
221. zk., 2025eko azaroaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (132 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4876
AGINDUA, 2025eko azaroaren 5ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kendu eta beste bat izendatzen duena, eta batzordearen osaera argitara ematen duena.
Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari buruzko 2016ko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren 2. artikuluaren lehenengo paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, batzordea osatzen duten bi kideak Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak izendatuko ditu, deialdi publikoa egin ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuari dagokio izendapen hori egitea.
Era berean, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen 2016ko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuak 2. artikuluaren 3. apartatuan ezartzen duenez, «Haien autonomia bermatzeko, aipatu funtzionarioak lau urterako izendatuko dira eta kargutik kendu ahalko dira, bakarrik, agintaldia iraungitzeagatik edo euren betebeharrak larriki ez betetzeagatik, euren eginkizuna betetzeko ezgaitasun iraunkorragatik, gerora sortutako bateraezintasunagatik edo dolozko delituagatiko kondenagatik batzordeburuak dagokion prozedura bete ondoren».
Hala ere, batzordekideetako batek, Iñigo Ordeñana Oleagordia jaunak, 2025eko otsailaren 6ko Aginduaren bidez izendatu zenak (Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren Agindua, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kendu eta izendatzen duena, eta haren osaera argitara ematen duena), uko formala jakinarazi zuen 2025eko ekainaren 16an, organo horretan bere eginkizunak betetzen jarraitzea eragozten dioten bat-bateko arrazoiengatik, eta, ondorioz, batzordekide izateari uzten dio.
Deialdi publikoaren bidez hasi zen Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzorderako kide bat izendatzeko prozedura. Deialdi horretan ezarri zen, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez egingo zela izendapena (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua), gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori 2025eko uztailaren 16an amaitu zen.
Prozedura amaitzeko, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren 2025eko uztailaren 30eko Agindua argitaratu zen EHAAn, 2025eko abuztuaren 26an (asteartea). Agindu horren bidez, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kargutik kendu eta beste bat izendatu zen, eta argitara eman zen batzordearen osaera.
Epe eta modu egokian, hautaketa-prozesuan kontuan hartu ez ziren hiru hautagaik berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuten. Egiaztatu zen, administrazio-akats baten ondorioz, prozeduratik kanpo geratu ziren beste lau hautagai zeudela.
2025eko urriaren 24an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak aurkeztutako errekurtsoak ebatzi zituen. Errekurtsoak ebazten dituen aginduan, errekurtsoak onesteaz gain, ondoriorik gabe uzten da 2025eko uztailaren 30eko Agindua, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kargutik kendu eta beste bat izendatzen duena, eta argitara ematen duena batzordearen osaera, eta prozedura eskaerak aztertzen diren unera atzera eramateko agintzen da, denak baldintza berdinetan baloratu ahal izan daitezen.
Behin hura betetzeko ezarritako prozedura amaituta, 128/2016 Dekretuaren 2.1 artikuluak ematen didan eskumena baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Iñigo Ordeñana Oleagordia jauna Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kidearen kargutik kentzea, eta egindako lanagatik eskerrak ematea.
2. artikulua.– Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide izendatzea Urtzi Saratxaga Lozano jauna, 4 urterako.
3. artikulua.– Honako hauek osatuko dute gaur egun Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea:
Presidentea:
– Ana Aguirre Uriz andrea, Gobernu Irekiaren eta Gobernu Onaren zuzendaria.
Kideak:
– Urtzi Saratxaga Lozano jauna.
– Miren Izaskun Iriarte Irureta andrea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen da, jende guztiak horren berri izan dezan.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 5a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS