Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2025eko azaroaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4815

AGINDUA, 2025eko azaroaren 4koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen diren euskararen jakite-mailak egiaztatzeko eta ebaluatzeko sistemak, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 26.1.b) artikuluan ezarritakoak.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legeak aurreikusten du euskal sektore publikoko entitateetan dauden lanpostu guztiek dagokien hizkuntza-eskakizuna esleituta izatea, eta hizkuntza-eskakizun horrek zehazten du lanpostua betetzeko eta bertan jarduteko behar diren euskarazko hizkuntza-gaitasunaren mailen multzoa.

Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak, 11/2022 Legearen aplikazio-eremuarekin bat etorriz, euskal sektore publiko osoan aplikatuko dela ezartzen du.

Dekretu horren hirugarren kapituluko bigarren atalak xedatzen ditu euskararen jakite-mailak egiaztatzeko eta ebaluatzeko sistemak, eta, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren (IVAPen) deialdi ohiko edo bereziez gainera, euskararen jakite-mailak egiaztatzeko eta ebaluatzeko beste bi sistema ezartzen ditu, euskal sektore publikoko entitateetan lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko:

– Langileak hautatzeko edo lanpostuak betetzeko prozesuko probak euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabilita egitea eta gainditzea (28. artikulua).

– Lanpostuari dagozkion eginkizunetan euskara erabiltzea (29. artikulua).

Dekretuaren atal horretan bertan ezartzen da euskal sektore publikoko entitateetan lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko beste sistema horiek Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak arautuko dituela.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da euskararen ezagutza egiaztatzeko eta ebaluatzeko bi sistema hauek arautzea, euskal sektore publikoko entitateetan lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko:

a) Langileak hautatzeko edo lanpostuak betetzeko prozesua euskaraz egitea eta gainditzea.

b) Euskararen erabilera lanpostuan.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Agindu honek otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoaren, 2. eta 3. artikuluetan zehaztutako aplikazio-eremua hartzen du.

Euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek eta Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) administrazio publikoek, hizkuntza-eskakizunak 28. eta 29. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatzeko sistemetan parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak eta plan estrategikoa onartuta izatea eta entitatearen web-atarian argitaratuta. Halaber, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari behar den eran jakinarazita egongo da onarpena.

b) Lanpostu-zerrendak onartuta eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo jarduera-eremuari dagokion lurralde historikoko aldizkarian argitaratuta izatea.

c) 28. eta 29. artikuluetan ezarritako egiaztatze-sistemak entitatearen plantillan lanpostuek esleituta duten hizkuntza-eskakizunerako soilik erabili ahal izango dira. Gainera, 29. artikuluari dagokion egiaztatze-sisteman ezinbestekoa da lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizunak derrigortasun-data ezarrita edukitzea.

3. artikulua.– Eskaerak.

Egiaztatze-sistema horietan parte hartzeko euskal sektore publikoko entitateen eskaerak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari (aurrerantzean, IVAP) zuzenduko zaizkio. IVAPek Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailari eskatuko dio entitate eskatzaileak baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak IVAPekiko solaskide bat izendatuko du, eta egiaztapena automatizatzeko izan daitezkeen tresnak adostuko dira IVAPekin.

Gainera, entitate bakoitzak solaskide bat izendatuko du IVAPen aurrean, bere hautagaien eta langileen egiaztatze-proben kudeaketa ahalbidetzeko.

4. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea, langileak hautatzeko edo lanpostuak betetzeko prozesua euskaraz eginez eta gaindituz.

1.– IVAPek hautaketa-prozesuen probak baliozkotzeko irizpideak argitaratuko ditu. Euskal sektore publikoko entitateek eta EAEko administrazio publikoek irizpide horiek betez diseinatuko dituzte oinarriak eta probak, baldin eta 28. artikuluko egiaztatze-sistema erabiliko badute. Genero-ikuspegia bermatuz zehaztuko ditu IVAPek, hizkuntzari dagokionez, probak prestatzeko irizpideak; hornikuntza-prozesua deitzen duen entitateak genero-ikuspegitik diseinatuko ditu oinarriak eta probak.

2.– Ezertan ere eragotzi gabe hautaketa-organoetan Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagokion ordezkaritza, entitateak IVAPi eskatuko dio ordezkari bat izendatzeko, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeaz arduratuko dena. Hautaketa-organoen kide izango da eta horretara mugatuko da bere lana. Ez du epaimahaiaren ohiko bileretan parte hartuko.

3.– Euskararen jakite-maila egiaztatze aldera, hautaketa- edo hornikuntza-prozesua deitzen duen entitateak oinarrietan zehaztuko du prozesuan sistema hau aplikatuko den, eta, horrez gain, euskarako proba espezifikoa egiteko aukera izango den. Bi sistemak erabiliz gero, hautagaiak sistema bakarra aukeratu eta baliatuko du.

4.– Entitateak IVAPera bidaliko ditu hautaketa-prozesuaren oinarriak eta probak, hartarako jarriko den epean, IVAPek baliozkotzeko, hala badagokio. IVAPek ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunaren mailak ebaluatzeko aukera ematen duten aztertuko du eta aginduzko txostena egingo du. Txostena loteslea izango da.

5.– Proben diseinuan bermatuko da proba horiek ongi doitzen direla eta bat datozela lanpostuari dagozkion funtzioen euskarako komunikazio-gaitasunarekin.

6.– Entitateak prozesuaren probak aplikatu ondoren, idatzizko zein ahozko ekoizpenak jasoko ditu IVAPek, bertan zuzendu eta ebaluatzeko, hizkuntza-eskakizunak egiaztatze aldera.

7.– Egiaztapenak IVAPek jasoko ditu bere erregistroan, eta hortik era automatizatuan erantsiko dira Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (aurrerantzean, ETZEB), bi erregistroak elkarrekin konektatuta baitaude.

8.– Egiaztatze-sistema hau inplementatzeko behar diren deialdiak, egingo ditu IVAPek ebazpen bidez. Deialdietan finkatuko dira epeak eta parte hartzeko prozedura zehatzak.

5. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea, lanpostuan euskara erabiliz.

1.– Langileak lanpostuaren eginkizunetan euskara erabiliz, esleitutako hizkuntza-eskakizunaren maila duela egiaztatuko da sistema honen bitartez. Parte hartu ahal izateko langileak gutxienez urtebeteko jarduna izan beharko du lanpostu horretan.

2.– Egiaztatze-sistema hau aplikatu ahal izateko, langileak bere laneko eginkizun eta zeregin gehienak euskaraz gauzatu beharko ditu, eta, 19/2024 Dekretuaren 29.3 artikulua betetzeko, lan-jardunean langileak bere lankideekiko harremanak nagusiki euskaraz izan beharko ditu, ahoz eta idatziz.

3.– Entitateak IVAPi egindako eskaeraren bidez aurreko puntuan jasotakoa betetzen dela bermatu beharko du, idatziz, eta lanpostuaren eginkizunak eta zereginak zehaztu beharko ditu. 19/2024 Dekretuaren 22.8 artikuluak eragindako langileen kasuan izan ezik, zeregin horiek burutzeko idatzizko zein ahozko trebetasunak beharko dira, eta, horiek ebaluatze aldera, 19/2024 Dekretuaren 29. artikuluan zehaztutako prozeduraz gainera, IVAPek eskatu ahalko ditu, aurretiaz zein aurrez aurre, behar diren agiri eta material osagarriak. Era berean, IVAPek eskatu ahalko ditu laneko ohiko funtzioekin lotuta dauden idatzizko edo ahozko atazak bertan egitea.

4.– Eskatzaileak lanpostuak derrigortasun-datarekin esleituta duen hizkuntza-eskakizuna bakarrik egiaztatu ahal izango du.

5.– Langile bakoitzak gehienez bi urtean behin eskatu ahalko du egiaztatze-sistema honetan parte hartzea. Horrez gain, ebaluazio-sistema hau egiten zaion urtean langileak ezin izango du parte hartu IVAPeko ohiko deialdietan.

6.– Egiaztapenak IVAPek jasoko ditu bere erregistroan, eta hortik era automatizatuan erantsiko dira ETZEBen, bi erregistroak elkarrekin konektatuta baitaude.

7.– IVAPek egiaztatze-sistema hau inplementatzeko behar diren deialdiak egingo ditu ebazpen bidez. Deialdietan finkatuko dira epeak eta parte hartzeko prozedura zehatzak.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

3. eta 4. artikuluetan xedatutakoa gauzatzeko ebazpen bidez ezarritako deialdien izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren arabera.

7. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

IVAPek 4. artikuluko hautaketa-prozesuetako proben eta 5. artikuluaren arabera onartzen dituen deialdien jarraipena eta ebaluazioa egingo du. Bi kasuetan, genero-ikuspegia sartuko da egin beharreko ebaluazioan.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 4a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala