Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2025eko azaroaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4884

216/2025 DEKRETUA, azaroaren 4koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, ondasun eta eskubide hauek okupatzea Astigarraga udalerrian: «Astigarraga Iparraldeko Garraio Zentro Integralaren Trazadura» gauzatzeko beharrezkoak direnak.

«Astigarraga Iparraldeko Garraio Zentro Integralaren Trazadura» deritzon proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2025eko maiatzaren 7an, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda hilabeteko epean jendaurrean jartzea erabaki zuen, 2025eko maiatzaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (88 zk.) eta prentsan argitaratutako iragarkien bidez. Ondoren, 2025eko uztailaren 15ean egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektu horren eraginpeko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko behar adina datuekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako inguruabar hauengatik:

«Eraginpeko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeak oinarri du Oiartzungo egungo aparkalekuak penintsulako erdigunerako duen egoera larria, ibilgailuen pilaketaren ondoriozkoa baita, bai eta eskaeraren izaera egiturazkoa, gero eta handiagoa eta aurreikus daitekeena izatea ere. Gainera, zentro berriak bi norabideen arteko desoreka konpontzeko aukera emango du: Astigarragako eremuak 341 plaza dituen bitartean, Oiartzunek 184 baino ez ditu, trafiko astunaren fluxu simetrikoa gorabehera.

Premia hori erreferentziako azterlan tekniko hauek bermatzen dute:

– "CIT Capacity Study" txostena, ARUPek egina (2024ko urria) (I. eranskina).

– "Azpiegitura seguruak: etorkizuneko Astigarraga Iparraldeko CITak bide-sarean izango duen eraginaren azterketa" azterlana, DAIR Engineeringek idatzia (2024ko azaroa) (II. eranskina).

Bi dokumentuek berresten dute jarduketa egokia dela, atzeraezina dela eta bide-segurtasunari, eraginkortasun logistikoari eta aparkatze-sarearen berrorekari egiten diela ekarpena.

2023. urteaz geroztik, Oiartzungo CIT zentroak – 184 plaza – % 90etik gorako okupazio iraunkorreko mailak ditu, eta % 100era iristen da asteburuetan eta aldi kritikoetan. Egoera horren ondorioz, ezin izan zaio behar bezala erantzun hegoalderako trafiko astunaren ohiko eskaerari.

Gainera, azpiegitura Korridore Atlantikoaren nazioarteko sistema logistikoaren parte da, eta horrek esan nahi du ibilgailuen pilaketak eragin zuzena duela atsedenaldiei buruzko Europako araudia betetzean (2020/1054 (EB) Erregelamendua) eta ahuldu egiten duela TEN-T sarearen funtzio estrategikoa. Beraz, plazen defizita eskualdez gaindiko eragina duen arrisku operatiboa da, eta hori konpontzeko berehalako neurriak hartu behar dira.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektu honetako ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar direlako adierazpena justifikatzen da, arrazoi hauengatik:

– Interes publiko orokorra izatea, bide-segurtasuna hobetzeari eta AP-8/AP-1 korridorean emandako zerbitzu logistikoaren eraginkortasunari lotuta, Europa Barneko Garraio Sarean (TEN-T) integratuta.

Bide-ardatz hori Iberiar penintsularen eta Europa erdialdearen arteko sarbide nagusia denez, lehentasunezkoa da azpiegitura osagarriak jartzea, haien funtzionamendu seguru, arin eta ordenatua ahalbidetzeko. Ibilgailu astunentzako aparkaleku segurua ezartzeak zuzenean laguntzen du bazterbideetan eta zerbitzu-bideetan kontrolik gabe aparkatzea murrizten, geldialdi desegokiek eragindako pilaketak saihesten eta korridore osoaren gaitasun operatiboa hobetzen. Era berean, euskal sistema logistikoaren lehiakortasuna indartzen du, nazioarteko garraioaren beharretara egokitutako geldialdiak bermatuz, hain zuzen, Europako operadoreen eskakizunekin bat datozenak.

– Penintsulako erdigunerako norabidean ibilgailu astunentzako aparkaleku seguruaren defizita konpontzeko premia tekniko atzeraezina, bide-sareko gaitu gabeko eremuetan edo dauden aparkalekuen inguru hurbilean aparkaldi irregularra kentzeko.

Egoera horrek arrisku pertsonalak (istripuak, harrapatzeak, argiztapenik eta oinarrizko zerbitzurik eza) eta ondare-arriskuak (lapurretak edo kalteak salgaiari edo ibilgailuari) areagotzen ditu, batez ere itxaronaldi luzeko testuinguruetan. Plaza seguruak eta arautuak izateak, gainera, gidari profesionalaren lan-eskubideak babestea ahalbidetzen du, ezarritako atsedenaldiei eta itxaron-baldintzen duintasunari dagokienez.»

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko azaroaren 4ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu behar dituela «Astigarraga Iparraldeko Garraio Zentro Integralaren Trazadura» proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 4an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala