Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2025eko urriaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4625

AGINDUA, 2025eko urriaren 17koa, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez 2025. urteko dirulaguntza-deialdia egiten baita Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapen eta hedapenari dagozkien eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren bidez, eginkizun horiek Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagozkio.

Ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio zein elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen du.

Halaber, arau hau dago indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

Aipaturiko ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 15. artikuluan adierazten denez, kultura-arloko eskuduntza duen saileko titularrak dekretu horretan araututako dirulaguntzak eskatzeko deialdia egingo die, aurrekontuak ahalbidetzen badu, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei. Deialdi horretan, eduki hauek zehaztu beharko dira:

– 119/2015 Dekretuaren aipamena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko zein zenbakitan argitaratu den adieraziz, baita zein arau osagarri edo gehigarri aplika dakiokeen ere.

– Dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura osoa.

– Eskabideak aurkezteko tokia, epea eta modua, baita fundazio eta elkarte eskatzaileek zer dokumentazio aurkeztu behar duten ere.

– Deialdia ebazteko epea –gehienez sei hilabetekoa izango da deialdia indarrean jartzen den egunetik aurrera– eta fundazio eta elkarte eskatzaileei jakinarazpena egiteko modua.

– Emandako laguntza justifikatzeko dagoen epea eta aurkeztu behar den dokumentazioa.

– Balorazio-batzordeko kideak izendatzea.

– Deialdiaren beraren kontra zer errekurtso jar daitezkeen, zer epetan jarri behar diren eta zer organori aurkeztu behar zaizkion.

Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, gorago aipatutako eduki horiek zehaztu dira agindu honen bidez, arau horretan xedatutako dirulaguntza-deialdia 2025eko ekitaldian ezartzeko.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta Jaurlaritzaren lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartutako 2025eko Dirulaguntzen Urteko Planean aurreikusita dago. Plan horiek sailaren webgunean argitaratu dira:

https://www.euskadi.eus/sail-plana/pes-2025-2028-plan-estrategico-de-dirulaguntzak/web01-a2kultur/es/

Deialdi honetarako kreditu nahikoa eta egokia dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea aplikatzearen ondorioz.

Horri jarraikiz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2025. urteko dirulaguntza-deialdia egitea Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzat. Dirulaguntza horiek ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) eta dekretu horren huts-zuzenketak (2015eko irailaren 8ko EHAA, 170. zk.) arautzen dituzte.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2025eko ekitaldian, agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko guztizko aurrekontu-zuzkidura berrehun eta laurogei mila (280.000) eurokoa da.

3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetara sartuta:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082511

3.– Ordezkari batek elektronikoki izapidetu ahal izango du, eta, horretarako, ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro elektronikoan eman beharko du izena, helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapen guztiak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, artikulu honetako 2. puntuan aipatutako helbidean. Egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

7.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

i) Eskabidea sinatu duen pertsona fisiko edo juridikoak eskabidearen titularra (eskabidean ageri den titularra ez bada) legez ordezkatzeko ahala duela egiaztatzea.

ii) Eskabidearen titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoren batekin lotura duela egiaztatzea.

iii) Entitate eskatzailea Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoei lotuta badago, zuzenbidean baliozkoa den edozein frogabideren bidez egiaztatu beharko du alderdi politiko horrek Eusko Legebiltzarrerako egindako azken hauteskundeetan lortutako eserleku kopurua edo kopuru hori zehazteko modua. Besteak beste, frogabide zuzentzat joko dira ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 3.3 artikuluko a) eta b) letretan ezarritakoak.

iv) Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatuta egotearen egiaztagiria. Erregistro hori Alderdi Politikoei buruzko ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen da.

v) Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, bai eta itzultzeagatiko obligazioak ordainduta ere, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

b) Aurkeztutako programari buruzko dokumentazioa:

i) Aurrekontua: 2025eko ekitaldiari dagokiona, deskargatu daitekeen ereduari jarraituz.

ii) Proiektuaren memoria: 2025eko ekitaldian egikaritu beharreko proiektu, programa edo jardueraren deskribapena, deskargatu daitekeen ereduari jarraituz.

iii) Egikaritze-egutegia: 2025ean egikarituko diren proiektu, programa edo jardueraren egikaritze-egutegia edo kronograma.

c) Ordainketak egiteko, hirugarrenen alta-agiria, laguntza eskatzen duen entitatea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta ez badago edo han dauden banku-datuak aldatu nahi baditu.

d) Nahi izanez gero, aurkeztutako proiektu, programa edo jarduera hobeto ebaluatzeko, eskatzaileak egoki irizten dien bestelako dokumentuak gehitu ahal izango dira.

8.– Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatu daitezkeen ereduak erabiliko dira eta eskuragarri diren formatuan aurkeztuko dira.

b) Dokumentazio elektronikoak gehienez 30 Mb izango ditu.

c) Bideoak web-helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentuan.

9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez aurkezteko. Administrazioak agiri horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, non eta interesdunak ez dion aurka egiten. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko ditu.

4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, hasieran erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da baldintza hauek betetzen direla:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo ente publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.

– Entitateak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana izateko betebeharra duten enpresek berdintasun-plana indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana.

– Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik egiaztatu beharko dute beren burua onuradun gisa proposatzen dutenek.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, eta, bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduraren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutakoak.

Ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak jaso Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuren bat duten entitateek.

5. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabideak izapidera onartzeko dokumentuak falta direla edota dokumentuetan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako dokumentuei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko dokumentuak aurkeztu ditzan edo hautemandako akatsak zuzendu ditzan; horrekin batera, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela; horren berri ebazpen baten bidez jakinaraziko zaio.

6. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak egitea, bai eta ebazpen-prozeduraren instrukzioa ere.

7. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, honako hauek izango dira balorazio-batzordea osatuko duten kideak:

a) Itziar Redondo Dominguez, kultura sustatu, bultzatu eta hedatzeko eskuduntza duen zuzendaritzako teknikaria, izango da balorazio-batzordeko presidentea.

b) Aitor Mate Martinez, Fundazioen eta Elkarteen Erregistroaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria, izango da balorazio-batzordeko presidenteordea; huts egiten badu, Borja Domingo Fernandez arituko da haren ordez.

c) Ana Altuna Riaño izango da Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko (IVAP) teknikaria, eta balorazio-batzordeko idazkaria (hitzarekin eta botoarekin); huts egiten badu, Lorea Manterola Mancisidor arituko da haren ordez.

d) Elene Etxezarreta Etxeberria izango da hizkuntza-politikaren arloan diharduen teknikaria; huts egiten badu, Larraitz Murgiondo Artano arituko da haren ordez.

2.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako kideek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein egoeratan ez daudela; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, behin eskabideak aztertu ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

3.– Batzordeak, balorazio-irizpideetan oinarrituta eskabideak ebaluatu ondoren, txostena egingo du, eta bertan azalduko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluak ezarri bezala.

8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Balorazio-batzordeak eskabide guztiak aztertuko ditu, eta zehaztutako alderdi guztiak baloratuko ditu irizpide, azpi-irizpide eta ehuneko hauen arabera:

a) Fundazio edo elkarte eskatzailearekin lotura duen alderdi politikoak Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetan lortutako ordezkaritza: lortu daitekeen gehienezko puntuazioaren % 40ko balioa izango du gehienez, formula honen bidez kalkulatuta:

Pi = (eserleku kop. x Pm)/E

non,

Pi: entitate onuradun bakoitzari dagokion puntuazioa.

Eserleku kop.: fundazio edo elkarte bakoitzarekin lotuta dagoen alderdi politikoaren eserleku kopurua.

Pm: irizpide honen araberako gehienezko puntuazioa.

E: Legebiltzarrean ordezkaritza handiena daukan alderdi politikoaren eserleku kopurua.

b) Proiektu, programa edo jardueraren autofinantzaketa 4.1.f) artikuluan eskatutakoa baino handiagoa izateari lortu daitekeen puntuazio osoaren % 9ko balioa emango zaio gehienez. Ehunekoa zehazteko, ez dira kontuan hartuko ez eskatutako dirulaguntza, ezta beste herri-administrazio batzuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntza edo dirulaguntzak ere. Kalkulua egiteko, irizpide honi jarraikiz eman daitekeen gehieneko puntuazioa autofinantzaketa-maila handiena daukan fundazio edo elkarteari emango zaio; gainerakoei, berriz, horrekiko proportzioan.

c) Arlo guztietako pentsamendua –eta bereziki pentsamendu politikoa, soziala eta kulturala– aztertu, ikertu eta garatzeko proiektu, programa edo jardueraren interesa eta kalitatea. Irizpide horri lortu daitekeen puntuazio osoaren % 13ko balioa emango zaio gehienez.

d) Proiektu, programa edo jarduerak euskal kulturaren sustapen eta hedapenean egiten duen ekarpena, Euskadiko kultura-nortasunaren adierazpide gisa. Irizpide horri lortu daitekeen puntuazio osoaren % 13ko balioa emango zaio gehienez.

e) Fundazio edo elkartearen hizkuntza-politikari eta proiektu, programa edo jarduera osoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeari lortu daitekeen puntuazio osoaren % 10eko balioa emango zaio gehienez.

f) Proiektu, programa edo jarduera gauzatzean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeari puntuazio osoaren % 5eko balioa emango zaio gehienez.

g) Proiektu, programa edo jardueraren lurralde-eraginari eta gauzatze-lurraldeari puntuazio osoaren % 5eko balioa emango zaio gehienez.

h) Entitatearen organo goreneko genero-paritateari % 5eko balioa emango zaio gehienez.

– 5 puntu esleituko zaizkie gobernu-organoko partaideen sexuen ratioa 0,4 eta 0,6 bitartekoa bada, eta 0 puntu gainerako kasuetan.

2.– Balorazio-batzordeak eskabide guztiak aztertuta txostena egingo du eta bertan zehaztuko ditu egindako azterketaren emaitzak.

9. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Administrazio-espedientea aztertu ondoren, balorazio-baatzordearen txostena aurrean izanda, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak behin-behineko ebazpen bat emango du eta fundazio eta elkarte interesdunei ebazpen horren berri emango die, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten, jakinarazten zaien egunetik hasita 15 egun naturaleko epean.

Dena den, fundazio eta elkarte interesdunek azaldutako egitate, alegazio, dokumentu eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan aurreikusitako izapidea egitea.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ebatziko du, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak egindako ebazpen-proposamena ikusita (organo horiek zehaztea oinarrien gutxieneko baldintza da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak hala eskatzen baitu).

3.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpenen jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» gunearen bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten, eta horrek jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Interesdunari hainbat bidetatik jakinarazten zaionean, lehenik egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Ebazpen horrek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salan. Horretarako, bi hilabeteko epea izango dute, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, nahi izanez gero, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu ahal izango zaio, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Ebazteko epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.

10. artikulua.– Dirulaguntza onartzea.

Dirulaguntzen entitate onuradunek 15 eguneko epea izango dute emandako dirulaguntza berariaz onartzeko, dirulaguntza emateko aginduaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Hamabost eguneko epean berariaz onartu ezean, dirulaguntzari uko egin diotela ulertuko da.

11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntza honen entitae onuradunek, dirulaguntza justifikatzeko, programei buruzko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak amaitzen diren egunetik aurrera bi hilabeteko epean gehienez, eta inola ere ez 2026ko urtarrilaren 7a baino geroago:

a) 2025eko aurrekontu egikaritua, deskargatu daitekeen ereduari jarraituz.

b) Proiektu, programa edo jardueraren egikaritze-memoria, deskargatu daitekeen ereduari jarraituz.

c) 2025eko egikaritze-egutegia edo kronograma.

d) Proiektu, programa eta jarduerak egikaritzeko 2025ean egindako gastu guztien zerrenda, deskargatu daitekeen ereduari jarraituz.

e) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduera egikaritzearen ondorioz sorturiko gastuen frogagiriak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

f) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak egikaritzeko sorturiko material bakoitzaren hizkuntza-bertsioen aleak.

2.– Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Justifikazioak izapidetzeari buruzko zehaztapen eta eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragai, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082511

12. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: Kultura eta sormenaren sektoreko dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko behar den tratamendua da (abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: eskubidea duzu zeure datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta zure datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web-helbide honetan aurkitu ahal izango duzu:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraz, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 17a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala