
214. zk., 2025eko azaroaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4723
AGINDUA, 2025eko urriaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, Donostiako (Gipuzkoa) «Magala» Haur Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuaren baimena aldatzeko dena, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko unitate baten erabilera aldatzeagatik.
Donostiako (Gipuzkoa) «Magala» Haur Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuaren erakunde titularrak egindako eskaera aztertu da, gaur egun 0-1 urte bitarteko haurrentzat baimendutako unitate bat 1-2 urte bitarteko haurrei bideratzeko.
Espediente hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetu da, indarreko araudiak eskatzen duen dokumentazioa erantsi zaio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horren berri eman dute.
Arau hauek hartu dira kontuan: 8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena; 332/1992 Errege Dekretua, apirilaren 3koa, Unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa, otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak aldatua; 215/2004 Dekretua, azaroaren 16koa, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena (azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan); eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) «Magala» Haur Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuaren Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko unitate baten erabileraren aldaketa baimentzea.
2025-2026 ikasturtetik aurrera, ikastetxe hori Hezkuntza Saileko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan inskribatuko da, erregistro-datu hauekin:
Ikastetxearen kodeak: 013657 (EAE) eta 20015470 (unibertsala).
Izen generikoa: Haur Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua.
Izen espezifikoa: «Magala».
Titularra: «Tintanton SL».
Helbidea: Biktoriano Iraola 2.
Udalerria: Donostia / San Sebastian.
Lurralde historikoa: Gipuzkoa.
Ikastetxearen osaera:
– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 5 unitate, honako edukierakoak:
● 2 unitate 0-1 urte bitarteko haurrentzat, bakoitza 8 ikaspostuko edukierakoa.
● 3 unitate 1-2 urte bitarteko haurrentzat, bakoitza 13 ikaspostuko edukierakoa.
Bigarrena.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren hamahirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeek ezin izango dute beren burua identifikatzeko beren erregistro-inskripzioetan agertzen direnez bestelako izendapenik erabili.
Hirugarrena.– Hezkuntza Administrazioari zuzendutako eskabide edo komunikazio guztietan, dokumentazio propioan eta ikastetxeari buruzko publizitatean, hori egiteko bidea edozein dela ere, ikastetxearen erakunde titularrak izen generikoa, espezifikoa eta ikastetxearen kodea erabili beharko ditu, erregistro-inskripzioan jasotako datuen arabera.
Halaber, Estatuz kanpoko ikastetxeen izenak eta publizitatea arautzen dituen otsailaren 13ko 401/1979 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa bete beharko du ikastetxearen publizitateak.
Laugarrena.– Ikastetxearen erakunde titularrak indarrean dagoen araudia bete beharko du ikaspostu-kopuruari, ekipamenduari, titulazio akademikoari, irakasleen hizkuntza-eskakizunari eta indarrean dagoen eta aplikagarria den gainerako legeriari dagokienez, eta emandako baimena berrikusteko eskatu beharko du, ikastetxearen erregistro-daturen bat aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetu egingo da.
Bosgarrena.– Era berean, ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete behar du, bai eta indarrean dagoen legerian adierazten diren higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna ikastetxearen erakunde titularrari dagokio.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan jasotako baimena emateak ez du esan nahi, inola ere, dirulaguntzen deialdien bidez laguntzak lortu direnik.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 17a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS