Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2025eko azaroaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4777

EBAZPENA, 2025eko urriaren 28koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa onartzen duena.

2025eko irailaren 17ko bileran, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Batzarrak ikastegiko Kalitate Batzordearen Arautegiaren bertsio berri bat onartu zuen, ikastegiari atxikitako master ofizialek ordezkaritza izan dezaten batzorde horretan. Artikulu batzuen idazkera ere aldatu da. Hori dela eta, arautegi berrituaren testu osoa argitaratzea erabaki da.

Arautegia aldatzeko proposamenak badu UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren (EISBA) onespena, men egiten baitio Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Araudiak batzordearen osaeraz ezarritakoari.

UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Arautegiaren 2.2 artikuluaren arabera, Ikastetxeen Kalitate Arautegiak onartzea, baldin eta bertako kideren batek edo ikastetxeko Batzordeko kideen % 15ek ez badu berariaz eskatzen Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa, eranskinean jasota bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Aldaketa hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2025eko urriaren 28a.

Idazkari nagusia,

LEIRE GARMENDIA ARRIETA.

ERANSKINA
GIPUZKOAKO INGENIARITZA ESKOLAREN KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA

Hitzaurrea

Kalitate Batzordea Eskolako Batzarrak izendatutako batzordea da. Zuzendaritza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan.

Kalitate Batzordea izango da, gainera, zuzendaritza taldeari eta Eskolako Batzarrari laguntza eta aholku emango dizkiona tituluen curriculumaren garapenaren plangintzan eta jarraipenean, eta, horrez gain, irakasleak ebaluatzeko txostenak egiteaz arduratuko da, Gobernu Kontseiluak emandako araudiari jarraikiz.

Eskolako Batzarrari dagokio, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den heinean, ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen arautegia ere. Orobat, oinarri hartuta Kalitatea Bermatzeko Sistema, Eskolako Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, Kalitate Batzordeak egindako txostenak kontuan hartuta, besteak beste.

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.

2.– Organoaren izena hau da: Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Kalitate Batzordea.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Kalitate Batzordea Eskolako Batzarrak prestatu eta onartutako arautegi honek arautuko du, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren behin betiko onartu ondoren.

2.– Arautegi honetan zehaztuta ez dagoen guztian, UPV/EHUko Ikastegien Kalitate Batzordearen Esparru Arautegia eta arlo honetan ezar daitezkeen gainerako arauak beteko dira.

3. artikulua.– Eginkizunak.

Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Eskolako Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.

b) Prozesuei jarraipena egitea, dagozkien adierazleen bitartez.

c) Eskolako zuzendaritzari batzordearen proposamenak aurkeztea.

d) Eskolaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.

e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

f) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobetzeko ekintzak proposatzea, titulazioetarako ezarritako helburuak bete daitezen.

g) Titulazioen eta Eskolaren beraren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.

h) Eskolako kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.

i) Titulazioen curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.

j) Irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.

k) Eskolako kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.

l) Laguntza ematea zuzendaritzari KBBSrekin zerikusia duten gaietan.

m) Eskolako Batzarrari erabakiak proposatzea, onar ditzan, betiere haren eskumenen arloan

n) Irakasleen irakaslana ebaluatzeko programaren txostenak egitea (Docentiaz).

o) Estatutuek eta horiek garatzeko arauek emandako gainerako eginkizun guztiak, edo Eskolako Batzarrak eskuordetzen dizkionak.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira Kalitate Batzordearen osakideak:

a) Eskolako zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona; batzordeko burua izango da.

b) Idazkari akademikoa; Batzordeko idazkaria izango da.

c) Eibarko Ataleko koordinatzailea eta atalera atxikitako zuzendaritza taldeko beste kide bat.

d) Eskolan KBBSren ardura daukan zuzendariordea eta egoitzara atxikitako zuzendaritza taldeko bi kide.

e) Irakasle-ikertzaileen lau ordezkari, zuzendaritza taldeak aukeratuak, eskolan egoitza duten sailen edo eskolako sail atalen proposamenez.

f) Eskolako gradu titulu ofizial bakoitzeko koordinatzailea eta master titulu ofizial bakoitzeko arduraduna (zuzendaritza taldeko kideak izan daitezke).

g) Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen bi ordezkari; lehentasuna izango dute kalitatearen arloan erantzukizuna dutenak eta ahalegina egingo da bat Donostiako egoitzako eta bestea, Eibarko Atalekoa izateko.

h) Ikasleen bi ordezkari, Eskolako Ikasleen Kontseiluak proposatuak; ahalegina egingo da bat Donostiako egoitzako eta bestea, Eibarko Atalekoa izateko.

2.– Ahalegina egingo da gizonek eta emakumeek pareko ordezkari kopurua izan dezaten batzordean.

3.– Kalitate Batzordeko kideak Eskolako Batzarrak izendatuko ditu, zuzendaritza taldearen proposamenez. Izendapena lau urtetarako izango da. Ikasleen ordezkariak, berriz, bi urterako izendatuko dira, baina epe hori luzatu ahal izango da.

4.– Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, irakasle eta ikertzaileen, ikasleen eta TEKAZELkoen ordezkarien erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da.

5. artikulua.– Laguntza azpibatzordeak.

1.– Kalitate Batzordeari laguntzeko, laguntza azpibatzorde bi eratuko dira, bata Donostiako Egoitzan eta bestea, Eibarko Atalean; Kalitate Batzordearen menpe egongo dira eta aholkulari baino ez dira izango. Kalitate Batzordearen eginkizunen barruan, azpibatzorde hauek kasuan kasuko eremuan hartutako erabakiak izango dituzte ardatz (adibidez graduko tituluen arloan), Donostiako Egoitzari eta Eibarko Atalari dagozkionak, hain zuzen ere. Aparteko kasuetan, azpibatzordeko kide izan ahalko dira Kalitate Batzordekoak ez diren kideak.

a) Donostiako Egoitzako laguntza azpibatzordeko kide izango dira: Eskolako zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona; azpibatzordeko burua izango da. Idazkari akademikoa; azpibatzordeko idazkaria izango da. Eskolan KBBSren ardura daukan zuzendariordea eta egoitzara atxikitako zuzendaritza taldeko bi kide. Egoitzan ematen diren gradu bakoitzeko koordinatzailea eta master bakoitzeko arduraduna. Irakasle-ikertzaileen lau ordezkari, zuzendaritza taldeak aukeratuak, egoitzan eratutako sailen edo sail atalen proposamenez. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, egoitzari atxikitakoa. Ikasleen ordezkari bat, egoitzako Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

b) Eibarko Ataleko laguntza azpibatzordeko kide izango dira: Eibarko Ataleko koordinatzailea (azpibatzordeko burua izango da); atalean idazkari eginkizunak dituen zuzendariordea (azpibatzordeko idazkaria izango da). Atalean ematen diren gradu bakoitzeko koordinatzailea eta master bakoitzeko arduraduna. IRI bat atalean ematen graduko modulu bakoitzeko. Irakasle-ikertzaileen ordezkari bat, zuzendaritza taldeak aukeratua, atalean eratutako sailen edo sail atalen proposamenez. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, atalari atxikitakoa. Ikasleen ordezkari bat, ataleko Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

2.– Kalitate Batzordeak beste laguntza batzorde batzuk sortu ahal izango ditu. Horrelakoetan, haren menpe egongo dira eta aholkulari funtzioa izango dute. Kalitate Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, funtzionamenduaren berezitasunak.

3.– Eskolak zenbat gradu eta master titulazio koordinatzen dituen, horrenbeste azpibatzorde sortu ahal izango dira titulazioen curriculuma garatzeko. Azpibatzorde horiek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore desberdinek Kalitate Batzordean parte hartzeko ezarrita dauden irizpideak. Mailako edo moduluko koordinatzaileak, halakorik balego, batzorde horietako kide izan beharko dira.

4.– Era berean, batzorde bat sortu ahal izango da Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Azpibatzorde hau eratzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da eskolari atxikitako sail edo sail atalen ordezkariak batzordeko kide izatea.

6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

1.– Kalitate Batzordeko kideek batzordearen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.

2.– Kalitate Batzordeko kidea izatea ezaugarri pertsonala eta besterenezina da; pertsona batek Kalitate Batzordeko kidea izateari utziko dio UPV/EHUko Estatutuetan ezarritako arrazoiengatik.

3.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke. Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da.

4.– Batzordeko buruak egin behar dute bilerarako deia.

5.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaien zerrenda zehaztu behar ditu deian.

6.– Kalitate Batzordea balioz eratuko da kideen gehiengo osoa bertaratu denean.

7.– Kide anitzeko organoko buruak, bere iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien zerrendako punturen bati buruzko iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso beharko da; gonbidatuek ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

8.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da. Berdinketa egonez gero, berriz egingo da bozketa, eta, berdinketa hausten ez bada, organoko buruaren kalitate botoarekin hautsiko da.

9.– Idazkariak bileraren akta egingo du. Aktan nahitaez jasoko dira: bertaratuko kideak, aztergaien zerrenda, bilera data, ordua eta tokia, aztertutako gaiak, bozketa era eta emaitza eta hartutako erabakiak (egoki izanez gero, azalpen laburra idatziko da).

10.– Behin onartuta, argitaratu egingo dira Kalitate Batzordearen erabakiak Eskolako kide guztien eskura jartzeko; edozelan ere, babestu egin beharko da pertsonen intimitatea.

11.– Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez betearazi beharrekoak izango. Zuzendaritza taldeari bidaliko zaizkio beharrezko neurriak har ditzan.

12.– Bere araubidean zehaztuta ez dagoen guztian, Kalitate Batzordeak jardungo du Eskolako Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauen arabera, aplikagarri zaizkion neurrian.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordeetako kideek konfidentzialtasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez. Era berean, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia bete beharko dute batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Kalitate Batzordean ikastetxeari atxikitako master ofizialetako irakasle-ikertzaileen ordezkarien lehen berritzea bi urteren buruan egingo da, ordezkarien erdiei eraginez, eta gainerakoak hurrengo bi urteetan berrituko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko eta Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako kalitate batzordeen arautegiak.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala