Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2025eko urriaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4623

815/2025 EBAZPENA, irailaren 29koa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Zerbitzu Orokorren Taldeko buruaren lanpostu bat izendapen askez hornitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean, Zamudioko Ospitalean.

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Zamudioko Ospitaleko Zerbitzu Orokorren Taldeko buruaren lanpostu bat hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Estatutupeko, funtzionario edo langile lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan eta lanpostua jabetzan edukitzea C2/C3 edo D2/D3 lanbide-taldean.

b) C2/C3 edo D2/D3 lanbide-taldeko titulua edukitzea.

c) Gutxienez 2 urteko lan-esperientzia izatea C2/C3 edo D2/D3 lanbide-taldean.

d) 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-datarik gabe.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

Ospitaleko Administrazioko eta Kudeaketako Zerbitzuko buruaren mende egonik, buruzagitza horren berezko funtzioen zuzeneko ardura hartuko du. Funtzioen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

a) Kudeaketa-helburuak ezartzen laguntzea, zentroko garbiketaren, sukaldearen, arropa zuriaren eta beste zerbitzu orokor batzuen esparruei dagokionez.

b) Ezarritako lan-planak betetzen direla ebaluatzea eta gainbegiratzea, eta hobekuntzak ezartzea eremu horretan.

c) Jarduerarako behar diren materialen hornidura egitea eta horien eskuragarritasuna gainbegiratzea.

d) Lantaldearen jarduerak antolatzea eta baliabideak banatzea, ahalik eta zuzkidurarik hoberena izateko modurik eraginkorrenean.

e) Gainbegiratzea bere esparruan ezarritako lan-funtzionamenduko irizpideak betetzen direla; eta, horretarako, aurrera eramandako jardueren kalitatea ebaluatzea, balizko eraginkortasunik ezak hautematea eta hobekuntzen ezarpena kudeatzea.

f) Langileen premien programazioa egitea, ezarritako zuzkiduren eta jarduera-mailen arabera. Karteldegiak kudeatzea eta langileak kontratatzea.

g) Koordinatzea bere unitateko jarduerak erakundeko beste eremu batzuekin.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

a) Esperientzia izatea sukaldea eta ospitaleko garbiketa kudeatzeko lanpostuetan.

b) Taldeak antolatzeko eta kudeatzeko gaitasuna izatea.

c) Esperientzia izatea horniduren eta hornitzaileen kudeaketan.

d) Kudeaketa-tresnei buruzko ezagutza izatea (SAP, karteldegiak, Osakidetzakoa eta abar).

e) Ospitaleko hondakinak kudeatzeari buruzko prestakuntza izatea.

f) Pazientearen segurtasunerako arriskuen prebentzioari buruzko prestakunza izatea, garbiketa-eremuan.

g) Informatikari buruzko ezagutza izatea erabiltzaile-mailan: Excel, Word eta abar.

h) Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Maria Diaz Haroko kalea 58, 48010 Bilbao). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Interesdunek Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Maria Díaz Haroko kalea 58, 48010 Bilbo), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera. Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Curriculum Vitae aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango zaie.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

6.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2025eko irailaren 29a.

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari-gerentea,

ARATXU LOZANO OTERO.


Azterketa dokumentala