Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2025eko azaroaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4803

EBAZPENA, 2025eko urriaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen duena.

AURREKARIAK

2021eko uztailaren 5ean, EAED-146INET espedientearen esparruan, Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren irismen-dokumentua eman zen (aurrerantzean, Plana), abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

2022ko uztailaren 15ean, Udalak hasierako onespena eman zion Planari, eta, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, jendaurrean jarri zuen 45 egunez, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (2022ko abuztuaren 3ko BAO, 147. zk.). Gero, osoko bilkuraren erabakiz, HAPOren hasierako onarpenari buruzko informazioa jendaurrean jartzeko eta alegazioak egiteko epea 2022ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki zen (BAO, 217. zk., 2022ko azaroaren 15a). Jendaurreko informazioarekin batera, Udalak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei zein aldez aurretik kontsulta egin zitzaien pertsona interesdunei, eta 45 eguneko epea eman zien egoki irizten zieten txostenak eta alegazioak egin zitzaten.

Amorebieta-Etxanoko Udalak aditzera eman du hainbat alegazio eta txosten jaso direla, espedientean jasotako emaitza eta edukiarekin, eta alegazio eta txosten horiek kontuan hartu direla Planaren behin betiko bertsioa idazterakoan.

2024ko uztailaren 29an, Amorebieta-Etxanoko Udalak Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin-behinean onartu zuen.

2024ko abuztuaren 23an, Amorebieta-Etxanoko Udalak Planaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa eskatu zion aurreko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari. Eskaerarekin batera, planaren azken proposamena, ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurrean jartzeko eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei entzuteko izapideak azaltzen dituzten hainbat dokumentu aurkeztu dira. Ingurumen-organoak erabaki zuen dokumentazioa ez zela osoa, eta zuzentzeko eskatu zuen, izapidetzen jarraitu ahal izateko.

Jendaurreko informazioaren izapideen eta kontsulten inguruan egindako errekerimenduei erantzunez, Amorebieta-Etxanoko Udalak informazio osagarria eman zuen 2024ko irailaren 25ean eta abenduaren 11n. SIN-02 Boroa Barrenengo, SIN-03 Errotazar, SIN-01 Euba eta AR-1.2 Larrako proposamenak Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzaren txostenera egokitzeari buruz egindako errekerimenduei erantzunez, bai eta eragin akustikoari eta nekazaritzari buruzko informazioa zabaltzeko eta, hala badagokio, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta ingurumen-jarraipena sortutako informazio berrira eguneratzeko beharrari dagokionez ere, Amorebieta-Etxanoko Udalak informazio osagarria eman zuen 2025eko apirilaren 16an.

2025eko uztailaren 15ean, Amorebieta-Etxanoko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko eskaera osatu zuen Ingurunet sistemaren bidez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 18. artikuluan eta hurrengoetan araututako ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren esparruan. Eskaerarekin batera, behin-behineko onespenerako Planaren proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurrean jartzeko eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei entzuteko izapideak azaltzen dituzten hainbat dokumentu aurkeztu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Gainera, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen planei eta programei, eta haien aldaketei eta berrikuspenei, -, II.A eranskinean zehazten denari jarraikiz; izan ere, eranskin horretan jasotako planen eta programen artean, hiri-antolamenduko plan orokorrak daude.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Amorebieta-Etxanoko Udalak, bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, beharrezkoa den guztia xedatu dute aurrera eraman ahal izateko planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura:. ingurumen-azterketa estrategiko bat egin behar da, eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, baloratzen da ingurumenaren arloko alderdiak egoki txertatu direla planaren proposamenean; era berean, adierazpenak aipatzen du zer inpaktu nabarmen eragingo duen plan horrek ingurumenean, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana edo HAPO) berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) HAPOk lehendik dagoen hirigunea mantentzearen alde egiten du, eta bizitegi-lurzoruaren hazkunde neurritsua planteatzen du inguruetan, lurzoru urbanizagarri berririk mugatu gabe. Hau da, lehenik eta behin, lurzorua finkatze-maila handiarekin eta gaur egun gauzatzen ari diren eremuekin betetzea erabaki da, eta, ondoren, finkatu gabeko hiri-lurzorurako zuzkidura-jarduketak eta jarduketa integratuak planteatzea, plan bereziaren bidez antolatu beharreko eremu batzuk mugatuz hala gomendatzen zuten inguruabarrak hauteman diren lekuetan. Guztira, 1.492 etxebizitza berri gehiago egitea aurreikusi da (1.423, zuzkidura-jarduketak kenduta).

Jarduera ekonomikoetarako lurzoruari dagokionez, oro har, orain sakabanatuta dauden espazioak betetzea planteatzen da, batez ere jarduketa integratuen bidez, urbanizazio-koherentzia eta -kalitatea emateko, eta etorkizuneko espazioen plangintza estrategikoagoa eta epe ertainera eta luzera, lurzoru urbanizagarriko sektoreetan mugatuz, dagokion plan partzialaren bidez antolatzeko. Jarduera ekonomikoetarako sailkatutako lurzoru urbanizagarriaren azalera 49 ha-koa da.

Jarraian, HAPO berrian jasotako proposamenak laburbiltzen dira:

Hiri-lurzoru finkatua, batez ere, Amorebietako hiriguneak eta Eubako hiriguneak osatzen dute. Bertan, bizitegi-eremu finkatuak (ACR-01etik ACR-26ra), hirugarren sektoreko eremu finkatuak (ACT-02 La Tejera), industria-eremu finkatuak (ACI-01etik ACI-05ra) eta hiri-erreformako eremuak (ARU-02 eta ARU-04) definitzen dira.

Hiri-lurzoru sendotugabeari dagokionez, honako jarduketa hauek planteatzen dira hiri-bilbea osatzeko:

a) Bizitegiak:

Garatzen ari diren eremuak edo garapen-plangintza onartuta dutenak:

– AA-PD (Kalbario) - AR-4.5: 309,65 m2.

– AA-PD (Martija) - AR-7.3: 707,00 m2.

– AD-PD (Larrea) - AR-1.4: 1.880 m2.

– AD-D (Harrison) - AR-4.1: 1.764 m2.

– AD-PD (Karmen n.ş 4-6) - AR-4.3: 575,20 m2.

Plan Berezi bidez garatzekoak:

– AI-PE (Berezikoetxe-1) - AR-1.1: 26.497 m2.

– AI-PE (Larra) - AR-1.2: 26.100 m2.

– AI-PE (Lopez) - AR-1.3: 7.310 m2.

– AI-PE (Ixer-1) - AR-1.5: 32.009 m2.

– AI-PE (Oguena-4) - AR-2.2: 6.940 m2.

– AI-PE (Oguena-3) - AR-2.3: 5.428 m2.

– AI-PE (Santa Luzia-1) - AR-7.1: 6.310 m2.

– AI-PE (Santa Luzia-2) - AR-7.2: 6.200 m2.

– AD-PE (Txiki Otaegi 10) - AR-3.4: 416 m2.

Zuzkidura-jarduketak:

– AD (Uranga) - AR-3.1: 1.009 m2.

– AD (Urrengoetxea 7) - AR-4.2: 278 m2.

– AD (Gallartzagoitia 9) - AR-4.6: 564 m2.

– AD (Santa Ana) - AR-5.5: 464 m2.

Jarduketa integratuak:

– AI (Aldazabal-2) - AR-2.1: 1.954,00 m2.

– AI (Oguena-2) - AR-2.4: 2.123 m2.

– AI (Oguena-1) - AR-2.5: 3.989 m2.

– AI (G. Aresti) - AR-3.2: 5.184 m2.

– AI (Karmen 20-22-24): 5.572,43 m2.

– AI (San Juan) - AR-5.1: 5.243 m2.

– AI (Legarrebi-A) - AR-5.2: 8.245 m2.

– AI (Legarrebi-B) - AR-5.3: 13.651 m2.

– AI (Legarrebi-C) - AR-5.4: 29.722 m2.

– AI (Nafarroa) - AR-6.1: 57.309 m2.

b) Mistoak:

Garatzen ari diren eremuak edo garapen-plangintza onartua dutenak:

– AI-PD (Barandika-1) - AM-2.1: 15.998 m2.

Plan Berezi bidez garatzekoak:

– AI-PE (Berezikoetxe-2) - AM-1.1: 29.240 m2.

– AI-PE (Berezikoetxe-3) - AM-1.2: 12.639 m2.

– AI-PE (Aldazabal-1) - AM-2.2: 8.165 m2.

– AI-PE (AmetxarriI-1) - AM-2.3: 7.709 m2.

– AI-PE (Tantorta-1) - AM-2.4: 16.452 m2.

– AI-PE (Montorra) - AM-3.1: 10.411 m2.

Zuzkidura-jarduketak:

– AD (Euba) - AM-3.2: 8.664 m2.

Jarduketa integratuak:

– AI (Arriagane-Txozna) - AM-1.3: 14.363,08 m2.

c) Industrialak:

Garatzen ari diren eremuak edo garapen-plangintza onartuta dutenak:

– AD-PD (Boroa) - AIN-4.1: 47.442 m2.

– AI-PD (San Antonio Arania) - AIN-2.2: 24.000 m2.

– AI-PD (Kortederra) - AIN-1.2: 64.063 m2.

Plan Berezi bidez garatzekoak:

– AI-PE (Bazarra) - AIN-1.1: 16.637,47 m2.

– AD-PE (Ibarguren Aludium) - AIN-2.3: 189.506 m2.

Jarduketa isolatuak:

– AA (San Antonio) - AIN-2.1: 14.290 m2.

– AA (Berna 8 Agria) - AIN-3.1: 24.078,50 m2.

– AA (Berna 6 Lux-May) - AIN-3.2: 9.394 m2.

Zuzkidura-jarduketak:

– AD (Arriagane Ilarduya) - AIN-1.3: 32.792 m2.

d) Zuzkidura-jarduketak: Erkide dagoen ekipamendua:

Komunitate-ekipamendurako definitutako bost jarduketak beren plan berezien edo xehetasun-azterlanen bidez garatuko dira.

– AD-PE (Barnetegi) - SG-DO- 1.1: 4.886,79 m2.

– AD-PE (Andra Mari Ikastola) - SG-DO- 1.2: 8.398 m2.

– AD-PE (Karmengo ama ikastetxea) - SG-DO- 1.3: 14.804,78 m2.

– AD-PE (El Karmelo ikastetxea) - SG-DO- 1.4: 19.702,54 m2.

– AD-PE (Lauaxeta – Igurko – Gurutzeko Pablo Deuna) - SG-DO- 1.5: 146.614,29 m2.

e) Zuzkidura publikoak egikaritzeko jarduketak.

– ZPEJ-01 (Garaitondo): 6.505 m2.

– ZPEJ-02 (Gane): 16.170 m2.

Lurzoru urbanizagarrian, lau industria-sektore antolatu ditu HAPOk, 49 ha guztira:

– SIN-01 (EUBA-1-2) sektorea: sektorea bat dator indarrean dauden Arau Subsidiarioetako UI.9-Euba eta UI-10 sektoreen multzoarekin, eta lurzati batzuk kanpo uzten ditu, industria-ezarpen handia dutelako. Sektorearen azalera osoa 205.321,00 m2-koa izango da. HAPOk zonakatze xehea jasotzen du sektore horretarako, eta industria-lurzatiak (81.994,52 m2) eta sistema orokorrak eta tokikoak (123.326,48 m2) bereizten ditu. Sistema orokorren eta tokiko sistemen artean, guztira 73.932,4 m2-ko azalera bideratzen da espazio libreetara, eta 7.713,03 m2-ko eremu bat mugatzen da sistema hidraulikorako. Industrialdeari dagokionez, sei lurzati pribatu definitu dira, guztira 59.064,48 m2-ko oinplanoko okupazioarekin eta 118.128,96 m2s-ko eta 59.064,48 m2s-ko gehieneko eraikigarritasunarekin, hurrenez hurren. Eraikinek S+B+2 profila izango dute.

– SIN-02 -PP sektorea (Boroa – Barrenengo): jarduera ekonomikoko sektore berri bat aurreikusten du planak, 221.880,00 m2-ko azalerakoa, Boroako ekialdean dagoena handitzeko. Lurralde Plan Partzialean (LPP) proposatutako eremua da. Bide-komunikazioen sistema orokor bat izango du (5.455 m2-koa), Larrea auzoarekin lotu ahal izateko. Sektorearen sestra gaineko eraikigarritasuna 150.000 m2s-koa da, eta sestra azpikoa, berriz, 100.000 m2s-koa (Plan Partzialean aztertu eta, hala badagokio, doitu beharreko gehieneko azalera da hori).

– SIN-03 -PP sektorea (Errotazar): jarduera ekonomikoko 21.918,00 m2-ko sektore berri bat definitu da, N-634 errepidean eta udalerriaren eta Galdakaoren arteko mugan dagoen jarduera ekonomikoari jarraipena emateko. Sestra gaineko eraikigarritasuna 10.000 m2s-koa izango da, eta sestra azpikoa, berriz, 3.900 m2s-koa.

– SIN-07- PP sektorea (Ogenaburu): jarduera ekonomikoko sektore berri bat aurreikusten da, 40.069,00 m2-koa, lehendik dagoen La Tejera eremuaren mendebaldean. Sektorerako 20.000 m2s-ko sestra gaineko eta 7.000 m2s-ko sestra azpiko eraikigarritasuna zehaztu da.

SIN-02 -PP (Boroa – Barrenengo), SIN-03 -PP (Errotazar) eta SIN-07- PP (Ogenaburu) sektoreak zein bere plan partzialaren bidez garatuko dira.

Bestalde, indarrean dagoen plangintzan aurreikusiak diren espazio libreak sendotu egingo dira (473.061 m2), eta Zubiondo, Jauregibarria eta Gane parkeak hiri-lurzoruan handitzea aurreikusten da (38.497 m2), baita Untzetamendi parkea ere lurzoru urbanizaezinean (121.141 m2). Beraz, HAPO berrian definitutako espazio libreen sistema orokorraren azalera osoa 632.699 m2-koa izango da.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, landaguneak 2/2006 Legera egokitzen dira, eta horrek indarrean dauden arau subsidiarioetan aurreikusitakoa baino hazkunde txikiagoa dakar. Hala, HAPO berrian landagune gisa mantentzen dira honako hauek: Bernabeitia, Bernagoitia, Dudagoitia, Epaltza, Etxano, Garita, San Antonio, San Miguel eta Saratzu.

Gainera, lurzoru urbanizaezinean, lehen eraldaketako jarduera ekonomikoetarako bi eremu definitzen dira: APT-01 Gumuzio Erdikoa (14.373,66 m2) eta APT-02 Arnabate (26.904 m2). Horietan, antolamendu xehea zein bere plan bereziaren bidez definituko da.

Horrez gain, zuzkidura publikoak egikaritzeko jarduketa bat mugatu da, AEDP-03 La Isla (21.742 m2).

Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioari dagokionez, HAPO berriak sailkapen hau egiten du:

Babes berezikoak:

– Espezie autoktonoetako basoak edo antzekoak.

– Europako Batasunaren intereseko habitat lehenetsiak (91E0.

– Hezegune-inbentarioa: Belatxikietako istingak (B1B12-2).

Ingurumen hobekuntza.

Basogintza.

Nekazaritza-abeltzaintza eta Landazabala.

– Balio estrategiko handia.

– Trantsizioko Landa Paisaia.

Azaleko uren babesa.

Landa-nukleoak: Bernabeitia, Bernagoitia, Dudagoitia, Epaltza, Etxano, Garita, San Antonio, San Migel eta Saratsu.

Era berean, baldintzagarri gainjarri hauek identifikatzen zaizkie lurzoru urbanizaezinaren antolamendu-kategoriei:

Natura-arriskuei eta klima-aldaketari lotutako baldintzagarri gainjarriak:

– Lurpeko urak babesteko eremuak: Akuiferoak kutsatzeko arriskua duten eremuak eta ur-bilketen inguruko babes-perimetroak.

– Arrisku geologikoak.

– Uholde arriskuko eremuak.

– Klima-aldaketarekin lotutako arriskuak.

Azpiegitura berdeari gainjarritako baldintzagarriak.

– Naturagune babestuak.

– Korridore ekologiko berdeak eta ibai-korridoreak.

– Azpiegitura berdeari dagokionez, haren zatitzat har daiteke udal-mugarteko Espazio Libreen Sistema Orokorrekiko eta ibai-ibilguen inguruko beste eremu batzuekiko lotura, udalaz gaindiko korridore ekologikoekiko lotura handiagoa izaten lagun dezaketenak.

Hirigintza-antolamenduari gainjarritako beste baldintzagarri batzuk:

– Urkiolako parke Naturalaren babes-eremu periferikoa.

– Onura publikoko mendiak (OPM).

– Paisaia babesteko eremuak.

– Interes geologikoko leku eta eremuak.

– Arriskuan den fauna, kudeaketa-planduna Europako bisoia (Mustela lutreola).

– Arriskuan dagoen flora. Prunus lusitanica.

– Kutsatuta egon litezkeen lurzoruak.

– Zaratak eragindako eremuak: ZAE eta BABE; Zonakatze akustikoa eta gatazken edo eragin sektorialen mapa.

– Ibaiak eta errekak.

– Foru-errepideak.

– Lurralde-izaerako bizikleta-bideak.

– Trenbidea.

– Zortasun aeronautikoak.

Amorebieta-Etxano udalerriak 58,46 km2-ko azalera du, eta topografia izurra du ezaugarri. Bertan, % 30 eta 50 bitarteko maldak dira nagusi. Eremu lauenak, % 10etik beherako pendizekin, eta Ibaizabal ibaiaren ibilguko udalerriaren erdialdean daude nagusiki. Balio estrategiko handiko lurzoruak, batez ere, Ibaizabal ibarrean daude, hirigintza-garapenek okupatu gabeko lurretan.

Amorebieta-Etxanoko sare hidrografikoa Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren eskumenekoa da, eta, hein handi batean, Ibaizabal Unitate Hidrologikokoa (UH). Hala ere, udalerriaren ipar-ekialdean dagoen azalera txiki batek Oka ibaiaren UHra isurtzen du ura. Ibaizabal ibaia da udalerriaren ibilgu nagusia, hego-ekialdeko mugatik sartzen da eta ipar-mendebaldetik irteten. Garaitondo, Bekoerreka, San Martin, Errekatxu, Ugaran, Arkotxerrota, Iztegi, Naruerreka, Leginetxe eta Orobio (Orobio) dira beste ibilgu aipagarri batzuk.

EAEko (isurialde kantauriarra) Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, osagai hidraulikoa kontuan hartuta, Ibaizabali dagokion zatia, udalerrian sartzen denetik San Antonio auzoraino, III. mailakoa da, 100 eta 200 km2 bitarteko arro-azalera duenez, eta puntu horretatik aurrera, berriz, IV. mailakoa –hau da, 200 eta 400 km2 bitarteko arro-azalerari dagokiona–. Orobio eta Garaitondo errekak 1. mailakoak dira, 10 eta 50 km2 bitarteko arro-azalera dutenez, eta gainerako ur-ibilguak, berriz, 0 edo 00 mailakoak, 1 eta 10 km2 bitarteko arro-azalera edo 1 km2 baino arro-azalera txikiagoa dutelako, hurrenez hurren. Ingurumen-osagaiari dagokionez, ondo kontserbatutako landaredia duten Ibaizabaleko zenbait zati identifikatzen dira, eta beste batzuk leheneratu beharreko eremuak dira. Oka ibaiaren arroa drainatzen duen ibai-sistema interes naturalistiko lehenetsikotzat jotzen da.

Ibaizabal ibaiaren alubioi-lautada; beraz, Amorebieta-Etxanoko hirigunearen zati handi bat interes hidrogeologikoko kokaleku edo guneetan dago. Badira horrelako eremuak udalerriaren ipar-ekialdean eta hego-mendebaldean ere.

Intereseko landaretzari dagokionez, udalerriaren hego-mendebaldeko mugan Batasunaren intereseko habitat hauek kartografiatu ziren: mendi-hegaletako basoak, luiziak edo osinak Tilio-Acerion espeziearekin(9180*), belardi lehor erdi-naturalak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (*orkidea nabarmenak dituzten inguruak) (6210), txilardi oromediterraneo endemikoak otearekin (4090), pendiz harritsu kaltzikolak landaredi kasmofitikoarekin (8210) eta txilardi lehor europarrak (4030). Udalerriaren iparraldean, txilardi lehor europarrak, larre harritsu kaltzikolak (6170) eta Molinia belardiak kare-, zohikatz- edo buztin/limo-lurzoruetan (Molinion caeruleae) (6410). Ibaizabalen ibarrean, ugari dira altitude txikiko sega-belardi pobreak, eta, neurri txikiagoan, txilardi lehor europarrak –ugariagoak ibarraren hegaletan–. Ibaizabalen ertzean eta Orobio, Arkotxerrota, Bekoerreka eta Garatondoko arroetan Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior baso alubialak (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) kartografiatu dira (91E0*).

Udalerriaren hego-ekialdean, Prunus lusitanica espeziearen kontserbazio-eremua nabarmentzen da, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan bildua, galzorian kategorian. Udal-mugartean, gainera, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan bilduriko beste zortzi flora-espezie ageri dira: Dryopteris aemula (bakana), Menyanthes trifoliata (galzorian), Narcissus bulbocodium (interes berezikoa), Ophioglossum vulgatum (bakana) Pinguicula lusitanica (bakana), Sorbus latifolia (kaltebera), Vandenboschia speciosa (kaltebera) eta Woodwardia radicans (kaltebera). Nabarmentzekoa da, halaber, harizti-baso misto atlantiko autoktonoen presentzia (udal-mugartearen % 4,26).

Intereseko faunari dagokionez, baliteke Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoa bildutako espezieak izatea udalerrian, zehazki, galzorian dauden hiru espezie (Austropotamobius pallipes, Mustela lutreola eta Gypaetus barbatus); halaber, hiru espezie kaltebera (Triturus alpestris, Aquila chrysaetos eta Neophron percnopterus), zazpi espezie bakan eta interes bereziko 18 espezie, baita hainbat kategoriatan bilduriko 23 kiroptero-espezie mehatxatu ere.

Europako bisoiarentzat (Mustela lutreola) interes bereziko eremutzat jotzen dira Orobio erreka eta bertara isurtzen diren errekak, Zubitxu erreka eta Ibaizabalera udalerriko ipar-mendebaldeko muturrean isurtzen duen errekasto-sarea. Udalerriko gainerako ibai-sarea espeziearen mesederako hobetzeko moduko tartetzat hartzen da.

Ugatzak, sai arreak eta sai zuriak Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan bateratua dute. Plan honen aplikazio-eremuak, udalerriari dagokionez, Urkiolako Parke Naturala du ardatz.

Udal-mugartearen hegoaldean Belatxikietako zingirak (B1B12_(01-02) kodea) ageri dira, EAEko hezeguneen inbentariora eta Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialera (III. taldea) bilduak.

Udalerrian interes geologikoko 14 eremu eta lau puntu identifikatzen dira, eta horietako bat bera ere ez da sartzen Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan.

Udalerriaren hego-mendebaldeko muga bat dator Natura 2000 Sareko Urkiola Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (ES2130009) eta Urkiolako Parke Naturalarekin (ES210002); horri dagokionez, adierazi behar da otsailaren 26ko 27/2019 Dekretuaren bidez onartzen dela Urkiolako Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren zati arautzailea, eta antolatu egiten dela Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Bigarren Planaren eta Urkiolako Parke Naturaleko eta Kontserbazio Bereziko Eremuko kudeaketa-jarraibideen eta -jardueren dokumentuaren argitalpen osoa. Gainera, Urkiola EAEko Naturagune Garrantzitsuen Katalogoan dago sartuta (20. kodea). Udalerriaren ipar-ekialdeko mugan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren (ES213001) eta Urdaibaiko Ibai Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2130006) eremu txiki bat dago.

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan zehazten den azpiegitura berdearen arabera, udalerriaren ipar-mendebaldera doaz Urdaibai eta Salbada mendilerroa, Gorbeia eta Armańon lotzen dituzten korridore ekologikoak, eta, udalerriaren hego-ekialdean, Urdaibai eta Urkiola lotzen dituen korridorea.

EAEko korridore ekologikoen sareak konektagarritasun-interes bereziko ibai-tartetzat ditu Betzuen, Berna, Untzebieta eta Orobio. Horiek guztiek Ibaizabalera isurtzen dituzte urak, Orobiotik barrena, zeina udalerriaren hego-ekialdeko mugatik igarotzen baita, Iurretako mugatik. Udalerriaren hego-ekialdeko mugan hauek ere, Urkiola Urdaibaiko artadi kantauriarrekin lotzen duen korridorea eta haren motelgunea daude.

Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroak barnean hartzen ditu, besteak beste, hiri-hornidurako hainbat bilketa-gune, haietako gehienak Ibaizabal iparraldean, mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuetako bilketa-eremuak (Oka ibaiaren arroko udalerriko eremua), urari lotutako Natura 2000 Sareko espazioak (Urkiolako KEB eta Urdaibaiko Ibai Sareko KEB), Urkiolako Parke Naturala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.

Udalerrian hainbat onura publikoko mendi dira, gehienak hego-mendebaldeko muturrean, bai eta beste batzuk ere ekialdeko mugan.

Paisaiari dagokionez, udalerriaren ipar erdia Amorebietako ikusmen-arroan dago, eta hego erdia, berriz, Eubakoan, biak ere zeharo arruntak eta oso paisaia-balio txikikoak. Bietako bat ere ez da sartzen EAEko Paisaia Apartekoen Katalogoan.

Kultura-ondareari dagokionez, udalerriak kultura-balio garrantzitsuak ditu, hala nola Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 21eko Ebazpenaren bidez balizko arkeologia-gune izendatutako eremuak. (1997ko ekainaren 16ko EHAA, astelehena). Gainera, badira udalerrian tokiko intereseko kultura-ondareko elementuak.

Udalerrian, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzatien inbentarioan jasotako 180 kokaleku identifikatu dira guztira; industria-jarduerak, betelanak edo zabortegiak dira.

Amorebieta, Euba eta Astepeko herriguneek eta Zubieta industrialdeak uholde-arriskua dute. Ibaizabalen uholde-lautadaren zatirik handiena 500 urteko errepikatze-denboraren eraginpean dago, baina badira 10 eta 100 urteko errepikatze-denboratako uholde-arriskua duten eremuak ere. Ibaizabal ibaia, hirigunetik igarotzean, UAHE ES017-BIZ-9-2 Ibaizabal ibaiaren eremuan sartzen da (I. taldea). Garaitondo eta San Martin ibilguen ertzek ere urak hartzeko arriskua dute.

Oro har, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun txikia edo oso txikia du udalerriak; hala ere, oso kalteberatasun handiko lurzoruak daude hego-mendebaldeko muturrean.

Hauek dira udalerriko zarata-foku nagusiak: garraio-azpiegiturak, AP-8 autobidea eta N-634 errepidea, udalerria ipar-ekialdetik hego-ekialderantz zeharkatzen dutenak; BI-635 errepidea, ipar-hegoalderantz; eta ETSren Irun-Bilbo trenbidea. Bizkaiko errepideen zarata-mapa estrategikoen arabera (2018), udalerriaren zati bat errepide horien zortasun akustikoko eremuaren eraginpean dago. Udalerriak zarata-mapa (Tecnalia, 2024) eta zarataren aurkako 2024-2029ko ekintza-plana ditu eginak (Amorebieta Etxanoko Udala eta Tecnalia), eta babes akustiko bereziko eremu bat ere mugatua du.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, Planak xedatzen duen zonakatzeak, baldintzagarri gainjarriekin osatua, egokiro babesten ditu udal-mugarteko natura-balioak.

Bizitegi-lurzoruari dagokionez, planaren ezaugarria da oro har lehendik dagoen hiri-ehuna saturatzeko apustua eta hiri-lurzoruko lurzatiak okupatzea, eraldatu gabe jarraitzen baitute bizitegitarako hiri-bilbearen barruan. Hala ere, testuinguru horretan, AR-1.2 LARRA eremua izango da lurzorua okupatzeagatik eragin handiena izango duen bizitegi-eremuetako bat. Eremu horretan baso autoktono gaztearen 8.650 m2-ko orban bat dago, bai eta Garitondo erreka ere, Europako bisoiaren Bizkaiko kudeaketa-planean «hobetu beharreko tarte» gisa sartuta dagoena.

Jarduera ekonomikoetarako lurzoruei dagokienez, SIN-04 Gumuzio Bekoa ezestea balioetsi da, haltzadi garrantzitsu bati eragiten baitzion. Hala ere, HAPOk jarduera ekonomikoetarako birsailkatu beharreko lurzoru-azalera handia jasotzen du (31,90 ha), eta oraindik garatzeke daude 33,46 ha, indarrean dauden arau subsidiarioetan jasota daudenak. Birsailkatzeko proposamenak hiru eremu berri barne hartzen ditu (SIN-02 -PP Boroa - Barrenengo, SIN-03 PP Errotazar eta SIN-07 PP Ogenaburu) eta, gainera, Planak oraindik eraldatu gabe dauden hiri-lurzoruen garapena aurreikusten du, hala nola SIN-01 (Euba-1-2) eta AM-1.1 Berezikoetxe eremu mistoa. Jarduera ekonomikoetarako garapenek nekazaritza-balioko lurzoruei (SIN-02, SIN 03 eta AM-1.1) eta baso autoktonoko azalerei (SIN-01, SIN-02 eta SIN-03) eragingo diete, eta, gainera, bat egingo dute Batasunaren intereseko habitat hauekin: 91E0* Ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra (SIN-01 eta SIN-03), 4030 Txilardi atlantikoa (Ulex sp. nagusi). (SIN-02 PP Boroa eta SIN-02ri lotutako Larrea auzoarekiko bide-lotura berria), eta 6510 Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak (SIN-01 eta SIN-03). Horrez gain, jarduera ekonomikoetarako garapenek faunaren intereseko eremuetan eragingo dute. Hala, SIN-03 -PP Errotazar bat dator Europako bisoia kontserbatzeko «interes bereziko eremuarekin», Bizkaiko espeziearen Kudeaketa Planaren arabera, eta SIN-01 eta SIN-02 bat datoz aipatutako Kudeaketa Planeko «hobetu beharreko tartearekin». Ildo horretan, Europako bisoiaren kontserbazioan edo leheneratzean zuzeneko edo zeharkako eragin nabarmena duen plan edo proiektu orok Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren nahitaezko txostena beharko du.

Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, udalerriko zenbait eremuk urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak gainditzen dituzte. Horiek hirigunean daude batez ere, eta eragina sortzen duten ingurumen-zarataren foku nagusiak hiri-ardatz nagusiak (San Pedro kalea, San Miguel kalea, San Juan kalea, Karmen kalea, Gudari kalea, Ixerango kalea, Txiki Otaegi kalea eta Nafarroa kalea), Bizkaiko Foru Aldundiaren bideak eta trenbidea dira; gainera, BI-3332 eta BI-4342 errepideen inguruko tarteak eta bigarren mailako hiri-bide batzuk identifikatzen dira. Biztanleriari dagokionez, industriaren eragin akustikoa ez da oso esanguratsutzat jotzen. 2024-2029 aldirako aurkeztutako Zarataren aurkako Ekintza Planaren arabera, udalerrian BABE bat mugatzen da, kalitate akustikoko helburuak betetzen ez dituzten eremu guztiak barne hartzen dituena, eta, BABEn dagoen eragin akustikoa murrizteko, udal-eskumeneko jarduketak zehazten dira (zonako plana).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, kontuan izan behar da hirigintza-jarduketa gehienak ibai-ibilguetatik gertu daudenez, uholde-arriskua dagoela. 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiek eragindako eremuetan, indarrean dagoen Plan Hidrologikoaren araudia bete beharko da, lurzoru urbanizatuko lehentasunezko fluxu-eremuko eta urak har ditzakeen gainerako eremuetako erabileren mugei dagokienez.

Beste arrisku batzuei dagokienez, jarduketa batzuek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuen inguruan egiten dira. Horietan egiten diren jarduketak Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera egingo dira.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Kalitateko eta Ekonomia Zirkularreko zuzendariaren 2021eko uztailaren 5eko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-azterketaren irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organoak emandako erreferentzia-dokumentuan eskatutako hedadura, xehetasuna eta zehaztasuna bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ulertzen da ezen ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak behar bezain zorrotz landu direla, hartara ziurtatzeko benetan hartu dela kontuan zer ingurumen-eragin izan litezkeen plangintza-prozesuan zehar.

C) Plana tramitatu bitartean, ez da sartu ingurumen-ebaluazio estrategikoa hedatzea eskatzen duen jarduketa berririk.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesgarriak, zuzengarriak, konpentsagarriak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera. Era berean, zehaztapen hauek jaso beharko ditu Planak:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Planak bermatuko du udalerriko zuhaizti autoktonoak eta Batasunaren intereseko habitatak babestuko direla, bat etorriz 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak (Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoak), Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak eta EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek ezarritakoarekin.

Hirigintza-eremuetan, garapenek saiatu beharko dute landaredi autoktonoari kalterik ez egiten, edo kalteak minimizatu beharko dituzte. Berariaz identifikatuko dira intereseko habitatak eta landaredia, landa-lan espezifiko baten bidez. Intereseko landaredia kenduz gero (nolanahi ere, behar bezala justifikatu beharko da), konpentsazio-neurriak hartuko dira, eragindako eremuaren azalera bereko nahiz handiagoko eremu degradatu bat lehengoratzeko. Ezinbestekoa da gertatzen diren kapital naturalaren galerak konpentsatzea.

Plana behin betiko onesteko, eremu hauetako araudi partikularrak natura-ondarea babesteko zehaztapen hauek jasoko ditu bereziki:

– SIN-02. Boroa Barrenengo: baso autoktonoari eragiten zaion azalera konpentsatuko da, eragindako azaleraren bikoitza den azaleran. Konpentsazio hori eremuaren barruan egingo da, Basarrate errekaren ertzetan zehar, eta ibaiertzeko basoa berreskuratzeko erabiliko dira. Konpentsatu beharreko azalera kalkulatzeko, hirigintza-eremuan dagoen landarediaren azterketa xehatua egin beharko da, baso autoktonoaren azalerak identifikatuz eta baloratuz (osaera espezifikoa, dentsitatea, zuhaitzen tamaina eta kontserbazio-egoera). Basarrate errekaren ibaiertzeko landaredia lehengoratzeko, haltzadi kantauriarraren (91E0*) flora-sortako espezieak erabiliko dira, hala nola haltzak (Alnus glutinosa), lizarrak (Fraxinus excelsior), hurritzak (Corylus avellana) eta sahats ilunak (Salix atrocinerea), besteak beste, eta kontuan hartuko dira Europako bisoiaren (Mustela lutreola) habitataren ezaugarriak, tarte horretako ibilgua «hobetu beharreko tarte» gisa kalifikatuta baitago Europako bisoiaren Bizkaiko kudeaketa-planean.

– SIN-03. Errotazar: eremuaren antolamenduak Erletxeta errekaren ertzetan garatzen den ibaiertzeko basoaren azalera osoa errespetatuko du; gainera, hirigintza-fitxan berariaz aipatuko da Bizkaiko Foru Aldundiak erreka horri dagokionez ezartzen dituen baldintzak betetzen direla, Bizkaiko espeziearen Kudeaketa Planaren arabera bisoi europarra kontserbatzeko «interes bereziko eremua» delako.

– SIN-01. Euba: antolamendu xehatuak eremuan kontserbatzen den baso autoktonoaren azalera osoa errespetatzen saiatuko da; nolanahi ere, haren eragina 1:2 proportzioan konpentsatuko da (kaltetua/konpentsatua) eremuaren barruan bertan, ahal dela Ibaizabalen ibai-ertzetan zehar. Bertan, ibaiertzean zehar landaredi autoktonoaren banda handituko da, hirigintza-fitxan aurreikusitako berdegunearen banda jarraitu eta gehigarri batean, konpentsatu beharreko azalerara iritsi arte. Bertan, haritz kanduduna (Quercus robur) nagusi den baso azidofiloa indartuko da, haren flora-kortexako espezieak landatuz, hala nola haritz kanduduna, zuhandor arrunta (Cornus sanguinea), basaerramua (Euonymus europaeus), elorri beltza (Prunus spinosa) eta elorri zuria (Crataegus monogyna). Ibaizabal ibaiaren ertzetatik hurbilen dauden eremuetan ibaiertzeko basoa indartuko da haltzadi kantauriarraren (91E0*) flora-sortako espezieak sartuz, hala nola haltzak (Alnus glutinosa), lizarrak (Fraxinus excelsior), hurritzak (Corylus avellana) eta sahats ilunak (Salix atrocinerea), besteak beste, eta kontuan hartuko dira Europako bisoiaren (Mustela lutreola) habitataren ezaugarriak, tarte horretako ibilgua «hobetu beharreko tarte» gisa kalifikatuta baitago Europako bisoiaren Bizkaiko kudeaketa-planean.

– AR-1.2. Larra: antolamendu xehatuak eremuan kontserbatzen den baso autoktonoaren azalera osoa errespetatzen saiatuko da; nolanahi ere, haren eragina 1:2 proportzioan konpentsatuko da (eragindakoa/konpentsatua), eremuaren barruan edo handik hurbil dagoen ingurune batean. Konpentsatu beharreko azalera kalkulatzeko, hirigintza-eremuan dagoen landarediaren azterketa xehatua egin beharko da, baso autoktonoaren azalerak identifikatuz eta baloratuz (osaera espezifikoa, dentsitatea, zuhaitzen tamaina eta kontserbazio-egoera). Baso autoktonoaren jatorrizko azalera berreskuratzeko, haritz kanduduna (Quercus robur) eta haren azaleko flora-espezieak nagusi diren baso azidofiloak landatuko dira, hala nola zuhandor arrunta (Cornus sanguinea), basaerramua (Euonymus europaeus), elorri beltza (Prunus spinosa) eta elorri zuria (Crataegus monogyna), besteak beste. Hala bada, Garatondo errekaren ertzen inguruan konpentsatutako azaleretan ibaiertzeko basoko berezko espezieak sartuko dira, haltzadi kantauriarreko (91E0*) flora-azaleko espezieak kontuan hartuta, hala nola haltzak (Alnus glutinosa), lizarrak (Fraxinus excelsior), hurritzak (Corylus avellana) eta sahats ilunak (Salix atrocinerea), besteak beste, eta kontuan hartuko dira Europako bisoiaren (Mustela lutreola) habitataren ezaugarriak, tarte horretako ibilgua «hobetu beharreko tarte» gisa kalifikatuta baitago Europako bisoiaren Bizkaiko kudeaketa-planean.

Plangintza xehea garatzeko, «Ingurumena eta paisaia leheneratzeko plana» idatzi eta gauzatu beharko da, eta, ondorio guztietarako, aurrekontua barne, garapen-plangintzari lotuta egongo da. Lehengoratze Planean ezarriko dira zer espezie erabiliko diren eta zer azalera landareztatu beharko diren. Lehengoratze Plan horren beharra S-02 sektoreen hirigintza-fitxan aipatuko da gutxienez. Boroa Barrenengo, SIN-03. Errotazar, SIN-01. Euba, SIN-07. Ogenaburu, AM-1.1. Berezikoetxe eta AR-1.2. Larra.

Europako bisoiaren Bizkaiko kudeaketa-planaren arabera, espeziea kontserbatzeko «interes bereziko eremuan» gauzatzen diren proiektuek Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ingurune eta Nekazaritza Sailaren nahitaezko txostena izan beharko dute. Planaren araudi orokorrak «2.2.1 bai-ibilguen kontserbazio eta hobekuntza aktiboa» jarraibide orokorraren aplikazioari buruzko aipamena jasoko du. Jarraibide hori Europako bisoiaren Bizkaiko kudeaketa-planean jasota dago, eta HAPOk haren habitatak zaintzen, mantentzen edo berreskuratzen direla ziurtatu beharko du.

Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak ezarritakoaren arabera, Planaren Babes Bereziko kategorian sartu behar dira katalogatutako eta mehatxatutako animalia- edo landare-populazioak dituzten eremuak. Ildo horretan, flora mehatxatuaren kokaleku gisa grafiatutako eremuak babes bereziko kategoriara bilduak izan beharko dute, eta ez azpiegitura berdearen baldintzagarri gainjarrira. Hori bera aplika dakieke Europako bisoia kontserbatzeko «interes bereziko eremuei», espeziea Bizkaian Kudeatzeko Planaren arabera. Bestalde, zuzendaritza honen arabera, EAEko azpiegitura berdearen elementu lotesleak dira Urkiola KEBa, Urdaibaiko KEBa eta LAGek ezarritako Gorbeia-Urdaibai eta Urkiola-Urdaibai korridore ekologikoak. Azken hori zehatzago definituta dago, ‘lotura-korridore ekologiko’ figuraren pean, LPPren O.1.2 planoan, eta horrela jaso beharko da Planaren dokumentuan. Nolanahi ere, Planaren azpiegitura berdeak tokiko elementuen arteko eta horien eta eremu funtzionaleko eta EAEko elementuen arteko konektibitatea bermatu beharko du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak ezartzen duen bezala, Planak jaso beharko du zer kategorizazio egiten duten dagozkion antolamendu-figurek Urdaibaiko Biosfera Erreserban eta Urkiolako Parke Naturalean, espazio horiek, oro har, babes bereziko gisa kategorizatzera mugatu gabe.

Azkenik, Planaren eremuan dauden eta Europar Batasunaren intereseko habitatak hondatu ez daitezen eta, nolanahi ere, habitat horiek berreskuratzea sustatzeko, baloratuko da ea planteatu ahalko den leheneratze-neurririk, kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024ko ekainaren 24ko 2024/1991 Erregelamendua, natura leheneratzeari buruzkoa, eta, hala badagokio, bai eta Espainiako etorkizuneko leheneratze planak ezartzen duena ere.

D.2.– Jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskua minimizatzeari buruzko neurriak.

Jabari publiko hidraulikoan (JPH) edo horren babesguneetan egiten diren jarduketek arro-organismoaren (KKH, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren) nahitaezko baimena eduki beharko dute, zeina Uraren Euskal Agentzian izapidetuko baita.

Uholde-arriskuari dagokionez, indarrean dagoen Plan Hidrologikoaren araudia bete beharko du Planak, erabilerei ezarritako mugei dagokienez, lurzoru urbanizatuko lehentasunezko fluxu-eremuan eta urak har dezakeen gainerako eremuan (43. eta 45. artikuluak).

Uholde-arriskuko eremuetan kokatutako eremuen hirigintza-fitxetan, gai honi buruzko erreferentziazko araudia aipatu beharko da. Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren arabera, Planak xedapen hauek jaso beharko ditu:

– Plan Hidrologikoaren Araudiaren 50.6 artikulua aplikatuz, hiriko edo industriako drainatze-azpiegituren bidez biltzen den euri-uraren jariatze-ura, jabari publiko hidraulikoa kutsa lezakeena, hondakin-ura da, eta Administrazio hidraulikoaren aurrean isurtzeko baimen-prozedura bete beharko du.

– Araudi Hidrologikoaren Araudiaren 48.1 artikuluan adierazten denaren arabera, hirigintza-garapen berriek behar-beharrezkoa den azaleretara mugatu beharko dute zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak sartu beharko dituzte (zoladura iragazkorrak, andelak, ekaitzetarako gailuak eta abar), jariatze-ura lehendik zegoen egoeraren aldean handitzen bada, hori konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabea dela bermatzeko, bai eta sortutako jariatze-uraren tratamendua aurreikusteko ere.

– Uholde-arriskua dela eta, Plan Orokorrak jasotzen duen erabilera-proposamenak bateragarria izan beharko du Plan Hidrologikoaren Araudiko 37., 42., 43. eta 45. artikuluetan ezarritako uholde-arriskuko zaintza-eremuko erabileren mugekin. Ildo horretan, proposatutako garapen-eremuak (SIN-01, AIN 2.1 eta AR 1.3) uholde-arriskuaren egungo egoerak asko baldintzatzen ditu.

– Oro har, uholde-eremuen eragin handiagoa nahiz txikiagoa duten eremu guztiek Plan Hidrologikoaren Araudiaren 37. artikuluko apartatu hauetan adierazitakoa bete beharko dute:

i) 37.6) artikulua. Uholde-arriskupeko eremuan ez da baimenduko uholde-arriskua nabarmen handitzea dakarren hondakin eta betelanik metatzea.

ii) 37.7) artikulua. Uholde-arriskupeko eremuan egiten den jarduketa orok erantzukizunpeko adierazpen bat ekarri beharko du berekin, zeinean higiezinaren jabeak argi eta garbi adierazi beharko baitu arriskua eta kasuan aplikatu beharreko babes zibileko neurriak ezagutzen eta bere gain hartzen dituela.

iii) 37.8) artikulua. Obrak hasi aurretik, jarduketa sustatzen duenak Jabetza Erregistroaren ziurtagiria izan beharko du, eraikina uholde-arriskua duen eremuan dagoela adierazten duen erregistroko idatz-oharra egotearen fede ematen duena.

Garapen-eremu hauetarako bereziki, jabari publiko hidraulikoaren zaintza-eremuaren barruan dagoen zatian ezartzen dira baldintzagarri hauek, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak ezarriak, eta berariaz jaso beharrekoak hirigintza-fitxetako baldintzagarri gainjarri sektorialen atalean, jarduketa garatzeko baldintza orokor gisa:

– SIN-01 (Euba-1): lurzoru urbanizagarri industrialeko eremua, zeinaren garapena Plan Hidrologikoaren Araudiaren 45.2 artikuluan ezarritakoa betetzearen baldintzapean egongo baita. Era berean, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak UI-9 sektoreari buruz emandako erabakian adierazitakoa bete beharko da.

i) 45.2 artikulua) Landa-lurzoruetan eta 100 urteko uraldia mugatu arte, ezin izango da baimendu fluxu-eremu lehenetsian baimendu gabeko eraikin, instalazio zein erabilerarik (Plan Hidrologikoaren Araudiaren 42. artikulua), berotegi, itxitura eta hesi iragazkorrak izan ezik.

– AIN 2.1 (San Antonio): hiri-lurzoru finkatugabeko industria-eremua, zeinaren garapena aipatutako Plan Hidrologikoaren Araudiaren 45.2 artikuluan ezarritakoa betetzearen baldintzapean egongo baita. Era berean, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren ez-aldeko ebazpenean adierazitakoa bete beharko da.

– AIN 2.2 (Arania): hiri-lurzoru finkatugabeko industria-eremua, zeinaren garapena Plan Hidrologikoaren Araudiaren 45. artikuluan ezarritakoa betetzearen baldintzapean egongo baita, bereziki 1., 3. eta 4. apartatuetan adierazitakoa. Era berean, arroko KKHan UE-13 San Antonio sektoreari buruz adierazitakoa bete beharko da.

i) 45.1) artikulua. Eraikinak egungo uholde-arriskua kontuan hartuta diseinatuko dira, eta bizitegi-erabilerak 500 urteko errepikatze-denborako uraldien eraginpean ez egoteko moduko kotan kokatuko dira. Uholde-arriskua eta uholde-mota kontuan hartuta diseinatu beharko dira. Lurpeko garajeetarako eta sotoetarako, esparruaren estankotasuna bermatzeko moduan diseinatu beharko dira 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako, eta, gainera, haizebideak eta ebakuazio-bideak izan beharko dituzte uraldi horren kotatik gora.

ii) 45.3) artikulua. Uholde-arriskuko eremuan kokatutako lurzoru urbanizatuetan, konponketa- edo birgaitze-obrak onargarriak izango dira, baldin eta eraikinen inguratzailearen, zerbitzu edo ekipamendu sentikorren edo funtsezko azpiegitura publikoen, suhiltzaile-parkeen eta Babes Zibileko zerbitzuen instalazioen edo antzekoen azalera edo bolumena handitzen badute, betiere uholdeen aurrean pertsonen edo ondasunen segurtasunaren kalteberatasuna murrizten dela bermatuz diseinatzen badira, edo aipatutako gehikuntzaren helburua haien irisgarritasuna, energia-efizientzia, bizigarritasuna, funtzionaltasuna edo segurtasuna hobetzea bada.

iii) 45.4) artikulua. Era berean, 100 urteko errepikatze-denborako uraldien ondorioz urpean gera daitekeen eremuan urbanizatutako lurzoruetan, ez da baimenduko zerbitzu edo ekipamendu sentikorren establezimendu berririk edo funtsezko azpiegitura publikorik, kanpaketarik, kanpinetarako eta lotutako erabilerako eraikinetarako ostatu-eremurik, suhiltzaile-parkerik, babes zibileko zerbitzuen instalaziorik edo antzekorik.

– AIN 3.1 (Berna 8, Agria) eta AIN 3.2 (Bern 6, Lux-May): hiri-lurzoru finkatugabe industrialeko eremuak. Eremu horiek garatzeko, 45. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, bereziki aipatutako 1., 3. eta 4. apartatuetan adierazitakoa.

– AR 1.2 (Larra), AR 1.3 (Lopez), AR 1.5 (IXER-1) eta AR 3.2 (G. Aresti): bizitegitarako hiri-lurzoru finkatugabeko eremuak dira, eta, Plan Hidrologikoaren Araudiko 38.a) artikuluaren arabera, landa-lurzoruaren oinarrizko egoeran daudela ulertzen da, hiri-eraldaketarik ez dutelako. Beraz, Plan Hidrologikoaren Araudiko 45. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, bereziki aipatutako 1. eta 2. apartatuetan adierazitakoa.

– AR 1.4 (Larrea): hiri-lurzoru finkatugabearen eremua, zeinaren garapena Plan Hidrologikoaren Araudiko 45.1 artikuluan ezarritakoa betetzearen baldintzapean egongo baita. Era berean, arroko erakunde honek Larrea auzoa 31 Plan Bereziari buruz emandako erabakian adierazitakoa bete beharko da.

– AR 3.1 (Uruanga), AR 3.3 (Ixerbekoa), AR 3.4 (Txiki Otaegi), AR 4.1 (Harrison), AR 4.2 (Urrengoetxea 7. zk.), AR 4.3 (Karmen 4/6), AR 4.5 (Kalbario), AR 4.6 (Atzealdeko Arana 9. zk.) eta AR 6.1 (Nafarroa): Plan Hidrologikoaren Araudiaren 38.b) artikuluaren arabera, lurzoru urbanizatuaren oinarrizko egoeran dauden hiri-lurzoru finkatugabeko eremuak dira; beraz, Plan Hidrologikoaren Araudiaren 45. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, bereziki aipatutako 1., 3. eta 4. apartatuetan adierazitakoa.

– AEDP-02 (Gane): zuzkidura publikoak egikaritzeko jarduketa, zeinerako Zerbitzu Publikoen Tokiko Sistema bat proposatzen baita, Plan Hidrologikoaren Araudiaren 45. artikuluan ezarritakoa bete beharko du, bereziki aipatutako 1. eta 2. apartatuetan adierazitakoa.

– AOP-01 (La Isla): sistema orokor bat da, eta aurreikusten diren erabilerek Plan Hidrologikoaren Araudiaren 45.2 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

Uholde-arriskuko eremuak (AIN 2.1, AIN 2.2, AIN 3.1, AR 3.1, AR 4.1, AR 4.2, AR 4.3, AR 4.5, AR 4.6 eta AR 6.1) partzialki edo erabat polizia-eremutik kanpo dauden garapen-eremuak Plan Hidrologikoaren Araudiaren 37.5 artikuluan ezarritakotik eratorritako erabileren araubide mugagarriari egokitu beharko zaizkio. Horren arabera, lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan eskumena duten administrazioek, kasu honetan Amorebieta-Etxanoko Udalak, baimendu beharko dituzte erabilerak eta jarduerak, eta aipatutako mugak betetzen direla zaindu beharko dute.

Uholde-arriskua duen hiri-lurzoru finkatuari dagokionez, gomendagarria litzateke HAPOk ordenantza espezifiko bat jasotzea, gainerako ordenantzei gainjarria, eraikin berrien kasuan edo lehendik daudenak birgaituz gero, jarduketa uren araudi sektorialetik eratorritako mugetara egokitu dadin, zehazki, Plan Hidrologikoaren Araudiko 37., 43. eta 45. artikuluetan uholde-arriskuko eremuan ezartzen diren erabilera-mugetara.

Jabari publiko hidraulikoko ibilguek mugatzen edo zeharkatzen dituzten eta uholde-arriskuari buruzko azterketarik ez duten garapen-eremuen hirigintza-fitxan jaso beharko da eremuaren antolamendu xehatua ezartzen duten etorkizuneko hirigintza-garapeneko tresnek azterketa hidrauliko bat barne hartuko dutela, arroko erakunde horrek aztertu ahal izan dezan gaur egungo eta etorkizuneko uholde-arriskua, bai eta aurreikusitako erabilerak Plan Hidrologikoaren Araudiko 37., 42., 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko mugekin bateragarriak diren ere.

Azterlan horiek egitean, kontuan hartu beharko da Plan Hidrologikoaren Araudiko 37.4 artikuluan eta 10. gehigarrian («Azterketa hidraulikoak egiteko irizpide teknikoak») ezarritakoa.

Jabari publiko hidraulikoko ibilguek mugatzen edo zeharkatzen dituzten garapen-eremuen hirigintza-fitxak baldintza gisa jaso beharko du ibilguei lotutako baldintza naturalak eta ibaiertzeko landaredia babestea eta kontserbatzea, edo, hala badagokio, baldintza horiek berreskuratzea.

Proiektatutako zubien diseinuari dagokionez, Plan Hidrologikoaren Araudiko 47. artikuluan (Zubiak diseinatzeko arau espezifikoak) ezarritakoa bete beharko da.

Era berean, JPHE - Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, zortasun-eremua libre gorde behar da, besteak beste, oinezkoen pasabide publikorako eta zaintza-zerbitzuak garatzeko, eta, oro har, eremu horretan ezin izango da inolako eraikuntzarik egin, salbu eta jabari publiko hidraulikoa erabiltzeko edo kontserbatzeko eta leheneratzeko komenigarria edo beharrezkoa bada.

Ildo horretan, eremuen itxiera, hala badagokio, aipatutako JPHEren 6. artikuluan definitutako ibilguen zortasun-eremutik kanpo egingo da (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa, urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretuak emandako erredakzioaren arabera).

Uraren Euskal Agentziak adierazten duen bezala, Planak adieraziko du uholde-arriskuko eremuan, bai landa-lurzoruetan bai lurzoru urbanizatuetan, ez dela baimenduko uholde-arriskua nabarmen handitzea dakarten pilaketarik edo betelanik (Plan Hidrologikoaren 37. artikulua).

Era berean, Ibaizabal ibaiaren edo jabari publiko hidraulikoaren gainean proiektatutako zubiek, SIN-01en (UI-10// IAU-2017-0145), SIN-02n (Boroa-Barrenengo) edo SIN-03n (Errotazar), dagokion baimenaz gain, Plan Hidrologikoaren araudiaren 47. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute funtsean.

Uholde-arriskuak eragindako eremuen hirigintza-fitxek lurzoruaren erabilerei dagozkien mugak jaso beharko dituzte, eta, bereziki, jarraian zerrendatzen diren eremuen fitxek Uraren Euskal Agentziak ezarritako xedapen hauek jasoko dituzte:

– SIN-02 eremuan (Boroa-Barrenengo), 100 urteko errepikatze-denborako uraldiaren mugaketa-lerroraino, ezingo dira baimendu landa-lurzoruko lehentasunezko fluxu-eremuan baimendu gabeko eraikinak, instalazioak eta erabilerak (P.H.ren 45.2 artikulua) Era berean, 100 urteko errepikatze-denborako uraldien ur-laminari dagokion lerrotik aurrera, eraikinetarako, bizitegi-erabilera berrietarako, lurpeko garajeetarako eta sotoetarako, arnasbideen eta ebakuazio-bideen nahitaezkotasuna Plan Hidrologikoaren 45. artikuluari jarraituko zaio.

– Era berean, SIN-05 (Gumuzio Erdikoa) eta SIN-03 (Errotazar) eremuen hirigintza-fitxetan jaso beharko da, horiek antolatuko dituzten nahitaezko plan partzialak onartzeko, uholde-arriskuari buruzko azterlanak egin behar direla eta Agentzia honetara bidali behar direla, berrikusi eta baliozkotu ditzan. Ondoriozko kartografiari uholde-arriskuko eremuetako lurzoruaren erabilerei buruz indarrean dagoen araudia aplikatuko zaio, funtsean, Plan Hidrologikoaren 45.1, 45.2 eta 37. artikuluak, 6-8 40.5 azpiatalak.

– AIN 3.2 (Berna 6 Lux-May), AIN 3.1 (Berna 8 Agria), AIN 2.2 (Arania), AR 4.6 (Atzealdeko S. Arana 9), AR 4.5 (Kalbario AR 4.3 (Karmen 4/6), AR 4.2 (Urrengoetxea), AR 4.1 (Harrison), AR 3.4 (Txiki Otaegi 10), AR 3.3 (Ixerbekoa) eta AR 3.1 (Uranga) eremuetan, funtsean, eraikinetarako, bizitegi-erabilera berrietarako, lurpeko garajeetarako eta sotoetarako, arnasbideen eta ebakuazio-bideen nahitaezkotasuna 45 Plan Hidrologikoan.

– Era berean, 100 urteko errepikatze-denborako uraldiek urpean utz dezaketen eremuan, ez da baimenduko zerbitzu edo ekipamendu sentikorren edo funtsezko azpiegitura publikoen establezimendu berririk, kanpaketarik, kanpinak eta lotutako erabilerako eraikinak hartzeko eremurik, suhiltzaile-parkerik eta Babes Zibileko zerbitzuen edo antzekoen instalaziorik (bereziki AR 6.1 arean (Nafarroa)).

– Uholde-arriskuko eremuan, jabari publiko hidraulikoaren zaintza-eremutik kanpo, partzialki edo osorik, dauden eremuetako erabilera eta jardueretarako baimenak (horien artean, AEDP-02 (Gane) eta SIN-01 (Euba-1-2)) lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen administrazioari dagozkio, kasu honetan, Amorebieta-Etxanoko Udalari (Plan Hidrologikoaren 37.5 artikulua).

– SIN-01 (Euba-1-2), AIN 2.2 (Arania), AR 3.3 (Ixerbekoa), AEDP-01 (Garaitondo), AR 3.2 (G. Aresti), AR 1.5 (Ixer-1), AR 1.4 (Larrea), AR 1.3 (Lopez), AR 1.2 (Larra), ARU 04 (Astepe Industrial), SIN-05 (Gumuzio Erdikoa) eta SIN-03 (Errotazar) eremuen hirigintza-fitxako baldintzagarrien artean, ibilguen ondoko eremuen ingurumen-lehengoratzea sustatzeko beharra jasoko da, ibaiertzeko zerrenda bat ezarriz, gutxienez zortasun-eremuaren 5 metroetan, biderik, zoladurarik, betelanik edo hiri-altzarien beste elementurik gabe.

Azkenik, baliabidearen eskuragarritasunari dagokionez, arroko erakundeak eman behar duen erabakiari jarraituko zaio, 25.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

D.3.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango da gauzatu garapen berririk baldin eta ez badira betetzen kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak (KAH), hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Etorkizuneko hirigintza-garapena aurreikusten den eremuen plangintzaren antolamendu xehatua onartu aurreko urrats gisa, hirigintza-kalifikazioaren aldaketak barne, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat erantsiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera. Eremu bakoitzean, gutxienez, hauek zehaztuko dira:

– Soinu-iturrien analisia, 213/2012 Dekretuaren 38. artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Aukerei buruzko azterlana, 39. artikuluan xedatutakoan oinarrituta.

– Neurrien definizioa, 40. artikuluan xedatutakoan oinarrituta.

Trenbide-ardatz batetik 75 metro baino gutxiagora eraikinak eraikitzea aurreikusten den etorkizuneko hirigintza-garapenetan, bibrazio-mailaren ebaluazioa egingo da aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta, behar izanez gero, neurri zuzengarriak ezartzeko.

Planaren hirigintza-arau partikularrek, eremu bakoitzerako, aipatutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanetan ezarritako baldintzak jaso beharko dituzte, bai eta Amorebieta-Etxano Udaleko zarataren aurkako ekintza-planean zehaztutako babes akustiko bereziko eremuaren mugaketa ere. 213/2012 Dekretu Autonomikoa betetzea. 2024-2029 aldia» (Tecnalia, Amorebieta-Etxanoko Udala) eta zonako planaren zehaztapenak kasu bakoitzean.

Aplikatu beharreko KAHak gainditzen diren eremuetan, kanpoko ingurunean KAHak babestera bideratutako neurri zuzengarriak lehenetsiko dira, betiere teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira. Hori ezinezkoa suertatzen den kasuetan, 213/2012 Dekretuan ezarritako barneko ingurunerako KAHak beteko dira beti. Horretarako, urriaren 19ko 1371/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikingintzaren Kode Teknikoko zarataren aurkako babesari buruzko DB-HRan xedatutakoa beteko da, bai eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2016ko ekainaren 15eko Aginduan xedatutakoa ere, eraikuntzaren kontrol akustikoari eta obren ikuskapen-araubideari dagokienez. Egiaztatu behar da proiektatutako eraikuntzek barnealdeko giroaren KAHak betetzen dituztela.

Ahal den kasuetan, gomendatzen da hirigintza-garapen berriek erabilera sentikorrenak (lotegiak eta egongela, adibidez) zarata-maila txikiagoa duten fatxadetara bideratzea. Jarduketa horiek garapenaren sustatzaileak aztertu beharko ditu gauzatzen diren unean.

Errepideen Zortasun Eremuaren barruan dauden eremuetan, kontuan hartu beharko da urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan –azpiegitura autonomikoen zortasun akustikoko eremuaren ondorioei buruzkoan– zehaztutakoa.

D.4.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Garatzekoak diren zenbait eremu bat datoz lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuekin. Hala, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da bertan, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egin beharko da antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo, bestela, jarduera urbanizagarriaren programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Lurzoruaren kalitatearen ikerketak eta lehengoratze-neurrien diseinua eta exekuzioa egiteko, entitateek akreditatuta egon beharko dute urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko entitateak akreditatzeko sistema.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan dauden eremuen hirigintza-fitxetan, berariaz aipatuko dira jarduera edo instalazio horiek, kokalekuaren erreferentzia-kodea adierazita.

D.5.– Lurraldea paisajistikoki babesteko eta leheneratzeko neurriak.

Bertako baldintza bioklimatikoetara egokitutako eta gutxieneko mantentze-lana behar duten landare-espezie autoktonoak erabiliko dira garapen-planetan eta proiektuetan sartzen diren eremuak lehengoratzeko eta, oro har, espazio libreak diseinatzeko. Hala badagokio, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Planaren esparruko berdeguneak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

Inbaditzeko ahalmena duten espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Buddleja davidii, Cortaderia selloana eta beste asko). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartu beharko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta gorririk utzitako lursailen bidez (prestatutako eremuetan berehala landatzea eta ereitea, landare-lur pilaketen babesa eta abar). Era berean, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurra bereizi kudeatzea proposatuko da.

D.6.– Kultura-ondarearekin loturiko neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren arabera, katalogatutako kultura-ondarea babesteko arauek zehaztapen hauek jasoko dituzte, egiturari eta babes-motei (esku-hartze mailak) dagokienez:

– «Zaharberritze kontserbagarria»: horietan egiten diren esku-hartzeak zaharberritze kontserbagarriak izango dira, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definitzen diren moduan (abenduaren 31ko EHAA, 249. zk.).

– «Kontserbazioa eta apainketa»: Egiten diren obrek bolumetria, kanpoko irudia eta oinarrizko banaketa tipologikoa eta egiturazkoa errespetatuko dituzte, eta egituraren material generikoari eutsiko zaio. Obra motak Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren arabera Sendotzea eta Kontserbatzea eta Apaintzea izeneko esku-hartze kategoriak hartuko ditu erreferentziatzat, baita a) motako Erreforma ere. Zaharberritzeko esku-hartzeak ere egin ahal izango dira.

Horrez gain, kultura-ondarearen egiturari eta babes-motei (esku-hartze mailak) dagokienez, «Sendotzea» atala kentzea gomendatzen da, zerrendetan ez dagoelako esku-hartze maila hori duen elementurik, eta 6/2019 Legearen 45. artikuluaren arabera, oinarrizko babesa duten kultura-ondasunetarako ezin izango delako inola ere eraitsi, ez osorik, ez partzialki.

Planak babestutako kultura-ondareko elementuen zerrendari dagokionez, gomendio hauek egiten dira:

– Erdi-mailako babesa duten elementuak:

i) Hirigintza-dokumentuan jasota ez dauden eta jarraian adierazten diren elementuei babes ertaina esleitzea, 2. esku-hartze mailarekin:

35.– La Purísima Concepción. Astepe auzoa.

35.2.– Lantegiak.

35.3.– Galdatze-nabea.

36.– Astepe langile-auzoa.

36.2.– Langile-etxeak. Kalexka, 4-5.

36.3.– Langile-etxeak. Kalexka, 20-21-22.

36.4.– Langile-etxeak. Kalexka, 18-19.

36.5.– Langile-etxeak. Kalexka, 14-15-17.

36.6.– Langile-etxeak. Kalexa, 13.

ii) Planean jasota dauden baina egokiak ez diren beste babes mota bati, babes ertainari eta 2. esku-hartze mailari lotuta dauden elementu hauei esleitzea:

21.– Zornotzako udal hilerria.

21.5.– Jenaro de Derteanoren seme-alaben panteoia.

66.– Etxebarri baserria. Boroa auzoa.

67.– Gumuzio baserria. Boroa auzoa.

70.– Otxuende baserria. Dudagoitia auzoa.

71.– Egiarte baserria. Dudagoitia auzoa.

73.– Gisatza Goikoa baserria. Epaltza auzoa.

78.– Zugaza Goikoa baserria. Orobio auzoa.

82.– Urritxe baserria. Uritxe auzoa.

83.– Goiti baserria. Zamalloa auzoa.

85.– Zarazua baserria. Saratzu auzoa.

109.– Gudari 53 etxea.

112 – Valet etxea. San Pedro, 47.

118.– Luis Urrengoetxea 37 etxea.

119.– Luis Urrengoetxea 35 etxea.

122.– Luis Urrengoetxea 25 etxea.

127.– Sabino Arana 27 etxea.

134.– Udaletxea.

135.– San Miguel etxea, udaletxe ondoan.

144 – Gurasoan etxea. Konbenio 17.

160.– Derteao Bekoa baserria. Ergoien auzoa.

161.– Derteao baserria. Ergoien auzoa.

166.– Enarritze baserria. Enartze auzoa.

175.– Berroeta baserria. Altzibarra auzoa.

180.– Etxanderiena baserria. Derandein auzoa.

188.– Eubazarra baserria. Euba auzoa.

192.– Jauregibarria baserria. Bideaur auzoa.

195.– Uxarte baserria. Montorra auzoa.

199.– Garita Goikoa baserria. Aldana auzoa.

200.– Garitabeko baserria. Aldana auzoa.

202.– Barrenengo baserria. Aldana auzoa.

– Oinarrizko babeseko elementuak: elementu horiek tokiko babes gisa berrizendatzea, eta jarraian zerrendatzen diren elementuei tokiko babesa esleitzea, 3. esku-hartze mailarekin:

16.– San Juan baseliza. Urritxe, z.g.

43.– San Antonioko biltegia. San Antonio Elgezabal auzoa.

87.– Plazatxoko iturria. Plazatxoa.

91.– Udaletxeko iturria. Udaletxe plaza.

92.– Tolsan S. Coop. Arregui auzoa.

92.1.– Bulegoak.

92.2.– Ekoitze-nabea.

96.– Forjas de Amorebieta.

103.– Aldanako bolatokia.

104.– Amorebieta IV frontoia. Zelaieta parkea.

108.– San Antonioko bolatokia. San Antonio Elgezabal auzoa.

128.– Gudari 1.

136.– Carmen 8 etxea.

154.– Amorebieta Etxanoko zubia. Euba auzoa.

173.– Etxano 2 baserria. Euba auzoa.

174.– Aretxagabekoa. Aitza auzoa.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, deklaratu arte, babesteko proposatutako elementuei dagokienez horietan egin beharreko obrak zaharberritze kontserbagarriak izatea gomendatzen da.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak izaera arkeologikoko kultura-ondareari buruz xedatua duen bezala, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 21eko Ebazpenaren bidez Balizko Arkeologia Gune izendatutako eremuetan egiten den obra oro Bizkaiko Foru Aldundiak baimendu beharko du, eta hark erabakiko du aurretik esku-hartze arkeologikoko proiektu bat egin behar den, hartara ondarean duen eragina ebaluatzeko.

D.7.– Landa-inguruneari loturiko neurriak.

Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Nekazaritza Zerbitzuarekin bat, Planaren garapenak kontuan hartuko du urriaren 2ko 193/20212 Dekretuaren 5. artikuluaren aplikazioa (193/20212 Dekretua, EAEko nekazaritza-lurzorua kontserbatzeari eta haren erabilera sustatzeari buruzkoa). Horren arabera, balio agrologiko handiko lurzoruan eragina duen administrazio-jarduketa orok nekazaritza-lurzoruaren galeragatiko konpentsazio-proposamen bat jaso beharko du nekazaritza-lurren funtsen alde.

Horrez gain, proposatzen da ezen, Planaren esparruan, har daitezela neurri gehigarriak nekazaritza-jarduera sustatzeko eta hobetzeko, balio estrategiko handiko lurzoruaren galera orekatzeko, narriatutako eremuak berroneratuz, azpiegiturak hobetuz, eta Nekazaritza Lurren Funtsari lurzoru publikoak utziz.

D.8.– Aurreikusitako garapenak gauzatzen diren bitartean ingurumena babesteko neurri orokorrak.

Urbanizazio- edo eraikuntza-obretan, neurriak hartu beharko dira obretako jardunbide egokitzat jotzen direnak lur- eta soberakinak- kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, induskatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta uraren eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko. Zehazki, neurri hauek aplikatuko dira:

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, bete beharko da Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzean Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21.d) artikuluan ezarritako segurtasun-neurriak bete beharko dituzte.

Sortzen diren olio erabiliak kudeatzeko, bete beharko da Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.

Eraikitako hirian hiria berroneratzeko jarduketei dagokienez, amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, esku-hartzeak egin aurretik, RERAn (Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroa) inskribatutako enpresa batek lan-plana aurkeztu beharko dio lan-agintaritzari, onar dezan, Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzengarriak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgagarriak erabiltzea, etab.).

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko zaizkie kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduei, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakoei. Halaber, egunez egingo dira lanak. Baldin eta aurreikusten bada obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluarekin.

– Kultura-ondarea babestea: Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa eragotzi gabe, baldin eta Plana garatzeko edozein obratan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, erabaki dezan zer neurri hartu (Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 19ko 6/2019 Legearen 74. artikuluaren 4. eta 5. apartatuak).

D.9.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, Ihoberen «Eraikuntza jasangarrirako gida» argitalpenean jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko.

Era berean, eremua berrurbanizatzeari dagokionez, kontuan hartuko dira SPRILUR-IHOBEren «2015eko urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gidaren» gomendioak. Gida horrek urbanizazio-proiektuei beren bizi-ziklo osoan aplikatu beharreko jardunbide egokien zerrenda zabala jasotzen du, eta aukera ematen du proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizi-amaieraren jasangarritasun-maila baloratzeko.

Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea. Drainatze jasangarria.

Kontuan hartuko da MITECOren «Uholde-arriskura egokitzeko gida: drainatze jasangarriko hiri-sistemak 2019».

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa eta energia-iturri ez-berriztagarrien bidezko sorkuntza murriztea. Ahalik eta energia-efizientzia handiena lortzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko moduan diseinatuko dira eraikinak. Ahal den neurrian, «kontsumo energetiko ia nulua» duten eraikinak lortzeko ahalegina egingo da.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisa. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

– Eraikinen barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

– Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.

– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

– Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea.

– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.

– Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

D.10.– Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoaren arabera, Plana garatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira, hala nola «Euskadiko Hirigintza Plangintzaren Eskuliburua, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko 2012» dokumentuan adierazitakoak, bai eta ebazpen honetan aipatutako beste erreferentziazko dokumentu batzuetan adierazitakoak ere.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, erosketa publikoan, obra-kontratuak egikaritzeko administrazio-klausulen baldintza-agirietan eta preskripzio tekniko partikularren agirietan adieraziko da zer azpiproduktu, bigarren mailako lehengai, material birziklatu edo berrerabilerarako prestatzeko prozesuetatik eratorrien ehuneko erabili behar den haietako bakoitzerako. Gutxienez, % 40an erabiliko dira material horiek, salbu behar bezala justifikatutako arrazoi teknikoak direla-eta ehuneko hori murriztea beharrezkoa denean.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Ingurumen-azterlan estrategikoak gainbegiratze-programa bat deskribatzen du, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako zehaztapenak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoez bestelako ingurumen-ondorioak detektatzeko. Udalak, ingurumen-jarraipenaren kontrol-organo den aldetik, lortutako emaitzen jarraipena egingo du bi urtean behin, eta, lortutako balioen arabera, hainbat xede zehaztuko ditu Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren indarraldian betetzeko.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzagarriak eta ingurumen-azterketa estrategikoan, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularreko orduko zuzendariaren 2021eko uztailaren 5eko Ebazpen baten bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauetan jarri behar da arreta: lehendik artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera lehenestea, ingurumen-baliabideak era jasangarrian erabiltzea, naturagune babestuen kontserbazioa, baso autktonoak eta Europako Batasunaren intereseko habitatak errespetatzea, lurraldearen gaineko esku-hartzeak egoki integratzea paisaian, eta, konpentsazioaren aurretik, kalteen prebentzioa lehenestea.

Bigarrena.– Bi urteko epea ezartzea Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onesteko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori ahituta onetsia izan ezean, amaitu egingo da ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia, eta hortik aurrera ez du izango berezkoa duen ondoriorik. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, salbu eta ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea erabakitzen bada. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Exanoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 13a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala