Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2025eko urriaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
4621

66/2025 EBAZPENA, urriaren 23koa, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakariarena, auditore urgazleen lan-poltsa bat sortzeko eta hautagaitzak baloratzeko organoa osatuko duten pertsonak izendatzeko hautaketa-prozesu baterako deialdia egiten duena.

Aztertuta beharrei buruz Idazkaritza Nagusiak egindako memoria, auditore urgazleen lan-poltsa sortzeko beharra eta premia justifikatzen dituena.

Aztertuta auditore urgazleen lan-poltsa sortzeko deialdiaren oinarriak, Idazkaritza Nagusiak eginak.

Kontuan hartuta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren plangintza eta 2025, 2026, 2027 eta 2028ko ekitaldietarako urteko lan-planak gauzatuz, auditoretzako lanetara doazen langileen berehalako eta unean uneko beharrak sortuko direla.

Kontuan hartuta beharrezkoa dela lan-poltsa bat sortzea, bitarteko funtzionarioen erregimenean zerbitzuak emateko prest izango diren eta, beharrezkoa izanez gero, auditore urgazlearen lanak egiteko beharrezkoak diren betekizunak beteko dituzten pertsonen kopuru bat izateko.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko 1988ko otsailaren 5eko 1/1988 Legeko 19.1.f artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hautaketa-prozesu baterako deialdia egitea, bitarteko funtzionario gisa auditore urgazleak aldi baterako kontratatzeko lan-poltsa bat sortzearren.

Bigarrena.– Hautaketa-prozesuaren oinarriak onartzea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean daude.

Hirugarrena.– Deialdiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, HKEEren webgunean eta beste hedabide digital batzuetan argitaratzea.

Laugarrena.– Balorazio Batzordeko kide hauek izendatzea:

Titularrak:

• Elena Cordero: lehendakari jardungo du.

• Mónica Gutiérrez Alaminos.

• Langileen ordezkariek proposatutako pertsona.

• IVAPeko kidea.

• Gotzon Zugazagoitia Marzana: idazkari jardungo du.

Ordezkoak:

• Ana Mahave Olarte.

• Julian Bujanda Pellejero.

• Langileen ordezkaritza ordezko gisa proposatzen duen pertsona.

• IVAPek ordezko gisa proposatzen duen pertsona.

• Aitor Calzada Uribe: idazkari jardungo du.

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Erabaki honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurari, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 23a.

HKEEko lehendakaria,

ANA HELGUERA LÍBANO.

HKEEko idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
AUDITORE URGAZLEEN LAN-POLTSA SORTZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.– Deialdiaren xedea:

Deialdi honen xedea da auditore urgazleen lan-poltsa bat eratzea, 2025, 2026, 2027 eta 2028ko ekitaldietan Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren (aurrerantzean, HKEE) beharrak betetzeko.

HKEEko lanpostuen zerrendan agertzen denari jarraituz, plazen ezaugarriak honako hauek dira: A taldea; A2 azpitaldea; 2025. urteko ordainsari osoa, 36.442,04 euro. Lanpostuak bitarteko erregimenean beteko dira.

Lan-poltsak zehaztuko du oinarri hauetan jasotako merezimenduen baremoaren ondorioz hautatutako pertsonen lehentasun-ordena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, deialdi hau osatzen duten egintzetatik eratorritako argitalpenetarako bidetzat ezartzen da Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren webgunea (https://hkee-tvcp.eus/), «Gardentasunaren ataria» ataleko «Hautaketa-prozesuei buruzko informazioa» azpiatalean. Hor adieraziko da dagokion administrazio-egintzaren argitalpen-eguna, zehaztearren ea interesdunen jarduketetarako epeak zein egunetan hasten diren zenbatzen.

2.– Parte hartzeko betekizunak.

2.1.– Hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko, honako baldintza orokor hauek bete beharko dira eskabideak aurkezteko azken egunean, eta betetzen jarraitu beharko dute izendapena egiten den eguna arte:

a) Nazionalitatea: Europar Batasuneko estatu kide bateko herritarra izatea, Euskal Enplegu Publikoari buruzko 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legeko 72. artikuluan aurreikusitako salbuespenekin.

b) Gaitasuna: agindutako zereginak betetzeko gaitasun funtzionala izatea.

c) Adina: hamasei urte beteta izatea, eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehienezko adina ez gainditzea.

d) Gaikuntza: diziplina-espedientearen bidez edozein herri-administrazioren zerbitzutik edo autonomia-erkidegoetako konstituzio- edo estatutu-organismoetatik bereizita ez egotea, eta ebazpen judizialaren bidez enplegu edo kargu publikoetarako erabateko desgaikuntzarik edo desgaikuntza berezirik ez izatea.

e) Tituluak: unibertsitateko gradu-titulu ofiziala edo baliokidea izatea, honako ezagutza-eremu hauetakoren batean (822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena), edo titulu horiek jasotzeko eskubideak ordainduta izatea:

– Ekonomia-zientziak, enpresen administrazioa eta zuzendaritza, marketina, merkataritza, kontabilitatea eta turismoa.

– Zuzenbidea eta espezialitate juridikoak.

Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren Hirugarren Xedapen Iragankorrarekin bat etorrita, lanpostuan sartzeko gaitzen duen titulutzat jotzen da lizentzia bateko lehen hiru ikasturteak edo ikasketa horiei dagokien lehen zikloa egiaztatzen duen diplomatura edo ziurtagiria izatea, baldin gutxienez 180 kredituko irakastorduak baditu adierazitako ezagutza-eremuren batean. Kasu hori Boloniako Planak arautzen ez dituen ikasketei dagokie beti.

Atzerrian lortutako tituluak dituzten izangaiek egiaztatu beharko dute badutela dagokien baliozkotzea edo, hala badagokio, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria.

f) Sartuta ez egotea herri-administrazioen zerbitzupeko langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitako ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean; eta, bereziki, sartuta ez egotea Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko 1/1988 Legeko 26. artikuluan Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren zerbitzura dauden langileentzat aurreikusitako kasuetako batean ere. Gainera, bateraezina izango da inpartzialtasunari edo independentzia profesionalari kalte egiten dion edozein jarduerarekin, edo, Euskal Sektore Publikoa osatzen ez badute ere, aipatutako Auzitegiak fiskalizatu beharreko funts publikoak erabiltzen dituzten erakundeekin harremana duen edozein jarduerarekin. Hori guztia gorabehera, dagoeneko kargu publiko edo jarduera pribatu bateraezin bat betetzen dutenek, betiere, aipatutako legezko arauetan adierazitako aukera-eskubidea baliatu ahal izango dute.

g) Honako kasu hauetakoren batean sartuta egotea:

– Kanpo-auditoretzako lanak egiten urtebeteko esperientzia egiaztatzea (ondorio horietarako, halakotzat hartuko dira Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatuta dauden auditoretza-elkarteetan egindakoak, edo herri-administrazioetako kanpo-kontroleko erakunde eta organoetan egindakoak).

– KAEOn inskribatuta egotea.

h) B motako gidabaimena izatea.

i) Gaztelania jakitea, lanpostuko eginkizunak betetzea ahalbidetzeko lain.

2.2.– Datuen babesa.

Deialdian eskatutako datu pertsonal guztiak dituzten eskabideak baino ez dira onartuko. Datu horiek ezinbestekoak dira prozesua kudeatzeko, eta ez dute berariazko adostasunik behar; izan ere, tratamendua lege-betebeharrak eta funtzio publikoak betetzean oinarritzen da. Oinarri hauen II. eranskinean ematen zaie parte-hartzaileei beren datuen erabileraren berri.

Hautagaiek hitzematen dute beren datu pertsonalak eguneratuta izango dituztela prozesu osoan zehar.

Onartuen, baztertuen, emaitzen edo deialdien zerrendak beharrezko gutxieneko datuetara mugatuko dira (izena, abizenak eta NANaren lau zifra, justifikatuz gero), eta prozesuari buruzko informazioa (baremazioa, puntuazioak, azken emaitzak, etab.) interesdunek bakarrik izango dute eskuragarri, bitarteko elektroniko seguruak erabiliz, hala nola egoitza elektronikoa edo hautagaiaren ataria. Zerrenda horiek klausula bat izango dute, eta bertan ohartaraziko da datu pertsonalak dauzkatela, datuak babesteko gaur egungo legeriarekin bat datozela, eta haien helburu bakarra dela publizitatea ematea eta, hala badagokio, izangaiei jakinaraztea. Era berean, informazio-paragrafo bat izango dute, non jasoko baita zerrenda horiek ez direla sarbide publikoko iturri, eta ezingo direla erreproduzitu, ez osorik, ez zati batean, ez transmititu, ez eta erregistratu ere, informazioa berreskuratzeko ezein sistemaren bidez, ukitutakoen baimenik gabe.

Izangaiaren berariazko baimena eskatuko da eskabidea aurkezten den unean, aldi baterako lanpostu hutsak betetzeko datuak beste administrazio batzuekin partekatzen diren balizko kasurako.

Hautagaiei egindako telefono-deiak, elkarrizketak eta ahozko probak kontrol eta gardentasun helburuekin grabatu ahal izango dira, baldin aldez aurretik hautagaiari eta Balorazio Batzordeko kideei horren berri ematen bazaie.

Lan-poltsen kudeaketan parte hartzen duten HKEEko langileek isilpean gorde beharko dute lan-poltsen kudeaketan eskura dituzten datu pertsonalen informazioa.

3.– Egin beharreko zereginak eta eginkizunak.

3.1.– HKEEri esleitutako eginkizuna da euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeen ekonomia- eta finantza-jarduera ordenamendu juridikora egokitzen dela egiaztatzea, diru-sarrera eta gastu publikoen programak gauzatzeari dagokionez; bai eta ekonomia- eta finantza-jardueraren efikazia eta efizientzia aztertzea eta Eusko Legebiltzarrari ekonomia eta finantza arloan aholku ematea ere.

3.2.– Auditore urgazlearen lanpostuaren funtzioa da lankidetza teknikoa ematea fiskalizazioak eta auditoretza-lanak egitean, auditoreen eta auditore laguntzaileen zuzendaritzapean. Haren rola da auditoretza-talde osoari laguntzea. Fiskalizazio-lan zehatzak egiten dituzte, eta, oro har, ez dute beren gain hartzen lan-arlo osoen araberako erantzukizuna. Egin beharreko zereginen artean, honako hauek daude:

– Ikuskatzaileak edo auditoreek agindutako fiskalizazio-lanen berezko jarduerak garatzen laguntzea, oro har, oinarrizko lan-arloen barruan (kontratazioa, dirulaguntzak, langileria...) zeregin zehatz eta normalizatuak.

– Erakunde fiskalizatuetan dokumentazioa eta informazioa biltzea.

– Jasotako dokumentazioa eta informazioa aztertzea eta berrikustea. Fiskalizazio-probak egitea, auditoreek emandako jarraibideen arabera eta haiek gainbegiratuta. Aztertutako dokumentazioa, egindako lana eta lortutako ondorioak lan-paperetan islatzea.

– Ikuskatzaileek beren lana egitean irekitako berrikuspen-puntuak ebaztea eta ixtea.

– Bere kargura esleitutako lan-paperak antolatzea. Lan-paperak sortzea.

– Auditorearekin edo auditore laguntzailearekin lankidetzan aritzea lanaren laburpenak eta ondorioak taxutzen, dagozkion gabeziak, doikuntzak eta birsailkapenak, gomendioak eta abar adierazita.

– HKEEren fiskalizazio-programak maneiatzea.

– Goragoko mailakoak agindutako antzeko beste edozein zeregin.

– Betetzen den lanpostuari dagozkionak ez diren zereginak edo erantzukizunak betetzea, baldin lanpostuaren sailkapenerako, mailarako edo kategoriarako egokiak badira eta zerbitzuaren beharrek hala justifikatzen badute.

3.3.– Lana goizeko lanaldi jarraituan egiten da, eta zerbitzuak telelanaren modalitatean egiteko aukera dago, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

4.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

4.1.– Eskaerak izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egoitza elektronikoaren izapideen katalogoan (https://tvcphkee.egoitzaelektronikoa.eus/info.2) eskuragarri dagoen «Auditore urgazlearen lan-poltsan parte hartzeko eskabidea» izapidea erabiliz.

Eskabidearekin batera, bosgarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4.2.– Eskabidea erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da. Eskabideak aurkezteko azken eguna azaroaren 18a izango da; nolanahi ere, epe hori amaitzean aurkeztutako eskabideak 15 baino gutxiago badira, epe hori abenduaren 1era arte luzatuko da.

Gorabehera tekniko batek ezinezko egiten badu HKEEren egoitza elektronikoaren ohiko funtzionamendua eskabideak, administrazio-errekurtsoak, idazkiak, komunikazioak eta dokumentuak aurkezteko epea amaitzen den egunean, epe hori automatikoki luzatuko da hogeita lau ordu baliodun, amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Adierazitako baldintzak eta merezimenduak betetzen direla adierazteko, hautaketa-prozesu honetan parte hartzea eskatzeko eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean behar bezala identifikatu eta zerrendatuko dira. Herri Kontuen Euskal Epaitegiko Idazkaritza Nagusiak hala eskatzen dionean aurkeztu beharko ditu parte hartzeko baldintzak eta alegatutako merezimenduak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak.

Eskabidean/erantzukizunpeko adierazpenean, alegatutako merezimenduen zerrenda jaso beharko da. Ez dira baloratuko hor alegatutakoez bestelako merezimenduak, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik eginak izan beharko dute. Alegatutako merezimenduak, eskatzen diren unean egiaztatzen ez direnak, ez dira kontuan hartuko.

Eskabidearekin/erantzukizunpeko adierazpenarekin batera ez bada aurkezten alegatutako merezimenduen zerrenda, akats hori ezingo da zuzendu.

Eskabidea/adierazpena aurkeztean, izangaiek oinarri hauetan eskatutako baldintzak onartzen dituzte eta, aldi berean, baimena ematen dute kontsulta telematikoari dagokionez, titulu akademiko ofizialak, hizkuntza-eskakizunak eta abar egiaztatzearren.

Eskabidea/aitorpena epe barruan eta behar den moduan aurkezten ez bada, izangaia hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.

4.3.– Edozein zalantza argitzeko, deialdiak_convocatorias@tvcp.eus helbidera jo dezakete hautagaiek.

4.4.– Eskabidea/erantzukizunpeko adierazpena zuzentzea. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eskaeran zuzendu daitezkeen akatsik egonez gero, interesdunari 10 eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Zuzenketa prozeduraren edozein fasetan egin ahal izango da, eta alegatutako merezimenduak horretarako ezarritako epe baliodunean akastun egiaztatzen diren kasuetan baizik ez da aplikatuko, epe barruan alegatu ez direnak epez kanpo aurkeztea babestu gabe.

5.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Nortasun-agiri nazionalaren kopia edo, espainiarra ez bada, nortasuna egiaztatzen duen agiri ofiziala, salbu eta parte hartzeko eskabidean adierazi badu adostasuna ematen duela HKEEk bertan jasotako datuak lor ditzan, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren nortasun-datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko zerbitzuaren bidez.

– Baldintza orokor gisa eskatzen den titulu akademikoaren kopia.

– Sartzeko baldintza gisa aurkeztutako titulu akademiko gehigarriaren kopia, gutxienez 6 kreditu dituena zuzenbide publikoarekin zerikusia duten irakasgaietan (Kontratazio Publikoa, Dirulaguntzak, Funtzio Publikoa, Aurrekontu Publikoak...).

– Auditoria Publikoko master ofizialeko unibertsitate-tituluaren kopia (hala badagokio).

– Kontu Auditoretzako eta Goi Mailako Kontabilitateko masterraren unibertsitate-tituluaren kopia (hala badagokio).

– Gidabaimenaren kopia.

– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialeko inskripzioa egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia (hala badagokio).

– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egindako lan-bizitzaren txostenaren kopia.

– KAEOn inskribatutako auditoretza-elkarteetan kanpo-auditoretzako lanak egiten esperientzia izatea egiaztatzen duten lan-kontratuen kopia (hala badagokio).

– Kanpoko kontroleko erakunde edo organoetan egindako zerbitzuen ziurtagiriaren kopia, betetako lanpostua jasotzen duena (hala badagokio).

– Euskara-maila egiaztatzen duen agiriaren kopia.

Titulu akademikoen kasuan, tituluaren kopiarekin edo emateko bidean egotearen frogagiriarekin egiaztatuko dira.

6.– Eskabideak onartzea.

6.1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko dio izangai bakoitzari ea deialdian onartu duen edo ez; eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia ere adieraziko dio.

6.2.– Izangaiek bost egun balioduneko epea izango dute, jakinarazpena egiten den egunetik zenbatzen hasita, Balorazio Batzordearen aurrean, izan litezkeen akatsak zuzentzearren, egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko; edo akatsak zuzentzeko edo bazterketa eragin duen nahitaezko dokumentazioa eransteko. Zuzenketa-epe hori ezin izango da erabili eskabidea hobetzeko, eskabideak aurkezteko epean alegatu ez ziren merezimendu berriak gehituz. Epe horretan izangaiek egotz dakiekeen akatsa konpontzen ez badute eta baztertzeko arrazoia izan bada, hautaketa-prozesuan parte hartzeari uko egin diotela ulertuko da. Erreklamazioak egoitza elektronikoaren bidez izapidetuko dira.

6.3.– Erreklamazioak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak ebatziko ditu aurkeztutakoak, eta behin betiko onarpena edo baztertzea egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko da. 5 egun balioduneko epean erreklamaziorik ez badago, behin-behineko onarpenen zerrenda automatikoki behin betiko bihurtuko da.

6.4.– Izangai guztien datu pertsonalak babestearren, izangaiak enkriptatutako NAN zenbakiaren bidez identifikatuko dira Balorazio Batzordeak hautaketa-prozesuan zehar egiten dituen argitalpenetan.

6.5.– Hautaketa-prozesuan zehar egin beharreko iragarki guztiak egoitza elektronikoaren bidez egingo dira, hautagaiek eskabidean emandako helbideetara.

7.– Hautatzeko prozedura.

7.1.– Hautaketa-prozesuak hautaketa-proba hauek izango ditu, Euskal Enplegu Publikoaren 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legeko 80. artikuluarekin bat etorrita:

– Merezimenduen balorazioa (gehienez 85 puntu).

• Prestakuntza (gehienez 40 puntu).

• Kanpo-auditoretzako lanak egiten lortutako esperientzia (gehienez 30 puntu).

• Euskara (gehienez 15 puntu).

– Hautagaiek lanpostuaren eduki funtzionalei buruzko curriculum-azalpena egitea (gehienez 15 puntu).

7.2.– Merezimenduen balorazioa.

Eskabidearekin/adierazpenarekin batera alegatutako merezimenduak aztertu eta baloratzean datza. Merezimenduak lortzeko azken eguna eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da.

Merezimenduak honela baloratuko dira:

a) Prestakuntza:

– Ekonomia edo Enpresa Zientzietako gradua edo antzekoa, sartzeko betekizun gisa aurkeztutakoaz gain. Gutxienez 6 kreditu izan behar ditu, Kontabilitateari lotutako irakasgaietan. 15 puntu.

– Zientzia Juridikoetako gradua, sartzeko betekizun gisa aurkeztutakoaz gain. Gutxienez 6 kreditu izan behar ditu, Zuzenbide Publikoari lotutako irakasgaietan (Kontratazio Publikoa, Dirulaguntzak, Funtzio Publikoa, Aurrekontu Publikoak...). 15 puntu.

– Auditoretza Publikoko unibertsitate master ofiziala. 20 puntu.

– Kontu Ikuskaritza eta Kontabilitateko unibertsitate masterra. 20 puntu.

Ezin izango da inola ere 40 puntu baino gehiago lortu.

b) Kanpo-auditoretzako lanak egiten lortutako esperientzia (gehienez 30 puntu). Ondorio horietarako, halakotzat hartuko dira KAEOn edo herri-administrazioen kanpo-kontroleko erakunde eta organoetan inskribatuta dauden auditoretza-sozietateetan egindakoak, baldin betekizun gisa eskatzen den urtea gainditzen badute. Azken 5 urtean lortutako esperientzia baloratuko da: 0,5 puntu, lan egindako hilabete oso bakoitzeko.

c) Euskara:

– 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo titulu baliokidea egiaztatzeagatik, 15 puntu.

– 2. hizkuntza-eskakizuna edo titulu baliokidea egiaztatzeagatik, 10 puntu.

– 1. hizkuntza-eskakizuna edo titulu baliokidea egiaztatzeagatik, 5 puntu.

Balorazio horiek ez dira metagarriak, eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizun handienari dagokion puntuazioa baloratuko da.

Egiaztatutzat joko dira Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) inskribatutako hizkuntza-eskakizunak. Erregistro horretan jasota ez dauden euskara jakitearen ziurtagiriak edo tituluak dituztenek egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen hizkuntza-eskakizunen baliokideak diren ziurtagiri eta tituluak 2010eko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena) eta 2012ko apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan (euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena) daude zehaztuta.

7.3.– Lanpostuaren eduki funtzionalei buruzko curriculum-azalpena. Azalpen horretan, lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko behar den mailan gaztelania jakitea egiaztatu beharko da.

7.3.1.– Balorazio Batzordeak elektronikoki jakinaraziko die probaren eguna, ordua eta lekua hautaketa-prozesuan onartutako hautagai guztiei, gutxienez 5 egun lehenago.

7.3.2.– Curriculum-azalpena aldez aurretik aurkeztutako merezimenduak egiaztatzeko eta haztatzeko aukera ematen duen proba bat da, eta nahitaez lotuta egon beharko du auditore urgazlearen lanposturako garrantzitsuak diren curriculum-alderdiekin.

Hautagaiek honako alderdi hauek azalduko dituzte Balorazio Batzordearen aurrean, eta baloratu egingo dira:

– Auditore urgazlearen lanpostuaren eduki funtzionalei buruzko irizpideak eta ezagutzak, haren gaitasun teknikoa egiaztatzeko.

– Ibilbide eta esperientzia profesionala egiaztatzea.

– Lanpostuaren eginkizunei lotutako prestakuntza egokia izatea.

– Lanpostuan jardutearekin zerikusia duten beste ezagutza espezifiko batzuk azaltzea (datu-baseen tratamenduak, prozesuen automatizazioa, laneko paperen kudeaketaren auditoretza-programak erabiltzea, informazio-sistemen auditoretza...).

– Balorazio Batzordeak atal honetan baloratu beharrekotzat jotzen dituen beste alderdi batzuk (hizkuntza-gaitasuna...).

Hautagaiei galderak egitean, Balorazio Batzordeak zorrotz beteko du hautagaien arteko berdintasun-printzipioa. Horretarako, Balorazio Batzordeak aldez aurretik erabaki ahal izango du galderen edukia. Hori gorabehera, Balorazio Batzordeak aurreko galderei lotutako beste batzuk egin ahal izango ditu, hautagaiaren gaitasun profesionala eta teknikoa ahalik eta fidagarritasun handienarekin egiaztatu ahal izatearren. Horrekin batera, balorazioa zehazteko adierazle batzuk ezarri ahal izango ditu.

Balorazio Batzordeko kide bakoitzak 0tik 15 puntura eman ahal izango ditu, eta azken puntuazioa Balorazio Batzordeko kide bakoitzak emandako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa eginez lortuko da.

Alderdi horiek bilkuraren aktan jasoko dira, atal bakoitzari emandako puntuazioa barne, eta behar bezala arrazoituta.

7.3.3.– Proba horrek 30 minutu iraungo du, gehienez.

7.3.4.– Curriculum-azalpena egin ondoren, emaitzen bidez ez bada behar bezala egiaztatzen hautagairen batek baduela eskatutako gutxieneko esperientzia (kanpo-auditoretzako lanetan urtebetez aritu izana), Balorazio Batzordeak pertsona horiek proba praktiko bat egitea onartu ahal izango du, eta proba hori baztertzailea izango da. Proba praktiko horren helburua izango da egiaztatzea kontu-auditoretzan urtebetez aritu den pertsona bati dagokionak direla bi alderdi hauek: auditoretza-eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren gaiei buruz lortutako ezagutza teorikoen maila eta hautagaiek beren ezagutza teorikoak kontu-auditoretzaren jardueran aplikatzeko duten gaitasuna. Proba hori gainditzen ez duten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira, eta ezingo dira lan-poltsan sartu.

7.3.5.– Curriculum-azalpenean izangaiak ez badu frogatzen gaztelania badakiela lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea ahalbidetzeko lain, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da, eta ezingo da lan-poltsan sartu.

7.3.6.– Curriculum-azalpenaren kalifikazioa (0 puntutik 15era) bi hamartarrekin egin beharko da, eta hautagai batek baino gehiagok ezin izango du puntuazio bera jaso.

7.4.– Azken kalifikazioa hautaketa-probetan lortutako puntuazioen batura izango da, eta lan-poltsako lehentasun-ordena zehaztuko du.

Bi izangaik edo gehiagok guztizko puntuazio bera izanez gero, berdinketa hausteko, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren (berdinketa hausten denean irizpideetakoren bat aplikatuta, hurrengoak ez dira kontuan hartuko):

1.– Kanpo-auditoretzako lanetan esperientzia egiaztatua izatea: egiaztatutako esperientzia-egun gehien (mugarik gabe) nork duen aintzat hartuta, izangaien arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da.

2.– Curriculum-azalpenean lortutako puntuazioa.

3.– «Euskara» irizpidean lortutako puntuazioa.

7.5.– Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Balorazio Batzordeak deialdia egin duen organoari jakinaraziko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien behin-behineko zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatuta, handienetik txikienera, oinarri hauetan aurreikusitakoari jarraituz, behin-behineko onarpena eman dakion.

Hiru egun balioduneko epea emango da, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, erreklamazioak aurkezteko.

Aurkezten diren erreklamazioak epaimahaiak ebatzi ondoren, izangaien zerrenda bidaliko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, deialdia egin duen organoari, espediente osoarekin batera, onar dezan. Organo horrek ezin izango du egindako proposamenetik aldendu, forma- edo prozedura-akatsik atzeman ez bada behintzat.

Hartutako ebazpena HKEEren webgunean argitaratuko da.

8.– Egiaztapenak, Izendapenak/Kontratuak.

8.1.– Lanpostu huts bat aldi baterako bete behar denean, lan-poltsan agertzen diren hurrenkeran egingo dira deiak.

8.2.– Deia jaso duten hautagaiek gutxienez 3 egun balioduneko epea izango dute, deia jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, deia onartu edo baztertzeko. Deia idatziz onartu edo baztertu beharko da, egoitza elektronikoaren bidez. Aurrez ezarritako epean erantzunik jasotzen ez bada, hautagaiak deiari uko egin diola ulertuko da.

8.3.– Izangaia aurkitzen ez bada, edo eskaintzari uko egiten badio, edo oinarri hauen 8.4 apartatuan eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu, hurrengo posizioan dagoen izangaiari eskainiko zaio deia, eta horrela hurrenez hurren, batek eskaintza onartu arte.

8.4.– Aldi baterako kontratua formalizatu aurretik, hautagaiak, eskaintza onartu eta 10 egun balioduneko epean, lan-poltsa sortzeko deialdian jasotako betekizunak eta merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu HKEEren Idazkaritza Nagusian:

1.– Kargu publikoak betetzeko ezgaituta ez egotearen eta diziplina-espediente bidez Herri Administrazioaren zerbitzutik bananduta ez egotearen adierazpena.

2.– Herri Administrazioen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko 1988ko otsailaren 5eko 1/1988 Legeko 26. artikuluan aurreikusitako bateraezintasunen baten eraginpean ez dagoela dioen adierazpena.

3.– Medikuaren ziurtagiri ofiziala, lanpostuaren eginkizunak normaltasunez betetzea eragozten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena. Ziurtagiri hori aurkeztu aurreko hiru hilabeteetan emana izan beharko da.

4.– 5. oinarrian adierazitako agirien jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak.

Edozein herri-administraziotako funtzionario direnek ez dituzte agiri bidez justifikatu beharko aurreko izendapena lortzeko frogatutako baldintzak eta betekizunak, eta beren izaera eta beren zerbitzu-orrian jasotako inguruabar guztiak egiaztatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Baldin, adierazitako epearen barruan eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako pertsonek deialdian parte hartzeko eskatzen diren betekizunak eta baldintzak betetzeari buruzko agiriak aurkezten ez badituzte, edo, agiri horiek aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dutela edo eskatzen diren betekizunak betetzen ez dituztela ondorioztatzen bada, automatikoki deialditik kanpo geratuko dira, eta ezin izango dira izendatuak izan, eta hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatzen dituzten jarduketa guztiak baliogabetuko dira, hargatik eragotzi gabe eskabidea faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizuna. Kasu horietan, hurrengo hautagaia proposatuko da lanpostua betetzeko, zerrendako lehentasun-ordenari jarraituz.

5.– Lanpostuaz jabetzeko unean, hautatutako pertsonek honako hauek egin beharko dituzte:

– Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 1988ko otsailaren 5eko 1/1988 Legeko 26. artikuluari eta horrekin bat datozen legeei jarraituz, bateraezintasun kausaren batean sartuta ez daudela adierazten duen zinpeko aitorpena egitea.

– Era berean, eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, baldin eta agiri horiek ez badaude HKEEren esku edo ez badaude gaituta dagozkion erregistroetan kontsultatzeko.

– Konfidentzialtasun-betebeharrari, informazioaren segurtasun-neurriei eta datuen babesari buruzko konpromisoak jasotzen dituen dokumentua sinatzea.

8.5.– Betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzen duten pertsona proposatuek HKEEko bitarteko funtzionario izendatuko dira, lanpostuari dagozkion eskubide eta betebehar guztiekin.

8.6.– Izendapenek iraupen jakin bat izango dute, horiek eragiten dituen premia larri eta atzeraezinari eusten zaion bitartean, eta, betiere, ezin izango da luzatu lanpostua dagokion erregelamenduzko prozeduraren bidez behin betiko betetzen den unea baino areago; edo hura amortizatzen den unea baino areago, hala badagokio.

Izendapenek, oro har, hiru urteko iraupena izango dute gehienez; eta, behar justifikatua izanez gero, beste urte batez luzatu ahal izango dira gehienez, Euskal Enplegu Publikoaren 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legeko 28. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

Eskainitako plazetako baten esleipendun suertatzen den eta bitarteko langile izateko izendatzen den pertsonak, HKEErekiko zerbitzuak amaitzen zaizkionean, deia egin aurretik betetzen zuen zerrendako leku ordinal berera itzultzeko eskubidea izango du, baldin egindako zerbitzu-prestazioa erakundeak nahi bezala egin badu. Leku ordinal horretatik mugitzeko, kontraesaneko espediente bat izapidetu beharko da aldez aurretik.

9.– Balorazio batzordea.

9.1.– Honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eratuko da Balorazio Batzordea: Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 60. artikuluan; Euskal Enplegu Publikoaren 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legeko 81. artikuluan; emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen 2023ko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan; eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 2007ko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan. Hauek izango dira kideak:

a) Lehendakariak izendatutako funtzionario bat. Batzordeburua izango da, eta hautaketa-prozesua koordinatuko du.

b) Auditoreen taldeko bi funtzionario (28., 26. eta 24. mailak), HKEEkoak, A1 taldekoak, lehendakariak beren espezializazioagatik izendatuak, bete beharreko lanpostuaren eginkizunak kontuan hartuta.

c) Auditoreen funtzionario bat (28., 26. eta 24. mailak), HKEEkoa, A1 taldekoa, Langileen Batzordeak proposatuta izendatua.

d) Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak proposatutako pertsona bat, hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatzen den maila akademiko bereko edo goragoko titulua duena.

e) HKEEko letradu bat. Idazkari-lanak egingo ditu.

Batzorde hori osatzean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da. Ondorio horietarako, ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean.

Balorazio Batzordea eratu ahal izango da batzordeburua, idazkaria eta gutxienez bi kide biltzen badira. Batzordeburua ez badago, kargu horren titularrak ordezkoa izendatuko du boto-eskubidea duten kideen artean; eta, izendapenik ez badago, antzinatasun eta adin handiena duen kideak ordezkatuko du, hurrenkera horretan. Idazkaria eta haren ordezkoa ez badaude, batzordeak berak gehiengoz hautatutako batzordekidea izango da ordezkoa.

Izangaien kopuruak hala eskatzen duenean, batzordeak administrazio- eta zerbitzu-laguntzaile urgazleak izendatu ahal izango ditu: Idazkaritzak gainbegiratuta hautaketa-prozesua behar bezala garatzen dela bermatzeko behar adina urgazle.

9.2.– Batzorde horretako kide norberaren izenean izango da beti, eta ezin izango da inoren ordezkari edo kontura jardun. Batzordeko kide guztiek izango dute hitza eta botoa, idazkariak izan ezik, ez baitu botorik izango. Batzordearen erabakiak bertaratutako botoen gehiengoz hartuko dira; eta, berdinketa gertatuz gero, batzordeburu diharduenaren botoak ebatziko du.

9.3.– Balorazio-batzordeko kideek ez dute esku hartuko, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakariari jakinaraziko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 23. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean, eta izangaiek errekusatu ahal izango dituzte lege horretako 24. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, aurreko artikuluan aurreikusitako kausaren bat gertatzen denean.

9.4.– Balorazio Batzordea osatzen duten titularren eta ordezkoen izenen zerrenda Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren webgunean argitaratuko da, hautaketa-prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen zerrendekin batera, lehendakariaren ebazpen bidez izendatu ondoren.

9.5.– Balorazio Batzordeko kideek eta hautaketa-prozesuan parte hartzen duten aholkulari edo espezialistek, beren eginkizunetan dihardutela, bermatu egingo dute izangaien intimitaterako eskubidea eta izangaiekiko errespetua eta begirunea, eta zaindu egingo dute haiei buruz jasotako informazioa behar bezala tratatzen dela.

Balorazio Batzordeak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta bera izango da prozeduraren gardentasunaren eta objektibotasunaren, proben edukiaren eta konfidentzialtasunaren eta deialdiaren oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.

9.6.– Balorazio Batzordeak ahalmena izango du hautaketa-prozesua behar bezala antolatzeko eta garatzeko behar diren erabakiak hartzeko, deialdia arautzen duten oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak ebazteko, bai eta bere eginkizunak betetzeko ere. Haren ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakariari, ebazpenean bertan ezartzen den epean.

9.7.– Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Vitoria-Gasteizen izango du egoitza, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko 69an. Egoitza elektronikoa: https://tvcphkee.egoitzaelektronikoa.eus/info.2

10.– Lan-poltsaren kudeaketa.

10.1.– Lan-poltsak bi urteko balioa izango du, onartzen denetik zenbatzen hasita. Indarrean dagoen bitartean Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak auditoretza-eremuan karrerako funtzionarioen lanpostuetara pertsona berriak sartzeko hautaketa-prozedura onartzen badu, eta prozedura horretan hautaketa-prozesua gainditzen duten baina lanposturik lortu ez duten hautagaiekin lan-poltsa bat sortzea aurreikusten bada, lan-poltsa horretako kideek lehentasuna izango dute lan-poltsa honetako kideen aldean, karrerako funtzionarioak izendatzen diren egunetik aurrera.

Urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez beste bi urtez.

10.2.– Lan-poltsa HKEEko Idazkaritza Nagusiak kudeatuko du, eta Langileen Batzordeari kudeaketa horren berri emango dio.

10.3.– Lan-poltsako kideek etengabe eguneratuta eduki beharko dituzte harremanetarako datuak (telefonoa eta posta elektronikoko helbidea), HKEEk jakinarazpenak egin ahal izateko.

10.4.– HKEEko organo eskudunak aldi baterako kontratazioa egitea erabakitzen duenean, zerrendan dauden pertsonen prestasuna kontsultatuko du eta hautagaiei deituko zaie zerrendako lehentasun-ordenaren arabera, oinarri hauetako 7.2, 7.3 eta 7.4 puntuetan ezarritakoari jarraituz.

10.5.– Dagokion kontratua edo izendapena amaitu ondoren, kontratatu ohia kontuan hartuko da hasiera batean bete zuen postuan, etorkizunean deitzeko.

10.6.– Ez da beharrezkoa izango HKEEko Idazkaritza Nagusiak hemen ezarritako izapide guztiak egitea (poltsaren hasieratik deiak hastea), baldin azken kontratua edo izendapena aurreko hogeita hamar egun naturalen barruan sinatu bada. Kasu horretan, azken kontratatuaren postutik egingo da deia.

10.7.– Era berean, kontratatuetako batek bere zerbitzuak emateari utzi zionetik hiru hilabete baino gehiago igaro ez badira eta beste izendapen bat behar bada, HKEEk zuzenean kontratatu ahal izango du.

10.8.– Lan-poltsa kudeatzeko prozesuan, lortu nahi den lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data amaitzen bada, hizkuntza-eskakizun hori egiaztatuta edukitzea nahitaezko betekizun bihurtuko da lanposturako deitua izateko.

11.– Gorabeherak.

Balorazio Batzordeak sortzen diren zalantzak argitu ahal izango ditu, eta hautaketa-prozesua behar bezala antolatzeko behar diren erabakiak hartu ahal izango ditu, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian.

Deialdia, haren oinarriak eta oinarriotatik eta HKEEren jardueratik eratorritako administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako epeetan eta moduan, eta kontuan hartuta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 1988ko otsailaren 5eko 1/1988 Legeak horri buruz xedatutakoa.

12.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan aurreikusi ez den guztirako, Euskal Enplegu Publikoaren 2022ko abenduaren 1eko 11/2022 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

13.– Baliabideak.

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Erabaki honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurari, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala