
219. zk., 2025eko azaroaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (292 KB - 30 orri.)
- EPUB (139 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4840
AGINDUA, 2025eko urriaren 29koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2025. urterako, nekazaritza-ekoizpen primarioko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzen oinarriak onestekoa (2025eko Handitu Innova programa).
Elikaduraren balio-kateak rol estrategiko bat du euskal ekonomian, eta eragin bultzatzailea dute barne-produktu gordinean eta sortutako enpleguan duten pisuagatik. Gainera, gero eta inbertsio handiagoa egiten da berrikuntzan, eta horrek areagotze-efektu handia du jarduera ekonomiko globalean; hartara, nabarmen laguntzen du lurraldea egituratzen eta ekonomia dibertsifikatzen.
Ildo horretan, nahiz eta gaur egun badagoen elikaduraren eta zuraren balio-kate guztiei zuzendutako I+G+B arloko laguntza-programa bat –Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak sustatua eta arreta proiektu pilotuetan eta ekimen pilotuetako laguntza zehatzetan ipintzen duena–, ez dago lehen sektoreari laguntzeko eta lagun egiteko tresnarik, zuzeneko ekoizpen-kostuen murrizketarako eta lanaren produktibitateren hobekuntzarako lagungarriak izanik ekoizpenaren eta ezartzen diren toki- eta eskualde-esparruetan ekonomia sortzeko gaitasuna duten berrikuntza teknologikoko ekimen handiei lotuta dagoenik.
Horrela, bada, agindu honek jarraikiz egiten dio sailak Euskadiko nekazaritzako elikagaien katean berrikuntza teknologikoa sustatzeko duen eskumen-esparruari, eta honako helburu hauek ditu: nekazaritza-ekoizpen primarioko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzen oinarrietarako deialdia egitea (2025eko Handitu Innova programa); horrela, ustiapenaren lehiakortasuna hobetu eta negozio-aukera berriak sortu ahalko dira, nekazaritza- eta basogintza-sektoreko ekimen estrategiko eta berritzaile handiak bultzatuz, baldin eta ekimen horien xedea tokiko eta eskualdeko ekonomiak eraldatzea bada, berrikuntza teknologikoan inbertsio handiak eginez, ekoizpenaren zuzeneko kostuak murrizte aldera.
Laguntza horiek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen barruan daude (2022/C 485/01); horrenbestez, aldez aurretik jakinarazi zaizkie Europako Batzordeko zerbitzuei, eta C (2023) 5353 azken erabakiaren bidez baimendu dira, 2023ko urtarrilaren 1etik hasi eta 2027ko abenduaren 31ra arteko indarraldiarekin.
Honako hauetan dauden xedapenetan ezarritakoa betez: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan Erregulatzekoa.
Agindu honen bidez deitutako laguntzen xedea guztiz bat dator 2024-2028 Gobernu Programarekin, eta, zehazki, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzaren «Elikagaien industriari laguntzea» jarduketa-ardatzarekin. Ardatz horren helburua da EAEko elikagaigintza- eta basogintza-industriaren lehiakortasuna handitzea, eraldaketa- eta merkaturatze-kateetan balio erantsia sortzen duten hobekuntzen bidez, herritarren joera eta eskaera berriei erantzuteko: kalitatezko elikagaigintza-produktuak, balio erantsia sortzen dutenak eta ingurumenaren aldetik jasangarriak direnak.
Agindu honen bidez egiten den deialdiko laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024rako, 2025erako eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago argitaratuta («www.euskadi.eus»), sailari eskainitako eremuaren barruan eta «Planak eta proiektuak» atalean.
Kontuan hartuta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoela, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea aplikatuz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, sailburuek beren saileko gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskuduntza dute), honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2025. urterako onestea nekazaritza-ekoizpen primarioko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzetarako deialdiaren oinarriak (2025eko Handitu Innova programa); agindu honen I. eranskinean biltzen dira horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Interesdunek, agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 29a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea, izaera eta esparrua.
1.– Agindu honen xedea nekazaritza-ekoizpen primarioko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzetarako deialdia (2025eko Handitu Innova programa) egitea da 2025eko ekitaldirako.
Laguntza horiek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen barruan daude (2022/C 485/01), eta Eusko Jaurlaritzaren baliabide propioekin soilik finantzatzen dira.
2.– Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzatzat hartuko dira, eta Batasunaren araudiari eta ingurumena babesteari buruzko legeriari jarraituko diete.
3.– Urtebeterako edo bi urterako izan daitekeen inbertsio-proiektu batera egokituko dira laguntzak, aurkezten diren proiektuak gauzatzeko denboraren arabera.
4.– Hauek dira agindu honen laguntzen helburuak:
a) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiaren funtzionamendua eta jasangarritasun orokorra hobetzea, bereziki ekoizpen-kostuak murriztuz, ekoizpena hobetuz eta berrorientatuz, eta teknologia berriak sartuz.
b) Natura-ingurunea, higiene-baldintzak edo animalien ongizate-mailak hobetzea.
c) Nekazaritza garatzeko, egokitzeko eta modernizatzeko azpiegiturak sortzea eta hobetzea, barne hartuta nekazaritza-lurrak eskuratzea, lurrak sendotzea eta hobetzea, energia jasangarria hornitzea, energia-efizientzia eta ura hornitzea eta aurreztea.
d) Berrezartzea hondamendi naturalek, hondamendi natural batekin pareka daitezkeen salbuespenezko gertaerek edo fenomeno klimatiko kaltegarriek, animalien gaixotasunek eta babestutako animalien eta landareen izurriteek kaltetutako nekazaritza-ekoizpenaren potentziala; halaber, gertakari eta faktore horiek eragindako kalteen arriskua prebenitzea eta arintzea.
e) Klima-aldaketa arintzen eta haren ondorioetara egokitzen laguntzea, besteak beste berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta karbono-harrapaketa handituz, bai eta energia jasangarria eta energia-efizientzia sustatzea ere.
f) Bioekonomia zirkular jasangarria bultzatzea eta garapen jasangarria eta baliabide naturalen (ura, lurzorua eta airea) kudeaketa efizientea sustatzea, adibidez mendekotasun kimikoa murriztuz.
g) Biodibertsitatearen galera geldiarazten eta alderantzikatzen laguntzea, ekosistemen zerbitzuak indartzea, eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.
2. oinarria.– Definizioak.
Agindu honen ondorioetarako, honela ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
1.– Nekazari aktiboa: 1048/2022 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritakora egokitzen diren ezaugarriak dituen nekazaria (1048/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketen esku-hartzeak aplikatzeari eta betekizun komunak ezartzeari buruzkoa eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarra arautzeari buruzkoa).
2.– Ekoizleen elkartea edo antolakundea: helburu hauetakoren batekin sortutakoak:
a) ekoizleen elkarte edo antolakunde horretako kideen ekoizpena eta etekina merkatuaren eskarietara egokitzea;
b) produktuak elkarrekin merkaturatzea; eta horren barruan sartzen da salmentarako prestatzea, salmenten zentralizazioa eta handizkakoak hornitzea;
c) ekoizpenaren inguruko informazioari buruz arau komunak ezartzea, bereziki uztari eta prestasunari erreferentzia eginez;
d) ekoizleen taldeek edo antolakundeek egin ditzaketen beste jarduera batzuk, enpresa- eta merkataritza-konpetentziak garatzea, berrikuntza-prozesuak antolatzea eta erraztea, kideen lurrak batera kudeatzea eta ingurumena errespetatzen duten laborantza-praktikak eta ekoizpen-teknikak erabiltzea, bai eta animalien ongizatea errespetatzen duten praktikak eta teknikak ere.
3.– Elikagaigintza: kontzeptu honen barnean sartzen dira nekazaritzatik, arrantzatik, arrain-haztegietatik, ehizatik eta mikologiatik datozen produktuak edo beste jatorri natural batetik datozenak ekoiztea, eraldatzea, ontziratzea eta merkaturatzea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak ezarritakoari jarraikiz.
4.– Krisialdian dagoen enpresa: Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 2.14 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dagoen enpresa. Erregelamendu horrek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako laguntza-kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
5.– Nekazaritza-ustiategia: nekazaritza-ekoizpen primariorako erabilitako lursail, lokal eta instalazioek osatutako unitatea.
6.– Enpresa handia: Europako Batzordearen (EB) 2022/2472 Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen ez dituen enpresa. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
7.– Berrikuntza teknologikoa: merkatuan berria den edo nabarmen hobetuta dagoen produktu edo zerbitzu bat txertatzea, edo establezimendu batean berria den edo nabarmen hobetuta dagoen prozesu bat txertatzea. Berrikuntza teknologikoa lehendik dauden teknologien konbinazio berriak edota enpresak edo ustiategiak eskuratutako beste jakintza batzuk erabiltzearen emaitzetan oinarritzen da. Prozesu bat berritzat joko da, baldin eta enpresaren azpisektore ekonomikoan oro har ezarrita ez badago.
8.– Nekazari gaztea: 1048/2022 Errege Dekretuaren 3.21 artikuluan ezarritakora egokitzen diren ezaugarriak dituen nekazaria (1048/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketen esku-hartzeak aplikatzeari eta betekizun komunak ezartzeari buruzkoa).
9.– Bertako lehengaia: Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten den nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako lehengaia.
10.– Mikroenpresak, ETE edo enpresa txiki eta ertainak: Batzordearen (EB) 2022/2472 Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak.
11.– Nekazaritza-ekoizpen primarioa: nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako produktuen ekoizpena (Tratatuaren I. eranskinean zerrendatuak daude), produktu horien izaera aldatzen duen beste eragiketarik egin gabe.
12.– Inbertsio-proiektua: produktu komertzialak eskuratzeko eta haien produktibitatea eta kalitatea hobetzeko diseinatutako azpiegitura, ekipamendu, instalazio eta makinen multzoa.
13.– Nekazaritzako sektorea: ekoizpen primarioan zein nekazaritzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko prozesuetan jarduten duten enpresa guztiak.
14.– Enpresa berria: agindu honen aplikazioaren ondorioetarako, enpresa berritzat hartuko da, sortu berria izateaz gain, eskatutako laguntzaren xede den produkzio-zentro berria sortzen duena. Enpresa sortu eta lehenengo bi urteetan mantendu daiteke enpresa berriaren izaera hori.
15.– Inbertsio handia: agindu hau aplikatzearen ondorioetarako, inbertsio handitzat hartuko da 300.000 eurotik gorako inbertsioa.
3. oinarria.– Finantzaketa.
1.– 2025eko eta 2026ko ekitaldietan 1.500.000 euro erabiliko dira 2025eko Handitu Innova programaren deialdian ezarritako laguntzak finantzatzeko. Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.
2.– Funtsak honela banatuko dira: 500.000 euro 2025erako ordainketa-krediturako izango dira, eta 1.000.000 euro, berriz, 2026ko konpromiso-krediturako.
3.– Emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero –hasieran aurreikusitako kopurua % 20 handitu ahal izango da gehienez–, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin beharko da, eta horren berri emango da Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baina horrek ez du esan nahiko eskabide berriak aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epearen beste zenbaketa bat hasiko denik ere.
4. oinarria.– Betekizunak.
1.– Onuraduna izateko, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetan ezarritako baldintzak eta apartatu honetan jasotako betekizunak bete behar dira:
a) Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
b) Inbertsioak goi-teknologiako elementu, instalazio, ekipamendu eta azpiegiturei lotuta egotea, berrikuntza teknologikoko programa baten barruan, eta 300.000 euro baino gehiagokoak izatea.
c) Inbertsioak hauetako batek egitea:
I) Titularra edo titularkidea familia-ustiategi bateko pertsona fisikoa duten ustiategiak, baldintza hauek betetzen badituzte:
• Ustiategiaren titularra edo titularkidea izatea eta nagusiki nekazaria izatea.
• 18 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa izatea, nekazaritza-jardueraren arabera Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta emanda egotea, zerga-betebeharrak eta Administrazio Publikoari lotutako era guztietako betebeharrak egunean izatea, eta nekazaritza-jardueraren ondoriozko erretiro-pentsiorik, ezintasun iraunkor absolutuagatiko pentsiorik edo ezintasun iraunkor osoagatiko pentsiorik ez kobratzea, salbu eta ezintasun hori laguntza-eskabidearen xede den jarduerari lotuta ez badago.
• EAEko dagokion lurralde historikoko nekazaritza-ustiategien erregistroan behar bezala erregistratuta izatea ustiategia.
• Gaitasun eta trebakuntza profesional egokiak egiaztatzea, dela nekazaritza-adarrean gutxienez bigarren mailako lanbide-heziketako titulu akademiko bat duela egiaztatuz, dela nekazaritza-jardueran 2 urte baino gehiago eman dituela frogatuta.
II) Titular gisa pertsona juridiko bat duten ustiategi asoziatiboak:
• 1. taldea: Lan-sozietateak, sozietate anonimoak, sozietate mugatuak edo bestelako merkataritza-sozietateak, ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak –LUKKak– eta lan elkartuko kooperatibak, 1305/2013 EB Erregelamenduaren 17.2 artikuluan adierazitakoari jarraikiz. Horren barnean hauek sartzen dira:
○ Lehen eta bigarren mailako nekazaritza-kooperatibak.
○ Kooperatiba mistoak, gehiengoz lan elkartuko kooperatibek eta nekazaritzako kooperatibek osatuak.
• 2. taldea: Nekazaritzako makineria erabiltzeko kooperatibak (NMEK), ezaugarri hauek dituztenak:
○ Nekazaritza-ustiategien titularrek osatuta egotea; titularrak pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, baina inor ezin da izan kontratista, kapitalista edo antzeko beste ezein kategoriatako titular.
○ Sozietate-partearen gutxienez % 75 nagusiki nekazariak izango dira, eta kapital sozialaren edo banaketa-kuotaren gutxienez % 75, halaber, nagusiki nekazari diren kide edo bazkideen jabetzakoa.
○ Lehen mailako kooperatiben kasuan, bazkideen zerbitzurako makineria-atal bat badute, euren estatutuetan hala jasota badago, atal hori NMEKekin parekatuko da.
• 3. taldea: Ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak edo titulartasun partekatuko enteak, baldin eta kideen gutxienez % 50 nagusiki nekazariak badira eta kapital sozialaren edo banaketa-kuotaren gutxienez % 50 nagusiki nekazari diren bazkideena bada.
III) Inbertsio bat batera egiten duten bi ustiategi (NMEK bat eratu gabe), baldin eta banaka agindu honetan ustiategietarako ezarritakoa betetzen badute, eta diruz lagundu daitezkeen elementuak batera fakturatzen eta erregistratzen badituzte:
d) Ustiategia Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) edo Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (REGEPA) erregistratua egotea, eta eraldaketa-/merkaturatze-jarduera egiten badu, Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan (NEIE).
e) Inbertsioak ez egotea hasita eskaera aurkezten den unean. Betekizun horretatik salbuetsita egongo dira obra zibileko proiektuaren ordainsariak.
Egoera hori Elikagai Politika eta Industriako Zuzendaritzak in situ egindako ikuskapen baten bidez egiaztatuko da, edo notario-akta bat aurkeztuz –entitatearen kontura izango da–, betiere entitateak organo instrukzio-egileari inbertsioa hasi ez dela egiaztatzeko behar diren elementuak jasotzen baditu.
Era berean, enpresa handiek, laguntzarik gabe nolako egoera duten deskribatu beharko dute eskaeran, hau da, hipotesi kontrafaktual gisa edo proiektu edo jarduera alternatibo gisa aipatutako egoera, eta eskaeran deskribatutako hipotesi kontrafaktualaren aldeko dokumentu-frogak aurkeztu beharko dituzte.
Salbuespen gisa, bisita horien ordez, inbertsioa hasi ez izanaren aktak egin ahal izango dira modu ez-presentzialean, baldin eta funtzionarioak ezin badira inbertsioaren tokira joan akta in situ egiteko, edo, bestela, onuradunak emandako edozein frogagiri egokiren bidez, baldintza hauek betetzen badira:
• Ezinbesteko arrazoiak tarteko direla, ezin bada bisitatu laguntzaren xede den eragiketaren lekua edo inbertsioaren kokalekua.
• Akta egiteko erabilitako baliabide telematikoek eta eskatzaileak emandako dokumentazioak, argazki geoetiketatuak eta datatuak barne, argi eta garbi egiaztatzen badute egin nahi diren inbertsioak ez direla hasi akta aurkeztu den unean.
f) Pertsona edo enpresa eskatzaileak ekonomikoki bideragarriak izatea eta produktuak merkaturatzeko irtenbide arruntak izatea.
g) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko gidalerroen arabera (2014/C 249/01).
h) Proiektuak Euskadin ingurumen-gaietan aplikatu beharreko berariazko araudia betetzea (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa) –hala badagokio, inbertsio-proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, aurrez–, baita higiene-araudia eta inbertsio bakoitzari aplikatu beharreko Erkidegoko arauak ere.
i) Jakinaraztea ea diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
j) Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
k) Nekazarien elkarte eta antolakundeen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legean erabaki-organoetako ordezkaritza orekatuari buruz ezarritako atalaseak betetzea.
l) Diruz lagundu daitekeen proiektuak obra zibil bat badu, proiektua ebaluatzeko unean, agiri bidez egiaztatzea inbertsioa egiteko behar diren lursailak edo higiezinak erabiltzeko aukera ematen duen titulua, gutxienez 10 urterako, 2025etik aurrera; horrez gain, obra gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenek aurrez eskatuta egon beharko dute.
m) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, gehiegizko finantzaketarik ez jasotzea inbertsioaren garapenean.
2.– Halaber, laguntzen onuradun izateko, ezingo dira egon Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan ezarritako egoeretan. Hona hemen egoera horiek:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso izana.
b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin izana.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean xedatutako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez izatea. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.
Pertsona eta entitate eskatzaileek itzulketa hori egin dutela egiaztatu beharko dute dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan. Dagokion laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte, gutxienez, bete beharko dituzte betebehar horiek.
Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
g) Zehapena jaso izana dirulaguntzak jasotzeko aukera galarazten dion ebazpen irmo baten bidez, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraikiz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, ez eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.
h) Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
j) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuen kausetan nahasita egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmo bat ematen ez den heinean bide emango lukeena kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izateko dagokion erregistroan.
k) Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.
Pertsona eta entitate eskatzaileek dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik egiaztatuko beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dagokion laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte, gutxienez, bete beharko dituzte betebehar horiek.
Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
l) 30.000 eurotik gorako dirulaguntza eskatzean, ez betetzea merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean zehaztutako ordainketa-epeak. Lege horretan ezarritako ordainketa-epeak bete beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da, aginduaren IV. eranskinean adierazten den bezala.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeen kasuan, kide guztiek bete beharko dituzte aurreko eskakizunak.
4.– Pertsonek edo entitateek agindu honen III. eranskinean aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez justifikatuko dute oinarri honen 1. apartatuko f), g), h), k), l) eta m) letretan eta 2. apartatuko a) letratik j) letrara bitartekoetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela.
5.– 1. apartatuko d) eta j) letretan eta 2. apartatuko b), d), e), f) eta i) letretan jasotako betekizunak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehazten dituzten inguruabarrek irauten duten bitartean.
6.– 2. apartatuko a), g) eta h) letretan jasotako betekizunak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren arabera finkatuko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan, debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.
7.– 2. paragrafoaren c) letran jaso den betekizuna aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.
5. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaerarekin batera, oinarri honen 6. puntuan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira. Hala ere, agindu hau argitaratu aurretik baina deialdiaren ekitaldiaren barruan aurkeztutako eskaerak onartuko dira; eskaera horiek berriro aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den dokumentazio orokor eta espezifikoarekin, hala badagokio, eta agindu honek ondorioak sortzen dituenetik hilabeteko epean.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri honen 3. apartatuan adierazten diren helbideen bidez.
3.– Eskaera, erantzukizunpeko adierazpena, justifikazioa eta gainerako agiriak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri:
– https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1220405
Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» delakoaren bidez egingo dira:
– https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza.
Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez:
– https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Laguntza-eskaeraren ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri dago https://www.euskadi.eus web-orrian, eta agindu honen III. eranskina da.
6.– Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskaera ordezkari baten bidez egiten bada, ordezkaritza-egiaztagiria.
b) Pertsona juridikoek, entitatearen eratze-eskritura eta estatutuak (dagokion erregistroan inskribatu dela adierazten duen zigilua jarrita), eta, hala badagokio, gerora erregistratutako eskrituren kopia autentikoa, enpresa gaur egun zer egoeratan dagoen egiaztatzeko.
c) Enpresa eskatzailea talde batekoa bada: enpresa zein taldetakoa den, haren antolamendu-egituraren dokumentazioa, partaidetza-ehunekoak adierazita (laguntza eskatzen den eguneko informazioa).
Datu hauek emango dira:
– Negozio-zifraren zenbateko garbia.
– Langileen batez besteko kopurua.
– Aktiboaren zenbatekoa, guztira.
Era berean, emandako datuak egiaztatzen dituen dokumentazioa eman behar da; urteko kontu bateratuak, enpresa bakoitzaren urteko kontu ikuskatuak (halakorik ezean, Merkataritza Erregistroan aurkeztutako balantzea eta galdu-irabazien kontua), sozietateen gaineko zerga eta abar.
d) Aurrekontuak eta proformako fakturak, inbertsioa edo gastua justifikatzeko direnak.
e) Eskatutako inbertsio guztiak banan-banan azaltzen dituen taula, eta bakoitzaren hiru aurrekontuak, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz zein aurrekontu aukeratu den adierazita. Eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da horren zergatia aldeko memoria batean. Ezinezkoa bada inbertsioren batean hiru aurrekontu aurkeztea, justifikazio-memoria, inguruabar hori ukaezina dela argudiatzekoa.
f) Memoria tekniko-ekonomiko bat, proiektuaren bideragarritasunari buruzkoa, edukiaren aldetik agindu honen II. eranskinarekin bat datorrena.
g) Proiektuan obra zibil bat edo instalazioak egin behar badira, obra egiteko proiektua eta horretarako baimena lortzeko eskaeraren kopia autentikoa –hala badagokio, oniritzia izan beharko du proiektuak– eta behar diren lizentzia- eta baimen-eskaeraren kopia autentikoa.
h) Diruz lagundu daitekeen proiektuak obra zibil bat badu ekoizpen-establezimendu berri bat egiteko, proiektua ebaluatzeko unean, agiri bidez egiaztatzea inbertsioa egiteko behar diren lursailak edo higiezinak erabiltzeko aukera ematen duen titulua, gutxienez 10 urterako, 2. urtetik aurrera; horrez gain, obra gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenek aurrez eskatuta egon beharko dute.
i) Erantzukizunpeko adierazpena, aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla eta 4. oinarriko 1. puntuan ezarritako betekizunak betetzen direla dioena.
j) Ezin izan bada lortu lekukotza judizialik, ziurtagiri telematikorik edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk, hain zuzen 4.2 oinarriaren a) letratik j) letrara bitartean ezarritako eskakizunak betetzea egiaztatzen duenik, erantzukizunpeko adierazpena, halako betekizunak betetzeari buruzkoa.
k) Memoria bat, 9. oinarriari dagokionez kasu bakoitzean aplikatutako balorazio-irizpideak betetzen direla justifikatzekoa.
l) Higiezinen erosketan, indarreko tasazio ofiziala eta eraikinak azken 10 urtean laguntzarik jaso ez izanaren erantzukizunpeko adierazpena.
m) 30.000 eurotik gorako dirulaguntza eskatuko denez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako ordainketa-epeak betetzen direla egiaztatzeko agiriak; hain zuzen ere, agindu honen IV. eranskinean ezarritako froga-baliabideak.
n) Laguntza kuantifikatzeko, entitate eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.
ñ) Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatuko dute, hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.
Pertsona eta entitate eskatzaileek dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik egiaztatuko beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dagokion laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte, gutxienez, bete beharko dituzte betebehar horiek.
Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
7.– Oinarri honen 6. apartatuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, agiri horiek aurkeztutzat joko dira, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu zituen dokumentuak. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu hori emateari laguntza-eskaeran, eta, hala egiten badu, dokumentazioa berak aurkeztu beharko du.
8.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, laguntzen eskaeratik datozen jarduketetan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean xedatutakoaren arabera.
9.– Eskaerak eskakizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, ulertuko dela atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan oinarrituta, Elikagai Politika eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
10.– Edonola ere, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
11.– Pertsona fisiko edo juridikoen (publiko zein pribatuak) nortasunik gabeko taldeak direnean, berariaz adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio-konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bat izendatu behar dute elkarteek, elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Taldea ezin izango da desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideak preskribatzeko legez aurreikusitako epea igaro arte.
6. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezaketen kostuak, oro har.
1.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak hauek izango dira:
a) Makineria eta ekipamendu berriak erostea edo haien finantza-errentamendua produktuaren merkatu-balioraino, elementu hauetan:
– Uztak biltzeko robotikan egindako inbertsioak.
– 4.0 teknologiako eta zehaztasuneko makinak, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorean, honako hautarako:
• Produktu kimikoen erabilera murriztea, batez ere produktu fitosanitarioena eta ongarriena.
• Laboreen trazabilitatea eta kalitatea kontrolatzea ereiteko eta lantzeko fasean.
• Abereen geolokalizazioa.
• Abereentzako itxitura digitalak.
• Abereen genetika eta ugalketa hobetzea.
– Goi-teknologiako instalazioak eta elementuak berotegietako zenbait sistematarako; besteak beste, argiztapen, berokuntza eta ureztatzeko sistemetarako.
– Ustiapenean mindak prozesatzeko eta tratatzeko goi-teknologiako makinak.
– Berrikuntza teknologikoan oinarritutako laboreetan eta ganaduetan beharrezkoak diren instalazioak, ekipamenduak eta makinak.
– Abereak (behiak, ardiak eta ahuntzak) kudeatzeko prozesuak digitalizatzea.
b) Ureztatze/ureztapen-instalazioetako inbertsioen kasuan, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan estatu-laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetako 157. eta 158. gidalerroetan ezarritakoa betetzen dutenak baino ez dira diruz lagunduko (2022/C 485/01).
c) a) letran adierazitako gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasunari buruzko aholkularitzari dagozkion ordainsariak, bideragarritasun-azterlanak barne; bideragarritasun-azterlanak diruz lagundu daitezkeen gastuak izaten jarrai dezakete, nahiz eta, emaitzen arabera, a) eta b) letretan jasotako gastuak ez ordaindu.
d) Oro har, diruz lagungarriak izango dira elementu desberdinetan egindako inbertsioak diruz lagungarriak izango dira, baldin eta ekoizpen-prozesu berari lotuta badaude.
2.– Diruz laguntzekoak izango dira, halaber, inbertsioak, baldin beharrezkoak eta aurreko puntuan adierazitakoen osagarriak badira:
a) Ondasun higiezinak eraikitzea eta eskuratzea, finantza-errentamendua barne, edo bigarren eskuko ondasun higiezinen hobekuntza, baldin eta, azken hamar urteetan, ez badute jaso dirulaguntza nazionalik edo erkidegokorik, laguntzak jarraitzen duen kasuan laguntza bikoiztea dakarrenik.
b) Aurreko apartatuan ezarritako gastuei lotutako kostu orokorrak; arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunari buruzko aholkularitzari dagozkion ordainsariak, bideragarritasun-azterketak barne, proiektuaren gauzatze materialaren % 8raino. Bideragarritasun-azterketak diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira oraindik, nahiz eta, emaitza kontuan hartuta, aurreko puntuetan ezartzen diren gastuak ez egin.
c) Ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea, eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.
d) Bioenergia ekoizteko ekipoetan egindako inbertsioak, efizientzia-estandarrak betetzen badituzte, ustiategian soilik kontsumitzeko direnean.
e) Ingurumen-inpaktua txikitzeko eta haren kalitatea hobetzeko prozesuetan inbertsioak egitea, bereziki ustiategien karbono-aztarna gutxitzen laguntzen duten prozesuetan; helburuak izan behar du produktuek ekoizpen-prozesuetako baldintza tekniko eta sanitarioak betetzen dituztela egiaztatzea edo horietara egokitzea.
3.– Eskatzaileak hornitzaile ezberdin eta independenteen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez, eskatutako laguntzaren xede diren inbertsio guzti-guztiei dagokienez, zenbatetsitako kostuaren zenbatekoa edozein dela ere (diruz laguntzekoa den gastua kontratu txikien zenbatekoa baino txikiagoa izan daiteke), obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan horiek egin, mailegatu edo hornitzen dituzten entitateen kopuru nahikorik ez badago –egiaztatu egin beharko da–.
Aurrekontuko inbertsioa egiteko eta zerbitzu hori emateko gaitasuna duten enpresa independenteek egin behar dituzte aurrekontuak; behar bezain zehaztuta egon behar dute, eta konparatzeko moduko gastu-kontzeptuak jaso behar dituzte.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua –laguntza eskatzean aurkeztu beharko dira eskaintzok– efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onuragarrienaren alde egiten ez bada.
7. oinarria.– Dirulaguntza jaso ezin duten kostuak.
Ez dira diruz lagunduko:
1.– Enpresen salerosketa edo transferentzia.
2.– Sozietatea eratzeko eta lehen aldiz ezartzeko gastuak.
3.– Inbertsioa egiten den lursaila erosteko eta erosten diren lokal eta pabiloi eraikietako lurzoruaren balioa ordaintzeko inbertsioak.
4.– Makinak birjartzeko inbertsioei lotutakoak, baldin eta makinaren amortizazioaldia bete ez badute (gutxienez 7 urte).
5.– Nekazaritzako ekoizpen-eskubideak eta ordainketa-eskubideak erostea.
6.– Urteko landareak erostea eta landatzea, salbu eta 1.4 oinarriaren d) helburua lortzeko direnean eta higadura genetikoko arriskuan dauden landare-barietateak babesteko denean, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen 210. puntuan aipatutako konpromisoei jarraikiz.
7.– Animaliak erostea, salbu eta 1.4 oinarriaren d) helburua lortzeko direnean eta arraza mehatxatuetako animaliak erosten direnean, (EB) 2016/1012 Erregelamenduaren 24.2 artikuluan definitutakoaren arabera, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen 207. puntuan aipatutako konpromisoei jarraikiz; salbuespena da, halaber, azienda harrapari handien aurka babesten duten txakur zaindariak erostea.
8.– Finantza-errentamenduko kontratuekin zerikusia duten kostuak, 6. oinarrian aipatutakoak izan ezik, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguru-gastuak.
9.– Ustiapen-kapitala.
10.– Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta beste tasa eta zerga batzuk. Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeen zeharkako zergak. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz laguntzekoa izango, salbu eta BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera ez bada berreskuratzeko modukoa. Berreskuratu ezin daitekeen BEZa diruz laguntzeko modukoa izan dadin, onuradunaren merkataritza-peritu batek edo legezko auditore batek egiaztatu beharko du ordaindutako zenbatekoa ez dela berreskuratu eta onuradunaren kontabilitatean gastu modura jaso dela.
11.– Normalean 5 urtetik beherako zikloetan amortiza daitezkeen materialak. Ezingo dira diruz lagundu, halaber, kontabilitateak gastutzat hartzen dituen inbertsioak, salbu eta azterlanak eta proiektuak.
12.– Indarrean dauden beste programa batzuek babestutako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko inbertsioak.
13.– Fruta- eta barazki-ekoizleen elkarte (FBEE) bateko kideak dituzten ustiategiei eragiten dieten edo FBEE batek sustatzen dituen inbertsio diruz lagungarriak, baldin eta haien funts operatiboetatik eskatu bada dirulaguntza.
14.– Bigarren eskuko ekipamendua erosteko inbertsioak.
15.– Garraio-elementuak, salbu eta ekoizpen-prozesuei baldintzarik gabe lotuta daudenean eta ustiapenaren/instalazioaren barruan daudenean.
16.– Ez dira diruz lagunduko proiektuak baldin eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptuetako inbertsioa 300.000 eurotik beherakoa bada guztira.
17.– Berrikuntza teknologikoko programarekin loturarik ez duten eskuzko tresnak.
18.– Mantentze-lanak, konponketak eta autoeraikuntza.
19.– Eskudirutan ordaindutako inbertsioak.
20.– Biomasatik elektrizitatea sortzeko instalazioetan egindako inbertsioak.
21.– Nitratoekiko kalteberak diren EAEko eremuetan abeltzaintzako mindak biltegiratzeko, tratatzeko, birziklatzeko edo bestelako helburuetarako erabiltzeko ekimen publikoko inbertsioak.
8. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak du deialdi honen xede diren laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Inbertsio-eskaerak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Batzorde hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko lau kidek osatuko dute: kide horietako bat enpresa-programaren arduraduna izango da; beste bat, Elikagaien Ikerketa eta Berrikuntzako Programaren arduraduna; beste bat Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako teknikarien artean aukeratuko da, eta laugarrena HAZI Fundazioko ordezkari bat izango da. Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira pertsona horiek. Ebazpen horrek, era berean, adieraziko du nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua. Balorazio-batzordea osatzen duten pertsona guztientzako ordezkoak ere izendatuko dira, zuzendaritza horretako teknikarien artetik. Balorazio-batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da, batzordea eratu aurretik.
Bileretara NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen ordezkari bat joango da, gaian aditua den aldetik. Hitza izango du, baina botorik ez. Gainera, batzordeak arloko adituei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkuak emateko, beharrezko irizten dionean.
3.– Balorazio-batzordeak inbertsio-proiektuen bideragarritasuna aztertu eta baloratu aurretik, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako betekizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.
4.– Balorazio-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Aurkezten diren eskaera guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Halaber, araudia betetzen ez duten eskabideen zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.
b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten inbertsio-eskaerak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak finkatutako irizpide objektiboak.
c) Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion adierazten duen txostena egitea.
5.– Balorazio-batzordeak Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari igorriko dio txostena. Txostenak agindu honen 13. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du, gutxienez.
6.– Balorazio-batzordeak nahi dituen funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, eta horietan xedatzen ez den guztian Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituko zaio.
9. oinarria.– Inbertsio-proiektuen balorazioa.
Agindu honek arautzen dituen inbertsio-proiektuak baloratzeko eta bakoitzari puntuazio bat emateko (proiektu bakoitzaren puntuazioaren arabera kalkulatuko da laguntza, agindu honen 10. oinarriarekin bat), betetzen diren balorazio-irizpide hauetako bat edo hainbat hartuko da kontuan.
Irizpide horiek laguntza eskatzeko unean bete eta egiaztatu behar dira.
Inbertsio-proiektu batek gehienez 100 puntu lortu ditzake.
1.– Pertsona/entitate onuraduna zer motatakoa den, puntuazio hau emango da:
a) Ustiategietan inbertitzeko proiektuak, baldin eta haien titularra eta, hala badagokio, titularkidea <= 50 urteko pertsona fisikoa bada: 15 puntu.
– Puntuazio horri 5 puntu gehituko zaizkio kasu hauetan:
i) Sektorean lehendabizikoz sartu diren 41 urtez azpiko titularrek sustatutako inbertsio-proiektuak.
ii) Titulartasun partekatua duten edo titular gisa emakume nekazari bat duten inbertsio-proiektu sustatuak.
b) Ustiategi asoziatiboetan inbertitzeko proiektuak, baldin eta haien titularra 4. oinarrian deskribatutako 1. taldeko pertsona juridikoa bada: 25 puntu.
c) Ustiategi asoziatiboetan inbertitzeko proiektuak, baldin eta haien titularra 4. oinarrian deskribatutako 2. taldeko pertsona juridikoa bada: 20 puntu.
d) Ustiategi asoziatiboetan inbertitzeko proiektuak, baldin eta haien titularra 4. oinarrian deskribatutako 3. taldeko pertsona juridikoa bada: 15 puntu.
e) Onuradun izan daitezkeen beste batzuek sustatutako inbertsio-proiektuak: 10 puntu.
Titularren bat mota bat baino gehiagokoa bada, puntuak ezingo ditu metatu, eta puntuazio handieneko mota esleituko zaio soil-soilik.
2.– Ustiategi motaren arabera, 15 puntu emango zaizkie (ez-metagarriak) mota hauetakoren bateko ustiategietan sustatutako inbertsio-proiektuei:
– Ekoizpen ekologiko ziurtatua edo kalitate-programa ziurtaturen bat duten ustiategiak.
– Nekazaritza-ingurumeneko kontratua duten ustiategiak, edo karbono-aztarna murrizteko programa edo proiektu piloturen bati atxikita daudenak.
– Ureztatze estentsiboko laboreetan gutxienez 10 ha dituzten ustiategiak.
– Euren ekoizpenaren % 50 baino gehiago EAEn ofizialki aitortutako ekoizle-kooperatiba baten edo ekoizle-talde baten bidez merkaturatzen duten ustiategiak.
10 puntu gehiago emango zaizkie EAEko Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeak estrategikotzat eta traktoretzat jotzen dituen azpisektoreetako inbertsio-proiektuei.
Era berean, proiektuak 10 punturekin osatuko dira, baldin eta haien entitate onuradunak elikagaien eraldaketa-prozesuak egiten baditu diruz lagundu beharreko proiektuari lotuta.
3.– Inbertsio-tipologiaren arabera, 40 punturekin osatuko dira (ez-metagarriak) 6. oinarriko 1. puntuan jasotako kostu diruz lagungarriei lotutako inbertsio-proiektuak.
Inbertsio-proiektu horiei 5 puntu gehituko zaizkie, 6. oinarriko 2. puntuan aintzat zehaztutako inbertsio osagarriak egitea badakarte.
10. oinarria.– Laguntzaren kuantifikazioa.
1.– Gehienez ere, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 60ko laguntza emango da.
2.– Proiektuak lortu beharreko gutxieneko puntuazioa, diruz lagungarria izango bada: 60 puntu.
3.– Laguntzaren intentsitatea proiektuaren osagai berritzailearen araberakoa izango da; alegia:
– Proiektuaren inbertsio-aurrekontuaren banakapenean berrikuntza ekartzen duten elementuek proiektuaren balioaren % 50 baino gehiago osatzen badute, aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea aldatu egingo da, espedienteari esleitutako maila eta puntu-baremo hauen arabera:
• 60 puntuko proiektuak: laguntzaren intentsitatea % 20 izango da.
• 60 eta 80 puntu arteko proiektuak: laguntzaren intentsitatea % 40 izango da.
• 80 eta 100 puntu arteko proiektuak: laguntzaren intentsitatea % 50 izango da.
• 100 puntuko proiektuak: laguntzaren intentsitatea % 60 izango da.
– Proiektuaren inbertsio-aurrekontuaren banakapenean berrikuntza ekartzen duten elementuek proiektuaren balioaren % 50 baino gutxiago osatzen badute, aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea aldatu egingo da, espedienteari esleitutako maila eta puntu-baremo hauen arabera:
• 60 puntuko proiektuak: laguntzaren intentsitatea % 10 izango da.
• 60 eta 80 puntu arteko proiektuak: laguntzaren intentsitatea % 20 izango da.
• 80 eta 100 puntu arteko proiektuak: laguntzaren intentsitatea % 30 izango da.
• 100 puntuko proiektuak: laguntzaren intentsitatea % 40 izango da.
4.– Proiektu batek baino gehiagok puntu kopuru bera lortzen badute, ordena honetan emango zaie lehentasuna:
a) Inbertsio-zenbateko handiena duten proiektuak, inbertsio-zenbateko txikienekoen aldean.
b) Adinez gazteenak diren titularrek eskatutako proiektuak, adinez zaharrenak direnen aldean.
Lehenespen-irizpideak aplikatuta berdinketa ebazten ez bada, laguntza-eskaeraren sarrera-hurrenkeraren arabera lehenetsiko da.
5.– Nolanahi ere, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako Estatuko laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetan ezarritako laguntzaren gehieneko ehunekoekin bat etorriko da laguntzen zenbatekoa.
11. oinarria.– Laguntzak adjudikatzeko eta kuantifikatzeko prozedura.
1.– Laguntzak adjudikatzeko, lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedurari jarraituko zaio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 xedatutakoaren arabera.
2.– Aurkeztutako inbertsio-proiektu bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, agindu honetan jada ezarritako irizpide objektiboak aplikatuko dira. Horrela, ordena horretan adjudikatuko dira laguntzak, 10. oinarrian finkatutako ehunekoak aplikatuta.
3.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, azken laguntzari dagokionez, inbertsioaren zenbatekoa diru kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, adjudikatuko den laguntza diru kopuru erabilgarri hori izango da.
12. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– 8.5 oinarrian aipatutako balorazio-batzordearen txostena kontuan hartuta, Elikagai Politika eta Industriako zuzendariak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dira.
2.– Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzaile horren txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek eskakizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
3.– interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi beharko zaie; 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
4.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 1. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13. oinarria.– Prozedura ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitatea.
1.– Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio ebazpena ematea, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak proposatuta eta zuzendari horrek txostena egin ondoren. Txosten horretan jasota geratu beharko da ezen, bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen denez, onuradun izateko proposatutako pertsona eta entitateek dirulaguntzak jasotzeko behar diren eskakizun guztiak betetzen dituztela.
2.– Ebazpenean informazio hau adierazi beharko da, gutxienez:
a) Aintzat hartutako eskaerei dagokienez:
– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFKa edo NANa.
– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura, diruz lagundutako zenbatekoa.
– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.
– Diruz lagundutako jarduketa guztiak egiteko epea.
b) Ezetsitako eskaerei dagokienez:
– Eskatzaileen izena edo izen soziala, IFKa edo NANa.
– Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.
3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.
Prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatzen duena betez. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpena helaraziko zaio, eta bakoitzari berariaz eragiten dioten ebazpenaren alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta.
4.– Oinarri honen 3. apartatuan adierazitako epea igaro eta bertan ezarritako argitalpena egin ez bada, pertsona eta entitate interesdunek ulertu ahal izango dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 5. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.
5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Elikagai Politika eta Industriako zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat.
6.– Onuraduna pertsona fisiko edo juridikoen (publiko zein pribatuak) nortasunik gabeko talde bat denean, berariaz adierazi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio-konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Taldea ezin izango da desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideak preskribatzeko legez aurreikusitako epea igaro arte.
14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honen xede diren laguntzen onuradunek honako hauek bete beharko dituzte: nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetan ezarritako betebeharrak, oinarri honetan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. 27. eta 42. artikuluetan zehaztutako betebeharrak. Hona hemen betebehar horiek:
1.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa laguntza emateko ebazpenak ematen duen epean gauzatzea; betiere, agindu honetan ezarritako gehieneko mugaren barruan.
2.– Laguntza zertarako eman zaien, helburu zehatz horrexetarako erabiltzea.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari, onartu egiten dutela ulertuko da.
4.– Dirulaguntza ordaintzeko unean, onuradunak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere.
Elikagai Politika eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du automatikoki eta ofizioz eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan adierazitakoari jarraikiz (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
5.– Ekipamendu informatikoen kasuan, onuradunari egiten zaion azken ordainketatik ondorengo 5 urteetan martxan egon beharko dute inbertsioek; gainontzeko ondasun higigarrien kasuan, guztizko ordainketa egiten denetik ondorengo 7 urteetan. Ondasun higiezinen kasuan, jabetza-erregistroan inskribatzen direnetik ondorengo 10 urteetan, eta epe horretan ezin izango dira ez besterendu, ez amortizatu, ez diruz laguntzen den helburua ez den beste helburu baterako erabili.
6.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea diruz lagundutako proiektua partzialki edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak.
7.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
8.– Agindu honen 4. oinarriaren 1. apartatuaren i letran xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskuratzen bada, horren berri ematea Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.
9.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintza objektibo edo subjektiboak aldatzen badira, horren berri ematea Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari, baldintzak aldatu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.
10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan biltzen diren zabalkunde-neurriak hartzea. Dirulaguntzaren xede diren inbertsio guztietan ikusteko moduan eta agerian jaso beharko da, baita horiei buruz argitaratzen den informazio edo publizitate guztian ere, finantzaketa publikoa dela, hau da, Eusko Jaurlaritzaren funtsak dituela, bat etorriz abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan agindutakoarekin.
11.– Eskura edukitzea merkataritza-legeriak eta kasu bakoitzean onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion sektoreko legeriak eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatzeko.
12.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduerak gauzatzeko erabil baitaitezke; gutxienez 5 urtez gorde beharko dira, azken ordainketa jasotzen denetik aurrera.
13.– Jasotako funtsak edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako kasuetan.
14.– Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
15.– Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
16.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluari jarraikiz.
17.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, onuradunak konpromisoa hartu behar du gehiegizko finantzaketarik ez jasotzeko inbertsioa garatzean.
15. oinarria.– Proiektuak gauzatzeko gehieneko epeak.
1.– Inbertsioak urtebetean edo bi urtean gauzatu ahalko dira.
2.– Urteko inbertsioak gauzatzeko epea 2025eko abenduaren 31n amaituko da. Epe hori ezingo da luzatu.
3.– Bi urteko inbertsioak gauzatzeko epea 2026ko abenduaren 31n amaituko da. Epe hori ezingo da luzatu.
16. oinarria.– Inbertsioa gauzatu dela justifikatzea.
1.– Emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatu dela justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzan, proiektua gauzatzeko gehieneko epea amaitu eta gehienez ere hurrengo hilabetean:
a) Egindako jarduketak justifikatzeko memoria bat; informazio hau jaso behar da: proiektua egin dela, exekuzio-maila eta diruz lagundu daitezkeen gastuek ez dutela merkatuaren balioa gainditzen.
b) Ondasun higiezinen erosketa lagundu bada diruz, salerosketaren egiaztagiri publikoaren kopia autentikoa aurkeztuko da. Higiezin berria eraiki bada, ikus-onetsitako obraren amaierako ziurtagiriaren kopia autentikoa.
c) Obra zibila egitea aurreikusten bada inbertsio-proiektuaren esparruan, obra egiteko lizentzia.
d) Udal-araudiak hala eskatzen badu, inbertsioak egiteko udal-lizentzia. Edo, ez bada nahitaezkoa lizentzia edo baimen hori eskatzea, hori behar bezala egiaztatzen duen froga aurkeztu beharko da.
e) Jatorrizko fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.
f) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, aurkeztu egin badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.
g) Txosten ekonomiko bat, fakturen eta egindako ordainketen xehetasunen taula bat duena, faktura eta ordainketen data eta erreferentziak, hornitzaileak, azalpena, zenbatekoa eta aplikatutako zergak.
2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
3.– Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitu egin beharko da.
17. oinarria.– Ordainketa.
1.– Justifikatutako gastuaren zenbatekoari diruz lagundutako inbertsioan aurreikusitako kostuari emandako dirulaguntzaren ehunekoa aplikatuta ateratzen den zenbatekoa ordainduko da.
2.– Ordainketak egin aurretik, emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzearen eskaera eta justifikazioa egin beharko da aurreko oinarriak aipatzen dituen dokumentuen bidez, eta Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako teknikariek proiektuaren gauzatzea kontrolatu beharko dute. Gauzatze-kontrol hori gehienez ere sei hilabeteko epean egiaztatu beharko da, onuradunak inbertsioa osorik edo zati batean gauzatu dela jakinarazten duenetik aurrera.
3.– Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.
4.– Onuradunei zuzenean ordainduko zaie laguntza, finantza-errentamenduen kasuan izan ezik.
5.– Urte bakoitzean, bi ordainketa partzial egin ahalko dira; betiere, interesdunak eskatzen badu. Proiektuak hainbat urtetan gauzatzekoak badira, ekitaldi bakoitzean egingo da urte bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen ordainketa, bat etorriz Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean dauden eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei aplika dakiekeen aurrekontu-araubidea arautzen duten legezko xedapenen testu bateginaren 111.5 artikuluan xedatutakoarekin.
6.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 16. oinarriaren 1. zenbakian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere hiru hilabetera, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu, Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa egin dezan.
7.– Laguntzaren xede den inbertsioa ez bada gauzatzen ezarritako gehieneko epeetan edo eman den laguntzaren xedeko inbertsioa gauzatu izanaren egiaztagiria ez bada aurkezten epe horietan beretan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala dagokionean, agindu honen 20. oinarrian xedatu itzulera-prozedura jarriko da abian.
8.– Laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak nahitaez egon beharko du inskribatuta Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan, eta alta eman beharko du erregistro horretan inskribatuta ez badago, edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu, ez badatoz bat titular duen eta laguntza jasotzeko erabili nahi duen kontuko datuekin. Telematikoki egin beharko du hori, helbide honetan:
– https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/
Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa eskatzaileak berak edo haren ordezkari batek egin beharko du, bitarteko elektronikoen bidez, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago, helbide honetan:
– https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Erregistro horretan inskribatuta dagoen banku-kontuan ordainduko da dirulaguntza.
18. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Aldi berean beste entitate publiko nahiz pribatu batetik dirulaguntzak eta laguntzak jasoz gero, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde behar izango dira. Horretarako, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko, horrela badagokio, eta, beharrezkoa izanez gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
2.– Aurkeztutako inbertsio-proiektuan (hau da, emandako dirulaguntzaren xede den hartan) edozein aldaketa eginez gero, onuradunak jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko du Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzan, inbertsioak egin aurretik eta 3 hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion inbertsio-proiektuan egindako aldaketa hauek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko dute, betiere betetzen badira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutako betekizunak:
a) Laguntzaren onuraduna aldatzea (enpresek bat egitea edo sozietate mota eraldatzea salbu).
b) Emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzeko egutegia aldatzea.
c) Inbertsioen kokapena aldatzea.
d) Inbertsioaren kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako inbertsioez gain beste batzuk ere sartuz.
Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.
Aldaketak ez badira apartatu honetan aipatutakoak, ez dute aldaraziko laguntza emateko ebazpena, kontuan harturik, nolanahi ere, oinarri honen 4. zenbakian aurreikusitakoa gerta daitekeela.
3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inbertsioen balorazio-irizpideen aplikazioan aldaketaren bat egiten bada eta emandako laguntzaren zenbatekoarekiko beheranzko desbideratzea eragiten badu, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dirulaguntzaren ehuneko berria oinarriarekiko aplikatuta lortzen den proportzio berean, eta, hala badagokio, behar ez bezala jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hilabeteko borondatezko epean, dirulaguntza aldatzeari buruzko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera; borondatezko epe horretan itzulketarik egiten ez bada, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Baldin eta egindako inbertsioaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta laguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da dagokion proportzioan, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen dirulaguntza emateko ebazpenaren aldaketa-ebazpenaren bidez, eta, beraz, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa. Ez da onartuko aldaketarik baldin eta, gutxienez, hasieran onartutako diruz laguntzeko moduko inbertsioaren % 60 ez bada gauzatzen.
19. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea helarazi beharko diote Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du prozedura.
2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahalko dio, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 14. oinarriko 3. zenbakian ezarritako betebeharrei jarraikiz, emandako laguntza onartzeko betebeharra du onuradunak–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskabidea helarazi beharko diote Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.
Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
3.– Ukoa ez da onartuko entitate interesdunari jadanik jakinarazi bazaio deialdiaren esparruan ez-betetze edo zehapen-prozedura bat abiarazi dela. Prozedura horrek ebazpena eman arte jarraituko du.
20. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Honako kasu hauetan itzuli behar dira jasotako kopuruak, eta exijitu berandutze-interesa, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa egin behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoa, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte sortutakoa, data hori dirulaguntza itzuli behar dela erabakitzen den eguna baino lehenagokoa bada:
a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.
b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.
c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo ez mantentzea.
d) Laguntza emateko ebazpenean emandako laguntzaren xede den eta diruz lagundu daitekeen inbertsioaren proiektuaren zenbatekoaren % 60 ez gauzatzea gutxienez; 13. oinarrian dago deskribatuta.
e) Enpresa-deslokalizazioa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluari jarraikiz.
f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean egotea.
2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako edozeinetan egonez gero, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ez-betetzeagatik eskubidea galtzeari buruzko espedientea egin ondoren –espediente horretan, entzunaldia emango zaio interesdunari, 15 eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan–, administrazio-ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa «pro-rata temporis» egingo da.
Aurrekoa hala izanik ere, ez-betetzea dela eta laguntza emateko ebazpenean emandako laguntzaren xede den inbertsioaren zenbatekoaren % 60tik behera gauzatzen bada, dirulaguntzarako eskubidea galduko da eta, hala badagokio, dirua itzuli beharko da, emandako dirulaguntzaren guztizkoaren gain.
Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
3.– Arau-hauste administratibotzat hartu daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan zehaztutako jokabideak.
21. oinarria.– Bateragarritasuna eta aldiberekotasuna.
Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publiko edo pribatuk helburu bererako ematen duen beste edozeinekin; betiere, dirulaguntza guztien batura ez bada handiagoa agindu honek finkatzen dituen gehieneko ehunekoak baino. Handiagoa bada, berriz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio zenbatekoari.
22. oinarria.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Helbide honetan kontsultatu daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
–https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml
II. ERANSKINA
BERRIKUNTZA TEKNOLOGIKOKO INBERTSIO HANDIKO PROIEKTUAREN BIDERAGARRITASUNARI BURUZKO MEMORIA TEKNIKO-EKONOMIKOA
Memoriak parametro hauek eduki behar ditu:
1.– Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).
2.– Enpresaren egitura. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, adierazi parte-hartzaile guztiak eta haien NAN-zenbakiak.
3.– Ekoizpen-prozesuaren deskribapena.
4.– Inbertsioaren aurretik landutako produktuen merkatua.
5.– Proiektuaren kokalekua.
6.– Gauzatu beharreko ekintza zehatzen deskribapena (obra zibila, makineria...).
7.– Ekoizpen-prozesu berrien eta, halakorik bada, lortu beharreko produktuen deskribapena.
8.– Inbertsio-kapitulu edo -partida bakoitzean ezarritako berrikuntza teknologikoaren deskribapena (Berrikuntza Teknologikoko Programa).
9.– Gauzatzeko epeak eta kronograma.
10.– Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegu-sorkuntza, etab.).
11.– Azken bi urteotako balantzea eta emaitza-kontua.
12.– Inbertsioak egiteko aurreikusitako aurrekontua.
13.– Bideragarritasun-plana, honako hauek barne:
a) Egungo salmentak eta hurrengo bost eta hamar urterako aurreikusitakoak.
b) Inbertsioaren balioztapen ekonomikoa. Balio eguneratu garbia eta itzulerako barne-tasa.
III. ERANSKINA
ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA
Laguntzaren eskaera-inprimakia webgune honetan dago eskuragarri:
Hau da inprimakiaren oinarrizko edukia:
– 2025eko Handitu Innova.
– Kodea.
– Organo instrukzio-egileari zuzendua.
– Nortasun-datuak.
– Titularra.
– Ordezkaria.
– Eskatzailearen datu fiskalak zer lurralde historikotan dauden.
– Jakinarazpenetarako eta komunikaziorako bidea.
– Abisuak jasotzeko datuak.
– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.
– Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.
– Eskatzen duen laguntza-lerroa, Aginduaren arabera.
– Inbertsio- edo gastu-proiektuaren titulua.
– Zerga-egoitza.
• Parte-hartzaileak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, parte-hartzaileen izena eta NAN-zenbakia.
• Sozietatearen kapitalaren egungo egitura: Izen-abizenak edo sozietatearen izena, NANa edo IFKa eta sozietate-partaidetza.
– Enplegatuen kopurua, sexuaren arabera banakatuta.
– Artezkaritza-kontseiluko edo zuzendaritza-karguetako kideen kopurua, sexuaren arabera banakatuta.
• Talde, elkarte edo kooperatiben kasuan, artezkaritza-kontseiluko edo edozein zuzendaritza-organotako kideen kopurua, sexuaren arabera banakatuta. Eta bazkide kopurua, sexuaren arabera banakatuta.
– Nekazaritzako ustiategia / abeltzaintzako ustiategia / basogintza.
– Egun garatutako edo aurreikusitako jarduerak.
– Erabili edo aurreikusi diren lehengaiak.
– Fabrikatu edo aurreikusi diren produktuak.
– Inbertsioaren kokalekua.
– Inbertsioaren deskribapena.
– Inbertsioaren zenbatekoa, ekintzak eta urteka banakatuta.
– Proiektuaren finantzaketa.
• Balorazio-irizpideak, Aginduaren arabera; balorazio-irizpideekin batera, irizpideen gaineko azalpen-memoria eta irizpideen euskarri gisa beharrezkoak diren egiaztagiriak aurkeztuko dira.
– Erantzukizunpeko adierazpena:
• Laguntza-eskabidean adierazitakoa egia dela, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak direla; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko duela; eta ez duela alegatuko faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaerak ez zituela ezagutzen.
• Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiten direla.
• Bideragarritasun ekonomikoa duela, eta bere produktuek merkaturako irispide arrunta dutela.
• Ezin hartu daitekeela krisialdian dagoen enpresatzat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
• Proiektuak bete egiten dituela ingurumenaren arloko arauak, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiari jarraikiz (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa).
• Eskatu dion ala ez administrazio publiko edo ente publiko nahiz pribaturen bati diruz lagundu daitekeen proiektu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik, eta eskuratu duen ala ez. Baiezkoan, adierazi zein entitateri eskatu zaion eta, eman bazaio, zein entitatek eman duen eta laguntza zenbatekoa izan den.
• Ez dagoela ezein berreskuratze-aginduren eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
• Ez duela jaso, epai irmo bidez, laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren kondenarik, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpena edo hirigintza-delitua.
• Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez dagoela esku-hartze judizialaren pean edo ez dagoela desgaituta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
• Ez duela eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmorik.
• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta interes-gatazkak arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
• Ez duela zerga-egoitza araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.
• Egunean du EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeagatiko edo zehapenengatiko betebeharren ordainketa.
• Ez dagoela zehatuta –ez zigor- ez administrazio-arloan– dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioan erortzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian.
• Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez daukala zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
• Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, edo egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
• Elkarteen kasuan, ez daudela nahasita Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan; edo, ez daudela nahasita ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura etetea eragin duten kausetan, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, baldin eta ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, zeinaren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
• Ez duela enpresa-deslokalizaziorik egin, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan.
• Ez duela gehiegizko finantzaketarik ez jaso inbertsioaren garapenean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.
Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
IV. ERANSKINA
DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 17KO 38/2003 LEGE OROKORRAREN 13.3 BIS ARTIKULUAN EZARRITAKO ORDAINKETA-EPEAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEKO DOKUMENTAZIOA
Onuradunaren edota entitate lankidearen kondizioa izateko, merkataritza-eragiketetan berandutzearen aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoari jarraikiz bete dituztela ordainketa-epealdiak.
Betetze-maila egiaztatzeko, frogabide hauek baliatuko dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkeztu dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak izenpetuta.
Horrez gainera, b) apartatuan ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:
1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.
Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.
2.– Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarrian oinarrituta, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, ordainketa-epeak betetzeko baldintza bete dela ondorioztatuko da, baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa bada gutxienez.
RSS