
219. zk., 2025eko azaroaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (401 KB - 32 orri.)
- EPUB (835 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4838
AGINDUA, 2025eko azaroaren 4koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dirulaguntza-deialdia egiten zaie unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuen federazio eta elkarteei, ikastetxeko berrikuntza proiektuekin lotutako prestakuntza-jarduerak egin ditzaten ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren barruan, 2025-2026ko ikasturtean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak adierazten duen bezala, euskal hezkuntza sistema eleaniztuna da, eta euskara du ardaztzat; izan ere, bi hizkuntza koofizialez eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batez egituratzen da. Horrek herritarren gizarte-kohesioa eta komunikazio-konpetentzia bermatzen eta bideratzen ditu bi hizkuntza ofizialetan. Lege horren xedea da ikasle guztiek, familia-jatorria edozein izanda, bi hizkuntza ofizialak maila berean ezagutzea ikasketak amaitzean, eta, horrez gain, gutxienez atzerriko hizkuntza bat ere jakitea.
Egungo gizartearen garapenean, funtsezkoa da hainbat hizkuntzatan komunikatzea. Europako Hezkuntza Esparruaren alorrean, hizkuntza batean baino gehiagotan komunikatzeak laguntzen du hezkuntza- eta prestakuntza-mugak gainditzen, nazioartekotzea eta mugikortasuna bultzatzen baititu. Gainera, laguntzen du beste kultura batzuk deskubritzen eta ikasleen ikuspegiak zabaltzen.
Maiatzaren 30eko 75/2023, 77/2023 eta 76/2023 Dekretuek Haur Hezkuntza, Oinarrizko Hezkuntza eta Batxilergoko curriculumak zehazten eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen baitituzte; ikasleek hezkuntza-etapa guztietan irteera-profilean bizitzarako eta etengabeko ikaskuntzarako behar dituzten konpetentziei buruz Europako Kontseiluak emandako gomendioek, berriz, ezartzen dute beharrezkoa dela hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna eta konpetentzia eleaniztuna garatzea. Bi konpetentziak eskuratzeko, beharrezkoa da ahoz, idatziz zein zeinuz era koherentean eta modu egokian jardutea hainbat esparru eta testuingurutan, eta helburu desberdinekin. Horrek esan nahi du bi hizkuntza ofizialak erabili behar direla, atzerriko hizkuntzekin batera, komunikatzeko eta ikasteko, baina beti euskara ardatz hartuta. Horrela, integratuta geratzen dira hala alderdi komunikatiboa nola inguruko hizkuntza- eta kultura-aniztasuna ezagutzera, ulertzera eta errespetatzera bultzatzen dituzten alderdi historikoak eta kulturartekoak.
Hezkuntzan eskumena duen sailari dagokio hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala sustatzea, komunikazio-konpetentzia eleaniztuna garatzeko. Hori guztia, honako hauetan jasotako xedapenak betetzeko: 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 17/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzkoa; eta 138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena. Horrela, Hezkuntza Sailak sustatzen du hobetzea irakasleek hizkuntzen didaktikan duten konpetentzia, eta antolaketa-bideak ezartzen ditu hizkuntzak irakasten dituzten irakasleek modu koordinatuan lan egiteko, hizkuntzen tratamendu integratua eta integralaren ikuspegia aplikatzean. Horretarako, beharrezkoa da behar den prestakuntza ematea hizkuntzakoak ez diren arlo eta jakintzagai guztietako irakasleek modu integralean eta sistematizatuan landu dezaten hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia, eta bultzatzeko ikastetxe guztiek nork bere ikastetxeko hizkuntza-proiektua egin eta dinamiza dezaten.
Kontuan hartuta hala azaroaren 19ko 381/2024 Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baita Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala, nola Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (DPE), Hezkuntzako sailburuaren 2025eko apirilaren 16an Aginduaren bidez onartua (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/pes_plana/eu_def/adjuntos/PES-2025-DPE-Eranskina-Hezkuntza.pdf), eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean (DAEL) jasotako xedapenetan eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenetan ezarritakoa, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Dirulaguntza-deialdia onartzea Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteentzat, baldin eta 2025-2026 ikasturtean zehar berrikuntza-proiektuak egiten badituzte euskararen erabileran sakonduz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan prozedurari buruz aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu, Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 4a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Agindu honen xedea da dirulaguntzak iragartzea Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutario edo erregelamenduzkoa duten elkarte edo federazioentzat, ikastetxeko berrikuntza proiektuekin lotutako prestakuntza-jarduerak egin ditzaten ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren barruan, 2025-2026ko ikasturtean, modalitate hauetakoren batean euskararen erabileran sakontzeko:
A modalitatea: Berrikuntza-proiektua, hizkuntzen tratamendu integratua eta integralaren bidez hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia eta konpetentzia eleaniztuna garatzen dituena, kontuan hartuta bi hizkuntza koofizialak eta atzerriko hizkuntzak (II. eranskina).
B Modalitatea: Berrikuntza-proiektua, hizkuntza komunikaziorako konpetentzia eta konpetentzia eleaniztuna garatzen dituena, eta atzerriko hizkuntzetako curriculum-arlo eta jakintzagaien irakaskuntzan ekimen berritzaileetan sakonduko duena, CLIL (Edukiaren eta Atzerriko Hizkuntzaren Ikaskuntza Integratua) metodologiaren bidez, diziplinarteko proiektuen bidez, eremuka lanean... (II. eranskina).
Ikastetxeak bakarrik atxiki ahal izango zaizkio artikulu honetan aipatutako modalitateetako bati. Edonola ere, bi modalitateetako berrikuntza-proiektuek barnean hartu beharko dituzte ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren garapenarekin lotutako prestakuntza-jarduerak.
Deialdi honi lotutako prestakuntzaren eta harekin lotutako proiektuen helburua da hezkuntza-komunitate bakoitzak, ikasleen komunikazio-konpetentzia eta testuinguru soziolinguistikoa ezagututa, bere berrikuntza-proiektua diseinatu eta garatzea. Horretarako, abiarazi egingo ditu hizkuntza-konpetentzia komunikatiboa eta eleaniztuna garatzeko berrikuntza didaktiko-metodologikoak, kontuan hartuta bi hizkuntza koofizialak, atzerriko hizkuntzak eta ikastetxeko ikasleen berezko hizkuntzak, ikasleek ahalik eta gehien gara ditzaten beren hizkuntza-trebetasunak. Ekintza horiek lagundu behar dute ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzen.
2.– Agindu honen bidez iragarritako dirulaguntzak finantzatzeko, guztira, 1.302.000,00 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Dirulaguntza-agindu honetara bildu ahal izango dira 5. artikuluko betekizunak betetzen dituzten federazio edo elkarteak, harreman estatutarioa edo erregelamenduzkoa dutenak unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak, bai Estatukoak direnak. Estatu osokoak direnek, dena den, egoitza izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
2.– Dirulaguntzak jasotzeko, aurreko atalean deskribatutako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatu beharko dute berrikuntza-proiektua, eta, gutxienik, hiru ikastetxe izan beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagundu ahal izango da 1. artikuluan zehaztutako modalitateetako bakoitzari lotutako irakasleen prestakuntza, ikastetxeko hizkuntza-proiektua aurrera eraman dezaten, federazio edo elkarte onuradunekin harreman estatutario edo erregelamenduzkoa duten ikastetxeetan.
2.– Deialdi honetan proposatzen den prestakuntza-ereduak ikuspegi didaktiko-metodologiko bati erantzun behar dio, irakasleek hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala landu dezaten eta bide eman dezaten ikasleen komunikazio-konpetentzia garatzeko, metodologia aktibo eta berritzaileen bidez eta beti indarrean dagoen curriculumari lotuta.
3.– B modalitatean, proposatzen den prestakuntza-eredua bideratuta dago irakasleen metodologia eguneratzera. Irakasle horiek, gutxienez, hizkuntzaz kanpoko arlo edo jakintzagai bat eman behar dute atzerriko hizkuntzan. Hori lortzeko, ezinbestekoa da irakasleek hobetzea atzerriko hizkuntzan komunikatzeko duten gaitasuna. Beraz, gutxienez 50 orduko zuzkidura ekonomikoak emango dira prestakuntza horretarako, eta haien helburua izango da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren (EEMB) B1etik B2 mailara eta B2tik C1ra igarotzea eta dagokion ziurtagiria lortzea 3 urteko epean.
4.– Hau izango da diruz lagundu daitekeen prestakuntza:
• Ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren diseinuari eta garapenari lotutako prestakuntza-jarduerak.
• Ikasleen komunikazio-konpetentziaren garapena hobetzeko eta hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala lantzeko helburuz arlo eta jakintzagai guztietako irakasleei ematen zaizkien prestakuntza-jarduerak; eta hizkuntzen tratamendu integratu eta integrala sustatzen duten metodologia aktibo eta berritzaileak garatzeko prestakuntza-jarduerak, hizkuntzen irakaskuntzarekin eta atzerriko hizkuntzan ematen diren arlo edo jakintzagaien irakaskuntzarekin lotura dutenak. Prestakuntza-jarduera horiek, bi modalitateetarako, honako eduki hauek jorratu ahal izango dituzte, besteak beste:
– Hizkuntza-interdependentziaren printzipioa eta hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala curriculumean.
– Alfabetatze aniztunak.
– Irakurketa irakasteko prozesuekin lotutako estrategia metodologikoak.
– Ikasleengan irakurketa-ohiturak garatzeko eta irakurketa sustatzeko estrategiak.
– Hizkuntza eskuratzeko prozesua: atzerriko hizkuntza bat goiz sartzea.
– Hizkuntzaren tratamendua curriculumaren arlo eta jakintzagaietan: trebetasun kognitibo-linguistikoak.
– CLIL.
– Indarrean dagoen curriculumaren jarraibideekin bat datozen curriculum-material berritzaileak sortzea.
– Komunikazio-konpetentzia eleaniztuna garatzea, indarrean dagoen curriculumaren jarraibideen arabera.
– Komunikazio eleaniztunaren konpetentzia ebaluatzea.
– Komunikazio-konpetentzia garatzen landuko duten metodologia aktiboak.
– Proposamen eta tresna digitalak aplikatzea eta sortzea hizkuntzen ikaskuntzan.
– Gelan proposamen pedagogiko berritzaileak ezartzea, hizkuntza-trebetasunak eta eleaniztasun-konpetentzia garatzeko.
Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren B2 edo C1 mailako prestakuntza-jarduerak, gutxienez 50 ordukoak, irakasleek atzerriko hizkuntza baterako konpetentzia hobetzera bideratuak, eta hiru urteko epean ziurtagiri egokia (B2 edo C1) lortzea helburu dutenak. B modalitateko berrikuntza-proiektuen jardueretarako bakarrik.
5.– Deialdi honetatik kanpo geratuko da atzerriko hizkuntza baterako konpetentzia hobetzeari lotutako prestakuntza baldin eta helburu hau ez badu: irakasleek curriculum-arlo edo jakintzagaiak atzerriko hizkuntza batean emateko ziurtagiri egokia lortzea (B2 edo C1) hiru urteko epean. Ziurtagiria lortzeko, interesa duten irakasleek Hizkuntza Eskola Ofizialen egitura erabiliko dute (irakasleek lehentasuna dute horietan matrikulatzeko).
6.– A modalitatetik kanpo geratuko da irakasleek atzerriko hizkuntzan duten konpetentzia hobetzeko prestakuntza oro.
7.– Proiektuan diharduten irakasleen % 80k parte hartu beharko dute prestakuntza-jarduera horietan.
8.– Proiektuaren jarraipena bermatzeko, proiektua osatzen duten irakasleen prestakuntza-jarduera guztiek eduki behar dute prestakuntzan inplikatutako gutxieneko irakasle-kopuru bat, nahiz eta taldeko kideren bat aldatu. Salbuespen gisa, banakako jarduerak sartu ahal izango dira, betiere behar bezala justifikatuta badaude, eta baldin eta ikastetxean jarraitutasuna, inpaktua eta jarraipena izateko itxura badute.
9.– Deialdi honen kontura diruz lagunduko diren gastuak egiteko aldia 2025eko irailaren 1ean hasiko da, eta 2026ko ekainaren 15ean bukatuko.
4. artikulua.– Ikastetxeko berrikuntza-proiektuen ezaugarriak.
1.– Ikastetxeko berrikuntza-proiektuek, bi modalitateetako edozeinetan, honako atal hauek izan beharko dituzte (V. eta VI. eranskinak, modalitatearen arabera):
– Diagnostikoa, alderdi hauek jasoko dituena:
Ikasleen emaitzak (euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzetan, barne- eta kanpo-ebaluazioetatik datozenak) aztertzetik eratorritako hobekuntza-eremuak.
Hobekuntza-eremuak, Eleaniztasunerantz 2024-2025 proiektua inplementatzean aztertu eta ikasitakotik ondorioztatutako hobekuntza-eremuak, proiektua ikasturte honetan garatzen ari diren ikastetxeen kasuan.
Beste ebidentzia batzuk, egiaztatzen dutenak hobekuntza-esparruak daudela.
Zer ibilbide izan duten ikastetxe elkartuek hizkuntzen tratamendu integratua eta integralekin zerikusia duten esperientzietan.
– 2025-2026 ikasturtean garatu beharreko proiektuaren helburuak, kontuan hartuta ikasleen aniztasuna eta egindako diagnostikoa.
– Hartzaileei eta aurreikusitako ekintzei buruzko datuak biltzen dituen plangintza:
a) Hartzaileak, proiektuan parte hartzen dutenak:
Ikastetxeko ikasleen talde eta maila guztien kopurua.
Proiektuan parte hartzen duten ikasleen talde eta hezkuntza-maila guztiak.
Ikastetxeko irakasle guztiak, eta zenbat irakaslek parte hartzen duten proiektuan. B modalitateari dagokionez, proiektuaren garapenean parte hartuko duten plantillako irakasleak, ikastetxeko langile-premien aurreikuspenarekin batera, proiektuaren ezarpenetik eratorritako atzerriko hizkuntzan edukiak emateko konpetentzia egiaztatuari dagokionez, kontuan hartzeko ikastetxeko lanpostuen zerrenda egitean.
b) Proiekturako aurreikusitako ekintzak, helburu estrategikoetan oinarrituak. Plangintza eta gauzatze-egutegia eta proiektuaren garapena bermatzeko beharrezkoak diren asteko koordinazio-saioen kopurua barne.
c) Berrikuntza proiektua ebaluatzeko irizpideak eta eraginaren emaitzak neurtzeko adierazleak.
d) Zer prestakuntza-ekintza antolatzen dituen federazio edo elkarteak, eta zeinetan parte hartuko baitu ikastetxeak, eta zein diren jarduera ikastetxearen beraren barneko jarduerak:
e) Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-ekintzen aurrekontua.
– B modalitateko berrikuntza-proiektuen kasuan, zehaztu egin beharko da hizkuntzez kanpoko zer arlo edo jakintzagai emango den (edo emango diren) atzerriko hizkuntzan, baita zenbat ordu izango dituen atzerriko hizkuntzak eta zenbat ordu emango diren atzerriko hizkuntzan ere.
Atzerriko hizkuntzan irakatsiko diren arlo edo jakintzagaiak aukeratzeko orduan, irakasleek kontuan hartuko dute hau: ikasle-talde baten barruan, atzerriko hizkuntzan emango diren orduen kopurua berdina izatea denentzat, zein arlo edo jakintzagai aukeratzen dituzten kontuan izan gabe. Lehen Hezkuntzan, gutxienez, 4,5 ordu emango dira astean, eta 5 ordu Bigarren Hezkuntzan.
Euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzan emango diren orduen kopuruari eta irakasgaiei dagokienez, adieraziko da zein den hasierako egoera eta zer garapen aurreikusten den bi urteetarako, halako moldez non, ekitatearen mesedetan, ikastetxeko maila guztietako ikasle guztiak hartuko dituen, arian-arian.
Garapen horrek kontuan hartuko du ikastetxearen egoera soziolinguistikoa, eta ezingo du ekarri A eta B ereduetan euskaraz irakatsi beharreko ordu-kopurua txikiagoa izatea. Adierazi beharko da, talde bakoitzari dagokionez, zer arlo edo jakintzagairi eta zer irakats-hizkuntzari kenduko zaizkion orduak edukiak atzerriko hizkuntzan emateko.
2.– Hezkuntza Sailak ikastetxeen eskura jarri ditu ikastetxeko hizkuntza-proiektua diseinatzeko laguntza-gidak, esteka honetan: https://labur.eus/hizkuntzaproiektua. Gida horiek soil-soilik ikastetxeei laguntzeko dira, eta inola ere ezin dira hartu agindu honetan arautzen diren dirulaguntzei buruzko jarraibide osagarritzat.
5. artikulua.– Betekizunak eta haien egiaztapena.
1.– Federazioek edo elkarteek (erakunde eskatzaileek) baldintza hauek bete beharko dituzte, bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko:
a) Ikastetxe elkartuen berrikuntza-proiektuak aurkeztea 1.1 artikuluan jasotako modalitateen arabera. Oraingo ikasturterako lan-plana jaso beharko du, 4. artikuluan ezarritako edukiekin bat etorrita.
b) Zehaztea zer prestakuntza emango den, eta aurreikuspen bat egitea prestakuntza jasoko duten ikastetxe eta irakasleen kopuruari buruz.
c) Ikastetxeek konpromisoa ematea proiektuak abian jarriko dituztela ziurtatuz ezen ikastetxeetako bakoitzeko irakasleen artetik gutxienez hamarrek parte hartuko duela proiektuekin lotutako prestakuntzan.
d) Deialdi honetan parte hartzen hasiko diren ikastetxeek konpromisoa ematea gutxienez bi urtez parte hartzeko proposatutako proiektuetan. Ikastetxeek lehenagotik ere parte hartu badute, lan-plan eguneratu bat diseinatu beharko dute aurreko proiektuaren ebaluazioa egin ondoren, helburuak lortzen lagunduko duten hobekuntza-proposamenak jasota.
e) Gainera, erakundeak ezingo dira onuradun izan baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. apartatutik 4.era bitartean eta lege beraren 5. apartatuan deskribatutako egoeretako batean badaude, eta onuraduna merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mende badago.
f) Kontuan hartuta Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako inguruabarrei esleitutako oinarrizko araudia dela, ez zaio emango inolako dirulaguntza, baliabide edo funts publikorik, ez zuzenean ez zeharka, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duen pertsona fisiko edo juridiko, publiko, pribatu edo finantzaketa mistoko ezein pertsonari, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.
Erakundeek onuradun izateko debekurik ez dutela, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute. Kasuan kasuko dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik, subjektu onuradun gisa aurkezten direnek berretsi beharko dute, erantzukizunpeko adierazpen bidez, jasotako puntuen egiazkotasuna, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuta (DAELren 9.5 artikulua). Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean dagoela justifikatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.) ezarritakoaren arabera egin behar da. Agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa da.
2.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatu beharko dira:
Ez dela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.
Ez dagoela zehatuta zigor- edo administrazio-arloko laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
Egiazkoak direla eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak; betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako baldintzak, eta ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. apartatutik 5.era bitartean jasotako egoeraren batean.
50 langiletik gorako enpresa izanik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak eta politikak egin ditu, eta neurriak ezarri ditu sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezarritako baldintzetan (1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).
Erakunde eskatzaileak harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak ditu Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin.
Estatuko erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duela, nortasun juridikoa eta ahalorde askietsia dituela, bai eta, gutxienez, Euskadin kokatutako hiru ikastetxe ere.
Kasu horietan, egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla, ordeztutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik. Horretarako, prozeduran alegazio-epe bat irekiko da, prozedura ebatzi aurretik egiaztapen hori ahalbidetzeko. Epe hori zuzenean jakinaraziko zaie elkarte/federazio interesdunei, egoitza elektronikoaren bidez. Bertan, dagokion dokumentazioa erantsi ahal izango dute https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.
3.– Erakunde onuradunak eskubidea du kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez dituzten dokumentuak ez aurkezteko, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua aplikatuz administrazio jardulearen eskuetan dauden dokumentuak ez aurkezteko ere; azken kasu horretan, adierazi beharko du noiz eta zein administrazio-organori aurkeztu zizkion dokumentu horiek.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan jasotakoaren babesean, deialdi honen izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo dira (https://www.euskadi.eus/sede). Ondorioz, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Helbide honetan eskura daiteke eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren formulariora sartzeko erabili behar dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013612
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute eskaera eta dokumentuak. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
Eskaera egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira izapide guztiak, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin behar direnak, baita justifikazioaren eta gora jotzeko errekurtsoaren izapideak ere.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan adierazita dago zein bitarteko onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako, eta helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
5.– Eskaera ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6.– Eskaerekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Federazio edo elkarte eskatzailearen eratze-aktaren edo eskrituraren kopia konpultsatua.
– Eskaera sinatzen duenak dirulaguntza eskatzeko ahalorde askietsia duela egiaztatzeko agiriak.
– EAEko ikastetxeen zerrenda, estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte eskatzailearekin erlazionatuta daudenena, ikastetxeen kodea adierazita.
– IV. eranskinean jasotako laburpen-fitxa, non honako hauek jasotzen baitira: federazio edo elkarte eskatzaileari buruzko datuak; federazioari edo elkarteari dagozkion ikastetxe guztietan ezarriko den A modalitateko eta B modalitateko berrikuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datu orokorrak, eta aurreikusitako prestakuntza-jardueren laburpena.
– V. eranskinean jasotako deskripzio-fitxa, A modalitateko berrikuntza-proiektuaren oinarrizko datuak jasotzen dituena, lan-planaren ezarpenaren laburpenarekin batera. Taula bat beteko da parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, dagokion elkarte edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez, eta hauek ere jaso beharko dira: ikastetxe bakoitzean garatu beharreko proiektuaren datu espezifikoak eta zer prestakuntza-jardueratan parte hartu nahi den.
– VI. eranskinean jasotako deskripzio-fitxa, jasotzen duena zein diren ikastetxeetako bakoitzean ezarriko den B modalitateko berrikuntza-proiektuaren oinarrizko datuak Taula bat bete beharko da parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, dagokion elkarte edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez, eta hauek ere jaso beharko dira: zein diren ikastetxe bakoitzean garatu beharreko proiektuaren datu espezifikoak eta zer prestakuntza-jardueratan parte hartu nahi den.
– Prestakuntza-jardueren deskripzio-fitxa, VII. eranskinean jasotakoa, zehazten duena zer prestakuntza-jarduera antolatu behar diren irakasleentzat sareko ikastetxeetan bi modalitateetako berrikuntza-proiektuak garatzeko.
– Elkartearen edo federazioaren hizkuntza-proiektu globala; proiektuak, gutxienez, 4. artikuluan adierazitako atalak jaso beharko ditu, eta, gutxienez, bi urteko proiekzioa izango du. Proiektu horretan, halaber, ikastetxe bakoitzaren proiektu indibidualei buruzko zehaztapenak jasoko dira, kontuan hartuta ikastetxeek aukeratu behar dutela zein modalitatetan parte hartuko duten.
7.– Agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, baldin eta ikastetxe jakin batek aldi berean harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte batekin baino gehiagorekin, ikastetxea haietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, ikastetxearen legezko ordezkariaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.
8.– Ikusten bada akatsen bat edo okerren bat dagoela aurkeztu den eskaeran, edo dokumenturen bat falta bada, elkarte edo federazio interesdunari 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan. Hala egin ezean, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, ulertuko da eskaeran atzera egin duela.
7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak kudeatuko du agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura.
8. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Batzorde horrek bi sexuen ordezkaritza orekatua izango du, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bategina eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzak onartzen dituena), eta honako hauek osatuko dute:
Nerea Gorosabel Odriozola, Ikaskuntza eta Berriztatzeko Zuzendaritzako Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Hobekuntzako Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburua edo haren ordezkoa izango da.
Laura García Iturritxa eta Irantzu Bujanda Bilbao, Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Hobekuntzako Zerbitzuko teknikariak, edo horien ordezkoak. Horietako batek batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.
Erakunde eskatzaileek batzordekideak errekusatu ahal izango dituzte, edo batzordekideek abstenitu, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako abstentzio- edo errekusazio-arrazoiren bat badago.
Kontuan hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8. artikuluaren 5. apartatuan jasotako aurreikuspena, diruz lagun daitezkeen prozeduretan behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean esku hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
9. artikulua.– Hautaketa-prozedura.
Prozedura lehia-konkurrentzia da, hainbanaketaduna, DAELren 19. artikuluan arautua; beraz, eskabide guztiek eskatutakoaren % 100 lortu ahal izango dute, baldin eta gutxienez 9 puntu lortzen badituzte VIII. eranskinaren 1.1 apartatuan (lan-plana eta proiektua), eta10. artikuluan ezarritako laguntzaren gehieneko mugekin. Aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura nahikoa ez bada eskaerei erantzuteko proiektuaren kostuaren ondoriozko zenbatekoan eta mugekin, hainbanaketara joko da, IX. eranskinean ezarritako prozedurari jarraituz.
1.– Balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu eskabide guztiak, kontuan hartuta agindu honetako VIII. eranskinean ezarritako baremoa. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.
2.– Eskaera kanpoan geratuko da, baldin eta lan-planaren balorazioak gutxienez 9 puntu lortzen ez baditu 1.1. apartatuan, VIII. eranskinean jasotako baremoa aplikatuta.
3.– DAELren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskaerak baloratzeko eratutako kide anitzeko organoari egokituko zaio egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko duen txostena egitea. Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariak egingo du ebazpen-proposamena, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena aztertu ondoren. Organo kudeatzaile horrek, gainera, organo ebazleak azkenean egiten duen proposamenarekin batera txosten bat aurkeztu beharko du. Txosten horretan jasoko da eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela erakunde onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela.
10. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Federazio edo elkarte bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbateko osoak estali ahal izango du elkarte edo federazioak aurkeztutako berrikuntza-proiektu bakoitza garatzeko prestakuntza-jardueren kostu osoa, eskatutako modalitatearen arabera.
2.– Ikastetxe bakoitza soilik egon ahal izango da agindu honen I. eranskinaren 1. artikuluan deskribatutako modalitateetako batean, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honako muga hauekin:
a) Gehienez ere, 100 euro ordainduko dira berrikuntza-proiektuan jasotako prestakuntza-jardueretan emandako ordu bakoitzeko. Jarduera emateari egotzitako gastu gisara zenbatu ahalko dira honako hauek: batetik, prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera; eta, bestetik, ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu-hartzeak eta otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek justifikatuta badaude proiektua gauzatzeko aurkeztutako proiektuan. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo jan-edanetarako gastuak.
Prestakuntza-jarduerak emateko ondorioetarako, prestakuntza-zerbitzuak azpikontratatu ahal izango dira elkarteak edo federazioak prestakuntza hori emateko langile kualifikaturik ez badu. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 29. artikuluan ezartzen den moduan, emandako dirulaguntza osoaren % 70 izango da gehieneko muga, azpikontratu guztien prezioak batuta.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten dituenean Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak –lege horren bitartez, Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB Zuzentarauak–, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik ematen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (dirulaguntzaren eskaeran aurkeztuko dira), efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
b) Ez da diruz lagunduko 10 ordu baino gutxiagoko prestakuntza-jarduerarik.
c) Ez da diruz lagunduko edizio bakoitzean 5 plaza baino gutxiago iragartzen duen prestakuntza-jarduerarik. Hau da, proiektuan ikastaro bat sartzeko, gutxienez 5 parte-hartzaile beharko dira, eta parte-hartzaile horiek izan daitezke elkarte edo federazio eskatzaileko kide diren ikastetxe desberdinetakoak.
d) Ez dira ordainduko eta ez dira kostu moduan hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezteko langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.
e) Berrikuntza-proiektuak eta haietan jasotako irakasleen prestakuntza garatzean beharrezkoa bada prestakuntzarako material bibliografiko lagungarriak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako dirulaguntza osoaren ehuneko hogei baino gehiago.
f) Diruz lagundu ahalko dira proiektua garatzeko zuzendaritza-, koordinazio-, segimendu- eta ebaluazio-gastuak, proiektua ikastetxeetan ezartzeari lotutakoak, eta proiektuari dagozkion prestakuntza-jarduerei lotutakoak. Proiektuari lotutako prestakuntza-jardueren zuzendaritzaren, koordinazioaren, segimenduaren eta ebaluazioaren gastuek, gehienez ere, orduko 25 euroren muga izango dute; IV. eranskinean jasotzen da kontzeptu horren barruan sar daitekeen ordu-kopurua, «orduak» atalean.
3.– Deialdi honen oinarrietako I. eranskineko 1. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura ez bada nahikoa eskaera guztiei erantzuteko proiektuaren kostuaren ondoriozko zenbatekoan –artikulu honen aurreko atalean aurreikusitako mugekin–, dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, banaketa proportzionalaren sistema erabiliko da. Sistema horren arabera, diru-zuzkidura globala banatuko da eskaera bakoitzak lortu duen puntuazioaren araberako proportzioan –VIII. eranskineko baremoaren irizpideak aplikatuta–, betiere gainditu gabe proiektuaren kostua eta eskatutako zenbatekoa. Dirulaguntza kalkulatzeko, IX. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraituko zaie. Aurrekontu-gutxi egotearren hainbanatze-sistema aplikatzen denean, elkarte/federazio interesdunari aurretiazko ebazpen-proposamena helaraziko zaio, dagokion dirulaguntzaren zenbatekoarekin, aukera izan dezaten atzera egiteko edo eskabidea birformulatzeko.
11. artikulua.– Berrikuntza-proiektuak garatzeko laguntzak.
1.– Beren elkarte edo federazioaren babesean deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek aukera izango dute laguntza eta aholkularitza jasotzeko prestakuntza-jarduerei eta proiektuaren segimendu eta ebaluazioari buruz. Laguntza hori, berriz, beren eremuan eskumena duen Hezkuntzan Laguntzeko Zerbitzuak emango du, ikastetxeko proiektu-koordinatzailearekin eta elkarte edo federazioaren ordezkariarekin batera.
2.– Proiektu horietan parte hartzen duten irakasleek lehentasuna izango dute Hezkuntzan Laguntzeko Zentroetan hizkuntzen didaktikarekin lotuta antolatzen den prestakuntza jasotzeko.
12. artikulua.– Ziurtapenak.
Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko dizkie deialdi honen babesean berrikuntza-proiektuak garatzen dituzten ikastetxe elkartuetako irakasleei, baldin eta partaide izan den irakasle bakoitzak proiektuan izandako arduraldiaren eta beharrezko prestakuntza-jardueretan izandako parte-hartzearen ehunekoa ikastetxe bakoitzean erabilitako ordu guztien % 80tik gorakoa bada, eta betiere helburu horretarako jarritako aplikazio informatikoan dagokion informazioa sartzen badute. Horretarako, 2025-2026ko ikasturtea amaitutakoan, parte hartzen duten ikastetxeei ahalmena emango zaie partaide izandako irakasleei buruzko datuak sartzeko aplikazio informatiko honetan: https://hezigunea.euskadi.eus/eu/inicio
13. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandakoekin.
14. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Hezkuntzako sailburuordeak egingo du behin-behineko ebazpena, Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendariaren proposamena oinarritzat hartuta. Ebazpen horretan, beren-beregi adieraziko da ikastetxe onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa, baita, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak ere. Behin-behineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei. Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.
2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean.
3.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.
5.– Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, emandako dirulaguntzen publizitatea egiteko.
6.– Aurreko apartatuan adierazitako epea igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu beharko dute eskaera ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluan jasotako betebeharrez gain, agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onartutzat joko da, baldin eta, deialdiaren ebazpena elektronikoki jakinarazi eta bost eguneko epean, erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, helburu zehatz horretarako erabiltzea; hau da, berrikuntza-proiektua garatzeko eta, proiektu horri lotuta, irakasleak prestatzeko.
c) Konpromisoa hartzea berrikuntza-proiektuen garapenean ikasitakoa hezkuntza-komunitate osoari helarazteko, EAEko Hezkuntza-Administrazioak eleaniztasunari buruz antolatutako ikastaroetan, jardunaldietan edo prestakuntza-saioetan.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, zer informazio eskatzen duten deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, haiei informazio hori ematea.
e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari.
f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatuz gero, horren berri ematea Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari.
g) Lankidetzan aritzea Hezkuntza Sailarekin prestakuntza-jardueretan parte hartu duten irakasleen segimendu eta ebaluazioan, baita orokorrean berrikuntza-proiektuen ebaluazioan eta proiektu horiek gauzatzen diren ikastetxeetan proiektuok duten eraginari buruzko ebaluazioan ere.
h) Ikastetxeko ikasleen irakurmena hobetzeari buruzko helburuak, erabakiak eta estrategiak hartzea, Euskal Hezkuntza Sistemaren Irakurketa Estrategia berriaren arabera. Egokitzapen hori proiektua garatzen den bitartean egin beharko da, eta 2025-2026ko Ikastetxearen Urteko Planean islatu beharko da. Plan hori 2025-2026ko ikasturte-hasierako Ebazpenean ezartzen den egunean entregatuko da. Hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak aholkularitza eta prestakuntza eskainiko ditu Irakurketa Estrategiari buruz.
16. artikulua.– Ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:
a) Lehenengo ordainketa emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren % 31,8 izango da (414.000 euro), eta deialdiari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean egingo da, baldin eta tartean laguntzari espresuki uko egin ez bazaio eta lehenengo ordainketari dagokion zenbatekoaren gutxienez % 50 justifikatu badu erakunde onuradunak. Hau da, erakunde onuradunak gutxienez % 15,9an justifikatu beharko ditu emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren gastuak, aldi horretarako dokumentu-euskarriaren bidez (gastua-frogagiriak, fakturak edo dirulaguntzaren xede diren prestakuntza-jarduerak egin eta ordaindu izana egiaztatzen duten beste dokumentu batzuk).
b) Bigarrena, gainerakoa, ikasturtea amaitzean ordainduko da, erakunde onuradunak 17. artikuluan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu ondoren, 2026ko ekainaren 15era arte, egun hori barne.
2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
17. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.
1.– Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak aurkezteko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dira: helbide honen bidez aurkeztu beharko dira: http://www.euskadi.eus/nire-karpeta
2.– Irakasleen prestakuntza-jarduerak amaituta, erakunde onuradunek ekainaren 15era arteko epea izango dute hautatutako berrikuntza-proiektuaren garapenari buruzko memoria aurkezteko. Memoriak atal hauek izango ditu:
– Berrikuntza-proiektua zenbateraino gauzatu den parte hartu duten ikastetxeetako bakoitzean, eta proiektuaren ebaluazio orokorra.
– Zer prestakuntza-jarduera egin diren, eta haietako bakoitzaren txostena, honako hauek adieraziz: edukia, zenbat plaza eskaini diren, zenbatek parte hartu duten eta zenbatek gainditu duten ikastaroa. Zehaztu beharko da, era berean, zer kostu ekonomiko izan duen prestakuntza-jarduera bakoitzak.
– Berrikuntza-proiektuak ikastetxeetako bakoitzean izandako eraginaren adierazleak: zenbat ikasle-taldetan ezarri den, eta hizkuntzetan izan dituzten emaitzen ebaluazioa, ikasturtearen hasiera abiapuntutzat hartuta; prestatu ondoren, zenbat irakasle aurkezten diren atzerriko hizkuntzetan B2 edo C1 maila dutela frogatzeko proba ofizialetara, eta zein den haien ehunekoa.
– Balantze ekonomikoa, azaltzen duena zertarako erabili den jasotako dirulaguntza, eta federazio edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.
3.– Erakunde onuradunak, txostenarekin batera, gastu-frogagiriak, fakturak edo bestelako dokumentuak aurkeztu beharko ditu, egiaztatzen dutenak egin eta ordaindu direla emandako dirulaguntzaren hartzaile diren berrikuntza-proiektua eta prestakuntza-jarduerak. Era berean, honako justifikazio hauek ere aurkeztu beharko ditu: batetik, 10. artikuluko 1. zenbakiko a) letran adierazitakoak, hornitzaileen eskaintzei dagokienez, eta, bestetik, berrikuntza-proiektua edozein modalitatetan gauzatzeko azpikontratazio-ehunekoari buruzkoak.
18. artikulua.– Segimendua.
Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak berrikuntza-proiektuen eta ikastetxeetan duten ezarpenaren segimendua egingo du, bermatzeko dirulaguntzaren helburua betetzen dela.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzei buruzko Legearen 9.4 artikuluko k) letran eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Dirulaguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 39. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne):
– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako itzulketa-kausaren bat denean.
– Dirulaguntza ez bada erabili hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.
– Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.
– Ez denean justifikatzen eman zen helburu zehatzetarako erabili dela dirulaguntza.
– Dirulaguntzaren gutxieneko aplikazio-ehunekoa, haren xedeari dagokionez, hau izango da: egiten direnean bi modalitateetarako diruz lagundutako berrikuntza-proiektuen % 80 eta horretarako diseinatutako irakasleen prestakuntza-jardueren ehuneko bera. % 80tik beherako ehunekoa ez egitea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, itzuli beharko da jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren legezko interesak. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 80 egitea baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko dute, diruz lagundutako proiektu globalaren betetze-mailarekiko proportzionala.
2.– Dirua itzultzeko, DAEL-aren 40.tik 43.era bitarteko artikuluetan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.
21. artikulua.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko dirulaguntzak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Ikaskuntza eta Hezkuntzaren Berriztatzea finantzatzea eta laguntzea.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila. Ikastetxe publikoak eta itunpekoak.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko. Informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere badituzu.
Informazio gehigarria: Web-orri honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako dokumentuak.
II. ERANSKINA
BERRIKUNTZA-PROIEKTUEN MODALITATEAK
Ikastetxeen elkarte edo federazioak berrikuntza-proiektu orokor bakarra aurkeztu behar du ikastetxe elkartu guztietarako, eta proiektu orokor horren barruan jasoko ditu ikastetxe bakoitzaren berrikuntza-proiektu indibidualak, kontuan harturik ikastetxeak aukeratu behar duela bere proiektuaren modalitatea.
1.– A modalitatea.
A modalitatean, hizkuntzen tratamendu integratu eta integralean sakonduko duen ikastetxeko berrikuntza-proiektua sustatzen da, zeinak kontuan hartuko baititu bi hizkuntza koofizialak eta atzerriko hizkuntzak. A modalitateko berrikuntza-proiektutzat hartzen dira hizkuntzen inguruko ekintza didaktiko-metodologikoak ikuspuntu integratu eta integral batetik praktikan jartzen dituzten proiektuak, ikasleen idatzizko zein ahozko erabilera eta ulermena hobetzeko eta ikasleen hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia hobetzeko helburuarekin.
Hauek dira proiektuan garatu beharreko alderdiak, deialdi honen 3.4 artikuluan aipatutakoak barne:
– Hizkuntzaren tratamendu integratua eta integrala bultzatzea diziplina anitzeko programazioetan.
– Hizkuntzaren tratamendu integratu eta integralean sakontzea, hizkuntza-curriculumetako programazioak adostuz, curriculum berriaren araberako ikas-egoerak edo unitate didaktiko adostuak diseinatuz eta horiek ikasgelan aplikatuz, hizkuntzen inguruko erabaki adostuak hartuz etab.
– Tratamendu metodologikoan berrikuntzak planteatzea, ikasleen komunikazio-konpetentzia zein konpetentzia eleaniztuna hobetzeko deialdi honetan aipatzen diren etapetan (estrategiak, jarduerak...), eta ebaluazioa egitea arlo eta jakintzagai guztietan.
– Ikasgelako estrategiak eta beste jarduera batzuk aztertzea, ikasleen irakurmena, idazmena zein ahozkotasuna hobetzeko (solasaldiak, eztabaidak, aurkezpenak, antzerkia...).
– Ahozko eta idatzizko testuak ulertzeko eta sortzeko prozedurak ezagutzea, baita horiek ebaluatzeko eta zuzentzeko irizpideak, teknikak eta tresnak ere.
– Estrategia metodologiko eta/edo proposamen digital berriak ezartzea ikasgelan. Piktoidazketa, translanguaging...
– Literatura-hezkuntzaren inguruko proposamen didaktikoak egitea.
2.– B modalitatea.
Ikastetxeko B modalitateko berrikuntza-proiektu eleaniztuntzat jotzen dira atzerriko hizkuntzen ikaskuntza eta ikasleen profil eleaniztun eta kulturartekotasunaren garapena hobetzeko berariazko neurriak praktikan jartzen dituzten proiektuak, irakasleen prestakuntza eta eguneratze metodologikoaren bidez, zeinak bide emango baitu atzerriko hizkuntzan emateko, gutxienez hizkuntzaz kanpoko arlo edo jakintzagai bat.
Proiektuak honako alderdi hauek gara ditzake:
– Komunikazio-ikuspegitik, ikasleak atzerriko hizkuntzan komunikatzeko gaikuntza hobetzea, hizkuntzaren bost trebetasunetan, eta, bereziki, mintzamenean.
– Tratamendu metodologikoan berrikuntzak planteatzea, ikasleen komunikazio-konpetentzia hobetzeko deialdi honetan aipatzen diren etapetan (estrategiak, jarduerak...), eta ebaluazioa egitea arlo eta jakintzagai guztietan.
– Atzerriko hizkuntzen edukiak eta irakaskuntza uztartzen laguntzen duen metodologia.
– Ikasleen hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzen duen metodologia.
– Estrategia metodologiko eta/edo proposamen digital berriak ezartzea ikasgelan: CLIL, piktoidazketa, translanguaging,...
– Lankidetza eta proiektukako lana, ikastetxean Europako eta nazioarteko dimentsioa eragiteko; eTwinning eta Erasmus+ ekimenean parte hartzea sustatzea.
RSS