Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2025eko azaroaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4836

EBAZPENA, 2025eko urriaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Alonsotegiko Azordoiaga erreka hidraulikoki egokitzeko eta uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, Uraren Euskal Agentziak sustatuta.

AURREKARIAK

2025eko uztailaren 22an, Uraren Euskal Agentziak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Alonsotegiko Azordoiaga erreka hidraulikoki egokitzeko eta uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean araututa dago).

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko uztailaren 24an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean bildu da. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 8. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Ubideratze-obrak, ibilguak eta ibaiertzak babesteko proiektuak, eta I. eranskinean sartuta ez dauden ibai-dragatzeak, baldin eta ur-masaren ezaugarri fisikoak aldatzeak ur-masaren edo ibaian beherako beste batzuen egoera edo potentzial ekologikoa honda badezake, edo 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte.

Proiektuak Alonsotegiko Azordoiaga erreka (Alonsotegiko udalerria) hidraulikoki egokitzeko eta uholdeen aurka babesteko obrak zehazten ditu, bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremutzat jotzen den tarte batean; horregatik, abenduaren 9ko Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskineko B apartatuko 2. irizpidea aplikatzen zaio: «Formalki igarobide edo lokailu ekologiko izendatutako azpiegitura berdeko elementuekin gainjartzen diren proiektuak, edo eremu hauetan gauzatu behar direnak: espezie mehatxatuak lehengoratzeko edo kontserbatzeko planen eremu kritikoak edo babes bereziko erregimenean dauden espezieak kontserbatzeko garrantzitsuak diren beste eremu batzuk; Batasunaren intereseko habitatak, baldin eta unitate biogeografikoan kontserbazio-egoera txarra badute; edo arrantzaren edo itsaski-bilketaren xede diren espezieak babesteko agintari eskudunek deklaratutako eremuak; salbu eta espazio hori kudeatzeaz arduratzen den organoak jakinarazi badu proiektuak ez duela kontrako ondoriorik eragiteko potentzialik».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Alonsotegiko Azordoiaga erreka hidraulikoki egokitzeko eta uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Uraren Euskal Agentziak sustatuta, honela:

A) Proiektuaren xedea da Azordoiaga erreka hidraulikoki egokitzea eta uholdeen aurka babestea, Alonsotegiko izen bereko auzoko hiri-ingurunea babesteko.

B) Alonsotegiko Azordoiaga erreka hidraulikoki egokitzeko eta uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertu da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da Azordoiaga erreka hidraulikoki egokitzea eta uholdeetatik babestea, Alonsotegiko izen bereko auzoko hiri-ingurunea 100 urtera arteko errepikatze-denborako uraldiek eragindako uholdeetatik babesteko. Beraz, proiektuaren eremua Azordoiaga errekan dago, izen bereko auzoko 15. zenbakitik (ibaian gorako puntua) errekak Cadagua ibaiarekin bat egiten duen lekuraino (ibaian beherako puntua).

Azordoiaga erreka, aztergai den tartean, oso antropizatuta dago. Lehen zatia estalita dago eta 400 m inguru ditu; Ur Partzuergoaren hodietatik ibaian gorako gunean hasi, eta antzinako futbol-zelaitik ibaian beherako guneraino doa (tarte horretan, erreka Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen –aurrerantzean, Alonsotegiko HLHI– azpitik igarotzen da); gero, 100 metro inguruko estali gabeko zati bat dago; ondoren, estalitako bigarren zati bat, 90 m-koa, anbulatorio zaharrean hasi, eta BI-3651 errepideko zubitik ibaian beherako guneraino, eta, azkenik, estali gabeko zati bat, bi aldeetara hormigoizko hormekin bideratua.

Proiektuaren xedeen artean dago Azordoiaga erreka –gaur egun estalita dago– ahalik eta tarte handienean aire zabalera ateratzea, eta ibilguaren aldaketek beharrezko egiten dituzten sarbide berriak egokitzea.

Lanen deskribapena:

Obrak 5 lan-eremutan banatuta daude, eta eremu horietan zenbait obra egingo dira: alde batetik, 3 obra multzo, eta, bestetik, bi ubideratze zati.

– I. obra multzoa: Lasao eta Errota kaleen elkargunearen eremuan dago; barne hartzen ditu anbulatorioa eraistea, 2. esparrua egitea, eta 2. esparruaren eta ibaian gora dagoen aire zabaleko ibilguaren artean ibilgua hondeatzea eta egokitzea.

– II. obra multzoa: Alonsotegiko HLHIren eta Gonguerako sifoien inguruko obrei dagokie. Obra multzo horretan, honako hauek egingo dira: 1. zubia, akueduktuak (Ordunte-Gonguerako sifoia) eta Nocedal-Basatxu EUAko hornidura-hodiaren tartearen desbideraketa.

– III. obra multzoa: multzo hau Alonsotegiko HLHIrako sarbidearen, BI-636 errepideko zubiaren eta futbol-zelai zaharraren inguruan egin beharreko obrei dagokie. Multzo honetan, obra hauek egingo dira: 1. esparrua, 2. zubia, 11. eta 13. etxebizitzetarako sarbidea eta ezponda egonkortzea.

Ubideratzeari eta erantsitako obrei dagokienez, bi tarte bereizten dira:

– I. tartea: 0+260 eta 0+400 kilometro-puntuen arteko tarteari dagokio. Lan hauek egin behar dira, batez ere: ibilgua hondeatzea eta egokitzea, eta ibilgu berriaren ezkerreko ertzeko espaloia egitea.

– II. tartea: 0+000 eta 0+180 kilometro-puntuen arteko tarteari dagokio. Lan hauek egin behar dira: ibilgua hondeatzea eta egokitzea, eta ibilgu berriaren ezkerreko aldeko Alonsotegiko HLHIren instalazioak egokitzea.

Ibilgu berriaren konfigurazioa:

Ibilguaren trazadura berrirako, gutxienez 2,5 m-ko zabalera duen ur gutxiko ibilgu mota hartzen da kontuan, bi aldeetan 1 m-ko zabalera eta 1,25 m-ko altuera duten bermak dituena. Ahal den neurrian, ur handien ibilguko ezpondak ezponda naturalak izango dira, neurri hauek kontuan hartuta: 1H:1V eta 65.º harkaitzean, eta 3H:2V lurretan.

Zenbait eremutan, baldin ibilguak izan behar duen kotarengatik indusketa oso handia egin behar dela eta oinplanoko okupazioa murriztu beharko litzatekeela uste bada, ezponda misto bat erabiliko da ur handien ibilgurako. Lehenengo metro eta erdiaren ezponda bertikalagoa izango da (1H:1V), eta gainerakoa horizontalagoa (3H:2V). 1H:1V ezponda-tartea lurrean geratzen bada, egonkorra izan dadin eta, aldi berean, ingurunean integratuta gera dadin, harri-lubeta bidez egitea proposatzen da.

Abiadura handiak espero direnez, ur gutxiko ibilguaren hondo osoa eta alboko bermak harrian bermatuko dira, edo, harrira iristen ez bada, harri-lubetan.

Ibilguaren luzetarako profilari dagokionez, % 1eko malda konstantea mantenduko da ikastetxeko patioan zehar, ikastetxearen aparkalekutik ibaian beherako gunera iritsi arte. Ikastetxeko aparkalekua igaro ondoren, aire zabaleko tartean sartu arte, aldapa handiko tarteen (% 6 eta % 7) eta malda txikiagoko tarteen (% 1, % 2 eta % 2,5) konbinazio bat egingo da, ibilgua energia galtzera eta abiadura eta higadura-ahalmena murriztera behartzeko.

Arrapalaren gehieneko luzera 46,7 m-koa izango da. % 6ko tarteek goranzko fluxua duen arrapala baten geometria izango dute; harri-lubetazko harri garaiak izango dituzte, abiadura murrizteko eta arrainak igaro ahal izateko. % 6ko tarteen gehieneko luzera 25 metrokoa izango da, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak goranzko fluxua duten arrapalak diseinatzeko eta kalkulatzeko eskuliburuan jasotako ereduari jarraituz.

Aire zabaleko ibilguaren eta BI-3651 errepidearen aurreko bidegurutzearen esparruaren arteko tartea aire zabaleko ibilguaren antzeko sekzio motarekin egokituko da.

Etxebizitzetarako, auzoetarako eta ikastetxerako sarbideak eta zerbitzuak mantentzeko, bost egitura diseinatu behar dira: bi zubi, bi esparru eta sareta bat.

Egiturazko azken neurri gisa, Errota kalea (antzinako futbol-zelaitik ibaian beherako ibilguaren ezkerreko ertzeko errepidea) babesteko, ezkerreko ertzean dagoen espaloia T100eko kotaren gainetik igoko da. Espaloi horren irisgarritasuna hobetzeko aprobetxatuko da ekintza hori. Espaloia, gaur egun, estua da, eta % 10etik gorako maldak ditu.

Anbulatorioa eraistea:

Anbulatorio zaharraren eraikina erabat eraistea eta hondakinak kentzea aurreikusten da, eta egokitzapen hidraulikoko obretako material naturalez beteko da; orubea, berriz, ondoko ingurunearen kotan utziko da.

Lehen mailako sareak:

Ibilguaren trazadura berriak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren (BBUP) lehen mailako bi sareri eragingo die: Gonguerako sifoia eta Nocedal-Basatxu EUAko hodia.

Gonguerako sifoiak:

Gonguerako sifoiak Ø900 mm-ko aire zabaleko altzairuzko bi hodi dira, eta, gaur egun, proiektatutako ibaiaren ibilgua oztopatzen duten tarteko euskarriak dituzte. Ordunteko kanalaren hornidurakoak dira, eta Bilboko Udalaren jabetzakoak.

Nocedal-Basatxu EUAko hodia:

Alonsotegiko ikastetxearen azpitik igarotzen den 350 mm-ko hormigoi armatuzko hodi bat da, altzairuzko xaflarekin. Proiektu hau aprobetxatuz, partzuergoak desbideraketa handitzeko eskatu du, hodia ikastetxearen azpitik igaro ez dadin.

Ibilguaren eskuineko ertzetik hasita, hodiak gutxi gorabehera 43 metro izango ditu lurpean, eta ibilguarekiko paraleloan joango da eskuineko ertzetik, Gonguerako sifoira iritsi arte. Sifoira iritsitakoan, hodiak ubidea gurutzatuko du aire zabalean, Ø900eko hodiaren gainetik, eta haren gainean jarraituko du galeria eta etxebizitzarako sarbidea gurutzatzeraino (guztira 113 m inguru, horietatik 52 m galerian). Ondoren, trantsizioa egingo da, hodia Ø900eko hodiarekiko paraleloan lurperatu arte (74 m inguru). Behar besteko altuerara iritsitakoan, lehendik dagoen hodiari lotuko zaio, lurrezko bideetako bat aprobetxatuz (56 m, gutxi gorabehera).

Egokitzapen hidraulikoa:

Arestian aipatu den bezala, sei egitura (bi zubi, bi esparru eta bi akueduktu) diseinatu behar dira, sarbideak, edateko ura banatzeko azpiegiturak eta zerbitzuak mantentzeko (etxebizitzetarako, auzoetarako eta Alonsotegiko HLHIrako).

– 1. zubia:

1. zubia Errota kaleko 15. eta 17. etxebizitzetara sartzeko diseinatu da. Etxebizitza horiek Azordoiaga errekaren eskuinaldean daude, ikastetxearen patiotik ibaian gorako gunean. Lanak egiten diren bitartean etxebizitzetarako sarbideari eusteko, zubia bi fasetan egin behar da, ibaian gorako zatitik hasita.

Zubiaren gainegitura hormigoi aurreatezatuzko T bikoitzean jarritako 5 habe prefabrikatuk osatzen dute. Guztira 15,82 metroko luzera dute horizontalean (euskarrien zentro arteko 15,10 metroko luzera, horizontalean neurtuta), eta 0,70 metroko ertza.

Zimenduak jartzeko, bi (2) mikropilote-ilara daude bi estribuetan eta bi (2) buru-habe. Mikroa 139,7x10eko armadura tubularrekoa izango da, eta planoen araberako plaka eta berno konektoreak izango ditu. Harrian landatutako zatiaren luzera 5 m-koa da. Esfortzu horizontalei aurre egiteko irizpide kontserbadoreari jarraikiz, bertikalarekiko 15 graduko angelua duela jarriko da taulatik urrunen dagoen ilara. Buru-habeen neurriak 8,50 m x 1,50 m x 0,90 m dira (proiekzioan neurtuta), eta lurrari eusteko hormatxo bat, harri-lubeta bermatzeko alboko hormatxoak eta trantsizioko lauza dituzte, planoen arabera.

– 2. zubia:

Hauek dira 2. zubiaren funtzioak: Errota kalea HLHIko aparkalekuarekin eta patioarekin lotzea, Errota kaleko 11. eta 13. zenbakietako etxebizitzetarako sarbideak bateratzea, eta Soloburu 05 EU birpartzelatzeko etorkizuneko proiektuari jarraipena ematea.

Zubiaren gainegitura hormigoi aurreatezatuzko T bikoitzean jarritako 6 habe prefabrikatuk osatzen dute. Guztira 19,68 metroko luzera dute horizontalean (euskarrien zentro arteko 18,90 metroko luzera), eta 0,70 metroko ertza.

Zimenduak jartzeko, bi (2) mikropilote-ilara daude bi estribuetan eta bi (2) buru-habe. Mikroa 139,7x10eko armadura tubularrekoa izango da, eta planoen araberako plaka eta berno konektoreak izango ditu. Harrian landatutako zatiaren luzera 5 m-koa da. Esfortzu horizontalei aurre egiteko irizpide kontserbadoreari jarraikiz, bertikalarekiko 15 graduko angelua duela jarriko da taulatik urrunen dagoen ilara. Buru-habeen neurriak 12,50 m x 1,50 m x 0,90 m dira (proiekzioan neurtuta), eta lurrari eusteko hormatxo bat, harri-lubeta bermatzeko alboko hormatxoak eta trantsizioko lauza dituzte, planoen arabera.

– 1. esparrua:

1. esparruak 2. zubia eta ikastetxeko aparkalekua lotzen ditu, eta Azordoiaga errekaren ibilgu berriaren ondorioz galdutako aparkalekuak berreskuratzeko aukera ematen du.

1. esparruaren eremua 7x3,5 m-ko barne-sekzio erabilgarriko esparru-egitura baten bidez gauzatuko da. Beheko aurpegiaren lodiera 30 cm-koa da; piñoiek eta goiko lauzak, berriz, 35 cm-ko ertza dute. In situ egitea aurreikusita dago.

Goiko lauzaren gaineko lur-altuera metro batetik bi metrora bitartekoa da. Gainazalean zirkulazioa egotea aurreikusten da.

Esparruaren piñoien azpian bi entzepatu ezarriko dira, 1,30 m-ko zabalera eta 0,50 m-ko altuera dutenak, eta 139,7x10eko armadura tubularra duten bi mikropilote-ilara.

Esparruaren bi muturretan hegalak jarriko dira, helburu geometriko bakarrarekin: erantsitako harri-lubetazko hormen eta esparruaren arteko trantsizioa izatea. Gutxieneko kopuruen araberako armatua ezarriko da, zerbitzu-etapan ez baitzaio esfortzurik eskatuko, eta eraikitze-aldian modu orekatuan egingo dira betelanak hegalen bi aldeetan. Esparruaren muturretan bi euste-hormatxo egingo dira.

Esparruaren bi aldeetan 3 metroko trantsizio-lauza ere jarriko da. Lanak aire zabaleko indusketa bidez egingo dira, dagokion eranskinean eta planoetan definitutako ezponda egonkorrekin.

– 2. esparrua:

2. esparrua Errota, Goikosolo eta Lasao kaleen arteko bidegurutzean dago. Anbulatorio zaharretik Lasao kaleko zubiraino (gaur egun dagoen bezala utziko da) doan errekaren trazadura berria hartzen du.

2. esparruaren eremua 6,70x3,50 m-ko barne-sekzio erabilgarriko esparru-egitura baten bidez gauzatuko da. Beheko aurpegiaren lodiera 30 cm-koa da; piñoiek eta goiko lauzak, berriz, 35 cm-ko ertza dute. In situ egitea aurreikusita dago.

Goiko lauzaren gaineko lur-altuera metro batetik bi metrora bitartekoa da. Gainazalean zirkulazioa egotea aurreikusten da.

Geruza erresistentea beheko lauzaren parean dago, eta, beraz, harriaren gainean bermatuta dago zuzenean, zimendurik jarri beharrik gabe.

Indusketa egin ahal izateko, aldi baterako euste-soluzio bat egin behar da, N80 materialdun 127x7ko armadura tubularra duen mikropilotezko pantailaren bidez (0,5 m-ko tartea mikropiloteen artean). Egungo alboko galeriarekin bat egiten duen gunean, armadura tubularraren ordez HEB120 jarriko da. Mikroak HEB200 eskorekin txarrantxatuta daude, gutxi gorabehera 3 metrotik behin (ikus distantziak planoetan).

Ibaian gorako muturrean, trantsizioko egiturazko elementuak ezarriko dira, zapaten eta altuera desberdinetako hormen bidez. Bestalde, esparruaren bi muturretan euste-hormatxoak egingo dira.

– Akueduktuak:

Aurrez adierazi den bezala, Gonguerako sifoiak Ø900 mm-ko aire zabaleko altzairuzko bi hodi dira, eta, gaur egun, proiektatutako ibaiaren ibilgua oztopatzen duten tarteko euskarriak dituzte.

Horregatik, bi akueduktu diseinatu dira (hodi bakoitzeko bat), hodiak ibilgu berriaren gainetik igaro ahal izateko. Egitura hori diseinatzeko, kontuan hartu behar da hodietako bat (gutxienez) denbora guztian erabiltzen jarraituko dela, eta 350 mm-ko diametroko hirugarren hodi gehigarri bat egongo dela, lerrokadura berean joango dena (Nocedal-Basatxu EUAko hodiaren desbideraketa).

Eragindako tarteen ordez, Ø900eko HEC hodi autosostengatzaileak jarriko dira, ibilguan tarteko euskarririk ez dutenak.

Bideak:

Hiru bide berri sortuko dira Azordoiaga errekaren ibilbide berriak inguruneari ekarriko dizkion aldaketekin batera. Bide horiek egitea udalarekin adostu da.

– 11. eta 13. etxebizitzetarako sarbide berria:

Errota kaleko 11. eta 13. etxebizitzetarako sarbideak berrituko dira; 2. zubia gurutzatuko dute, eta bi etxebizitzetara sartzeko arrapala berriak egingo dira. Bide hori partekatua izango da, 13. etxebizitzara igotzeko egungo arrapalarekin lotzeraino. Proposatutako trazadurak 114,11 m-ko luzera izango du, bai eta 6 m-ko sekzioa partekatutako trafikorako eta 1 m-ko berma ere.

– Ibilguaren ezkerreko ertzeko bidea:

Egiturazko azken neurri gisa, Errota kalea (antzinako futbol-zelaitik ibaian beherako ibilguaren ezkerreko ertzeko errepidea) 500 urteko uralditik babesteko, ezkerreko ertzean dagoen espaloia altxatuko da, 2. zubiaren eta aire zabalean T500eko kotaren gainetik dagoen tartearen artean dagoena. Espaloi horren irisgarritasuna hobetzeko aprobetxatuko da ekintza hori. Proposatutako trazadura 144,67 m luze izango da, eta, gehienez, 2,50 m-ko sekzioa izango du.

– Ikastetxerako sarbide berria ibilgailuen eta oinezkoen zirkulaziorako:

Ibilgailuen zirkulazioa Errota kaletik sartuko da ikastetxeko aparkalekuan, lehenengo 2. zubia eta gero 1. esparrua gurutzatuz. Bi egitura horiek eskuineko ertzetik lotzeko bide bat sortu da, baita autobusak aparkatzeko gune bat ere, eta ikastetxearen aparkalekua berrantolatu da. Ibilguaren ezkerraldean, oinezkoentzako pasabide bat egokituko da Errota kaletik iristen diren oinezkoentzat. Eskuineko ertzeko bide berriak espaloi bat du ibilgutik urrunen dagoen eremuan, autobusetik jaisten diren ikasleak ikastetxera hel daitezen, galtzadarik gurutzatzeko beharrik gabe.

Proposatutako trazadurak 83,99 m-ko luzera izango du, eta 7 m-ko sekzioa (errei bat noranzko bakoitzean), 2 m-ko espaloiak eta 0,5 m-ko berma-areka.

Aurkeztutako shp kartografiaren arabera, jarduketak gauzatzeko, instalazio osagarrien bi eremu jarriko dira, bata Alonsotegiko HLHIren ondoan eta bestea futbol-zelai zaharrean. Horietan, pilaketa-eremu bat, hondakin-edukiontziak eta obra-etxolak egokituko dira.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, sortuko eta kudeatuko diren lurren eta harrien bolumen osoa 50.000 m3 ingurukoa izango da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017), eta Azordoiaga errekaren gainean jarduten du; beraz, ibaiaren zortasun-eremuarekin bat dator. Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, proiektuko jarduketak espezie mehatxatuen interes bereziko eremu batean egingo dira (zehazki, bisoi europarraren eremuan), eta eremuan Erreketako errota dago, urari lotutako kultura-ondarekoa. Plangintzaren eskumen-eremuei dagokienez, sare hidrografikoa erkidego arteko arroen barruan dago, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak du haren gaineko eskumena ur-arloan.

EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren osagai hidraulikoaren arabera, esku-hartze eremutik igarotzen den tartean, Azordoiaga erreka 0. mailakoa da (1 < C < 10 km2); hirigintza-osagaiari erreparatuta, bi ertzak eremu garatuetako ertz gisa sailkatuta daude. Ez du kartografiatutako ingurumen-osagairik.

Litologikoki, proiektatutako jarduketen eremuan ale fineko hareharriak eta limolita karetsu masiboak daude, porositateagatiko iragazkortasun txikia dutenak, bai eta porositateagatiko iragazkortasun ertaina duten metaketa antropogenikoak ere. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren eremuko baldintza geoteknikoak onargarriak dira, eta zenbait arazo dituzte, hala nola malda handiak (% 30etik gorakoak) edo sostengu-ahalmenak eta asentuek eragindakoak.

Ikuspuntu hidrogeologikotik, proiektuaren eremua hegoaldeko antiklinorioko (ES017MSBT017-006) lurpeko ur-masaren gainean dago, ur-masa horien egoera globala ona da, eta ez dator bat ez inolako sektorerekin, ez interes hidrogeologikoko inolako eremurekin.

Proiektuan ez dago ez Natura 2000 Sareko espazioekin ez beste gune babestu batzuekin bat datorrenik. Halaber, ez dago inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, ez eta EAEko geologia-intereseko lekuen inbentarioan sartutako geologia-intereseko lekurik ere. Era berean, ez du ukitzen EAEko azpiegitura berdea (LAG), ez eta Bizkaiko azpiegitura berde-urdina ere.

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera, proiektua landaredi erruderal nitrofiloan garatuko da batez ere; landaredi mota hori ohikoa da hiriguneetan eta lugorrietan eta landaredirik gabeko eremuetan. Azordoiaga erreka aire zabalean igarotzen den tartean, hondakindegiaren eta Alonsotegiren hasieraren artean, landaredia belardiz eta labore atlantikoz osatuta dago. Belardi horiek Batasunaren intereseko habitat (BIH) gisa katalogatuta daude: 6510 Mendiko sega-belardiak (Arrhenatherion). GeoEuskadin dagoen kartografiaren arabera, eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik.

Faunari dagokionez, proiektuaren eremua bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planaren xede da, eta bat dator espezie horren interes bereziko eremuarekin Azordoiaga errekaren ibilbidean zehar. Eremua Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez (2016ko maiatzaren 23ko EHAA, 96. zk.) izendatutako Artigas-Ganekogorta abifaunaren babes-eremuan ere badago. Ingurumen-dokumentuaren arabera, azterlanaren eremuan espero daitezkeen fauna-komunitateak hiri-eremuei edo hiri-inguruei eta ibai-eremuei lotutakoak dira.

Kultura-ondareari dagokionez, proiektuaren eremuan, futbol-zelai zaharraren lurzatian, 6. balizko arkeologia-gune bat dago (Erreketako errota). Eraikitako ondarearen beste elementu bat ere badago (San Antolin Irauregi zubia), kultura-ondasun izendatu gabea.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuaren eremua bat dator lehentasunezko fluxu-eremuarekin, eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-arriskuko eremuan dago. Ingurumen-dokumentuaren arabera, Azordoiaga ibaia ubideratzeko obrek uholde-arriskua murriztuko dute.

Beste arrisku batzuei dagokienez, baztertu egin dira sismikotasunari lotutakoak, bai eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiarekin edo oso handiarekin, baso-suteekin eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten inbentariatutako lurzoruekin lotutakoak ere. Era berean, baztertu egin dira salgai arriskutsuen errepideko edo trenbideko garraioko istripuekin lotutako arrisku handiak, bai eta SEVESO III araudiari lotutako enpresen hurbiltasunarekin lotutakoak ere. Jarduketa-eremua BI-3651 errepidearen 100m, 200m eta 300m-ko eragin-banden barruan dago, eta arrisku ertaina eta arrisku handia dute salgaien garraio arriskutsuak igarotzen direla eta. Jarduketen erdigunean, Azordoiaga erreka aire zabalean dabilen tartean, muturreko higadura-prozesuak dituzten eremuak daude, RUSLE ereduaren arabera.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak obra-fasean gertatuko dira, eta, nagusiki, ekintza hauen ondorio izango dira: aurreikusitako eraispenak (anbulatorio zaharra eta Cadaguako korridoretik gertu dagoen etxebizitza baterako sarbidea), hainbat egitura eraikitzea (bi zubi, mikropilotez zimendatuta, 2 esparru, akueduktuak, sarbide eta bide berriak), ibilgua berregituratzea eta ertzak egonkortzea. Gainera, obrak egiteko, instalazio osagarrietarako bi eremu egokituko dira, bat Alonsotegiko HLHIren ondoan eta bestea futbol-zelai zaharrean. Aurreikusitako jarduketak egiteko, lur-mugimenduak egin beharko dira (50.000 m3 guztira), baita landaredia kendu, ibilgailuak eta obrako makinak mugitu, obra-materiala kargatu eta deskargatu eta zerbitzuak eten ere. Horrek guztiak inpaktu potentzialak eragingo ditu ibai-morfologian, landaredian, faunan (bereziki, ibaiari lotutakoan), lurzoruetan, kalitate atmosferikoan, egoera akustikoan, paisaian, ondarean eta ibai-uren kalitatean, bai solido esekiak handitzeagatik, bai erabilitako makinek eta giza habitatak istripuzko isuriak egiteagatik.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak 6510 Mendiko sega-belardiak (Arrhenatherion) BIHari dagozkion 825 m2-ri eta zuhaitzen eta sastraken 2.735 m2-ri eragingo die. Alabaina, eraikuntza-proiektuak landareztatze-plan bat jasotzen du, eragindako eremuaren ingurumena lehengoratzeko eta eremu hori paisaian integratzeko. Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen du, oro har, lehengoratze-proposamena, baina zenbait aldaketa proposatzen ditu, txosten honen 5. apartatuan jasotzen direnak.

Proiektuak bisoi europarraren interes bereziko eremua ukitzeari dagokionez, espeziearen kudeaketa-planean ezarritakoa beteko da (plan hori Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartu zen Bizkaian). Alde horretatik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazi du proiektuak kudeaketa-planaren arauak betetzen dituela, bai eta Natura Ondarearen Zerbitzuak, Bizkaian bisoi europarra kontserbatzeko interes bereziko eremuei eragiten dieten proiektuei dagokienez, dituen irizpideak ere, funtsezko hobekuntza baitakar Azordoiaga errekaren egungo egoerarekin alderatuta.

Erreketako errotan –Alonsotegiko 6. balizko arkeologia-guneko elementu bat da– izan dezakeen eraginari dagokionez, Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen 1997ko maiatzaren 5eko Ebazpenean eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa beteko da.

Ustiapen-fasean, ibaia ubideratzeak, jarduketa zatiko uholde-arriskua hobetzeaz gain, mesede egingo die ibaiertzeko landarediari, faunarentzako babeslekuak sortzeari, ibai-habitataren konektagarritasun ekologikoari eta eremuaren kalitate bisualari. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazten du proiektua gauzatzeak aukera emango duela, gutxienez, bisoi europarra erreka horretan zehar ibiltzeko aukera berreskuratzeko, eta horrek garrantzi handia du galtzeko arrisku larrian dagoen espezie horren bideragarritasunerako.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Alonsotegiko Azordoiaga erreka hidraulikoki egokitzeko eta uholdeen aurka babesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira apartatu hauetan adierazitako neurriak.

Natura-ondarea babesteko neurriak:

Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari, ondare naturala babeste aldera:

– Bisoi europarraren gaineko eraginari dagokionez, ibilguan eta haren ertzetan edozein ekintza egin aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren nahitaezko txostena beharko da, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduraduna den aldetik.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak nahitaezko txostenean xedatzen duena alde batera utzi gabe, espeziearentzako kritikoa den garaitik (martxoaren 15etik uztailaren 31ra) kanpo egingo dira ibilguari, ibaiertzei eta ingurumariei zuzenean eragiten dieten eraispen- eta eraikuntza-jarduketa guztiak. Muga hori behar bezala jaso behar da proiektuaren obra-planean.

– Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Eremu horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko.

Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak:

– Lehengoratze-lanak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikaturako aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenaren arabera egingo dira, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak bere txostenean adierazitako aldaketak kontuan hartuta.

i) Azordoiaga errekaren ertzetarako proposatutako sahats-aldaxken (Salix atrocinerea) dentsitate egokia 2-3 unitate/m2-koa da, eta ez sustatzaileak proposatutakoak (unitate 1/m2-koa eta unitate 1/2m2-koa).

ii) Ez da egokitzat jotzen Rubus tricolor erabiltzea lehengoratzeko, ez baita eremu horretakoa.

iii) Landaketen berme-aldia 3 urtera luzatu beharko da, landareak behin betiko sustraitu daitezen bermatzeko.

iv) Egokitzat jotzen da igokariak landatzea (huntz arrunta), ezpondak arrokan edo hormigoizko harri-lubetaren gainean txertatzeko Azordoiaga errekaren inguruko eremuan.

– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilgura solidoak arrastatzea ekiditeko, eta espezie autoktonoak erabiliz; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea detektatu eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira.

Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren eragin-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.

– Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak; aurkeztutako lehengoratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatutakoan kalteak izan dituztenetan ere egin behar dira lan horiek.

– Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta landare-lurra bereizita metatu eta zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera. Lehengoratzean, ez dira erabiliko flora inbaditzaileko espezieekin [hala nola budleia (Buddleja davidii), panpa-lezka (Cortaderia selloana), sasiakazia (Robinia pseudoacacia)] kutsatuta egon litezkeen lurrak, jatorria obran bertan edo kanpoan izan.

– Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:

Babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

– Ibilguaren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira obrak.

– Makinek beti erabiliko dute ur-hesiak sortutako plataforma, eta, nolanahi ere, ibilgutik zirkulatzea saihestuko dute.

– Eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

Obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, isurketa egonez gero, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko.

Ildo horretan, ingurumen-dokumentuan deskribatzen denaren arabera, ibilguaren ohantzean hondeaketetako urak xukatzeko dekantazio-putzuak instalatuko dira.

Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, bai eta eurite handiak direnean ere, edukiera erabilgarria nahikoa izan dadin une oro, eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izan dadin. Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.

Obrako dekantazio-sistema guztietan dekantatutako sedimentuak, gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzukoak barne, aldian-aldian bildu eta behar bezala kudeatuko dira, bakoitzaren karakterizazioaren arabera. Bestalde, putzuetako urei jarraipen analitikoa egingo zaie. Isurketa-baimenetan ezarritako mugak betetzen direnean bakarrik isuri ahal izango dira urak ibilgu naturaletara.

– Ibaian uhertasuna hautematen bada, ezarritako dekantazio- eta iragazketa-sistemak eraginkorrak diren aztertuko da, eta haiek indartu edo sistema eraginkorragoekin ordeztu behar diren aztertuko da.

– Lanak egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean utziko dira aldi baterako –edo berariaz diseinatutako instalazioetan–, harik eta helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa (biribilki modukoa, material pikortatua...) jarri beharko da eskura, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obren eraginez soildutako lurren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-dokumentuan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.

– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak, bai eta garbigunea ere, ibilguetatik urrun eta uholde-arriskuko eremuetatik kanpo kokatuko dira.

– Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

– Obrek lurrazaleko ur-ibilguen gainean izan ditzaketen ondorioak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisiko-kimikoari buruzko egoera zehaztu beharko da obra-eremutik ibaian gora eta ibaian behera. Parametro hauek aztertuko dira gutxienez: pH-a, eroankortasuna, material esekiak, olio eta koipeen kontzentrazioa eta hidrokarburoen kontzentrazioa.

– Obrak egin bitartean, hamabostean behin, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira, eta lanak egin aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira. Kontrol horietan lortutako emaitzen arabera, uren kalitateari eragiten diola hautemanez gero, horren arrazoia identifikatu eta neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira (dekantazio-sistemen dimentsionamendua berraztertzea, ur-hesiaren egoera aztertzea eta abar).

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Lanak Erreketako errota balizko arkeologia-guneari eragin badiezaioke –1997ko maiatzaren 5eko Ebazpenaren bidez (1997/05/27ko EHAA, 99. zk.) eman zitzaion errotari izaera hori–, azterketa arkeologiko bat egin beharko da aurretik, eta organo eskudunari aurkeztu beharko zaio.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Hauts-emisioak murrizteko neurriak:

– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egin beharko da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta ukitutako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, inguruko etxebizitzen inguruetan. Bideak, ahal dela, eskuz edo erratz-makinen bidez garbituko dira. Ahal den neurrian, ez da urik erabiliko, ibaira isurtzen diren solido-karga handiko jariatze-urak sortzea saihesteko.

– Obra-guneen irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, ahal dela zirkuitu itxikoak, solido esekien karga handia duten urak ibaira ez isurtzeko. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-fase osoan zehar.

– Mikropiloteak egiteko makinek partikula esekien emisioak murrizteko sistemak izango dituzte.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makinen mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe betiere. Alde horretatik, sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak:

– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluaren eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua bete beharko da. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpe batean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera, lur- eta arroka-soberakinak izango direla aurreikusten da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua (Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da –amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori–, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere –amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek–.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea:

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obraren okupazio-mugak eta makinen zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako baino eremu handiagoa.

– Bisoi europarraren garai kritikoan (martxoaren 15etik uztailaren 31ra) ez egitea ur-ibilguei eta haien ertzei eragiten dien obrarik.

– Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.

Garbiketa eta obra bukatzea.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.

Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, aipagarria da ez dela uste proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Uraren Euskal Agentziak sustatutako Alonsotegiko Azordoiaga erreka hidraulikoki egokitzeko eta uholdeen aurka babesteko proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urte igaro baino lehen. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 13a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala