Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2025eko azaroaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
4873

212/2025 DEKRETUA, azaroaren 4koa, zeinaren bidez gaitzen baitira 160.421,00 euroko kredituak 4513 programan (Kulturaren sustapena), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2025. urterako aurrekontuko 9211 programan (Espainiako Sektore Publikoarekiko Finantza Harremanak) diru-sarrerak lortu baitira.

Kulturako estatu idazkariaren 2025eko ekainaren 6ko Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari 160.421,00 euroko kredituak eskualdatzea adostu zen, haurrentzako eta gazteentzako proiektu kulturalak gauzatzeko, 2025eko maiatzaren 7ko kulturako sektoreko konferentziako akordioa betez.

Zenbateko horren zuzkiduraren % 75 Kultura Ministerioarengandik jaso da, hau da, 120.315,75 euro, eta gainerakoa 2025eko ekitaldia amaitu aurretik jasotzea aurreikusi da. Horrenbestez, haurrentzako eta gazteentzako proiektuak sustatzeko eta gauzatzeko 160.421,00 euro gaitzeko eskatzen du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

Horregatik, kreditua gaitzen da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen erregimenaren arloan indarrean dauden lege xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza Dekretuaren 82. eta 83. artikuluetan xedatutakoarekin.

Hori dela eta, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 4an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorretan kreditu-gaitze bat onartzea, honako gastu-egoera honetan:

(Ikus .PDF)

Kreditu hori sortu da diru-kopuru bera lortu delako honako diru-sarreren egoera-orri honetan:

(Ikus .PDF)

Haurrentzako eta gazteentzako proiektu kulturalak sustatzeko eta gauzatzeko jarduketak finantzatzera bideratuko dira funts horiek.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarra hartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 4an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala