Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2025eko azaroaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4663

203/2025 DEKRETUA, urriaren 21ekoa, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sortu eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, Jaurlaritzaren barruan estatistika-organo espezifiko bat eratuta duten sailek, lege horretan aurreikusitako moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko jarduketa gauzatuko dute, eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundearen zati bat osatuko dute. Era berean, lege-testu beraren 27. artikuluak estatistika-organo espezifikoen erregulazioa beren araudi propioari lotzen dio.

Jaurlaritzaren sailetako estatistika-organoak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak garatzen ditu aipatutako legean sailetako estatistika-organo horien sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruz jasotako aurreikuspenak. 180/1993 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen du, gainera, Jaurlaritzako sailek Euskal Estatistika Planean edo Urteko Estatistika Programetan eurei dagozkien estatistikak eta jarduerak egin ahal izateko, ezinbestekoa izango dela sailek estatistika-organo espezifikoa izatea. Dekretuaren 1.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, sail bakoitzak estatistika-organo espezifiko bakarra eduki ahal izango du.

Eusko Jaurlaritzaren XIII. legegintzaldiaren hasiera dela eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua indarrean sartu ondoren (dekretu horrek Eusko Jaurlaritzaren konfigurazio berria ezarri du), garraioen eta mugikortasun jasangarriaren arloa Mugikortasun Jasangarriaren Sail berriari esleitu zaio, haren 16. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

18/2024 Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desagertutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako eta Garraio eta Azpiegitura Sailburuordetzako organo eta unitateek osatuko dute Mugikortasun Jasangarriaren Saila.

Hala ere, dekretu horren hamahirugarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuak zehazten duenez, ezabatutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren unitateak eta baliabide materialak eta giza baliabideak Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Zerbitzu Zuzendaritzetan sartuko dira, garatzen dituzten eta atxikita egon daitezkeen eginkizunekin bat etorriz.

Hamahirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoari jarraiki, ezabatutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Estatistika Organo Espezifikoa Etxebizitza eta Hiri Agenda Sail berriko Zerbitzu Zuzendaritzara pasatu da, eta beharrezkoa da Mugikortasun Jasangarriaren Sail berriko Estatistika Organo Espezifikoa sortzea.

Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak, bigarren xedapen iragankorrean, Saileko Estatistika Organo Espezifikoa Zerbitzu Zuzendaritzaren barruan dekretu bidez sortzea aurreikusi du.

Ondorioz, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren proposamenez, Euskal Estatistika Batzordeak txostena egin ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2025eko urriaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen bidez, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sortzen da, eta organo horren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dira, Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren preskripzioekin bat etorriz.

2. artikulua.– Mendekotasuna.

Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sail horretako Zerbitzu Zuzendaritzaren mende dago zuzenean, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 7.2.p) artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Zerbitzu Zuzendaritzak Saileko Estatistika Organo Espezifikoari esleitutako eskumenak eta ahalmenak baliatuko ditu, eta Saileko edozein organori laguntza teknikoa emango dio saileko estatistikekin zerikusia duten gaietan.

3. artikulua.– Eskumenak.

1.– Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa, bere eskumenen ondorioetarako, I. motakoa izango da. Horren arabera, 180/1993 Dekretuak mota horretako estatistika-organo espezifikoei ematen dizkien eskumenak izango ditu, eta, zehazki, honako hauek:

a) Euskal Estatistika Planaren proiektuaren oinarri izango den saileko estatistika-plana egitea.

b) Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan aritzea Euskal Estatistika Plana eta Urteko Estatistika Programak egiteko.

c) Urteko Estatistika Programetan jasotako estatistikak edo horien faseak egitea, programa horietan zehazten diren baldintzetan.

d) Berezko estatistikak egitea, Euskal Estatistika Planean eta Urteko Estatistika Programetan sartu gabeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako moduan.

e) Artikulu honen c) eta d) apartatuetatik eratorritako estatistika-eginkizunen ondorioz beste erakunde batzuekiko harremana izatea, betiere 4/1986 Legearen 29.c) eta d) artikuluan ezarritakoa betez.

f) Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa lortzea, 4/1986 Legearen 9. artikulutik 16.era bitartean adierazitako moduan.

g) Artikulu honetako d) apartatuan aipatutako estatistiken emaitzak argitaratzea eta zabaltzea, baita urteko estatistika-programetan zehazten direnak ere, haien edukia Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazi ondoren.

h) Bere sektore-eremuko estatistika-direktorioen fitxategiak egiten eta eguneratzen parte hartzea, 4/1986 Legearen 29.i) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

i) Mugikortasun Jasangarriaren Sailak interesgarritzat jotzen dituen proiektuak egitea, bereziki sektoreen eta azpisektoreen mailako zerbitzuak, azterlanak eta analisiak, 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritako esparruan.

2.– Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa bere eskumenak baliatuko ditu bai sail horren beharrizan estatistikoei dagokienez, bai sail horrek atxikita dituen erakunde instituzionalei dagokienez, eta estatistikak datu estatistikoetatik edo datu administratiboetatik abiatuta egin behar diren kontuan hartu gabe.

3.– Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoa errespetatu egingo ditu aipatutako saileko organo eta instantziei estatistikek eragindako gaietan legez esleitutako eskumenak. Organo eta instantzia horiek bere eskumenak gauzatzeko behar duen informazioa emango diote.

4. artikulua.– Funtzionamendua.

Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak, 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako Estatistika Organo Espezifikoen Erregistroan inskribatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko bere jarduna gauzatuko du, estatistika-legeria betez, eta, bereziki, sekretu estatistikoari dagokionez, beste organo eta ente batzuekin dituen harremanetan, bere sailekoak edo sailari atxikitakoak barne.

5. artikulua.– Administrazio-errekurtsoak.

1.– Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak izango du Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Estatistika Organo Espezifikoak emandako egintzen aurka jartzen diren administrazio-errekurtsoak ezagutzeko eta ebazteko eskumena.

2.– Errekurtso horiek ebazteko, Euskal Estatistika Erakundearen nahitaezko txostena beharko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Dekretu hau indarrean sartzen denean, indargabetuta geratuko da irailaren 14ko 207/2021 Dekretua, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sortu eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituena, garraioei dagokien zatian, ezabatutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Estatistika Organo Espezifikoa Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara pasatu delako, bai eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak emango ditu.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 21ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,

SUSANA GARCÍA CHUECA.


Azterketa dokumentala