Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2025eko azaroaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4877

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 29koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita eta ingurumen-baimen bakarra ematen baitzaio tamaina handiko hondakinak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko Arabako Foru Aldundiak Jundiz industrialdean (M25 lurzatia, 01015, Vitoria-Gasteiz, Araba) sustatutako instalazioari.

AURREKARIAK

2021eko abenduaren 31n, abenduaren 9ko 10/2021 Legea argitaratu zen, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.

Arabako Foru Aldundiak, 2024ko urriaren 18an, ingurumen-baimen bakarra eskatu zion ingurumen-organo honi, Jundiz industrialdeko M25 lurzatian (01015 Vitoria-Gasteiz Araba/Álava) tamaina handikoak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko proiekturako, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zen:

• Administrazio-datuak.

• Planoak.

• Ingurumen-baimen bakarrerako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren txostena.

• Laburpen ez-teknikoa.

• Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena, Vitoria-Gasteizko Udalak 2024ko abuztuaren 6an emanda.

Ingurumen-organo honek, 2025eko apirilaren 15ean, Arabako Foru Aldundiari eskatu zion aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko, eta 2025eko maiatzaren 30ean erantzun zitzaion.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko apirilaren 16ko idazkiaren bidez, Vitoria-Gasteizko Udalari eskatzen zaio adieraz dezala, idazkia jasotzen denetik 10 eguneko epean, eskaera nahikoa den, beren eskumenen esparruaren arabera.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan arautua, kontsulta-irizpidea hasi zitzaien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei 2025eko maiatzaren 6an, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko ekainaren 2ko Iragarkiaren bidez, Arabako Foru Aldundiak sustatutako proiektua jendaurrean jartzea erabaki zen 30 egun balioduneko epean, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, proiektua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2025eko ekainaren 11n.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2025eko ekainaren 18an, txostenak eskatu zizkien Vitoria-Gasteizko Udalari, Amvisari eta, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, eta Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

Vitoria-Gasteizko Udalaren txostena jaso zen 2025eko ekainaren 25ean; 2025eko ekainaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostena jaso zen; 2025eko uztailaren 18an, Amvisaren txostena jaso zen eta 2025eko uztailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostena jaso zen.

2025eko ekainaren 24an, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Arabako Foru Aldundiaren esku utzi zen espedientea, eta espedientean dago horren emaitza.

2025eko uztailaren 28an, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluaren 3. puntuan xedatutakoa betez, Arabako Foru Aldundiaren txostena jaso zen, ebazpen-proposamena onartzen zela jakinarazteko eta entzunaldi-izapidea betetzat emateko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.

Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean ezarritako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridikoak eta administratiboak deuseztatzen ditu. Era horretan, Administrazioak esku hartzeko sistema berri bat ezartzen da legearen I.B eranskinean jasotako jarduera eta instalazioetarako, ingurumen-inpaktuei aurrea hartzeko neurri guztiak bilduko dituen administrazio-ebazpen bakarreko prozedura bakarra egon dadin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 19. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, ingurumen-baimen bakarraren mende egongo da I.B eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen duten titulartasun publikoko edo pribatuko jarduera eta instalazioen ustiapena.

EAEko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 32. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea aplikatuz, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua behar dute II. eranskinean zerrendatutako 9b taldearen proiektu publiko edo pribatuak: «I. eranskinean sartu ez diren hondakinak deuseztatzeko edo balorizatzeko instalazioak, salbu ekoizpen-gunean hondakin propio ez arriskutsuak ezabatzea edo balorizatzea».

Ingurumen-baimen bakarraren bitartez, egintza bakarrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aurretiaz emandako prozedura administratibo bakarrean bateratuko dira hondakinak ekoizteko eta kudeatzeko baimenak, kolektorera, jabari publiko hidraulikora eta, itsasoko eta lehorreko jabari publikora eginiko isurien baimenak eta atmosferara eginiko isurpenen baimenak, eta dagozkien isurpenen mugako balioak ezarriko dira, aplika daitekeen arloko araudiak xedaturikoaren arabera.

Arabako Foru Aldundiaren kasuan, baimen horiek, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari, kolektorera isurtzeari eta atmosferara isurtzeari buruzkoak dira. Gainera, egiaztatu da espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela, aginduzko txostenak igorriz.

Instalazioak gehienez isur ditzakeen substantzia kutsagarrien emisioko muga-balioak ezartzeko, eta, ingurumena ahalik eta gehien babeste aldera, instalazioa ustiatzeko beste baldintza batzuk ezartzeko, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira eskura diren teknika onenak nahiz sektoreko legeria aplikagarriak ezarritako neurriak eta baldintzak.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23. artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-baimen bakarraren araubidearen eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduraren eraginpean dago jarduera; horrez gain, ingurumen-inpaktuaren txostenaren edukia ingurumen-baimen bakarraren parte izango da, eta bi erabakiak administrazio-egintza berean emango dira.

Ebazpen honek aipatutako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozesuaren emaitza jasotzen du bere edukian, ingurumen-inpaktuaren txostena eginez lehenengo apartatuan. Bertan zehazten da ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ikusten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea tamaina handiko hondakinak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko proiektuari.

Orain arte azaldutakoaren arabera, espedientean jasotako informazioa aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu zen, Arabako Foru Aldundiak sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak erantsita; hala ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.8 artikuluan jasotako entzunaldi-izapidean ondorioztatzen dena alde batera utzi gabe.

Aipatu dugunaren arabera, goian adierazitako izapideak amaitu dira eta entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluak, «Ingurumen-baimen bakarraren eta ingurumen-baimen bakarraren edukia» izenekoak, honako hau ezartzen du bigarren apartatuan:

«2.– Ingurumen-baimen bakarrak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Substantzia kutsakorretarako isurpenen mugako balioak eta, hala badagokio, lurzorua eta lurpeko urak babestea bermatzen duten preskripzioak.

b) Instalazioak sortutako hondakinen kudeaketarako erabiliko diren prozedurak eta metodoak, hondakinen kudeaketarako hierarkia kontuan izanda.

c) Hala badagokio, erkidego arteko edo mugaz gaindiko distantzia luzeko edo mugaz gaindiko eremuetan, ondorio negatiboa duen kutsadura minimizatzea bermatzen duten preskripzioak.

d) Isurpen eta hondakinak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak, neurketa-metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuta.

e) Ohikoak ez diren egoeretan, hala nola abiarateak eta gelditzeak, ihesak, funtzionamendu-akatsak eta aldi baterako geldialdiak, ingurumenari eragin diezaioketen ustiapen-baldintzei buruzko neurriak.

f) Instalazioaren itxiera egiteko baldintzak.

g) Aplika daitekeen legedi sektorialak ezarritako edozein neurri edo baldintza, edo Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak arrazoituta emandakoak.»

Hori horrela izanik, baimenaren edukian zenbait alderdi txertatu behar dira, hain zuzen ere gaur egun Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legeak ezartzen duen ingurumen-baimen bakarraren edukian daudenak, instalazioa gaitzeko tituluak oinarritzen dituen araudian jasota ez dauden arren.

Ingurumen Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Hauek ikusi dira: Sailburuordetza honen 2025eko uztailaren 24ko Ebazpena; 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena, 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioarena; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 410/2021 Dekretua, abenduaren 3koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea tamaina handikoak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko Arabako Foru Aldundiaren proiekturako, Jundiz industrialdean, M25 lurzatian kokatuta (01015 Vitoria-Gasteiz – Araba), ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.

Bigarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Vitoria-Gasteizko udal-mugartean dagoen tamaina handikoak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko Arabako Foru Aldundiaren proiektuari.

Hirugarrena.– Arabako Foru Aldundiari (egoitza soziala: Probintzia plaza z.g., 01001 Vitoria-Gasteiz, Araba; IFK: P-0100000I), ingurumen-baimen bakarra ematea tamaina handiko hondakinak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko instalaziorako, Jundiz industrialdean, M25 lurzatian (01015 Vitoria-Gasteiz – Araba), ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzekin.

Laugarrena.– Ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ezartzea Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizko udal-mugartean sustatutako tamaina handiko hondakinak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko instalazioa doitzeko obretarako, ustiapenerako eta jarduerari uzteko.

Baldintza orokorren eranskinean ezarritako betekizunak indarrean egongo dira soilik horretarako xedapen orokorrak onartzen ez diren bitartean.

Bosgarrena.– AAU01250 erregistro-kodea eta NIMA 0100160613 esleitzea Arabako Foru Aldundiak Jundiz industrialdean, M25 lurzatian, ustiatutako instalazioari, (01015 Vitoria-Gasteiz Araba). Hona hemen kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 519720.877, eta Y: 4743152.092.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen bakar honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.

Zazpigarrena.– Baimen honen eraginkortasuna eta horretan baimendutako hondakin-kudeaketaren hasiera baldintzatuko ditu aurretiaz egiaztatzeak, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek egingo duten ikuskatze-bisitan; hau da, instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honetan xedatutakoaren arabera eraiki eta hornitu direla Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.7 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Zortzigarrena.– Arabako Foru Aldundiari eskatzea alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:

– Instalazioaren eraikuntza amaituta, instalazioak martxan jartzeko gaituta daudenean, eta, hala badagokio, lizentziak, baimenak, jakinarazpenak edo inskripzioak eduki beharko ditu dagozkion erregistro sektorialetan, eta jarduera hasi aurretik:

• Organo honi eta udalari, teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria aurkeztea, baimenaren helburu den jarduketa motaren arabera, egiaztatzeko instalazioak onetsitako proiektura egokitzen direla eta ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak bete direla.

• «As built» proiektua; emisio atmosferikoen fokuen datuak (altuera, diametroa eta koordenatuak) eta uretara isurtzeko puntuen koordenatuak sartu beharko dira.

• Espero diren immisioen modelizazioa (indize akustikoen ebaluazioa: Lk,d, Lk,e eta Lk,n), zarata-fokuen emisio-datu errealetatik abiatuta, eta instalazioaren ebaluazio akustikoaren txostena, ezarritako gehieneko emisioen muga-balioak betetzen direla egiaztatzen duena.

• Erantzukizun zibileko asegurua, Hondakinen kudeaketa-Baldintza Partikularrak apartatuan ezartzen denaren arabera.

• Lurzoruaren egoerari buruzko txostena,«as built» proiektuan oinarrituta.

• Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostenean eskatutako eskakizunak aurkeztu izanaren justifikazioa.

– Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:

• Tratamendu-kontratuak, sortutako hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emanda.

• Emisio atmosferikoen fokuari buruzko ILEren txostena.

Eskatutako dokumentazioa Nire Karpeta atalean aurkeztuko da, AAU01250_SOL_2024_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, Dokumentazioa Aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta aipatutako hasierako eskaera-espedienteari lotutako dokumentazioa dela adieraziko da.

Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.

Bederatzigarrena.– Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan adierazi bezala beteko dira babes- eta zuzenketa-neurriak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta jarraian jasotako eranskinetan ezarritakoari jarraituz. Gainera, babes- eta zuzenketa-neurri horiek eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroek bete beharreko mugak ere, hala komeni bada araudi berria indarrean jarri delako edo inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitu beharra dagoelako. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Hamargarrena.– Hiru urtekoa da ingurumen-baimen bakarra eman zaion jarduera hasteko epea.

Hala ere, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean gehienez. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.

Hamaikagarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 46. edo 47. artikuluen ondoreetarako, artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.

Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko agirien kasuan, ingurumen-organoak eskatutako aldaketa aztertu eta kalifikatuko du, funtsezkoa dela edo ez ebazteko.

Egin beharreko aldaketen eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, kasu bakoitzerako eskatutako informazioarekin batera, webgunean eskuragarri dagoen formulario hau sartu behar da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194158899329/procedures/proc_20194158899905/accreditations/acc_202566125317569/es_def/adjuntos/Formulario_MNS.docx

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurra kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldeko erabakia eman beharko du hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioaren prozedurak emana, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Hamabigarrena.– Arabako Foru Aldundiak ingurumen-organo honi emango dio Administrazioarekiko harremanen goi-mailako tituludun arduradunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri.

Hamahirugarrena.– Ingurumen-baimen bakarraren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.

Hala ere, hondakinak tratatzeko jarduerari dagokionez, ebazpen honetan jasotako baldintzen indarraldia 8 urtean behin berrituko da, automatikoki, agintari eskudunek aldeko ikuskapena egin ondoren.

Ingurumen-baimen bakarraren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:

a) Instalazioak eragindako kutsadura dela-eta, finkatutako isurtze-mugaren balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Isurketak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lortu litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, gerta daitezkeen ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Aldaketa beharrezkoa bada, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.

i) Isurtzeko baimena berrikusi eta ezeztatu ahal izango da, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 261. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako arrazoiengatik.

Ingurumen-baimen bakarra berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamalaugarrena.– Ingurumen-organo honi jakinarazi beharko zaio instalazioak aldi baterako edo behin betiko utzi direla edo itxi egin direla, hartutako edo hartuko diren neurriak eta denbora-sekuentzia zehaztuz, kutsadura-arrisku oro saihesteko.

Jarduera behin betiko amaitu dela ulertuko da, baldin eta urtebeteko epea igaro bada jarduera egin gabe, eta titularrak ez badio organo honi modu frogagarrian jakinarazten zein diren egoera horren arrazoiak, behar bezala justifikatuta.

Hamabosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Arabako Foru Aldundiak ebazpen honen xede den tamaina handiko hondakinak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko jardueran gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko du, ingurumen-organo honek onar dezan.

Kasu horretan, hondakinak kudeatzeko jarduera denez, titulartasuna hirugarren bati transmititzeko, aldez aurreko egiaztapena egin beharko da ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek egin beharreko ikuskapen-bisitan.

Hamaseigarrena.– Ingurumen-baimen bakar honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun gisa tipifikatuta dago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluari jarraituz, eta lege horren 108. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamazazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:

– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zortzigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak, behar bezala justifikatuz, epea luzatzeko eskatu gabe.

– Lau urteko epean ez bada abiarazten ebazpen honen hamargarren apartatuan baimentzen den jarduera, non eta interesdunak ez duen eskatzen epea luzatzeko, behar bezala justifikatuz.

– Urtebeteko epea igaro bada jarduera egin gabe, eta titularrak ez badio organo honi modu frogagarrian jakinarazi zein diren egoera horren arrazoiak, behar bezala justifikatuta.

Hemezortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arabako Foru Aldundiari, Vitoria-Gasteizko Udalari, AMVISAri, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, eta Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

Hemeretzigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren txosten hau eta ingurumen-baimen bakar hau Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezela agintzea.

Errekurtsoak:

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 29a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSU BILBAO BEGOÑA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala