
212. zk., 2025eko azaroaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4677
200/2025 DEKRETUA, urriaren 21ekoa, «Arantzazuko Adiskideak. Red Social de Arantzazu» elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.
Ildo horretatik, 2024ko azaroaren 12an, «Arantzazuko Adiskideak. Red Social de Arantzazu» elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/12038/2005 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2005eko irailaren 26ko Ebazpenaren bidez.
Bere funtzioen lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da. Nolanahi ere, noizean behin Arantzazuren presentzia esanguratsua izan den eta den munduko beste herrialde eta eskualde batzuetan garatu ahal izango du bere jarduera, eta, eratu zenetik, bere helburu nagusiak lortzera zuzentzen ditu bere jarduerak, eta, bereziki, behar handiena duten pertsonei harrera egitera eta laguntzera, eta bizi-kalitatea hobetzera, sinesmenak edo jatorria edozein direla ere, gizartea oro har sentsibilizatuz komunitate abegikorragoak, kulturartekoak, bidezkoagoak eta solidarioagoak sortzeko.
Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute honako erakunde hauek: Fundación Proclade Yanapay, Asociación Bidegin, Servicio de apoyo al duelo y enfermedad grave avanzada, Asociación «Maushaus»: educación de arquitectura y artes para nińos eta Fundación Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa.
Bestalde, 2025eko ekainaren 19an, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena egin zuen: txosten hori eskatu egin zen, gaiari buruzko eskumena baitu.
Azkenik, 2025eko uztailaren 24an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak aldeko balorazio-txosten teknikoa eman zuen. Txosten horretan, dagozkion sailek proposatuta onura publikoa aitortu aurretik, bete beharreko lege- eta erregelamendu-eskakizun guztiak betetzen direla justifikatzen da.
Horrenbestez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, bai eta Gobernu Kontseiluak 2025eko urriaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Arantzazuko Adiskideak. Red Social de Arantzazu» elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/12038/2005 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea eta aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 21ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS