
218. zk., 2025eko azaroaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 4 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
AUKERAK, GIZARTERATZEAREN EUSKAL AGENTZIA
4799
EBAZPENA, 2025eko urriaren 24koa, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziako zuzendariarena, Produkzio eta Prestakuntza Zuzendariordetzako lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.
Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziak erabaki du bere Zerbitzu Zentraletan hutsik dagoen Produkzio eta Prestakuntza Zuzendariordetzako lanpostua (kodea: 512516; dotazioa: 1), eranskinean adierazita dagoena, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Enplegu Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdian parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, bai eta EAEko Administrazio Orokorrari lotutako zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek ere, baldin eta lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak betetzen badituzte (eranskinean daude zehaztuta). Langile horiek deialdian parte hartu ahal izango dute, beren administrazio-egoera edozein dela ere, honako kasu hauetan izan ezik:
– Eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioek, egoera horrek irauten duen bitartean.
– Norberaren interesagatik edo familia elkartzeagatik borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzultzeko eskatutako gutxieneko denbora (2 urte) igaro ez duten langileak.
2.– Parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta lanpostu-zerrendak berariaz aurreikusten badu lanpostua horrelako langileek betetzeko aukera, eta, beraz, berariaz identifikatuta badago dagokion kodearen bidez, ebazpen honen eranskinean zehaztutakoari jarraikiz.
Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen badute eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo beren jatorrizko administrazioan plaza erreserbatuta duten administrazio-egoeran badaude, salbu eta eginkizun-gabetzea, behin-behinekoa edo irmoa, 6 hilabetetik beherakoa bada.
Bigarrena.– Eskabideak.
Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
EAEko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde publikoetan jardunean ari diren karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskaerak, Jakina bidez eta Interneten bidez, helbide honetan: Funtzio Publikoa - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus.
Gainerako izangaiek Aukerak – Gizarteratzearen Euskal Agentziara bidaliko dituzte eskabideak, erregistro elektronikoaren bidez.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Ebazpen honen eranskinean, 512516 kodeari (1. dotazioa) dagokion Produkzio eta Prestakuntza Zuzendariordetzako lanpostua betetzeko lanpostuen zerrendan eskatzen diren baldintzak ezartzen dira. Era berean, lanpostu horren funtzioen eta zereginen arabera balora daitezkeen merezimenduak eta gaitasunak ezartzen dira.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, «curriculum vitaea» aurkeztuko da, eta, bertan, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, datu hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Betetako lanpostuak, bai Administrazio Publikoan eta sektore publikoan, bai enpresa pribatuan, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak eta zereginak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntzen ezagutza.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako eginkizun eta atazekin lotuta, egokitzat jotzen den beste edozein merezimendu eta eskumen.
Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, salbu eta EAEko Administrazio Orokorreko Langileen Erregistroan badaude.
Pertsona deitutako lanpostuaren eginkizunetara egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoak egokitzat jotzen dituen bitartekoak erabili ahal izango ditu alegatutako merezimenduak egiaztatzeko, elkarrizketa pertsonalaren edo probaren bidez, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoei txostenak eskatuz.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi beharko zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostuaz jabetu.
Laugarrena.– Ebazpena.
Deialdi hau Aukerak – Gizarteratzearen Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpenaren bidez ebatziko da, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Lanpostuaren esleipendunak esleipenaren ebazpenean zehazten den egunean bertan jabetu beharko du lanpostuaz. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zuzendariordetzetako eta lurralde-ordezkaritzetako titularren lanpostuak izendapen aske bidez bete behar direnez, lehiaketan edo karrerako funtzionario izateko prozesu batean lortu duen titulartasuneko lanpostua gordeko zaio interesdunari.
Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, adieraziz hautagaiak deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak dituen eta izendapena egiteko gaitasuna duen, bai eta monografian ezarritako lanpostuko eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia den ere, merezimenduen konparazioa eginda (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitzaren konparazioa) gainerako hautagaiekin, halakorik balego.
Deialdia hutsik geratu ahal izango da, baldin eta hautagaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak, edo hautagaietako bat bera ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko merezimendu eta gaitasun nahikoak ez dituelako.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 24a.
Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziako zuzendaria,
SOFIA ARCHELI MESONERO.
ERANSKINA
Deitutako lanpostua: Produkzio eta Prestakuntza Zuzendariordetza.
Kodea: 512516.
Dotazioa: 1.
Kidego eta eskala: A1 azpitaldeko kidego eta eskalak (AEP), edozein administrazio publikotako A1 azpitaldeko funtzionarioak (X02EU) eta A taldeko espetxe-administrazioko kidego eta eskalak (X01AP).
Lanpostu-mailako osagarria: 29.
Berariazko osagarria: 0-A.
Lantokia: Zerbitzu zentralak.
Herria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza eskakizuna: 3.
Derrigortasun data: –
Ezagupen berezituak: –
Eginkizunak: produkzio eta Prestakuntza Zuzendariordetzari dagokio espetxeetan eta gizarteratze-zentroetan dauden pertsonen lan produktiboa, lanbide-heziketa eta enplegurako orientazioa koordinatzea, gainbegiratzea eta kudeatzea.
RSS