Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2025eko azaroaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4906

95/2025 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Berdintasun Ministerioarekin (LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusia) sinatutako lankidetza-hitzarmena, LGTBIfobiaren arloko informazio eta arreta integralerako telefono-zerbitzua emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berdintasun Ministerioarekin (LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusia) sinatutako lankidetza-hitzarmena, LGTBIfobiaren arloko informazio eta arreta integralerako telefono-zerbitzua emateko. Lankidetza-hitzarmena hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 11.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 11KO 95/2025 EBAZPENARENA
HITZARMENA, BERDINTASUN MINISTERIOAREN (LGTBI+ PERTSONEN BERDINTASUN ERREAL ETA ERAGINKORRERAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA) ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN (ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILAREN BIDEZ) ARTEKOA, LGTBIFOBIAREN ARLOKO INFORMAZIO ETA ARRETA INTEGRALERAKO TELEFONO-ZERBITZUA EMATEKO.
BILDUTA:

Alde batetik, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusiaren titularra, abenduaren 7ko 1072/2023 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Berdintasuneko ministroak proposatuta, Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko estatu-idazkariaren ordezkari gisa, gastu-mugak ezartzeko eta eskumenak eskuordetzeko abenduaren 17ko IGD/1249/2020 Aginduaren hemeretzigarren artikuluaren a) letrak ematen dizkion eskumen eskuordetuak baliatuz.

Eta bestetik, Nerea Melgosa Vega, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua, ekainaren 23ko 29/2024 Dekretuaren arabera izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa, eta egintza honetarako baimendua, Gobernu Kontseiluak 2025eko irailaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez.

Beren erakundeen izenean eta haiek ordezkatuz esku hartzen dute, legez esleituta dituzten eskumenak baliatuz. Bi alderdiek hitzartzeko gaitasun juridikoa aitortzen diote elkarri, eta, horrenbestez, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Ministerioetako sailak berregituratzen dituen azaroaren 20ko 829/2023 Errege Dekretuak Berdintasun Ministerioari eusten dio, eta xedatzen du ministerio-sail horri dagokiola berdintasunaren arloko Gobernuaren politika eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izateko eta diskriminazio mota oro desagerrarazteko politikak proposatzea eta gauzatzea.

Ministerio honek, organo gorena den aldetik, Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaritza du.

Bigarrena.– Berdintasun Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen eta ministerioetako sailen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 5eko 1009/2023 Errege Dekretua aldatzen duen martxoaren 8ko 246/2024 Errege Dekretuak, 5. artikuluan, LGTBI+ pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dizkio LGTBI+ pertsonen tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea bermatzeko neurriak proposatzeko eta garatzeko eginkizunak, haien askatasun afektibo-sexualari dagokionez erabateko askatasuna bermatuz, eta, bereziki, honako eginkizun hauek:

a) Estatuko Administrazio Orokorraren politikak koordinatzea LGTBI+ pertsonen tratu- eta aukera-berdintasunaren arloan, eta lankidetza-politikak garatzea autonomia-erkidegoetako administrazioekin eta toki-entitateekin beren eskumeneko gaietan, bai eta beste eragile publiko eta pribatu batzuekin ere, hargatik eragotzi gabe beste ministerio-sail batzuetako organoei esleitutako eskumenak.

b) LGTBI+ pertsonen tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko arau-neurriak prestatzea eta proposatzea.

c) Txostenak eta azterlanak egitea, pertsonen tratu-berdintasunerako eta sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, genero-adierazpenagatik eta sexu-ezaugarriengatik ez diskriminatzeko eskubideari eragiten dioten gaietan, bizitzaren edozein esparrutan.

d) LGTBI+ pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko neurriak bultzatzea, trans pertsonen egoerari arreta berezia eskainiz.

e) Ministerio-sail eta administrazio publiko eskudunekin lankidetzan, LGTBI+ pertsonen benetako berdintasun eraginkorra eta diskriminaziorik eza sustatzeko jarduketak proposatzea eremu guztietan, arreta berezia jarriz administrazio-, hezkuntza-, lan-, osasun-, kirol-, kultura-eremuetan eta familia, haur eta gazteen eremuetan.

f) Aniztasun afektibo-sexualari, familia-aniztasunari eta genero-aniztasunari buruzko sentsibilizazio-kanpainak egitea eta zabaltzea, bai eta LGTBI+ pertsonen eskubideak sustatzekoak ere.

g) Neurriak proposatzea sexu-orientazioak, genero-identitateak, genero-adierazpenak edo sexu-ezaugarriek eragindako gorroto-delituak prebenitzeko eta desagerrarazteko, bai eta biktimei ematen zaien laguntza eta arreta hobetzeko ere, hargatik eragotzi gabe beste ministerio-sail batzuen eskumenak.

h) LGTBI+ pertsonen eskubideen alde lan egiten duten erakundeen jarduerak sustatzea, eragiten dieten gaietan erabakiak hartzeko prozesuetan parte har dezaten erraztuz.

i) Nazioarteko harremanetan parte hartzea eta horiei eustea, hargatik eragotzi gabe Idazkaritza Nagusi Teknikoari esleitutako eskumenak.

j) Tratu-berdintasunaren eta sexu-orientazioagatiko, sexu- edo genero-identitateagatiko, genero-adierazpenagatiko edo sexu-ezaugarriengatiko diskriminaziorik ezaren arloko zehapen-prozedurak hastea eta izapidetzea, sailaren eskumenekoak diren kasuetan.

Hirugarrena.– 2022ko maiatzaren 17an, Ministro Kontseiluak, Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren maiatzaren 17ko adierazpen instituzionala onartuta, konpromisoa hartu zuen doako arreta-zerbitzu bat sortzeko, berariaz LGTBIfobiagatiko gorroto- edo diskriminazio-delituen biktimei arreta emateko, bai eta LGTBI+ pertsonen edo hurbilekoen edozein premiari buruzko informazioa emateko eta erantzuteko ere.

Laugarrena.– Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren 2022ko uztailaren 6ko Ebazpenak, zeinaren bidez 028 zenbakia esleitzen baitzaio LGTBIfobiaren biktimei eta haien familiei informazioa emateko zerbitzuari, telefono-zenbakikuntzaren plan nazionalaren 028 zenbaki laburra esleitzen dio zerbitzu horri, interes sozialekotzat jotzen baita.

Bosgarrena.– Esleituta dituen eskumenen arabera, Berdintasun Ministerioari dagokio, Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaritzaren bidez, 028 Arcoíris zerbitzua ematea, LGTBIfobiaren arloko informazio eta arreta integralekoa, 028 markatze laburtuko telefono-zenbakiaren eta posta elektronikoaren bidez, zeinak bermatzen baitu LGTBIfobiagatiko diskriminazioaren eta indarkeriaren biktimen egoera pertsonalerako informazio eta aholkularitza egokia jasotzeko eskubidea, lurralde nazional osoan. 028 Arcoíris zerbitzua estatu-mailakoa da, egitura zentralizatua, doakoa eta konfidentziala du, eta etengabeko arreta eskaintzen du: eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan funtzionatzen du.

Seigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du tratu-berdintasuna sustatzeko eta diskriminazio mota oro ezabatzeko, sexu-orientazioagatiko, genero-identitate eta -adierazpenagatiko eta/edo sexu-ezaugarriengatiko diskriminazioa barne, bai eta pertsonen aurka egindako indarkeria mota oro prebenitzeko eta desagerrarazteko ere, sexu-orientazioak, genero-identitateak, genero-adierazpenak eta/edo sexu-ezaugarriek eragindakoa barne, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 9.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Konpetentzia hori Trans pertsonak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko otsailaren 15eko 4/2024 Legeak garatu du. Lege horren 8. artikuluan, LGTBI pertsonei aitortzen zaie trans pertsonei, haien senideei eta hurbilekoei aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak emateko eskubidea.

Informaziorako eskubidea bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak 900840128 telefono-zerbitzua dauka.

Zazpigarrena.– Azaldutakoagatik guztiagatik, hitzarmen bat sinatu behar dute Berdintasun Ministerioak, Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaritzaren bidez (LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusia), eta Euskal Autonomia Erkidegoak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren bidez, LGTBIfobiaren arloko informazio- eta arreta-deiak bideratzeko.

Azaldutakoaren arabera, alderdiek honako hau

ERABAKI DUTE:

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza, Berdintasun Ministerioko Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaritzaren bidez (LGTBI+ pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusia), Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren bidez, LGTBIfobiaren arloko informazio eta arreta integralerako telefono-zerbitzua.

Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.

Berdintasun Ministerioak, Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaritzaren bidez (LGTBI+ pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusia), konpromisoa hartzen du 028 Arcoíris telefono-zerbitzura egindako deiak automatikoki bideratzeko, LGTBIfobiaren arloko informazio eta arreta integralari buruzkoak (bereziki, LGTBIfobiko eraso baten ondoren laguntza eskatzeari buruzkoak, LGTBIfobiagatiko edo genero barruko indarkeriagatiko gorroto-delituekin lotutako informazio-eskaerei buruzkoak eta osasun-kontuekin lotutakoak, sexu- eta ugalketa-osasuna barne), Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremutik 900840128 telefono-zerbitzura, LGTBIfobiaren arloko informazio eta arreta integraleko zerbitzu publikoa ematen dela ziurtatzeko, erabiltzaileari jakinarazten zaiolarik.

Alde bakoitzak bere eskumenak erabiliz askatasunez ezartzen dituen 028 Arcoíris telefono-zerbitzuaren eta 900840128 telefono-zerbitzuaren ezaugarri teknikoak hitzarmen honen bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari jakinaraziko dizkiote alderdi sinatzaileek, beren ordezkarien bidez. Jakinarazitako ezaugarri teknikoen arabera, Jarraipen Batzordeak bi telefono-zerbitzuen artean deiak bideratzeko prozeduraren baldintzak adostuko ditu. Ez da egindakotzat joko 028 Arcoíris zerbitzuak bideratzea, harik eta ziurtatu arte deiari Euskal Autonomia Erkidegoko 900840128 telefono-zerbitzuan erantzuten zaiola.

Nolanahi ere, 028 Arcoíris telefono-zerbitzura egindako deiak larrialdi- eta larrialdi-arreta behar badu, berehala bideratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko 112 larrialdi-telefonora, eta alderdiek konpromisoa hartuko dute datuen babesaren arloan aplikatu beharreko araudia betetzeko, hitzarmen honen seigarren klausulan adierazitakoaren arabera.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren bidez, konpromisoa hartzen du 900840128 telefono-zerbitzutik 028 Arcoíris telefono-zerbitzura bideratzeko diskriminazioari eta indarkeria LGTBIfobikoari buruzko edozein dei, baldin eta beharrezkoa bada jasotako deiari behar bezala erantzungo zaiola bermatzeko, hitzarmen honen bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordean bi telefono-zerbitzuen artean deiak bideratzeko adostutako prozeduraren baldintzen arabera, bereziki, jasotako deiari arreta hizkuntzetan, entzuteko edo hitz egiteko desgaitasuna duten pertsonentzako bitarteko espezifikoetan eta 900840128 telefono-zerbitzuan estalita ez dauden informazio eta aholkularitza juridikoa jasotzeko ordutegi jakin batean eman behar zaionean.

Bi alderdiek bermatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko 900840128 telefono-zerbitzuaren eta 028 Arcoíris telefono-zerbitzuaren baterako hedapena, beren telefono-zerbitzuek egiten dituzten sentsibilizazio-, komunikazio- eta informazio-jardueretan. Berdintasun Ministerioak, Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaritzaren bidez, konpromisoa hartzen du 028 Arcoíris zerbitzuaren urteko estatistiketan, bere webgunean zabaldutakoetan, Euskal Autonomia Erkidegotik datozen 028 Arcoíris telefono-zerbitzuan artatutako deiei buruzko informazio bereizia sartzeko.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honen xedea gauzatzeak ez dakar finantza-transferentziarik alderdientzat. Esku hartzen duen alderdi bakoitzak bere baliabide material eta pertsonalekin hartuko du bere gain hitzarmen hau betetzeko egin beharreko jardueren kostua.

Laugarrena.– Publizitatea eta zabalkundea.

Berdintasun Ministerioak, Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaritzaren bidez (LGTBI+ pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusia), eta Euskal Autonomia Erkidegoak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren bidez, konpromisoa hartzen dute hitzarmen honen xedea eta aurreikusitako konpromisoak hedatzeko egiten dituzten jarduera guztietan haien artean dagoen lankidetza nabarmentzeko.

Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaritzarako (LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusia), Irudi instituzionaleko irizpideak ezartzen dituen eta Estatuko Administrazio Orokorraren dokumentu-ekoizpena eta material inprimatua arautzen dituen irailaren 17ko 1465/1999 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko da.

Bosgarrena.– Jarraipena.

Hitzarmen honen xede diren jardueren koordinazioa eta jarraipena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluko aurreikuspenen arabera egingo dira. Horretarako, jarraipen-batzorde bat eratuko da, alderdi sinatzaile bakoitzeko bi ordezkariz osatua, alderdi horiek izendatuak. Batzorde hori izendatzeko, emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatuaren printzipioa errespetatuko da.

Batzordeak Hitzarmenari buruz sor daitezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak ebatziko ditu, eta, bereziki, alderdi bakoitzak bere eskumenak erabiliz askatasunez ezartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko 028 Arcoíris telefono-zerbitzuaren eta 900840128 telefono-zerbitzuaren ezaugarri teknikoei buruzko informazioa jasoko du, eta, jakinarazitako ezaugarri teknikoen arabera, bi telefono-zerbitzuen artean deiak bideratzeko prozeduraren terminoak eta baldintza teknikoak adostuko ditu, hitzarmen honen bigarren klausulan aipatzen direnak.

Batzordeak, gainera, deiak bideratzeko prozeduraren termino eta baldintza teknikoak eguneratu eta egokituko ditu, alderdien telefono-zerbitzuen ezaugarri teknikoetan gertatzen diren aldaketetara, eta hitzarmen honen xedea eta jarduerak (bigarren klausulan aipatzen direnak) hobeto lortzeko beharrezkoak diren aldaketetara.

LGTBI+ pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako Zuzendaritza Nagusiko LGTBI+ Eskubideen Zuzendariordetza Nagusiko titularra edo hark eskuordetzen duena izango da batzordeburua, eta LGTBI Eskubideen Zuzendariordetza Nagusiko funtzionario bat, berriz, idazkaria.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak izendatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordearen ordezkariak.

Jarraipen Batzordearen erabakiak aho batez hartuko dira.

Batzordea alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatzen duenean bilduko da, gutxienez zazpi egun baliodun lehenago.

Nolanahi ere, batzordeburuak ezin izango ditu bere botoarekin ebatzi berdinketak, eta idazkaria batzordekidetzat hartuko da.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, batzorde honek, funtzionamenduari eta erabakiak hartzeari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoa beteko du. Batzordeak bere barne-funtzionamendurako araubide juridikoa ezarri edo osatu ahal izango du.

Seigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Hitzarmen honen bigarren klausulan aurreikusitako konpromisoetatik eratorritako jarduketak egiteko, datu pertsonalak tratatzea badakarte, zehazki, 112 larrialdi-telefonora deiak bideratzea badakarte, bi alderdiek osorik errespetatuko dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 45/96/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena, bai eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta hura garatzeko araudia ere.

Zazpigarrena.– Aldatzeko araubidea.

Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdietako edozeinek eskatuta, sinatzaileek aho batez hala erabakitzen badute, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Edozein aldaketa urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluan aurreikusitakoaren arabera izapidetuko da.

Zortzigarrena.– Eraginkortasuna.

Hitzarmen hau eraginkorra izango da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, formalizatzen denetik 5 egun balioduneko epean Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatutakoan. Halaber, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Bederatzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du. Hala ere, hitzarmenaren alderdi sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena urtez urte luzatzea, bi alderdiek berariaz hala adosten badute, indarraldia amaitzen den eguna baino lehen, gehienez ere lau urtez, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hamargarrena.– Azkentzeko Arrazoiak.

Bederatzigarren klausulan ezarritako indarraldiari kalterik egin gabe, hitzarmen hau azkendu egingo da hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzen direnean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan aurreikusitako suntsiarazpen-kausaren bat gertatzen denean, bai eta hitzarmena betetzea gerora ezinezkoa denean eta ezinbesteko kasua gertatzen denean ere.

Hartutako konpromisoak betetzen ez badira, eta ez-betetze hori behar bezala egiaztatzen bada, bi alderdietako edozeinek eskatu ahal izango du hitzarmen hau suntsiarazteko, ez-betetzea egin duen alderdiari errekerimendua egin ondoren, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 c) artikuluko aurreikuspenen arabera. Nolanahi ere, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren babesean, alderdiek, Jarraipen Batzordeak proposatuta, egokitzat jotzen dituzten gauzatzen ari diren jarduketekin jarraitzea eta amaitzea erabaki ahal izango dute, epe luzaezin bat ezarriz. Epe hori igarotakoan, hitzarmena likidatu beharko da.

Hamaikagarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Bertan jasotako estipulazioek arautuko dute, eta, horietan aurreikusi ez denerako, bai eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko ere, urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. kapituluan xedatutakoak.

Era berean, ez du kontratu-izaerarik, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora.

Hitzarmenaren ondorioei, interpretazioari, aldaketari edo ebazpenari buruz alderdien artean sortzen diren zalantzak edo eztabaidak modu adiskidetsuan konpontzen saiatuko da Jarraipen Batzordean. Konponbide lagunkoia ematea ezinezkoa bada eta auzi judiziala bidezkoa bada, bi alderdiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen IV. tituluaren arabera.

Hitzartutako guztia behar bezala jasota gera dadin eta bete dadin, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute, eta orri-oinean ageri den zigilu elektronikoan adierazten da noiz formalizatu den.

Egoitza elektronikoa, 2025eko urriaren 14a.

LGTBI+ pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako zuzendari nagusia,

JULIO DEL VALLE DE ISCAR.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala