Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2025eko azaroaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4701

EBAZPENA, 2025eko urriaren 22koa, farmaziako zuzendariarena, Zambrana udalerrian (Araba) botikategi bat sortzeko baimena emateko prozedurari hasiera ematen diona.

Ikusi da Zambrana udalerrian botikategi bat instalatzeko eskaera, kokatu nahi den Administrazio batzarrak eskatuta, eta honako hauek oinarri hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Farmaziako zuzendariaren 2020ko abenduaren 22ko Ebazpenaren bidez, baimena eman zen Zambrana udalerriko (Araba) botikategia ixteko, botikategi horren arduradun M.ª Gloria Andrés Ribón andereak 2020ko abenduaren 3an uko egin ziolako, botikategiak baimentzeko prozedura, baldintzak eta jarduteko araubidea ezartzen dituen azaroaren 28ko 500/1995 Dekretuaren 19.1 artikuluaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen horretan, Farmazia Zuzendaritzak jakinarazten du bidezkoa dela Zambranan botikategia jartzea.

Hirugarrena.– Zambranako Administrazio Batzarrak, 2025eko abuztuaren 21ean egindako ohiko bilkuran, aho batez onartu zuen botikategia jartzeko eskatzea, udalerrian ez baitzegoen farmaziarik.

Eskaera horrekin batera, dokumentazio bat aurkeztu zen, eta 2025eko irailaren 24an osatu zen.

Laugarrena.– Zambranako udalerria, non Zambranako kontzejua kokatzen den, Arabako Haranak II (1.C.AR.07) izeneko C motako farmazia-eremu batean dago, eta honako udalerri hauek hartzen ditu: Armiñón, Berantevilla, Peñacerrada-Urizaharra, Ribera Baja/Erriberabeitia, Zambrana eta Lagrán udalerriko Pipaón kontzejua.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Botikategien prozedura ezartzen duen otsailaren 21eko 26/2023 Dekretuaren 6.1 eta 11.3 artikuluetan eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, Farmazia Zuzendaritzari dagokio eskabide hori ebaztea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 25.1 artikuluak ezartzen duenez, farmazia-arreta egokia jasotzen ez duten 800 biztanletik beherako udalerrietan, botikategiaren bidez bete daiteke.

Ildo horretan, otsailaren 21eko 26/2023 Dekretuak botikategiak baimentzeko prozedura, baldintzak eta funtzionamendu-araubidea arautzen ditu.

Hirugarrena.– Dekretu horren 11.5 artikuluak ezartzen duenez, behin botikategi bat instalatzea bidezkoa dela behin betiko erabakita, erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik bakarrik alda daiteke, hau da, udalerrian farmazia-bulego bat jarri delako edo botikategia jartzea gomendatzen zuten arrazoiak desagertu direlako.

Laugarrena.– Farmazia-bulegorik ez duten udalerriei dagokienez, 26/2023 Dekretuaren 2.2 artikuluak ezartzen du botikategi hori farmazia-eskualde bereko farmazia-bulego bati atxikiko zaiola.

Bosgarrena.– Azkenik, 26/2023 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, botikategi bat instalatzearen bidezkotasunak ez dakar berez hura sortzea, baizik eta prozedura bat hastea Arabako Haranak II farmazia-eskualdean, Zambrana udalerrian, botikategia baimentzeko.

Horregatik guztiagatik, aipatutako manuak eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Udalerri horretan botikategia sortzeko baimena emateko prozedura hasteko agintzea.

Bigarrena.– Arabako Haranak II farmazia-eskualdeko farmazia-bulegoen farmazialari titular guztiei helaraztea hau, botikategia sortzeko baimen-eskaera aurkez dezaten, egoki ikusiz gero. Bada, deialdiak ezaugarri hauek edukiko ditu:

Instalazioaren udalerria: Zambrana (Araba).

Farmazia-eskualdea: C motakoa, Arabako Haranak II izena duena eta Armiñón, Berantevilla, Peñacerrada-Urizaharra, Ribera Baja/Erriberabeitia, Zambrana udalerriak eta Lagrán udalerriko Pipaón kontzejua hartzen dituena.

Lokala: Solana kalea, 8, 01212 Zambrana, Araba.

Beharrezko dokumentazioa: otsailaren 21eko 26/2023 Dekretuaren 12.3 artikuluan aurreikusitakoa.

Hirugarrena.– Botikategia sortzeko baimen-eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 22a.

Farmaziako zuzendaria,

JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala