
212. zk., 2025eko azaroaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 3 orri.)
- EPUB (147 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4680
EBAZPENA, 2025eko urriaren 8koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
2025eko martxoaren 11ko Ebazpenaren bidez, «Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2025eko martxoaren 31n argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (62. zk.).
Eraikuntza-proiektuaren xedea da Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean, 24+100 KPtik 26+125 KPra, gainegitura berritzeko eraikuntza-obrak zehazteko behar den dokumentazioa aurkeztea.
Bideak mantentzeko aldizka egiten diren bateo-lanek bidea altxatzea eragiten dute. Bateoak egin eta gero, mentsulak konpentsatu egin behar dira altuerak zuzentzeko. Tuneletan, berriz, hari eroalea gangan lotuta dagoenez, puntu finko bat sortzen da, eta errailaren eta katenariaren arteko distantzia murriztu egiten da, baina konpentsatzeko aukerarik ez dago.
Bermeoko adarrean, 1.200 metroko tarte bat tuneletatik pasatzen da, eta jarduketa horren ondorioz, pasabidearen altuera murriztu egin da. Bestalde, tunel horietako drainatzea hondatuta dago, horregatik ura pilatu eta bideko plataforma kutsatu egiten da. Beraz, tarte horretan jardutea gero eta beharrezkoagoa da.
Tarte horretako egitura osatzen dute blokebakarreko hormigoizko langarek, eta Vossloh finkapen elastikoa duten langare haien gainean UIC-45 errailarekin soldatutako barra luzeek. Joan den mendeko 50eko hamarkadan eraiki zuten. Eta azkenekoz berritu zen 1991n, gutxi gorabehera. Erraila higatua dago irristaldien eraginez.
Akats horiek konpontzeko, beharrezkoa da trenbideko egitura, drainatzea eta trenbide-plataforma berritzea, bai eta plataforma hori beharrezko galiboetara (katenaria-erraila) egokitzea ere, proiektuaren zuzendaritzaren diseinu-irizpideei jarraituz.
Eraikuntza-proiektuaren xedea da Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean, 24+100 KPtik 26+125 KPra, gainegitura berritzeko eraikuntza-obrak zehazteko behar den dokumentazioa aurkeztea.
Beraz, proiektuaren arabera, honako hauek dira lanak: trazadura gauzatu eta hobetzea, trazaduraren definizio geometrikoa ematea, sestra hobetzea trenbideko plataformaren egoera egiaztatu ondoren. Horrez gain, drainatzeak hobetu, trenbidea hustu, errailak eta euskarriak aldatu eta katenaria egiaztatu behar da.
Sukarrietako tartean, Amorebieta-Bermeo lineako 24+900 KPtik 26+125 KPra, kontaktu-hariaren altuera errodadura-planotik 4300 mm-ra ezarriko da; beraz, sestra jaisteaz gain, erregularizatu egingo da, eta tartea balasto gaineko trenbidearekin utziko da, blokebakarreko langa erabilita.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio zehatza biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek izapidetu behar ditu garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra proiektuaren onespenak inplizituko berekin dakarren arren, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Amorebieta-Bermeo lineako Sukarrieta-Mundaka tartean trenbidea berritzeko eraikuntza-proiektua»k ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara bidali beharko dira alegazioak (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Sukarrieta, Mundaka, Busturia eta Bermeo udaletxeetako iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 8a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS