Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2025eko azaroaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4700

AGINDUA, 2025eko urriaren 7koa, Osasuneko sailburuarena, Bioef elkarteak, erakundeak eta entitateak gaixotasun kardiobaskularrak ikertzeko proiektuetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Aurreko urteetan bezala, 2024ko EITB maratoia ekimenak, zeinetan hainbat motatako elkarte, erakunde eta entitateak aktiboki parte hartu duten, bai eta norbanako askok ere, diru-kopuru handia biltzea lortu du ikerketa biomedikoaren alde; oraingoan, gaixotasun kardiobaskularrei buruz. Euskal Irrati Telebista eta Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenean ezarritakoaren arabera, zeina 2024ko irailaren 25ean sinatu baitzen EITB Maratoia egiteko, ekimen solidario horren bidez bildutako funtsak gaixotasun kardiobaskularren gaineko ikerketa bultzatzeko laguntzen deialdi honetara bideratuko dira, ikerketa-proiektuak finantzatu, ezagutza areagotu eta gaixotasun horien azterketan aurrera egiteko.

Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioa – Bioef – Osasun Sailak sortutako tresna da, EAEko sistema sanitarioan ikerkuntza eta berrikuntza sustatzeko. Halaber, lankidetza, komunikazio eta elkarlanerako esparru bat da Fundazioa, erkidego, estatu eta nazioarte mailan osasun-alorreko ikerkuntza eta berrikuntzan diharduten sektoreen artean. Gainera, Bioefek osasun arloko eta sektore arteko programak eta politikak oinarritzen laguntzen du, osasun-sistemak kalitate eta lehiakortasun handiagoa izan dezan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa sortzen laguntzeko. Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuari jarraikiz, Bioef sail horri atxikitako sektore publikoko fundazio bat da, eta Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari laguntzen dio zuzendaritza horri dagozkion funtzioetan.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duen irailaren 5eko 17/2022 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Esparru horretan, Osasun Sailak 2022-2025 aldirako Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza esparru-estrategiarekin bat ikerketa eta berrikuntza sustatzen ditu bi esparru estrategikoen bidez, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2030 (ZTBP 2030) lagundu du, espezializazio adimenduneko RIS3 Euskadi estrategian oinarrituta. Osasun-ikerketaren aldeko apustua Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, baita Jaurlaritzaren helburu nagusia lortzeko zutabea ere: euskal osasun-sistema publikoa, unibertsala, jasangarria eta kalitatezkoa zaintzea, eta ikerketaren emaitzak emaitza sozial eta ekonomiko bihurtzea, modu aktiboan lagunduz Euskadin osasunaren arloko ezagutza sortzen. Agindu hau bi esparru estrategiko horietako elementu instrumentalei lotuta dago, bereziki I+G+B sanitarioari buruzkoari.

EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Lege Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea aldez aurretik hartzen da barne Osasuneko sailburuaren 2025eko otsailaren 7ko Aginduan, zeinaren bidez onartzen baita, alde batetik, 2025 ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Plana (PAS 2025), eta bestetik, 2024-2028 ekitaldirako Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (PES 2024-2028), 2024ko otsailaren 7ko Osasun sailburuaren Agindu bidez onartua, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioari buruzkoetan, Osasun Sailaren egoitza elektronikoan argitaratu direnak. Agindu honen bidez emandako laguntzek Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dauden helburuak lortzen lagunduko dute, zehazki, ikerketa eta berrikuntza arloa garatzen (3.3. ardatz estrategikoa.– Ikerketa eta berrikuntza), osasuneko ikerketa-proiektuak finantzatuz. Proiektu horien emaitzek eragina izango dute biztanleriaren eta hurrengo belaunaldien ongizatean. Era berean, Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2022-2025 Esparru Estrategian jasotako helburu estrategikoetako bat indartzen lagunduko du, zeinaren oinarrian lerrokatzen baita agindu hau, hain zuzen osasun-arloko ikerketaren eta berrikuntzaren finantzaketa hobetzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak (azken xedapenetako zazpigarrena, bi) aldatu zuen xedapen hori–, sektore publikoko fundazioek dirulaguntzak eman ahal izango dituzte, baldin eta atxikita dauden administrazio-organoaren baimena badute. Hori guztia Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 2.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntzak emateko aukera berariaz aurreikusita egon beharko da fundazioaren estatutuetan.

Deialdiaren zuzkidurari dagokionez, aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025 ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 8/2024 Legean jasotakoaren arabera, eta, haren barruan, Bioefen ustiapen-aurrekontuan jasotakoaren arabera.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia eta objektibotasuna–, betiere EAEko Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), eta aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (DLO), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Deialdi honek ez du inolako jarduketarik behar Europar Batasuneko erakundeen aurrean; izan ere, diruz lagun daitezkeen jardueren izaera ekonomikorik ezak erabat baztertzen du Estatu-laguntzei buruzko Europako araudiaren aplikazio-eremutik, I+G+Bko Europar Batasuneko Esparruaren babespean.

Hori guztia dela eta, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 2. apartatuan ezarritakoa betez, urriaren 29ko 319/2024 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, 2.2.c) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Laguntzen oinarri arautzaileak onartzea eta eranskinean jasotzen denaren arabera osasun arloko ikerketa- eta garapen-laguntzen deialdia egitea gaixotasun kardiobaskularretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Osasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarraian aipatzen diren lege-testuetan xedatutakoaren araberakoak dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legea; EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 7a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

ERANSKINA
LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK GAIXOTASUN KARDIOBASKULARREN GAINEAN IKERTZEKO PROIEKTUAK EGITEKO
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da gaixotasun kardiobaskularren arloan osasun-ikerketarako eta -garapenerako laguntzak emateko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioekin bat etorriz. Gaixotasun kardiobaskularrei buruzko ikerketara dago bideratuta deialdia, arlo eta lerro hauetan:

Sustapena, prebentzioa, detekzio goiztiarra eta diagnostikoaren hobekuntza.

Tratamendu berriak eta osasunari aplikatutako teknologiaren erabilera.

Gaixotasunaren etiologia.

Osasun publikoan eta epidemiologian azterketak.

Pazienteei ematen zaien prestazio asistentzial eta psikosoziala hobetzea.

Pazientearen bizi-kalitatean eragina duten alderdietan oinarritutako ikerketa

Ikerketa soziosanitarioa eta antolakuntzakoa, pazienteen, senideen eta bestelako zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko.

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez-ekonomikotzat hartuko dira; beraz, bete egin beharko dira ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Esparru Batzordearen komunikazioan Europako Batzordeak ezarri dituen betekizunak (2022-10-28ko EBAO, 414. C), 20.a) puntukoak (ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak eta jakintzaren transferentziarako jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hala nola:

1.– I+G-zerbitzuak eskaintzea, eta enpresen kontura egindako I+G-a.

2.– Ikerketa-azpiegituren alokairua.

3.– Bestelako jarduera ekonomiko guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen diren baldintzak (2022-10-28ko EBAO, C 414).

Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak –gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak– errespetatuko dituzte eta ikerketa biomedikoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak beteko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.

Pertsonengan esperimentatzea edo giza jatorriko lagin biologikoak erabiltzea eskatzen duten proiektuek ikerketa egingo den entitatearen Ikerketarako Etika Batzordeak emandako nahitaezko baimena izan beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera eratua. Batzordearen baimen horri pazientearen baimen informatua eta pazientearentzako informazio-orria erantsiko zaizkio.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (ZTBES) sartuta dauden eta horretarako akreditatuta dauden agenteek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoarekin, eta, orobat, geroko eguneratze, xedapen iragankor edo horien ordezko araudiarekin, laguntza-eskaera aurkezten den egunean.

2.– Agindu honen 4. artikuluan zehazten da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zein eragile kategoria zehatz izan ahalko diren dirulaguntzen hartzaile.

3.– Agenteek elkarlaneko proiektuak aurkeztu ditzakete; hau da, entitate talde batek egindako proiektuak izan daitezke, entitate horiek onuradunak izan zein ez (2. artikulu honetan azaldu bezala), beti ere entitate horiek proiektua garatzeko beharrezkoak badira eta horretarako gaitasuna badute, DLOren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Elkarlaneko proiektuetan, lankidetza-akordio bat itundu beharko dute parte hartzen duten erakunde guztiek, haien legezko ordezkariek sinatuta, proiektua gauzatuko dela bermatuko duena eta emaitzak ustiatzeko hitzartutako baldintzak jasoko dituena.

4.– ZTBESn akreditatuta egon beharko dute agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.

5.– Ezin izango dira entitate onuradun izan honako egoera hauetakoren batean daudenak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin bada, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Egoitza fiskala edukitzea arauz zehaztutako paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapena jaso izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo du dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duen pertsonak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, Estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

i) Ezin izango dira onuradunak izan EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako elkarteak, baldin eta elkartekideren bat aipatu diren debeku horietako baten mende badago.

j) Dirulaguntzak lortzeko debekua izango dute, halaber, irizten bada, zuzentzen dituzten pertsonengatik edota beste zirkunstantzia batzuengatik, beste aurreragoko enpresa batzuen jarraipena direla edota beste enpresa batzuetatik eratorriak direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza arrazoiengatik.

6.– Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik jaso ingurumen-arloko arau-hauste astun eta oso astunengatik zehatutako pertsona juridikoek, Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoaren 109.4 artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.– Aurreko puntuetan zehaztu diren debekuak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta euren helmenari dagokienez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikulua aplikatuko da, oinarrizko legea baita, eta EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen I. kapituluan ezarritakoa ere bai.

8.– Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak berekin dakar jarduera behar bezala egiten laguntzeko konpromisoa, baldin eta laguntza ematen bazaio, eta eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko eta berresteko konpromisoa. Era berean, eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraztea dakar berekin, eta ikerketa-jardueretan aplikatzekoa den araudia ere betetzen duela.

9.– Jarduketa honen onuradun izateko, entitate eskatzaileak eta ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektu burutuen amaierako memoria zientifikoa eta ekonomikoa Bioefi aurkezteko betebeharra gauzatuta izan beharko dute, baldin eta jarduketa mota horren aurreko deialdietan finantzatuak izan badira. Baldintza hori deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea ixten den unean bete behar da. Baldintza betetzen ez bada, eskabidea ezetsi egingo da.

10.– Laguntza-eskabidea aurkeztearekin batera, eragile eskatzaileak baimena ematen du organo emaileak zuzenean egiazta ditzan artikulu hauetan adierazitako inguruabarrak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 18. artikulua (zerga-betebeharrak) eta 19. artikulua (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak). Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori.

Hala ere, eragile eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluko 1. puntutik 3.era bitartean adierazi bezala.

Dirulaguntza ezingo da ordaindu, entitate onuradunak ez baditu egunean aurreko betebeharrak.

3. artikulua.– Talde eskatzailearen betekizunak.

1.– Talde eskatzailea ZTBESeko eragileek (2. artikuluaren araberako onuradunak) osatzen duten taldea da. Eragile horiek 4. artikuluan deskribatutako modalitateko ikerketa-laguntza eskatzen dute, eta laguntza hori gauzatzen parte hartuko dute, proposatutako lan-planaren arabera erakunde bakoitzak bere gain hartzen dituen zereginak garatuz.

2.– Ikertzaile nagusi arduradun batek edo bik gidatuko dute talde eskatzailea. Eskaria bi ikertzaile nagusik (IN eta IN laguntzailea) aurkezten dutenean, biek izan beharko dute laguntza eskatzen duen entitatearen plantillakoak, eta haietako batek solaskide gisa jardungo du ondore guztietarako (lehenespenez, IN izango da). Ikertzaile nagusiei aplikatzen zaizkien baldintza eta bateraezintasun-araubide berberak bete beharko ditu IN laguntzaileak, eta curriculum-aintzatespen bera izango dute. Bi ikertzaile nagusik zuzendutako proiektuetan, bien artean lidergo-trantsizio prozesu bati ekiteko borondatea badute bi horietako bat erretirotik gertu dagoelako, argi eta garbi adieraziko dute alderdi hori eskaera-memorian. Proiektu horietan, erretiratzear den ikertzailea IN laguntzailea izango da, eta lidergoa hartuko duena, berriz, IN. Ebaluazioan, garrantzi bera izango dute bi CVek. Trantsizio-aldi hori ez da inoiz izango elkarren segidako bi proiekturako behar dena baino luzeagoa.

3.– Ikerketa sanitarioko zentroen kategoriako akreditazioa duen ZTBESren eragile batek, gutxienez, hartu behar du parte.

4.– Finantzaketa zenbait eragilek eskatzen badute, ikertzaile nagusietako batek, parte hartzen duten eragileen plantillakoa, bere gain hartuko du eskabidearen koordinatzailearen egitekoa eta Bioefekiko solaskide izatekoa, azken hori laguntzaren erakunde kudeatzailea den aldetik.

5.– Talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo lan-lotura formalizatua izan beharko dute, agindu honen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat, bai ZTBESko eragile onuradunarekin, bai proiektua gauzatzeko zentroarekin, bai beste entitate batzuekin, baldin eta eragileak indarreko hitzarmen bat badauka beste entitate horiekin ikertzailearen lotura babesteko. Lotura proiektuaren egikaritze-aldia baino laburragoa bada, entitate horren legezko ordezkariak adierazpen bat sinatu beharko du, proiektuan IN edo laguntzaile gisa parte hartzeko baimena emango diona eta atxikimenduari eusteko konpromisoa hartuko duena, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik proiektua gauzatzeko epea amaitu arte. Emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, ikertzaile nagusiak lotura galtzen badu, zentro onuradunak zentro-aldaketa eskatu beharko du, 16. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

6.– Ikertzaile nagusiek (baita IN laguntzaileek ere) eskabide bakar batean parte hartu ahal izango dute rol horretan. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu batean baino gehiagotan parte hartzeko.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen laguntzak.

Gaixotasun kardiobaskularrei buruzko ikerketa biomedikoko proiektuak: ikerketa sanitarioa sustatzeko lerro honetan, edozein kategoriatan akreditatutako ZTBESko eragileak izango dira onuradun, eta ezinbesteko baldintza izango da, gutxienez, ZTBESko eragile akreditatu batek parte hartzea ikerketa sanitarioko zentroaren kategorian. Ikerketa-proiektuek 2 edo 3 urteko iraupena izan dezakete, eta 2025ean hasi beharko dira. Finantza daitekeen gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko.

Ikerketa biomedikotzat hartuko da osasun publikoaren eta zerbitzu sanitarioen arloan egiten den oinarrizko ikerketa (gaixotasunera bideratua), ikerketa klinikoa (pazienteari zuzendua) eta ikerketa epidemiologikoa; halaber, osasuna nahiz ikerketa biomedikoko prozesuak eta teknologiak hobetzera bideratutako garapen teknologikoa.

Bereziki aintzat hartuko dira gorabidean dauden ikertzaileek zuzendutako proiektuak, hau da, ikertzaile nagusia (IN) 1980an edo geroago jaio eta aurrez lehiaketa-deialdien bidez finantzatutako proiektuetan mota horretako IN duten taldeek garatutako proiektuak. Epea zenbatzeko, egoera hauek hartuko dira kontuan:

– Amatasunaren edo aitatasunaren ondorioz hartutako atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jasotako egoera babestuen arabera. Seme-alaba bakoitzeko urtebeteko luzapena aplikatuko da.

– Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebeteko luzapena aplikatuko da.

– Mendekotasuna duten pertsonei emandako arreta, gutxienez hiru hileko tartea, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoarekin bat. Urtebeteko luzapena aplikatuko da.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Kasu bakoitzean emango den dirulaguntzaren bidez ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira, betiere proiektua gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude, eta eskabidearen memorian aldez aurretik zehaztu badira. Laguntza-eskabidea urterokoaren arabera banatzeko, 6. artikuluan adierazitako urteko deialdiaren zuzkidura hartuko da kontuan.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira helburu bererako lortzen den beste edozein motatako laguntza edo dirulaguntzekin, baldin eta gainfinantzaketarik eragiten ez badu. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

3.– Langile-gastuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), proiektuan aritzen diren heinean. Proiektua gauzatzeko behar diren eta arduraldi espezifikoa duten langileen kostuak, baldin eta entitate onuradunarekin laneko kontratu-lotura badute.

Era berean, atal honetan sartzen dira ikertzaile-taldea osatzen duen osasun-arloko profesionalaren asistentzia-jarduera liberatzearen ondoriozko kostuak, gehienez ere lanaldiaren % 50era arte. Proiektuak deialdiak finantzatutakoa baino ikertzaileen arduraldi luzeagoa behar badu, entitate onuradunaren kontura izango da.

Ezingo dira finantzatu ZTBESko eragileei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.

4.– Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Proiektua egiteko ezinbestekoa den material inbentariagarria sartzen da, eta berariaz geratzen dira kanpo altzariak eta instalazioak, kudeaketarako ekipamendu informatiko pertsonalak eskuratzea eta bulegoko material orokorra finantzatzea (fotokopiak, tonerra edo telefono-gastuak), baita prestakuntza-jarduerak, zientzia-elkarteetako kuotak eta argitalpenen harpidetzak ere.

Halaber, material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta zabalkundearekin lotutako gastuak (argitalpenak, etab.) sartzen dira, baita entitate onuradunaren ikerketan laguntzeko zerbitzu nagusi eta orokor batzuen erabilera-kostuak ere, betiere proiektua garatzeko behar bezala justifikatzen badira eta beharrezkoak badira.

Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuen kontratazioa eskaeraren memorian islatuta egon beharko da, zerbitzuaren izaera eta kontratuaren kostua zehaztuz. Zerbitzu horien gastuak diruz laguntzeko modukoak izan daitezen, behar bezala egiaztatu beharko da horien beharra. Diruz lagundutako jarduketaren parte diren proiektuko jarduera batzuk, haien eragile onuradunak egin ezin dituenak, azpikontratatu ahal izango dira, proiektuaren memorian egiaztatu beharko delarik ezintasuna. Onuradun bakoitzeko azpikontratatzen den jardueraren kostu osoa ezingo da izan onuradun horri dagokion aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino handiagoa.

Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen baditu, eragile onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez eta espresuki justifikatu beharko du memoria baten bidez egindako hautaketa, baldin eta ez bada eskaintza ekonomikorik abantailatsuena hautatzen. Memoria hori justifikazioan aurkeztu beharko da.

5.– Bidaia eta joan-etorri gastuak. Landa-lanak eta proiektua gauzatzean beharrezkoak diren koordinazio-bilerek eragindakoak, bai eta finantzatutako proiektuaren emaitzen berri emateko kongresu eta hitzaldietara joateak eragindakoak ere. Ezin izango dira aukeratu kongresuak eta konferentziak antolatzeko gastuak, ezta protokolo-gastuak ere.

Finantzatu daitezkeen gastuek zuzeneko lotura izan beharko dute proiektuarekin, eta ikerketa-taldeko langileei eta artikulu honen 3. atalean aipatutako teknikariei soilik egotzi ahal izango zaizkie.

6.– Halaber, deialdi honen konturako gastu finantzagarriak izango dira proposatutako proiektuaren zeharkako gastuak (zuzeneko kostuaren % 10), eta halakotzat hartuko dira proiektua gauzatzen den entitatearen egiturazko gastuak (argia, ura, garbiketa, mantentze-lanak edo antzekoak), baldin eta proiektu jakin bati zuzenean egotzi ezin bazaizkio ere, proiektua gauzatzeko beharrezkoak badira.

7.– Proiektua amaitu ondoren, emandako laguntzen kontura erositako material inbentariagarria eta bibliografikoa proiektua gauzatu duen zentroarentzat izango da, eta ikerketa-jardueretarako erabiliko da nagusiki.

8.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOren 31. artikulua eta DEOren 68. eta 83. artikuluak, oinarrizkoak baitira, eta baita EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 30. eta 31. artikuluak.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta horien kopurua bederatziehun eta hogeita hamabost mila eta hirurogeita sei euro eta laurogeita sei zentimokoa da (935.066,86).

7. artikulua.– Emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa-teknikaren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, laguntzak emateko 4. artikuluan ezarritako modalitate bakoitzerako aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, 10. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko xedez, eta, hurrenkera horren arabera emango dira laguntzak harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.

II. KAPITULUA
KUDEATZEKO PROZEDURA

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko era eta epea.

1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Koordinazio-proiektuen kasuan, entitate koordinatzailea izango da eskabidea bidaltzeko arduraduna.

2.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, honako hauekin bat etorriz: Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikulua (2023ko ekainaren 30eko EHAA, 124. zk.), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9., 10. eta 14. artikuluak eta, halaber, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Eskabidea lortzeko eta hura betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, honako helbide hauetara:

Castellano https://www.euskadi.eus/servicios/1048911

Euskera https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1048911

Eskabidea egin ondoren, espedientera iristeko eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da:

– Euskaraz:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

– Gaztelaniaz:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

4.– Eskabidea betetzeko, pertsona edo agente eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira, Herritarrentzako arreta integral eta multikanalari eta zerbitzu publikoetarako irispidea bitarteko elektronikoen bidez izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat.

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Ildo horretatik, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.

6.– Honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan (I. eranskina), parte hartzen duen entitate bakoitzaren informazioarekin batera (IA eta IB eranskinak). Proiektuaren memoria ingelesez ere onartuko da.

b) Ikertzaile nagusien eta baita taldeko kide guztien Curriculum Vitae Normalizatua (CVA), automatikoki sortua CVN editoretik (http://cvn.fecyt.es/editor) edo FECYTen CVN arauan ziurtatutako edozein erakundetatik, baldin eta CVN zerbitzua eskaintzen badute.

c) Entitate eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (II. eranskina)

d) Jarduera betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuek legez ezarritako baimenak edota txosten hauek izan beharko dituzte:

1) Etika-batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Betiere, kasuan kasuko kide anitzeko organoko lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du baimen hori, eta, bertan, akordioa adostu zen bileraren aktaren erreferentzia jasoko da.

2) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Ikerketarako Euskal Biobankuaren ziurtagiria, zeinetan egiaztatzen baita ikertzaile nagusiak Biobankuari lagin biologikoak biltzeko edo lagatzeko eskatu diola deialdi honetan laguntza eskatzen den ikerketa-proiekturako.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak entitate onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak nahiz kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak, kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dutelarik.

7.– Atal honetan adierazitako eredu normalizatu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

8.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita (epea amaitzen den eguneko 15:00ak arte).

9. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada, edo ez badira aurkeztu eskatutako agiri guztiak, entitate eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo falta diren agiriak eransteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena dela, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza, bai eta zer egunetan sartu den haren edukira ere; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

4.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuaren koordinatzaile gisa diharduen entitatearekin gauzatuko da jarduera hori.

10. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea eta hautatzea.

Epe barruan behar bezala aurkeztutako edo zuzendutako eskabideak ebaluatu eta hautatzeko, artikulu honetako 1. paragrafoan definitutako Balorazio Batzordea sortu da, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

1.– Hauexek izango dira Balorazio Batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Osasun Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria

b) Batzordekideak:

– Bioefen ordezkari bat.

– Osakidetzaren ordezkari bat (Arreta Sanitarioko Zuzendaritza).

– Osasun Saileko Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzaren ordezkari bat.

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren ordezkari bat

Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioaren ordezkari bat

– EITB – Euskal Irrati Telebistaren ordezkari bat.

– Gaixotasun kardiobaskularrak dutenen EAEko elkarteen ordezkari bat.

c) Idazkaria: Bioefen talde teknikoko pertsona bat.

2.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna jakinarazi egingo da euskadi.eus egoitza elektronikoan, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Balorazio-batzordeak kanpoko ebaluatzaileen laguntza eskatuko du aurkeztutako proiektuen kalitate zientifiko-teknikoaren binakako ebaluazioa egiteko ikerketa biomedikoen proiektu-lerroan (4.1 artikulua), artikulu honen 5.1 atalean ezarritako irizpideekin bat.

4.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

5.– Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

1) Ikerketa-proiektuen kalitate zientifiko-teknikoa: 60 puntu gehienez. Balorazi-batzordeak kanpoko ebaluatzaileen lankidetza eskatuko du; ebaluatzaile horiek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak egingo dituzte, eta honako alderdi hauek balioetsi eta haztatuko:

Irizpide hauen arabera egingo da ebaluazio zientifiko-teknikoa:

a) Ikerketa-taldearen balorazioa: ikertzaile-taldearen balorazio orokorra, osaeran dagoen orekari, baterako lanei, taldean irekitako ikerketa-ildoei eta taldekideen osagarritasunari eta proiektura egokitzeari erreparatuta. Ikerketa-proiektuak balioestea, baita saiakuntza klinikoak, ikerketa-jardueraren ekarpenak Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoari, asistentzialari edo teknologikoari, argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuk ere, ikertzaile nagusiarenak eta ikerketa-taldearenak, proiektuaren gaiarekin lotuta. 20 puntu gehienez.

b) Proiektuaren balorazio zientifiko-teknikoa: hipotesiaren eta ikerketa-taldeak gaiaren berezko ezagutzaren egoerari buruz duen ezagutza-mailaren balorazioa. Proiektuaren helburuen garrantzi zientifiko-sanitarioa. Aurreikusitako emaitzen inpaktu potentziala pazienteengan eta sistema sanitarioan orokorrean. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan-plana. 33 puntu gehienez.

Balorazio zientifiko-teknikoan proiektuek 20 puntuko gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badute, balorazio-batzordeak ez ditu finantzatzeko moduko proiektutzat joko.

c) Proiektuaren balorazio ekonomikoa. Proiektua gauzatzeko eskatutako baliabideen egokitasuna. Eskatutako baliabideen justifikazioa. 7 puntu gehienez.

Ebaluazio zientifiko-teknikoaren emaitza, kanpoko ebaluatzaileen balorazioan oinarritua, Balorazio-batzordeak jasoko du, eta 10. artikuluan ezarritako irizpide guztien azken ebaluazio osoa emango du.

2) Proposamenak duen interesa EAEko sistema sanitarioarentzat: 40 puntu gehienez. Atal honetan, honako hauek balioetsiko dira:

a) Proiektuen egokitasuna baloratuko da, hau da, ea bat datozen oinarri hauen 1. artikuluan jasotako deialdiaren gaiarekin eta xedearekin, hauei dagokienez: Osasun Sailaren 2021-2024 ildo estrategikoak eta horietatik eratortzen diren estrategia espezifikoak, Euskadi 2030eko Osasun Plana, 2022-2025eko Osasun arloko ikerketa- eta berrikuntza-estrategia eta 2021-2024ko Euskadiko arreta soziosanitarioko lehentasun estrategikoak. Dokumentu horiek hemen eskura daitezke (https://www.euskadi.eus/informazioa/osasun-sailaren-argiltalpenak/web01-s2osa/eu/) 10 puntu gehienez.

b) Espero diren emaitzek osasun-sistemaren hobekuntzan eta biztanleriaren bizi-kalitatean duten eragina. 5 puntu gehienez.

c) Emaitzek pazienteengan duten eragin bereizgarria. 5 puntu gehienez.

d) Puntu honetan, osasun-arloko profesionalek proiektuen ikertzaile nagusi gisa duten parte-hartzea hartuko da kontuan, eta arreta berezia eskainiko zaie ikertzaile nagusi gisa ageri diren jarduera asistentziala duten profesionalei. 5 puntu gehienez.

e) Lehentasunezkoak izango dira zentro anitzeko proiektuak. Zentro anitzeko proiektu deritze deialdi honen 2. artikuluan adierazitako entitate onuradunetako 2k edo gehiagok parte hartzen dutenei, bereziki ikerketa sanitarioko 2 zentrok edo gehiagok, edo sare sanitario osoan ikerketa-eremu berberetan lan egiten duten ikertzaileen eta langile kliniko-asistentzialen lankidetza eskatzen dutenei. (Memorian justifikatu beharko da proposatutako lankidetzaren beharra, baita entitateen osagarritasuna eta gehigarritasuna ere.) 5 puntu gehienez.

f) Bereziki baloratuko dira gorabidean dauden ikertzaileek gidatutako ikerketa-proiektuak. 5 puntu gehienez.

g) Proposatutako ikerketak arreta sanitariorako irispidean eta gaixotasunaren diagnostikoan edo tratamenduan gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak hartzen ditu kontuan: 5 puntu gehienez.

6.– Laguntza-modalitate bakoitzean, laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, Balorazio-batzordeak honako hauek hartuko ditu kontuan: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua zer neurritan egokitzen den proposatutako helburuetara. Halaber, batzordeak kontuan hartuko ditu kanpo ebaluatzaileek txostenean egindako oharrak.

7.– Emandako laguntzek eskatu den kopurua osorik edo partez estali ahal izango dute, baina, edozein modutan ere, baterako finantzaketa kontuan hartuta, ezin izango da inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.

11. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskabideak modalitate bakoitzerako bereizitako prozedura baten bidez izapidetuko dira (4. artikuluan jasotakoari jarraikiz), eta horri dagokion ebazpenarekin amaitu. Ebazpen horretan erabakiko dira erakunde eskatzaileek planteatutako gaiak, eta, Balorazio Batzordearen proposamena kontuan hartuta, Bioefen Ahaldun Nagusiari dagokio hori.

2.– Hartzen den ebazpenak zehaztuko du eskatutako laguntzak eman diren edo, hala badagokio, ukatu diren. Lehenengo kasuan, erakunde onuraduna, diruz lagundutako laguntza eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, laguntza urteka banatuta. Ukatutakoen kasuan, ukatzeko arrazoiak jasoko dira.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea gehienez sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, euren eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute entitate eskatzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluekin bat etorriz.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, entitate eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Osasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, entitateek espresuki uko egin ahal izango diote ebazpenari. Aipatutako epean uko egiten zaiola adierazi ezean, deialdiaren ondoreetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek dituzte:

a) Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.

b) Deialdia kudeatzen duen organoari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzari buruz eskatzen zaion informazioa ematea.

c) Eskabidean jasotako datuak edo inguruabarrak aldatuz gero, deialdia kudeatzen duen organoari jakinaraztea, aldaketa gertatu eta, gehienez, hilabeteko epean.

d) Laguntza-eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio deialdia kudeatzen duen organoari. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

Dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki ahal izango du, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikuluko 1. zenbakian ezarritako baldintzak betetzen direnean.

e) Halaber, erakunde onuradunek proiektuen finantzaketaren izaera publikoa ezagutarazteko neurriak hartu beharko dituzte, EITB Maratoia ekimenaren edozein dibulgazio-ekitalditan parte hartuz. Horrela, ikerketaren ondorioz sortzen diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztietan EITB Maratoia aipatu beharko da berariaz finantzaketa-iturri gisa.

f) Entitate onuradunek eskura izan beharko dituzte kasu bakoitzean onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion merkataritza- eta sektore-legerian eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatze aldera.

g) EAEko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dituzte entitate onuradunek, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez ere, Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera.

h) Entitate onuradunak gorde egin beharko ditu egindako eta memoria ekonomikoan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak eta gainerako frogagiriak, 5 urtez.

i) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio oro eman beharko dute entitate onuradunek, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioak betez.

2.– Agente onuradunek enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu behar dute, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta kudeatzea.

1.– Bioef da laguntza kudeatzen duen organoa.

2.– Laguntza kudeatzen duen organoak, laguntza onartzeko ezarritako epea igaro ondoren, lehenengo urtekoan emandako dirulaguntza transferituko du.

3.– Urte-sarien gehieneko zenbateko osoa honela banatuko da, gutxi gorabehera:

(Ikus .PDF)

4.– Bioefen Zuzendaritzak memoria zientifikoa eta proiektuak eragindako gastuen agiri bidezko justifikazioa (IV. eta V. eranskinak) onartu ondoren ordainduko dira hurrengo urteei dagozkien zenbatekoak.

5.– Erakunde onuradunek memoria zientifikoak eta ekonomikoak bidaliko dizkiote laguntza kudeatzen duen organoari, eta organo horrek, Bioefen Zuzendaritzak horiek onartu ondoren, gainerako urtealdietarako eskura dagoen finantzaketa bideratuko du.

6.– Entitate onuradunak ikusten badu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio laguntza kudeatzen duen organoari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.

Organo kudeatzaileak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta itzuli beharreko kopuruak zehaztu, hala badagokio.

7.– Laguntza kudeatzen duen organoak, komenigarria dela uste badu, proiektuaren jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

14. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Laguntzaren entitate onuradunak urtero justifikatu beharko du egindako lana eta laguntzari emandako erabilera; horretarako, organo kudeatzaileari honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio, dirulaguntza emateko ebazpenean eta horretarako emandako jarraibideetan zehaztutako moduan eta epean:

a) Justifikazio-memoria zientifikoa, IV. eranskinean agertzen den eskemaren arabera egina. Memoria zientifiko horretan, proiektuaren garapen-egoerari, egindako jarduerei eta betetako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta gauzatze ekonomikoaren laburpena ere. Ikertzaile nagusiak edo proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du memoria, koordinazio-proiektuak baldin badira.

b) Parte hartzen duen entitate bakoitzaren justifikazio memoria ekonomikoa (Excel), entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (V. eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, justifikazio-aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten ordaindutako fakturen benetako kopiak aurkeztuko dira. Entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 100 justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu. Jatorrizko fakturak entitate onuradunetan artxibatu beharko dira gehienez bost urteko epean, justifikazio-epetik aurrera, eta eskuragarri egongo dira laguntzak kudeatzen dituen organoak egiten duen egiaztapen orotarako.

Azken ekitaldian ez da jarraipen-memoriarik egin beharko, horren ordez amaierako justifikazioa egingo baita.

Amaierako memoria zientifikoa eta ekonomikoa proiektua burutzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztuko dira.

Elkarlaneko proiektuen agente onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.6 artikuluan eta EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharko dute justifikazioa.

Proiektu bakoitzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dela-eta, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 75. artikulua –justifikazio-kontu sinplifikatua arautzen du– aplikatu behar bada, artikulu horretan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Justifikazio-modalitate horretarako, Bioefek aukera izango du egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortzeko aukera ematen duten frogagiriak laginketa-tekniken bidez egiaztatzeko, eta, horretarako, hautatutako gastu jakin batzuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio onuradunari.

Justifikazio-memoria betetzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera laguntzak gauzatzeko eta justifikatzeko jarraibideak bidaliko dira.

2.– Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urterako laguntza ordaintzeak ez du esan nahi egindako gastuak onartzen direnik, ez eta gastuok aurrekontuei egozten zaizkienik ere; izan ere, amaierako memoria ekonomikoarekin batera baloratuko da hori.

3.– Amaierako memoriekin batera, hala badagokio, ikerketaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da.

4.– Urte anitzeko jardueretan finantzaketaren jarraitutasunari eusteko, ezinbestekoa izango da jarraipen zientifiko-teknikoko memorien ebaluazioak aldekoak izatea, haiek aurkezteko eskatu baldin bada.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada –betiere, laguntzaren xedea beteta–, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondore horietarako, zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena izango du laguntza kudeatzen duen organoak, eta Bioefen Ahaldun Nagusiak, haren gaineko ebazpena ematekoa.

2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskaera, horretarako arrazoiak emanez, eta erakunde onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin, eta gainerako entitate parte-hartzaileen adostasunarekin.

Laguntza kudeatzen duen organoari egingo zaio eskabidea.

3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada entitate onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada –eskatutako aldia zehaztuta–, Bioefen Ahaldun Nagusiak proiektua amaitzeko epearen luzapena eman ahal izango du.

Deialdi honen ondorioetarako, kontzeptuen ondoriozko gastu-desbideratzeek, laguntza-eskabidean aurreikusitakoaren % 20 gainditzen ez badute, ez dute aldaketarik eragingo.

16. artikulua.– Erakunde onuraduna eta ikertzaile nagusi gisa jarduten duen pertsona aldatzea.

1.– Entitate onuraduna aldatzeko, organo laguntza-emailearen baimena beharko da, baldintza hauetan:

a) Entitate onuradun berriak laguntzaren onuradun izateko bete beharreko baldintzak eta eskakizunak bete beharko ditu, agindu honetan xedatuarekin bat.

b) Entitatea aldatzeko eskaerak hauek hartuko ditu barnean:

– entitate onuradunen zuzendaritzaren eta aldaketa eskatzen duen entitatearen eta entitate onuradun berriaren legezko arduradunen aldaketa-onarpena eman beharko du ikertzaile nagusiak;

– eskaeraren justifikazio arrazoitua (aldaketaren arrazoiak); eta

– erabili ez diren funtsak entitate onuradun berriari eskualdatzeko konpromisoa.

c) Hurrengo urteei dagokien dirulaguntza entitate onuradun berriari ordainduko zaio.

d) Bai jatorrizko entitate onuradunak eta baita entitate onuradun berriak laguntzekin lotutako jarraipen- eta justifikazio-betekizunak bete beharko dituzte.

e) Laguntza kudeatzen duen organoak espedientea aztertuko du, eta zentroz aldatzeko aurkezten diren eskabideak onartzea edo ukatzea ebatziko du.

2.– Ikertzaile nagusi gisa jarduten duen pertsonaren aldaketak laguntza gauzatzen hasi ondoren eskatu ahal izango dira, eta organo emailearen aldez aurreko baimena beharko dute. Aldaketa-eskaera horietan aldaketaren arrazoiak justifikatu beharko dira. Horrez gain, haren egokitasun-ebaluazioa egin ahal izango du organo kudeatzaileak.

Laguntza kudeatzen duen organoak espedientea aztertuko du, eta ikertzaile nagusi gisa jarduten duen pertsonaren aldaketa-eskaerak onartu edo ukatuko ditu.

Horrez gain, ikertzaile nagusi izateko hautagaiak 3. artikuluan eskatzen eta jasotzen diren loturak egiaztatu beharko ditu.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Bere eginbeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta baita sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Itzulketari, horren arrazoiei eta jarraitu beharreko prozedurari dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. eta 40. artikuluan xedatutakoa bete beharko da; bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere –azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikuluetara garatzen da–.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, jasotako laguntza itzuli beharko da ere, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Horrelakoetan, aipatutako kostuaz gaindi jasotako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (15. artikuluan zerrendatzen dira), laguntzaren parte bat itzuli beharko du entitate onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere.

Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera; eskabideak balioesteko deialdiko 10. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratu behar izan da ebazpen hori.

5.– Deialdiaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa aurkezten ez bada, jasotako eta justifikatu gabeko zenbatekoak itzuli beharko dira, eta, hala badagokio, jasotzeko dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidea ere galduko da.

6.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautu eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoaren ondorioetarako (2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa), deialdi honetan emandako datu pertsonalak Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioak tratatuko ditu:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako legezko betebeharraren arabera tratatuko dira, dirulaguntza emateko edo, hala badagokio, baliatzeko betekizunak, baldintzak eta helburua betetzen direla egiaztatzeko.

2.– Datu pertsonalak proiektuetan parte hartzeko, eta horiek balioesteko, kudeatzeko, administratzeko eta kontrolatzeko helburuarekin tratatuko dira, deialdi honen oinarrien arabera.

3.– Datu pertsonalak deialdiaren indarraldian eta, hala badagokio, proiektua gauzatzen amaitu arte tratatuko dira. Behin amaituta, legez ezarritako epeetan baino ez zaie eutsiko.

4.– Datuak babesteko ordezkaria. Bioefek Datuak Babesteko ordezkari bat du, araudia betez, eta helbide honen bidez jo daiteke harengana: dpd@bioef.eus

5.– Kontrol-agintaritzaren aurrean erreklamazioa aurkezteko aukera: era berean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean (www.avpd.euskadi.eus), tratamendua indarreko legediaren aurkakotzat joz gero.

6.– Deialdian parte hartzen dutenek une oro jakin ahal izango dute Bioefek beraien zer datu pertsonal tratatzen dituen, araudiak ematen dizkien eskubideak erabiliz, helbide honetan: Bioef Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa B Accelerator Tower (BAT) Gran Vía, 1 48001 Bilbao, edo dpd@bioef.eus helbidean. Bereziki, eskubide hauek erabil ditzake:

a) Datuetan sartzeko eskubidea: interesdunek aukera dute tratatzen diren bere datu pertsonalei buruzko informazioa jakiteko eta lortzeko.

b) Datuak zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzentzeko, datu okerrak edo osatugabeak aldatzeko eta tratamenduaren xede den informazioaren ziurtasuna bermatzeko aukera ematen du.

c) Datuak ezabatzeko eskubidea: tratatzen diren datuak ezabatzeko eska daiteke, kontratua gauzatzeko beharrezkoak ez direnean.

d) Tratamenduari uko egiteko eskubidea: interesdunak eskubidea du bere datu pertsonalak ez tratatzeko, edo tratamendua eteteko, ez bada lege-arrazoiak edo balizko erreklamazioak egin eta horiez defendatzea daudela tartean. Horrelakoetan, datuak blokeatuta edukiko ditugu, harik eta lege-betekizunen indarraldia amaitu arte.

e) Tratamendua mugatzea: kasu jakin batzuetan, interesdunek beren datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango dute. Hala eginez gero, erreklamazioak egin edo erreklamazioen aurrean babesteko soilik gordeko dira.

f) Erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egitea barne): interesdunek eskubidea dute tratamendu automatizaturen batean oinarritutako erabakirik ez hartzeko haien gainean, interesdunei nabarmen eragiten badie.

g) Datuen eramangarritasun-eskubidea. Legez ezarritako egoeretan, eta teknikoki posible bada.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala