Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2025eko azaroaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4721

EBAZPENA, 2025eko urriaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Donostiako HAPOaren MB.01 Mirakruz Gaineko MB.01.2 Kaskarre azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2025eko uztailaren 1ean, Donostiako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Donostiako HAPOaren MB.01 Mirakruz Gaineko MB.01.2 Kaskarre azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2025eko uztailaren 21ean, eta espedientean jasota dago emaitza. Halaber, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak irizpen-elementu nahikoak dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-eragin adierazgarririk –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Plana bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluarekin, non ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen baitira, zehazki c) letran: Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuak, aurreko paragrafoan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituztenean.

Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Ez die, halaber, Natura 2000 Sareko espazioei ere eragiten, ezta Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako HAPOaren MB.01 Mirakruz Gaineko MB.01.2 Kaskarre azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea zonakatze xehatua aldatzea da, zehazki egungo a.40 garapen gutxiko bizitegi-tipologia aldatzea eta a.30 eraikuntza irekiko bizitegiko partzela izatera pasatzea. MB.01.2 Kaskarre azpieremua 725 m2ko azalera duen hiri-lurzorua da, eta Donostiako Kaskarre kaleko 9. zenbakian dago. Mugakide hauek ditu: mendebaldean, sartzeko bidea; iparraldean, eremuko a.40 partzelak, eta hegoaldean, HAPOn baratzeak dituen espazio libre gisa definitutako komunitate-ekipamendua. 50 bat metro hegoaldera, ADIFen Hego-Ekialdeko trenbidea dago. Azpieremua bi erregistro-partzelak osatzen dute; horietako bat, mendebaldekoa, hutsik dago, eraikuntzarik gabe (gaur egun, aparkaleku-erabilera du), eta besteak eraikin bat du, zehazki bizitegi-eraikin bat eta zenbait eranskin. Eraikinari dagokionez, katastrotik lortutako informazioaren arabera, 1962ko eraikin bat da, etxebizitzarako erabiltzen dena (bizitegi isolatua), eta beheko solairu eta 1. solairua ditu, baita 47 m2ko garaje itxi bat ere. Egin berri den neurketaren arabera, eraikinak 69,50 m2ko azalera du beheko solairuan, eta 73,96 m2koa lehen solairuan, eta sestra gainean eraikitako azalera, guztira, 190,08 m2 da (garajea barne).

Antolamendu-proposamena familia anitzentzako eraikin bat da; estalki laua izango du, igarotzeko modukoa, eta gaur egungoa baino pixka bat garaiagoa den plataforma baten gainean eraikiko da. Horrek aukera ematen du Kaskarre kalearen azken zatiko malda murrizteko, Argitze etxeko sarbidetik aurrera (alboko eremuan). Etxe hori egoteak kale horretan edozein jarduketa egitea baldintzatzen du, Argitze etxeak hegoaldeko fatxadan baitu sarbidea, eta hori da azpieremutik hurbilen dagoena.

Hau da planteatzen den eraikuntzaren profila: sestra azpiko solairu bat eta sestra gaineko bi solairu. Horrek, proposatzen den estalki lauarekin batera, proposatutako eraikinaren garaierak gaur egun dagoen eraikuntzaren gailurra gehiegi ez gainditzea eragiten du, nahiz eta eraikuntza berriaren oinarri izango den plataformaren kota igo. Eraikin berriak lau etxebizitza izango ditu, garaje banarekin sestra azpiko solairuan eta bizikletentzako lokal bat, baita lur gaineko zenbait aparkaleku ere; zehazki, bost. Partzelara sartzeko bidea publikoa izango da, eta, horrenbestez, lanak amaitutakoan Donostiako Udalari lagako zaio. Beharrezkoak diren zerbitzuak (edateko ura, ur beltzak, euri-urak, energia, etab.) urbanizazioko sareetara konektatuko dira.

Urbanizazioak jada finkatuta duen hiri-lurzoruan egindako zuzkidura-jarduketa bat denez, hirigintza-aurreikuspenen exekuzioa zuzenean egingo da lizentzia ematen denetik aurrera. Oro har, sortuko den partzela berrirako aurreikusitako eraikina eta lehendik dagoen urbanizaziorako loturak egiteko, dagokion eraikuntza-proiektua egin beharko da, bai eta udalak nahitaezko obra-baimena eman ere.

Urbanizazio osagarriaren exekuzioari dagokionez, etxebizitzaren tipologia aldatzeko proposamenak ez dakar berekin Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak planteatutako urbanizazio-proposamena aldatzea. Urbanizazio-lanak txikiak direnez (Kaskarre kaletik sarbide-konexioa eta harguneak egitea da), urbanizazio-obra osagarri gisa sartuko dira eraikuntza-proiektuan.

Alternatibei dagokienez, idatzi den Plan Bereziak ez du planteatzen ‘0’ alternatiba edo jarduketarik ez egitekoa, planaren helburu nagusia berzonakatzea eta eraikuntza optimizatzea baita, azpieremuko hirigintza-murrizketak betez.

Halaber, ez da eraikuntzaren ordezko antolamendu eta kokapenik aurkeztu, Argitze etxea eta haren sarbideak lehendik daudelako, azpieremuak azalera mugatu duelako eta beste urbanizazio pribatu batzuk daudelako inguruan. Baldintza horiek direla eta, ezin izan da azpieremurako sarbideak hobetuko dituen jarduerarik egin, eta azpieremuaren barruan, ezta Argitze etxeko sarbideraino ere. Aurreikusitakoa gainditzen duen edozein esku-hartzek inguruko urbanizazio pribatuetan oso modu nabarmenean esku hartzea ekarriko luke, eta horrek ekonomikoki bideraezina bihurtuko luke garapena.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eta kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da-eta.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden eraginak barne: Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.

c) Plana egokia den ingurumen-arloan kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: iritzi zaio plana egokia dela garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana egikaritzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

MB.01.2 Kaskarre azpieremua 725 m2ko azalera duen hiri-lurzorua da, eta Donostian dago. Hegal baten erdian dago, maldarik handieneko zatian, eta, horren ondorioz, gaur egungo eraikinen jabeek plataforma horizontal mailakatuak egin behar izan zituzten euste-hormen bidez, eraikinen inguruan espazio erabilgarria izateko.

Aztergai den eremuak, itsasotik hurbil dagoenez, klima ozeaniko epela du, eta ezaugarri hauek ditu: tenperatura leunak, hezetasun erlatibo handia, hodeiak sarritan eta euri ugari, urte osoan zehar erregularki.

Aztertutako eremuan ez dago interes geologikoko eremu, ibilbide edo gunerik. Halaber, eremua ez dago interes geologikoko leku batean. Geomorfologiari dagokionez, eremua sistema antropogeno baten barruan dago, dentsitate handiko hiri-kokaleku batean, ibarraren hondo lauaren kanpoaldean.

Azpieremua hiri-eremu batean dago, non lurzoruak ekintza antropogenoaren bidez aldatu baitira, eta, beraz, VIII. klase agrologikoarekin datoz bat, balio agronomiko oso gutxi edo nulukoak.

Hidrologiari dagokionez, MB.01.2 Kaskarre azpieremuan ez dago ibilgu iraunkorrik, eta gertuen dagoen erreka Boneda edo Xiustegi da, eta azpieremutik behera lurperatuta dago Pasaiara bitarte; han itsasoratzen da. Hidrogeologikoki, Zumaia-Irun masaren gainean dago (ES017MSBTES1115000015), Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan, Kostaldeko Katea jabari hidrogeologikoan. Azpieremuko material litologikoak tuparri-kareharriak eta tuparriak dira, grisak edo gorriak, eta pitzaduragatiko iragazkortasun gutxi dute. Azpieremuan ez dago ur-punturik.

Azpieremuko landaredi potentziala harizti azidofiloa eta harizti/baso misto atlantikoa da. Gaur egun, ordea, landaredia lehendik dagoen eraikinaren inguruan baino ez dago, eta landaredi erruderal nitrofiloa da, natura-balio aipagarririk gabea. Gainerakoan, lurzorua artifizializatuta dago, eta Donostiako hiri-sare jarraituaren parte bihurtu da. Azpieremuaren hegoaldean, ekipamendu komunitariorako eremu bat dago, espazio libreak eta baratzeak dituena, eta kanabera (Arundo donax) espezie inbaditzailea detektatu da.

Aztertu den eremuak bat egiten du ferra-saguzar mediterraneoaren (Rhinolophus euryale) Interes Bereziko Eremuarekin, eta interes bereziko eremu hori espezie horren kudeaketa-planaren proposamenean aipatzen da, baina uste da aztertu den eremuko habitataren ezaugarriak ez direla egokiak espezie horrentzat. Horrez gain, azpieremuak belatz handiaren (Falco peregrinus) eta Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberi) Lehentasunezko Banaketa Eremuarekin (LBE) egiten du bat, baina uste da ez dela oso probablea espezie horiek aztergai den eremuan egotea. Jarduketaren eremu zehatza eremu antropizatu batean dago, intereseko fauna hartzeko natura-elementu nabarmenik ez duten hiri-kokalekuz inguratuta.

Ez azpieremua, ez haren ingurune hurbila, ez daude inolako naturagune babestu baten barruan, ez eta inbentarioa eginda duten natura-intereseko leku baten barruan ere (EAEko espazio esanguratsuen katalogo irekiko espazioak, LAGetako natura-intereseko eremuen zerrenda irekia eta EAEko hezeguneen inbentarioa). Onura publikoko mendi baten barruan edo handik gertu ere ez dago, eta EAEko Igarobide Ekologikoen sareari buruzko azterketan zehazten diren egiturazko elementurik ere ez dago (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Paisaia-unitatea eremu antropogenoan dagoen hiri-paisaia da. Erliebe ondulatuko terrazetan dago kokatuta, eta oso paisaia arrunta da. Aztertutako eremua Donostiako BU.2 ingurabide periferikoa izeneko paisaia-unitatean dago. Hiriaren erdialdea inguratzen duen hiri-sarea hartzen du (Donostiako Badia Unitatea). Katalogoaren arabera, Donostiako BU.2 ingurabide periferikoa Paisaia Interes Bereziko Eremu (PIBE) bat da, oro har, paisaia leheneratzeko, hobetzeko edo aldatzeko, baina ez da azterketaren xede den Kaskarre azpieremuan aplikatu beharreko Paisaia Kalitatearen Helbururik (PKH) ezarri. Hegoaldean duen eremu mugakideak (espazio libreen eta baratzeen ekipamendu komunitarioa) badu helburu bat, zehazki, PKH azaleko bat: «Hiri-kokalekuetako landare-paisaia kontserbatzea».

Ez da ondare arkeologiko edo arkitektoniko babestuko elementurik identifikatu azpieremuan, Donostiako HAPOko Hirigintza Ondare Katalogatuaren V. Planoaren eta Geoeuskadiren arabera.

Arriskuei dagokienez, ia azpieremu osoa (ipar-mendebaldeko kantoia izan ezik) muturreko erosio-prozesuak dituen guneetan dago, baina apaldu egiten dira lurzatiaren zati handienean, hormigoizko zolatari esker.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo izan diren lurzoruen inbentarioan ez dago jasota azpieremuan inbentarioan sartutako kokalekurik dagoenik.

Uholde-arriskuari dagokionez, aztergai den eremua 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneetatik kanpo dago, eta, ondorioz, lehentasunezko fluxu-guneetatik kanpo.

Zaratari dagokionez, Planaren eremua Donostiako Udalak «Urumea» Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatu zuen eremuaren barnean dago 2017ko urtarrilaz geroztik, eta zonako plana du. Esan bezala, ADIFen trenbidetik 50 metrora dago, eta trenbidea bera da inguruko zarata-foku nagusia.

Azterketa akustikoaren arabera, hirigintza-garapen berrietan aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak (KAH) 5 dB(A) txikiagoak direnez, bai kanpoko zaratarako, bai fatxadako zaratarako, eremuaren hegoaldean gainditu egiten dira kalitate akustikoko helburuak, batez ere trenbidea hurbil dagoelako. Fatxadan 1,5 dB(A)ra iristen da zarataren gainditze maila egunez, eta 2,2 dB(A)-ra, gauez. Arratsaldeko garaian (Le) betetzen dira kalitate akustikoaren helburuak. Bibrazioei dagokienez, azterketak ondorioztatzen du azpieremuan bizitegi-eraikin bat garatuko den lursailaren kotan erregistratutako tren moten bibrazio-mailak ez dituela gainditzen eraikinen barrualdeari aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak; beraz, ziurrenik, eremua garatutakoan ere ez dira gaindituko helburu horiek eraikinen barnean.

Bestalde, ez da arrisku handirik identifikatu sismikotasunaren, geoteknikaren, baso-sutearen, salgai arriskutsuen garraioaren edo Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egotearen ondorioz.

Inpaktu nagusiak obra-fasean eta urbanizazio- eta eraikuntza-lanetan sortuko dira: hau da, lurzorua okupatu, dagoen landaredia kendu, lur-mugimenduak egin, materialak garraiatu, materialak eta hondakinak aldi baterako biltegiratu, ustekabeko isurketak egin, ibilgailuen zirkulazioa handitu, ur- eta energia-kontsumoa handitu, emisio atmosferiko eta akustikoek biztanleei eragozpenak sortu eta abar egingo dira.

Proposatzen diren jarduketak eta horien ondorioak kontuan hartuta, uste da jarduketa horiek ez dutela ingurumenean eragin nabarmenik izango, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, bereziki, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira eta behar diren neurri babesleak eta zuzentzaileak ezartzen badira.

3.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Donostiako HAPOaren MB.01 Mirakruz Gaineko MB.01.2 Kaskarre azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, bai eta ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Kontuan izanik aztergai den eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu baten barruan dagoela eta dagokion zonako plana garatu dela, kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direnez, neurri osagarriak garatu behar dira eraikinen barnean aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzeko, gutxienez.

Isolamenduari buruzko azterlan espezifiko bat egin beharko da eraikina jasotzen ari den bitartean, etxebizitzen barruko espazioen kalitate-helburuak eta isolamendu akustikoa betetzen direla bermatzeko. Isolamendu akustikoari buruzko azterlanak neurriak ezarri beharko ditu, bai EKT-OD-HRk ezartzen dituen isolamenduak betetzeko, bai edozein unetan barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak betetzeko. Zenbateko isolamendua beharko den kalkulatuko da, etxebizitzen kanpoaldeko espazioan, egoerarik okerrenean, izaten diren zarata-mailen arabera. Egoera hori fatxadetan zarata-mailarik handienak sortzen dituena dela joko da, kontuan hartuta lehenengo okupazioko lizentziak ematen direnetik eraikina jaso eta 20 urtera bitarteko denbora-tartea. Azterlan horretan, kontuan hartuko dira, alde batetik, zarata gutxitzeko neurriak aplikatu ondoren (halakorik badago) kanpoaldeko espazioan zer zarata-maila lortzea aurreikusi den, eta, bestetik, babestu beharreko esparruek berezko zer ezaugarri dituzten (hala nola esparruaren bolumena edo fatxadako bao-ehunekoa).

Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:

Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barnean direla makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 28ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek independenteak izan behar dute, isuriren bat gertatu eta nahasten badira arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen tipologietarako. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen 2006ko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Lur-soberakinak sortzen badira, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizatzea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta soberakinak eramateko dauden alternatibak ingurumen-irizpideekin aztertuko dira, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu bat izango da beti, eta arau hauetan xedatutakoa betez egingo da haien kudeaketa: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Ustekabeko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.

– Espazio libreak lorategi bihurtuz gero, aintzat hartuko da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua.

Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.

– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko 2003ko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen 2007ko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua), eta, bereziki, hala badagokio, 2002ko otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua –2006ko apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua–).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

– Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren neurri zuzentzaileak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreak lehenbailehen landareztatuko dira, higadura-prozesuak gertatzea, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia aurreztea eta energia-efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

i) Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.

ii) Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.

iii) Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

iv) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

v) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.

vi) Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

vii) Paisaia. Instalazioak paisaian integratzea.

viii) Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako HAPOaren MB.01 Mirakruz Gaineko MB.01.2 Kaskarre azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada lau urteko epean onesten Donostiako HAPOaren MB.01 Mirakruz Gaineko MB.01.2 Kaskarre azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 7a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala