Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2025eko azaroaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4673

199/2025 DEKRETUA, urriaren 21ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) Satrustegi Dorrea, monumentu izendapenaz, kultura-ondasun deklaratzen duen eta haren babes-araubidea ezartzen duen Dekretua.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren bidez, kultura-ondarearen arloko eskumen esklusiboa bereganatu zuen, bai eta Estatuak esportazioaren eta espoliazioaren aurka babesteko ezarritako arauak eta betebeharrak betetzea ere.

Esleipen horren ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Sailkatutako Kultura Ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen zituena. Lege horren 12. artikuluaren arabera, Satrustegi Dorrea Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion.

Kalifikazio horretarako, ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua onartu zen, Donostiako Satrustegi Dorrea, monumentu izendapenaz, kultura-ondasun deklaratu eta hura zaintzeko babes-araubidea ezarri zuena (1995eko uztailaren 5eko EHAA, 127 zk.).

Kalifikazio horren ondorioz, aipatutako Dekretuaren 15. artikuluak ezarri zuen ezen Satrustegi Dorrearen mugaketaren barruan sailkatutako kultura-ondasun gisa sartutako espazio libreak gaur egungo egoeran gorde beharko direla, eta haietan zuhaitzak eta lorezaintza hobetzeko esku-hartzeak baino ez direla onartuko; jarduketa jakin batzuk kanpo geratzen dira, hala nola, esku-hartze suntsitzaileak (zuhaitz-mozketak, arrazoia edozein dela ere; zuhaixka-espezieak ezartzea; eta, hobetzeko edo handitzeko jarduketa gisa onartzen diren hirigintza-proiektuetan aurreikusi ez diren lur-mugimenduak (betiere, dagokion txostenaren xede izango dira) eta eraikuntzako esku-hartzeak (mugatutako eremuan parke edo lorategi gisa soilik erabiltzen ez den eta, nolanahi ere, aurreikusten den eta dagokion txostenaren xede izango den garapen-plangintzan jasota egongo den edozein motatako higiezina eraikitzea).

Dorrera sartzeko bidea mantentzeko eta hobetzeko lanak ere baimentzen dira.

Hala ere, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2009ko apirilaren 2ko Ebazpenaren bidez (2009ko maiatzaren 12ko EHAA, 88. zk.), hasiera eman zitzaion Donostiako Satrustegi Dorrea monumentu izendapenaz kalifikatzeko ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua aldatzeko prozedurari, eta erabaki zen jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egitea.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, hainbat alegazio-idazki aurkeztu ziren, eta haiek aztertuta, partzialki baietsi dira Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako alegazioak. Bertan, eskatzen da parametro nahikoak sartzeko bermatzeko Satrustegi Dorreko lorategian egin litekeen esku-hartze baten baliozkotasuna.

Horregatik, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, Kulturako sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko abuztuaren 31n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, onartu zen ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua aldatzea, Donostiako Satrustegi Dorrea, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa Monumentu izendapenaz kalifikatzeko dena, 15.b) artikuluari emandako idazketa berriarekin bat etorriz. Horrela, abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretua, Satrustegi Dorrea Kultura Ondasun gisa Monumentu izendapenaz kalifikatzeko Dekretua aldatzen duena, aldatu zen.

Ondorioz (Satrustegi Dorrea, aitortutako ondasunaren mugaketaren barruan haren inguruko espazio libreei dagokienez, Donostiako Satrustegi Dorrea Kultura Ondasun gisa Monumentu izendapenaz kalifikatzeko den ekainaren 20ko 312/1995 Dekretuaren 15.a) artikuluan eta Donostiako Satrustegi Dorrea Kultura Ondasun gisa Monumentu izendapenaz kalifikatzeko Dekretua aldatzeko den abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretuaren 15.b) artikuluan jasotakoa da). Eremu babestuak 39.200 metro koadro ditu babes-ingurunean.

Aldaketa hori egin eta urte batzuetara, Euskal Kultura Ondarearen Zentroan zenbait kontsulta sartu ziren Satrustegi Dorrea hotel-espazio gisa erabiltzeko birgaitze-aurreproiektuei buruz.

2021eko abenduan, hirigintza-kontsulta bat sartu zen Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskal Kultura Ondarearen Zentroan. Kontsulta horren bidez, 227/20210 Dekretuaren interpretazio zuzena ezagutzeko eskatu zuen, inguruan Satrustegi Dorreari lotuta baimentzen den eraikin berriari dagokionez. Kontsulta hori irakurrita, ikus daiteke aipatutako Dekretuaren 15.b) artikuluaren idazketak hainbat akats dituela eraikinaren orientazioari dagokionez, aukera eman dezaketenak altxaeran dagoen monumentua nahi gabe handitzeko.

Aldi berean, eta testuinguru horretan bertan, 2024ko ekainean, Donostiako Udalak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eskatu zion espediente bat hasteko Donostiako Satrustegi Dorrea monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratu zuen Dekretua aldatzen duen abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretua aldatzeko.

Igarotako denborak eta Dekretuaren araudiaren aplikazio praktikoan planteatutako gorabeherek eta arazoek, bai eta onartutako testuan identifikatu ziren akatsak zuzendu beharrak ere, aholkatu zuten babes-araubidearen apartatu horiek berrikustea, eta, aldi berean, gehiegizko zehaztasuna saihestea; izan ere, frogatu den bezala, zehaztapen hori idazlea babesteko asmoaren aurkakoa izan daiteke, praktikan sortutako interpretazio desberdinen ondorioz.

Egoera hori ikusita, interesgarritzat jo zen gaia eztabaidatzea Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluak 2024ko azaroaren 27an Bilbon egindako 2/2024 bilkuran. Gaia konplexua eta polemikoa izan zen, nahiz eta berretsi zen kide guztiak ados zeudela Dekretua aldatu ahal izateko, jauregia behar bezala kontserbatuko zela bermatuko zuten birgaitze-obrak ahalik eta lasterren egin ahal izateko.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek gaia aztertu ondoren, testua argiagoa izan zedin, beharrezkotzat jo zen 312/1995 Dekretuaren 15. artikulu osoa aldatzea eta abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretua indarrik gabe uztea.

Horretarako, 2025eko ekainaren 25ean, Kulturako sailburuordearen 2025eko maiatzaren 27ko Ebazpena argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ebazpen horren bidez, hasiera eman zitzaion Donostiako Satrustegi Dorrea monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duen eta haren babes-araubidea ezartzen duen ekainaren 20ko 312/1995 Dekretua aldatzeko espedienteari, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia eman zitzaien.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, bi alegazio-idazki aurkeztu ziren: bata, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, garaiz eta behar bezala, eta bestea, Áncora Ondarea Kontserbatzeko Elkartearena, behar bezala baina epez kanpo aurkeztua. Bi idazkiak hartu dira kontuan testuaren azken idazkeran.

Horretarako, aurkeztutako alegazio bakoitza honela aztertu da:

Áncora Elkarteak aurkeztutako idazkian lau alegazio aipatzen dira, zehazki honako hauek:

Lehenik eta behin, Elkarteak adierazten du Dekretuaren aldaketan proposatutako zehaztapenekin kalte itzulezina eragingo litzaiekeela Espainiako Konstituzioaren 45. eta 46. artikuluei, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluari ere; izan ere, zehaztapen berriek gomendio soil bihurtuko lukete eraikin historikoaren atzealdean eraikin berriak jartzeko egungo betebeharra, eta eraikin nagusiaren ingurune osoan kokapenak ahalbidetuko lituzkete, baita aurreko belardian ere. Gainera, gehitu du ezen, proposatutako aldaketan, ezabatu egiten dela gaur egun Dekretuan indarrean dagoen gehieneko okupazioaren ehunekoa, eta horrek ahalbidetuko lukeela ia erabat okupatzea 8.000 metro koadro.

Aurrekoa ikusita, adierazi behar da aldaketaren arrazoia dela, batez ere, erraztea monumentuan ekologikoki eta kulturalki sostengagarria den erabilera bat txertatzea, betiere kultura-ondasunean kalte itzulezinak eragiten ez badira.

Aldaketak ez du zabaldu nahi jada onartuta dagoen eraikuntza-erabilera; horregatik, egokitzat jotzen da alegazioa partzialki onartzea, gaur egun indarrean dagoen okupazioaren mugari buruzko erreferentzia mantentzeko, hau da, Kultura Kalifikazioari buruzko Dekretuak – Dorrea barne – mugatutako eremuaren % 5ari eusteko. Horrek hotel-ekipamenduaren azalera murriztu egiten du, 1.400 metro koadrotan finkatuta (lurzoruaren eta zorupearen gehieneko okupazio onargarritzat hartuta).

Bigarrenik, Áncora Elkarteak alegatu du planteatutako aldaketak dakarrela kultura-ondasunaren babes-araubidea murriztea, interes orokorrerako arrazoirik gabe. Adierazten du ezen, indarrean dauden baldintzekin, posible dela hotel-erabilera baten bideragarritasuna, babesa murriztu beharrik gabe eta eraikinaren aurrealdean bizitegi-eraikuntzako jarduketarik egin gabe.

Ildo horretan, egiaztatu da erregimen zurrunegiak formulatzea, zehatzegiak izateagatik, lortu nahi den helburua lortzearen aurkakoak ere izan daitezkeela; izan ere, helburu hori monumentuari balioa ematea bermatzea baino ez da. Beraz, ez da egokia proiektu zehatzei lotutako babes-araubidearen doikuntzak proposatzea.

Hirugarrenik, Elkarteak adierazi du Donostiako eremu garrantzitsuenetako bat dela Dorrearen aurrean hedatzen den belardia, itsasoranzko maldan dagoena, eta ondasunaren zati dela. Dioenez, larre horretan bizitegi-eraikuntzako jarduketak baimentzen badira, ingurunea aldatzen da eta ezabatu egiten da deklaratutako kultura-ondasunaren zati bat; horrek esan nahi du ondasuna partzialki desbabesten dela, desafektazio-espediente espezifikorik gabe. Alegatzen duenez, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen arabera, deklaratutako ingurunea ondasunaren zati bat da. Alegazioak, halaber, ingurunearen kontserbazioari buruzko Xí’an-go (2005) Deklarazioaren printzipioei buruzkoak dira. Era berean, aipatzen da ingurunea babesteko araubidea murrizteko aukera irmoki baztertu zela Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak aurkeztutako alegazioarekin, beharrezkotzat jo baitzuen lorategia okupaziorik gabe mantentzea eta bertako espazio librea zaintzea.

Horri dagokionez, nabarmendu behar da Dorrearen aurrean hedatzen den belardia, gaur egun, Dorreko lorategiaren elementu egituratzailea dela, eta, elementu egituratzaile gisa, balio kultural esanguratsuak ditu, eta, gainera, eragin zuzena dute Donostiako badiako paisaia babestuan. Horregatik, zehaztu behar da zer aldatzen den aldaketaren xede den Dekretuaren 15. artikuluaren e) letran, eta, gainera, manu horretan g) apartatua sartu behar da.

Eta, azkenik, Elkarteak adierazi du Dekretua aldatzeak dakarrela ingurumenaren eta kulturaren babes-maila nabarmen jaistea, eta, hala ere, aldaketaren arrazoiak akatsak zuzentzea baino ez du aipatzen, eta zehaztasun gehiegi ematea saihestea, idazlearen babes-asmoaren aurkakoa izan baitaiteke. Baieztatzen du administrazio-prozedura babes-arau bat saihesteko erabiltzea botere-desbideratze kasu bat dela, honako arrazoi hauengatik: argudiatutako arrazoiaren eta aldaketaren benetako ondorioen arteko desberdintasuna; dauden txosten teknikoen eta azken erabakiaren ageriko inkongruentzia; kultura-ondarea babesteko legezko helburuetara egokitutako motibaziorik eza; eragindako ingurunea desklasifikatzea gomendatzen duen aldaketa fisikorik eza; eta administrazio-prozedura desbideratzea, zeinak kultura-ondasunaren araubidea aldatzea aukeratzen baitu haren desafektazio partzialaren aurrean.

Dekretu hori aldatzeko arrazoi nagusia da monumentuan erabilera sostengagarri bat sartzea, kultura-ondasunean kalte itzulgarririk sortu gabe eta hura osatzen duten zatietako bat bera ere desbabestu gabe. Jarduteko esparru orokor bat ezarri nahi da, kontrol-organoak esku hartzeko tarte zabala izan dezan erabilera berrietara egokitzearen arloan. Esparru horrek nahitaez bat etorri behar du 312/1995 Dekretuaren babesarekin eta kulturaren sektoreko ordenamenduaren irizpideekin: erabilera berri onargarriak ezin dio kalterik egin kultura-ondasunaren aitortutako balioari, ez eta egiazkotasunari eta osotasunari ere.

Kongruentziari eusteko, lehen eta hirugarren alegazioei dagokienez aipatutako doikuntzak sartu dira.

Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako alegazio-idazkiari dagokionez, alegazio bakarrean, uste da aldaketaren testua murriztaileagoa dela, Dorrearen aurrealdeari dagokionez, gainerako inguruneari dagokionez baino, eta adierazi da bereizketa hori oinarritu beharko litzatekeela lorategiaren eta ingurunearen azterketa sakon batean. Eta, gainera, lurzatiaren erregimen hidrikoari ez eragiteko baldintza ezartzea ez da baldintza egokia, edozein jarduketa txikik eragina izan baitezake lurzatiaren erregimen hidrikoan.

Aipatutako alegazioa aztertu ondoren, eta kultura-ondarearen ikuspegitik aukerarik onena bideragarria izan dadin, eraikuntza-proiektu bat baimentzeko orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak planteatutako alegazioa partzialki baietsi behar da, eta hasieraren testua birformulatu behar da, Áncora elkarteak planteatutako hirugarren alegazioa ebazteko txosten teknikoak proposatutako testuaren zentzu berean.

Horregatik guztiagatik, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoen aldeko txostenak ikusita, aldeko txostena egin zaio Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluak 2025eko urriaren 9ko bilkuran egindako aldaketa-proposamenari, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilua arautzen duen urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz.

Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko urriaren 21ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatzea ekainaren 20ko 312/1995 Dekretuaren 15. artikulua. Dekretu horren bidez, Donostiako Satrustegi Dorrea, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa sailkatzen da, eta finkatzen da zein den hura zaintzeko babes-araubidea. Artikulu hori honela idatzita geratu da:

«15. artikulua.- Babes-araubide honen xede den ondasunaren inguruan baimendutako esku-hartzeak.

Satrustegi Dorrearen babes-ingurunean planteatzen diren esku-hartzeek bideratuta egon beharko dute haren berezko lorategi-parkearen izaera indartzera.

Hala ere, onargarritzat jotzen dira 10. artikuluan ezarritako erabilerei lotuta dauden eta honako baldintza hauek betetzen dituzten okupazioak:

a) Erabilera berriak sartzeak beti bermatu beharko du eraikin nagusiaren eta babes-ingurunearen kontserbazioa, zaharberritzea eta balioa nabarmentzea.

b) Lurpean edo altueran egiten den eraikin edo instalazio berria, ahal dela, eraikinaren atzealdean, mendebaldean, kokatuko da, mendi-hegalaren topografiara organikoki egokituko den esku-hartze baten bidez, eraikin nagusiaren gaineko eragina eta lurzatiaren naturagunearen gaineko inpaktua minimizatzeko.

c) Dorrearen iparraldeko eta hegoaldeko albo-aurrealdeko okupazio partzialak ere onartu ahal izango dira, baldin eta kontrol-agintaritzak, proiektuaren zehaztapen arkitektonikoaren unean, hala erabakitzen badu Kultura Ondarearen ordenamendu sektorialak ezarritako aurretiazko baimenaren izapidearen barruan.

d) Nolanahi ere, altuerako eraikuntza gutxienez zortzi metro atzeratu beharko da eraikin nagusiaren fatxadetatik, eta ezingo du inoiz gainditu Dorrearen hirugarren forjatuaren altuera (bigarren solairua).

e) Eraikinaren aurrealdean, ekialdean, proposatutako esku-hartzeak onartuko dira, baldin eta Dorrearen lorategia kontserbatzea, zaharberritzea edo, hala badagokio, berreskuratzea bermatzen badute. Horri dagokionez, salbuespen gisa, kontrol-agintaritzaren aldeko txostenarekin, aurrealdean, lorategia kontserbatzea, zaharberritzea edo berreskuratzea bermatzen duten lurpeko eraikuntza-jarduketak baino ezin izango dira onartu, edo instalazioak sartzeko jarduketak, betiere lorategiaren egungo egoera zaintzen bada, bai jatorrizko topografiari dagokionez, bai paisaia- eta lorezaintza-tratamenduari dagokionez. Era berean, aztertu beharko da zer inpaktu izan dezakeen lurzati osoak erregimen hidrikoan, monumentuaren babesean eragin negatiborik izan ez dezan.

f) Okupazioari dagokionez – hau da, eraikinak hartzen duen lurzoruaren eta lurpearen gehieneko okupaziotzat hartuta –, lorategiz inguratutako eraikin nagusiaren multzoaren kontserbazio tipologikoa bermatzeko, Dekretuak babestutako eremu osoaren % 5eko erreferentzia-balioa ezartzen da. Eremu babestuak 39.200 m2 ditu, eta Satrustegi Dorrearen okupazioa 560 m2-koa da. Beraz, erabilera berri sostengagarri bati lotutako lurzoruaren erreferentziako okupazioa 1.400 m2-koa da.

g) Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu beharko du inpaktua aztertzeko planteatzen denean esku hartzea babestutako ondasunean eta haren ingurunean, azterlanak identifika dezan zer alderdi kontserbatu nahi diren eta zer neurri ezartzen diren ziurtatzeko haiek mantentzen direla. Baimena ematea edo ez ematea ekarriko duen izapidetzea hasteko, ezinbesteko baldintza izango da azterketa hori behar bezala formulatzea eta haren emaitza.

h) Balizko inpaktuak identifikatzeko, egunez zein gauez egin beharko da.

i) Dorrerako sarbidea mantentzeko eta hobetzeko lanak baimenduko dira».

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Dekretu honen berri emango die Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzari, bai eta jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapidean alegazioak aurkeztu dituzten pertsonei edo erakundeei ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Argitalpena.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Donostiako (Gipuzkoa) Satrustegi Dorrea, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko Dekretua aldatzen duen abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretua indarrik gabe uztea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua azkenekoz aldizkari ofizialetan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua azkenekoz aldizkari ofizialetan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau jarriko da indarrean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 21ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala