
221. zk., 2025eko azaroaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4870
217/2025 DEKRETUA, azaroaren 4koa, Euskadi Gastronomia Sariak arautzen dituena.
Euskadi Gastronomia Sariak Kulturako sailburuaren 1992ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez arautu ziren, zeinaren bidez Euskadi Gastronomia Sariak sortu baitziren. Dena den, saria indarrean egon den 30 urte baino gehiagoan, euskal gastronomiak bilakaera nabarmena izan du. Horren ondorioz, euskal gastronomiak nazioarteko errekonozimendua eta proiekzio-maila lortu ditu. Hori dela eta, sari horiek emateko baldintzak berrikustea komeni da. Bestalde, elikakatearen kontzeptuaren bilakaera eta gastronomiarekin duen etengabeko harremana direla medio, egoki da Euskadi Gastronomia Sarien gaineko eskumena eta elikakatearen gainekoa eremu funtzional berak izatea.
Hala, arau honen helburuetako bat da Euskadi Gastronomia Sariak emateko eskumen-antolaketa egokia egituratzea. Sari horiek sektorearen egungo egoerarekin eta proiekzioarekin lotuta daude, eta sukaldaritzaren panorama orokorraren eraldaketaren adierazle dira; hots, gure gastronomiak mundura egokitzeko, itxuraldatzeko eta harritzeko duen gaitasunaren isla. Horretarako, asmo hori dela-eta, sari horiek emateari buruzko aurreko araudia osatu eta eguneratu behar da.
Funtsean, hau egin behar da: sail sustatzailea aldatu eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari esleitu, eskumen-sistematika hobeari jarraikiz; sari kategoriak berrorientatu, euskal gastronomiako eragileengan arreta gehiago jarrita; eta horien proiekzioan eta ezagutzan sakondu. Izan ere, sail horri esleitutako eskumenen artean dago elikagaien balio-katea egituratu eta sustatzearena, ekoizpen primariotik hasi eta gastronomiaraino, beste batzuekin lotuta, hala nola sustapena eta nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriak, mahastizaintzako antolamendua eta araubidea, nekazaritzako eta arrantzako produktuen kalitatearen eta bermearen sustapena eta defentsa, ehizaren arloko araudiaren garapena eta koordinazioa, arrantzaren antolaketa edo nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako produktuen merkaturatzea.
Gastronomiari buruzko politikak kulturaren arlotik elikakatearen gaineko ikuspegi globalarekin lotutakoetara igarotzeko arrazoia da nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreko politika publikoek bilakaera nabarmena izan dutela, eta, aski adierazgarriena dena, gastronomia funtsezko mailatzat hartzen dute. Paradigma-aldaketa bat gertatu da, eta balio-kate osoa kontuan hartzen da orain, ekoizpen primariotik hasi eta azken kontsumitzaileraino.
Gizarteak aurrera egin ahala, janaria areago bihurtu da identitate- eta plazer-adierazpen, eta politika publikoek gastronomia plangintza estrategikoan integratzeko beharra ikusi dute. Horren ondorioz, nekazaritza-ekoizpenaren dibertsifikazioa babesten duten neurriak ezarri dira, eta, hala, kalitatezko osagaiak eta tokiko barietateak sartzea sustatu da, benetakotasuna eta sukaldaritzako tradizioa nabarmentzeko.
Ekoizleen, prozesatzaileen eta sukaldarien arteko lankidetza funtsezko bihurtu da paradigma berri honetan. Eragile horiek balio-katean duten lotura estuaren mende dago elikagai berritzaileak eta kalitate handikoak sortzea. Politika publikoek prestakuntza gastronomikoa, tokiko sukaldaritzaren sustapena eta parerik gabeko osagaien baliozkotzea sustatu dituzte, eta, horrela, ekoizpen primarioaren eta amaierako sukaldaritza-esperientziaren arteko harremana sendotzen lagundu dute.
Aldaketa horrek, prozesuaren fase guztietan efizientzia eta kalitatea hobetu ez ezik, sukaldaritzako esperientzia aberastea, jasangarritasuna sustatzea eta tokiko gastronomiaren nazioarteko presentzia sustatzea ere bilatzen du. Hori dela eta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila izendatu da euskal gastronomiaren garapena babesteko eta hari laguntzeko politikak bultzatzeko lidergoa har dezan.
Arau honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozeduraren urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129.1 artikuluan agindutako erregulazio onaren printzipioak. Hala, premia- eta efikazia-printzipioei dagokienez, araua euskal gastronomiaren garapenari laguntzeko politiken interes orokorrak justifikatzen du. Proportzionaltasun-printzipioa betetzen da, lehen aipatutako premiari erantzuteko beharrezkoa den erregulazioa jasotzen duelako. Arau honek segurtasun juridikoaren printzipioa indartzen laguntzen du, eta, beraz, printzipio hori betetzen du, arlo horretako araudiarekin koherentea delako. Gardentasun-printzipioa betetzen da, arauaren hartzaileei parte hartzeko aukera eman zaielako entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapideen bidez. Azkenik, efikazia-printzipioa betetzen da proiektu honek ez duelako administrazio-karga erantsirik edo beharrezkoa ez denik ezartzen.
Dekretu hau prestatzeko aholkuak eskatu zaizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei eta sektorea ordezkatzen duten antolakunde eta elkarte profesionalei.
Horretaz gain, arau hau bat dator Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 4. artikuluan xedatzen diren arau-kalitatearen printzipioekin.
Ondorioz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 4ko bilkuran aldez aurretik aztertu eta onartu ondoren, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea, helburua eta natura.
1.– Dekretu honen xedea da Euskadi Gastronomia Sariak arautzea, elikakatearen gaineko ikuspegi orokor baten arabera. Integrazio-prozesu horretan gastronomia sartzen da, funtsezko faktore gisa, zeina sortu baita elikaduraren balio-kateko eragile guztien arteko lotura estutik. Horrek argi eta garbi erakusten du gure gizarteak zer-nolako gaitasuna duen, lege zaharrak eta berrikuntza ezkonduta, bere gastronomia egokitzeko, berrasmatzeko eta mundua harritzeko.
2.– Arauaren helburua da sari bat ematea gastronomiaren arloan ibilbide nabarmena egin dutenei, banaka nahiz taldeka, eta, horren bidez, egindako lana aitortzea.
3.– Sariak ez dute edukia ekonomikorik, honorifikoak, eta errekonozimenduak dira.
2. artikulua.– Sarien maiztasuna eta oinarriak.
Sariak bi urtean behin emango dira, deialdi-agindu bakoitzeko oinarri espezifikoen arabera. Oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetu egin da Kulturako sailburuaren 1992ko abenduaren 23ko Agindua, Euskadi Gastronomia Sariak arautzen dituena.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 4an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS