Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2025eko urriaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4622

EBAZPENA, 2025eko urriaren 13koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Plangintzako Zuzendariordetzako zuzendariorde-lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Plangintzako Zuzendariordetzan hutsik geratu da zuzendariorde-lanpostua (kodea: 512066; dotazioa: 1). Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena bidali eta gero, organismo autonomo honek erabaki du iragartzea eranskinean aipatzen den lanpostua izendapen askearen sistemaren bidez beteko dela, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko administrazio orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, baldin eta lanpostu-zerrendan (LPZa) ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

Langile horiek edozein administrazio-egoeratan egonda parte hartu dezakete deialdian; egoera hauetan daudenek, ordea, ezingo dute parte hartu:

– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioak, egoera horrek dirauen bitartean.

– Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileak, baldin eta ez badute bete itzultzeko eskatzen den gutxieneko aldia (2 urte).

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, karrerako irakasle funtzionarioek eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin lanpostu-zerrendan espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, dagokion kodearekin zehazki identifikatzen bada, ebazpen honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude; ez, ordea, 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa badute.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskabideak 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina plataformaren bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: Funtzio Publikoa – Eusko Jaurlaritza – www.euskadi.eus

Gainerako hautagaiek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Administrazio, Antolakuntza eta Giza Baliabideen Zuzendariordetzara bidali beharko dituzte eskabideak, erregistro elektronikoaren bidez.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Ebazpen honen eranskinean ezartzen dira zer baldintza eskatzen diren Plangintzako zuzendariordearen lanpostua (512066 kodea, 1 dotazioa) betetzeko.

Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan eta sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntzak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta, jakinarazteko egokitzat jotzen diren bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.

Izangaiek, eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, datuok jada EAEko administrazio orokorraren Langileen Erregistroan daudenean salbu.

Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoak egokitzat jotzen dituen bitartekoak erabil ditzake, izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko: elkarrizketa pertsonal bat edo proba bat egin dezake, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eska ditzake.

Eskatutako betekizunak beteta izan beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte bete beharko dira. Parte hartzeko betekizunak betetzeari uzten dioten parte-hartzaileak ezingo dira esleitutako lanpostuaz jabetu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak esleipen-ebazpenean ezarritako datan jabetu beharko du lanpostuaz. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zuzendariordetzen eta lurralde-ordezkaritzen titular-postuetarako izendapen askea denez, berekin ekarriko du interesdunak bera titular den lanpostua gordetzea, bai lehiaketaz lortu badu, bai karrerako funtzionario izatera iristeko prozesu baten ondorioz lortu badu.

Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren betekizunak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.

Bosgarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hileko epean.

Barakaldo, 2025eko urriaren 13a.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua: Plangintzako zuzendariordea.

Kodea: 512066.

Dotazioa: 1.

Kidegoak eta Eskalak.

A - S Funtz./Estat. Sanit. A1 azpitaldea Osakidetza.

Osakidetzako estatutupeko pertsonal sanitarioa, funtzionarioa, A1 azpitaldea.

X02EU Kidegoak-eskalak A1 Azpitaldea (APE).

Edozein administrazio publikotako A1 azpitaldeko kidegoetako eta eskaletako langile funtzionarioa.

Destino-osagarria 29.

Berariazko osagarria: 0-A.

Kokapena: Osalan Eraikina (Barakaldo).

Udalerria: Barakaldo.

Hizkuntza-eskakizuna: 4.

Derrigortasun-data.

LPZaren betekizunak edo ezagutza espezifikoak: bat ere ez.


Azterketa dokumentala