eskritura publikoa egilesteko egintzan parte hartzeko eta administrazio-organoko karguak eta kideak izendatu ondoren izendapena formalizatzeko erakunde horren izenean, bai eta Finantzen Euskal Institutuari esleitutako akzioen zenbatekoa harpidetzeko eta estaltzeko behar diren ordainketak eta ekarpenak egiteko eta sozietatea eratzeko behar diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak egiteko ere.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Indargabeturik geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Ondoreak.
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 11n.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
RSS