
210. zk., 2025eko azaroaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (268 KB - 26 orri.)
- EPUB (157 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4645
AGINDUA, 2025eko urriaren 21ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibismoa sustatzeko laguntzak ezartzen dituena. Kooperatu 2025 programa.
Nekazaritza-asoziazionismoa, fenomeno orokor gisa, eta kooperatibak bereziki, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen protagonistak dira, lurraldea egituratzen laguntzen dute, landa-enplegua sustatzen dute eta garapen ekonomiko eta sozialaren eragile izateko gaitasun berezia dute; nekazaritza-asoziazionismoa, zalantzarik gabe, funtsezko elementua da nekazaritza-jarduerari jarraipena emateko eta gure landa-eremuen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko. Horren erakusgarri, esan daiteke Euskadiko nekazaritzako elikagaien kooperatiba-sektorea 76 erakundek, 864 langilek eta 6.797 bazkidek osatzen dutela, eta 400 milioi euro inguruko fakturazioa duela 2024an. Beraz, nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibak gure elkarte-sarearen funtsezko segmentua dira, Euskadiko nekazaritza-ekoizpenaren lehen maila egituratzen dute eta lurralde-kohesioa hobetzen laguntzen dute, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortuz, landa-inguruneko herritarrek eskatzen dituzten zerbitzu berriak eskainiz.
Gizarte-ekonomiak, eredu kooperatiboaren bitartez, historian zehar balio izan du ekoizle txikien jarduera ekonomikoa errentagarri bihurtzeko: balio demokratiko eta solidarioetan oinarrituta, ahaleginak batzen dira eta eskalako ekonomiak lortzen dira, enpresa egiteko modu espezifiko gisan. Hala ere, egungo enpresa-testuinguru ekonomiko globalizatuan lortutako enpresa-unitate ekonomikoak ez dira nahikoak, argi dagoenez. Oro har, elikadura-industriaren arloa oso atomizatuta dago. Horregatik ahalegin gehiago egin behar dira enpresak integratzeko, enpresa-ikuspegitik, funtsezko zutabea baitira sektorearen jasangarritasunerako eta, beraz, landa-herriek bizirik irauteko eta garapena izateko ere.
Ildo horretan, argi dago sektorearen gehiegizko atomizazioaren ondorioz, hobekien egituratutako erakundeek ere ez dituztela beren ahaleginak eta inbertsioak errentagarri ikusten, eta beharrezkoa da kooperatiba-oinarriko talde merkaturatzaileen integrazioa eta sustapena sustatuko duten neurriak abian jartzea, nekazaritzako elikagaien kate osoan jarduteko gai izango direnak eta nekazarien errenta hobetzen eta gure landa-eremuetan nekazaritzako elikagaien industria-sare lehiakorra finkatzen lagunduko dutenak.
Errusiak Ukraina inbaditu izanak ondorio garrantzitsuak ekarri ditu eta ekartzen jarraitzen du ekonomia- eta enpresa-sektore guztietan, baina, bereziki, zeharo kritikoki larriagotu du nekazaritza-sektore askok bizi zuten egoera ahula, EBtik kanpoko baliabideen mende baitzegoen. Inbasio horren zuzeneko ondorio ekonomikoak izan dira ekoizpen-kostuak –animalien elikadurarako lehengaien prezioak eta energiaren prezioak igotzearen ondoriozkoak– eta erregaiarena ere etengabe handitzea. Azken batean, egoera ezin egokiagoa da Euskadiko nekazaritza-kooperatibak muturreko egoeretara eramateko; horregatik, behar-beharrezkoa da euskal kooperatiba-sektoreari laguntzeko estrategia bat diseinatzea.
Eta aurreko guztia kontuan hartuta, estrategia horren ardatz nagusia kooperatiben eta elkarteen integrazioa bultzatzea eta sustatzea da, gure kooperatiben lehiakortasuna, birdimentsionamendua, modernizazioa eta nazioartekotzea bultzatuko dituelakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta lehiakortasuna hobetzeko egiturazko erreformen esparruan.
Horregatik, garrantzitsu eta egokitzat jotzen da itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emateko deialdia egitea, 1.200.000 euroko finantzaketa ezarrita. Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako kredituetatik baizik ez dira hartuko.
Europako Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, 2023ko abenduaren 13koan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako de minimis erregimenari lotzen zaizkio laguntza horiek.
Agindu honetan argitaratzen diren laguntzak ez badaude ere jasota Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartutako 2024, 2025 eta 2026rako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan –elikagaien, landa-garapenaren, nekazaritzaren eta arrantzaren arloetako dirulaguntzak jasotzen dituena–, guztiz lerrokatuta daude Jaurlaritzaren eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren programan ezarritako helburu estrategikoak lortzeko estrategiarekin. Helburu horiek 2025eko aurrekontuen memorian aipatzen dira, eta bereziki azpimarratzen da nekazaritza-elikagaien sektorean integrazio- eta elkartze-prozesuak sustatzeko helburua, zeina bereziki bideratuta baitago enpresen dimentsioa, eraginkortasuna, aipatutako elkarteen errentagarritasuna eta sektore horren beharrezko errentagarritasun eta lehiakortasuna hobetzera eta landa-inguruneko gizartearen bizi-kalitatea eta ahalduntzea hobetzera, hartara Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa betez.
Dirulaguntza-deialdi hau bat dator Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.
Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz, zeinaren 26.4 artikuluaren arabera, sailburuek, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia baitute), hau
EBAZTEN DUGU:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2025erako onartzea Kooperatu 2025 Programa, EAEn nekazaritzako elikagaien arloko kooperatibismoa sustatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak, agindu honen I. eranskinean xehatuak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari edo Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 21a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2025eko ekitaldirako laguntzak arautzea eta deialdia egitea, nekazaritzako elikagaien sektorean kooperatibak integratzeko eta elkartzeko prozesuak sustatzeko. Prozesu horien ondorioz, baliteke bigarren zain goragoko graduko kooperatibak eta lankidetza ekonomikoko beste modalitate batzuk sortzea, hala nola enpresa-elkarteak, kooperatiben arteko akordioak eta kooperatiba-taldeak eta kooperatiba mistoak (Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean aitortzen dira figura horiek. III. kapitulua, 146. eta 155. artikuluen artean), Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren prozesuak, elkarte horien enpresa-dimentsioa, eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzera bideratuak.
2.– Laguntzok de minimis motakoak dira, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Arautegian arautuak.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorra onartzen duen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera, laguntza-deialdi honek behar besteko aurrekontu-estaldura du, 1.200.000 eurokoa; horietatik, 600.000 euro 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 600.000 euro 2026ko ekitaldiko konpromiso-kredituari.
2.– Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez ditu gaindituko aipatutako baliabideak edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketarik onartzen bada, horiek eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa. Gehikuntza hori gertatuz gero –zeinak hasieran aurreikusitako kopurua % 20 handitu ahal izango baitu–, deialdia ebatzi aurretik egin beharko da, eta horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Publizitate horrek ez du esan nahi eskaera berriak egiteko epea irekiko denik, ezta ebazteko epea berriz zenbatzen hasiko denik ere.
3. oinarria.– Erakunde onuradunak.
1.– Nekazaritzako elikagaien erakunde hauek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntza, baldin eta laguntzaren xede diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte:
a) Nekazaritzako elikagaien sektoreko kooperatibak.
b) Nekazaritzako elikagaien sektoreko bigarren graduko kooperatibak.
c) Nekazaritzako eraldatze-sozietateak.
d) Merkataritza-erakundeak, baldin eta haien kapital sozialaren ehuneko 50 baino gehiago arestian aipatutako erakundeetakoena bada. Sozietate anonimoa izanez gero, haren akzioak izendunak izan beharko dira.
2.– Aurreko atalean jasotako erakundeek, betiere beren produkzio-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan badago, prozesu hauetako bat egiteko laguntzak jaso ahal izango dituzte:
a) Erakunde bat edo gehiago entitate bakar batean integratzea, erakunde integratuen nortasun juridikoa iraungi gabe.
b) Bat egitea: erakunde batek bi erakunde edo gehiago xurgatu dituelako, edota guztiak desegin direlako erakunde berri bat eratuta.
c) Lankidetza ekonomikoko hainbat modalitateren bidez elkartzea, hala nola enpresa-elkarteen, kooperatiben arteko akordioen eta kooperatiba-taldeen eta kooperatiba mistoen bidez.
3.– Eskaera bakarra onartuko da integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesu bakoitzeko. Horregatik, eskaera aurkeztean integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesua amaitu ez bada, dirulaguntzaren xede den prozesuko kide guztiek osatutako taldeak bakarrik formulatu beharko du eskaera, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskabidean berariaz adierazi beharko dira erakunde bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu behar zaion dirulaguntzaren zenbatekoa. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute. Ordezkari edo ahaldun horrek ahalmen nahikoa izango du, onuradun gisa, integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesu horretan parte hartuko duten erakunde guztiei dagozkien betebeharrak betetzeko. Erakunde horrek jasoko ditu dirulaguntzaren funtsak, eta gainerakoen artean banatuko ditu.
4. oinarria.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.
1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarriak:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtso-deklarazioa ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitu ez izana, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-denboraldia amaitu gabe.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak ez sorrarazi, haien errudun deklaratuak izateagatik.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
Betekizun hori bete dela egiaztatzeko, kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoan, eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoan, xedatutakoa, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
f) Egoitza fiskala ez izatea araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako ezein lurralde edo herrialdetan.
g) EAEko Administrazioak eta haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehaturik ez egotea, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta izatea, edo hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatuta izatea.
k) Elkarteen kasuan, ez daudela nahasita Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan; edo, ez daudela nahasita ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura etetea eragin duten kausetan, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, baldin eta ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, zeinaren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
l) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
m) Berreskuratze agindu baten pean ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
n) Eskatutako dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak bete beharko ditu, eta hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da.
o) Nekazarien elkarte eta erakundeen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legean erabaki-organoetako ordezkaritza orekatuari buruz ezarritako mugak betetzea.
p) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeen kasuan, kide guztiek bete beharko dituzte aurreko eskakizunak.
3.– Ezin izango dira onuradun edo entitate laguntzaile izan dirulaguntzei buruzko oinarrizko arauetan ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
4.– 1. apartatuko b), d), e), f), g), h), j), k), l), o) eta p) letretan jaso diren betekizunak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean justifikatzen egoerek irauten duten bitartean.
5.– 1. apartatuko a), h) eta i) letretan jaso diren betekizunak, berriz, automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.
6.– 1. paragrafoaren c) letran jaso den betekizuna aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.
7.– Onuradun edo erakunde laguntzaile bilakatzeko 1. paragrafotik 5.era bitartean adierazitako debekuetan sartuta ez daudela justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahal izango dute pertsonek edo erakundeek, administrazioko edo notariotza publikoko agintari baten aurrean. Adierazpen horren edukiak II. eranskinean xedatutakoa bete beharko du.
Eskatzaileak adierazpena formalizatzen ez badu, eta horren edukia II. eranskinean xedatutakoari egokitu behar bazaio, lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak aurkeztu ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen erregelamendu-araudian ezarritakoaren arabera, edo administrazio-ziurtagiria, kasuen arabera.
5. oinarria.– Laguntzeko moduko gastu eta inbertsioak.
1.– Laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira egin beharreko integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketen aholkularitza- eta notariotza-gastuak, bai eta eragiketa horiei lotutako inbertsio-gastuak ere, 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 1era bitartean eginak. Eskatzaileek integrazio-, bat egite edo elkartze-plan bat aurkeztu beharko dute, eta lotutako inbertsioak identifikatu beharko dituzte, bai eta eragiketaren bideragarritasuna oinarritzen duen plan ekonomiko-finantzario bat ere, aginduaren 10. oinarrian jasotakoaren arabera.
2.– Erakunde juridiko bakar batek egin beharko ditu gastuak eta inbertsioak, eta horrek produkzio-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du.
3.– Gastu hauek izango dira, zehazki, diruz laguntzeko modukoak:
a) Egin beharreko eragiketak deskribatzen dituen integrazio-, bategite- edo elkartze-plana egiteko erakunde eskatzailearen aholkularitza-gastuak, bai eta eragiketaren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioaren oinarri den aholkularitza- eta notariotza-gastuak ere. Hau da:
1) Prozesuan parte hartzen duen enpresaren kudeaketari eta akziodunei buruzko aurretiazko diagnostikoa.
2) Inbertsiorako eta harremanetarako aukerak eta egin beharreko inbertsioaren irizpideak identifikatzea.
3) Integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesua planifikatzeko egin behar den ikerketa eta informazio-bilketa.
4) «Behar adinako bizkortasun» prozesuak.
5) Eragiketa ixtea, prozesuan parte hartzen duten hirugarren alderdiekin negoziatzea, etab.
b) Bazkide nagusi eta teknikoei aholkularitza emateko gastuak.
c) Sortzen den entitatearen eraketa formalizatzeko notariotza-gastuak.
d) Proiektua gauzatzeko behar diren abalen finantza-kostuak eta mailegu eta zorpetzea eta zirkulatzailea finantzatzeak eta berrantolatzeak dakartzan bestelako tresnen interesak.
e) Erakunde eskatzaileak proposatutako inbertsioek, agindu honetan xedatutakoaren arabera aplikatzekoak diren baldintzez gain beste baldintza hauek ere betetzen badituzte:
1) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetakoren batean dauden aktiboak izatea:
– 203 Jabetza industriala eta patenteak.
– 206 Aplikazio informatikoak.
– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.
– 211 Eraikuntzak.
– 212 Instalazio teknikoak.
– 213 Makineria.
– 214 Lanabesak.
– 215 Beste instalazio batzuk.
– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.
Nolanahi ere, aktiboek zuzeneko lotura izan beharko dute integrazio-, bategite- edo elkartze-jarduerekin.
Aktiboen preziotzat haien balio «netoa» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
Integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketen ondorioz eratutako erakunde berriaren aktiboari gehitzen zaizkion makinak instalatzeko inbertsioak hartuko dira kontuan.
2) Lehen aldiz martxan jarriko diren ondasun higiezinak eraikitzea eta eskuratzea; bigarren eskuko ondasun higiezinak eskuratzea eta birgaitzea, baldin eta, azken hamar urteetan, ez badute jaso dirulaguntza nazionalik edo erkidegokorik, hain justu ere laguntzak jarraitzen duen kasuan laguntza bikoiztea dakarrenik.
Kasu guztietan lurren balioa laguntzatik kanpo geldituko da. Tasatzaile independente eta egiaztatu batek ezarriko du balioa.
Inbertsioa justifikatzeko beharrezkoak diren makina eta instalazioak eduki beharko dituzte higiezinek. Lehengaiak eta produktuaren balio-kate bereko produktu amaituak biltegiratzeko higiezinei dagokienez, bertan egiten den jarduera justifikatzeko beharrezkoak diren eskakizunak bete beharko dituzte makinek, baldin eta higiezin horiek Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan inskribatu ahal badira.
3) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren balantzean.
4) Aktiboak ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez gabe.
5) Kooperatiba eskatzaileak berak fabrikatuak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).
6) Finantza-errentamendu bidez finantzatzen diren inbertsioak, laguntza jasotzeko modukotzat joko bada, berariaz aurreikusi behar du errentamenduaren kontratua amaitzen denean aktiboa erosteko aukera.
7) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jasotzeko modukotzat hartuko.
8) Dirulaguntza jasotzeko moduko aktibo immaterialak eskatzailearen edo harekin batera laguntza-eskaeran parte hartzen duen beste kooperatibaren baten establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan.
6. oinarria.– Enplegua.
1.– Integrazio-, bategite- edo elkartze-planek bermatu egin beharko dute xurgatutako erakundearen, xurgatzailearen edo lortzen den erakundearen enpleguari eustea. Hasierako plantillari eutsi beharko zaio, gutxienez hiru urtez, bategite-, integrazio- edo elkartze-bidezko erakunde berria eratzen denetik.
2.– Betetze-mailaren jarraipena egiteko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:
a) Hasierako plantillaren mantentzea modu garbian neurtuko da, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako «Enpresan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren txostenean» jasotako datua oinarritzat hartuta, laguntza-eskaeran sartutako erakunde bakoitzaren laguntza eskatu aurreko urtean.
b) Justifikazioan, eta laguntzaren azken ordainketaren eskaerarekin batera, «Enpresan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» aurkeztuko da. Txosten hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egingo du, aurkezten den egunaren aurreko 30 egunetan, eta, elkartzea bada, eskaeran sartutako erakunde guztiei buruzkoa, edo integrazioaren edo bat-egitearen ondoriozko erakundeari buruzkoa.
7. oinarria.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
1.– Agindu honen esparruan eman behar diren laguntzak ez dira itzuli beharko, eta norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluarekin bat etorrita.
2.– Dirulaguntzen gehieneko muga 280.000 eurokoa izango da nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioan diharduten erakundeentzat, eta 300.000 eurokoa, gainerako nekazaritzako elikadura-erakundeentzat.
3.– Bategite- edo integrazio-gastuei dagokienez, dirulaguntzak diruz lagundu ahal diren gastuen % 100eraino iritsi ahalko dira; kooperatiben arteko akordioak baldin badira, dirulaguntzak gastu horien % 70 estaliko du gehienez. Aholkularitzari edota notaritzari buruzko gastu justifikatuen gehieneko muga 30.000 eurokoa izango da.
8. oinarria.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez badu diruz lagundutako jardueraren edo eragiketaren kostu osoa. Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio deialdi honi jarraikiz emandako laguntzari, Elikadura eta Lana garapeneko sailburuordearen ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.
2.– Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren babesean ematen diren dirulaguntzak, ez dira 300.000 eurotik gorakoak izango hiru urteko edozein alditan.
9. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak, 3. apartatuan adierazten diren helbideetan.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak helbide honetan eskuratu daitezke:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1245501
Eskabidearen ondoko izapideak hemen egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri dago https://euskadi.eus helbidean, eta agindu honen II. eranskin gisa argitaratu da.
10. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Erakunde eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea eta parte hartzen duten erakundeen arteko akordioa.
Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.
b) Laguntza eskatzea eragin duen proiektuan parte hartzen duten erakunde guztien eraketa-eskritura eta estatutu erregistratuak.
c) Eskaera eskatzeko proiektuan parte hartzen duten erakunde guztien zergen identifikazio-txartela.
d) EAEko Kooperatiben Erregistroan izena emateko eskaera egin izanaren agiria.
e) Erakundeen akzio-egituraren eskema, honako hauek ere adierazita: erakundeen akzio-errealitatea eta beste erakunde batzuetako partaidetza, langile kopurua, negozio-bolumena eta balantze orokorra (eskabidea egin aurreko bi urteetako abenduaren 31koa).
f) Prozesuan parte hartzen duten erakundeen urteko kontuak eta Kooperatiben Erregistroan utzitako dokumentazio osagarria; edo, halakorik ezean, sozietateen gaineko zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena. Kooperatiba beste kooperatiba batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako taldeari buruzkoa ere izan beharko du.
g) Eragiketan parte hartzen duten erakundeei dagokienez, «Enpresan alta-egoeran dauden plantillako langileen batez besteko kopuruari buruzko txostena», dirulaguntza eskatu aurreko urtekoa. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egiten du txosten hori. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.
h) Hala badagokio, xede horiek betetzeko kontratatutako aholkularitza-enpresaren eskaintza xehatua; bertan, egin beharreko lanak zehaztu beharko dira, baita zerbitzuaren prezioa eta integrazioak, bategiteak edo elkartze-eragiketak sor ditzakeen inbertsioen zenbatespena ere. Hori guztia 5.1.b) oinarrian zehazten diren baldintzetan egingo da.
i) Diruz laguntzeko moduko gastu guztien banakapena biltzen duen koadroa.
j) Azken 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez bada, hirugarrenaren alta-agiria. Helbide honetan dago eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
k) Erakundeak sendotzeko edo hazteko planteatutako integrazio-, bategite, elkartze-planen memoria xehatua, egin behar diren eragiketak zehaztuta, hala badagokio, eta hari lotutako inbertsioak adierazita.
Plan horretan honako hauek jaso behar dira:
1) Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea, bategitea edo elkartzea.
2) Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.
3) Kalkulatutako aurrekontua.
4) Kostuetako partaidetza-portzentajeak.
5) Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako erakundeen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.
6) Aholkularitza-erakundeak parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiten lankidetzan aritzeko akordioa eta agindu honen 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.
l) Plan ekonomiko-finantzarioa, prozesuaren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa eta egingo diren inbertsioak justifikatzeko.
m) Dirulaguntza eskatzea eragin duten gastu guztien aurrekontua edo proformako faktura. Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa 40 000 euro edo handiagoa bada obretan, edo 15 000 euro edo handiagoa gainerakoan, onuradunak ez badira sektore publikoko kontratazio-organo, gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde eskaintza horiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den dirulaguntzaren aurretik egin. Halako kasuetan, kostuen moderazioa egiaztatu beharko da, justifikazio-memoria baten bidez.
Eskaintzek benetakoak eta ez-fikziozkoak izan behar dute, hornitzaile erreal eta independenteenak, eta behar bezain zehatzak izan behar dute, eta elementu berak izan, alderagarriak izateko. Aurkeztutako hiru eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez bada, memoria batean beren-beregi justifikatu beharko da horren arrazoia.
n) Erakunde eskatzailearen eta eskaeran inplikatutako erakunde guztien erantzukizunpeko adierazpena. II. eranskinak dakarren ereduan aipatzen diren alderdiei buruzko datuak faltsutuz gero, indarrean dagoen zehapen-araubidearen mende geratuko dira erakunde horiek, administrazio-arloan zein zigor-arloan.
o) Aurreko hiru ekitaldietan jasotako beste de minimis laguntza orori buruzko berariazko adierazpena, III. eranskin gisa gehitu den ereduaren araberakoa.
2.– Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean daudela adierazten duten ziurtagiriak. Nekazaritzako eraldatze-sozietateen eta kooperatiben kasuan, egiaztapen hori partaide guztiei egingo zaie. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean, eta betiere eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, bat etorriz 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu hori emateari laguntza-eskaeran, eta, hala egiten badu, dokumentazioa berak aurkeztu beharko du.
4.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta gainerako dokumentazioa. Era berean, laguntzen eskaeratik datozen jarduketetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
5.– Eskaerak eskakizun guztiak biltzen ez baditu –salbu eta 1.j) apartatuan aipatzen den hirrgarrenen alta egiteko dokumentua–, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzak ebazpena eman ondoren eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.
6.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzak beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eta informazio osagarriak eska diezazkioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.
11. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
1.– Eskabide bakoitzari eman beharreko puntuazio zehatza kalkulatzeko, bete beharreko balorazio-irizpide hauek eta horiei dagozkien puntuazioak hartuko dira kontuan:
a) 30 puntu emango zaizkie integrazio- edo bategite-prozesuei.
b) 10 puntu emango zaizkie elkartze-prozesuei.
c) Bina puntu emango dira prozesuan parte hartzen duen erakunde bakoitzeko.
2.– Irizpide horiek eskaera egitean bete eta egiaztatu beharko dira.
Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emango zaio oinarrizko bazkide kopuru handiagoa duen erakundeari.
12. oinarria.– Esleitzeko prozedura, laguntzen kudeaketa eta Balorazio Batzordea.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak esleitzeko, lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedurari jarraituko zaio, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzak du dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.
3.– Eskabideak ebaluatu eta baloratzeko Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru kidek osatuko dute, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko direnak. Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira kide horiek. Ebazpenak adieraziko du nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua. Balorazio-batzordea osatzen duten pertsona guztientzako ordezkoak ere izendatuko dira, Zuzendaritza horretako teknikarien artetik hautatuko dituzte pertsona horiek.
Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean. Batzordeak funtzionatzeko, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
4.– Balorazio-batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak balioetsi aurretik, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzako teknikari batek eskabide bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako eskakizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, eta batzordeari aurkeztuko dio.
5.– Funtzio hauek izango ditu Balorazio Batzordeak:
a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Araudia betetzen ez duten eskabideen zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.
b) Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, proiektua baloratuz, eta, laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpideetan oinarrituta, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko duen txostena egitea. Txosten horretan informazio hau jasoko da:
1) Onetsi beharreko eskabideei dagokienez:
– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFKa edo NANa.
– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta inbertsioak, aplikatutako balorazio-irizpideak eta laguntzaren zenbatekoa.
2) Ezetsi beharreko eskabideei dagokienez:
– Eskatzaileen izena edo izen soziala, IFKa edo NANa.
– Eskabidea ukatzeko arrazoiak.
6.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusi gabeko gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
13. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– 12.4.b) oinarrian aipatzen den Balorazio Batzordearen txostena kontuan hartuta, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendariak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, eta, bertan, dirulaguntza zein erakunde eskatzailerentzat ematea proposatzen den eta zenbatekoa adieraziko da.
Gainera, berriz, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
14. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebatziko du deialdia, non jasoko baitira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.
2.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, eta informazio hau bilduko du gutxienez:
a) Baietsitako eskabideei dagokienez:
1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.
2) Diruz lagundu diren inbertsio eta gastuak.
3) Diruz lagundu diren jarduerak egiteko epea.
b) Ezetsitako eskabideei dagokienez:
1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.
2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta, gainera, banakako eranskin baten bidez, ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta. Era berean, aplikatutako irizpideen eta laguntzaren zebatekoaren berri emango zaio.
Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Agindu honek ondorioak dituenetik aurrera sei hilabete igarota ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin zaizkiela ulertu ahal izango dute interesdunek, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluari jarraikiz, betiere.
15. oinarria.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa
1.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde onuradunak administrazio honen datu-base egokian jasota egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Dirulaguntza ordaindu ahal izateko, oinarri honen 4. apartatuan aipatutako dokumentu guztien administrazio-kontrola egin beharko da, eta, hala badagokio, diruz lagundutako inbertsioak in situ kontrolatuko dira.
3.– Honela egin daiteke laguntza ordaintzeko eskaera:
a) Ordainketa partziala egiteko eskaera, behin integratzeko, bat egiteko edo elkartzeko prozesua amaituta eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan onartua izan ondoren.
b) Azken ordainketa egiteko eskaera: inbertsio guztiak amaitu ondoren.
4.– Ordainketa-eskaera egiteko, enpresa onuradunak honako urrats hauek egin beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian:
a) Ordainketa-eskaera bete, ordainketa partziala ala osoa eskatzen den adierazita.
b) Integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketa formalizatzeko eskriturak edo kontratuak aurkeztu.
c) Integrazio-, bategite- edo elkartze- prozesua amaituta, Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu behar du.
d) Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza jaso ondoren, erakundea ez dagoela dirua berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
e) Kooperatibaren baliabide propioen prezioaren, jatorriaren eta aplikazioaren adierazpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiagokoei buruzkoa.
f) Dirulaguntzaren xede diren zer inbertsio gauzatu diren adierazi.
g) Sendotze-eragiketari zuzenean lotutako aholkularitza-gastuen fakturen koadroa, bai eta gastu horiek egin izana egiaztatzen duten agiriak ere.
h) Fakturen koadroa, inbertsio-gastuen edo sendotze-eragiketari lotutako bestelako gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa banakatua).
i) Merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten nahiz administrazioan eraginkorrak diren fakturak nahiz froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, haiei dagozkien ordainketa-agiriekin batera.
j) Aitortutako inbertsioak Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzak ikuskatuko ditu.
Horretaz gainera, beharrezkotzat jotzen diren agiri eta informazio osagarri guztiak eskatu ahal izango ditu Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzak, aitortutakoa egiaztatzeko.
5.– Behin integrazio-, bategite- edo elkartze-eragiketa notario aurrean sinatuta, kooperatibak lau hilabeteko epea edukiko du eragiketari zuzenean lotutako gastuak aurkezteko, eta justifikazio hori 2026ko urriaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du.
Inbertsioak egiteko ezarritako epea amaituta, hiru hilabeteko epea izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko. Nolanahi ere, 2026ko azaroaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko du justifikazio hori.
6.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko lerrokadetan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako zuzendariak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, kooperatiba onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du.
7.– Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa aurkezturiko justifikazioarekiko proportzionala izango da.
8.– Erakunde batek laguntza ez-legitimoren bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu bada eta laguntza hori itzuli ez bada, hura ezereztu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da azken ordainketarako eskaerarekin batera. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.
9.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, egiaztatuko da onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela, baita laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.
16. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, joko da onartu egin duela.
2) Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.
3) Integrazio-, bategite- edo elkartze-prozesuaren ondoriozko erakundeek 2025eko ekainaren 1a baino lehen behar bezala burutu eta formalizatu beharko dute beren eraketa.
4) Integrazio-, bategite- eta elkartze-eragiketetan ezarritako gastuak eta inbertsioa egin izana betetzea eta justifikatzea.
5) Hasierako plantillari eusteko baldintza betetzea, 6. oinarrian zehaztua, gutxienez hiru urtez.
6) Enpleguari eusteko eta gastuak eta inbertsioa egiteko epearen barruan, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzari –hots, organo kudeatzaileari– eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal ditzan.
7) Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea integratzeko, bategiteko edo elkartzeko proiektuaren aldaketa edo dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako elementuren bat aldatu izana egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu baino lehen.
Aldaketa hori organo emailearen ebazpen bidez onartu beharko da, eta, ebazpen horretan, emandako laguntzaren zenbatekoa doituko da, hala badagokio. Era berean, horren berri emango zaio erakunde onuradunari.
8) Egindako gastuei eta inbertsioari lotutako behin betiko fakturak eta ordainketa-agiriak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorren eskura jartzea, bost urtez.
9) Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
10) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatzen zaien informazio guztia erakundeoi ematea.
11) Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo ente publiko edo pribaturen bati helburu bererako, eta, hala badagokio, eman dizkietela, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan; halaber, aurreko hiru ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldian zehar beste de minimis laguntza batzuk jaso izana ere jakinaraztea. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen.
12) Kooperatibak laguntza ez-legitimoren bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu bada eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzari.
13) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren betebeharrak beren gain hartzea.
14) Diruz lagunduko diren proiektuen finantzaketa publikoa delako publizitate egokia egitea, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa jasota. Horrekin batera, berariaz aipatu behar da Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera.
15) Emandako laguntzaren indarraldian zehar, egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zordun izanez gero.
16) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluari jarraikiz.
17) Babestutako dirulaguntzek, gutxienez, hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren aktiboan.
18) Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez hiru urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan.
19) Entitate emailearen egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen eraginpean geratuko da entitate onuraduna, dirulaguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian jasota dauden jarduketen eraginpean ere.
20) Integrazio-prozesuan parte hartzen duten erakundeek eta bazkideek diruz lagundutako prozesuari gutxienez bost urtez eutsi beharko diote eratzen direnetik, eta erretiratzearen berri eman beharko diote Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzari, gutxienez hamabi hilabete lehenago.
21) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
17. oinarria.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira. Horretarako, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitu ahal izango dira. Horretarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozedura aplikatuko da.
2.– Aurkeztutako proiektuan edozein aldaketa eginez gero eta dirulaguntza horretarako eman bada, onuradunak jakinarazi eta behar bezala egiaztatuko du Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzan, inbertsioak egin aurretik eta 3 hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo du Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak.
Hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat:
a) Laguntzaren onuraduna aldatzea (enpresek bat egitea edo sozietate mota eraldatzea salbu).
b) Emandako laguntzaren xede diren bat-egitea eta inbertsioa gauzatzeko egutegia aldatzea.
c) Inbertsioen kokapena aldatzea.
d) Inbertsioaren kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako inbertsioez gain beste batzuk ere sartuz.
e) Hasieran onartutako inbertsioetako bat edo gehiago ez exekutatzea.
Ez dira onartuko aldaketa gisa, hasieran emandako laguntzaren xede den inbertsioa % 70 baino gutxiago exekutatzea dakarten aldaketak. Inbertsioa hortik behera exekutatzea ez-betetzea izango da.
Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.
Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute laguntza emateko ebazpena aldatuko, kontuan harturik oinarri honen 4. zenbakian aurreikusitakoa gerta daitekeela.
3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inbertsioen balorazio-irizpideen aplikazioan aldaketaren bat egiten bada eta emandako laguntzaren zenbatekoarekiko beheranzko desbideratzea eragiten badu, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dirulaguntzaren ehuneko berria oinarriarekiko aplikatuta lortzen den proportzio berean, eta, hala badagokio, behar ez bezala jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hilabeteko borondatezko epean, dirulaguntza txikitzeari eta itzultzeari buruzko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera; borondatezko epe horretan itzulketarik egiten ez bada, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Baldin eta egindako behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta laguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da dagokion proportzioan, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen dirulaguntzaren emate-ebazpenaren aldaketa-ebazpen baten bidez, eta, beraz, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa. Ez da onartuko hasiera batean onetsitako dirulaguntzaren xede den inbertsioaren % 70, gutxienez, ez exekutatzea dakarren aldaketarik.
18. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idatzi bat helaraziko dio Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariari, zeinak, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.
2.– Laguntzaren onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero eta gastua gauzatzen amaitu aurretik, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu, betiere. Uko egitea adierazteko, idazki bat aurkeztu beharko dio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bitartez, espresuki onartuko du uko-egite hori, eta prozedura amaitutzat emango du pertsona horri dagokionez. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
19. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Hauek dira ez-betetzeko kausak:
a) Onartutako inbertsioak ez hastea 2025eko ekitaldian.
b) Integrazioa, bategitea edo elkartzea formalki ez gauzatzea.
c) Enplegua ez mantentzea 6. oinarrian xedatutako baldintzetan.
d) Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.
e) Enpresa deslokalizatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako edozeinetan egongo balitz, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak eskubidea ez-betetzeagatik galtzeari buruzko espedientea egin ondoren –espediente horretan, entzunaldia emango zaio interesdunari, 15 eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan–, ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo parte bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari –zer dagokion–, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren exekuzio-mailaren arabera, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa pro-rata temporis egingo da.
Bidezkoa izango da jasotako zenbatekoak itzultzea eta laguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko. Administrazioko arau-hausteak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan zehaztutako jokabideak.
20. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoari jarraikiz tratatuko dira.
Helbide honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml
II. ERANSKINA
ESKABIDEA EGITEKO FORMULARIOAREN EDUKIA
Laguntzaren eskaera-inprimakia webgune honetan dago eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1245501
Hona hemen edukia:
1.– Dirulaguntza mota hautatzea:
– Integrazioa.
– Elkartzea.
– Bat egitea.
2.– Eremu generikoak:
– IFK.
– Helbidea.
– Lurraldea.
– Telefonoak, helbide elektronikoa.
– Harremanetarako solaskidea.
– Legezko ordezkaria, izena, abizenak, telefonoa eta NANa.
– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.
– Jakinarazpenetarako hizkuntza.
– Zerga-egoitza.
– Nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioa: Bai ala Ez.
– Jarduera nagusia eta lortzen diren produktuak.
– Ondoriozko erakundeari buruz edo integrazio nahiz bategitearen partaide diren erakunde bakoitzari dagokionez: bazkide kopurua, sexuka banakatuta.
– Ondoriozko erakundeari buruz edo integrazio nahiz bategitearen partaide diren erakunde bakoitzari dagokionez: zuzendaritza organoak osatzen dituzten lagun kopurua, sexuka banakatuta.
3.– Erantzukizunpeko aitorpena.
Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita betetzen direla Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan laguntzaren onuradun izateko ezarritako baldintzak eta eskatzaileak ez duela han aipatzen den legezko debekurik, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren eta Jaurlaritzako Bigarren Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren aginduak deitutako dirulaguntza-programari lotuta (agindu horren bidez, nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko kooperatibismoa sustatzeko laguntzak xedatu dira –Kooperatu programa 2025–). Zehazki, hauek:
• Erantzukizunpeko adierazpena: laguntza-eskabidean adierazitakoa egia da, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak dira; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko du, eta ez du alegatuko ez zekiela faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaeren berri.
• Erantzukizunpeko adierazpena: konpromisoa hartzen du proiektua gauzatu dela egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren esku jartzeko.
• Beteak dituela indarrean dauden xedapenek zergen eta Gizarte Segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak.
• Ezin hartu daitekeela krisialdian dagoen enpresatzat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
• Jakinaraztea ea diruz administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen bati eskatu zaion lagun daitekeen proiektu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik, baita halakorik eskuratu den ere.
• Egunean dagoela kantitateen ordainketari dagokionez, baldin eta halakorik zehaztu bada EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruko itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean.
• Erantzukizunpeko adierazpena: ez dago ezein berreskuratze-aginduren eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
• Ezin izan bada lortu onuradun izateko debekuen pean ez dagoela egiaztatzen duen lekukotza judizialik, ziurtagiri telematikorik edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, honako hauek adierazten dituena:
○ Ez zehatuta egotea ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzearekin, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ez jaso izana zehapen administratibo edo penalik sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, edo kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldia igarota ez egotea.
○ Ez izatea egin hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaririk, ez egotea kaudimengabetzat deklaratuta ezein prozeduratan, ez egotea hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, eta ez egotea epailearen esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
○ Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta ez egotea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
○ Ez duela eragin Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik, bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.
○ Ez duela urratu Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra, ez eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeriak xedatutako baldintzetan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ere (50 langiletik gorako enpresak).
○ Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela Kargu publikoen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo ez dutela Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.
○ Zerga-egoitzarik ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
○ Elkarteen kasuan, ez dagoela Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausetan. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura ez dago etenda ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahal izango da, dagokion erregistroan.
○ Ez dagoela zigortuta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.
○ LGTBI-fobia ez gauzatzea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
○ Bete izana desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota, eta bete ez badu, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu duela.
○ Enpresa-deslokalizazioaren deklaraziorik ez duela jaso, abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.
○ Baimenduta egonik eskatutako laguntza bateragarria izatea jarduera beretarako aitortu edo ordaindutako beste laguntza batzuekin, ez duela gainfinantzaketarik, hargatik eragotzi gabe etorkizunean helburu bererako jasotzen dituen laguntzen berri ematea, laguntza likidatu arteko aldian.
○ Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
○ Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura ez dagoela etenda ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.
○ Aurreko hiru ekitaldietan jasotako de minimis laguntzen zenbateko osoak ez duela 300.000 euroko muga gainditzen laguntza hau eman aurreko hiru urteetan –muga hori Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan dago jasota, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan–, ezta gainerako arauetan de minimis mekanismo horretarako berariaz ezarritako beste muga batzuk ere.
○ Zerga-arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzea, legeak ezarritakoari jarraikiz. Halaber, azaldu beharko da Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak zerga-betebeharrak bete direla eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin direla automatikoki egiaztatzeko baimen inplizitua; onuradunak aukera izango du baimen hori espresuki ukatzeko, eta, kasu horretan, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako ziurtagiri edo agiriak.
• Ez dagoela ezein berreskuratze-aginduren eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
• Nekazarien elkarte eta antolakundeen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legean erabaki-organoetako ordezkaritza orekatuari buruz ezarritako atalaseak betetzen dituela.
Era berean, adierazi beharko da laguntza-eskabidea aurkezteak berekin ekarriko duela eskatzailearen baimena, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzak automatikoki egiazta ditzan haren identifikazio-datuak (NANa eta IFK), eta zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, bai eta baimen hori espresuki ukatzeko aukera ere; kasu horretan, dagozkion agiriak eta ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak.
RSS