
212. zk., 2025eko azaroaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 2 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4674
201/2025 DEKRETUA, urriaren 21ekoa, «AMPEA» Asociación de Mujeres Profesionales y Empresarias de Álava/Arabako Emakumeen Elkarte Profesional eta Enterpresari izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dio Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango direla, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte eta, gainera, agindu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta aukerakoa da, kasuan kasuko elkarteak dituen helburuen eta gauzatzen dituen ekintzen balorazioaren arabera.
Ildo horretatik, 2024ko abenduaren 19an, «AMPEA» Asociación de Mujeres Profesionales y Empresarias de Álava/Arabako Emakumeen Elkarte Profesional eta Enterpresari izeneko elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/A/04202/1993 zenbakiarekin dago inskribatuta, 1993ko azaroaren 23ko Ebazpena betez.
Arabako Lurralde Historikoan garatzen ditu bere eginkizunak. Eratu zenetik, bere helburu nagusiak lortzera bideratzen ditu bere jarduerak, bereziki emakumeen ahalduntzea sustatzera eremu profesionalean eta enpresarialean, eta, horrela, Arabako komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialean laguntzera.
Era berean, aniztasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoagatik, genero-berdintasuna sustatzeagatik eta gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sustatzeagatik nabarmentzen da, gizarte bidezkoagoa eta zuzenagoa eraikitzen lagunduz.
Entitate hauek bat egin dute onura publikokoa dela aitortzeko eskaerarekin: Egibide, AENKOMER, Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea, A.B. / Centro de Empresas e Innovación de Álava, S.A., Laboral Kutxa eta Emakunde.
Bestalde, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Enplegu Zuzendaritzak, 2025eko ekainaren 13an, elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena egin zuen. Izan ere, txosten hori egiteko eskatu zitzaion, eskumena baitu arlo horretan.
Azkenik, 2025eko urriaren 3an, aldeko balorazio-txosten teknikoa eman zuen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak. Txosten horretan justifikatu egiten da, onura publikoa aitortu aurretik, bete egiten direla kasuan kasuko sailek proposatu dituzten legezko eta arauzko baldintza guztiak.
Horrenbestez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2025eko urriaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aitortzea «AMPEA» Asociación de Mujeres Profesionales y Empresarias de Álava/Arabako Emakumeen Elkarte Profesional eta Enterpresari izeneko elkartea onura publikokoa dela, eta onartzea aitortza horren ondorioz dituen eskubideak. Elkartea AS/A/04202/1993 zenbakiarekin dago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 21ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS