
212. zk., 2025eko azaroaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (292 KB - 18 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4683
EBAZPENA, 2025eko urriaren 22koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, 2025erako Pilotu Dirulaguntzen Programa onartu, argitaratu eta iragartzen duena.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia («SPRI») Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.
Horrekin lotuta, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Euskadiko enpresetan nazioartekotzea bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu. Jarduera horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak aipatu behar dira.
Zehazki, Laguntza Programa hau Nazioarteko Inbertsio Publikoko Proiektu Pilotuetan euskal enpresen partaidetza sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («20/2023 Legea») 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publikotasun-printzipioaren arabera. Era berean, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hori guztia dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2025. urterako «Pilotu» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Erabaki honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2025eko urriaren 22a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
NAGORE BONILLA GABARAIN.
ERANSKINA
2025. URTERAKO PILOTU LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
XIII. agintaldiko 2024-2028 Gobernu Programaren bigarren ardatzak, «Hazkunde- eta ongizate-eredua» izenekoak, enpresen nazioartekotzearen aldeko konpromisoa jasotzen du.
Konpromiso horrek 2030 Industria Plana biltzen du, eta horrela, jarraipena ematen zaio aurreko legegintzaldietan hasitako sustapen-politika publiko bati, hau da, nazioartekotzean hasi berriak diren enpresak sustatzeko ekimenei laguntza ematekoari. Ekimen horiek beharrezkoak dira kanpoko merkatuetara sartzeko oztopoak saihesteko.
Pilotu laguntzak (itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira) nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartzen duten euskal enpresei laguntzeko dira.
Zehazki, Pilotu programak egiteko modu, metodologia eta proposamen berritzaileak probatzen laguntzen die Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei.
Proiektu Pilotu horiek eskala mugatuan planteatzen dira hasieran, baina lortutako esperientziaren arabera, bolumen handiagoko proiektuetan aplika daitezke. Gainera, ezinbestekoa da Pilotu Proiektuek atzerriko erakunde publiko baten konpromisoa izatea. Erakundeak horiek gauzatzeko eskumenak izan behar ditu eta proiektu pilotuen finantzaketa partzialki partekatuko du.
Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da programa SPRIren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dagoela. Plan hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak 2025eko urtarrilaren 24ko emandako Aginduaren bidez onartu eta Gardentasunaren Atarian argitaratu zen. Planaren helburu hau lortzen laguntzea du xede: «nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinua eta garapena sustatzea, egiteko moduak, metodologiak edo proposamen berritzaileak probatzeko baliozkoak izan daitezen. Horiek eskala mugatu batean egin beharrekoak izango dira eta, agian, bolumen handiagoko proiektuetan lortutako esperientziatik abiatuta errepika daitezkeenak».
1. artikulua.– Xedea.
Pilotu programak bat egiten du XIII. legegintzaldiko Gobernu Programan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren helburuekin. Programaren helburua hau da: nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta gauzatzean parte hartu nahi duten eta nazioartekotze-prozesuan zehar garapen jasangarria sustatu nahi duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei laguntzea.
Oinarri hauen ondorioetarako, nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotutzat hartuko da, gutxieneko eskalan, atzerrian Inbertsio Publikoko Proiektu bat egitearen bideragarritasuna ebaluatzea eta etekin ukigarriak lortzea helburu duen inbertsioa. Horretarako, gizartean errentagarria, jasangarria eta helmugako herrialdeko agintariek ezarritako politika-lerroekin bat datorrela egiaztatzeko azterlanak behar dira.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntzak emateko prozedura lehiaketaz kanpoko norgehiagoka-prozedura izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan arautua.
2.– Deialdira bideratutako funtsak agortzen badira, organo eskudunak dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko osoa hainbanatu ahal izango du enpresa onuradunen artean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2023ko abenduaren 13an Batzordeak onartutako (EB) 2023/2831 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira (EBAO, L, 2023-12-15).
4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Oinarri hauetako 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 300.000 eurokoak dira, eta SPRI- Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuak 2025erako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko betekizunak.
1.– Honako hauek jaso ahal izango dituzte oinarri hauetan jasotako laguntzak:
– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden edo ekoizpen-instalazioak dituzten enpresak, baldin eta oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik eratu badira. Enpresa handiak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) aurkeztu ahal izango dira.
ETE-en definizioa mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Batzordearen Gomendioan zehaztutakoaren arabera aplikatzen da.
– Nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotu bat izatea, egiteko moduak, metodologiak edo proposamen berritzaileak probatzeko baliozkoa. Horiek eskala txikian egin beharrekoak izango dira, eta, hala badagokio, bolumen handiagoko proiektuetan lortutako esperientziatik abiatuta errepika daitezkeenak.
Eskatzaileak onuradun izan daitezke, baldin eta esperientzia pilotuaren xede den proiektua garatzeko eskumena duen atzerriko erakunde publiko batekin sinatutako akordio bat badute, eta proiektua finantzatzeko aurrekontua badute. Halaber, finantzaketa ematen duen organismo publikoak akordioa egin dezake proiektuaren kudeaketa esleituta duen erakundearekin.
2.– Onuradun izateko betekizunek dirulaguntzaren indarraldi osoan iraun beharko dute.
3.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren aurkaratzea bertan behera uztea adostu bada.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituztenek.
c) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
d) Hiru urteko edozein alditan 300.000 eurotik gorako de minimis laguntza jaso duten enpresek.
e) Ez zaie eskaerei erantzungo, baldin eta enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatu badituzte lan-osasunaren aurkako delituak egiteagatik edo zehapen irmo bat jaso badute arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik deialdi honen egunaren aurreko 5 urteetan.
f) Azkenik, kanpoan geratuko dira EBrekin zorrak dituzten enpresak, baldin eta laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende badaude, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, bai eta krisian dauden enpresak ere, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (EBAO, C 249, 2014-07-31).
g) Krisian dauden enpresa edo entitateak badira, horretarako krisian dauden eta enpresa arlokoak ez diren enpresen berregituraketako eta salbamenduko Estatuko laguntzei buruzko arauen definizioa aintzat hartuta (2014/C 249/01).
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta gauzatzeko epea.
1.– Laguntza jaso dezaketen gastuak proiektu pilotuaren diseinuarekin, gauzatzearekin eta emaitzak lortu eta aztertzearekin lotutakoak izango dira, balizko erreplikagarritasunari begira.
2.– Zehazki, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira honako hauek:
– Proiektura bideratutako langileen zuzeneko kostuak.
– Egitura-kostuak: zeharkako kostu gisa zenbatuko dira, diruz lagundu daitezkeen langileen zuzeneko kostuen % 15.
– Proiektuarekin zuzenean lotutako materialen eta horniduren kostuak.
– Proiektua garatzeko bakarrik erabiltzen diren kanpo-aholkularitzaren kostuak.
– Proiektuaren jarduerarekin lotutako bidaiak.
– Makinak eta/edo osagaiak garraiatzeko eta instalatzeko kostuak.
– Ziurtapen-espedienteak proiektua amaitzean.
3.– Dirulaguntza emateko ebazpena eman eta gehienez ere hamabi hilabeteko epean egindako gastuak lagunduko dira.
4.– DEALen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan.
5.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea:
a) Hirugarrenekin kontratatzea edo azpikontratatzea onartzen da, % 100era arte; nolanahi ere, DEALen 31.1 artikuluan adierazitakoa bete beharko da. Onuradun batek azpikontratatzen duela ulertuko da hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.
Edonola ere, azpikontratatutako erakundeak ezin izango du izan zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren erakunde eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.
b) DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
6.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) ezingo da diruz lagundu eta, oro har, zerga, tasa edo ekarpen bat bera ere ez.
7.– DEALen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan.
8.– Ez dira diruz lagunduko prezio publikoen mendeko erakunde publikoek fakturatutako zerbitzuak.
9.– Onuraduna enpresa denean, ez dira kontuan hartuko 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.
6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek helmugako herrialdean kontzeptu beragatik emandako beste edozein laguntzarekin.
7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta 2025eko abenduaren 5ean bukatuko da.
2.– Eskaerak, eskakizunak, jakinarazpenak eta deialdi honetan inplikatutako gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezarritakoaren arabera. Helbide honen bidez egin behar dira izapideak: www.spri.eus/pilotu
3.– Betetako eskabidearekin batera, pertsona edo enpresa eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.
4.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko 19/2024 Dekretuan, otsailaren 22koan, ezarritakoaren arabera.
5.– Dirulaguntza eskatzean eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimenari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko ziurtagiria entregatu beharko du, eskatzen zaion aldiro.
6.– Laguntza-eskaera ez badago guztiz beteta edo eskatutako dokumentu guztiak aurkezten ez badira, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak erakundearen lege-ordezkariari eskakizuna egingo dio 10 egun balioduneko epean falta den informazioa edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan. Hala egiten ez badu, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, SPRIren Nazioartekotze zuzendariak emandako ebazpenaren ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat.
7.– Enpresa bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du deialdi bakoitzeko.
8. artikulua.– Eskaeren edukia eta erantsitako dokumentazioa.
1.– Erakunde eskatzaileek honako eduki hauekin egin beharko dute eskabidea:
a) Aplikazio informatikoaren bitartez behar bezala betetako eskaera, erakunde eskatzailearen legezko ordezkaritza eta ahalmen nahikoa duen pertsonak sinatuta. Eskaera horren barruan erakundeari buruzko datuak eta proiektuari buruzkoak gehitu beharko dira, balorazio egokia egiteko oinarria izango baitira.
b) Laguntza eskatzen den proiektu pilotuaren memoria, haren izaera berritzailea, erabilitako metodologia eta ingurune geografikorako egokitzapena zehaztuz.
c) Eskriturak eta erakunde eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen direla egiaztatzeko ziurtagiriak, organo esleitzaileari ez bazaio baimenik ematen dokumentu horiek eskuratzeko.
e) Alderdi hauei buruzko informazioa:
– Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozio-bolumena eta eskatzailearen balantze orokorra, eta, hala badagokio, eskatzailearekin lotura duten gainerako enpresena edo enpresa bazkideena. Balantzeek dirulaguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak izan beharko dute. Horrez gain, eskatzailea enpresa-talde baten parte baldin bada, taldearen datu orokorrak entregatuko ditu; antolaketa-eskema, parte-hartzeen xehetasuna, enpleguaren datuak, ustiapen-zifra eta eskaera egin aurreko bi ekitaldietako balantze erlatiboak barne. Datu horiek eskaeraren aurreko bi urteetakoak izango dira.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskineko eredu normalizatuan oinarrituta.
g) Enpresei emandako 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketen berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak bete direla ziurtatuko da, Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez edo Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean (ROAC) izena emandako auditorearen ziurtagiriaren bidez edo Adostutako Prozeduren Txostenaren bidez.
h) Bazkide izanez gero, Global Compact edo Munduko Ituneko bazkide izatearen egiaztagiria, II. eranskinean deskribatutako ziurtagirien arabera.
i) Enpresa esportazio-partzuergo bateko, salmenta-talde bateko, klusterrak dinamizatzeko elkarte bateko edo elkarte sektorial bateko kidea dela edo lankidetzan nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen duela egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia.
j) Atzerriko erakunde publiko batekin edo erakunde kudeatzaile batekin sinatutako akordioa, proiektu pilotu baten diseinuan parte hartzeko. Bertan, alderdi biek proiektu hori egiteko duten konpromisoa, finantzaketa-ituna, aurreikusitako gastuen aurrekontu xehatua, erreplikagarritasun-aurreikuspenak eta proiektua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen diren gai guztiak jasoko dira.
Eskatzaileak akordioa egiten badu esperientzia pilotuaren xede-proiektuaren erakunde kudeatzailearekin, finantzatzen duen organismo publiko eskudunak gestio hori esleitzen diola egiaztatzeko dokumentazioa ere entregatu beharko du.
2.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak aurkeztutako eskariaren ulermena, ebaluazioa eta tramitazioa behar bezala gauzatzeko beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazio eta/edo informazio osagarri oro eska dakioke eskatzaileari, eta arau honetan aurreikusita ez dauden kasuetan, Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea izango da aplikagarria. Zehaztutako epean entregatu beharko du dokumentazio hori, eskatzen zaion aldiro.
9. artikulua.– Baloratzeko irizpideak.
Onuradun izateko baldintzak bete dituzten enpresen eskaerak balorazio-irizpide hauen arabera baloratuko dira:
– 1. irizpidea: Aurkeztutako proiektu pilotuaren izaera berritzailea, teknologiaren, metodologiaren eta ingurune geografikoaren arabera: 35 puntu arte. Berritzailetzat jotzeko, ezagutza eta teknologia berritzaileen erabilera hartuko da kontuan, azken belaunaldiko aurrerapen teknologikoetan eta ezagutza-aurrerapenetan oinarritutakoak, kostuetan abantaila konparatiboak ematen dituztenak, beste proiektu batzuekin alderatuta, betiere jasangarritasuna eta ezarpenaren inguruneko inpaktua kontuan hartuta.
a) Kalifikazio altua: 35 puntu.
b) Batez besteko kalifikazioa: 20 puntu.
– 2. irizpidea: Proiektuaren erreplikagarritasuna, gehienez 25 puntu.
a) Pilotua egin eta hurrengo bi urteetan atzerriko erakundeak irtenbide teknikoa lehiaketa publikoaren xede den proiektu batera eskalatzeko probabilitate handia: 25 puntu.
b) Pilotua egin eta hurrengo lau urteetan atzerriko erakundeak irtenbide teknikoa lehiaketa publikoaren xede den proiektu batera eskalatzeko probabilitate handia: 15 puntu.
– 3. irizpidea: Lankidetza, gehienez 15 puntu.
a) Proiektu pilotua bi euskal enpresaren edo gehiagoren lankidetzarekin gauzatzen bada, 15 puntu.
b) Enpresa eskatzailea kluster, esportazio-partzuergo, salmenta-talde edo aliantza dinamizatzen duen elkarte bateko kidea bada, 10 puntu.
c) Enpresa eskatzaileak lankidetzako nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen badu, 5 puntu.
– 4. irizpidea: Konpromiso soziala eta jasangarritasuna: 15 puntu, gehienez. Garapen Jasangarriaren helburuekiko konpromisoa baloratuko da.
a) Laguntzaren xede den proiektu pilotuak modu erabakigarrian laguntzen badu 2030 Agendaren 17 helburuetako batean helmugako herrialdean, 15 puntu.
b) Enpresa eskatzaileak 1. blokeko (Erantzukizun Soziala) ziurtagiriren bat badu eta/edo Global Compact edo Munduko Ituneko bazkidea bada, edo jasangarritasunari, genero-berdintasunari, euskararen sustapenari eta erantzukizun sozial korporatiboari buruzko ziurtagiriak eta/edo planak baditu (II. eranskinean aipatzen dira), 5 puntu emango zaizkio.
– 5. irizpidea: Enpresaren tamaina, 10 puntu.
a) Enpresa txiki eta ertaina (ETE): 10 puntu.
10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.
1.– Diruz lagunduko den proiektuaren zenbateko osoak ezingo du 250.000 eurotik gorakoa izan eta proiektua garatzeko eskumena duen edo kudeaketa eskatzailearekin akordioa sinatu duen erakundeari esleitzen dion atzerriko organismo publikoak kostuaren % 49 ordaindu beharko du gutxienez.
2.– Enpresa onuradunentzako laguntzak onartutako aurrekontuaren % 51ra artekoak izan daitezke, eta dirulaguntza gehienez ere 50.000 eurokoa izan daiteke.
3.– Dirulaguntzen zenbatekoa eskaerek lortutako balorazioaren arabera zehaztuko da, baremo hau jarraituz:
a) 50 eta 59 puntu arteko balorazioa jaso duten eskaerak: onartutako aurrekontuaren % 35eko dirulaguntza.
b) 60 eta 69 puntu arteko balorazioa jaso duten eskaerak: onartutako aurrekontuaren % 40ko dirulaguntza.
c) 70 eta 79 puntu arteko balorazioa jaso duten eskaerak: onartutako aurrekontuaren % 45eko dirulaguntza.
d) 79 puntutik gorako balorazioa jaso duten eskaerak: onartutako aurrekontuaren % 51ko dirulaguntza.
Balorazioan 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak dituzten laguntza-eskabideak ezetsi egingo dira SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzaren ebazpen bidez.
Nolanahi ere, 2.2 artikuluan xedatutakoa bete beharko da, baldin eta zuzkidura osoa ez bada nahikoa eskabide guztiei atal honetan ezarritako ehunekoetan erantzuteko.
11. artikulua.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzea. Erakunde laguntzailearen eginkizunak.
Dirulaguntzak norgehiagoka-prozedura bidez esleituko direnez, balorazio-batzordea eratuko da eta espedienteak aztertu, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu, 9. artikuluan jasotako irizpideen eta puntuazioen arabera ebaluatu eta dagozkion txosten teknikoak igorriko ditu. Horretarako, behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkoa iruditzen zaion dokumentazio eta/edo informazio osagarri oro eska dezake edozein unetan.
Balorazio Batzordea 3 pertsonak osatuko dute:
– Presidentea: Imanol Landeta. Basque Trade & Investmenteko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Enpresa Zerbitzuen eta Programen zuzendaria.
– Ordezkoa: Iván Fernández. Basque Trade & Investment-eko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Adimen Lehiakorreko zuzendaria.
– Bokalak:
– Jesús Maria Cantón. Basque Trade & Investmenteko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Programen teknikaria.
– Ordezkoa: Josu Mugertza, Basque Trade & Investment – Euskadiko Nazioartekotze Agentziako Enpresa Zerbitzuen Proiektuen Kudeatzailea.
– Idazkaritza:
– Idazkaria: Itziar Gaviña, Basque Trade & Investmenteko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Programen teknikaria.
– Ordezkoa: Enbor Barruetabeña. Basque Trade & Investmenteko (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) Programen teknikaria.
Espedientea eta balorazio-batzordearen balorazioa ikusita, organo kudeatzaileak SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzendutako ebazpen-proposamena formulatuko du.
Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzailea, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.
b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatzen diren ikuskatzea.
c) Proiektuaren garapenarekin lotuta egoki iritzitako egiaztapenak egitea, eta onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute.
d) Egindako ikuskapenen txostenak egitea.
e) SPRIri gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea.
12. artikulua.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-prozedura.
1.– Laguntzen ebazpena SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak emango du, norgehiagoka-erregimenean, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.
2.– Aipatutako ebazpena oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
3.– Ebazpenean erakunde onuraduna, dirulaguntzen zenbatekoa, eta fase horretan entregatu beharreko justifikazioen eta dokumentuen fasea amaitu arte egin beharreko urratsak jasoko dira. Onuradunari de minimis laguntza bat dela jakinaraziko zaio.
4.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
13. artikulua.– – Laguntzak ordaintzea.
1.– SPRIk ordainketa bakar baten bidez ordainduko dizkio dirulaguntzak erakunde onuradunari, artikulu honetan eskatutako likidazio-eskabidea eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren, nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuaren diseinua eta garapena egin dela egiaztatzeko.
Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.
2.– Justifikazio-agiriak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, proiektua amaitu ondoren eta egun horretatik bi hilabetera arte. Hauxe izango da:
a) Proiektuaren burutzapenari, diseinuari eta garapenari buruzko memoria, bai eta diruz lagundutako proiektuaren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dioten jarduera guztiei buruzkoa ere.
b) Proiektuaren laguntzaile den atzerriko erakunde publikoak egindako obraren/proiektuaren jasotze-akta.
c) Langileen zuzeneko kostua justifikatzeko, ordu-kostua egiaztatu beharko da, eta, horretarako, honako hauek aurkeztu beharko dira:
c.1.– Urteko lanaldia, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboaren arabera.
c.2.– Langileen kostu zuzena justifikatzeko, enpresak 10T eta Langileen Zerrenda Izenduna entregatu beharko ditu, baita proiektuan jardun duten langileen lanaren zatiak ere, bertan emandako orduen xehetasunarekin. Proiektuan parte hartzen duten pertsonak bakarrik hartuko dira kontuan.
d) Zeharkako kostuaren justifikazioa: langileen zuzeneko kostu diruz lagungarrien % 15 hartuko da zeharkako kostutzat.
e) Materialaren, hornigaien justifikazioa: gastu hautagarrien fakturak aurkeztu beharko dira, banakatutako kostuekin, igorpen-datarekin eta hornitzailearen identifikatzailearekin, baita ordainketen dokumentuak ere, horien zenbatekoa eta ordainketa-data zehaztuta.
f) Bidaia-gastuak: garraio-txartelak eta ostatu-fakturak bidaiaren egiaztagiri gisa aurkeztu beharko dira.
g) Kanpo-aholkularitzako gastuak: kontzeptu horrengatik ordaindutako fakturak aurkeztu beharko dira.
h) Proiektu pilotuaren erreplikagarritasunaren ziurtagiria
i) Emandako bankuko kontu korrontearen titulartasun-ziurtagiria aurkeztea.
j) Hainbat hornitzaileren eskaintzak, DEALen 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Ez dira kontuan hartuko 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.
14. artikulua.– Likidazioak zuzentzea.
Dokumentazioa egiaztatzean ikusiz gero enpresak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, jakinarazi egingo da eta enpresak 10 egun balioduneko epea izango du horiek zuzentzeko.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen arabera emango diren dirulaguntzen onuradun izango diren erakundeek honako artikulu hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: DEALen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki, hauek:
a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamar eguneko epean, erakunde onuradunak ez badio espresuki eta idatziz uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
b) Diruz lagundutako jarduera egitea.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea, eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea. Jarduera hori pertsonei buruzkoa denean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.
d) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, edo hark izendatutako langileek, beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezaketela edo bere edozein instalaziotan beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
e) Faktura osoak gordetzea eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, faktura egiten den unetik aurrera.
f) Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egitea bermatzeko.
g) Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
h) Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
i) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
j) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta, batez ere, euskararen erabilera.
k) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organismo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.
l) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
m) Laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera aldatu dela jakinaraztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.
n) Pilotu programak ematen duen laguntza publikoaren xede diren sustapen-euskarri guztietan, Programaren bidez emandako dirulaguntzaren jatorria adierazi beharko da modu egokian.
ñ) Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizaziorik ez egitea.
o) Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jardueren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko dute eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldaraziko dituen proiektuaren gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Horrek, eragin hauetarako, ez-betetzea eragingo du. Aldaketak baimendu ahal izango dira, horiek SPRIri eskatu bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatu baditu (ahal den neurrian), proiektuan aplikatu aurretik, eta baldin eta Programaren helburu diren jardueren eta xedeen izaera hutsaltzen ez bada.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) DEALen aurrez ikusitako kausak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALeko 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza partzialki ordainduko da edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
Hala, onartutako proiektuen justifikazioan % 30 baino gutxiagoko beheranzko desbideratzea ematen bada dirulaguntza esleitzeko onartutako aurrekontuari dagokionez, dirulaguntza berriro kalkulatuko da, hasierako esleipena kalkulatzeko erabilitako irizpide berdinekin.
Halaber, % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbideratze baten ondorioz dirulaguntzarako eskubidea gal daiteke, dirulaguntza jasotzeko helburuak bete direla egiaztatuz gero izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko atalean adierazitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
6.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– Aplikagarri direnean, 2003ko abenduaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta 2003ko abenduaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
3.– Europako Batzordearen EB 2023/2831 Erregelamendua, abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO-L-2023-81820)
4.– Enpresa berrien ekosistema sustatzeko 2022ko abenduaren 21eko 28/2022 Legea (2022ko abenduaren 22ko BOE).
5.– Enpresak sortu eta hazteari buruzko 2022ko irailaren 28ko 18/2022 Legea.
6.– Administrazio Publikoen Administrazio prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena,
HONAKOA ADIERAZTEN DU HAREN ERANTZUKIZUNPEAN
I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:
(i) Euskal Autonomia Erkidegoan errotuta dagoela edo ekoizpenerako instalazio bat duela.
(ii) Eskaera honi dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:
a) Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
(iii) Eskaera honetako dagokion atalean gehitu duela enpresaren tamaina zehazteko informazioa.
(iv) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, DEALen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.
(v) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, DEALen 9.4h) artikuluan adierazitako baldintzetan.
(vi) Ez dagoela DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean; hau da:
a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.
f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.
h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
(vii) Deialdi hau egin aurreko 5 urteetan, ez eskatzailea ez haren legezko ordezkariak ez daudela epai irmo baten bidez kondenatuak, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, ez dutela zehapen irmorik jaso, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.
(viii) Ez dagoela Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende.
(ix) Ez duela LGTBIfobiarik egin, bultzatu edo sustatzen, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
II.– Indarrean dagoen araudian jasotako eskakizunak betetzen ditut.
III.– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.7 artikuluak xedatutakoaren arabera, dagokion erantzukizuna hartuko dut neure gain.
IV.– Erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batean gehitutako edozein datu edo informazio guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez badira, ezingo da eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.
[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.
II. ERANSKINA
PILOTU 2025 PROGRAMA
KONPROMISO SOZIALEKO ETA JASANGARRITASUNEKO ZIURTAGIRIAK
– ERANTZUKIZUN SOZIAL KORPORATIBOA ETA JASANGARRITASUNA.
• Eusko Jaurlaritzako GJH plataformako kide izatea.
• Global Compacteko kide izatea, 2030 Agendako 17. GJHrekin bat egiteko.
• ISO 26000 auditoretza (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).
• SR10 ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).
• SGE 21 ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).
• UNE 165010:2009 EX ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).
• Xertatu (ekintza-planaren data, azken ebaluazioaren data).
• SA 8000.
• Beste ziurtagiri batzuk.
– INGURUMENA.
• EMAS III ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
• ISO 14001 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
• Ekoscan ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
• ISO 14006 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
• ISO 14064 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
• UNE 22470 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
• UNE 22480 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
• Beste ziurtagiri batzuk.
– BERDINTASUNA ETA KONTZILIAZIOA.
• Berdintasun Plana Emakunderen metodologiaren arabera (data, iraupena).
• Kontziliazio-plana (data, iraupena).
• EFR ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).
• Beste ziurtagiri batzuk.
– EUSKARA.
• BIKAIN ziurtagiria (maila, lortze-data, azken eguneraketa).
• Bai Euskarari ziurtagiria (maila, lortze-data, azken eguneraketa).
• Euskara Plana (data, iraupena).
• Beste ziurtagiri batzuk.
RSS